Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

243. zk., 2023ko abenduaren 22a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5692

EBAZPENA, 2023ko azaroaren 20koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez Otxandion eta Aramaion (Bizkaia eta Araba) «4659 L05 Otxandiano-Ochandiano» SC izeneko 13,2 kV-ko Tentsio Ertaineko Aireko Linearen hiru tartetako eroanbideak berritzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita.

AURREKARIAK

2023ko abuztuaren 17an, Bizkaiko Industria Lurralde Ordezkaritzak eskaera bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Otxandion eta Aramaion (Bizkaia eta Araba) «4659 L05 Otxandiano-Ochandiano» SC izeneko 13,2 kV-ko Tentsio Ertaineko Aireko Linearen hiru tartetako eroanbideak berritzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan dago arautua).

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2023ko irailaren 26an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira hainbat organismoren aldetik, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Bestalde, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun guztiek aukera izan zezaten ingurumenari buruz egin nahi zituzten ohar guztiak egiteko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta haien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E eranskineko 3. epigrafean ezarritakoa aplikatuz, ondorengoei egingo zaie ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua. «3.– Beste proiektu batzuk, II.D eranskinekoak ez direnak, zuzenean edo zeharka, bakarrik edo beste plan, programa edo proiektu batzuekin batera, eragin nabarmena izan badezakete naturagune babestuetako batean edo natura-ondarea kontserbatzeko araudiaren arabera babes-araubidea duten naturaguneetan».

Zehazki, unean-unean jardungo da Zadorraren sistemako urtegietako KBEaren (ES2110011) babes-eremu periferikoan, eta hegaztiak linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko babes-eremuetako Urkiolako eta Zadorra-Aldaia urtegietako sektoreen barruan dago linea, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera. Agindu horren bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanaketa eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak zehazten dira, abifaunaren babes-eremuak argitaratzen dira eta talken eta elektrokuzioaren kontra abifauna babesteko abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan ezarritako baldintza teknikoekin bat ez datozen linea elektrikoaren trazaduraren sekzioak identifikatzen dira.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Otxandion eta Aramaion (Bizkaia eta Araba) «4659 L05 Otxandiano-Ochandiano» SC izeneko 13,2 kV-ko Tentsio Ertaineko Aireko Linearen hiru tartetako eroanbideak berritzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, ondorengo kondizioekin:

A) Proiektuak honako helburu hau du: «4659 L05 Otxandiano-Ochandiano» SC izeneko 13,2 kV-ko Tentsio Ertaineko Aireko Linearen zenbait tartetako eroanbideak berritzea, 3.685 metrotan, inguru horretan hornidura elektrikoa baldintza optimoetan eskaintzen jarraitzeko.

Era berean, zenbait euskarri ordeztu nahi dira, eta linean elementu berriak instalatu (gurutzeta berriak, maniobra-elementuak eta abar), baita abifauna babesteko elementuak ere, erreformak eragindako baoetan.

B) Otxandion eta Aramaion (Bizkaia eta Araba) «4659 L05 Otxandiano-Ochandiano» SC izeneko 13,2 kV-ko Tentsio Ertaineko Aireko Linearen hiru tartetako eroanbideak berritzeko proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena egitea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Jarduketaren xede diren tarteak hiru jarduketa-eremutan banatzen dira: lehena, Otxandioko herrigunetik hegoalderantz, batez ere BI-623 errepidearekiko paraleloan; bigarrena, Otxandioko herrigunetik Olaetaraino, ekialdean, eta azkena, txikia, hego-ekialdean.

Jarraian, proiektatutako jarduketak laburbilduko ditugu:

Otxandioko Eskualdeko Transmisio Sistemaren (4659) eta 17 zenbakiko euskarriaren arteko zatia, eta deribazioak.

– 01, 05, 11, 14 eta 15 zenbakietako euskarriak sareta-euskarri berriekin ordeztea.

– Euskarri berrietan metalezko gurutzetak jartzea.

– Euskarri berrietan amarratze- edo esekidura-kateak instalatzea.

– Lehendik dauden bost euskarritan gurutzetak ordeztea.

– Kanporatzeko fusibleen moduko maniobra-elementuak bost euskarritan instalatzea.

– Eraztuneko lur-konexio berria 01N zenbakiko euskarri berrian, eta espaloi perimetrala eraikitzea 01N, 03, 08 eta 16 zenbakietako euskarrietan.

– Berrikuntzak eragindako baoetan abifauna babesteko elementuak instalatzea.

– 47-AL1/8-ST1A (LA-56) motako eroanbide berria jartzea, ondorengo tarteetan, 1.536 metroko luzeraz, zirkuitu sinplean:

• Otxandioko Eskualdeko Transmisio Sistemaren (4659) atariaren eta 17 zenbakiko gaur egungo euskarriaren artean.

• 01N zenbakiko euskarri berriaren eta 18 zenbakiko gaur egungoaren artean.

• 03 zenbakiko gaur egungo euskarriaren eta 95 zenbakiko gaur egungoaren artean.

