Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

243. zk., 2023ko abenduaren 22a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
5686

EBAZPENA, 2023ko abenduaren 14koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita eremu maskulinizatuetako eta feminizatuetako emakume eta gizon langabeei kontratazio-konpromisoa dakarren prestakuntza emateko eta kontratazioak egiteko eta prestakuntza emateko proiektuetarako 2024ko dirulaguntza-deialdia (Morrokotudak).

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2023ko abenduaren 14an egin zuen bileran hartutako erabakiaren bidez, 2024ko dirulaguntza-deialdia onartu du, eremu maskulinizatuetako eta feminizatuetako emakume eta gizon langabeei kontratazio-konpromisoa dakarren prestakuntza emateko eta kontratazioak egiteko eta prestakuntza emateko proiektuetarako (Morrokotudak). Lanbideren Estatutuak onartzeko maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren 10.2 artikuluko n) apartatuan ezarritakoaren arabera (abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuan emandako idazkeran), entitate autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio erabaki hori argitaratzea.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea eremu maskulinizatuetako eta feminizatuetako emakume eta gizon langabeei kontratazio-konpromisoa dakarren prestakuntza emateko eta kontratazioak egiteko eta prestakuntza emateko proiektuetarako 2024ko dirulaguntza-deialdia (Morrokotudak), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2023ko abenduaren 14ko bileran hartutako erabakiaren bidez onetsia (ebazpen honen eranskinean dago jasota).

Bigarrena.– Jakinaraztea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartutako erabakiak.

Hirugarrena.– Aditzera ematea deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berorri, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 14a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
2024KO DIRULAGUNTZA-DEIALDIA. DIRULAGUNTZA HORIEK EREMU MASKULINIZATUETAKO ETA FEMINIZATUETAKO EMAKUME ETA GIZON LANGABEEI KONTRATAZIO-KONPROMISOA DAKARREN PRESTAKUNTZA EMATEKO ETA KONTRATAZIOAK EGITEKO ETA PRESTAKUNTZA EMATEKO PROIEKTUETARA BIDERATUTA DAUDE (MORROKOTUDAK)

Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako lanbide-heziketa arautzen da. Dekretu horretan, helburu hauek ezartzen dira, besteak beste: langile langabeen eta landunen bizialdi osoko prestakuntzari bide ematea eta lan-merkatuarekin bat datozen beharrizanetara egokitutako kualifikazioa ematea, aldi berean erantzuna emanda bai enpresen produktibitate- eta lehiakortasun-eskakizunei bai lanbide-sustapenerako eta garapen pertsonalerako helburuei. Prestakuntza horrek Euskal Autonomia Erkidegoko langileak trebatu behar ditu hainbat lanbide modu kualifikatuan gauzatzeko eta enplegurako sarbidea izateko, inolako bazterkeriarik gabe.

Langabetuak laneratzea da haiei zuzendutako prestakuntza-ekintza honen helburu nagusia. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore ekonomikoen banakako beharrizanak bete beharko ditu prestakuntza-eskaintzak, eta, halaber, lan egiteko moduan dauden pertsonei lan-proiektua gauzatzeko behar dituzten konpetentziak eman eta haien enplegagarritasuna hobetu.

Landunei zuzendutako prestakuntza-eskaintzan, berriz, helburu nagusia da erantzuna ematea enpresen produktibitate- eta lehiakortasun-eskakizunei, ekoizpen-sisteman izandako aldaketetara egokitzeko premiei eta langileek lanbide-sustapenerako eta garapen pertsonalerako dituzten aukerei.

