243. zk., 2023ko abenduaren 22a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (260 KB - 24 orri.)
- EPUB (139 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LAN ETA ENPLEGU SAILA
5687
EBAZPENA, 2023ko abenduaren 14koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita 2024ko dirulaguntza-deialdia langile landunei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten langabeei zuzendutako laneratzeko eta berrikuntza soziolaboralerako proiektu bereziak garatzeko.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2023ko abenduaren 14ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, 2024ko dirulaguntza-deialdia onartu du, langile landunei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten langabeei zuzendutako laneratzeko eta berrikuntza soziolaboralerako proiektu bereziak garatzeko. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluko n) apartatuan xedatutakoaren arabera (abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuak emandako idazkeraren arabera), entitate autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea 2024ko dirulaguntza-deialdia, langile landunei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten langabeei zuzendutako laneratzeko eta berrikuntza soziolaboralerako proiektu bereziak garatzeko. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren bidez onartu zen, 2023ko abenduaren 14ko bilkuran, eta ebazpen honi erantsi zaio, eranskin gisa.
Bigarrena.– Aditzera ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntza-deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.
Hirugarrena.– Aditzera ematea ezen, deialdia onartzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 14a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
FRANCISCO PEDRAZA MORENO.
ERANSKINA
2024KO DIRULAGUNTZA-DEIALDIA, LANGILE LANDUNEI ETA LANA LORTZEKO EDO HARI EUSTEKO ZAILTASUNAK DITUZTEN LANGABEEI ZUZENDUTAKO LANERATZEKO ETA BERRIKUNTZA SOZIOLABORALERAKO PROIEKTU BEREZIAK GARATZEKO
Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuan, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako lanbide-heziketa, helburu hauek ezartzen dira, besteak beste: langile langabeen eta landunen bizialdi osoko prestakuntzari bide ematea eta lan-merkatuarekin bat datozen beharrizanetara egokitutako kualifikazioa ematea, aldi berean erantzuna emanda bai enpresen produktibitate- eta lehiakortasun-eskakizunei bai lanbide-sustapenerako eta garapen pertsonalerako helburuei. Prestakuntza horrek Euskal Autonomia Erkidegoko langileak trebatu behar ditu hainbat lanbide modu kualifikatuan gauzatzeko eta enplegurako sarbidea izateko, inolako bazterkeriarik gabe.
Langile langabeak laneratzea da prestakuntza-eskaintza horren helburu nagusia. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore ekonomikoen banakako beharrizanak bete behar ditu prestakuntza-eskaintzak, eta, halaber, lan egiteko moduan dauden pertsonei lan-proiektua gauzatzeko behar dituzten konpetentziak eman eta haien enplegagarritasuna hobetu.
Landunei zuzendutako prestakuntza-eskaintzan, berriz, helburu nagusia da erantzuna ematea enpresen produktibitate- eta lehiakortasun-eskakizunei, ekoizpen-sisteman izandako aldaketetara egokitzeko premiei eta langileek lanbide-sustapenerako eta garapen pertsonalerako dituzten aukerei.
Laneratzeko eta berrikuntza soziolaboralerako proiektu bereziak garatzeko deialdi honen babesean diruz lagundutako jarduketen bidez, gizarteratzeko edo laneratzeko zailtasun handiak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko langile landunei eta langabeei aukera ematen zaie prestakuntza bat izateko, lan-merkatuan sartzea bermatuko duten lan-aktibaziorako ekintzekin batera, prestakuntza-helburuak dituen arreta integraleko proiektu baten bidez. Proiektu horrek hainbat esku-hartze mota bateratu eta koordinatuko ditu beste entitate publiko edo pribatu batzuekin, parte-hartzaileen enplegagarritasuna funtsean hobetzeko.
Erabaki honetan arautzen diren finantzabideei esker egingo diren prestakuntza-ekintzen bidez, prestakuntza-eskaintza zabala emango zaie Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei eta landunei, eta, horrela, modu eraginkorrean hobetu ahal izango dute bai beren enplegagarritasuna, duten trebakuntzaren edo prestakuntzazko eguneratzearen bidez, eta bai beren lan-aktibazioa; hartara, kalitate eta iraupen handiagoko lanpostuak eskuratu ahal izango dituzte. Xede nagusia da parte-hartzaileak lan-merkatuan sartzea.
Deialdi honen garapenerako eta jasangarritasunerako, enplegurako lanbide-heziketaren arau-esparruaren osagarri ditugu Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legea.
1/2013 Legeak azpimarratzen du lanbide-heziketaren eskaintza integratu bat egin beharra, titulartasun publikoko nahiz pribatuko zentro-sare zabal baten bidez, bai hasierako lanbide-heziketan bai enplegurako lanbide-heziketan. Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak aurrera egiten du zentzu horretan, hain zuzen, lanbide-heziketako sistema integratu horretatik abiatuta, lanbide-heziketako eredu konbinatua sortzeko, zeinak berrikuntza aplikatuaren eta ekintzailetzaren arloko ikaskuntzak ere jasotzen baititu. Lanbide-heziketako euskal sistemaren helburuen artean, 4/2018 Legeak jasotzen du emaitzen araberako ikaskuntzaren ikuspegian oinarritutako prestakuntza-sistema malguak eratzea. Horretarako, ikaskuntza-ibilbide batzuk erabiliko dira, dauden prestakuntza-eskaintzen eta hezkuntza- eta lan-sistemaren mailen arteko transferentzia ahalbidetuko dutenak. Horrez gain, sail arteko organo bat eratzen du, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloko eta enplegurako lanbide-heziketaren arloko eskumenen koordinazioa bermatzeko.
Erabaki honetan aipatzen den prestakuntza-eskaintzaren kudeaketa, halaber, aplikatzekoa den estatu-araudiari egokitu behar zaio. Ildo horretatik, prestakuntza egiaztagarriari dagokionez, nabarmentzekoa da Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoarekin hasitako erreforma garrantzitsua, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuak garatutakoa oraindik orain.
Arau horren helburua da Lanbide Heziketako Sistema bakar eta integratu bat antolatzea, prestakuntza guztia egiaztagarria, metagarria eta kapitalizagarria izan dadin. Funtsezko hiru elementuk osatzen dute sistema berri hori: Konpetentzia Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionala, Katalogo Modularra eta Lanbide Heziketako Eskaintzen Katalogo Nazionala.
Lanbide Heziketako eskaintza modu bertikalean eta mailakatuan antolatzen da, bost gradutan (A, B, C, D eta E), guztiak Katalogo Modularreko moduluei buruzkoak (partzialki, A graduaren kasuan), eta Konpetentzia Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionaleko konpetentzia-estandarrei lotuak. C gradua ziurtagiri profesionalei buruzkoa da; A eta B graduak, berriz, eskaintza partzialak eta metagarriak dira, eta «konpetentzia baten egiaztapen partziala» eta «konpetentzia-ziurtagiri» bat eskuratzea dakarte, hurrenez hurren. D eta E graduak bat datoz hezkuntza-sistemako heziketa-zikloekin eta espezializazio-ikastaroekin.
3/2022 Lege Organikoaren azken xedapenetako bosgarrenak lau urteko epea aurreikusi zuen lege organikoan bertan jasotako Lanbide Heziketako Sistema ezartzeko. Egutegia apirilaren 11ko 278/2023 Errege Dekretuaren bidez onartu zen, eta, horren arabera, 2023ko irailaren 1erako arautu, antolatu eta garatu behar ziren sistema osatzen duten elementuak, lehenago aipatuak, eta 3/2022 Lege Organikoan aurreikusitako kudeaketa-tresnak. Hala ere, oraindik ez dira onartu arau- eta antolaketa-garapen horiek.
Enplegurako lanbide-heziketari dagokionez, 3/2022 Lege Organikoak partzialki indargabetu zuen sistema hori arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea; izan ere, oso enuntziatu generikoa erabilita, lege organikoan ezarritakoaren aurkako xedapen guztiak indargabetuta geratzen direla aipatzen du, eta xedapen horien aldaketa iragartzen du, oso argigarria izango zena baina oraindik egin ez dena.
Profesionaltasun-ziurtagiriei dagokienez, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuak indarrik gabe utzi du ziurtagiri horiek arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua (salbu eta IV. eranskina eta 62/2022 Errege Dekretuan bildutako erreferentziak). Nolanahi ere, 659/2023 Errege Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrean eta 3/2022 Lege Organikoaren bigarren xedapen iragankorrean xedatutakoaren arabera, «Erregelamendu bidez aldatzen ez den bitartean, indarrean jarraituko du profesionaltasun-ziurtagirien antolamenduak, hura ezartzen duten errege-dekretuetan jasotako eran, eta haien eskaintza Lanbide Heziketako Sistemaren C graduetan integratuko da, ziurtagiri profesional izenarekin.» Antzera jasotzen da ezarpen-egutegia ezarri zuen 278/2023 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean.