• 07 zenbakiko gaur egungo euskarriaren eta 97 zenbakiko gaur egungoaren artean.

– Deskribatutako jarduketen ondorioz, honako desmuntatze hauek egingo dira:

• 02, 04, 05, 11, 14 eta 15 zenbakietako hormigoizko sei euskarri desmuntatzea.

• 01 izeneko metalezko euskarria desmuntatzea.

• 06, 09, 10, 12 eta 13 zenbakietako euskarrietan gaur egungo gurutzetak desmuntatzea.

• BI48171, BI08153, BI48174 eta BI48173 motako kanporatzeko fusibleen moduko maniobra-elementuak desmuntatzea, 03, 09, 16 eta 96 zenbakietako euskarrietan, hurrenez hurren.

• Eroanbidea ordezteak eragindako gaur egungo euskarrietan kateak desmuntatzea.

• CU-25, D-28, D-56, LA-30 eta LA-56 motako linea, lehendik dagoena, desmuntatzea lehen deskribatutako tarteetan.

27 eta 48 zenbakietako euskarrien arteko zatia, eta deribazioak.

• 34, 36, 39, 41, 44, 45, 47 eta 59 zenbakietako euskarriak ordeztea 34N, 36N, 39N, 41N, 44N, 45N, 47N eta 59N zenbakietako sareta-euskarri berriekin.

• 46 zenbakiko euskarria 46N izeneko hormigoizko euskarri berri batekin ordeztea.

• Euskarri berrietan metalezko gurutzetak jartzea.

• Proiektatutako euskarri berrietan amarratze- edo esekidura-kateak instalatzea.

• Eroanbidea ordezteak eragindako gaur egungo euskarrietan kateak ordeztea.

• 28, 31, 33, eta 42 zenbakietako gaur egungo gurutzetak ordeztea metalezko gurutzeta berriekin.

• Kanporatzeko fusibleen moduko maniobra-elementuak (VI40138) 48 zenbakiko gaur egungo euskarrian berriro ere instalatzea.

• Kanporatzeko fusibleen moduko maniobra-elementua (VI41575) instalatzea 59N, 61 eta 100 zenbakietako euskarrietan. Horrez gain, eraztuneko lur-konexio berria jartzea eta espaloi perimetral ekipotentziala eraikitzea.

• Berrikuntzak eragindako baoetan abifauna babesteko elementuak instalatzea.

• 47-AL1/8-ST1A (LA-56) motako eroanbide berria jartzea, ondorengo tarteetan, 2.026 metroko luzeraz, zirkuitu sinplean:

• 27 zenbakiko gaur egungo euskarriaren eta 48 zenbakiko gaur egungoaren artean.

• 30 zenbakiko gaur egungo euskarriaren eta 60 zenbakiko gaur egungoaren artean.

• 44N zenbakiko euskarri berriaren eta 61 zenbakiko gaur egungoaren artean.

• 48 zenbakiko gaur egungo euskarriaren eta 49 zenbakiko gaur egungoaren artean.

• Deskribatutako jarduketen ondorioz, honako desmuntatze hauek egingo dira:

• 34, 35, 36, 39, 40, 41, 45, 46, 47 eta 59 zenbakietako hormigoizko hamar euskarri desmuntatzea.

• 44 zenbakiko metalezko euskarria desmuntatzea.

• 28, 31, 33 eta 42 zenbakietako euskarrietan gaur egun dauden gurutzetak desmuntatzea.

• VI40138 eta VI41575 motako kanporatzeko fusibleen moduko maniobra-elementuak desmuntatzea,48 eta 59 zenbakietako euskarrietan, hurrenez hurren.

• Eroanbidea ordezteak eragindako gaur egungo euskarrietan kateak desmuntatzea.

• D-56, LA-30 eta LA-56 motako linea desmuntatzea lehen deskribatutako tarteetan.

74 eta 76 zenbakietako euskarrien arteko zatia.

• 47-AL1/8-ST1A (LA-56) motako eroanbidea jartzea 74 eta 76 zenbakietako gaur egungo euskarrien arteko baoan, 123 metroko luzeraz, zirkuitu sinplean.

• Eraztuneko lur-konexio berria jartzea eta espaloi perimetral ekipotentziala eraikitzea 74 zenbakiko gaur egungo euskarrian.

• Deskribatutako jarduketen ondorioz, LA-30 motako eroanbidea duen gaur egungo linea desmuntatuko da 74 eta 76 zenbakietako euskarrien artean.

Ingurumen-dokumentuaren arabera, sortutako hondakinak eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak izango dira batik bat, eta izaeraren arabera kudeatuko dira, baimendutako kudeatzaileen bidez. Hondakin horiek hondeaketa-soberakinetatik eta lehendik dauden egiturak eraistetik eta ordeztetik etorriko dira batez ere.

Alternatibei dagokienez, ez da 0 aukera kontuan hartu, hau da, ez jardutea; izan ere, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, gaur egungo azpiegiturak ezin die erantzun inguruko eskari-beharrei.