Horregatik guztiagatik, Euskal Autonomia Erkidegoan instalatuta dauden edo ezarri berri diren enpresek sortutako lanpostu berrietarako prestakuntza espezializatua eta egokia eskaini nahirik, kontuan hartuta prestakuntza-ekintzen lehentasunezko helburua dela langile langabeak produkzio-sistemak eskatzen dituen enpleguetan laneratzea edo birlaneratzea eta prestatutako pertsonen kontratazioa sustatzea, zenbait ekitalditan garatu dira oro har langabeentzako kontratazio-konpromisoa duen lanbide-heziketara bideratutako dirulaguntzen deialdiak. Enpresei langile kualifikatuak eskaintzea da eskaera-trebakuntzaren oinarrian dagoen funtsa, enpresek, halaber, langile kualifikatu horiek behar baitituzte lanerako; deialdi hau horren gainean egituratzen da.

Esparru horretan, langile kualifikatuak kontratatu behar dituzten enpresa guztiek beren beharrizanei erantzun diezaiekete; izan ere, enpresek berek, haien sektore-elkarteek nahiz trakzio-enpresek zein prestakuntza-programa horiek diseinatu eta sustatzeko gai diren prestakuntza-erakundeekin elkarlanean ad hoc diseinatutako prestakuntza-programetan parte hartzen dutenak prestatu, kualifikatu eta enpresa bakoitzari egokitutako gaitasun profesionalez jantzi ditzakete. Helburua da enpresa bakar bat ere ez geratzea bere proiektuak garatzeko langile gaiturik gabe.

Gogoeta horren osagarri, ikusi da egun lan-merkatuan sartzen diren emakumeen profilak bilakaera nabarmena izaten jarraitzen duela, maila paretsuan kokatzeraino gizonen profilarekiko. Hala ere, merkatu horretan oraindik badira ezberdinkeriak: emakumeen behin-behinekotasun handiagoko egoerak, balio bereko lanaren truke soldata txikiagoa jasotzea eta lan-bereizketarako modu berriak (sektorea, jarduera, lanpostua, lanbideak...). Ondorioz, nahiz eta emakumeak lan-merkatuan sartzeko prozesua etengabe hobetzen joan den, ez dira espero ziren erritmoa eta sakontasuna lortu, parekidetasunik eza eta diskriminazioa antzeman baitaitezke emakumeen lan-bizitzan zehar.

Enpresa-jarduera eta generoa kontuan hartuta emakumeen ordezkaritza zein den aztertzen badugu, ikusiko dugu askoz emakume gehiago dagoela lan-prekaritate handiagoa izan ohi duten jarduera-adarretan (gainordezkaritza), prekaritate baxuagoa duten beste jarduera-ardatz batzuen aldean. Genero-desberdintasun horrek desabantaila ugari sortzen dizkie emakumeei, eta, beraz, zaurgarriago bihurtzen ditu lan-merkatura edo autoenplegura sartzeko orduan.

Segregazio horizontala ere ikusi da, eta, bertan, emakumeak gehienbat zerbitzuen sektoreetan metatu ohi dira (ehungintza, bulegoak, txikizkako salmenta, hezkuntza, osasun-jarduerak, etxeko eta gizarteko zerbitzuak...), maskulinizatutzat jotzen diren beste sektore batzuen aldean (esaterako, eraikuntza, manufaktura-industria, garraioa, logistika, edo handizkako merkataritza). Segregazio horizontal hori enplegurako prestakuntzaren eremuan ere ageri da. Hala, generoaren arabera, alde nabarmenak daude egiaztatutako prestakuntzara bideratutako prestakuntza-ekintzen parte-hartzeari dagokionez, kontuan hartuta zein familia profesionaletakoak diren. Emakumeek enplegu duina, ondo ordaindua eta eskubide guztiak dituena lortzea da gizarte honetan dugun erronka nagusietako bat, erronka demokratiko eta ekonomiko gisa, ez baitago demokraziarik erabateko berdintasunik gabe.

