Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

245. zk., 2023ko abenduaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
5730

ERABAKIA, 2023ko abenduaren 14ko Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena: aldatzea Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen arautegia onartzeko dena.

2023ko uztailaren 19ko bileran, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Batzarrak ikastegiko arautegia aldatzea erabaki zuen (2012ko abuztuaren 30eko EHAAn argitaratua), ikastegien esparru arautegi berrira egokitzeko, zeina 2022ko azaroaren 9an jarri baitzen indarrean. Esparru Arautegia bere garaian aldatu zen unibertsitateko Estatutuetara egokitzeko, unibertsitatea osatzen duten taldeek kide anitzeko gobernu eta ordezkaritza organoetan izan beharreko ordezkaritzari dagokionez. Era berean, teknologia berriak erabiltzeko aukera eman zuen, deialdiaren eta akordioen argitalpenaren izapideak arintzeko.

Bestetik, zenbait artikulu berrik ikastegiko gai espezifikoei eragiten dietela kontuan hartuta, eta esparru arautegiaren hainbat zehaztapen aldatu behar direla ikusita, komenigarria da testu osoa berriro argitaratzea, ez soilik egindako aldaketak.

Ikastegiko Batzarrari dagokio ikastegiko arautegia egin eta Gobernu Kontseiluari proposatzea, horrek proposamena onar dezan eta, beraz, arautegia alda dadin.

Proposatutako aldaketak Lege Zerbitzuaren aldeko txostena du.

Gobernu Kontseiluari dagokio ikastegien arautegietan egindako aldaketei behin betiko onespena ematea.

Adierazitakoarengatik, idazkari nagusiak proposatuta Gobernu Kontseiluak

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Onartzea Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Arautegia alda dadin, eta aldaketak jasotzen dituen testu berria argitara dadin, eranskinean jasotzen den moduan.

Bigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Hirugarrena.– Arautegia aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Leioa, 2023ko abenduaren 14a.

Errektorea,

EVA FERREIRA GARCÍA.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ERANSKINA
GIZARTE ETA KOMUNIKAZIO ZIENTZIEN FAKULTATEAREN ARAUTEGIA

1. artikulua.– Izaera.

Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea da gizarte eta komunikazio zientziekin lotutako graduko eta graduondoko tituluak lortzeko ikasketak antolatzen dituen ikastegia.

2. artikulua.– Egoitza.

Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak Bizkaiko Campusean du egoitza: Sarriena auzoa z/g, 48940 Leioa.

3. artikulua.– Araubide juridikoa.

Indarrean dagoen legeriak, Unibertsitatekko Estatutuek eta Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren Testu Bateginak (IOATB) arautuko dute Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, zuzenean aplikatzekoak baitira, bai eta barne arautegi honek ere, gainerako araudian aurreikusitako xedapenak osatzen baititu.

4. artikulua.– Ikastegiko Batzarraren eraketa.

Ikastegiko Batzarra eratuko dute berezko kideek, hautetsiek eta, aukeran, dekanoak izendatutako pertsonek.

Berezko kideak izango dira: dekanoa, idazkari akademikoa eta ardura nagusia duen administrazio eta zerbitzuetako langilea.

Kide hautetsiak izango dira: 40 kide, era honetan banatuta unibertsitate sektoreen arabera:

– Unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasle-ikertzaile doktoreak: 22.

– Lotura iraunkorra duten irakasle-ikertzaile ez-doktoreak eta lotura iraunkorrik ez duten irakasle-ikertzaile doktoreak: 3.

– Gainerako irakasle-ikertzaileak: 1.

– Ikasleak: 9.

– Administrazio eta Zerbitzuetako langileak: 5.

Ikastegiko Batzarreko kide izan daitezke dekanoak horretarako izendatutako dekanordeak, gehienez ere kide hautetsien % 10.

5. artikulua.– Batzorde Iraunkorra.

Ikastegiak Batzorde Iraunkorra dauka, era honetara osatua: dekanoa; idazkari akademikoa; administrazio eta zerbitzuetako langileen artean ikastegian ardura handiena daukan langilea; eta hamar kide gehiago, era honetara banatuta: lotura iraunkorra daukaten irakasle-ikertzaile doktoreen taldeko 5 ordezkari; lotura iraunkorra duten irakasle-ikertzaile ez-doktoreen eta lotura iraunkorrik ez duten irakasle-ikertzaile doktoreen ordezkari bat; gainerako irakasle-ikertzaileen ordezkari bat; ikasleen bi ordezkari; administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

Batzorde Iraunkorraren eginkizunak izango dira Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren Testu Bateginean modu osagarrian ezarritakoak, ezin eskuordetu daitezkeenak izan ezik. Batzordearen funtzionamendua Batzarraren funtzionamendu arauen araberakoa izango da.