Ildo horretatik, honako garapen programa hau planteatu da. Lehen deskribatutako 1. alternatiba aukeratzea justifikatuta dago, linearen lurgainaren azalera eta trazaduraren luzera osoa txikiagoak izango baitira, eta euskarri berri gutxiago ere egingo baitira.

2.– Proiektuaren kokapena.

Proiektuaren eremua Otxandio eta Aramaio udalerrietan dago, hiru tarte nagusitan banatuta, guztira, 3.685 metroko luzerarekin, eta nagusiki nekazaritzarako lurzoruen gainean.

Hauek dira eremuaren ezaugarri nagusiak:

– Proiektuaren eremua Zadorraren Unitate Hidrologikoan kokatuta dago, Ebroko Demarkazio Hidrografikoan. Zehazki, horren zati handi bat Urkiolako ur-masaren isuri-arroan dago, Urrunagako urtegiraino. Beste zati bat Urrunagako urtegiaren drainatze-eremuaren arrotik pasatuko da, eta hirugarrena, Inola ibaiaren ur-masaren arrotik barrena, Urrunagako urtegiraino. Horiek guztiak erkidego arteko arroak dira. Lineak hiru aldiz zeharkatzen du Urkiola ibaia, eta behin, Ametzola.

– Proiektatutako trazadura material litologikoen gainean dago; detritiko alternanteak dira, hala lutitak nola hareharri silizeoak, eta iragazkortasun txikia dute porositateagatik. Lurzoruak luvisol eta kanbisol motakoak dira.

– Nekazaritza eta Basozaintzako LPSaren arabera, trazaduraren zati batek Nekazaritza nahiz Abeltzaintzako Balio Estrategiko Handia kategoriako lurzoruak hartzen ditu barne.

– Lurpeko urei dagokienez, eremua Altube-Urkiolako masari dagokio eta ez dago lurpeko ur masen inongo sektoreren barruan, ezta interes hidrogeolikoko inongo gunetan ere.

– Proiektuak barne hartutako Bizkaiko sare hidrografiko osoa bisoi europarraren interes bereziko eremu gisa identifikatuta dago; espezie hori galzorian dagoen espezie gisa katalogatuta dago eta Bizkaiko Lurralde Historikoan kontserbatzeko kudeaketa-plan bat du. Bestalde, Urrunagako urtegia eta haren ingurune hurbilena ere igaraba eurasiarraren intereseko eremu gisa identifikatuta dago, Araban espezie hori kudeatzeko planaren arabera.

– Eremua abifauna linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko babes-eremuetako Urkiolako eta Zadorra-Aldaia urtegietako sektoreen barruan dago, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera. Agindu horren bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanaketa eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira eta abifaunaren babes-eremuak argitaratzen dira. Zehazki, abifauna babesteko baldintza teknikoekin bat ez datozen tarteak hauteman dira esku hartuko den linea elektrikoaren trazaduran. Horrez gain, baldintza horiekin bat ez datozen lineetako adarretako zenbait tarte ere identifikatu dira. Aipatutako eremuetan, goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko eta talka ez egiteko neurriak aplikatuko dira, Goi-tentsioko linea elektrikoetako abifaunaren elektrokuzioaren eta talken ondoriozko heriotzak murrizteko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuari jarraikiz.

– Eremuko landaredia sega-belardien mosaiko bat da, belardi horien mugetan dauden espezie autoktonoen heskaiekin eta hostozabal autoktonoen masen formazio sakabanatuekin edo landaketekin batera. Zehazki, jarduketako lehen guneko trazadurak baratzeak eta sega-belardiak zeharkatzen ditu lehenik, eta, ondoren, ertzetik igarotzen du zuhaitz- eta zuhaixka-eremu bat, batez ere konifero-sailez osatua. Bigarren gunea ere belardietatik igarotzen da, eta hostozabalen heskaiak eta masak zeharkatzen ditu behin baino gehiagotan, bai hariztia bai haltzadia. Azkenik, hirugarren jarduketa-gunea larreetatik igarotzen da batez ere.

– Nabarmendu behar da belardietako batzuk Batasunaren intereseko habitat gisa (BIH) identifikatzen direla: Sega-belardi atlantikoak, larratu gabeak (6510. kodea), 34N zenbakiko euskarri berriak bat egiten duela Ulex sp. nagusi den txilardi atlantikoko masa batekin (4030. BIH) eta 27 eta 28 zenbakietako euskarrien arteko baoak Erriberako haltzadi eurosiberiar bat (91E0* BIH) zeharkatzen duela. Halaber, hostozabal autoktonoen masak, hala nola hariztia, interes handiko formaziotzat hartzen dira eskualde mailan.

– Lehendik dauden 17 eta 16 zenbakietako euskarriak, mantendu egingo direnak, Zadorraren sistemako urtegietako Kontserbazio Bereziko Eremuko (ES2110011) babes-eremu periferikoan daude. Bestalde, eremuaren ekialdeko muturretik kilometro batera baino gehiagora, ekialderantz, Urkiolako KBEa (ES2130009) dago, Natura Parke gisa ere katalogatua (ES210002). Gune horiek guztiak EAEko Intereseko Naturaguneen Katalogo Irekian ere jasota daude.