Hori dela eta, oraindik beharrezkoa da ekintza positiboko neurriak garatu eta martxan jartzea, egun emakumeak azpi-ordezkatuta dauden lan-jarduerako sektore horietan sartzea, iraunaraztea eta gora egitea zailtzen duten egiturak aldatzeko. Beharrezkoa da, halaber, gizonak ordezkaritza txikia duten eta emakumeek presentzia nabarmena duten okupazio eta jardueretan sartzea bultzatuko duten ekimenak garatzea, eta horrek, aldi berean, eragina izan ahal izan du lan-, ekonomia- eta gizarte-desberdintasunak betikotuz, esparru horietan gizonen presentzia handiagoa izan balitz desberdintasun horiek ez baitziren gertatuko. Estrategia berri hori gizartean errotuta dauden dinamikak aldatzeko asmoz egituratu da, eta azken helburua da etorkizun hurbilean sektore maskulinizatu edo feminizatuei buruz hitz egiteari uztea eta aukera-berdintasunari eta lan-baldintzei buruz hitz egin ahal izatea.

2021eko, 2022ko eta 2023ko ekitaldietan, Lanbidek Morrokotudak dirulaguntza-deialdien garapena bultzatu du. Dirulaguntza horiek emakume langabeak lanbide maskulinizatuetan prestatzeko eta kontratatzeko proiektuetarako dira. Oso esperientzia positiboak izanik, ereduaren bilakaera bat proposatu zen 2023ko ekitaldian, hots, sektore feminizatuetan gizonekin gertatzen denaren ikuspegia sartzea. Proposamen hau gizarte hobe, berdinago eta bidezkoago baten aldekoa da.

Bi deialdien garapena aztertu ondoren, hau da, batetik, oro har langabeak kontratatzeko konpromisoa barne hartzen duen lanbide-heziketarako dirulaguntza-deialdia, eta, bestetik, hurrenez hurren, eremu maskulinizatuetan eta feminizatuetan (Morrokotudak) emakume eta gizon langabeak prestatzeko eta kontratatzeko proiektuetarako dirulaguntza-deialdia, 2023ko deialdian erabaki da bi deialdiak lanbide-heziketako programa bakarrean biltzea. Programa horretan jasota dago eremu maskulinizatuetako eta feminizatuetako emakume eta gizon langabeak kontratatzeko eta prestatzeko konpromisoa, sortutako sinergiak aprobetxatuz eta Euskal Autonomia Erkidegoan instalatuta dauden edo ezarri berri diren enpresek sortutako lanpostu berrietarako prestakuntza espezializatua eta egokia eskainiz, kontuan hartuta prestakuntza-ekintzen lehentasunezko helburua dela langile langabeak produkzio-sistemak behar dituen enpleguetan laneratzea edo birlaneratzea, bai eta prestakuntza jaso duten pertsonen kontratazioa sustatzea ere.

Deialdi hau garatzeko eta babesteko, Enplegurako lanbide-heziketaren arau-esparruaren osagarri ditugu Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legea.

1/2013 Legeak nabarmentzen du lanbide-heziketaren eskaintza integratu bat egin beharra, titulartasun publikoko nahiz pribatuko zentro-sare zabal baten bidez, bai hasierako lanbide-heziketan bai enplegurako lanbide-heziketan. Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak aurrera egiten du zentzu horretan, lanbide-heziketako sistema integratu horretatik abiatuta, lanbide-heziketako eredu konbinatua sortzeko, zeinak berrikuntza aplikatuaren eta ekintzailetzaren arloko ikaskuntzak ere jasotzen baititu. Lanbide-heziketako euskal sistemaren helburuen artean, 4/2018 Legeak jasotzen du emaitzen araberako ikaskuntzaren ikuspegian oinarritutako prestakuntza-sistema malguak eratzea. Horretarako, ikaskuntza-ibilbide batzuk erabiliko dira, dauden prestakuntza-eskaintzen eta hezkuntza- eta lan-sistemaren mailen arteko transferentzia ahalbidetuko dutenak. Horrez gain, sail arteko organo bat eratzen du, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloko eta enplegurako lanbide-heziketaren arloko eskumenen koordinazioa bermatzeko.

Erabaki honetan aipatzen den prestakuntza-eskaintzaren kudeaketak, halaber, bat etorri behar du estatu-araudi aplikagarriarekin. Ildo horretatik, prestakuntza egiaztagarriari dagokionez, nabarmentzekoa da Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoarekin hasitako erreforma garrantzitsua, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuak oraindik orain garatutakoa.