Halaber, martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak, hirugarren xedapen iragankorrean, eta 659/2023 Errege Dekretuak, laugarren xedapen iragankorrean, xedatzen dutenez, indarrean jarraituko du irailaren 5eko 1128/2003 Errege Dekretuan jasotako Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren antolamenduak, harik eta Konpetentzia Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionalari buruz Legean aurreikusitakoa erregelamendu bidez garatu arte. Berdin aurreikusten da Katalogo Modularrerako.
Erabaki honen indarraldia kontuan hartuta, erabakiaren klausuletan islatzen da egoera iragankor hau, prestakuntza egiaztagarriari dagokionez gauden egoera.
Bestalde, erabaki honetan aipatzen den prestakuntza-eskaintza kudeatzean, aintzat hartu beharko da urtarrilaren 25eko 62/2022 Errege Dekretuan xedatutakoa, zeinak malgutzen baititu bai profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzera bideratutako lanbide-heziketako eskaintzak emateko eskatzen diren eskakizunak, bai enplegurako lanbide-heziketako eta hezkuntza-sistemako zentroetako lanbide-heziketako eskaintza.
Ildo horretatik, hezkuntza-administrazioak lanbide-heziketako tituluak edo espezializazio-ikastaroak emateko zentro, espazio eta ekipamenduei ezartzen dizkien eskakizunak egokitzat eta nahikotzat joko dira profesionaltasun-ziurtagiriak emateko, bai eta lanbide-kualifikazio berak osorik edo partez egiaztatzeko diren enplegurako lanbide-heziketako beste prestakuntza-ekintza batzuk emateko ere.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 6.1 artikuluari jarraikiz, Lan eta Enplegu Sailari esleitzen zaio enplegu-politika eta «enplegurako lanbide-heziketa, dekretu horren 10.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetza izango du, betiere zerbitzu horren erantzukizunen barruan».
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoa Lan eta Enplegu Sailari atxikita dago, eta, besteak beste, enpleguko, enplegurako prestakuntzako eta autoenpleguaren eta enpresa-sorkuntzaren sustapen-programak kudeatzen ditu, bat etorriz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legearen 3.b) artikuluan ezarritakoarekin.
Halaber, Enplegurako Lanbide Heziketa arautzeko maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak entitate autonomo horri esleitzen dio EAEn enplegurako lanbide-heziketa programatzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko eskumena (9. artikulua).
Enplegurako lanbide-heziketako ekimenen artean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari dagokio langile langabeei eta landunei zuzendutako prestakuntza-eskaintzak garatzea, eta berariazko programei eta gizarteratzeko eta laneratzeko proiektuei buruz dio langileak gizarteratzeko eta laneratzeko ekimenak direla, prestakuntza-helburuak dituen arreta integraleko proiektu baten bitartez. Proiektu horrek hainbat esku-hartze mota bateratzen edo koordinatzen ditu beste entitate publiko edo pribatu batzuekin, parte-hartzaileen enplegagarritasuna funtsean hobetzeko xedez. Enplegu-politika aktibo gisa, langabezia-egoeran daudenei banakako tratamendu espezializatua emateko beharrizana jasotzen du, haien enplegagarritasuna hobetzeko, bai eta landunei ere, haien enpleguaren kalitateari eta enpleguari berari eusten laguntzeko. Gainera, bermatu behar da enpresek giza kapital, enplegu eta prestakuntzan dituzten beharrizanei erantzutea.
82/2012 Dekretuaren 3.b) artikuluan aipatutakoari jarraikiz –besteak beste, Lanbideren eginkizun hauek aipatzen ditu: enplegu-programak, enplegurako prestakuntza programak eta autoenplegua eta enpresen sorrera sustatzeko programak kudeatzea, barne hartuta dagozkien dirulaguntza-deialdiak onartzea eta izapidetzea; enplegua sortzeko jarduna eta ekintzailetza sustatzera bideratutako programak kudeatzea–, eta artikulu hori k) puntuarekin lotuz –laneratzeko eta gizarteratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboentzako enplegu-programa bereziak egiteko programak–, dirulaguntza lerro hau sortu zen. Haren helburua da Lanbideren zerbitzuak deialdi bakarrean koordinatzea eta harmonizatzea, bertan parte hartzen dutenak lan-merkatura sartzea xede duen jarduera integral bat ziurtatuko duen deialdia. Lortutako emaitzak kontuan hartuta, 2024ko ekitaldirako mantendu eta programatu beharreko ekimena da; izan ere, ekintza horien bidez, hartzaileak konpetentzia profesionalak eta pertsonalak eskuratzea, hobetzea edo eguneratzea lortzen du, eta, horrela, enplegagarritasuna hobetzea eta lan-merkatuan sartzea.
Azaldutako guztia oinarri hartuta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren proposamenari jarraikiz, 2023ko abenduaren 14ko egindako bilkuran onartu zuen organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2024ko dirulaguntza-deialdia, langile landunei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten langabeei zuzendutako laneratzeko eta berrikuntza soziolaboralerako proiektu bereziak garatzeko, maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan, zeinaren bidez arautzen baita Euskadiko Enplegurako Lanbide Heziketa, honako baldintza hauen arabera:
1. artikulua.– Xedea.
Deialdi honen xedea da proiektu bereziak finantzatzera bideratutako 2024. urterako laguntzak arautzea, gizarteratzeko eta laneratzeko edo langileen enplegagarritasuna hobetzeko jarduera integralak diren aldetik.
Proiektu bereziak entitate publiko edo pribatu batek edo batzuek bultzatutako proiektuak dira, eta esku-hartze, prestakuntza, orientazio eta enplegu mota desberdinak koordinatzen dituzte, edo proiektu berritzaileak eta/edo esperimentaziokoak, aurrekoaz gain beste jarduera-mota bat barne har dezaketenak. Proiektu guztien helburua da parte-hartzaileen enplegagarritasuna eta gaitasun pertsonal eta profesionalak bultzatzea eta/edo indartzea. Aurkeztutako ekimenak ez dira aintzat hartuko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren beste deialdi batzuetan.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko, 7.000.000 euroko baliabide ekonomikoak bideratu dira, horietatik 3.500.000 euro Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2024ko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak, eta 3.500.000 euro 2025eko konpromiso-kreditukoak.
2.– Baliabideak bi finantzaketa-lerrotan banatuko dira:
a) Kolektibo kalteberentzako proiektu bereziak: 5.600.000 euro; horietatik, 2.800.000 euro 2024ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 2.800.000 euro, 2025eko konpromiso-kredituari.
b) Jarduera-tasa handieneko enpleguei edota lan-merkatuaren beharrizanei lotutako berrikuntza- eta esperimentazio-proiektu bereziak: 1.400.000 euro; horietatik, 700.000 euro 2024ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 700.000 euro, 2025eko konpromiso-kredituari.
Aurkeztutako eskabide guztiak ebatzi ondoren lerroetako batean esleitutako kredituaren soberakina geratuz gero, beste lerroko eskabideak finantzatzeko erabili ahal izango da.
3.– Guztira emango diren laguntzen bolumenak ez du gaindituko aipatutako kopurua edo hori eguneratzetik ateratzen dena, baldin eta aurrekontu-aldaketak onartzen badira indarreko legeriarekin bat eginez, eta, hala bada, testuinguru hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eman beharko da argitara EHAAn.
4.– 2024. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan kreditu nahikoa eta egokia egotearen mende egongo da proiektu berezien deialdia 2024ko eta 2025eko ekitaldietan finantzatzeko laguntzak ebaztea, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako, betiere; agindu horren bidez arautu zen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargutan egiteko diren gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea.
3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.