– EAEko azpiegitura berdeari dagokionez, lehen aipatutako espazioak biodibertsitate-erreserba gisa deskribatzen dira, Urkiola ibaia intereseko ibai-korridoreak barne hartzen dituen bilbe urdinean sartzen da, eta Urkiola-Aizkorri lurreko korridore ekologikoak linearen ibilbidea zeharkatuko luke.

– Beste gune interesgarri batzuk daudela-eta, proiektuaren eremu osoa gune kalteberak hartzeko eremu batean dago, Ebroko Demarkazioaren Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroaren arabera. Horrez gain, Urrunagako urtegia eta proiektuaren eremuaren zati batekin muga egiten duen Oleta baserriko putzua EAEko hezeguneen inbentarioan jasota daude. Zehazki, 3. multzoan. Multzo horretan sartzen dira antolamendu- eta erregulazio-tresnarik ez duten hezegune inbentariatuak.

– Lineak Onura Publikoko 19. Mendia zeharkatzen du.

– Eremua Otxandio, Olaeta eta Larragaingo arro bisualetan dago (balio ertainekoa, oso handikoa eta oso txikikoa, hurrenez hurren). Olaetako arroa EAEko Paisaia Berezien eta Nabarmenen Katalogoan jasota dago.

– Ingurumen-arriskuei dagokienez, Otxandioko hirigunearen ondotik igarotzen diren tarteek uholde-arriskua izan dezakete. Zehazki, desmuntatu beharreko 02, 04 eta 05 zenbakietako euskarriak lehentasunezko isuri-eremuan daude, bai eta proiektatutako 05N zenbakiko euskarri berria ere. Horrez gain, desmuntatu beharreko 01 zenbakiko euskarria eta 01N zenbakikoa, berria, hamar urteko errepikatze-denborako uholdeen ondorioz urpean gera daitekeen eremu batean daude. Azkenik, tarte horretan 09 zenbakikoraino dauden gainerako euskarriak ere, zeinetan eroanbide berria instalatzeko egokitzapenak baino ez diren egingo, 10 edo 100 urteko errepikatze-denborako uholdeen ondorioz urpean gera daitezkeen eremuetan daude, edo, unean-unean, lehentasunezko isuri-eremuan. Bestalde, proiektuaren esparruan, Otxandioko transformazio-azpiestazioa baino ez dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten kokaguneen inbentarioan jasotako lurzatien artean. Eroanbidea bertatik abiatzen da 01 zenbakiko euskarrirantz. Hala ere, ez da lur-mugimendurik proiektatu bertan.

– Aitzitik, eremuaren azpiko akuiferoek ez dute kutsadurarekiko kalteberatasun nabarmenik, baso-suteen arriskua txikia da eta ez da identifikatu higadura-arriskua izan dezakeen eremurik.

Eskuragarri dagoen kartografiaren arabera, «Bolatoki» transformazio-zentrorako deribazio-eroanbidea Otxandioko Hirigune Historikoaren mugaketan txertatzen da zenbaitetan, zeina kultura-ondasun gisa deklaratuta baitago (508/1995 Dekretua, abenduaren 5ekoa, Otxandioko Hirigune Historikoa, Monumentu Multzo izendapenaz, kultura ondasun gisa kalifikatzen duena eta haren babes-araubidea ezartzen duena). Leku horretan eroanbidea aldatzea baino ez da planteatu. Proiektuaren eremuan zenbait ondare-elementu ere identifikatu dira, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenaren arabera.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik esanguratsuenak obra-fasean sortuko dira. Proiektua aurrera eramatearen ondoriozko jarduketak egiteko, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, 50 m2 inguruko lan-plataformak sortu beharko dira euskarri bakoitzaren inguruan eta lurzorua trinkotu egingo da bertan makinen eta materialen joan-etorrien ondorioz. Halaber, 42,3 m3-ko lur-mugimenduko bolumena aurreikusi da proiektu osorako, euskarriak gauzatzeko. Beharrezkoa izango da, halaber, lan-plataformetaraino landako sarbideak aldi baterako egitea, lehen deskribatutakoen antzeko eraginekin.

Lan-plataformak eta sarbideak egiteak gaur egungo landaredia kentzea ere ekarriko du. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, jarri beharreko linearen inguruan eragina lau metroko zabaleran izatea aurreikusi da eta eragindako azalera, guztira, 14.740 m2-koa izango da. Ildo horretan, eskuragarri dagoen kartografiaren arabera, lineak interes handiko landaredia duten eremuak zeharkatzen ditu (BIH eta baso autoktonoak). Nolanahi ere, eraitsiko diren euskarrien inguruetan instalatuko dira proiektatutako euskarri berriak, eta eroanbide berria gaur egun dagoenaren lurgainetik igaroko da, 100 metroko tarte batean izan ezik. Beraz, gaur egungo korridore elektrikoari eutsiko zaio. Korridore horretan, batez ere, belar-landaredia edo zuhaixka-landaredia garatzen da; baso-landarediarekiko eragina txikia izango da a priori, eta inausketa puntualak baino ez dira beharko. Inpaktu handiena 4030 eta 6510 BIHetan aurreikusi da; nolanahi ere, lan-plataformen aldi baterako okupazioek eta sarbideek eragindako lurrak jatorrizko egoerara itzul daitezke.

