245. zk., 2023ko abenduaren 27a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (159 KB - 7 orri.)
- EPUB (194 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5732
116/2023 EBAZPENA, abenduaren 19koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita honako erabaki hau: Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren 2023ko enplegu-eskaintza publikoa onartzen duena, eta EAEko ekonomia eta enplegua suspertzeko 2020-2024ko Berpiztu Programara biltzen dituena Ertzaintzan sartzeko plazak eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde-administrazioan eta sektore publikoko erakunde instrumentaletan deialdi publikoa egingo dutenak.
Gobernu Kontseiluak, 2023ko abenduaren 13an egindako bilkuran, onartu du erabakia (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren 2023ko enplegu-eskaintza publikoa onartzen duena, eta EAEko ekonomia eta enplegua suspertzeko 2020-2024ko Berpiztu Programara biltzen dituena Ertzaintzan sartzeko plazak eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde-administrazioan eta sektore publikoko erakunde instrumentaletan deialdi publikoa egingo dutenak). Beraz, behar bezalako publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea ondorengo Erabakia: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren 2023ko enplegu-eskaintza publikoa onartzen duena, eta EAEko ekonomia eta enplegua suspertzeko 2020-2024ko Berpiztu Programara biltzen dituena Ertzaintzan sartzeko plazak eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde-administrazioan eta sektore publikoko erakunde instrumentaletan deialdi publikoa egingo dutenak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 19a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
MARÍA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN ABENDUAREN 19KO 116/2023 EBAZPENARENA
ERABAKIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA HAREN ERAKUNDE AUTONOMOEN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO HEZKUNTZA ADMINISTRAZIOAREN 2023KO ENPLEGU-ESKAINTZA PUBLIKOA ONARTZEN DUENA, ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO EKONOMIA ETA ENPLEGUA SUSPERTZEKO 2020-2024 BERPIZTU PROGRAMARA BILTZEN DITUENA ERTZAINTZAN SARTZEKO PLAZAK ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ERAKUNDE-ADMINISTRAZIOAN ETA SEKTORE PUBLIKOKO ERAKUNDE INSTRUMENTALETAN DEIALDI PUBLIKOA EGINGO DUTENAK
Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 52.1 artikuluak honako hau ezartzen du: «Aurrekontu-esleipena duten postuak betetzeko langileak behar direnean, postuok ezin direlako bete administrazio bakoitzean dauden giza baliabideekin, enplegu-eskaintza publikoa egin beharko dute euskal administrazio publikoek eta haien mendeko entitateek, edo antzeko beste edozein kudeaketa-tresna erabili, langileen ordezkaritzarekin negoziatu ondoren».
Agindu hori betez, erabaki honen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, haren erakunde autonomoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren enplegu-eskaintza publikoa onartzen da. Eskaintza horretan, lanpostu hutsak biltzen dira, aurrekontuz hornituak daudenak, horiek betetzea atzeraezintzat jotzen baita atxikipenez dagokien zerbitzu publikoen funtzionamendua egokia izatekotan.
Guztira, 590 plaza eskaintzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren erakunde autonomoetan; horietatik, 558 plaza karrerako funtzionarioei dagozkie, eta, 32 plaza, berriz, lan-legepekoei.
Hezkuntza Administrazioari dagokionez, 886 plazako enplegu-eskaintza publikoa onartu da. Horietatik, 870 plaza hainbat irakasle-kidegori dagozkie, eta, 16 plaza, berriz, lan-legepekoei.
Segurtasun Sailak Ertzaintzako 100 segurtasun-agenteren deialdia egiteko proposamenaren berri eman du (50 bide-segurtasuneko espezialitatearekin eta 50 ikerketa-espezialitatearekin).
Bestalde, Osakidetzak jakinarazi du ezen 2023ko urriaren 31n Administrazio Kontseiluak 2023ko enplegu-eskaintza publikoa onartu duela. Enplegu-eskaintza publiko horretan, estatutupeko langile finkoen 1.265 plaza daude.
Zuzenbide pribatuko gainerako erakunde publikoek eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitate instrumentalek jakinarazi dutenez, deialdi publikoan 169 plaza eskainiko dituztela.
Enplegu-eskaintza publiko horien helburua da enplegu publikoaren sektorea enplegatzaile eraginkor eta efiziente gisa sendotzea, kalitatezko enplegua sortzea eta hobetzea sustatzen duena, eta, horregatik, guztira 3.010 plaza sartuko dira enplegu-eskaintza publikoko plaza gisa Euskadiko ekonomia eta enplegua suspertzeko 2020-2024 aldirako Berpiztu Programan.
Horrenbestez, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, eta Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 17.d artikuluarekin eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 18.l artikuluarekin bat, erabaki hau hartu du Gobernu Kontseiluak:
ERABAKIA
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen 2023ko enplegu-eskaintza publikoa onartzea. Erabaki honen I. eranskinean zehaztutako plaza hutsak eskaintzen dira.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren 2023ko enplegu-eskaintza publikoa onartzea. Erabaki honen II. eranskinean zehaztutako plaza hutsak eskaintzen dira.
Hirugarrena.– Dagozkion deialdietan zehaztuko dira eskainitako plazak lortzeko prozedurak eta baldintzak, bai eta desgaitasuna dutenentzat gordetako plazen banaketa ere.
Laugarrena.– Euskadiko ekonomia eta enplegua suspertzeko 2020-2024ko Berpiztu Programara biltzea Ertzaintzaren agenteen kategorian sartzeko plazak (III. eranskinean adierazitakoak).
Bosgarrena.– Euskadiko ekonomia eta enplegua suspertzeko 2020-2024ko Berpiztu Programara biltzea Autonomia Erkidegoko Administrazio Instituzionaleko zuzenbide pribatuko erakunde publikoetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakunde instrumentaletan deialdi publikoaren xede izango diren plazak (IV. eranskinean adierazitakoak).
Seigarrena.– Agindua ematea akordio hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan argitaratzeko.