1.– Deialdi honen barruan diruz lagundu ahalko da proiektu berezien betearazpena. Proiektu bereziak izango dira prestakuntza-, orientazio- eta/edo enplegu-ekintzak, baita proiektu horietan parte hartzen dutenen enplegagarritasuna nabarmen hobetuko duen beste edozer neurri ere.
a) Aurrez aurreko prestakuntza, bai prestakuntza egiaztagarrikoa (profesionaltasun-ziurtagiriak edo lanbide-ziurtagiriak lortzearekin lotutako ekintzak, ibilbide osoen arabera –espezialitateko ordu guztiak programatzean– edo prestakuntza-moduluen arabera programatu daitezkeenak, eta 1., 2. edo 3. mailako kualifikaziokoak izan daitezkeenak), bai prestakuntza egiaztaezina (eskuratutako gaitasunak egiaztatzeko biderik ematen ez duten prestakuntza-espezialitateen katalogoko prestakuntza-ekintzak). Lanpostuan bertan egiteko prestakuntza-ekintzak ere barne har daitezke, prestakuntza eta lana txandakatzekoak.
b) Aurrez aurreko lan-orientaziorako eta laneratzeko ekintzak, laneratze-ibilbide pertsonalizatu bat egitea sustatze aldera, parte hartzen dutenen jarraipen pertsonala eta emaitzen ebaluazioa egiteko.
c) Enplegu-aukeren prospekzioa, agente kontratatzaileak izan daitezkeenekin harremanetan jartzeko eta haiek inplikatzeko, lan-merkatuko beharrizanak identifikatuz eta proiektu berezian parte hartzen duten pertsonen kontratazioa bultzatuz.
d) Proiektuari balio bereizgarria ematen dion jarduketa oro, baldin eta haren helburua bada kolektibo hartzailearen enplegagarritasuna hobetzea, eta aurrez deskribatutako hiru jardueretatik bestelakoa bada.
2.– Berrikuntza- eta/edo esperimentazio-proiektu bereziak izango dira elementu berriak sartzen dituztenak (edo lehen ezagutzen ziren elementuen konbinazio berri bat) eta gure ingurune hurbileko alternatibak baino balio handiagoa ematen dutenak. Berrikuntza bai edukietan, bai egiteko moduetan egon daiteke, proiektuaren edozein fasetan, eta proiektuak jarduera-tasa handieneko enpleguetan aktibatzea eta laneratzea edota lan-merkatuaren beharrizanei erantzutea helburu izan beharko du.
3.– Proiektu bereziak beste administrazio publiko baten edo beste entitate baten finantzaketa ekonomikoa jaso ahal izango du bertan aurkeztutako ekintza diruz lagungarriak egikaritzeko; kasu horretan, eskabidean zehaztuko da, 6.3.A.4 eta 6.3.B.4 artikuluetan ezarritakoari jarraituz.
4.– Jarduerak garatu eta iraunarazteko adina aurrekontu-zuzkidura izan beharko da.
5.– Proiektu berezia 2024ko ekitaldian hasi beharko da.
6.– Proiektu berezia 2025eko irailaren 30a baino lehen amaitu beharko da, lantokietako prestakuntza praktikoaren modulua barne, hala badagokio.
7.– Salbu eta eskabidean behar bezala azaldutako eta justifikatutako salbuespen kasuetan, pertsona talde berari zuzendutako prestakuntza-ekintza batek edo gehiagok osatutako prestakuntza-ibilbide bakarra jaso ahal izango du proiektu berezi bakoitzak. Hau da, prestakuntza-ekintzak, orientazioa eta/edo prospekzioa eta proiektu berezi batean jasotako gainerako jarduketak pertsona talde berarentzat izango dira.
8.– 5. artikuluan aipatutako entitateetako bakoitzak ezingo du lau proiektu berezitan baino gehiagotan parte hartu, aldi baterako enpresa-elkarte batek aurkeztutako proiektu bereziak barne.
4. artikulua.– Kolektibo hartzaileak.
Proiektu berezien ekintzak kolektibo hauei zuzenduta egongo dira:
1.– Langabeak; zehazki, kolektibo hauek:
a) Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren onuradun diren pertsonak, Inklusiorako eta diru-sarrerak bermatzeko euskal sistemari buruzko abenduaren 22ko 14/2022 Legearen esparruan.
b) Enplegua erregulatzeko espediente baten eraginpean dauden langileak, baita Aukeraberri programan (krisian dauden sektoreetako langileak birkualifikatu eta birkokatzeko) parte hartzen dutenak ere; programa 2021eko uztailaren 13ko bileran onartu zuen Lanbideko Administrazio Kontseiluak.
c) Arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenekoak tarteko edo ezinbesteko kausen ondorioz aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen, lan-kontratuaren etenduren edo lanaldi-murrizketen eraginpean dauden langileak langabetzat hartuko dira ondorio horietarako.
d) Laneratzeko beharrizan espezifikoak dituzten gazteak. Deialdi honen ondorioetarako, 16 eta 30 urte bitarteko pertsonak hartzen dira gaztetzat.
e) Emakumeak.
f) Luzaroko langabeak.
g) 45 urtetik gorakoak.
h) Adingabeak eta/edo mendeko pertsonak ardurapean dituzten pertsonak, baita gizarte-bazterkeriako egoeran edo arriskuan dauden pertsonak ere.
i) Desgaitasuna duten pertsonak.
j) Etorkinak.
k) Atzerrian bizi eta EAEra lanera itzultzeko asmoa duten eta «Itzultzeko borondatea duten pertsonen erregistroa»-n izena emanda dauden langile landunak zein langabeak.
2.– Lanaldi partzialeko kontratu batekin ari diren landunak, baldin eta beren lanaldia lanaldi osoz aritzen den pertsona batek duenaren herena baino laburragoa bada –konparagarriak izan behar dute–. Berrikuntza- eta esperimentazio-proiektuetan, oro har, langile landunek parte hartu ahal izango dute.
3.– Eskabidean markatutako kolektiboetako pertsonek soilik parte hartu ahal izango dute proiektuan, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan edo beste enplegu-zerbitzu publiko batean enplegu-eskatzaile gisa eta/edo enplegu-hobekuntzaren eskatzaile gisa inskribatuta badaude.
5. artikulua.– Entitate onuradunak.
1.– Deialdi honen esparruan, entitate hauek izan ahalko dira kofinantzaketaren onuradun, horretarako eskabidea aurkeztu ondoren:
a) Kolektibo kalteberentzako proiektu bereziak:
– Foru-aldundiak eta foru-sektore publikoa.
– EAEko udalak eta tokiko sektore publikoko entitateak.
– EAEko sektore publikoko entitateak.
– EAEko tokiko edo eskualdeko garapenerako agentziak eta horiekin lotutako elkarteak.
– Prestakuntza-entitate pribatu akreditatuak, irabazteko asmorik gabekoak, eta/edo dagokion Prestakuntza Entitateen Erregistroan agertzen direnak.
– Hezkuntza Sailaren edo Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko prestakuntza-entitateak.
– Diruz lagundutako jarduera EAEn egiteko bitarteko egokiak dituzten entitateak, baldin eta merkataritza-jarduera xede sozial baten mende badago, lehentasunez, eta azken hamar urteetan irabazien % 70 gutxienez entitatearen xede soziala lortzeko berrinbertitu badute. Hori egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztuko dira, non eta lehenago aurkeztu izanagatik Lanbiden jasota ez dauden.
Zuzendaritza kudeatzaileak hori egiaztatzeko egokitzat jotzen dituen dokumentuak eskatu ahalko ditu, hala nola: ikuskapen-ziurtagiriak, emaitzen kontuak, irabaziak xede sozialetan aplikatu izanaren egiaztagiriak, etab.
Prestakuntza-entitateen kasu guztietan, Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren lehenengo xedapen iragankorrean xedatzen denez, egun enplegurako lanbide-heziketako ekintzak emateko baimenduta eta akreditatuta dauden ikastetxe eta entitateek lege honetan jasotzen diren Lanbide Heziketako Sistemaren eskaintzak emateko baimen-baldintza berak izango dituzte, harik eta Lanbide Heziketako Zentroen Erregistro Nagusian inskribatzeko prozesua erregelamendu bidez arautzen den arte.
b) Berrikuntza- eta esperimentazio-proiektu bereziak:
Aurreko puntuan aipatutako entitate guztiak, baita prestakuntza-entitate pribatu akreditatuak, irabazi-asmorik gabeak eta/edo dagokion Prestakuntza Entitateen Erregistroan agertzen direnak ere.
2.– Noizean behin eta proiektu berezi bat zuzen garatzeko beharrezko baliabideak eta bitartekoak arrazionalizatzeko helburuarekin, lankidetza ahalbidetuko da a) apartatuan dauden entitateen artean, kolektibo kalteberentzako proiektu berezien kasuan, eta b) apartatuan dauden entitateen artean, berrikuntza- eta esperimentazio-proiektu berezien kasuan.
Eskabidea formalizatzeko, proiektu berezi horretan parte hartzeko interesa duten entitateek, eskabidearen aurretik, legez eratu beharko dira, honako modu hauetako batean:
A) Aldi baterako enpresa-elkarte bat. Kasu horretan, entitateetako bat aukeratu beharko da elkartea ordezkatzeko eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin harremanetan jartzeko, edo
B) Zuzenbide publikoko partzuergo bat, hainbat Administrazio Publikoren edo sektore publiko instituzionala osatzen duten entitateen artean, edo entitate pribatuen parte-hartzearekin.