Bestalde, jarduketen ondorioz, aldi baterako eta leku jakin batzuetan, gutxitu egingo da faunaren eta gizakien habitaten kalitatea (zarata handitzea, hautsa, bibrazioak eta abar), lurzoruak edo urak kutsatu ahal izango dira lurra mugitzean sortutako istripu edo gertatutako isurtzeen edo jariatzeen ondorioz, hondakinak sortuko dira eta linearen zortasun- eta babes-eremua mantentzeko ebaketa- eta/edo inausketa-lanak egingo dira.

Zadorraren sistemako urtegietako KBEak proiektuan duen presentziari dagokionez, bi euskarri baino ez daude bere babes-eremu periferikoan. Euskarri horiek mantendu egingo dira, eta, beraz, eremu horretako jarduketak haiek egokitzera eta eroanbide berria jartzera mugatuko dira.

Hala, ez da eragin nabarmenik aurreikusi Batasunaren intereseko habitaten, Zadorraren sistemako urtegietako KBEaren eta babestutako beste gune batzuen kontserbazio-egoeran. Igaraba eurasiarraren intereseko habitatean ere ez da eraginik aurreikusi.

Proiektatutako trazadurak lau aldiz zeharkatuko ditu ibai-ibilguak. Hala ere, gaur egun dagoen zortasunetik egingo du, eta, eskuarki, puntu horietan lehendik dauden euskarriez baliatuta. Salbuespen gisa, adierazi behar da Urkiola ibaiaren eskuinaldeko 04 zenbakiko euskarria desmuntatuko dela: gaur egun babes-zortasuneko eremuan dago eta Jabari Publiko Hidraulikoaren mugan. Bestalde, ingurumen-dokumentuaren arabera, gaur egun Jabari Publiko Hidraulikoaren zortasun-eremuan dagoen 05 zenbakiko euskarriaren ordez, beste euskarri bat jarriko da, 05N zenbakikoa, ibilgutik urrunago. Alderdi horien balorazioa positiboa da. Hala ere, adierazi behar da desadostasunak daudela, 05N zenbakiko euskarri berriaren behin betiko kokapenaz, ingurumen-dokumentuaren memorian deskribatutakoaren eta proiektuaren eta ingurumen-dokumentuaren dokumentazio grafikoak adierazten duenaren artean.

Ildo horretan, Uraren Euskal Agentziak emandako txostenaren arabera, 05N zenbakiko euskarria, behin betiko, Jabari Publiko Hidraulikoa babesteko zortasun-eremutik kanpo kokatu beharko da nahitaez.

Zehaztapen horiek kontuan hartuta, oro har uste da ez dela inpaktu nabarmenik izango ur-ingurunean eta erriberako landaredian, ezta bisoi europarraren interes bereziko habitataren kalitatean ere.

Proiektuaren eremuan babestutako kultura-ondareko hainbat elementu daudela kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenarekin bat etorriz, elementu bakoitzerako arau-xedapen bereziak eta horien babes-maila bete beharko dira, bai eta, oro har, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ere. Hala ere, ez da aurreikusi kultura-ondarean eragin nabarmenik izango denik.

Obrek irauten duten bitartean izan daitekeen uholde-arriskuari dagokionez, urak har ditzakeen eremuetan materialak metatzea saihestu beharko da, eta, hala badagokio, horiek azkar kentzeko protokoloak ezarri beharko dira, balizko uholdeak aurreikusi badira. Alde horretatik, arrisku horrek eragin nabarmenik ez duela izango kontsideratu da.

Funtzionamendu-fasean, inpaktu nagusiak abifaunarengan izango dira, talka egiteko eta elektrokutatzeko arriskuagatik, baita paisaian ere. Funtsean, lehendik dagoen trazadura egokitu behar denez, eta, gainera, linea elektrikoan elektrokuzioaren eta talken aurkako neurri egokiak txertatuko direnez, inpaktu horiek ez dira esanguratsutzat jo.

Horrez gain, proiektuaren xede den linearen adar txikiak daudenez, eta horiek ere abifauna babesteko baldintza teknikoekin bat ez datozenez, beharrezkotzat jo da tarte horiek proiektuaren esparruan egokitzea.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak eragin negatibo nabarmenik izango duenik ingurunearen aipatutako alderdietan.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta, Otxandion eta Aramaion (Bizkaia eta Araba), «4659 L05 Otxandiano-Ochandiano» SC izeneko 13,2 kV-ko Tentsio Ertaineko Aireko Linearen hiru tartetako eroanbideak berritzeko proiektuaren ingurumen-ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obran jardunbide egokiak aplikatuko dira.

