243. zk., 2023ko abenduaren 22a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (100 KB - 2 orri.)
- EPUB (104 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EUSKAL TRENBIDE SAREA
5701
EBAZPENA, 2023ko abenduaren 13koa, Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusiarena, «Atxuri-Bilboko (Bizkaia) geltokiko eremu teknikorako eta goi-zuzendaritzarako igogailu berria eraikitzeko eta irisgarritasuna hobetzeko proiektua» onartzen duena.
«Atxuri-Bilboko (Bizkaia) geltokiko eremu teknikorako eta goi-zuzendaritzarako igogailu berria eraikitzeko eta irisgarritasuna hobetzeko proiektua»ren bidez, arkitektura-oztopoak kendu nahi dira, lehendik dauden sarbideak hobetzeko.
Proiektuaren arabera, igogailu berri bat jarriko da Bilboko Atxuriko geltokian, beheko solairuko sarbidetik eraikineko gainerako solairuetara (lehen eta bigarren solairuak). Proposatzen den igogailua zortzi (8) bidaiarirentzat da, eta gehieneko karga 630 kg-koa da. Lehen solairuaren irisgarritasunari dagokionez, arrapala bat egingo da eskailera nagusiaren irteeran, eta, era berean, plataforma jasotzaile bat gehituko da ezinduentzat, eremu teknikora eta goi-zuzendaritzara sartzeko. Eremu horietarako ateak eta sarbideak ere handituko dira, baita dagozkien komunetara ere.
Gauzatze materialaren aurrekontua laurehun eta berrogeita hemezortzi mila seiehun eta hamaika (458.611,00) eurokoa da.
Kontrata bidezko exekuzio-aurrekontua, industria-mozkinaren % 6 eta gastu orokorren % 13 gehituta, 545.747,09 eurokoa da.
«Atxuri-Bilboko (Bizkaia) geltokiko eremu teknikorako eta goi-zuzendaritzarako igogailu berria eraikitzeko eta irisgarritasuna hobetzeko proiektua» burutzeko obren lizitaziorako oinarrizko aurrekontua, % 21eko BEZa gehituta, seiehun eta hirurogei mila hirurehun eta berrogeita hamahiru euro eta laurogeita hemezortzi zentimokoa (660.353,98) da.
Obrak egiteko aurreikusitako epea sei (6) hilabetekoa da.
Euskal Trenbide Sarearen (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dutenez, proiektuak bat egiten du proiektuaren xedearekin, zeinak barne hartzen baititu Trenbide Sektorearen Erregelamenduaren 11. artikuluan (2387/2004 ED, abenduaren 30ekoa), Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 9ko 9/2017 Legearen 233. artikuluan eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorraren 126-132 artikuluetan (1098/2001 ED, urriaren 12koa) adierazitako dokumentuak, eta kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi guztiak jasotzen baititu; beraz, aldeko txostena ematen dute.
Organo honek eskumena dauka Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzaren eskumeneko trenbide-azpiegituren eraikuntza-proiektu jakin batzuk onartzeko, organo horrek eskuordetuta, Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2020ko martxoaren 16ko Ebazpenaren bidez.
Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusita, honako hau
EBAZTEN DUT:
«Atxuri-Bilboko (Bizkaia) geltokiko eremu teknikorako eta goi-zuzendaritzarako igogailu berria eraikitzeko eta irisgarritasuna hobetzeko proiektua» onartzea. Proiektu horren helburua arkitektura-oztopoak kentzea da, lehendik dauden sarbideak hobetzeko. Lizitaziorako oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, seiehun eta hirurogei mila hirurehun eta berrogeita hamahiru euro eta laurogeita hemezortzi zentimokoa da (660.353,98), eta obrak egiteko aurreikusitako epea sei (6) hilabetekoa.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; idazkia organo honi edo Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari bidali beharko zaio.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, 2 hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan; nolanahi ere, aldez aurretik errekerimendua egin ahal izango dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.
Guztiek jakin dezaten ematen da argitara hau.
Bilbao, 2023ko abenduaren 13a.
Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusia,
ERNESTO MARTINEZ DE CABREDO ARRIETA.