3.– Entitate onuradunek proiektu berezia bermearekin garatzeko behar diren baliabide teknikoak eta giza baliabideak egiaztatu beharko dituzte.
4.– Aurreko paragrafoetan adierazitakoaz gain, entitate onuradunek honako eskakizun hauek bete beharko dituzte:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten badu, baldintza hori betetzen duela frogatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
b) Proiektuaren kostua baino gehiagoko dirulaguntzarik jaso ez izana deialdi honen barruan diruz lagundutako jarduerak egiteko.
c) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administratiborik, honako arrazoi hauengatik ezarritakoak barne:
– Sexu-bazterkeriagatik ezarritako zehapena, lege hauetan ezarritakoaren arabera: Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legea (martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa.
– Ebazpen irmo baten bidez zehapen osagarri bat jasotzeagatik, Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 46.1.b) eta 46.bis.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.
d) Dirulaguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izatea.
e) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 3. artikuluetan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.
f) Berdintasun-plan bat indarrean izatea, baldin eta horretara behartuta dagoen enpresa bat bada, edo egiaztatzea sexu-jazarpena, sexuagatiko jazarpena eta sexu-indarkeriak prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri izana Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera (2023ko apirilaren 14ko BOE, 89. zk.).
g) 30.000 euro baino gehiagoko dirulaguntzetan, eta eskatzailea zuzenbide publikoko entitateaz bestelako irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 3 bis apartatuan aurreikusitako baldintzetan betetzea Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak.
Eskakizun hori betetzat joko da Enpresak sortu eta handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarreneko d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren bestekoa edo handiagoa denean abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epea baino lehen).
h) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan xedatzen diren gainerako egoeraren batean.
5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 4. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatu beharko da; adierazpen hori eskabide-orrian jasota dago.
Aurreko g) apartatuan jasotako eskakizuna egiaztatzeko, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
– Baldin eta pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak galdu-irabazien kontu laburtua kontabilitate-araudiaren arabera aurkez badezake, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) apartatuan aurreikusitako ziurtagiriaren bidez, Lanbidek emandako ereduaren arabera.
Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.
– Baldin eta eskatzaile horrek ezin badu galdu-irabazien kontu laburtua kontabilitate-araudiaren arabera aurkeztu, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) apartatuan aipatutako dokumentuen bidez, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukiarekin; edo ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, aipatutako letraren 2. zenbakian eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko Erregelamenduko 22 bis artikuluan aurreikusitako baldintzetan.
Aurreko paragrafoan adierazitako dokumentuak aurkezteko eskatuko die Lanbidek entitate eskatzaileei, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik.
6.– Prestakuntza-ekintzak hasi aurretik, entitateek irakatsi nahi dituzten prestakuntza-espezialitateetan akreditatuta eta/edo inskribatuta egon behar dute, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatzen duen prestakuntza-entitateen erregistroan, enplegurako prestakuntza-entitateen beste erregistro autonomiko batean edo Prestakuntza Entitateen Estatuko Erregistroan.
7.– Enplegu-aukerak aztertzeko ekintzak (lan-eskaintzak hautematea, erregistratzea eta kudeatzea) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin bitartekotza-zerbitzua emateko lankidetzan diharduten entitateek egin ahalko dituzte, Lanbideko zuzendari nagusiaren 2022ko urriaren 27ko Ebazpenean aurreikusitako prozedurari jarraikiz (2022-11-07ko EHAA, 212. zk.). Aurrekoez gain, aurreko prozeduraren arabera Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntzaileak izan ez arren enplegu-agentzia gisa eratuta ez dauden entitate onuradunek ere enplegu-aukerak aztertzeko ekintza osagarriak egin ahal izango dituzte, proiektu bereziko parte-hartzaileekin soilik, Enpleguari buruzko 3/2003 Legearen 41. artikuluko 2. apartatuan jasotzen den bezala.
8.– Orientazio-ekintzak pertsona fisikoek edo juridikoek, publikoek zein pribatuek egin ahal izango dituzte, orientazioko jarduketa egitean hauek dituztenak:
a) Interneterako banda zabaleko sarbide eraginkorra, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sistemarekin konektatzeko.
b) Tableta grafikoko periferiko bat, sinadura digitala jasotzeko euskarri modura. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko informazio-sistemara konektaturik egon behar du, eta, horrez gain, bateragarria izan beharko du STU 430 modeloari edo baliokideari dagokion WACOM gailuarekin, eta haren zehaztapen teknikoak bete behar ditu.
Orientazio-ekintzak egiten dituzten langileak teknikari gisa kontratatuko dira, eta unibertsitate-ikasketak amaituta izango dituzte.
6. artikulua.– Eskabideak eta dokumentu osagarriak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea 2024ko urtarrilaren 9an hasiko da, eta urte bereko otsailaren 9an amaituko.
2.– Deialdi honen esparruko dirulaguntzak jasotzeko eskabideak elektronikoki izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aplikazio informatikoaren bidez (LanF), eta entitatearen legezko ordezkaria den pertsonaren sinadura izan beharko dute.
Aplikazio horretara sarbiderik ez duten entitateek edo enpresek Lanbideren web-orriaren bidez eskatu ahal izango dute: www.lanbide.euskadi.eus
Honako helbide honetan eskuratu daiteke administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dituena: https://www.euskadi.eus/servicios/1050207
Eskabidea elektronikoki izapidetu ahal izango da ordezkari baten bitartez. Horretarako, ordezkaritza Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
3.– Dirulaguntzaren eskabidea LanF prestakuntza-aplikazio informatikoan beteko da. Jarraian azaltzen diren eremuak bete beharko dira finantzaketa-lerro bakoitzeko:
A) Kolektibo kalteberentzako proiektu bereziak, 2.2.a) artikuluan aipatutako finantzaketa-lerroaren arabera.
1) Proiektuaren izena. Proiektu bereziaren datu orokorrak.
2) Helburu orokorra.
3) Proiektua koordinatzeko harremanetarako pertsona(k) eta bere(n) datuak.
4) Halakorik bada, proiektua kofinantzatzen duen entitatea, eskabidean aurkeztutako jarduketa diruz lagungarrietarako; zenbatekoa, eta entitate kofinantzatzaileko harremanetarako pertsona.
5) Proiektuaren deskribapen zehatza.
6) Kolektibo hartzaileak.
7) Prestakuntza-ekintzak.
1) Egikaritze-aldia.
2) Entitate betearazlea.
8) Orientazio-ekintzak.
1) Egikaritze-aldia.
2) Entitate betearazlea.
9) Enplegu-aukeren prospekzio-ekintzak.
1) Egikaritze-aldia.
2) Entitate betearazlea.
10) Enplegagarritasuna hobetzeko beste ekintza batzuk.
1) Egikaritze-aldia.
2) Entitate betearazlea.
11) Entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena.
B) Jarduera-tasa handieneko enpleguei edota lan-merkatuaren beharrizanei lotutako berrikuntza- eta esperimentazio-proiektu bereziak, 2.2.b) artikuluan aipatutako finantzaketa-lerroaren arabera:
1) Proiektuaren izena. Proiektu bereziaren datu orokorrak.
2) Helburu orokorra.
3) Proiektua koordinatzeko harremanetarako pertsona(k) eta bere(n) datuak.
4) Halakorik bada, proiektua kofinantzatzen duen entitatea, eskabidean aurkeztutako jarduketa diruz lagungarrietarako; zenbatekoa, eta entitate kofinantzatzaileko harremanetarako pertsona.
5) Proiektuaren deskribapen zehatza.
6) Kolektibo hartzaileak.
7) Berrikuntza eta esperimentazioa. Argudiatzea.
8) Prestakuntza-ekintzak.
1) Egikaritze-aldia.
2) Entitate betearazlea.
9) Orientazio-ekintzak.
1) Egikaritze-aldia.
2) Entitate betearazlea.
10) Enplegu-aukeren prospekzio-ekintzak.
1) Egikaritze-aldia.
2) Entitate betearazlea.
11) Enplegagarritasuna hobetzeko beste ekintza batzuk.
1) Egikaritze-aldia.
2) Entitate betearazlea.
12) Entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena.
4.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
a) Proiektu kofinantzatua bada, 3.3 artikuluan adierazitako moduan, kofinantzaketa egiaztatzeko dokumentuak.
5.– Eskabide bat aurkeztuko da dirulaguntza eskatzen den proiektu berezi bakoitzeko, eta eskabide bakoitza administrazio-espediente bat izango da. Proiektu bat ezin izango da dirulaguntza-lerro bietarako aurkeztu; horrela egiten bada, eskabidea lerro bietan ukatuko da.