Honako apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.

• Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Proiektuak kontuan izan beharko ditu Zadorraren sistemako urtegiak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duen ekainaren 30eko 120/2015 Dekretuan jasotako zehaztapenak (ES2110011).

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Hala badagokio, beharrezkoak diren mozte-, inauste- eta eskokatze-lanak, obra-sarbideen irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak aldi baterako pilatzeko eremuak eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako pilatzeko eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, drainatze naturaleko sareari, intereseko landarediari eta balio estrategiko handiko lurzoruari eragitea saihestuko da.

– Eremu osagarri horiek ezin izango dira inola ere jarri Zadorraren sistemako urtegietako KBEko lurretan edo haren babes-eremu periferikoan, instalazioaren eraginpean ez dauden intereseko landare-egituren eremu kalteberetan (Batasunaren Intereseko Habitatak eta hariztia bezalako baso autoktonoak), ez eta identifikatutako ibilguetako erriberako landaredian eta espezie babestuen formazio begetaletan ere.

Debekatuta dago makina astunek ibilguen barruan eta Jabari Publiko Hidraulikoaren 5 metroko zortasun-eremuan zirkulatzea, eta eremua balizatu egingo da, espazio hori libre mantentzeko.

Horretarako, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian, obrak hasi aurretik.

– Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusi ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredi naturala. Intereseko espezieren baten aleak egoera onean dauden eremuetan, kontu handiz jardun beharko da, proiektua egiteko beharrezkoa den eremutik kanpo ez eragiteko.

– Jarduketen eragina paira dezaketen eremu kalteberetan eta natura-balio handieneko eremuetan (91E0* Batasunaren Intereseko Habitata, ibilguetako ertzetan, hariztian eta KBEko babes-eremu periferikoan), ahal bada inausketak egingo dira, eta behar-beharrezkoa denean soilik moztuko dira zuhaitzak, eta, bakar-bakarrik, haien gehieneko garapenera iristen direnean linea elektrikoaren segurtasuna bermatuta ez dagoela ikusten denean. Dena dela, lehendik dagoen zuhaixka-geruza osoa mantendu beharko da.

– Bertakoak ez diren zuhaitzak osorik moztu daitezke, betiere berehala birlandatzen badira tamaina txikiko espezieak edo hazkuntza motelekoak (esaterako, sahatsak, hurritzak eta haritzak).

– Bizkaiko eta Arabako foru-aldundietako zerbitzu teknikoekin elkarlanean adostuko dira irizpideak, zein zuhaitz ebaki edo lepatuko diren erabakitzeko.

– Zuhaitzak inaustea, botatzea edo sastrakak kentzea ezinbestekoa bada, motozerrak erabiliko dira horretarako, eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, bertako gainerako landarediari kalterik ez eragiteko. Inausketa ahalik eta gutxien egingo da, proiektatutako jarduketen luzera osoan zehar zuhaitz-zerrenda mantentzeko.

– Lur azaleko urak dituzten ibilguak zeharkatzen diren lekuetan, erriberako espezieak dauden tokietan (haltzak, haritzak, sahatsak eta abar), lineari eragin diezaioketen goiko adarrak bakarrik inausiko dira. Ez da zuhaitzaren garaiera osoaren 1/3 baino gehiago inausiko, eta eremuko zaintzaileak gainbegiratuta egingo da hori eta geldialdi begetatiboan/neguan.

– Obrak egin behar diren lekuetara sartzeko, lehendik dauden bideak erabiliko dira, ahal den neurrian. Trazadura berriko sarbideak eta lehendik daudenak egokitzeko lanak, hala dagokionean, lur-mugimendua murriztuz eta lehen aipatutako eremu kalteberekiko eragina saihestuz egingo dira.

– Abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, abifauna talken eta elektrokuzioaren kontra babesteko, proiektuaren xede den aireko linea elektrikoaren trazadura osorako zehaztutako neurriak hartuko dira, hegaztiek elektrokutatzeko edo talka egiteko dituzten arriskuak minimizatzeko.

Era berean, proiektuaren xede den linearen adar txikiak eta linea horren ondotik paraleloan doazen beste linea batzuen trazadurak daudenez, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzak 2023ko urriaren 17an adierazitakoarekin bat etorriz (espedientean jasota dago), komenigarritzat eta beharrezkotzat jo da, ingurumena hobetzeko, aipatutako lineak ere 1432/2008 Errege Dekretuaren zehaztapenetara egokitzea, abifauna talketatik eta elektrokuziotik babesteko.

Zehazki, honako tarte hauek egokitu beharko lirateke:

– «4659 L05 Otxandiano-Ochandiano» linearen zatia, 27 zenbakiko euskarritik Otxandioko herrigunearen barnealderantz doana, mendebaldean, 220 metro inguruko luzeraz.