6. artikulua.– Euskara Batzordea.

Euskara Batzordea eratuko da, parte hartze, kontsulta eta aholkurako organoa izango dena, eta helburu izango du euskararen erabilera bultzatzea UPV/EHUko planifikazio orokorraren barruan, euskarazko irakats eskaintzaren plangintzan eta jarraipen lanean parte hartzea eta unibertsitate hedakuntzako eta prestakuntzako jarduerak sustatzea. Ondokoa izango da batzordearen osaera: irakasle-ikertzaileen taldeko bost kide, bat ikastegian ematen den titulazio bakoitzeko; ikasleen bi ordezkari, bat arlo bakoitzeko; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

7. artikulua.– Emakumeen eta gizonen Berdintasunerako Batzordea.

Emakumeen eta gizonen Berdintasunerako Batzordea eratuko da. Batzordeak bere gain hartuko ditu aipatutako arloaren barruan ikastegiari dagozkion eginkizunak, unean-unean aplikatu beharreko arautegiarekin bat etorrita. Ondokoa izango da batzordearen osaera: irakasle-ikertzaileen taldeko bost kide, bat ikastegian ematen den titulazio bakoitzeko; ikasleen bi ordezkari, bat arlo bakoitzeko; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

8. artikulua.– Kide anitzeko organoko kide izatea.

Kide anitzeko organoko kide izatea norberari dagokion ezaugarria da eta ezin da beste inoren gain utzi. UPV/EHUko Estatutuen aipatutako arrazoiengatik utziko dio organoko kide batek kide izateari. Kide izateari utziko dio bileretara justifikazio gabe huts eginez gero, eta, hain zuzen ere, elkarren segidako lau bileratara edo txandakako zortzi bileratara justifikatu gabe hutseginez gero. Ikasleentzat, aldiz, UPV/EHUko Ikasleen Arautegian ezarritakoari jarraitu beharko baitzaio.

9. artikulua.– Erabakien argitaratzea.

Hartutako erabakiak hiru egun balioduneko epean argitaratu beharko dira beranduen jota, eta datuak babesteko legeria errespetaturik betiere. Erabakiak ikastegiko web orrian argitaratuko dira. Edozelan ere, organoko idazkariak eta buruak bermatu egin beharko dute bileran hartutako erabakiak argitaratu egiten direla eta gutxien dela hilabete daudela jendaurrean.

10. artikulua.– Dekanoa.

1.– Dekanoa da Fakultateko kide bakarreko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organo gorena. Dekanoa Fakultateko Batzarrak hautatuko du ikastegiari atxikitako irakasle ikertzaile iraunkor doktoreen artetik eta errektoreak izendatuko du. Halako irakasle ikertzailerik ez balego, irakasle ikertzaile iraunkorren artetik aukeratuko litzateke.

2.– Dekanoa errektorearen izendapenarekin batera hasiko da bere eginkizunak betetzen. Agintaldia sei urtekoa izango da eta ezingo da luzatu, ezta ere beste agintaldi bat egin segidan.

3.– Dekanoa hautatzeko, botoa aldez aurretik ematea onartuko da, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren testu bateginean zehaztutakoari jarraituz.

11. artikulua.– Ordezkoa egitea hautetsiak kargua uzten duenean.

Ikastegiko kide anitzeko organoetan sortzen diren hutsuneak hautagai zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiek beteko dituzte, idazkaria hutsunearen jakitun jartzen denetik hilabeteko epean.

12. artikulua.– Ordezkoa egitea titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean eta, oro har, bertan ez dagoenean arrazoi justifikaturen bategatik.

Ikastegiko Batzarreko kide titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean eta, oro har, bertan ez dagoenean horretarako arrazoiak emanda, zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak bete ahalko du haren lekua. Horretarako, bilera baino astebete lehenago eman beharko dio horren berri ikastegiko idazkari akademikoari egiaztagiriak aurkeztuta, eta horrez gain, behin-behineko ordezkorako baimena ematen duela adierazten duen agiria.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Arautegia indarrean sartu eta gero, Ikastegiko Batzarreko taldeen ordezkariek agintean jarraituko dute, hautatuak izan ziren aldia amaitu arte. Ordezkaritza aukeratu zenean indarrean zegoen erregimenaren arabera beteko dira hutsuneak.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatuko zaie, halaber, Batzordean unibertsitate-komunitateko sektoreen osaera islatzen duten gobernu- eta ordezkaritza-organoei.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Arautegi hau indarrean sartzean, indargabetuta geratuko da Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen Arautegia, 2012ko abuztuaren 30eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua.

AZKEN XEDAPENA

Araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.


Azterketa dokumentala