243. zk., 2023ko abenduaren 22a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (201 KB - 14 orri.)
- EPUB (123 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5691
EBAZPENA, 2023ko azaroaren 17koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita tranbia Bilbotik Zorrotzaurrera luzatzeari buruzko informazio-azterketaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena.
AURREKARIAK
2023ko ekainaren 28an, Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan tranbia Bilbotik Zorrotzaurrera luzatzeari buruzko informazio-azterketaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko eskaera egin zuen. Eskaera Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuko prozeduraren esparruan.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2023ko abuztuaren 11n, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait erakunderen txostenak jaso dira, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E eranskineko E7 taldeko 7.f epigrafean ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie hauei: «Tranbiak, zutabe gaineko eta lurpeko metroak, linea esekiak edo antzekoak, soil-soilik edo, batez ere, bidaiariak garraiatzeko baldin badira».
Proiektuak Bilboko tranbia Euskaldunako biribilgunetik Zorrotzaurre uhartera luzatzeko bide-adarraren trazadura zehazten du.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egitea, tranbia Bilbotik Zorrotzaurrera luzatzeari buruzko informazio-azterketarako, honako hauen arabera:
A) Proiektuaren helburua da zehaztea tranbia Bilbotik Zorrotzaurre uhartera luzatzeko bide-adarraren trazadura.
B) Tranbia Bilbotik Zorrotzaurrera luzatzeari buruzko informazio-azterketarako ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Tranbia-trazadura berriaren sorburua da Euskaldunako biribilguneko egungo plataformaren trenbide bikoitzeko lotura, eta Olabeagako kaiarekiko kale paraleloan doa tarte labur batean, Olabeaga auzoan Adifeko tren-plataforma abandonatuarekin lotzen den arte. Plataforma abandonatu horretatik igaro ondoren, Ventosa bideko 42 zenbakian dagoen eraikinaren parera iristean, trazadurak itsasadarrerantz egiten du, Dike 2A kaleko eraikinaren parean zeharkatzeko. Olabeaga auzoan, Dike 2E kaleko eraikinaren parean geltoki bat egitea aurreikusten da. Zorrotzaurre uhartean, tranbiaren trazadura etorkizunean eremu horretarako aurreikusten den urbanizaziora egokitzen da, etorbide nagusiari jarraituz, eta ibilbidean zehar lau geltoki ditu (Zorrotzaurre 1-4). Zorrotzaurre uhartean tranbia jartzeko lanak eremuaren urbanizazioa egin osteko faseetan edo modu osagarrian egingo dira.
Trazadura 2.831 metro luze da guztira, aire zabalean doa eta 10 minutuan behin igaroko da. Aurreikusitako geltoki guztiek alboetako nasak dituzte. Alboko nasen gutxieneko zabalera 3,50 m-koa da, eta tranbia-trafiko bereizia duen trenbide bikoitzaren kasuan, gutxieneko zabalera 12,56 m-koa da. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, lur-mugimendu gutxi egingo direla aurreikusten da, bai eta lehengoratze-lanetarako landare-lurra faltako dela ere.
Proiektuko jarduketa nagusiak honako hauek dira: lursaila induskatzea, hiri-zoladura eta beste egitura batzuk eraistea, tranbia-plataforma eraikitzea, garraioa, obrarako materialen zamalanak, linea elektrifikatzea, nasak eraikitzea, tranbia-plataforma berriaren inguruko urbanizazio osagarria, Euskaldunako biribilguneko eremuak berriz urbanizatzea, euste-egiturak egitea eta itsasadarrean aurreikusitako zubi berrira sartzeko betelanak egitea, eta itsasadarraren gaineko zubi berria eraikitzea.
Era berean, tranbia-plataforma berriaren inguruan eremu jakin batzuk behin-behinean okupatuko dira obretan, eta zerbitzuei aldi baterako eragingo zaie.
Itsasadarraren gaineko zubiaren eraikuntzari dagokionez, ez da pilarerik ipiniko itsasadarrean, eta egungo kaien atzean estribuak jartzea aurreikusi da. Hala, ez zaio itsasadarrari eragingo. Zubiaren taula Zorrotzaurre uhartearen hegoaldeko muturrean dagoen behin-behineko okupazio-eremuan eraikiko da. Egin ondoren, taula itsasadarrean barrena lekualdatuko da, pontoien bidez, eta behin betiko kokapenera igoko da garabien bidez, itsasadarrari eragin gabe.
Bestalde, proiektuak desegite-fasea aurreikusten du, non azpiegitura desmuntatzeko eta eraisteko jarduketak identifikatzen baitira haren bizitza baliagarria amaitzen denerako, bai eta ondasun eta hondakinen kudeaketa ere.
Obrek gutxi gorabehera hogeita hamar hilabete iraungo dutela aurreikusten da.