– «4659 L05 Otxandiano-Ochandiano» linearen zatia, 44N zenbakiko euskarri berritik eta lehendik dagoen 61 zenbakiko euskarritik hegoalderantz doana, 480 metro inguruko luzeraz.

– Otxandio udalerriaren barruan doan «Gamarra-Villarreal I» linearen tartea, «Otxandiano-Ochandiano» linearen paraleloan, Aulasa enpresarainoko deribazioa barne, Aramaio udalerrian, guztira 1.900 metro inguruko luzeraz.

– Proiektuaren eraginpeko eremua bisoi europarraren interes bereziko gunearen barruan dago, Bizkaiko Lurralde Historikoan Bisoi Europarra (Mustela lutreola, Linnaeus, 1761) Kudeatzeko Plana onesten duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuan ezartzen denarekin bat, galzorian dagoen eta babesteko neurri bereziak behar dituen espeziea baita.

Bisoi europarraren aleengan eragina izan dezakeen ezer egin aurretik, honako hauek kontuan hartuko dira: azaroaren 25eko 9/2021 Legea, EAEko natura-ondarea kontserbatzeari buruzkoa; uztailaren 9ko 167/1996 Dekretua, Basa eta itsas fauna eta landaredian arriskuan dauden espezieen EAEko Zerrenda arautzeko duena; eta, dagokionean, foru-organo eskudunak, bisoi europarraren kudeaketa-planaren administrazio arduradun gisa, xedatzen duena.

– Ondorio horretarako, bisoi europarraren interes bereziko eremuari eragiten dioten obrak ez dira egingo espeziearen ugalketarako sasoi kritikoan, hau da, martxoaren 15etik uztailaren 31ra.

• Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.

– 05N zenbakiko euskarri berria Jabari Publiko Hidraulikoaren zortasun-eremutik kanpo kokatu beharko da eta, ahal den neurrian, hark erriberako zuhaitz-landarediari eragitea saihestu beharko da.

– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

– Hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Beharrezkoa bada, obra-eremuetan, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko-kimikoen araberakoak direla bermatzeko.

– Obrako makinak gordetzeko eremua eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik isolatu beharko dira. Zolata iragazgaitzaz gain, efluenteak biltzeko sistema bat ere izango du, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Ezin izango da egin erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta tailerreko jarduerarik, horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.

– Debekaturik dago, baimen administratiborik izan ezean, ur kontinentalak edo Jabari Publiko Hidraulikoko beste edozein elementu kutsa ditzaketen urak eta hondakinak zuzenean edo zeharka isurtzea.

– Hala badagokio, hondakin-uren isurketek arroko erakundearen aldez aurreko baimena beharko dute. Horretarako, sustatzaileak dagokion baimen-eskaera aurkeztu beharko du, arazketa-instalazioen ezaugarriak eta efluenteen muga-parametroak zehazten dituen dokumentazio teknikoarekin batera.

– Uren arloan indarrean dagoen araudiaren arabera, Jabari Publiko Hidraulikoan eta zaintza-eremuan (100 metro) egiten den jarduera orok, bai eta hondakin-urak lurrera edo ibilgu publikoetara isurtzeak ere, arroko erakundearen nahitaezko baimena beharko du, Uraren Euskal Agentziak izapidetu ondoren. Baimen horren esparruan aztertuko dira, zorrotz, ezaugarriak eta eraginak, eta, hala badagokio, dagozkion aginduak ezarriko dira.

• Paisaia babesteko eta kaltetutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

– Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak lehengoratu egingo dira (aldi baterako bilketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea). Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak saihesteko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horien inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotuko dira.

– Makinen, materialen eta abarren erabilerak eragindako belardi eta laborantza-eremuetan, dagokion berrereintza egingo da, dagozkion kalte-ordainekin, hala badagokio.

– Belardietako berrereintzarako, aldez aurretik lurra pixka bat landu edo aitzurtu beharko da, lurra ez trinkotzeko, ondorengo berrereintza eta erneketa egokiak izan daitezen.

– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kendu, eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren. Ondoren, beheragoko geruzetan jarri gabe, ahal den neurrian, jatorrizko lekuan kokatuko da.

– Landare-espezie exotiko inbaditzaileak detektatzeko eta bertan sartu eta hedatzea eragozteko kontrol-neurriak hartuko dira. Bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta ez da erabiliko aipatu diren espezieek kutsatutako lurrik.

– Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-gunean.

– Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.

– Era berean, ahal den guztietan, errotik kenduko dira jarduketa-eremuetan aurkitutako espezie inbaditzaileak.

– Bai baldintza-agiriak bai obra kontratatzeko aurrekontuek aipatutako dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

• Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

– Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, zamalanei, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35. bis artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, sei hilabetetik gorako iraupena aurreikusia duten obren kasuan, nahitaez egin beharko da inpaktu akustikoaren azterlana, neurri zuzentzaile egokiak zehazteko.

– Egunez bakarrik egingo da lan.

• Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu beharko da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu beharko dira. Hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: aldez aurretik behar bezala justifikatzen denean ezinezkoa dela hondakinak teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakindegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezartzen dituen segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute haien kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Sortutako olio erabilia Industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko da. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Eremu jakin bat egokituko da, behin-behinean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

• Airearen kutsadura txikiagotzeko neurriak.

– Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, eta, harrotzen den hauts-kantitatea zein den, ureztatzeak ere programatuko dira. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute une oro.

– Hezetasun-egoera egokietan garraiatuko da indusketa-materiala, hain zuzen ere, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzearren.

• Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Azterketa-eremuan identifikatutako kultura-ondarearen intereseko elementuei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenaren arabera, honako zehaztapen hauek bete beharko dira:

– Otxandioko Hirigune Historikoko Gune Arkeologikoan egiten diren esku-hartzeetan, dagokion proiektu arkeologikoa aurkeztu beharko zaie Bizkaiko eta Arabako foru-aldundiei, lizentzia eman aurretik onar dezaten (Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 43.2 artikulua). Era berean, hirigune historikoaren eremu horretan egiten den edozein esku-hartzek bete egin beharko ditu abenduaren 5eko 508/1995 Dekretuak hirigune historikoarentzat ezarritako babes-araubideko zehaztapenak.

– Aitortutako balizko arkeologia-guneetan egindako jarduerei dagokienez, 9. Mañerrota errota, 8. Boluma errota, 7. San Roke ermita eta 11. Erremedioen Andre Mariaren ermita Otxandion (Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen 1997ko maiatzaren 5eko Ebazpena, Otxandioko balizko arkeologia-guneen izendapena egiten duena; 1997-06-05eko EHAA, 106. zk.) eta 39. Aurtola burdinola, 41. Andre Maria Sortzez Garbiaren eliza eta 36. Aramaioko Troxaola burdinola nagusia (Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 1997ko irailaren 15eko Ebazpena, Aramaioko balizko arkeologia-guneen izendapena egiten duena; 1997-10-03ko EHAA, 189. zk.); Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. artikuluan xedatutakoa beteko da.

– Aurtola burdinolari dagokionez (2001-08-22ko EHAA, 162. zk.; Kulturako sailburuaren 2001eko uztailaren 18ko Aginduaren bidez monumentu izendatutakoa), kontuan hartu beharko da maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak babes ertaineko higiezinentzat ezarritako babes-araubidea, eta, nolanahi ere, edozein esku-hartzek Arabako Foru Aldundiaren aurretiazko baimena izan beharko duela.

– Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan sartzeko proposatutako higiezinei dagokienez (Sortzez Garbiaren Eliza, Olaetako Gurutzea eta Apaizetxea), komeni da kontuan hartzea egin beharreko esku-hartzeak, irizpide nagusi gisa, zaharberritze kontserbatzailera egokitu beharko direla, elementua bisualki kutsa dezaketen oztopoak saihestuta ingurune hurbilenean (15 metro, horien inguruan).

– Tokiko interesa duten ondasunen kasuan, esaterako, Otxandioko herrigunearen mendebaldean dagoen 4 zenbakiko zubia (49. fitxa), gomendioa da egiten diren obrek haien bolumetria, kanpoko irudia eta oinarrizko banaketa tipologiko eta egiturazkoa errespetatzea, egituraren material generikoa mantenduta. Obrak erreferentzia gisa hartuko ditu Sendotzea edota Zaintzea eta Apaintzea izeneko esku-hartze kategoriak zein Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2022 Dekretuak ezarritako zaharberritze motak.

– Horregatik guztiagatik, eta eroanbideak berritzeko prozesuan lurrak mugituko direnez, makinak mugituko direnez eta materialak aldi baterako pilatuko direnez, gomendioa horien jarraipen eta kontrol arkeologikoa egitea da.

Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak mugitzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaie Arabako eta Bizkaiko foru-aldundietako Kulturako zuzendaritzei, eta azken horiek zehaztuko dute zer neurri hartu behar diren.

• Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.

Langileek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:

– Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.

– Batasunaren intereseko habitatekiko eta interesgarriekiko (haltzadia eta hariztia) eragina kontrolatzea, baita Zadorraren sistemako urtegietako Natura 2000 Sareko KBEarekikoa (ES2110011) eta mehatxatutako faunako espezieekikoa ere.

– Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen edo lurra leku batetik bestera eramatearen ondorioz lurzorua eta ura ez kutsatzea.

– Proiektuak eragindako herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

• Garbiketa eta obra-akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegin beharko dira.

• Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta, oro har, babes- eta zuzenketa-neurrien inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz obra-zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, aholkulariek txosten bat egin beharko dute aldez aurretik.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean. Besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, hondakinak kudeatzea eta natura-ondarea babestea.

Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen Otxandio eta Aramaio udalerrietan (Bizkaia eta Araba) i-DE Redes Eléctricos Inteligentes SAU enpresak sustatutako «4659 L05 Otxandiano-Ochandiano» SC izeneko 13,2 kV-ko Erdi Tentsioko Aireko Linearen hiru tartetako eroanbideak berritzeko proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Industriako Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Seigarrena.– EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 20a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala