Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

243. zk., 2023ko abenduaren 22a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5689

EBAZPENA, 2023ko irailaren 11koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzen baita eta ingurumen-baimen bateratua ematen baita Merlín Logística SLUk Ribabellosa udal-mugarteko (Erriberabeitia, Araba) Arasur plataforma logistikoko 6. superuharteko 3. eraikinean sustatutako datuak prozesatzeko instalaziorako.

AURREKARIAK

2023ko maiatzaren 16an, Merlín Logística SLUk ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin ondoren ingurumen-baimen bateratua emateko eskabidea osatu zuen, Ribabellosa udal-mugarteko (Erriberabeitia) Arasur plataforma logistikoko 6. superuharteko 3. eraikinean datuak prozesatzeko instalazio bat ezartzeko proiekturako, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren Legearen testu bateginean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, honako dokumentazio tekniko hau aurkeztu zuen:

– Proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa, ingurumen-baimen bateraturako eta ingurumen-inpaktuaren adierazpenerako.

– Laburpen ez-teknikoa.

– Hirigintza-bateragarritasunari buruzko txostenaren eskaera.

Aurkeztutako agiriak nahikoak zirela egiaztatu ondoren, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2023ko maiatzaren 9ko Iragarkiaren bidez erabaki zen Merlín Logística SLUk sustatutako proiektua jendaurrean jartzea 30 egun balioduneko epean, egoki irizten ziren alegazioak aurkezteko. Horretarako, proiektua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Arabako Aldizkari Ofizialean eta Eusko Jaurlaritzaren Iragarki Taula Elektronikoan argitaratu zen, 2023ko maiatzaren 26an.

Behin jendaurreko informazioaren izapidea amaitu ondoren, alegaziorik ez zegoela egiaztatu zen.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen testu bategineko 37., 38. eta 39. artikuluetan xedatutakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien, 2023ko maiatzaren 22, 23 eta 31n, honako hauei: Ribabellosako Udalari (Erriberabeitia); URA-Uraren Euskal Agentziari; Ebroko Konfederazio Hidrografikoari; Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kiroletako Departamentuari eta Ingurumen Departamentuari; Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, IHOBEri, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Natura Ondarearen Zuzendaritzari; Arabako Ekologistak Martxan elkarteari; Natura Defendatzeko eta Aztertzeko Arabako Elkarteari (Gaden), eta Eguzkizaleak elkarteari.

2023ko ekainaren 16an eta 19an, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eskatutako txostenak, lehen aipatutakoak, jaso ziren.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikulua aplikatuz, 2023ko abuztuaren 21ean, organo substantiboak aldez aurreko izapideetan jasotako txostenak igorri zituen, proiektuaren eta ingurumen-inpaktuaren azterketaren bertsio berriak idaztean, hala bazegokion, kontuan izateko.

2023ko abuztuaren 25ean, sustatzaileak idazki bat bidali zuen. Bertan adierazi zuenez, ez zen beharrezkoa aurkeztutako proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa aldatzea, baina jasotako txostenetan bildutako zenbait ohar kontuan hartuko ziren.

2023ko abuztuaren 25ean, Merlín Logística SLUk Ribabellosako Udalaren (Erriberabeitia) hirigintza-bateragarritasunaren txostena igorri zuen, 2022ko uztailaren 5ekoa.

2023ko irailaren 5ean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 40. artikuluan xedatutakoa betez, Merlín Logística SLUren esku utzi zen espediente osoa, espedientean jasotako emaitzarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, legearen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko, kontserbatzeko eta hobetzeko arau-esparrua xedatzea.

Legeak ingurumenean eragina duten jardueren antolamendua arautzen du, ingurumena babesteko araudi sektorialean ezarritako prozedura administratiboak sinplifikatzeko eta bateratzeko premisapean. Hala, bertan xedatzen diren baldintzak eta eskakizunak jasotzen ditu, eta jardueren garapenerako oztopo juridiko eta administratiboak desagerrarazten ditu.

Halaber, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da airearen, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea, edo, besterik ezin bada, hura murriztea eta kontrolatzea, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integraturako sistema bat ezarriz, ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babesteko.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 1. eranskinean jasota dauden jarduerak garatzen dira instalazioan; horietaz gainera, baimen honek barnean hartzen ditu aipatutako legearen aplikazio-eremuan sartzea ekarri zuten instalazioaren kokapenean garatzen diren jarduera guztiak, baita, eranskin horietan jasota ez egonik, jarduera horrekin lotura teknikoa dutenak eta sor daitezkeen emisioen eta kutsaduraren gainean ondorioak izan ditzaketenak ere.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen 9. artikuluak xedatzen duena betez, ingurumen-baimen bateratua behar da 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozein garatzen duten instalazioak ustiatzeko.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutakoaren arabera, Merlín Logística SLUk Ribabellosan (Erriberabeitia) sustatutako datuak prozesatzeko proiektua I. eranskinean jasota daudenetako bat da; beraz, ingurumen-baimen bateratua behar du, jardunean hasiko bada.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 11. artikuluan xedatuta dagoenaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua da lege hau aplikatu behar duten instalazioei lege honen xedea betearazteko beharrezkoak diren baldintzak ezartzea, baimena ematerakoan esku hartu behar duten administrazio publiko guztien koordinazioa bermatzen duen prozedura baten bitartez, izapideak bizkortzeko eta partikularren zama administratiboak arintzeko, eta administrazioaren esku-hartze bakar batean batzea indarrean dagoen legerian jasotako ingurumen-baimen guztiak.

Aipatutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 29. artikuluan xedatuaren arabera, ingurumen-baimen bateratua emateko prozedurak lehentasuna izango du administrazio eskudunek jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak egiten dituzten herritarren jardueran esku hartzeko ezar dezaketen beste edozein bideren gainetik. Ondorio horietarako, ingurumen-baimen bateratua toki-agintarientzat loteslea izango da baldin eta jarduerak egitea ukatzeko bada edota neurri zuzentzaileak ezartzeko, baita 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdiei buruzko guztian ere.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 31. artikuluan xedatzen denari jarraikiz, baimen hori, nolanahi ere, instalazioak eraiki, muntatu edo lekualdatu baino lehen eskuratu beharko da, eta instalazioetan egingo diren aldaketetara egokituko da.

Ingurumen-baimen bateratuaren bitartez, egintza bakarrean eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak aurretiaz emandako prozedura administratibo bakarrean bateratuko dira hondakinak ekoizteko eta kudeatzeko baimenak, kolektorera, jabari publiko hidraulikora eta itsasoko eta lehorreko jabari publikora eginiko isurien baimenak eta atmosferara eginiko emisioen baimenak, eta dagozkien isurpen eta emisioen mugako balioak ezarriko dira, eskura dauden teknologia onenetan oinarrituta.

Merlín Logística SLUren kasuan, ingurumen-izaerako beste zehaztapen batzuen artean, baimen hauek guztiak behar ditu: hondakinak sortzeko, emisio atmosferikoak egiteko eta berotegi-efektuko gasen emisioak egitekoak. Aginduzko txostenetan adierazi beharko du espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek parte hartu dutela.

Halaber, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 11.4 artikuluan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 14. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, autonomia-erkidegoek behar diren neurriak hartuko dituzte honako jarduketa hauek ingurumen-baimen bateratua emateko eta aldatzeko prozeduran sartzeko: ingurumen-inpaktua ebaluatzeko jarduketak, edo ingurumen-ebaluazioko beste figura batzuk, autonomia-erkidegoko araudian aurreikusiak, halakorik eska daitekeenean eta horretarako eskumena autonomia-erkidegoarena denean.

Era berean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 43. artikuluko 4. puntuaren arabera, ingurumen-baimen integratua eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta behar dituen jarduerak ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren berezko alderdiak jasoko ditu. Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78. artikuluan adierazten denez, ingurumen-inpaktuaren adierazpenak prozeduraren mugarri nagusien laburpena jasoko du, eta zehaztuko du, ingurumen-efektuei begira, proiektua egitea bidezkoa den ala ez, eta, hala badagokio, zer baldintzatan gara daitekeen. Besteak beste, hartu beharreko babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak eta jarraipena egiteko neurriak jasoko ditu.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.1 artikuluan ezarritakoa betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egingo zaie II.D eranskineko D.3 multzoko 3.b apartatuan («Zentral termikoak eta beste errekuntza-instalazio batzuk, 50 MW-ko edo gehiagoko potentzia termikoa dutenak») aipatzen den ingurumen-ebaluazioaren esparruan dauden proiektuei.

Era berean, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 23.a artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari dagokionean, eta jarduera ingurumen-baimen bateratuaren erregimenaren eraginpean dagoenean, ingurumen-baimen bateratuaren prozedura eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bateratu egingo dira. Gainera, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren edukia ingurumen-baimen bateratuaren parte izango da, eta bi erabakiak administrazio-egintza berean emango dira.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginean adierazitakoari jarraikiz, ingurumen-organoak neurriak hartu ditu ingurumen-inpaktua ebaluatzeko jarduerak ingurumen-baimen bateratuaren prozeduran txertatzeko. Alde horretatik, aipatutako prozedura horren izapideetan, proiektuak ingurumenean izan ditzakeen eragin guztiak batera bildurik hartu dira kontuan, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araudiaren ikuspegitik, eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginean jasotako ingurumen-preskripzioen ikuspegitik zehaztearren proiektuaren bideragarritasuna zenbaterainokoa den. Bateratze hori ikus daiteke, halaber, ingurumen-baimen bateratua emateko ebazpen-proposamenaren aurreko proiektuaren balioespen orokorrean. Ebazpen honetan ere sartuta dago ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aipatutako prozesuaren emaitza. Horretarako, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten du lehenengo apartatuan, aldeko irizpenarekin, eta aukeratutako kokapenean proiektua bideragarria dela adierazten du, ingurumen-ondorioei soilik erreparatuta; proiektua zer baldintzatan gauzatu behar den ere ezartzen du, eta baldintza horiek koherenteak dira abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina aplikatuz proiektuari ezarriko zaizkion neurri zuzentzaileekin.

Azkenik, instalazioan jatorria izan lezaketen substantzia kutsagarrien emisioen muga-balioak zehazteko, bai eta instalazioaren beste ustiapen-baldintza batzuk ere, betiere ingurumena bere osoan ahalik eta gehien babesteko, ebazpen hau egitean kontuan izan dira teknika erabilgarri onenak, eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak.

Azaldu dugun guztia aintzat hartuta, espedientean jaso den informazioa aztertutakoan ebazpen-proposamena egin zen, eta bertan jaso ziren Merlín Logística SLUk sustatutako proiektuari aplikatu beharreko baldintzak.

Goian adierazitako izapideak aipatu dugunaren arabera amaituta, entzunaldi-izapidea bete da, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren uztailaren 1eko 10/2021 Legearen 40. artikuluan jasotzen denari jarraikiz.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: Sailburuordetza honen 2023ko irailaren 5eko Ebazpen-proposamena; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Aldeko adierazpena egitea ingurumen-inpaktuaz, Merlín Logística SLUk Ribabellosa udal-mugarteko (Erriberabeitia) Arasur plataforma logistikoko 6. superuharteko 3. eraikinean sustatutako datuak prozesatzeko instalazioaren proiekturako, ebazpen honen hirugarren, bosgarren eta seigarren apartatuetan ezarritako baldintzetan.

Bigarrena.– Ingurumen-baimen bateratua ematea Merlín Logística SLUri (egoitza soziala: Paseo de la Castellana 257, 3. solairua, Madril; IFK: B-87046314), Ribabellosa udal-mugarteko (Erriberabeitia) Arasur plataforma logistikoko 6. superuharteko 3. eraikinean sustatu duen datuak prozesatzeko instalazioaren proiekturako, ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzetan.

Hirugarrena.– Ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak eta betekizunak ezartzea Merlín Logística SLUk Ribabellosa udal-mugartean (Erriberabeitia, Araba) sustatu duen datuak prozesatzeko instalazioa egokitzeko obretarako, ustiapenerako eta jardunari uzteko.

Laugarrena.– Merlín Logística SLUk Arasur plataforma logistikoko 6. superuharteko 3. eraikinean sustatutako datuak prozesatzeko instalazioari 16-I-01-000000000453 erregistro-kodea eta 0100039859 IIZ ematea. Instalazioaren kokapena honako hau da: UTM (ETRS89) 30N, X: 507.422, Y: 4.727.302.

Bosgarrena.– Ingurumen-baimen bateratua jaso duen jarduera hasteko epea lau urtekoa da.

Seigarrena.– Merlín Logística SLUri eskatzea honako alderdi hauei erantzun diezaiela, jarraian zehaztutako epeetan:

Instalazioaren eraikuntza amaituta, instalazioak martxan jartzeko gaituta daudenean, lizentziak, baimenak, jakinarazpenak edo inskripzioak eginda dagozkion erregistro sektorialetan, eta jarduera hasi aurretik:

– Organo honi zein Udalari aurkeztu beharko dio titularraren erantzukizunpeko adierazpen bat; alegia, instalazioa onartutako proiektura egokitzen dela eta ezarri zaizkion baldintzak betetzeko konpromisoa duela jasotzen duen adierazpen bat.

– Teknikari eskudun batek sinatutako ziurtagiria, baimenaren helburu den jarduketa motaren arabera, egiaztatuko duena instalazioak onartutako proiektura egokitzen direla eta bete direla ingurumen-baimen bateratuan ezarritako baldintzak.

– «As built» proiektua; emisio atmosferikoen fokuen datuak (altuera, diametroa eta koordenatuak) eta uretara isurtzeko puntuen koordenatuak sartu beharko dira.

– Ingurumen-arriskuen analisia eta, hala badagokio, ingurumen-erantzukizunari buruzko araudiko finantza-bermea eratu izanaren egiaztagiria.

– Lurzoruaren egoerari buruzko txostena, «as built» proiektuan oinarrituta.

– Oinarri-txostena.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatea kontrolatzeko puntuen kokapen-proposamena.

– Autobabeserako plana.

– Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina.

– Instalazioko ebaluazio akustikoaren txostena, ezarritako zaraten muga-balioak betetzen direla egiaztatzen duena.

Dokumentazio hori aurkeztutakoan, jarduketa martxan jarri ahal izango da. Nolanahi ere, administrazio publikoek beren eskumenen arloetan egiaztapen-, kontrol- eta ikuskapen-gaitasunak baliatu ahal izango dituzte.

Jakinarazpenak jasotako edo harekin batera aurkeztutako datuak, adierazpenak edo dokumentuak zehatzak ez badira, faltsututa badaude edo funtsezko zerbait agertzen ez bada, edo horrelakorik aurkezten ez bada, ezin izango da jarduketa egiten jarraitu gertakari horien berri izaten den unetik, kasu horretan egon litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboei kalterik egin gabe.

Jarduera hasi eta 6 hilabeteko epean:

– Sortutako hondakin arriskugabeen eta arriskutsuen kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratuak.

– Emisio atmosferikoen fokuei buruzko IKEren txostena.

Zazpigarrena.– Instalazioetan edozer aldaketa egiteko, eskaera egin beharko da, edo horren berri eman beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-informazioko sisteman, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 30. eta 45. artikuluen ondoreetarako (funtsezko aldaketak), artikulu horietan kasuan-kasuan eskatzen den informazioa adierazita.

Sustatzaileak aldaketa bat funtsezkoa ez dela justifikatzeko agirien kasuan, ingurumen-organoak eskatutako aldaketa aztertu eta kalifikatuko du, funtsezkoa dela edo ez ebazteko.

Halaber, proiektua aldatzen den kasuetan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c) eta 7.2.c) artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, bat etorriz Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin.

Zortzigarrena.– Administrazioarekiko harremanez arduratzen den goi-mailako tituludunaren inguruan emandako datuetan aldaketarik badago, Merlín Logística SLUk horren berri emango dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari.

Bederatzigarrena.– Ingurumen-baimen bateratuaren indarraldia mugagabea da, baina Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak aldian-aldian berrikusiko du, ingurumen-baimenen aurrerapen-klausulari jarraikiz.

Ingurumen-baimen bateratuaren berrikuspena ofizioz egingo da kasu hauetan:

a) Instalazioak sortutako kutsadura dela-eta, finkatutako emisioen muga-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.

b) Emisioak nabarmen murriztu badaitezke, teknika erabilgarri onenetan aldaketa handiak egiteko gehiegizko kostuak ezarri gabe.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta beste teknika batzuk erabili behar badira.

d) Teknika erabilgarri onenak erabiliz lor litezkeenak baino baldintza osagarri zorrotzagoak aplikatu behar badira ingurumen-kalitateko arauak betetzeko.

e) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen bada.

f) Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra ikusten bada, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.

g) Ingurumena Zaintzeko Programan jasotako emaitzen edo bestelako oharpenen arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzaileak nahikoak ez direla egiaztatzen bada.

h) Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 44. artikuluko 1. apartatuan ezarritakoari jarraikiz egindako azterketaren arabera aldaketa beharrezkoa bada.

Ingurumen-baimen bateratua berrikusteak ez du kalte-ordainerako eskubiderik ekarriko, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 44.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamargarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 28.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Merlín Logística SLUk ebazpen honen xede den datuak prozesatzeko jardueran gerta litekeen titulartasun-aldaketa oro jakinarazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek onar dezan.

Hamaikagarrena.– Honakoek eragingo dute baimen hau iraungitzea:

– Ebazpen honen seigarren apartatuan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen ez badu epearen barruan, baldin eta interesdunak ez badu behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.

– Lau urteko epean ez bada abiarazten ebazpen honen bosgarren apartatuan arabera baimentzen den jarduera, non eta interesdunak ez duen behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.

Hamabigarrena.– Ingurumen-baimen bateratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun gisa tipifikatuta dago Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 106. artikuluari jarraituz, eta lege horren 108. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Hamahirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Merlín Logística SLUri, Ribabellosako Udalari (Erriberabeitia), ingurumen-baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei eta gainerako interesdunei.

Hamalaugarrena.– Ingurumen-baimen bateratu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Hamabosgarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 11.

Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

AITOR ALDASORO ITURBE.

ERANSKINA, USTIAPENERAKO ETA JARDUTEARI UZTEKO BALDINTZA PARTIKULARRENA
JARDUERA-BALDINTZA PARTIKULARRAK ATALA
JARDUERAREN DESKRIBAPENA

Jarduera jasota dago Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 I.A eranskineko 1.1.a kategorian eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren I. eranskineko kategoria honetan:

«1.– Errekuntza-instalazioak.

1.1.– 50 MW-ko potentzia edo potentzia termiko nominal handiagoa duten errekuntza- instalazioak:

a) Erregimen arruntean edo erregimen berezian energia elektrikoa ekoizten duten instalazioak, horietan erregai fosilak, hondakinak edo biomasa erretzen badituzte».

Merlín Logística SLUren instalazioetan datuak prozesatzeko zentro bati dagozkion jarduerak garatutako dira.

Prozesu nagusiak honako hauek dira:

Datu-gelak: Hainbat datu-gelatan, informazioa gordetzeko zerbitzariak egongo dira, etengabe martxan.

Hozte-sistema lehorra: Sistema mekaniko kritikoa ur hotzeko sistema bat da, glikol/urezkoa, eta bai datu-gela, bai espazio kritikoak hozteko ahalmena du. Sistema modularki ezartzeko diseinatuta dagoenez, hozteko gailu eta ponpa-gela gutxi batzuk baino ez dira behar. Hozte-sistemak hozgarria eta haizagailuak erabiltzen ditu berotzea saihesteko, baina ez du urik erabiltzen (hau da, ez dago lurruntze bidezko hozterik). Hozte-sistema urtearen zati handi batean hozte libre moduan erabiltzeko diseinatuta dago instalazioa. Hozte-sistema kritikoaren barruan, hozteko gailuak, ponpak, hodiak, balbulak eta kontrolak sartzen dira.

Ur hotzeko sistema datu-gelako airea hozten duten aireztapen bidezko hozte-unitateen sistema bati konektatuta dago. Aireztapen bidezko hozte-unitateak neurrira diseinatuta daude, efizientzia, erredundantzia eta kontrol handia lortzeko. Horietako bakoitza datu-gelen ondoko korridore batean dago, ur/glikol ihesik ez izatea bermatzeko.

Larrialdiko energia-sorkuntza: Diseinatutako proiektuan, 11 larrialdiko energia-sorgailu instalatzea aurreikusten da. Sorgailu bakoitza 7,9 MWt inguruko potentzia termiko nominala duten gasoliozko motorrez osatuta dago. Beraz, instalazioaren potentzia termiko osoa 86,9 MWt ingurukoa da.

Eraikina 3 solairukoa da (BS + 2), 23.566 m2-ko azalera eraikia du, eta honela banatuta dago:

– Beheko solairua: instalazio elektriko kritikoen eremua (transformadoreak, UPS, bateriak eta koadro elektrikoak) eta datuak prozesatzeko eremua.

– Lehen eta bigarren solairuak: datuak prozesatzeko eremuak.

– Estalkia: hozteko gailuak, ponpatzeko ekipoak eta hozteko ekipoen transformadoreak.

– Alboko eremua: beheko solairuan erabilera logistiko eta industrialerako; goiko solairuetan erabilera administratiborako.

– Beheko solairua:

– logistikako eta biltegiratzeko eremua,

– kontrol-zentroaren eremua eta,

– kritikoak ez diren instalazioen areto teknikoak: suteen aurkako babeserako ponpa-gela, gela elektrikoak eta mekanikoak.

– Lehen eta bigarren solairuak: administrazioko eremuak.

– Alboko erantsia, honako ekipo hauek gordetzeko:

– transformadore nagusia, 30/15 kV-koa,

– koadro elektrikoak eta,

– larrialdiko sorgailuak.

Datu Zentroak (3. eraikina) 31.000 kW inguruko potentzia instalatua izango du guztira.

Ez da ur-isurketarik egingo, ez baita prozesuko hondakin-urik sortuko. Hozte-sistema lehorrekoa denez, lurrazaleko jariatze-urak eta komunetako ur sanitarioak baino ez dira egongo.

Instalazioetan kontsumituko den ura prozesu ez-kritikoetarako izango da, eta udal-sare publikotik etorriko da.

Emisio atmosferikoen 11 foku daude, 11 motorretako gasolio-errekuntzaren bidezko larrialdiko hozte-prozesuari dagozkionak.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuko araudiaren arabera zuzenean aplikatzekoak ez diren arren, proiektuak Europako Batzordearen 2017ko «Best Available Techniques (BAT) Reference Document for Large Combustion Plants» Teknika Erabilgarri Onenen Erreferentziako Dokumentuaren (BREF) teknikak jasotzen ditu.

OBRAK-BALDINTZA PARTIKULARRAK ATALA
JARDUERA EZARTZEKO EGOKITZAPEN-OBRETARAKO BALDINTZAK ETA BETEKIZUNAK

– Obrak-baldintza orokorrak betetzea.

Organo honek obrak egiteko (Obrak-Baldintza Partikularrak) onartzen dituen jarduketak, ingurumen-baimen bateratua dutenak, ustiatzeko eta jarduteari uzteko baldintza orokorrak beteko dira.

AIREA-BALDINTZA PARTIKULARRAK ATALA
AIREAREN KALITATEA BABESTEKO BALDINTZA PARTIKULARRAK

– Airea-Baldintza Orokorrak betetzea.

Organo honek aireaz (Airea-Baldintza Partikularrak) onartzen dituen jarduketak, ingurumen-baimen bateratua dutenak, ustiatzeko eta jarduteari uzteko baldintza orokorrak beteko dira.

– Katalogazioa.

Instalazioan, urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren (atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzekoa eta katalogoa aplikatzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) katalogoan sartutako jarduketa hauek egiten dira:

(Ikus .PDF)

– Emisioen muga-balioak.

Lantegia ustiatzean, bermatu beharko da atmosferara egingo diren emisioek ez dituztela gaindituko jarraian jasotako taulan zehaztutako emisioen muga-balioak.

Emisio-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuko 9. artikuluak arautzen duena beteko da. Ikusten bada emisioaren muga-balioren bat ez dela betetzen, behar diren neurri zuzentzaileak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta, berehala, ez-betetzearen, neurri zuzentzaileen eta haien epeen berri eman beharko zaio ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailari.

– Gasak biltzeko eta husteko sistemak.

Aireari buruzko baldintza orokorretan (Airea-Baldintza Orokorrak) izen hori duen apartatuta beteko da, eta taula honetan ezarritako baldintzak kontuan hartuko dira.

– Emisio atmosferikoen kontrola.

Aireari buruzko baldintza orokorretan (Airea-Baldintza Orokorrak) izen hori duen apartatuta beteko da, eta taula honetan ezarritako baldintzak kontuan hartuko dira.

– Fokuak identifikatzea.

(Ikus .PDF)
URA-BALDINTZA PARTIKULARRAK ATALA
URAK ISURTZEKO BALDINTZA PARTIKULARRAK

– Ura-Baldintza Orokorrak betetzea.

Organo honek uraz (Ura-Baldintza Partikularrak) onartzen dituen jarduketak, ingurumen-baimen bateratua dutenak, ustiatzeko eta jarduteari uzteko baldintza orokorrak beteko dira.

– Isurketen sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokapena.

Ez dago baimenduta ubide publikora hondakin-urik isurtzea. Era berean, ez da baimentzen saneamendu-sarera bestelako efluente edo hondakinik isurtzea, etxeko hondakin-urak edo ur beltzak izan ezik, horiek, Urbide-Arabako Ur Partzuergoaren saneamenduari eta isurketei buruzko Erregelamenduan ezarritakoaren arabera, saneamendu-sare publikoan onartzen baitira.

Baimen horrek ez du babesten baldintza honetan esplizituki adierazi ez den substantziarik isurtzea, nahiz eta jardueraren ondorioz sortu; bereziki, substantzia arriskutsuak (lurrazaleko uren egoeraren jarraipen- eta ebaluazio-irizpideak zein ingurumen-kalitateko arauak ezartzen dituen irailaren 11ko 817/2015 Errege Dekretuaren IV. eta V. eranskinetan definitu dira).

– Isurketen muga-balioak.

(Ikus .PDF)
HONDAKINEN SORRERA-BALDINTZA PARTIKULARRAK ATALA
LANTEGIAN SORTUTAKO HONDAKINAK EGOKI KUDEATZEN DIRELA BERMATZEKO BALDINTZAK PARTIKULARRAK

– Hondakinen sorrera-Baldintza Orokorrak betetzea.

Organo honek hondakinen sorreraz (Hondakinen sorrera-Baldintza Partikularrak) onartzen dituen jarduketak, ingurumen-baimen bateratua dutenak, ustiatzeko eta jarduteari uzteko baldintza orokorrak beteko dira.

– Sortutako hondakinak.

Taula honetan ageri dira sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak (izartxoarekin eta EHZ kodearekin adierazita) eta arriskugabeak.

(Ikus .PDF)
LURZORUA-BALDINTZA PARTIKULARRAK ATALA
LURZORUA ETA LURPEKO URAK BABESTEKO BALDINTZA PARTIKULARRAK

– Lurzorua-Baldintza Orokorrak betetzea.

Organo honek lurzoruaz (Lurzorua-Baldintza Partikularrak) onartzen dituen jarduketak, ingurumen-baimen bateratua dutenak, ustiatzeko eta jarduteari uzteko baldintza orokorrak beteko dira.

– Txostenak.

Sustatzaileak txosten hauek aurkeztu eta egunean izan beharko ditu, lurzoruaz ezarritako baldintza orokorretan ezarritakoari jarraikiz:

– Egoera-txostena.

– Oinarri-txostena.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatearen kontrola.

Lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatea kontrolatzeko kontrol-puntuen, aztertu beharreko parametroen eta aldizkakotasunen proposamen bat aurkeztu beharko da.

ZARATA-BALDINTZA PARTIKULARRAK ATALA
ZARATAREN INGURUKO BALDINTZA PARTIKULARRAK

– Zarata-Baldintza Orokorrak betetzea.

Organo honek zarataz (Zarata-Baldintza Partikularrak) onartzen dituen jarduketak, ingurumen-baimen bateratua dutenak, ustiatzeko eta jarduteari uzteko baldintza orokorrak beteko dira.

– Emisioen muga-balioak.

Behar diren neurriak hartuko dira, instalazioak kanpoko ingurumenera zabaldu ez ditzan urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoa) I. eranskineko F taulan muga-balio gisa ezarritako zarata-mailak baino handiagoak, betiere horiek aipatutako arauaren II. eranskinean jasotako prozeduren arabera ebaluatuta:

(Ikus .PDF)

Kanpoaldeko muga-balioek lurzoruaren mailatik 2 metroko altuerari eta, fatxada leihodunen kanpoaldean, eraikuntzaren altuera guztiei egiten diete erreferentzia.

Lokal mugakideak egonez gero, lokal horien erabilera kontuan hartuta, instalazioak ezingo du urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren I. eranskineko G eta H tauletan ezarritako muga-balioak baino zarata-maila handiagoa transmititu haietara.

Ezarritako zarata-immisioaren muga-balioak errespetatzen direla ulertuko da baldin eta, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera, baldintza hauek betetzen badituzte ebaluatutako adierazle akustikoen balioek, urtebeteko epean:

– Urteko batez besteko balioek ez badituzte gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak.

– Eguneroko balioek ez badituzte 3 dB-etan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak.

– Lkeq, Ti indizearen batez besteko balioek ez badituzte 5 dB-etan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulan adierazitako balioak.

Adierazitako muga-balioak betetzen direla egiaztatzeko, jarduerari lotutako zarata-fokuen modelizazio bat aurkeztu beharko da instalazioa martxan jarri aurretik, betetzen direla ziurtatzeko.

Gainditzerik izanez gero, gainditze posibleak zuzentzeko neurri zuzentzaileen proposamena aurkeztu beharko da. Neurri horietako bakoitzaren jarduketa-egutegia proposatu beharko da, baita neurri horiek betetzeaz arduratuko den pertsona bat ere.

– Zarataren kontrola.

Indize akustikoak urtean behin ebaluatu beharko dira: Ld, Le, Ln, LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo.

INGURUMENA ZAINTZEKO PROGRAMA-BALDINTZA PARTIKULARRAK ATALA
INGURUMENA ZAINTZEKO PROGRAMAREN INGURUKO BALDINTZA PARTIKULARRAK

– Ingurumena Zaintzeko Programa-Baldintza Orokorrak betetzea.

Organo honek Ingurumena Zaintzeko Programaz (Ingurumena Zaintzeko Programa-Baldintza Orokorrak) onartzen dituen jarduketak, ingurumen-baimen bateratua behar dutenak, ustiatzeko eta jarduteari uzteko baldintza orokorrak beteko dira.

– Emaitzak kontrolatzea eta bidaltzea.

Ingurumena Zaintzeko Programa osatzen duten txostenen eta azterketen emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidali, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak ezarritako entrega-prozedura telematikoari jarraikiz.

Hala, aipatutako programan zehaztutako aldian egindako kontrol guztiak, ibilgura edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, Ingurumena Zaintzeko Programarekin batera aurkeztuko dira bakarrik, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren.

Ezarritako baldintzak urratzen diren kasuetan bakarrik bidali beharko da berehalako jakinarazpena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, gertatutakoaren berri izan ondoren, prebentzio-neurriei eta normalak ez diren egoeretan funtzionatzeko baldintzei buruzko baldintza partikularren apartatuetan ezarritakoari jarraikiz.

Halaber, kontrolak urtean behin baino maiztasun handiagoarekin egiten badira, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez dira bidaliko.

Emaitza horiek urtero bidaliko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzekin batera. Txosten horretan jasoko dira babes- eta zuzenketa-neurrien funtzionamendua, prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak eta emaitzen analisia, eta bereziki aipatuko dira epe horretan izandako gertakari nagusiak, haien kausa eta konponbideak, eta, halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik zehaztu ez bada.

– Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina.

Sustatzaileak Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina egin beharko du, eta bertan bildu beharko ditu aurkeztutako dokumentazioan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Gainera, Ingurumena Zaintzeko Programak jardueraren adierazle bereizgarrien zehaztapena eta adierazle horiek aztertzeko sistematika jaso beharko ditu, hartara egiaztatu ahal izateko enpresak ingurumen-hobekuntza ziurtatzeko ezarritako neurri eta mekanismoak eraginkorrak ote diren (ingurumen-adierazleak).

– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

Sustatzaileak taula honetan agertzen diren jardueraren gaineko parametro-adierazleen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta dagokion urteko Ingurumena Zaintzeko Programarekin batera aurkeztuko du.

(Ikus .PDF)
PRTR-BALDINTZA PARTIKULARRAK ATALA
KUTSATZAILEEN ERREGISTROAREN INGURUKO BALDINTZA PARTIKULARRAK.

– PRTR-Baldintza Orokorrak betetzea.

Organo honek kutsatzaileak erregistratzeaz (PRTR-Baldintza Partikularrak) onartzen dituen jarduketak, ingurumen-baimen bateratua dutenak, ustiatzeko eta jarduteari uzteko baldintza orokorrak beteko dira.

– Ingurumen Adierazpena.

Urtean behin, martxoaren 31 baino lehenago, sustatzaileak aurreko urtean atmosferara eta uretara egindako emisioei eta isurketei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzien Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko, 508/2007 Errege Dekretuarekin eta Ingurumena Zaintzeko Programarekin bat etorriz.

Informazio hori bidaltzeko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak ezarritako entrega-prozedura telematikoari jarraituko zaio.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenean Eragina duten Jardueren Erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-oinarria izango da, informazioa Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko (E-PRTR-Europa erregistroa).

Ingurumen-adierazpena publikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE zuzentarauak jasotzen ditu). Horretaz gainera, une oro bermatu beharko da Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak ezarritakoa betetzen dela.

EZOHIKO EGOERAK-BALDINTZA PARTIKULARRAK ATALA
PREBENTZIO-NEURRIEI ETA EZOHIKO EGOERETAN FUNTZIONATZEKO BALDINTZEI BURUZKO BALDINTZA PARTIKULARRAK

– Ezohiko egoerak-Baldintza Partikularrak betetzea.

Organo honek ezohiko egoeretan funtzionatzeaz (Ezohiko egoerak-Baldintza Partikularrak) onartzen dituen jarduketak, ingurumen-baimen bateratua dutenak, ustiatzeko eta jarduteari uzteko baldintza orokorrak beteko dira.

– Autobabeserako plana.

Autobabeserako plana aurkeztu beharko da, Jarduera, zentro edo establezimendu zenbaiti larrialdiei aurre egiteko eskatzen zaizkien autobabeseko betebeharrak arautzen dituen azaroaren 2ko 277/2010 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

FINANTZA-BERMEA - BALDINTZA PARTIKULARRAK ATALA
INGURUMENEKO FINANTZA-BERMEAREN INGURUKO BALDINTZA PARTIKULARRAK

– Finantza-bermea-Baldintza Orokorrak betetzea.

Organo honek ingurumen-erantzukizunari eta finantza-bermeari buruz (Finantza-bermea - Baldintza Partikularrak) onartzen dituen jarduketak, ingurumen-baimen bateratua dutenak, ustiatzeko eta jarduteari uzteko baldintza orokorrak beteko dira.

– Finantza-bermea.

Finantza-berme bat eratu beharko da ingurumen-erantzukizuneko arauditik eratorritako betebeharrei erantzuteko.

ERANSKINA, USTIAPENERAKO ETA JARDUTEARI UZTEKO BALDINTZA OROKORRENA

Sustatzaileak ustiapenerako eta jarduteari uzteko bete beharko dituen baldintzak eta eskakizunak eranskin honetan eta ustiapenerako eta jarduteari uzteko baldintza partikularren eranskinean jasotakoak izango dira.

OBRAK-BALDINTZA OROKORRAK ATALA
JARDUERA EZARTZEKO EGOKITZAPEN-OBRETARAKO BALDINTZAK ETA BETEKIZUNAK

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera egikarituko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan aurkeztutako dokumentazioan adierazitakoa kontuan hartuta:

Jarduketa-esparrua mugatzea.

a) Obrak ez ezik, lurzorua okupatzea dakarten lan osagarri guztiak ere proiektuan azaltzen diren mugen barruan egingo dira. Aipatutako mugetatik kanpo, obrako makinak eta ibilgailuak ahalik eta gutxien erabiliko dira.

b) Adierazitako esparrutik kanpo ustekabean gertatutako afektazioen kasuan, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak aplikatuko dira.

Urak eta lurzorua babesteko neurriak.

a) Drainatze-sare naturalera ahalik eta hondakin fin gutxien isuriz egingo dira obrak. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta solido esekiei eusteko sistemak proiektatuko dira eta, hala badagokio, egikarituko dira, kutsa daitezkeen urak haietan biltzeko.

Hormigoi-upelak espresuki horretarako egokitutako guneetan garbituko dira. Hormigoi-esnea ezingo da inola ere isuri ibilgura. Hormigoi-hondakinak kudeatzeko, ingurumen-baimen bateratuan hondakinen sorreraz ezarritako baldintzei jarraituko zaie.

b) Obratako makinak gordetzeko eremua eta horien mantentze-lanak egiteko gunea drainatze-sare naturaletik isolatuta egongo dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango dute, olioa eta erregaiak direla-eta lurzorua eta ura kutsa ez daitezen. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako guneetatik kanpo egin.

Zaratak, dardarak eta horien eraginak gutxitzeko neurriak.

a) Egokitzapen-obrek iraun bitartean, beharrezkotzat jotzen diren obrako jardunbide egokiak aplikatu beharko dira, obrako makinen mantentze orokorrari eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

Hauts-emisioak gutxitzeko neurriak.

a) Ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira obra-guneen irteeran.

b) Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

a) Obrek iraun bitartean sortutako hondakinak, lanak prestatzeko operazioetatik sortzen direnak, enbalajeak, errefus-lehengaiak eta garbiketa-lanetako soberakinak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikagarri diren araudi zehatzetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira deuseztatzera bideratu: horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

b) Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan ezarritakoa betez kudeatuko dira.

Aipatutako 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat gehitu beharko du oinarrizko proiektuetan eta obra egikaritzeko proiektuetan; azterlan horrek I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

Bestalde, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakin eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Plan hori obraren kontratu-agiriei erantsiko zaie.

c) Zabortegira bidali beharreko hondakinak hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Soilik EBA-A ebaluazioko balio adierazleetatik beherako eduki kutsatzaileak dituzten materialak utzi ahal izango dira lursailak betetzeko edo egokitzeko, Lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean jasotakoari jarraikiz.

d) Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek edo bilgarriek indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta bilgarriek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak jariatuta edo lurrunduta gal ez daitezen.

e) Sortutako olio erabilia industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da.

Kudeatzaile baimenduak jaso arte, olio erabiliak aldi baterako biltegiratuko dira, ontzi edo segurtasun-sistema bat duten deposituetan, depositu nagusia hausten bada edo estankotasuna galtzen badu olioak sakabanatu ez daitezen.

f) Hondakinak kudeatzeko araudia errazago bete ahal izateko, hainbat lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, langileek behar bezala erabiltzea hondakinak. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

g) Aurrekoaren arabera, berariazko gune bat atonduko da, eta bertan jarriko dira hondakin arriskutsuak (olio-latak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar) aldi baterako bilduko dituzten instalazio estaliak. Horiez gainera, eta bereiz, hondakin inerteak biltzeko berariazko edukiontziak jarri behar dira. Edukiontzi horiek itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, jariatze edo lurruntze bidez edukirik ez galtzeko. Orobat, obrak egiten ari diren bitartean sortzen diren hondakinak biltzeko elementu estankoak (bidoiak eta abar) instalatu behar dira; hondakinok moten arabera bereizi behar dira. Gero, hondakinok aurretik aipatutako gune garbira eramango dira.

h) Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta txosten horretan sartu beharko dira indarreko legerian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak.

Kultura-ondarea babestera bideratutako neurriak.

Euskal Kultura Ondareari maiatzaren 9ko buruzko 6/2019 Legeak ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio obrak egingo diren lurraldeko foru-aldundiko Kulturako Zuzendaritza Nagusiari; gero, beharrezkoa izanez gero, hark erabakiko du zer neurri ezarri.

Garbiketa eta obra-akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak erasandako eremua obrako batere hondakinik gabe utzi beharko da.

Ingurumen-aholkularitza.

Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan eta babes- eta zuzenketa-neurrietan aholkularitza gaitua eduki beharko du Obra Zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren azterketaren zehaztapenen arabera. Obra-zuzendaritzaren ebazpenek, baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioei dagokienez, aholkularitza horrek egindako aldez aurreko txostena izan beharko dute.

Lan-programa diseinatzea.

Kontratistak jarduera-proposamen xehatu batzuk egin beharko ditu, ondorengo azpiapartatuetan adierazitako alderdiei buruz. Proposamen horiek ebazpen honetan kasu bakoitzerako ezartzen diren irizpideen arabera diseinatuko dira. Obra-zuzendariak espresuki onetsi beharko ditu eta lanak egiteko programan txertatuko dira. Honako hauek dira dokumentuak:

a) Kontratistaren instalazio-eremuen lokalizazioari eta ezaugarriei eta hondakinak aldi baterako biltegiratzeari buruzko xehetasunak, ingurumen-baimen bateratuan ezarritakoarekin bat etorriz.

b) Ur-eroanbideen sareen eta solido esekiak atxikitzeko gailuen xehetasunak eta kokapena, ingurumen-baimen bateratuan ezarritakoarekin bat etorriz.

c) Ibilgailuak garbitzeko gailuen xehetasunak eta kokapena, ingurumen-baimen bateratuan ezarritakoarekin bat etorriz.

d) Obretan sortutako eraikuntza- eta eraiste-hondakinak kudeatzeko plana, eraikuntza- eta eraiste-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Jardunbide egokien kontrola obren garapenean zehar.

Obren jardunbide egokien kontrola egingo da, eta bereziki kontuan hartuko dira honako alderdi hauek: hondakinen kudeaketa, hondeaketa-soberakinena ere aintzat hartuz, hauts- eta zarata-sorrera eta Ebazpen honetan adierazitako bestelako alderdiak.

Obra-amaierako txostena.

Sustatzaileak obraren amaierako txostena bidali beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari; obrak egin bitartean izan diren gertaeren berri emango du bertan, eta ebazpen honetan nahiz ingurumen-inpaktuaren azterlanean jasotako neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino betetzen diren azalduko du, eta ingurumen-organoak hondeaketa-materialak behar bezala kudeatzeko ezarritako neurrien berri ere emango du.

Horrekin batera, eta hala badagokio, proiektua gauzatu bitartean sartutako aldaketak xehetasunez dokumentatu beharko dira, eta ingurumen-inpaktuaren ikuspegitik duten justifikazioa azaldu. Halaber, eraikuntza-fasean ingurumena zaintzeko egindako programaren emaitzak eta hondeaketa-materialen erabilera zehatza dokumentatuko dira, material horien kuantifikazio eta ezaugarriei buruzko datuak barne hartuta.

FINANTZA-BERMEA - BALDINTZA OROKORRAK ATALA
INGURUMENEKO FINANTZA-BERMEAREN INGURUKO BALDINTZA OROKORRAK

– Ingurumen-erantzukizuna.

Baimeneko baldintza partikularretan instalazioa ingurumen-erantzukizuneko araudiaren esparruan kokatzen bada (arauaren III. eranskina) sustatzaileak bere jarduera profesionalaren ingurumen-arriskuen azterketa (IAA) egin beharko du, abenduaren 22ko 2090/2008 Errege Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera (zeinaren bidez onartzen baita Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea zati batean garatzen duen Erregelamendua), finantza-bermea eratu behar duen ebaluatzeko, urriaren 23ko 26/2007 Legearen 24. artikuluarekin bat etorriz. Finantza-bermea eratu ondoren, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari, eta adierazpen horrek 2090/2008 Errege Dekretuaren IV.1 eranskinean adierazitako informazioa jaso beharko du gutxienez. 26/2007 Legearen 28. artikuluko a) eta b) apartatuetan aurreikusitako salbuespenei jarraikiz jarduera finantza-bermea eratzetik salbuetsita badago, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari; adierazpen horretan, IV.2 eranskinean adierazitako informazioa jasoko da gutxienez. Apartatu honetan eskatutako agiriak ingurumen-organoan aurkeztuko dira, teleizapidetzerako ezarritako aplikazioa erabiliz, eta, zehazki, «Ingurumen-erantzukizunari aurre egiteko finantza-bermearen jakinarazpena – MARMA» izeneko prozeduraren bidez.

Sustatzaileak ingurumen-arriskuen azterketa (IAA) eguneratuko du egoki irizten badu, eta betiere jardueran, instalazioan edo oinarrizko baimenean funtsezko aldaketak gertatzen direnean. Finantza-bermearen zenbatekoa urtero eguneratuko da, KPIaren arabera. Ingurumen-arriskuen azterketaren eguneraketak kasuan kasuko MARMA prozedurako dokumentazioaren barnean aurkeztuko dira.

Sustatzaileak, jardueraren operadorea denez, ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak hartu eta betearazi behar ditu, eta haien kostuak ordaindu behar ditu, zenbatekoa edozein dela ere, baita dolorik, errurik edo zabarkeriarik ez bada ere, Ingurumen-erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 19.1 artikuluan adierazten den bezala.

– Ingurumeneko finantza-bermearen kontrola.

Honako dokumentazio hau aurkeztu behar izango da:

– Finantza-bermea eratu behar izanez gero, indarrean dagoen ingurumen-aseguruko polizaren kopia edo eratutako finantza-berme motaren ziurtagiria aurkeztu beharko da urtean behin.

– Ingurumeneko finantza-bermea eratzetik salbuetsita egonez gero, eta 300.000 eta 2.000.000 euro bitarteko zenbatekoarekin konpon daitezkeen kalteak eragin ditzaketen operadoreak izanez gero (Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 28.b artikulua), erakunde independente batek emandako ziurtagiriaren kopia aurkeztu beharko da urtero; ziurtagiri horrek egiaztatu behar du erakunde hori etengabe atxikirik dagoela Batasunaren Ingurumen Kudeaketako eta Ikuskaritzako Sistemara (EMAS) edo indarrean den UNE-EN ISO 14001 Ingurumen Kudeaketarako Sistemara.

AIREA-BALDINTZA OROKORRAK ATALA
AIREAREN KALITATEA BABESTEKO BALDINTZA OROKORRAK

– Baldintza orokorrak.

Instalazioa ustiatzean, ez dira gaindituko ingurumen-baimen bateratu honetan ezarritako gehieneko emisioen muga-balioak, eta ingurumen-organo honek ezarritako baldintza teknikoak bete beharko dira.

Prozesuan zehar atmosferara jariatzen den gai kutsatzaile oro bildu eta bide egokienetatik kanporatuko da, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren, behar izanez gero.

Arau orokor honetatik salbuetsi ahalko dira emisio konfinatu gabeak, baldin eta teknikoki edota ekonomikoki atzeman ezin badira edo ingurunean oso eragin txikia dutela frogatua badago.

Neurri egokiak hartuko dira istripuzko emisioen probabilitatea murrizteko eta haien ondoriozko efluenteek giza osasunerako eta segurtasun publikorako arriskurik ez izateko. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira; alegia, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Instalazioaren titularrek nahitaez bete beharko dituzte Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 5. artikuluan jasotako betebeharrak.

Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute honako elementu hauek: sekzioak, neurketa-guneak, laginketa-guneek, neurketa-portuek, irisgarritasunak eta fokuen segurtasun eta zerbitzuek.

Organo honek foku berri bat baimendu ondoren, hura abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko entitate batek egindako hasierako IKE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahalko zaio Ingurumen Organoari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Instalazioak Airea-Baldintza Partikularrak atalean jasotako fokuak ditu, Airearen kalitateari eta atmosfera babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legean adierazitako atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoan sartuta daudenak.

Foku ez-sistematikoetako bat, batez beste, urtean hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasatuko balitz, ordubete baino gehiagorako aldiro, edo, maiztasuna edozein dela ere, emisioen iraupen orokorra instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, emisio-foku gisa araupetu beharko da.

Urte jakin batean foku sistematiko batek foku ez-sistematiko gisa funtzionatzen badu, ez da foku horren gaineko kontrolik egin beharko urte horretan. Ondoko urtean egin beharko da, baldin eta kontrola salbuesteko baldintzek ez badute bere horretan jarraitzen. Ingurumena zaintzeko dagokion programan justifikatu beharko da inguruabar hori.

– Emisioen muga-balioak.

Lantegia ustiatzean, bermatu beharko da atmosferara egingo diren emisioek ez dituztela gaindituko Airea-Baldintza Partikularrak ataleko taulan jasotako emisioen muga-balioak.

– Gasak biltzeko eta husteko sistemak.

Fokuetako hondar-gasak husteko tximiniak Airea-Baldintza Partikularrak atalean ezarritako kotatik gora helduko dira. Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute honako elementu hauek: sekzioak, neurketa-guneak, laginketa-guneek, neurketa-portuek, irisgarritasunak eta fokuen segurtasun eta zerbitzuek.

Emisio lausoak minimizatzeko helburuarekin, ihesak atzemateko ekipamenduak erabiliko dira, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da.

– Emisio atmosferikoen kontrola.

Instalazioak emisioak kontrolatu beharko ditu, baimeneko Airea-Baldintza Partikularrak ataleko taulan ezarritakoari jarraikiz.

Aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren II. mailako ingurumen-lankidetzako erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz, eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte, bereziki honako hauei dagokienez: neurketaren helburua eta plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa kopurua eta banakako neurketa bakoitzaren iraupena, eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.

Lortutako emaitzen erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, betiere honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz: atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua eta atmosfera kutsa dezaketen jarduerak egiten dituzten instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren III. eranskina.

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egon beharko da.

URA-BALDINTZA OROKORRAK ATALA
HONDAKIN-URAK ISURTZEKO BALDINTZA OROKORRAK

– Isurketen sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokapena.

Jardueraren isurketak eta horien ezaugarriak Ura-Baldintza Partikularrak atalean jasotzen dira.

– Gehieneko isurketa-emariak eta bolumenak.

Gehieneko isurketa-emariak eta bolumenak Ura-Baldintza Partikularrak atalean jasotzen dira.

– Emisioen muga-balioak.

Emisioen muga-balioak Ura-Baldintza Partikularrak atalean jasotzen dira.

Ezin izango dira diluzio-teknikak erabili isurketen muga-balioak ez gainditzeko.

Gainera, ingurune hartzaileari dagozkion arauak eta kalitate-helburuak bete beharko dira. Bestela, titularrak tratamendu egokia egin beharko du, isurketaren ondorioz aipatutako arauak eta kalitate-helburuak ez urratzeko.

Baimen honek ez du onartzen baldintza honetan berariaz adierazitakoak ez diren beste substantzia batzuk isurtzea, batez ere maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren substantzia arriskutsuak. Errege Dekretu horren bidez, apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretua aldatzen da, Urei buruzko abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen atariko titulua eta I., IV., V., VI. eta VIII. tituluak garatzen dituen jabari publiko hidraulikoari buruzko araudia onartzen duena.

– Arazteko eta ezabatzeko instalazioak.

Hondakin-urak arazteko instalazioek edo neurri zuzentzaileek Ura-Baldintza Partikularrak atalean zehaztutako jarduketak barne hartuko dituzte funtsean.

Hartutako zuzenketa-neurriak nahikoak ez direla egiaztatuz gero, sustatzaileak beharrezkoak diren aldaketak egin beharko ditu arazteko instalazioetan, isuriak baimendutako ezaugarrietara egokitzeko, Administrazioari jakinarazi ondoren, eta, hala badagokio, baimena aldatzeko eskatuko du.

Kontrol-kutxatila bat jarriko da hondakin-ur mota baimendu bakoitzarentzako; kutxatila horiek isurketen lagin esanguratsuak lortzeko beharrezko ezaugarriak izango dituzte. Kutxatila horiek Administrazioak zuzenean ikuskatu ahal izateko moduko leku batean jarriko dira.

– Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

Ura-Baldintza Partikularrak atalean zehaztutako analitikak egingo dira.

Jardueraren kontrolean sortutako dokumentazioa ingurumen-organoari igorriko zaio, Ingurumena Zaintzeko Programa-Baldintza Orokorrak atalean adierazitakoaren arabera.

HONDAKINEN SORRERA-BALDINTZA OROKORRAK ATALA
INSTALAZIOAN SORTUTAKO HONDAKINAK EGOKI KUDEATZEN DIRELA BERMATZEKO BALDINTZA OROKORRAK

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eta, beharrezkoa bada, karakterizatu egin beharko dira, euren izaera eta helmugarik egokiena zehazteko.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinak kudeatzeari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, horretarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira deuseztatzera bideratu: horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein moduren aurretik, izan materiala edo energetikoa.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimendurik badago hondakin zehatz batzuk tratatzeko, hondakin horiek instalazio horietara bidali beharko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken helmuga hondakindegi baimenduan deuseztatzea dela aurreikusten bada, hondakinak karakterizatzeko, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituen Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritako jarraibideei ere.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ingurumen-baimen bateratu honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Sortutako hondakinen kopurua handitzeak aurretik ezarritako biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatzea dakarrenean soilik eskatu beharko da baimena egokitzea.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru iragazgaitza izango dute. Haien egoera fisikoa (likido edo oretsua) edo haien inpregnazio-maila dela-eta isurketak eragin edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakin arriskutsuentzat ontziak edo bilketa-sistema egokiak jarriko dira izan litezkeen isuriak kanpora isurtzea saihesteko. Hauts-itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak lehen aldiz atera aurretik, kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko da, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, bat etorriz betiere honako hauetan ezarritako irizpideekin: Europako Hondakin Zerrenda, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatzen baita Hondakinen Zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (hondakinei buruzko zuzentarau horrek zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira ingurumen-baimen bateratuan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

Hondakinak desagertu edo galdu egingo balira, edo ihes egingo balute, berehala jakinaraziko da gertatutakoa ingurumen-organoan eta instalazioa kokatuta dagoen udalean.

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruan hondakinak lekualdatzea arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora errege-dekretu hori garatuta xedatzen dena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egin ahal izateko, bat etorriz Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin.

Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31 artikuluan ezarritako eta ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.

Baldin eta hondakinak Espainiatik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan (hondakinen lekualdaketei buruzkoa) ezarritakoa bete beharko da.

– Hondakin arriskutsuak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin arriskutsuak Hondakinen Sorrera-Baldintza Partikularrak ataleko taulan jasotakoak dira.

Hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da, eta horiei buruzko informazioa baimena izapidetzerakoan jasotzen da. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, oinarrizko beste batzuk, euren izaera dela eta, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Honako hauek definitzen dituztenak: hondakin mota eta osagai arriskutsuak. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko eta Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Euskadiko 2030 Planean ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren tratamendu-kontratuetan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onarpen-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak baliozkotzeko eskatzen bada.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete.

Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta bilgarriek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak jariatuta edo lurrunduta gal ez daitezen.

Hondakin arriskutsuak gehienez 6 hilabetez eduki behar dira biltegiratuta.

Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan, hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori ingurumen-organo honi bidaliko zaio hondakina lehenengoz atera aurretik eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana eraman aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ingurumen-baimen bateratu honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da; agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Sustatzaileak artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.

Egiaztatu egin beharko da hondakin arriskutsuak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eramateko erabiliko den garraiobideak betetzen dituela horrelako gaiak garraiatzeko ezarritako baldintzak, indarrean dagoen legeriaren arabera.

Sustatzaileak sortutako olio erabilia kudeatu beharko du industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera.

Gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak–. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuak xedatutakoa bete beharko dute. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak entrega horiek egin direla egiaztatzen badu. Toki-entitateei eman izanaren egiaztagiriak gutxienez hiru urtez gorde behar dira.

Sustatzaileak poliklorobifeniloak (PCB) dituzten edo izan ditzaketen aparatuak dauzkan bitartean, polikrorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten aparatuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuan eta hori aldatu zuen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretuan haiek behar bezala kudeatzeko adierazitako baldintzak bete beharko ditu.

Sustatzaileak ozono-geruza agortzen duten substantziei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko irailaren 16ko 1005/2009 (EE) Erregelamenduan zehaztutako gai erabiliak baldin baditu, berreskuratu egingo dira alderdiek onetsitako bitarteko teknikoen bidez deuseztatzeko, edo ingurumenaren ikuspegitik onargarria den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz, edota birziklatzeko edo birsortzeko xedez, tresnak berrikusi eta mantentzeko eragiketetan nahiz desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

Sustatzaileak urtero adierazi beharko dio ingurumen-organoari sortutako hondakin arriskutsuen jatorria zein den, zein kantitate sortu den, zer erabilera emango zaion eta adierazpenaren xede den ekitaldiaren amaieran zeintzuk dauden aldi baterako biltegiratuta. Datu horiekin batera, Ingurumena Zaintzeko Programa, dagokion urtekoa, bidali beharko du.

Hondakin arriskutsuen sortzaile gisa, artxibo elektroniko batean, honako datu hauek jaso beharko dira, ordena kronologikoan: sortutako hondakinen kopurua, mota eta jatorria, bai eta berrerabiltzeko prestatzeak, birziklatzeak, beste balorizazio-eragiketa batzuk egiteak eta deuseztatzeak eragindako produktuen, material edo substantzien eta hondakinen kopurua ere; eta, hala badagokio, eragiketa horien ondorioz sortutako hondakinaren helmuga, bilketaren maiztasuna, garraiobidea eta aurreikusitako tratamendu-metodoa ere inskribatuko dira, bai eta produktu, material eta substantzien helmuga ere. Artxibo kronologikoaren inskripzioak, aplikatzekoa denean, 7/2022 Legearen II. eta III. eranskinen arabera baimendutako tratamendu-eragiketa bakoitzeko egingo dira.

Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan ezarritakoaren arabera, sustatzaileak, datuak jaso ondorengo urteko martxoaren 1a baino lehen eta dagokion Ingurumena Zaintzeko Programaren barruan, artxibo kronologikoan jasotako informazioaren laburpen-memoria bat aurkeztu beharko du, zeinak lege horren XV. eranskinean agertzen den gutxieneko edukia barne hartu beharko baitu.

Urtean 10 tonatik gora hondakin arriskutsuren hasierako sortzailea bada, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 18.7 artikuluari jarraituz, sustatzaileak minimizazio-plan bat izan beharko du, eta, planaren barruan, sortutako hondakin arriskutsuen kopurua eta horien arriskugarritasuna murrizteko hartuko dituen neurriak jaso beharko ditu. Plana agintari eskudunen eskura egongo da, eta, lau urtean behin, sortzaileak emaitzen berri eman beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari. Aurreko betebeharretik salbuetsita egongo da EMAS ziurtagiria badu, edo mota horretako hondakinak minimizatzeko neurriak barne hartzen dituen beste sistema baliokideren bat; horretarako, dagokion informazioa ingurumen-adierazpen baliozkotuan jaso beharko da.

Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, alegia, mota horretako hondakin ahalik eta gutxien sortzea, sustatzaileak hondakin arriskutsuen sorrera minimizatzeko plan bat egin eta aurkeztu beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, lau urtetik behin, Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 18.7 artikuluak ezartzen duen moduan, betiere sustatzaileak urtean 10 t hondakin arriskutsu baino gutxiago sortzen ez baditu edo EMAS ziurtagiri bat edo horren baliokide bat ez badu.

Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada sustatzailea bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

Amiantoa duten hondakinak daudela hautemanez gero, sustatzaileak 108/1991 Errege Dekretuaren (amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeari buruzkoa) 3. artikuluan ezarrita dauden eskakizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak ezarri zituen 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira amiantoa duten hondakinak kudeatzeko manipulazio-eragiketak.

– Instalazioan sortutako hondakin arriskutsuak egoki kudeatzearen kalitatea kontrolatzea.

Apartatu honetan adierazitako agiriak ingurumen-organora bidaliko dira, transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabilita.

– Aipatutako kudeatzaile baimenduak onartzearen agiri bidezko konpromisoa.

(Kudeatzaileak EAEn kokatuta badaude).

– Identifikazio-agiria (kudeatzaileak EAEn kokatuta badaude).

– Hondakinen urteko aitorpena.

– Laburpen-memoria.

– Artxibo kronologikoa.

– Hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plana.

– Hondakin arriskugabeak.

Sustatzaileak aitortutako hondakin arriskugabeak Hondakinen Sorrera-Baldintza Partikularrak ataleko taulan jasotakoak dira.

Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontziak berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati eman beharko zaizkio.

Hondakin horiek ezabatzeko direnean ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helburua balioztatzea denean, 2 urtez gorde ahal izango dira.

Oro har, kanpora eraman aurretik, hondakin guztiek izan beharko dute sinatuta tratamendu-kontratu bat kudeatzaile baimendu batekin, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ingurumen-baimen bateratu honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Sustatzaileak erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak edo haien agiri ofizial baliokideak, nahitaezkoak badira, hiru urtean gutxienez.

Hondakina hondakindegira eramateko bada, jarraipen- eta kontrol-dokumentua bete beharko da hondakin ez-arriskutsua lekualdatu aurretik, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

Hori hala izanik, hondakinak lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluari jarraikiz.

Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan ezarritakoaren arabera, sustatzaileak, datuak jaso ondorengo urteko martxoaren 1a baino lehen, artxibo kronologikoan jasotako informazioaren laburpen-memoria bat aurkeztu beharko du, zeinak arau horren XV. eranskinean agertzen den gutxieneko edukia barne hartu beharko baitu.

Urtean 10 tona hondakin arriskugabe baino gehiago sortuz gero, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluaren arabera, sustatzaileak formatu elektronikoko artxibo kronologiko bat izan beharko du, non jasoko baitira, ordena kronologikoan, sortutako hondakinen kopurua, mota eta jatorria, bai eta berrerabiltzeko prestatzeak, birziklatzeak, beste balorizazio-eragiketa batzuk egiteak eta deuseztatzeak eragindako produktuen, material edo substantzien eta hondakinen kopurua ere; eta, hala badagokio, eragiketa horien ondorioz sortutako hondakinaren helmuga, bilketaren maiztasuna, garraiobidea eta aurreikusitako tratamendu-metodoa ere inskribatuko dira, bai eta produktu, material eta substantzien helmuga ere. Artxibo kronologikoaren inskripzioak, aplikatzekoa denean, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen II. eta III. eranskinen arabera baimendutako tratamendu-eragiketa bakoitzeko egingo dira. Artxibo kronologikoa hondakinen sorrera- eta kudeaketa-lanetarako eskatutako egiaztatze dokumentaleko informazioa oinarri hartuta egingo da. Fitxategi kronologiko hori gutxienez bost urtez gorde beharko da.

– Instalazioan sortutako hondakin arriskugabeen kudeaketa egokiaren kalitatea kontrolatzea.

Apartatu honetan adierazitako agiriak ingurumen-organora bidaliko dira, transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabilita:

– Kudeatzaile baimenduarekin egindako tratamendu-kontratua (kudeatzaileak EAEn kokatuta badaude).

– Jarraipen- eta kontrol-dokumentua, hondakina zabortegian uztekoa bada.

– Hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatu behar badira balorizatzeko edo deuseztatzeko, lekualdaketa horri dagokion identifikazio-dokumentua.

– Laburpen-memoria.

– Ontziak merkaturatzea.

Sustatzaileak, bere produktuak merkaturatzeko ontziak eta enbalajeak erabiltzen dituenez, ontzi horien gaineko informazioa eman beharko du urtero, martxoaren 31 baino lehen; horretarako, Ontzien Gaineko Urteko Adierazpena egin beharko du.

Era berean, sustatzaileak ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak kudeatzeko biltegiratze- eta itzultze-sistema bat ezarri beharko du (zuzenean edo kudeaketa-sistema integratu bati atxikita). Sustatzaileak, bere produktuak merkaturatzeko industria- edota merkataritza-ontziak erabiltzen baditu, aipatu betebehar horretatik salbuesteko eskatu ahalko du, Ontzi eta ontzi-hondakinei buruzko Legearen (11/1997, apirilaren 24koa) lehen xedapen gehigarriari atxikitzen bazaio; atxikimendu horren bidez, ontzi horiek kudeatzeko eta ingurumen-organoari informazioa pasatzeko betebeharra produktuaren kontsumitzaileari transferitzen zaio.

Baldin eta sustatzaileak, urte natural batean zehar, merkaturatzen baditu ontziratutako produktuak edo, kasua bada, hondakinak sor ditzaketen industria- edo merkataritza-ontziak, hain justu ere jarraian zehaztutako kantitateetan baino handiagoetan:

– 250 tona, beira soilik bada.

– 50 tona, altzairua soilik bada.

– 30 tona, aluminioa soilik bada.

– 21 tona, plastikoa soilik bada.

– 16 tona, zura soilik bada.

– 14 tona, kartoia edo material konposatuak soilik badira.

– 350 tona, hainbat material badira, eta bakoitzak, bakarrik hartuta, ez baditu lehen aipatutako kantitateak gainditzen.

Enpresaren Prebentzio Plan bat egin beharko du. Plan horrek hiru urteko indarraldia izango du, eta onartutako Enpresaren Prebentzio Planaren kontrol- eta jarraipen-txostena egin beharko da urtero, dagokion urteko martxoaren 31 baino lehen.

LURZORUA-BALDINTZA OROKORRAK ATALA
LURZORUA ETA LURPEKO URAK BABESTEKO BALDINTZAK OROKORRAK

– Egoera-txostena.

4/2015 Legearen 16.2 artikulua betez, instalazio baten baimenean egoera-txostena egiteko betebeharra ezartzen bada, bost urtean behin eguneratu beharko da lurzoruaren egoerari buruzko txosten hori, instalazio osoaren kutsadura-arrisku elkartuari buruzko ebaluazio bat gehituta. Txosten hori Ingurumena Zaintzeko Programarekin –dagokion urtekoarekin– batera bidaliko da.

– Babes-neurriak.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzekoa) ezarritako betebeharrak betez aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko txostenaren eta horretan jasotako gomendioen arabera, sustatzaileak lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu.

– Oinarri-txostena.

1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 12.1.f) artikulua betez, instalazio baten ingurumen-baimen bateratuan ezarrita badago, oinarri-txostena edo hasierako egoeraren txostena aurkeztu beharko da, lurzoruaren egoera eta lurpeko urarena zehazteko behar den informazioa adierazita, jarduera behin betiko uzten deneko egoeraren eta hasierako egoeraren arteko konparazio kuantitatiboa egiteko.

– Lurzoruen gaineko informazioa eguneratzea.

Oinarri-txostena edo egoera-txostena eguneratzea beharrezkoa denean, sustatzaileak agiri bakar bat bidali beharko du, lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta lehengoratzeko lana egiteko gaituta dagoen erakunde batek egina, eta egoera bi horien gaineko informazio eguneratua barne hartuta, baita lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-agiriak ere.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatearen kontrola.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduari dagokionez jakinarazitako baldintzak aztertzean zehazten diren kontrolei kalterik egin gabe –agindu horrek Kutsaduraren prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa interpretatzeari eta aplikatzeari buruzko jarraibide teknikoa onartzen du–, eta lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat eskatzeari lotuta, sustatzaileak lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatearen kontrola egin beharko du. Horretarako, gutxienez bi zundaketa egin beharko ditu urak karakterizatzeko, ateratako lurzoru-zutabea karakterizatzeko eta piezometro bana gaitzeko, eta haiek erabiliko dira lurpeko uren kalitatearen jarraipena egiteko. Zundaketak kokatzean, kontuan hartuko dira egon daitezkeen arrisku-iturriak eta lurpeko uren fluxua; hala, instalaziotik gorako eta beherako uren fluxua alderatu ahal izango da.

– Lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozeduraren hasiera.

Sustatzaileak lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena egiteko prozedura hasteko eskatu beharko dio ingurumen-organoari, baldin eta ekainaren 25eko 4/2015 Legean adierazitako inguruabarren bat gertatzen bada.

– Erakunde egiaztatua.

Apartatu honetan jasotakoa betetzeko aurkeztu behar den informazioa erakunde egiaztatutako batek landu beharko du, lehen aipatutako urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan xedatutakoaren eta organo honek horretarako onar ditzakeen jarraibideetan jasotakoaren arabera.

– Lur-mugimenduak.

Sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez:

1.– Aurreikusten bada aldaketaren bat egin behar dela instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan, eta aldaketa horren ondorioz lurrak mugitu behar badira:

a) Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluaren 1.c) apartatuan jasotzen denari jarraikiz, induskatu beharreko materialak (lurrak, obra-hondakinak, etab.) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, ekintza kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horiek kudeatzeko modu egokiena zehaztearren.

b) Jarduketa horretan aurreikusten bada induskatu beharreko materialen bolumena 500 m3-tik gorakoa dela (zolatak barne), edo jarduketa burutu bitartean gainditze hori antzemango balitz, nahitaezkoa izango da lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta berreskuratzeko akreditatutako erakunde batek egindako indusketa selektiborako plan bat aurkeztea. Indusketa-planak abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu beharko du, gauzatu aurretik.

c) Induskatu beharreko bolumena 500 m3-tik beherakoa bada, aldaketaren jakinarazpenak honako informazio hau jaso beharko du:

– Jarduketa sustatzen duen pertsona fisiko edo juridikoaren eta jarduera egingo duen kontratistaren identifikazioa.

– Jarduketak ukituko duen lekuaren kokapen-datuak, Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroaren erreferentzia barne hartuta.

– Jarduketaren xede den eremuaren mugaketa eta azalera. Jakinarazpenean, lurzatia eta jarduketarako gunea zehatz-mehatz non dauden jakitea ahalbidetzen duten planoak erantsiko dira.

– Jarduketaren deskribapen xehatua.

– Induskatuko diren materialen bolumena, zolatak barne.

– Ingurumen-jarraipeneko lanen eta azken txostena egitearen arduradunaren identifikazioa; artikulu honetan aipatutako kasuetan erakunde egiaztatua izan beharko du.

– Jarduketa hasteko aurreikusitako datak.

d) Aurreko kasuetako edozeinetan, obra egin ondoren, azken txostena bidali beharko da, eta, bertan, lurren karakterizazioaren emaitzak adierazi beharko dira. Horrez gain, induskatutako materialen berrerabilera edo kudeaketa egokia egiaztatzeko txosten bat ere bidali beharko da. Indusketaren bolumena 100 m3-tik gorakoa bada, erakunde egiaztatu batek egingo ditu ingurumen-jarraipenerako lanak eta txostena.

e) Arau orokor gisa, Kutsatutako lurzoruetan indusketa selektiboak egiteko gidan jasotako irizpideak beteko dira. Esteka honetan eskura daiteke gida.

https://www.ihobe.eus/argitalpenak/kutsatutako-lurzoruetan-indusketa-selektiboak-egiteko-gida

f) Soberakinak hondakindegian biltegiratuz erretiratu nahi izanez gero, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, laginketa egiteko, oinarrizko irizpide batzuk bete beharko dira; hain zuzen ere, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean eta gidaren 10.2.6 apartatuan («Induskatu behar diren lurzoruetan in situ egindako laginketa») adierazitako oinarrizko irizpideak, induskatu beharreko materialen karakterizazio-kanpaina diseinatzerakoan kontuan hartu beharrekoak.

g) Soberako materialak instalazioan bertan berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak ezarritako EBA-B (industria-erabilera) balioaren azpikoa; horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta analisia, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

h) Lur garbitzat hartuko dira ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako EBA-A ebaluazioko balio adierazleak baino balio txikiagoak eta TPHetarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelanerako.

i) Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahal izango da. Lurzoru naturalaren pareko den substratu harritsu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Aurreikusten bada aldaketaren bat egin behar dela instalazioa baimenduta dagoen lurzatitik kanpora (lurzoru berria okupatuz), eta okupatu nahi den lurzoru berrian lehenago gauzatu bada ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoruaren arloko adierazpen bat lortu beharko du egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

ZARATA-BALDINTZA OROKORRAK ATALA
ZARATAREN INGURUKO BALDINTZA OROKORRAK

Zarata-Baldintza Partikularrak atalean ezarritako indize akustikoak ez gainditzeko beharrezkoak diren neurriak ezarriko dira.

Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentiberatasun akustiko handieneko guneetako zarata-maila.

– Zarataren kontrola.

Neurketa bidezko ebaluazio guztiak Administrazioaren II. mailako lankidetza-erakunde (ALE) batek egin beharko ditu, bat etorriz urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoarekin. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Nolanahi ere, ingurumen-organoak zainduko du ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela.

Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak ingurumen-organo honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

EZOHIKO EGOERAK-BALDINTZA OROKORRAK ATALA
PREBENTZIO-NEURRIEI ETA EZOHIKO EGOERETAN FUNTZIONATZEKO BALDINTZEI BURUZKO BALDINTZA OROKORRAK

– Instalazioa geldiarazteko eta martxan jartzeko eragiketak eta mantentze-lanen eragiketa programatuak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, sortuko diren emisioen eta hondakinen balioespena egin beharko du enpresak, eta dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa geldiaraztean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatu beharko dira, Hondakinen Sorrera-Baldintza Partikularrak eta Hondakinen Sorrera-Baldintza Orokorrak ataletan ezarritakoarekin bat etorriz.

– Jarduera etetea.

Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea eta Lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzeko urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua. Horrenbestez, sustatzaileak jarduera-etete horren berri eman beharko dio ingurumen-organoari, bi hilabeteko epea igaro baino lehen; jakinarazpen horrekin batera, jarduketa-proposamen bat ere aurkeztu beharko da, erakunde horrek ezar dezan noraino iristen diren bere betebeharrak eta beranduenez ere noiz hasiko den lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasteko epea, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Arauari dagokion jarduera-kodea Ezohiko Funtzionamendua-Baldintza Partikularrak atalean ezartzen da.

Jarduera bertan behera utzi baino lehen, sustatzaileak instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, Hondakinen Sorrera-Baldintza Partikularrak eta Hondakinen Sorrera-Baldintza Orokorrak ataletan ezarritakoari jarraikiz.

– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako etetea jakinaraziz gero, sustatzaileak, aldi baterako uztearen jakinarazpenarekin batera, agiri bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen bateratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, jarduera berriz hasi baino lehen, instalazioen funtzionamendu egokia ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina duen isuri edo emisio oro saihesteko.

– Ezohiko funtzionamendu-egoeretan aplikatzeko prebentziozko neurriak eta jarduketak

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean, ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentzio-neurriak eta funtzionamendurako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, apartatu hauetan aipatzen diren baldintzak bete beharko dira:

Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak

Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere istripuzko isurketak edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesik izanez gero, lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, fabrikako kolektoreen sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko jarioak biltzeko sistemak.

Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen ikuskapen bisualak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

Era berean, atmosferara eta uretara egindako emisioak eta isuriak prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipoen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Pabiloien barruan zolatak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira, edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Ez dago baimenduta hondakin-ura bypass bidez isurtzea arazteko instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez egin behar badira isurketak bypass bidez, titularrak ingurumen-organo honi jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatean duen eragina ahal den heinean gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuta. Bypass horretan aurreikusi gabeko isurketaren bat gertatzen bada, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, dagokion txostena ingurumen-organo honi bidalita (apartatu honetako «Gorabeheraren bat gertatuz gero, agintariei jakinaraztea» puntuan adierazitakoari jarraituz).

Halaber, erregistro bat eduki beharko da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako gorabeherak jasota uzteko.

Besteak beste, erabilitako olioak, efluenteen arazketako hondakinak, eta, orokorrean, fabrikan sortutako hondakinak maneiatzean, baliteke lurzorua eta ura kutsatzea. Beraz, isurketak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua duten partzelen azalera guztiak irazgaiztuko dira.

Hauts-itxurako produktuak biltegiratzeko, zulo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak eduki beharko dira.

Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.

Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratzeko instalazio horiek produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

Larrialdirik gertatuz gero, berehala eta eraginkortasunez esku hartzeko beharrezkoak diren material guztiak edukiko dira, kantitate nahikoan: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen jarioei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko edukiontziak, hesiak eta kaltetutako ingurunean isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta babes pertsonalerako ekipo bereziak.

Kubetak husteko eragiketak kontrolatzeko balio duen protokolo edo prozedura dokumentatu bat izango dute; eta saiatu behar dira efikaziari eragin diezaioketen isuriak tratamendu-instalaziora joan ez daitezen.

Gorabeheraren bat izanez gero, agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak berehala eman beharko dio gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri ingurumen-organoari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren), horretarako ezarritako helbide elektronikoaren bitartez: ippc@euskadi.eus. Jakinarazpenean alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Jatorriak eta arrazoiak (unean bertan zehaztu daitezkeenak).

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

– Epe laburrera aurreikusitako jardunak, halakorik balego.

Gorabehera edo arazo larriren bat edo istripuz emisio edo isuriren bat egonez gero, berehala jakinarazi beharko zaie SOS Deiak zerbitzuari eta instalazioak kokatuta dauden udalari. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio ingurumen-organoari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gorabeheraren iraupena.

– Isurketa istripuz gertatuz gero, emaria eta isuritako materiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne hartuta.

– Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketa gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kaltetu badezake, titularrak berehala etengo du isurketa hori eta, horrez gain, horren berri ere eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta babes zibilean zein ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS Deiak (112) larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeria aplikatuko da, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

– Lurzoruak paira litzakeen eraginak detektatzea.

Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluko 2. apartatuaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, bat etorriz, betiere, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluko 1.e) apartatuarekin.

Datu hauek aurkeztu beharko dira, lurzoruak paira lezakeen eragin ororen aurrean:

– Aintzat hartutako aldian izan diren gorabeherak, substantzia arriskutsuak direla-eta lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadura sortu ahal izan dutenak.

– Teknikari eskudunak sinatutako adierazpena, instalazioan hartutako neurrien egoera ez ezik –zolatak iragazgaiztea, drainatzeak, kubetak eta kutxatilak–, larrialdi-egoeran jarduteko bitarteko egokiak eta nahikoak erabilgarri daudela ere egiaztatzen duena. Tresneria eta gainazalak egoera onean daudela egiaztatzen, edo, hala badagokio, horietan antzemandako hutsuneak jasotzen dituen berariazko adierazpena jaso beharko du.

– Lurzorua edo lurpeko urak kutsatuta egon daitezkeela dioen adierazpena, hala badagokio, edo, bestela, horrelako aztarnarik ez dagoela egiaztatzen duen adierazpena.

Apartatu honetan jasotakoa betetzeko aurkeztu behar den informazioa erakunde egiaztatutako batek landu beharko du, lehen aipatutako urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan xedatutakoaren eta organo honek horretarako onar ditzakeen jarraibideetan jasotakoaren arabera.


Azterketa dokumentala