2.– Proiektuaren kokapena.
Proiektua Bilboko hirigunean dago. Trazadura Euskalduna biribilgunetik abiatzen da, Olabeaga auzoa zeharkatzen du eta, Bilboko itsasadarra zeharkatu ostean, Zorrotzaurre uhartean sartzen da. Proiektua ezarriko den eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari dagokion Ibaizabalgo Unitate Hidrologikoan (ES017) dago. Proiektuak «Nerbioi barneko trantsizioa» (ES111T068010) deritzon gainazaleko ur-masa zeharkatzen du, estuario atlantiko supramareala tipologiakoa, zeina oso aldatuta dagoen eta egoera orokorra «ona baino okerragoa» duena. Proiektuaren eremua erkidego barruko arroen barruan dago, eta bertan ez dago plan hidrologikoak babestutako eremuen erregistroko ezein elementu. Bestalde, itsas-lehorreko jabari publikoa (ILJP) ukitzen du itsasadarraren gaineko zubiak.
Proiektua eremu antropizatu batean ezartzen da; lurzoruek, batez ere orografia laua dutenek, ez dute nekazaritza-gaitasunik. Olabeaga auzoko lursailetako litologiari dagokionez, Nerbioi ibaiaren ibilguan jalkitako alubioi-materialak dira ezaugarri, eta iragazkortasun handia dute porositateagatik. Zorrotzaurre uhartea jatorri antropogenikoa duten metakinek osatzen dute, porositatearen bidez iragazkortasun ertaina dutenak. Gainera, aurkeztutako dokumentazioak beste bi material mota identifikatzen ditu proiektuaren eremuan: kareharrizko lutitak (limolitak) hareharrizko igaroaldiekin eta jatorri hidrotermaleko arrokak.
Lurpeko hidrologiari dagokionez, trazadura hegoaldeko antiklinorioko lurpeko ur-masan zehar doa. Trazaduraren tarte batzuek Kantauri Ekialdeko Demarkazioari dagokion Kuaternario-Sopuerta sektorea ukitzen dute. Lurpeko ur-masa horren egoera globala «ona» da.
Proiektuaren eremuak ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ezta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekorik ere. Halaber, ez dauka inbentarioan edo katalogoan jasotako paisaia-baliorik eta ez dago EAEko geologia-intereseko lekuen inbentarioan sartutako geologia-intereseko lekurik edo akuiferoen kutsaduraren aurrean urrakortasun handia edo oso handia duen eremurik.
Ez proiektuaren eremuan, ez haren ingurune hurbilean, ez da topatu Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoen ezein kudeaketa-planetan sartutako eremurik, ezta abifaunarentzako babes-eremurik ere, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera (2016-05-23ko BAO, 96. zk.). Era berean, ez da identifikatzen kudeaketa-plana onartuta duten fauna-espezieen interes bereziko eremurik. Arriskuan dagoen faunari dagokionez, proiektuan Nerbioi itsasadarra zeharkatzea aurreikusi den eremua bisoi europarraren kudeaketa-planaren aplikazio-eremuan sartuta dago (Bizkaiko Foru Aldundiaren ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretua). Zeharkatzeko eremuan, Nerbioien itsasadarra «hobetu beharreko tarte» gisa kalifikatzen du Plan horrek. Ingurumen-dokumentuaren arabera, proiektua itsasadarraren eremu antropizatuenean garatzen da, eta bertan dagoen fauna, batik bat, itsasadarrari lotuta dauden abifaunako espezieak dira. Nerbioi itsasadarra LAGeko azpiegitura berdearen bilbe urdinean sartuta dago.
Proposatutako tranbiaren trazadura eta azpiegiturak hiri-eremuetan eta etzeetan sartzen dira, eta jarduera-esparruan ez da identifikatzen ez Batasunaren intereseko habitatik, ez arriskuan dagoen florarik.
Proiektuak ez du ukitzen kultura-ondasuntzat jotako kultura-ondareko elementurik, bai, ordea, tokiko intereseko elementuren bat eta deklaratzeko proposatutakoren bat. Hona elementu horiek: Industrias Bilbaínas Relax SA enpresa zaharraren atzeko biltegia (1528. fitxa-zenbakia) eta Construcciones Electromecánicas Consonni enpresa zaharraren tailerrak (1525. fitxa-zenbakia), EKOZek proposatuak, tokiko mailan babesteko, eta Oxicorteren pabiloiak, (453-1 fitxa-zenbakia) eta Artiachen fabrikarenak (472), biak ala biak monumentu-izendapenerako proposamenarekin eta «erdi mailako» babes-proposamen/-mailarekin.
Egoera akustikoari dagokionez, eta Bilboko zarataren mapa estrategikoan oinarrituta, egunez, jarduketa-eremuan 65-70 dB-koa da, eta gauez, berriz, 60-65 dB artekoa; beraz, gainditu egiten dira kalitate akustikoko helburu (KAH) aplikagarriak. Proiektua Bilboko BABEren barruan garatzen da. Nolanahi ere, aurkeztutako dokumentazioak aurreikusten du tranbiaren etorkizuneko eraikuntza-proiektuan eragin akustikoari eta bibrazioei buruzko azterketa bat sartzea.
Bestalde, tranbiaren trazadurak uholde-arriskuko eremuak zeharkatzen ditu: Olabeaga auzoan, tarteren batean 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua dago, eta Nerbioi itsasadarra zeharkatzeko tokitik aurrera, 100 urteko errepikatze-denborako eta Bilbo-Erandio UHAEko (ES017-BIZ-IBA-01) uholde-arriskuko eremuak zeharkatzen ditu, zeinak ibai/itsas jatorrikoak baitira. Zorrotzaurre uhartean, trazaduraren tarte batzuk Ibaizabaleko Unitate Hidrologikoaren lehentasunezko fluxu-eremuan daude (CPR2013). Horri dagokionez, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Zorrotzaurre uhartearen urbanizazioa lurralde-plangintzaren esparruan egindako azterketa hidraulikoen arabera egingo da, kontuan hartuta etorkizuneko urbanizazioak errespetatu egin behar dituela 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuaren kotak.
Bestalde, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako kokapenak ere zeharkatzen ditu trazadurak. Ildo horretan, aurkeztutako dokumentazioan adierazten denez, tranbiaren trazadura egin aurretik, inbentariatutako lurrei dagozkien lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenak lortzea aurreikusten da; nolanahi ere, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa beteko da.
Beste arrisku batzuei dagokienez, ez da identifikatu sismikotasunaren, SEVESO establezimenduen hurbiltasunaren edo akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasun handia edo oso handia duten eremuak egotearen ondoriozko arriskurik; aldiz, arriskua (eta handia, gainera) salgai arriskutsuen tren-garraioan datza. Ingurumen-dokumentuaren arabera, istripu larrien edo hondamendien aurrean proiektatutako jarduketaren urrakortasuna oso txikia da.
3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.
Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik nabarmenenak obrak egiteko fasean sortuko dira. Eraginak, nagusiki, honako hauek eragingo dituzte: lur-mugimenduek (gutxi izango direla aurreikusten da); tranbiaren plataforma eta horri lotutako nasak zein azpiegitura eraikitzeak; trazadura berriaren inguruan urbanizazioa egokitzeak; itsasadarraren gaineko zubia eraikitzeak; obretako eremu osagarriak okupatzeak eta makinak mugitzeak. Horren ondorioz, lurzoruetan, kalitate atmosferikoan, egoera akustikoan, paisaian, industria-ondarean, hondakinak sortzean eta ustekabeko isurketen ondorioz urak eta lurzoruak kutsatzeko arriskuan eragin ditzakeen inpaktuak sortuko dira. Jarduketak hirigunean egingo dira, eta ez da aurreikusten eraginik izango denik honako hauetan: geologian, geomorfologian, nekazaritzarako gaitasunean, hidrogeologian, faunarentzat interesgarriak diren eremuetan edo intereseko landaredian. Zubia eraikitzeak itsasadarraren gainean izango duen eraginari dagokionez, aurkeztutako dokumentazioak adierazten du (aurreikusitako eraikuntza-prozesua dela eta) ez dela ibai-morfologian eraginik izatea espero.
Tranbiaren trazadura tokiko intereseko kultura-ondasunei edo Zorrotzaurre uhartean monumentu izendatzeko proposatutakoei eragiteari dagokionez, kontuan izan beharko dira honakoak: alde batetik, tranbiaren trazadurak errespetatu egin beharko ditu kultura balioko industria-elementuak, baldin eta horiek kentzea ez bada ezinbestekoa tranbia jartzeko; eta, bestetik, trazadura modu osagarrian edo uhartearen urbanizazioa gauzatu osteko faseetan egingo da. Nolanahi ere, trazadurak ukitzen dituen elementuak ez daude kultura-ondasun izendatuta.
Bestalde, proiektuak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako kokalekuak ukitzeari dagokionez, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da.
Bestalde, eta proiektatutako ekintzek eremuaren uholde-arriskuan izango duten eraginari dagokionez, une honetan eskura dagoen proiektuaren informazioarekin (informazio-azterketa) ezin da aztertu aurreikusitako jarduketen ondorioz uholde-arriskua zer-nola aldatuko den, ezta aldatuko denik ere. Ildo horretan, Uraren Euskal Agentziak 2023ko urriaren 13an egindako txostenak adierazten duenez, proiektuan aurreikusitako jarduketak baimentzeko fasean beranduenez, azterketa hidrauliko xehe bat aurkeztu beharko da, zeinak aurreikusitako jarduketen ondorioz uholde-arriskuan izandako aldaketak aztertuko dituena. Azterketa hori Kantauri Ekialdeko plan hidrologikoaren indarreko araudiaren 10. gehigarrian zehaztutako irizpide teknikoetan oinarrituta egingo da, eta Uraren Euskal Agentziak baliozkotu egin beharko du.
Itsasadarra zeharkatzeko azpiegiturari dagokionez (ILJP), trazadura Ingurumen Ministerioko Kosten Zuzendaritza Nagusiak Zorrotzaurreko Plan Bereziaren esparruan egindako oharren araberakoa izango da (2007-03-02ko txostena). Tranbiaren trazadura plan horren antolamenduaren arabera definitzen da, eta Kosten eta Itsasoaren Zuzendaritza Nagusiko Kosten Mugapearen 2023ko urriaren 11ko txostenean adierazitakoa beteko da.
Azkenik, proiektuaren eragin akustikoari dagokionez, aurkeztutako dokumentazioan ez dago inpaktu akustikoari buruzko azterketarik, baina adierazten du eraikuntza-proiektuak inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat barne hartuko duela obren faserako, eta inpaktu akustikoari eta bibrazioei buruzko azterketa bat ustiapen-faserako. Ingurumen-dokumentuan aurreikusten da gatazka akustikoa egon daitekeela obren fasean eta haren bizitza baliagarriaren ostean azpiegitura eraisteko fasean.
Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak eragin negatibo nabarmenik izango duenik ingurunearen aipatutako alderdietan.
Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta tranbia Bilbotik Zorrotzaurrera luzatzeari buruzko informazio-azterketan ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.
Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuari buruzko txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.
Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.
Honako apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.
Kultura-ondarea babestera bideratutako neurriak:
Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak xedatutakoa eta foru-organo eskudunak zehazten duena galarazi gabe, dokumentuan aurreikusitako babes- eta zuzenketa-neurriak aplikatu beharko dira.
Gainera, kontuan hartuko dira Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak adierazitako prebentzio-neurri hauek:
– Balio kulturala duten elementu industrialei eragiten dieten eraispenak tranbia igarotzeko behar diren gutxienekoetara mugatuko dira, eta honako zehaztapen hauek beteko dituzte:
• Industrias Bilbaínas Relax SAren eraikin nagusia mantentzea (1528. fitxa); tranbiaren trazadurak ez dio eragiten.
• Construcciones Electromecánicas Consonni eraikuntza-multzoko elementuak mantentzea (1525. fitxa); tranbiaren trazadurak ez dio eragiten.
– Gomendatzen da Oxicorteren jatorrizko eraikinaren hormarteren baten lagin adierazgarri bat uztea (453-1 fitxa) industriagune horren elementu esanguratsu gisa, tranbia-bideak eragiten ez die eta. Enpresa hori osatzen zuen eraikuntza-multzoko gainerako eraikinak eraitsi egin dituzte.
– Deustuko Erriberako 3. eta 25. zenbakietako ontziralekuak (1601. eta 1631. fitxak) mantendu egin beharko dira, eta tranbiaren trazadurak ez die eragingo.
– Tranbiaren trazaduraren inguruan kokatzen diren balio kulturaleko gainerako elementu industrialen kasuan, horietan egingo diren esku-hartzeak honako hauek izatea gomendatzen da: sendotzea eta/edo kontserbatzea eta apaintzea (EKOZen tokiko babes-proposamena duten higiezinentzat); eta zaharberritze kontserbatzailea (babes ertaineko proposamena dutenentzat), Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko 317/2002 Dekretuan jasotako «Birgaitzeko esku-hartzeak» izeneko 1. eranskinean definituta dauden bezala.
– Mantendu behar ez diren elementu industrialei dagokienez, azterketa historiko-arkitektoniko osoa egitea eta material grafikoarekin dokumentatzea komeni da; mantentzen direnei dagokienez, udal-katalogoan sartzea gomendatzen da.
Obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat aurkituz gero, Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Nagusiari jakinaraziko zaio berehala, eta hark erabakiko du ze neurri hartu behar diren.
Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria izango dela bermatzera zuzendutako neurriak.
Tranbiaren trazadurak ukitzen dituen eta lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako kokalekuei dagokionez, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da.
Halaber, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten leku gehiago aurkitzen badira obrak gauzatzean, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa bete beharko da.
Natura-ondarea babestera zuzendutako neurriak:
– Obrak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako operazio osagarrien multzoa garatzeko, proiektua gauzatzeko ezinbesteko den gutxieneko eremua baino ez da erabiliko, betiere ezarritako gehieneko mugen barruan. Obren mugaren zuinketa egingo da, eta saihestu egingo da obrako makinak eta ibilgailuak aurreikusitako mugetatik kanpo ibiltzea.
– Obra-eremuaren mugaketa zehatza, eremu horretarako sarbideak, makina-parkea, obrako materialak behin-behinean biltegiratzeko eremua, eta hondeaketa-lurrak eta hondakinak behin-behinean biltzeko eremua eraikuntza-proiektuan zehaztu beharko dira, ingurumen-dokumentuan ezarritako baldintzak aintzat hartuta, eta betiere ingurumenari ahalik eta kalterik txikiena eginez.
– Kontratistak berak egokitu beharko ditu bere instalazio osagarriak, bertan gauzatuko diren jardueren ondoriozko ingurumen-inpaktuak minimizatzeko. Kontratistaren instalazio-eremuen mugaketa zehatza eta ezaugarriak kasuan-kasuan jarduten duen obra-zuzendaritzak onartu beharko ditu, ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren, ebazpen honetan aurrerago obrako ingurumen-aholkularitzarako ezarritakoaren arabera.
Uholde-arriskura bideratutako neurriak.
Egun, tranbiaren trazadurak 100 urteko errepikatze-denborako uholdeen ondorioz urpean gera daitezkeen eremuak zeharkatzen ditu eta, unean-unean, 500 urteko errepikatze-denborako eremuak ere bai Olabeaga auzoan. Bilboko itsasadarrean uholde-arriskuak saihesteko egin diren azterketa hidraulikoen arabera, eta Zorrotzaurre uhartearen lurralde-plangintzaren eta lehengoratzearen esparruan, Deustuko ubidea irekitzeaz gain, zenbait irizpide ezarri dira bermatzeko Zorrotzaurreko urbanizazio berriak ez duela uholde-arriskurik ekarriko. Irizpide horiei eutsi beharko zaie tranbiaren trazadura luzatzeko proposamenean.
Aurrekoa eta organo eskudunak aplikatzekoak diren prozeduren esparruan ezarritako baldintzak gorabehera, proiektuak bat etorri beharko du Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren (apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretua) 9. eta 14.bis artikuluetan xedatutakoarekin, bai eta urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuak onartutako 2022-2027 Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Espainiako aldeko Plan Hidrologikoaren xedapen arautzaileen I. eranskineko 43., 45. eta 46. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren E.2 apartatuko uholdeen aurkako babesari buruzko berariazko araudian xedatutakoarekin ere.
Bestalde, proiektuko ekintzek eremuaren uholde-arriskuaren gainean izan dezaketen eraginari dagokionez, aurretik adierazi den moduan, aurreikusitako jarduketak baimentzeko fasean beranduenez, azterketa hidrauliko xehe bat aurkeztuko da. Azterketa horrek aurreikusitako jarduketen ondorioz uholde-arriskua zer-nola aldatu den aztertuko du, eta, hala, arrisku hori ingurunean ez dela modu nabarmenean handituko bermatuko da. Edonola ere, ekintzek bat etorri beharko dute 2022-2027 Uholde Arriskua Kudeatzeko Planarekin.
Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.
– Eraikitze-fasean, ingurumen-dokumentuan zehaztutako babes-neurriak ezarri beharko dira, honako gai hauei dagokienez: obretako makinen mantentze orokorrari, zarata eta bibrazioak jatorrian murrizteari, makinen mugimenduak eragindako zarata gutxitzeari, zarata egunez bakarrik egin ahal izateari, obretan erabilitako tresnak egiten duten zarata kontrolatzeari, eta abar.
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
Bestalde, proiektua garatzean, obraren afektazio-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, hargatik eragotzi gabe dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoa. Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak izango direla uste denez, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 44. artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, aproposak diren zuzenketa-neurriak zehazteko.
– Trenbide-azpiegiturak neurriak hartu beharko ditu kasuan kasuko eremu akustikoen kanpo- eta barne-ingurumenera igaro ez dadin urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren 51. artikuluan ezarritako immisioko muga-balioak gainditzen dituen zaratarik.
Era berean, neurriak hartuko dira tranbiaren jardunak zuzenean nahiz zeharka sor dezakeen zaratak ez ditzan gainditu urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren 31. artikuluan eta hurrengoetan zarataren gainean ezarritako helburu akustikoak. Neurri horiek kalitate akustikoko helburuak mantentzeko behar diren arintze-mailak bermatu beharko dituzte. Horien diseinuak ezingo du paisaia-inpaktu gehigarria eragin ingurumenean. Esaterako, koloretako pantailak eta inguruarekiko egokiak diren materialak erabiltzea, horiek hartzen duten azalera minimizatzea eta abar.
– Aurreikusitako mugak gainditzen direla egiaztatuz gero, emisioak, hedapenak eta immisioak zuzentzeko sistema egokiak ezarri beharko dira, eremu bakoitzari dagokion erabileraren arabera, inpaktu horiek murrizte aldera, betiere.
Tren-azpiegiturak beharrezko neurriak hartuko ditu etxebizitza-, egoitza-, ospitale-, edota hezkuntza- nahiz kultura-eraikinen barrura ez helarazteko kalitate akustikoko helburuak gainditzea eragiten duen bibraziorik, betiere urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren 51. artikuluak ezarritakoaren arabera; horiek ebaluatzeko prozedura jasota dago aipatu urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren II. eranskineko 2 B) zatian. Beste neurri batzuen artean, makinek moteltze-sistema zehatzak izan beharko dituzte, eragina minimizatzeko.
– Urriaren 16ko 213/2012 Dekretuko 29.4 artikuluaren arabera, betearazpen-proiektuak mugatuta izan beharko du zortasun akustikoaren eremua, aipatu arauaren 28. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Urak eta lurzoruak babestera bideratutako neurriak.
Ezarri daitezkeen prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzak gorabehera, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:
– Eraikuntza-fasea drainatze-sarera ahalik eta jalkin xehe gutxien isuriz egin beharko da. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak.
Instalazio osagarrien eremuetara, obrako makineria-parkera eta bertako mantentze-eremuetara bideratutako gainazalak, era berean, drainatze-sare naturaletik isolatuko dira, eta zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistemak izango dituzte, lurzorua eta ura olio eta erregaiekin ez kutsatzeko. Eremu horietan, dekantazio-baltsak jarriko dira, bai eta solidoak atxikitzen eraginkortasun frogatua duten bestelako gailuak ere, hidrokarburoak bereizteko sistemak dituztenak, betiere. Gailu horien neurriak ezartzean, beharrezko diren kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta ondoen atxikitzeko, eta betiere bermatuko da isurketa horiek lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiaren araberakoak izango direla, uraren parametro fisiko eta kimikoei dagokienez. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin. Sistema horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak adierazi beharko dira ebazpen honetan aurrerago aipatutako lan-programetan.
– Itsasadarraren ibilguaren ertzetan ez da lurrik pilatuko, ez eta ur-laminatik gertu egoteagatik urak kutsatzeko arriskua dakarten beste eremu batzuetan ere. Instalazio kontratistaren 2. eta 4. eremuak Bilboko itsasadarraren ertzean daude; eremu horietan sedimentuak atxikitzeko hesiak jarriko dira ibaiertzaren inguruan (lasto-fardoak edo helburu bera lortzeko balio duten beste batzuk). Dekantatzen diren jalkinak aldian-aldian jasoko dira eta, haien kudeaketa ebazpen honetan aurrerago dauden apartatuetan hondakinak kudeatzeko aurreikusten den moduaren arabera egingo da.
– Hondakin-urak tratatzeko sistemak mantendu egin behar dira aldizka, tratamendu-sistemaren eraginkortasun hoberena bermatzeko eta une oro erabilera-gaitasun nahikoa daukatela ziurtatzeko.
– Obra- zein ustiapen-garaian sortzen diren efluente-isuriek (tailerretan, kotxetegietan) isurketarako baimenean organo eskudunak kasu bakoitzerako ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
– Gogorarazten da itsas-lehorreko jabari publikoa babesteko zortasun-eremuan egiten diren ekintzek Uraren Euskal Agentziaren nahitaezko baimena beharko dutela, eta Kosten eta Itsasoaren Zuzendaritza Nagusiaren baimena, berriz, itsas-lehorreko jabari publikoaren gainekoek edo jabari horri eragiten diotenek.
Atmosferako kutsadura prebenitzera bideratutako neurriak.
– Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat izango da, aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua aireratu daitekeen kasuetarako.
– Obra-eremuetako irteeretan ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, solidoak atxikitzeko sistema eta guzti. Elementu horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak adierazi beharko dira ebazpen honetan aurrerago aipatutako lan-programekin lotutako dokumentazioan.
– Indusketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.
Hondakinak kudeatzera bideratutako neurriak.
– Kontuan hartuko da abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 84.3 artikuluan erosketa publiko berdeari buruz xedatutakoa.
– Proiektuaren gauzatze- eta funtzionatze-faseetan zehar sortutako hondakinen kudeaketa Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean, eta arautegi zehatzetan xedatutakoaren arabera egingo da.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barnean dela. Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.
– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko, Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.
Aipatu ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat, eta I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.
Bestalde, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakin eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Ebazpen honetan aurrerago aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.
– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hain zuzen ere Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.
Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.
Edozein inguruabar dela medio hondeaketako soberakinak pilatzeko biltokiak egin behar izanez gero, betelana egiteko proiektu bat idatziko da, eta haren edukia otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari egokitu beharko zaio. Horretaz gain, proiektuan honako hauek jasoko dira: kontuan hartutako kokalekuetako bakoitzak ingurumenean duen eraginaren analisia, hautatutako irtenbidearen justifikazioa, aurreikusitako lehengoratze- eta kontrol-neurriak, eta dagokien aurrekontu xehatua.
Bestalde, obrak amaitzean proiektuaren sustatzaileak lurren mugimenduen balantze zehatza eta hondeaketaren soberakinen jarraipena helarazi beharko dizkio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, bai eta honako hau zehaztu ere: atera ziren lekuetan ez beste leku edo obra batzuetan eraikuntzara zuzendutako materialen kopuruak eta ezaugarriak. Horrez gain, erabilera horretarako baimenak aurkeztu beharko dira, hondakinen araudiaren arabera nahiz meatzeen araudiarekin bat etorrita.
– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izan beharko dute, beren tipologia dela eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egon beharko dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.
– Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia.
Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lanen arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
– Obrak egiteko fasean, kontratistaren instalazio-eremuetan, aldi batean hondakin arriskutsuak (olio-poteak, iragazkiak, bateriak eta abar) pilatzeko eremu espezifiko batzuk egokituko dira, estalpeko instalazio eta guzti. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, obrak hartzen duen lekuan zehar, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu iragazgaitzak jarriko dira (upelak eta abar), eta hondakin horiek ezaugarrien arabera bereiziko dira, aipatu garbigunean aldi baterako pilatu aurretik.
– Proiektua gauzatzeko, bide-zoruak eta egiturak eraitsi beharko dira, eta, zenbaitetan, hirigune zaharkituei eragin ahal izango diete. Eragina jasan dezaketen zenbait egituren antzinatasuna dela eta, bereziki Zorrotzaurre uhartean, egitura/eraikin horien ezaugarriei arreta berezia jarriko zaie, eta amiantoa duen hondakinik antzematen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak, amiantoak ingurumena ez kutsatzeko eta amiantoaren ondoriozko kutsadura txikitzekoak, ezartzen dituen eskakizunak bete beharko dira. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak amiantoarekin lan egitean segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira.
– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarrean dagoen legeriak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsi beharko dira txosten horretan.
Obrak integratzera eta lehengoratzera bideratutako zuzenketa-neurriak.
– Obrak ukitutako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-dokumentuan agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu badira. Lehengoratze horren arabera, urbanizatu gabeko aldeetan landarez estali daitezkeen eremu guztiak landareztatuko dira, eta hiri-aldeetan berriro jarriko dira lorategi-elementuak.
– Jarduketa-esparrua hiritarra denez, proiektuak landare-lurraren defizita aurreikusten du, eta, beraz, beharrezkoa izango da maileguak ematea. Landare-estalkia lehengoratzeko erabilitako lurren jatorria kontrolatu beharko da, eta Robinia pseudoacacia, Fallopia japonica, Cortaderia selloana, Buddleja davidii edo beste espezie inbaditzaile batzuen propaguluekin edo haziekin kutsatuta egon daitezkeen lurrak erabiltzea saihestu beharko da.
Landare-espezie exotiko inbaditzaileak detektatzeko eta bertan sartu eta hedatzea eragozteko kontrol-neurriak hartuko dira. Ildo horretan, obran erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak hedatzeko arriskurik ez izateko. Obrek dirauten bitartean espezie inbaditzailerik ikusten bada, ahal den guztietan, desagerrarazi egingo da jarduketa-eremuetatik.
– Obratik ateratako landare-lurra modu bereizian metatu eta zabalduko da, ondoko landareztatze-lanetan erabili ahal izateko, eragindako espazioak lehengoratzeko eta landareztatzeko lanak errazteko. Behar bezala biltegiratuko dira lurrak, eta ez dira trinkotuko, ez dira behar ez bezala pilatuko eta ez dira manipulatuko euria egiten duen egunetan. Gainera, pilatutako lurrak egoki mantenduko dira, eta, behar izanez gero, hidroereinketa erabiliko da.
– Ingurua lehengoratu ondorengo bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak landareberritu. Ereindako edo landatutako eremuak mantentzeko lanetan, ahalik eta herbizida eta pestizida gutxien erabiliko da, eta prozedura mekanikoei lehentasuna emango zaie. Herbizidak eta pestizidak ezinbestekoak izanez gero, iraunkortasun eta toxikotasun txikiena duten produktuak erabiliko dira.
– Proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko aurkeztutako dokumentazioak dioenaren arabera egingo da lehengoratzea.
Klima-aldaketaren ondorioak arintzera bideratutako neurriak.
Klima-aldaketara egokitzeko eta «uharte termikoaren efektua» gutxitzeko asmotan, espazio publikoaren gaineko esku-hartzea aprobetxatuz eta jarduketak ahalbidetzen badu, hiri-babesleku klimatiko gisa funtzionatzen duten itzalguneak sortu eta ingurunea naturalizatzeko prozesuak sustatuko dira. Horretarako, Ihobe SA Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak argitaratutako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» hartu ahal izango da erreferentzia gisa.
Garbiketa eta obren akabera.
Behin obra amaituta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, proiektuaren eraginpean egon den esparru osoan obra-hondakinik ez uzteko. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honen aurreko apartatuetan hondakinak kudeatzeko xedatzen dena aplikatuko da.
Ingurumen-aholkularitza.
Obrak amaitu bitartean eta berme-aldiak dirauen bitartean, ingurumen-gaietan eta babes- eta zuzenketa-neurrietan ondo jantzitako aholkularitza izan beharko du obra-zuzendaritzak, ebazpen honetan eta ingurumen-dokumentuan zehaztutakoaren arabera.
Obra-zuzendaritzaren ebazpenek, baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioei dagokienez, aholkularitza horrek egindako aldez aurreko txostena izan beharko dute. Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, hondakinak kudeatzea eta kultura-ondarea babestea.
Jarduera uztea.
Ustiategia uzten den garaian aplika daitekeen berariazko araudia betetzeaz gain, instalazioak desmuntatzeko lanetarako babes- eta zuzenketa-neurri batzuk aplikatuz egingo dira, eraikitze-lanetarako ezarri zirenen antzeko neurriak, hain zuzen, batez ere hondakinen kudeaketari dagokionez. Eraispen-prozesuan okupatutako azalera guztiak lehengoratu beharko dira.
Ingurumenaren jarraipena.
Ingurumenaren jarraipena egiteko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa bete beharko da; horretaz gain, honako kontrol hauek egin beharko dira:
Gorabeheren erregistroa.
Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Proiektua exekutatzean aldaketa puntualak egin badira, xehetasunez dokumentatu beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu beharko dira aipatutako aldaketak. Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txostena egin beharko da, indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsita.
Obraren okupazio-mugen kontrola.
Gauzatutako okupazioa proiektuan aurreikusia denarekin bat datorrela egiaztatuko da, obrek eragina aurreikusitako azaleran soilik izan dutela, eta babes-zedarriak egoera onean daudela.
Lurzoruen eta uren kalitate-kontrola.
Oro har, lanean irekitako zuloetatik ingurumen urtarrera isurketak egin daitezkeen lekuetan, urak isuri aurretik ur horiek bideratu, drainatu eta eusteko gailuak ondo dabiltzala egiaztatuko da, astean behin.
Egiaztatzea substantzia toxikoak ustekabean isurtzearen ondorioz lurzorua kutsatu den (olioak eta hidrokarburoak bereziki).
Garaje eta tailerretatik datozen hondakin-urak kontrolatzea.
Zarata eta bibrazioak kontrolatzea.
Zarata eta bibrazioak kontrolatzea obrak egiteko faseetan eta funtzionamenduan. EAEko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako prozedurak erabiliz diseinatu eta gauzatuko dira kontrol horiek.
Airearen kalitatea kontrolatzea.
Obrak egiteko fasean, lur-mugimenduak, materialen zamalanak eta makina astunak erabiltzearen ondorioz sortzen den hauts esekia dela eta airearen kalitatea egiaztatzeko kontrolak egingo dira, legez ezarritako kalitate-helburuak ez direla gainditzen egiaztatzeko.
Kultura-ondarea kontrolatzea.
Balio kulturala duten elementu industrialetan izan dezakeen eragina egiaztatzea.
Lehengoratzearen arrakasta kontrolatzea.
Berme-aldian, aldian behin aztertuko da zenbaterainoko arrakasta izan duen proiektuaren eraginpeko gainazalak lehengoratzeko lanak.
Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio negatibo nabarmenik izango duenik ingurumenean. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak sustatutako Bilbotik Zorrotzaurrera doan tranbiaren luzapenari buruzko informazio-azterketari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.
Laugarrena.– Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan eta egun bereko 21/2021 Legearen II.E eranskinaren 4. puntuan adierazitakoaren arabera, dagoeneko baimenduta, onartuta, gauzatuta edo gauzatze-prozesuan dagoen proiektu baten edozein aldaketa, baldin eta ingurumenean eragin nabarmenak izan baditzake, aipatu araudian jasotzen den bezala, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren mende egongo da.
Bosgarrena.– Ebazpen honen berri ematea Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari eta Bilboko Udalari.
Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Zazpigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 17a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.