6.– Eskabideak ez baditu galdatutako eskakizun guztiak betetzen, entitate interesdunari LanF aplikazioaren bidez jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, akatsa edo gabezia zuzentzeko, edo aurkeztu beharreko dokumentuak bidaltzeko. Hori egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko da, horretarako beharrezkoa den ebazpena eman eta gero.
7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.
1.– Prozedura kudeatu, izapidetu eta ebazteko eskumena duen organoa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendaria izango da.
2.– Emate-prozedura segidako konkurrentzia izango da. Eskabideek deialdi honetako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatuta,
Dirulaguntzak ordenan emango dira, espedientea osatzen den unearen arabera, harik eta jarduketa horietarako aurrekontu-zuzkidura amaitu arte, 2.2 artikuluan aipatutako finantzaketa-lerroen arabera.
Dirulaguntzen emate-eskabideak ukatu egingo dira baldin eta dagokien aurrekontuan kreditu egoki eta nahikorik ez badago, eta inguruabar horren berri emango da EHAAn, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariaren ebazpena argitaratuta.
2.1.– Eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko helburuarekin, izaera teknikoko ebaluazio-batzorde bat sortuko da. Batzordea pertsona hauek osatuko dute, eta, haiek ez badaude, haien ordezkoek:
Batzordeburua:
– Sara Buesa Rodríguez, Prestazioen eta Inklusioaren zuzendaria.
Idazkaria:
– Veneranda Andrés, Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko teknikaria.
Bokal titularrak:
– Juan Carlos Ibarrola Sáenz de Ugarte, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendaria.
– María Teresa Martínez Granado, Lan Aktibazioko zuzendaria..
– Ángel Altuna Urcelay, Laneratze Zerbitzuko teknikaria.
– Estíbaliz Aguirre Maruri, Prestazio eta Inklusio Zerbitzuko teknikaria.
– Zuriñe López de Arana Prado, Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko teknikaria.
Ordezko bokalak:
– Eduardo Campo Guillerna, Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko koordinatzailea.
– Mercedes Sánchez Martínez, Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko teknikaria.
– Jesús María Ordóñez Orzaiz, Laneratze Zerbitzuko arduraduna.
– Aintzane Garamendi Torres, Prestazio eta Inklusio Zerbitzuko teknikaria.
2.2.– Ebaluazio-batzorde horretako kideen izenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunean (https://www.lanbide.euskadi.eus) argitaratuko dira.
Ebaluazio-batzordea balio osoz eratutzat joko da batzordeburua eta idazkaria (edo, hala dagokionean, haien ordezkoak) eta gutxienez kideen erdiak bertaratzen direnean. Batzordeburua ez badago, bokaletako bat izango da batzordeburu, arestian aipatutako hurrenkeran. Idazkaria ez badago, bokaletako bat izango da batzordeburu, arestian aipatutako hurrenkeraren alderantzizkoan.
2.3.– Balioespen-batzordeak ezaguera-arlo jakin batzuetako adituen aholkularitza eskatu ahalko du eskabideak aztertzeko orduan, ebaluatu beharreko irizpidearen edo azpi-irizpidearen izaerarengatik gomendagarria denean.
2.4.– Eskabideak aztertzean, balioespen-batzordeak dokumentu osagarria aurkezteko eskatu ahalko die eskatzaileei aurkeztutako proposamena hobeto ulertzeko beharrezkoa bada.
2.5.– Eskabideak balioetsi ondoren, balioespen-batzordeak aurkeztu diren eskabideei buruzko ebazpen-proposamena egin eta helaraziko dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariari.
2.6.– Agindu honetan aurreikusi gabeko alderdi guztietarako, balioespen-batzordea kide anitzeko organoen funtzionamenduari buruzko arauei lotuko zaie, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluaren II. kapituluaren hirugarren atalean xedatutakoaren arabera.
3.– Balioespen-batzordeak egindako ebazpen-proposamena ikusirik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak emate-erabakia edo laguntza ukatzea aginduko du proiektu bereziak egiteko, eta agindu hori banaka jakinaraziko da.
4.– Ebazpena LanF aplikazio informatikoaren bidez jakinaraziko da, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orrian argitaratuko; hamar egun balioduneko epea emango da, emate-erabakia jakinarazten denetik aurrera, entitate onuradunek dirulaguntza onar dezaten. Epe hori igaro ondoren dirulaguntza onartu ez bada, uko egin zaiola ulertuko da.
5.– Eskabidea onartzen ez bada, ebazpenean horren arrazoi zehatzak adieraziko dira, ezarritako eskakizunetan eta balioespen-irizpideetan oinarrituta.
Emate-ebazpenak honako eduki hauek izango ditu, gutxienez:
– Entitate onuradunaren izena eta IFZ.
– Proiektu bereziaren izena.
– Laguntzaren zenbateko osoa eta diruz lagundutako jarduketa bakoitzaren zenbatekoa.
– Xedea.
– Ordaintzeko moduak eta epeak.
– Justifikatzeko modua.
6.– Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa da, eskabidea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erregistroan sartzen den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan entitate interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, dirulaguntza-eskabidea ezetsi dela ulertuko da.
7.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
8.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariaren ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da aditzera zer entitatek jaso duten dirulaguntza deialdi honen babesean, eta zenbateko laguntza jaso duten.
9.– Entitate onuradunek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jaso badituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorretik edo haren organismo autonomoetatik, eta laguntza horien inguruko itzulketa- edo zehapen-prozesuren bat izapidetzen ari bada, prozesu horrek amaituta egon behar du entitate horiei dirulaguntza esleitzeko edo esleituta dutenei dagokiena ordaintzeko.
10.– Dirulaguntza ukatzeko arrazoi izango dira:
– 4. artikuluan aipatutako kolektibo hartzaileei zuzentzen ez zaizkien eskabideak.
– 2022ko deialdian honako hauek sorrarazi dituzten entitateen proiektu bereziak:
dirulaguntzaren % 40 edo gehiago itzultzea, helburuak ez lortzeagatik edo diruz lagundutako jarduerak ez egikaritzeagatik,
onartutako zenbatekoen % 25 baino gehiago egikaritzeari uko egitea.
ABEEn eta partzuergoen kasuan, ezin izango dute deialdi honetan parte hartu, ABEEk edo partzuergoak ez ezik, ezta haiek osatzen dituzten entitateek ere, zeinen kudeaketak dirulaguntza itzuli beharra ekarri baitu.
Dirulaguntzaren egikaritze- eta/edo itzulketa-ehunekoa kalkulatzeko, emandako zenbatekoa eta justifikazioan azkenean likidatutakoa hartuko dira kontuan. Deialdi berean proiektu berezi bat baino gehiago dituzten entitateen kasuan, proiektuen urteko batezbestekoa kalkulatuko da.
8. artikulua.– Parte-hartzaileen aukeraketa.
1.– Proiektu berezi bakoitzeko parte-hartzaileen aurrehautaketa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egingo du, Lanbiden edo beste enplegu-zerbitzu publiko batean izena emanda dauden enplegu-eskatzaileen artean; parte-hartzaile horiek 4. artikuluan deskribatutako kolektiboren batekoak izan beharko dute, eta eskabidearen sarrera-profilean deskribatutako ezaugarriak izan beharko dituzte.
2.– Proiektu berezietan parte hartuko duten ikasleen azken hautaketa entitate onuradunak egingo du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bidalitako hautagaiak kontuan hartuta. Ondorio horietarako, entitate emailea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Prestakuntza Kudeaketaren (LanF) aplikazioan sartu ahalko da izena eman duten hautagai guztien informazioa eskuratzeko, eta hautaketa-prozesua programatutako ekintzak hasi baino behar besteko aurrerapenez eta behar besteko bermearekin egingo du.
3.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak bete beharko dira. Ildo horretatik, profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak lortzeko prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko, 659/2023 Errege Dekretuaren 75. artikuluan eta bosgarren xedapen gehigarrian ezarritako sarbide-eskakizunak bete beharko dira.
Era berean, prestakuntza-espezialitateen katalogoan jasotako prestakuntza-espezialitateren bateko prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi dutenek katalogoan espezialitate bakoitzerako ezarritako sarbide-baldintzak bete behar dituzte.
Behar den guztietan eta proiektuak arrakasta duela bermatzeko, hautaketa-proba bat egin ahal izango da, Lanbideko teknikariekin aurretiaz adostu ondoren, ekintzak ondo aprobetxatzen direla eta taldea maila akademikoan homogeneoa dela ziurtatzeko. Proba hori LanF aplikazioko dagokion atalean erantsiko da.
4.– Proiektu berezia 4. artikuluan zehaztutako kolektiboetako bateko baino gehiagotako parte-hartzaileei zuzenduta badago, proiektu berezian sartzeko eskakizunak betetzen dituzten pertsonen artetik, honako lehentasun-hurrenkera hau ezartzen da:
1.a 4.1.a), b) eta c) artikuluan aipatutako kolektiboak.
2.a 4.1.f) eta g) artikuluan aipatutako kolektiboak.
3.a 4.1. d), e), h), i), j) eta k) artikuluan aipatutako kolektiboak.
4.a 4.2 artikuluan aipatutako kolektiboak.
5.– Pertsona berak ezin izango ditu bi ikastaro batera egin baldin eta ikastaroan sartzeko eskakizunak betetzen dituen beste norbaiten eskabidea jaso bada.
6.– Hautaketa amaitu ondoren, entitate onuradunek hautaketa horren emaitza jakinarazi beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, LanF aplikazioaren bidez.
7.– Entitate onuradunak edo prestakuntza-zentroak, hala badagokio, proiektu berezian parte hartzeko hautatuak izan direnen eta erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrendak prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago, gutxienez, erakutsi beharko ditu bere instalazioetan eta hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean, proiektu berezia non, noiz eta zer ordutan egingo den adierazita.
9. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako proiektu bakoitza osatzen duten ekintzen gehieneko prezioaren eta kofinantzaketaren (halakorik bada) zenbatekoaren arteko aldea.
2.– Ekintza mota bakoitzaren dirulaguntzaren zenbatekoa honako hauek aintzat hartuta kalkulatuko da:
A) Prestakuntza-ekintzen kostua ezin izango da izan 123,36 euro/ordu/talde baino handiagoa, baldin eta parte-hartzaileak 14 edo gehiago badira.
Parte-hartzaile kopurua 14 baino txikiagoa denean, 8,97 euroko modulu ekonomikoa aplikatuko da parte-hartzaile eta prestakuntza-ordu bakoitzeko, salbu eta profesionaltasun-ziurtagirietan edo lanbide-ziurtagirietan, horietan irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduan aurreikusitako gehienekoak errespetatu behar baitira.
Prestakuntza-ekintzak gehienez hogei eta gutxienez hamar parte-hartzaile dituzten taldeentzat onartuko dira. Ezin izango da prestakuntza-ekintza bat hasi hamar parte-hartzaile baino gutxiagorekin, salbu eta justifikatuta badago eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aldez aurretik baimena ematen badu.
Salbuespenez, eta prestakuntzaren kalitatea bermatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimena eman ondoren, prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenen kopurua zortzira ere murriztu ahalko da, baldin eta proiektua egingo duen kolektiboa desgaitasunen bat dutenekin osatuta badago.
Dirulaguntzaren zenbatekoa Lanbidek baimendutako jardueren zuzeneko eta zeharkako gastuak ordaintzera bideratuko da. Zuzeneko gastuen artean sartzen dira funtzionamendu-gastuak, baita zeharkakoetan sartzen ez diren langileen gastuak ere. Hauek dira zeharkako gastuak: pertsonal-gastuak (zuzendaria), administrazio-langileen gastuak, berokuntza, argia, garbiketa, instalazioen asegurua, su-itzalgailuak, alarmak, kanpoarekiko komunikazioak, bilerak, hitzaldiak, ikastaroak eta beste batzuk, lokomozioa eta enpresekin egin beharreko kudeaketak, fotokopiak (administrazio-arloa), bulego-materiala eta material informatikoa, ura, farmazia-produktuak, aholkularitza- eta gestoria-zerbitzuak, telefonoa eta Internet, administrazio-sailerako softwarea, langileentzako mutualitateak, kalitate-sistemak, eta igogailuen konponketak. Zeharkako gastuek ezin izango dute gainditu dirulaguntza osoaren % 10.
B) Lan-aktibazioarekin eta enplegu-aukeren prospekzioarekin lotutako ekintzetan, ezin dira zenbateko hauek gainditu:
– Enplegurako orientazio-ekintza eta -zerbitzuetarako eta laguntza-prozesuetarako zenbatekoa 38,00 euro/ordu izango da. Dirulaguntzaren zenbatekoa zuzeneko eta zeharkako gastuak ordaintzera bideratuko da.
– Enplegu-aukeren prospekzio-ekintzen zenbatekoa 157,00 euro izango da, lortutako kontratua hiru hilabetekoa denean eta % 50eko lanaldia duenean. Ordaindu beharreko zenbatekoa handitu egingo da honako taula honetan definitutako arrazoiak gertatzen direnean:
(Ikus .PDF)
Finantzatu daitezkeen prospekzio-ekintzatzat hartuko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartekotza-aplikazioan eskaintza bildu, erregistratu eta kudeatzeko jarduerak, baldin eta proiektuan parte hartzen duten pertsonen lan-kontratua badakarte.
C) Enplegagarritasuna hobetzea ziurtatzen duten gainerako ekintzei dagokienez, gehieneko kostua 38,13 euro orduko izango da.
3.– 5. artikuluan aipatutako entitate bakoitzak guztira ezingo du jaso deialdi honen 2.2 artikuluan adierazitako finantza-lerro bakoitzeko baliabide ekonomikoen % 10 baino gehiagoko dirulaguntza, zenbat proiektu berezitan parte hartzen duen gorabehera.
4.– Proiektu bakoitzeko dirulaguntzaren zenbatekoak ez du gaindituko proiektuaren kostu osoari kofinantzaketa (halakorik bada) kendu ondoren geratzen den kopurua.
10. artikulua.– Diruz lagunduko ekintzak gauzatzea.
1.– Entitate onuradunek diruz lagundutako ekintzak partez edo osorik azpikontratatu ahalko dituzte.
Kontratatzen baditu, onuradunak, gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu kontratuen zenbatekoak munta txikiko kontratuen zenbatekoa, azpikontratazioaren unea indarrean dagoen kontratu-araudian aurreikusitakoa, gainditzen duenean, ezaugarri bereziengatik merkatuan zerbitzua ematen duen nahikoa entitate ez badago. Aurkeztutako eskaintzen arteko aukera eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta berariaz justifikatuko da memoria batean, aukeratutakoa ez bada proposamen ekonomiko onena.
Era berean, entitate onuradunak aurrez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena eskatu beharko du hirugarrenekin azpikontratatutako prestakuntza-jardueraren zenbatekoa dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20tik gorakoa denean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean edo kontratua hari lotuta dauden pertsona edo entitateekin sinatuko denean. Azken kasu horretan, gainera, kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egin behar da. Horretarako, baimen-eskabidearekin batera, sinatu nahi den kontratuaren kopia aurkeztuko da, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak ebatziko du. Baimena eman dela ulertuko da, eskabidea aurkeztu eta hogei egun balioduneko epean esanbidez ebatzi ez bada.
Dena den, apartatu honetan aurreikusi ez denerako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. eta 31.3 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da zuzenean.
2.– Prestakuntza-ekintzen arabera, dirulaguntzaren prestakuntza-entitate onuradunek zuzenean egikarituko dituzte prestakuntza-ekintza horiek eta ezingo dute hirugarrenekin kontratatu.
Diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko. Irakasleak kontratatzea pertsona fisikoak kontratatzea baino ez da.
3.– Gainera, prestakuntza-jardueretan, kontuan izan beharko dira honako hauek:
a) Hasieran onartutako ikasleez gain, beste bi gehiago bertaratu ahal izango dira prestakuntza-ekintzara, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketa jasotzeko eskubiderik gabe, baldin eta prestakuntza-zentroek hala eskatzen badute hasierako komunikazioan, betiere instalazioak eta ekipoak badituzte eta ikasle guztientzako berdintasun-baldintzak bermatzen badira. Baimena eman aurretik egiaztatuko da bai instalazioak eta ekipamenduak erabilgarri daudela, bai, eskatutako parte-hartzaileen kopurua, baldin eta profesionaltasun-ziurtagiri bat edo lanbide-ziurtagiri bat ematen bada.
b) Langabeek ezingo dute prestakuntza-ekintzetan egunean zortzi ordu baino gehiagoz parte hartu. Nolanahi ere, astean ez dira 40 ordu baino gehiago egingo. Muga horietan sartuko dira, hala dagokienean, lantokiko prestakuntza praktikoaren moduluko orduak.
c) Prestakuntza-ekintza hasi ondoren, erregulartasunez burutuko da, eta prestakuntza-zentroak ezingo du aldi baterako eten, salbu eta ezinbesteko kasuan, behar bezala justifikatuta eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartuta.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-ekintza bat kautelaz eten ahal izango du, baldin eta prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten anomaliak hautematen badira.
d) Ikasleren batek prestakuntza-ekintza uzten badu, beste parte-hartzaile bat sartu ahal izango da bere lekuan. Prestakuntza-jardueraren iraupenaren ehuneko 25era iritsi baino lehen onartuko da ordeztea, salbu eta profesionaltasun-ziurtagiriei edo lanbide-ziurtagiriei loturiko prestakuntza-jardueren kasuan; kasu horretan, soilik onartuko da ordeztea baldin eta prestakuntza-jarduera hasi eta lehenengo bost eskola-egunetan ordezten bada, eta, betiere, ehuneko hori gainditu ez bada.
e) Prestakuntzaren helburua ez bada profesionaltasun-ziurtagiriak edo lanbide-ziurtagiriak lortzea, lanekoak ez diren lanbide-praktikek ezingo dute 200 ordu baino gehiago iraun, oro har, eta prestakuntza-ekintza amaitu osteko lehen bi hilabeteetan hasi beharko dira.
Prestakuntzaren helburua ziurtagiri profesionalak (C graduak) lortzea bada, enpresako prestakuntza uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 71. artikuluan aurreikusitako baldintzetan garatuko da. Enpresak uste badu iraupena eta eduki horiek ez direla nahikoak, praktikaldia luzatu ahal izango du lanez kanpoko praktikako akordio osagarri baten bitartez. Nolanahi ere, praktikaldi biek batera ezingo dute 200 ordu baino gehiago iraun.
f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta prestakuntzaren emaitzez harago doan lana da, eta kalitatea bermatzeko balio izango du.
Jarduketa-plan bat ezarriko da, deialdian ezarritako eskakizunak betetzen diren eta proiektu bereziak erregulartasunez garatzen diren egiaztatzeko eta, hala badagokio, dagozkion neurri zuzentzaileak ezartzeko. Jarduketa horiek barne hartuko dute prestakuntza-jardueraren jarraipena, ematen den tokian eta toki horretatik kanpo, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak egikaritzen diren bitartean eta/edo amaitu ondoren, dokumentuen bidez eta frogagiri fisikoen bidez.
g) Ikastaroaren hasieran, gutxienez honako material hau emango diote prestakuntza-zentroek prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duen bakoitzari:
– espezialitatearen eduki guztiak biltzen dituen eskuliburu bat, editatua edo euskarri informatikoan,
– ikastaroa zuzen garatzeko beharrezkoa den idazmahaiko materiala, eta
– behar diren babes-elementuak.
Zentroek berariaz jakinarazi beharko dute material didaktiko horiek eta sortutako beste material batzuek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketa izan dutela.
Era berean, zer eskubide eta betebehar dituzten azalduko diete ikasleei, baita kanporatzeko arrazoiak eta prozedurak ere.
4.– Orientazio-ekintzak egikaritzeari dagokionez, kontuan izan behar dira jarraian ezartzen diren mugak:
Banakako ekintzak. Gehieneko arreta-denbora pertsonako eta eguneko: 1,5 ordu.
Taldeko ekintzak. Gehieneko iraupena eguneko: 4 ordu.
Pertsona bati ematen zaion arreta osoaren gehieneko denbora (banakako ekintza eta taldeko ekintza): 20 ordu.
5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako jarduketak doakoak izango dira parte-hartzaileentzat.
6.– Diruz lagundutako jarduerak izaera desberdinekoak badira, ezin izango dira aldi berean egikaritu. Salbuespen gisa ez bada, eta Lanbidek aldez aurretik baimena eman ez badu, parte-hartzaileei ezingo zaizkie zerbitzu desberdinak aldi berean eskaini.
11. artikulua.– Ikasleak baztertzeko arrazoiak eta prozedura.
1.– Hauek izango dira ikasleak baztertzeko arrazoiak:
a) Justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egitea hilean.
b) Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoaren % 25etik gora huts egitea, arrazoia edozein dela ere, justifikatua zein justifikatu gabea.
c) Prestakuntza-ekintzari probetxurik ez ateratzea, edo ekintza behar bezala egitea eragozten duen jokabide desegokia izatea, osasun- eta higiene-arauak ere kontuan hartuta.
2.– Honako hau izango da ikasleak baztertzeko prozedura:
Prestakuntza-zentroak Lanbideko prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, horretarako dagoen eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du, eta ontzat ematen badu, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak baztertzeko prozedura hasteko erabakia argitara emango du. Erabakian, ikaslea baztertzeko proposamenaren arrazoia azalduko da, eta ikasleak bost egun balioduneko epea izango du alegazioak aurkezteko. Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak gehienez hamabost egun balioduneko epean ebatziko du prozedura. Egoerak hala eskatzen badu, behin-behineko neurriak har daitezke baztertze-prozedurari ekiteko erabakian, prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea behin-behinean baztertzea, erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den arte. Ebazpenean adieraziko da zein errekurtso aurkeztu daitekeen.
Asteren batean ikasleren batek prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuruaren % 25 baino gehiago huts egiten badu, edo justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egiten baditu hilabetean, eta ikasleak ekintzara joaten jarraitzen badu, prestakuntza-zentroak horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako Zuzendaritzari, ikaslea baztertzeko prozedura has dezan. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gorako hutsegiteak arrazoi justifikatu batengatik gertatu badira (adibidez, gaixotasuna edo lanean hastea), pertsona horrek geratzen den modulua egiteko aukera izatea aztertu ahal izango da.
Ikasleren batek prestakuntza-ekintzara joateari uzten badio eta ez joateak orduen % 25 gainditzen baldin badu, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura erabili beharrik gabe.
12. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.
1.– Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da:
a) Lehenengo ordainketa entitate onuradunari emandako kopuru osoaren % 50 izango da, onuradunak proiektua egiteko dirulaguntzaren emate-ebazpena onartu ondoren eta proiektu bereziari lotutako jardueretako bat hasi ondoren.
b) Bigarren zatian, gainerako kopurua ordainduko da, proiektua osatzen duten ekintzak egin direla justifikatu ondoren.
Ordainketa aurreratuen zenbatekoa 180.303,63 eurotik gorakoa bada, dirulaguntzaren onuradun den entitateak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintzan zenbateko aurreratua estaltzeko bermea eratu izanaren frogagiria aurkeztu beharko du Lanbiden, dagokion ordainketa egin aurretik.
2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, entitate eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta behar du.
Entitatea erregistroan ez badago edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan agertzen diren banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
13. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa.
1.– Dirulaguntzaren entitate onuradunak proiektu berezia justifikatzeko memoria ekonomikoa aurkeztu beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, LanF aplikazio telematikoaren bidez, honako dokumentu hauekin:
a) Proiektu kofinantzatua bada, dokumentu bidez justifikatuko dira administrazio publikoetatik edo beste entitate batetik jasotako finantzaketaren zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez emandako dirulaguntzaren aurretik eskuratu bada, 3.3 artikuluan aipatzen denari jarraikiz.
2.– Likidazioa proiektuko jarduketa diruz lagungarri bakoitzaren arabera egingo da, benetan egikaritutako ekintzei dagokienez. Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasiera batean onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa.
a) Prestakuntza-ekintzak egiteagatik eskuratutako laguntzen likidazioa bukatu duten ikasleen eta prestakuntza-ekintzen emaitzen arabera egingo da; emaitza horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren LanF prestakuntza-aplikazioko kalifikazioen eta datuen bidez neurtuko dira.
Ikasleek ikastaroa amaitu dutela iritziko da, baldin eta ekintzaren iraupenaren % 75era gutxienez joan badira. Ondorio horietarako, enplegua aurkitzeagatik prestakuntza-ekintza utzi behar izan duten langabeek eta egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik ikastaroan baja hartu duten parte-hartzaileek ere ikastaroa amaitu dutela iritziko da, baldin eta azken bi kasu horietan prestakuntza-jardueraren % 25 gutxienez egin badute. Ekintza bukatu ez duten ikasleen kasuan, prestakuntza-ekintzan benetan parte hartu duten ordu kopurua hartuko da aintzat. Ekintza bakoitza ikasle-kopuru batentzat onetsi da, eta muga horiek errespetatuz egingo da kalkulua.
Ez dira finantzatuko ekintza benetan amaitu duten ikasleak, hau da, ekintzaren iraupenaren % 75era gutxienez bertaratu direnak, baldin eta ez badute bete 14.1.f) artikuluan adierazitako kalitatea ebaluatzeko galdetegia.
b) Orientazio-ekintzak egiteagatik jasotako laguntzak likidatzeko, artatutako pertsona-kopurua eta eskainitako eta horretarako prestatzen den aplikazioan justifikatutako ordu-kopurua hartuko dira kontuan.
c) Prospekzio-ekintzak, hau da, dagokion eskaintza atzeman, erregistratu eta kudeatzearen ondoriozko laguntzen likidazioa egiteko, kontratu batean amaitzen diren laguntzak hartuko dira kontuan, baita kontratatutako pertsona proiektu bereziaren parte-hartzailea izan ote den ere, betiere laguntza horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lan-bitartekaritzaren aplikazioan kudeatu badira.
d) Enplegagarritasuna hobetzeko jardueren ondoriozko laguntzak benetan egikaritutako orduen arabera likidatuko dira; hori egiaztatzeko, beharrezko frogagiriak aurkeztuko dira.
3.– Proiektu bereziaren eta proiektu horren jarduera guztien justifikazioa proiektua amaitzen denetik aurrera hilabeteko epean aurkeztu behar da, eta epemuga 2025eko urriaren 31 izango da.
14. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.
1.– Entitate onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan adierazitakoez gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, bai eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:
a) Dirulaguntza eman den helbururako erabiltzea.
b) Solaskide moduan jardutea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrean.
c) Hautaketa Lanbiden izena emandako pertsonen artean egitea.
d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren kofinantzaketa aipatzea laguntza horien berri emateko material eta ekintza guztietan.
e) Diruz lagundutako jardueren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen gertaera oro jakinaraztea, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako inguruabar objektiboen nahiz subjektiboen aldaketa ere.
f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan jardutea diruz lagundutako jarduera egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko eta kontrolatzeko, ofizioz edo alde batek eskatuta; eta Ekonomia eta Ogasun Sailaren, Lan eta Enplegu Sailaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Europako funtsak kontrolatzen dituzten instantziek egin beharreko egiaztatze- eta kontrol-jardunen eraginpean jartzea, lokal eta instalaziotarako sarbidea eta prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekiko eta elkarrizketatzea beharrezko irizten den gainerakoekiko kontaktua erraztuz.
Era berean, dirulaguntzen onuradunek burutzen duten prestakuntzaren kalitatea ebaluatu eta kontrolatu beharko dute, prestakuntza-planean jasotako prestakuntza-ekintzak kudeatzeko jarduketen artean.
Edonola ere, prestakuntza-ekintza bakoitza amaitu aurretik, parte-hartzaileek kalitateari buruzko galdetegia bete beharko dute; oro har, prestakuntza egiaztagarriko ekintza guztietan, amaierako azterketa egitean emango zaie, baita egiaztaezina den baina amaierako azterketa egitea eskatzen duen prestakuntzaren kasuan ere. Gainerako prestakuntza-ekintzetan, ikastaroaren azken bi egunetan beteko da galdetegia.
Galdetegi horiek telematikoki beteko dituzte ikasleek. Ikastaroa ematen duen entitatearen ardura da ziurtatzea ekintza amaitu duten ikasleek kalitateari buruzko galdetegia betetzen dutela; horretarako, parte-hartzaileen eskura jarriko dituzte beharrezko baliabideak, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleek galdetegia bide telematikoz betetzea ahalbidetzeko. Parte-hartzaileen % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, dirulaguntza 13.2.a) artikuluan aurreikusitako baldintzetan likidatuko da.
g) Deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko enpresak erabiliko duen dokumentu, publizitate, irudi edo material orotan, hizkera ez-sexista erabili beharko du, emakumeen irudi diskriminatzaile edo estereotipo sexista oro saihestu beharko du, eta irudi jakin bat sustatu beharko du, balio hauek izango dituena: berdintasuna, emakume eta gizonen presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna, eta rolen eta genero-identitateen pluraltasuna.
h) Dirulaguntza jaso duen entitateak proiektu berezietako ekintza guztiak egikaritzeaz eta kudeatzeaz arduratu behar du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntzako aplikazio informatikoa erabiliz.
i) Entitate onuradunek proiektu berezietako ekintzetan parte hartuko duten pertsonei helarazi beharko diete 18. artikuluan aipatzen den datu pertsonalen babesari buruzko informazioa.
2.– Entitate onuradunaren ordezkariak edo ahaldunak sinatu beharko dute, dirulaguntza onartzeko unean, izaera pertsonaleko datuei dagokien konpromisoa, datu horien tratamendu-eragile diren aldetik. Konpromiso hori nahitaez onartu beharko dute deialdiaren entitate onuradun guztiek, arlo hori arautzen duen indarreko legerian aurreikusitako baldintzetan.
3.– Entitate onuradunek irakasleei eta prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenei helarazi beharko diete 18. artikuluan aipatzen den datu pertsonalen babesari buruzko informazioa.
15. artikulua.– Dirulaguntzaren aldaketa.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero, hala nola benetan egikaritutako ekintza-kopurua, laguntza betearazteko gauzatutako benetako ordu-kopurua edo bete gabeko eta agindutako helburu operatiboen ehunekoa, emandako dirulaguntza alda daiteke, dirulaguntzen onuraduna izateko deialdi honen 5. artikuluan ezarritako gutxieneko eskakizunak beteta. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzulketa-prozedurari hasiera emango zaio.
16. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.
1.– Ezin izango da eskatu dirulaguntza ordaintzeko, eta, kasu batzuetan, jasotako kopuru osoak edo horien zati bat itzuliko dira, eta dirulaguntza ordaintzen den unetik aurrera ezar daitezkeen berandutze-interesak eskatuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 53.1 artikuluan arautzen diren kasuetan. Eta, bereziki, honako hauetan:
a) Jarduera gauzatu dela egiaztatzeko betebeharra ez betetzea, edota laguntza emateko zein laguntzaz gozatzeko zehaztutako baldintzak eta eskakizunak ez betetzea.
b) Dirulaguntza lortzea, horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe.
c) Jarraipen-lanei eta kontrol-lanei uko egitea edo oztopoak jartzea.
d) Diruz lagundutako ekintzak egikaritzeko baldintzei buruz errealitatearekin bat ez datozen datu faltsuak ematea.
e) Dirulaguntza justifikatzeko, errealitatearekin bat ez datozen datuak edo dokumentuak aurkeztea.
f) Deialdi honetan zehaztutako beste betebehar, baldintza edo eskakizunak ez betetzea.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak abiaraziko du itzulketa-prozedura, eta laguntza jaso duen entitateari jakinaraziko dio, ez-betetzea eragin duen/duten gertaeraren/gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, jakinaraziko dio hamabost egun balioduneko epea duela egoki iritzitako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko.
3.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazio horiek aurkezteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak ebazpena emango du.
Itzulketa-prozedura gehienez hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.
4.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik aurrera gehienez bi hilabeteko epean, dagozkion diru-kopuruak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharra ekarriko du. Epe hori hartuko da borondatezko epetzat.
Itzulketa borondatezko aldian egiten ez bada, itzuli beharrekoak premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.
17. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste entitate publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta horren ondorioz gainfinantzaketa gertatzen ez bada. Kofinantzaketa gertatuz gero, dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da dirulaguntza.
Bestetik, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ez dira bateragarriak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, diruz lagundu daitezkeen beste programa batzuen babespean kontzeptu beragatik edo helburu bererako emandako beste edozein motatako dirulaguntzekin edo laguntzekin edo diru-sarrerekin.
18. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.
Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera honako bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Jasotako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumeneko enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, baita iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.
Datuen titularrek eskubidea dute beren datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta tratamenduaren aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko ere. Horretarako, idatzizko komunikazio bat bidali behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).
Gure webgunean kontsulta daiteke datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza (https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml).
19. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.
1.– Laguntza-programa honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzen duen Erregelamenduan –uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua– bildutako dirulaguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio. Era berean, xedapen hauek aplikatuko dira: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategina–, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (horretan arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezartzen dira horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak).
2.– Dirulaguntza honen xede den prestakuntzari dagokionez, deialdi honetan aurreikusi gabekoetan, hauek aplikatuko dira:
30/2015 Legea, irailaren 9koa, Lan-arloko enplegurako Lanbide Heziketako Sistema arautzen duena, Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Legearen aurka egiten ez duen heinean.
694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, zeinaren bidez arautzen baita Lan-arloko enplegurako Lanbide Heziketako Sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea.
TMS/368/2019 Agindua, martxoaren 28koa, zeinaren bidez garatzen baita uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua, Lan-arloko enplegurako Lanbide Heziketako Sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duena, prestakuntza egiaztagarriari dagokionez.
Prestakuntza egiaztaezinari dagokionez:
EFP/942/2022 Agindua, irailaren 23koa, Administrazio eskudunek Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako lan-arloko Lanbide Heziketako Sistemaren prestakuntza-eskaintza arautzen duena eta hura finantzatzeko baldintzak ezartzen dituena.
3/2022 Legea, martxoaren 31koa, Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzkoa.
659/2023 Errege Dekretua, uztailaren 18koa, 3/2022 Legeak garatzen duen Lanbide Heziketako Sistemaren ordenamendua arautzen duena.