Arau horren helburua da Lanbide Heziketako sistema bakar eta integratu bat antolatzea, prestakuntza guztia egiaztagarria, metagarria eta kapitalizagarria izan dadin. Funtsezko hiru elementuk osatzen dute sistema berri hori: Gaitasun Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionalak, Katalogo Modularrak eta Lanbide Heziketako Eskaintzen Katalogo Nazionalak.

Lanbide Heziketako eskaintza modu bertikalean eta mailakatuan antolatzen da, bost gradutan (A, B, C, D eta E), guztiak Katalogo Modularreko moduluei buruzkoak (partzialki, A graduaren kasuan), eta Gaitasun Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionaleko konpetentzia-estandarrei lotuak. C gradua ziurtagiri profesionalei buruzkoa da; A eta B graduak, berriz, eskaintza partzialak eta metagarriak dira, eta «konpetentzia baten egiaztapen partziala» eta «konpetentzia-ziurtagiri» bat eskuratzea dakarte, hurrenez hurren. D eta E graduak bat datoz hezkuntza-sistemako heziketa-zikloekin eta espezializazio-ikastaroekin.

3/2022 Lege Organikoaren azken xedapenetako bosgarrenak 4 urteko epea aurreikusi zuen lege organikoan bertan jasotako Lanbide Heziketako Sistema ezartzeko. Egutegia apirilaren 11ko 278/2023 Errege Dekretuaren bidez onartu zen, eta, horren arabera, 2023ko irailaren 1erako arautu, antolatu eta garatu behar ziren sistema osatzen duten elementuak, lehenago aipatuak, eta 3/2022 Lege Organikoan aurreikusitako kudeaketa-tresnak. Hala ere, oraindik ez dira onartu arau- eta antolaketa-garapen horiek.

Enplegurako lanbide-heziketari dagokionez, 3/2022 Lege Organikoak partzialki indargabetu zuen sistema hori arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea; izan ere, oso enuntziatu generikoa erabilita, lege organikoan ezarritakoaren aurkako xedapen guztiak indargabetuta geratzen direla aipatzen du, eta xedapen horien aldaketa iragartzen du, oso argigarria izango zena baina oraindik egin ez dena.

Profesionaltasun-ziurtagiriei dagokienez, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuak indarrik gabe utzi du ziurtagiri horiek arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua (IV. eranskina eta 62/2022 Errege Dekretuan bildutako erreferentziak izan ezik). Nolanahi ere, 659/2023 Errege Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrean eta 3/2022 Lege Organikoaren bigarren xedapen iragankorrean xedatutakoaren arabera, «Erregelamendu bidez aldatzen ez den bitartean, indarrean jarraituko du profesionaltasun-ziurtagirien antolamenduak, hura ezartzen duten errege-dekretuetan jasotako eran, eta haien eskaintza Lanbide Heziketako Sistemaren C graduetan integratuko da, ziurtagiri profesional izenarekin.» Antzera jasotzen da ezarpen-egutegia ezarri zuen 278/2023 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean.

Halaber, martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak, hirugarren xedapen iragankorrean, eta 659/2023 Errege Dekretuak, laugarren xedapen iragankorrean, xedatzen dutenez, indarrean jarraituko du irailaren 5eko 1128/2003 Errege Dekretuan jasotako Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren antolamenduak, harik eta Gaitasun Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionalari buruz Legean aurreikusitakoa erregelamendu bidez garatu arte. Berdina aurreikusten da Katalogo Modularrerako.

Aintzat hartuta erabaki honen indarraldia, erabakiaren klausuletan islatzen da prestakuntza egiaztagarriari dagokionez gaudeneko egoera iragankor hau.

Bestalde, erabaki honetan aipatzen den prestakuntza-eskaintza kudeatzean, aintzat hartu beharko da urtarrilaren 25eko 62/2022 Errege Dekretuan xedatutakoa. Errege-dekretu horrek profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzera bideratutako lanbide-heziketako eskaintzak emateko eskatzen diren eskakizunak malgutzen ditu, bai eta enplegurako lanbide-heziketako eta hezkuntza-sistemako zentroetako lanbide-heziketako eskaintza malgutzen ere.

Horrela, hezkuntza-administrazioak lanbide-heziketako tituluak edo espezializazio-ikastaroak emateko zentro, espazio eta ekipamenduei ezartzen dizkien eskakizunak egokitzat eta nahikotzat joko dira profesionaltasun-ziurtagiriak emateko, bai eta lanbide-kualifikazio berak osorik edo partez egiaztatzeko diren enplegurako lanbide-heziketako beste prestakuntza-ekintza batzuk emateko ere.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren –Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena– 6.1 artikuluari jarraikiz, Lan eta Enplegu Sailak esleitua du enplegu-politika eta «enplegurako lanbide-heziketa, dekretu horren 10.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetza izango du, betiere zerbitzu horren erantzukizunen barruan».

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoa Lan eta Enplegu Sailari atxikita dago, eta, besteak beste, enpleguko, enplegurako prestakuntzako eta autoenpleguaren eta enpresa-sorkuntzaren sustapen-programak kudeatzen ditu, bat etorriz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legearen 3.b) artikuluan ezarritakoarekin.

Halaber, Enplegurako Lanbide Heziketa arautzeko maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak entitate autonomo horri esleitzen dio Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako lanbide-heziketa programatzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko eskumena (9. artikulua).

Enplegurako lanbide-heziketako ekimenen artean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari dagokio langile langabeei zuzendutako prestakuntza-eskaintzak garatzea eta erabaki honetan jasota dauden moduko proposamenak egitea, enplegu-hobi berrien esparruan gaitasun profesionalen prestakuntza-ekintzak egiteko. Azaldutako guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak egindako proposamena kontuan hartuta, entitate autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2023ko abenduaren 14ko bileran, eremu maskulinizatuetako eta feminizatuetako emakume eta gizon langabeei kontratazio-konpromisoa dakarren prestakuntza emateko eta kontratazioak egiteko eta prestakuntza emateko proiektuetarako 2024ko dirulaguntza-deialdia onartu du, artikulu hauen arabera:

1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honen xedea da 2024ko ekitaldirako honako hauek arautzea: oro har, langabeentzat eta, hurrenez hurren, eremu maskulinizatuetan eta feminizatuetan dauden emakume eta gizon langabeentzat kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza-ekintzak finantzatzeko laguntzak (Morrokotudak), bai eta azken prestakuntza-ekintza horietatik eratorritako lan-kontratuetarako laguntzak ere.

2.– Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 5.000.000 euro da; horietatik 2.000.000 euro 2024ko ordainketa-kredituari dagozkio, 3.000.000 euro 2025eko konpromiso-kredituari, eta honela banatuta daude dirulaguntza-lerrotan:

a) 4.000.000 euro, prestakuntza-ekintzak finantzatzeko.

a.1.– 3.000.000 euro, oro har langabeak kontratatzeko konpromisoa dakarten prestakuntza-ekintzak finantzatzeko; horietatik 1.500.000 euro dira 2024ko ordainketa-kreditukoak eta 1.500.000 euro 2025eko konpromiso-kreditukoak.

a.2.– 1.000.000 euro, eremu maskulinizatuetan eta feminizatuetan, hurrenez hurren, emakume eta gizon langabeak kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza-ekintzak finantzatzeko; horietatik, 500.000 euro 2024ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 500.000 euro 2025eko konpromiso-kredituari.

b) 1.000.000 euro, eremu maskulinizatuetako eta feminizatuetako emakume eta gizon langabeen prestakuntzari lotutako lan-kontratuak finantzatzeko, hurrenez hurren (Morrokotudak), 2025eko konpromiso-kredituaren kargura.

Kopuru horiek handitu daitezke, baldin eta indarreko legeriaren arabera aurrekontuetan aldaketak onartzen badira. Aldaketa horiek eginez gero, horren berri jakinaraziko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

Eskabideak aurkezteko epea amaituta, eta aurkeztutako eskabide guztiak ebatzi ondoren a.1 edo a.2 dirulaguntza-lerro batean esleitutako kredituaren soberakina geratuz gero, beste lerroko eskabideak finantzatzeko erabili ahal izango da.

3.– Deialdi honetako dirulaguntzak emateko ezinbesteko baldintza izango da aurretik kreditu nahikoa eta egokia egotea 2024. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan, betiere Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako; agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargutan egiteko diren gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea araupetu zen.

4.– Deialdi honen xede diren dirulaguntzak Europako Gizarte Funtsak kofinantzatuta egon daitezke, osorik edo partez, EGF Euskadi 2021-2027 programaren esparruan.

2. artikulua.– Entitate eta enpresa onuradunak.

1.– Kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza-ekintzetara bideratutako laguntzetan, honako hauek izan ahalko dira onuradun:

a) Prestakuntza jaso duten pertsonak zuzenean kontratatuko dituzten eta lantokia Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresa pribatuak, edozein forma juridiko dutelarik ere. Baztertuta geratuko dira aldi baterako laneko enpresak, outsourcing jarduerako enpresak eta langileen zerbitzu anitzeko enpresak, bai eta edozein enpresa publiko ere.

Prestakuntza egin ahal izango dute:

– bitarteko propioekin: prestakuntza eman ahal izateko dagokion profesionaltasun-ziurtagirian edo ziurtagiri profesionalean egiaztatu beharko dute edo profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak eskuratzera bideratuta ez dauden espezialitateetan izena eman, prestakuntza hasi baino lehen. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako Prestakuntza Erakundeen Erregistroko altak bere horretan jarraituko du, prestakuntza amaitu arte. Orduan, baja emango zaio.

– kontratatuz, egiaztatuta dauden entitateekin edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestakuntza Erakundeen Erregistroan izena emanda daudenekin.

b) Prestakuntza-entitate pribatu zein publikoen bidez, baldin eta dirulaguntza-eskabidea aurkezten den datan egiaztatuta eta/edo inskribatuta badaude Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako Prestakuntza Erakundeen Erregistroan, autonomia-erkidegoren bateko enplegurako prestakuntza-erakundeen beste erregistro batean edo prestakuntza-erakundeen estatuko erregistroan, dirulaguntza eskatzeko arrazoi diren prestakuntza-ekintzei dagozkien espezialitateak irakasteko.

Deialdi honen ondorioetarako, prestakuntza-entitateek aurkeztutako eskabideak hiru kategoriatan sailkatzen dira:

b.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekonomikoko sektore bateko enpresak biltzen edo ordezkatzen dituzten entitate sektorialek bultzatutako eskaerak, kontratatzeko konpromisoa hartu duten enpresak elkarte eta sektore horretakoak badira.

Sektoreko entitateek formalki eratuta egon beharko dute 2022ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik, eta Eusko Jaurlaritzako edozein sailetan indarrean dauden enpresaz gaindiko elkarteen erregistroren batean identifikatuta egon beharko dute.

Sektoreko entitate horiek langile propioak izan beharko dituzte. Langile horiek entitate horri edo sektore horretan bildutako enpresen interesak ordezkatzeko beharrezkoak diren kudeaketa-zerbitzuak ematen dituen entitate bati atxikita egon behar dute. Entitate horrek gaitasun nahikoa izan behar du ekimen honen garapenaren xedea zuzentzeko eta kudeatzeko.

b.2.– Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako haien jarduera-sektoreetako beste enpresa batzuetan trakzio-enpresa gisa eta/edo kontratazio-sortzaile gisa diharduten enpresek sustatutako eskaerak. Beste batzuen trakzio-enpresa bat dela ulertzen da enpresa horren eta bere enpresa kolaboratzaileen artean harreman egonkorra, denbora luzatua eta zerbitzuen azpikontratazioak definitua dagoenean, bai eta beste enpresa horien produktuen kontsumoak ere; horrela, zuzenean eta zeharka, enpresa trakzionatuen enplegua, hazkundea eta garapen ekonomikoa sortzen dira. Trakzio-enpresak sustatuko eta bultzatuko ditu enplegu berrirako beharrizanak enpresa trakzionatuetan.

b.3.– Ez b.1 apartatuan aipatutako entitate sektorialen, ez b.2 apartatuan aipatutako trakzio-enpresen babesik ez duten eskaerak.

2.– Prestakuntza-ekintzen (Morrokotudak) ikasleekin formalizatutako lan-kontratuak finantzatzeko laguntzetan, enpresa pribatuak izango dira onuradun, izan pertsona fisiko edo juridiko, baldin eta lantokia Euskal Autonomia Erkidegoan badute eta ikasleak kontratatzen badituzte, 6. artikuluan aurreikusitako baldintzetan. Ezin izango dira onuradun izan, bestalde, administrazio publikoak eta haren entitate autonomoak, zuzenbide pribatuko entitate publikoak eta sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateak, ez eta enplegurako aldi baterako lan-enpresak, outsourcing jarduerako enpresak eta langileen zerbitzu anitzeko enpresak ere.

Enpresa onuradunek enpresako langileen legezko ordezkaritzari jakinarazi beharko diote deialdi honen babespean egindako kontratazioa.

3.– Ezingo dira onuradun izan honako egoera hauetako batean diren entitateak:

a) Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan jasotako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordaindu gabe izatea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten badu, eskakizun hori betetzen duela frogatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan jasotako dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordaindu gabe izatea.

c) Administrazio-zehapena edo zigor-zehapena ezarrita izatea, dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen diona, honako hauek barne:

– Sexu-bazterkeriagatik ezarritako zehapena, lege hauetan ezarritakoaren arabera: Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina (martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa, edo

– Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko legearen testu bategina onartzen duen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 46.1.b) eta 46 bis.1.b) artikuluetan xedatutako zehapen osagarri batek hala ezarri izana, ebazpen irmo baten bidez.

d) Legez ezarritako kausaren bat izatea, laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten diona, barnean harturik Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginean aurreikusitakoak, zeina martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu baitzen:

– Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egon.

– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.

e) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitatea ez dena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 3 bis apartatuan aurreikusitako baldintzetan betetzea Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak.

Eskakizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak sortu eta handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legeko azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren berdina edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epean).

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan xedatzen diren gainerako egoeraren batean egotea.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 3. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatu beharko da; adierazpen hori eskabide-orrian jasota dago.

Aurreko e) apartatuan jasotako eskakizuna egiaztatzeko, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak, kontabilitate-araudiaren arabera, galdu-irabazien kontu laburtua aurkez badezake, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) apartatuan aurreikusitako ziurtagiriaren bidez, Lanbidek emandako ereduaren arabera.

Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

– Eskatzaile horrek ezin badu, kontabilitate-araudiaren arabera, galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) apartatuan aipatzen diren dokumentuen bidez, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukiarekin; edo ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, aipatutako letraren 2. zenbakian eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko Erregelamenduko 22 bis artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

Aurreko paragrafoan adierazitako dokumentuak aurkezteko eskatuko die Lanbidek entitate eskatzaileei, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik.

5.– Deialdi honetan aurreikusitako prestakuntza-ekintzak egiteagatiko dirulaguntza lortzeko, enpresek eta prestakuntza-entitateek laguntzaren xede den prestakuntza-proiektua osatzen duten prestakuntza-ekintzak egiteko behar diren pertsonak eta bitarteko materialak izan beharko dituzte, edo dirulaguntza esleitu ondoren, prestakuntza-jarduera hasten denean, horiek lortzeko konpromisoa hartu beharko dute.

Instalazio eta baliabide horiek norberarenak edo hirugarren entitate pribatu edo publikoenak izan daitezke; gainera, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean eduki beharko dira.

Informazio hori egiaztatzeko, erakundearen legezko ordezkaritzak erantzukizunpeko adierazpen bat egingo du (erantzukizunpeko adierazpena eskabide-orrian jasota dago). Nolanahi ere, entitate eskatzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku eduki beharko ditu adierazpen horretan jasotako datuak egiazkoak direla frogatzen duten dokumentuak.

Prestakuntza-jarduera gauzatzeko azpikontratazioa debekatuta dago, egiaztatutako edo inskribatutako prestakuntza-erakundeak kontratatzera jotzen duten enpresa onuradunentzat adierazitakoa izan ezik. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat jotzen prestakuntza emateko irakasleak (pertsona fisikoak) kontratatzea.

6.– Prestakuntza-ekintzak egiteagatik dirulaguntzarik ezin izango du jaso Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako prestakuntza-ekintzaren batean eskuratutako kontratazio-konpromisoen % 70 baino gehiago urratu duen enpresak edo entitateak, aurreko hiru ekitaldietako kontratazio-konpromisoa duten prestakuntzarako dirulaguntzen deialdiren batean, ez eta deialdi horietan prestakuntza hasi zuten ikasleen % 30 kontratatzea lortu ez duten erakundeek ere, prestakuntza utzi edo gainditu duten kontuan hartu gabe.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

Honako hauek lagundu ahal izango dira deialdi honetan bildutako dirulaguntzen babesean:

1.– Kontratatzeko konpromisoa dakarten prestakuntza-ekintzak, 5. artikuluan araututako eskakizunak eta baldintzak betetzen dituztenak. Prestakuntza-ekintza horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan sartuta egon beharko dute. Enpresa kontratatzaileen premia zehatzei erantzuteko programatu diren prestakuntza-espezialitate berriak izan ahalko dira, baldin eta horiek Espezialitateen Euskal Katalogoan sartu badira eta entitatea Prestakuntza Erakundeen Erregistroan inskribatuta badago eskolak emateko eskaera aurkezten den unean.

Prestakuntza-ekintza zuzentzen zaion kolektiboaren arabera, bi tipologia bereizten dira:

a) Hurrenez hurren, eremu maskulinizatuetako eta feminizatuetako emakume eta gizon langabeei berariaz zuzendutako prestakuntza-ekintzak (Morrokotudak).

b) Langabeei oro har zuzendutako prestakuntza-ekintzak.

Prestakuntza-ekintza programagarriak honela sailkatzen dira:

a) Prestakuntza egiaztagarria: Lanbide Kualifikazio Profesionalen Katalogo Nazionalari edo, hala badagokio, Gaitasun Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionalari lotutako ekintzak, edo, hala badagokio, profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak eskuratzera bideratutakoak, ibilbide osoen arabera –espezialitateko ordu guztiak programatzean– edo prestakuntza-moduluen arabera programatu daitezkeenak. 1., 2. edo 3. kualifikazio-mailakoak izan daitezke.

b) Prestakuntza ez-egiaztagarria edo inskripziokoa: prestakuntza-espezialitateen katalogoko prestakuntza-ekintza hauek ez dute aukerarik ematen eskuratutako konpetentziak egiaztatzeko.

2.– Eremu maskulinizatuetan eta feminizatuetan, hurrenez hurren (Morrokotudak), emakume eta gizon langabeei berariaz zuzendutako kontratazio-konpromisoa duten prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten pertsonekin egindako lan-kontratuak, baldin eta 6. artikuluan aurreikusitako eskakizunak eta baldintzak betetzen badituzte.

4. artikulua.– Prestakuntzaren hartzaileak.

1.– Eremu maskulinizatuetako eta feminizatuetako emakume eta gizon langabeentzako prestakuntza-ekintzetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, beste enplegu-zerbitzu publiko autonomiko batean edo Gazte Bermerako Sistema Nazionalaren fitxategian enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden emakume edo gizon langabeek, hurrenez hurren, soilik parte hartu ahal izango dute, baldin eta lan-kontratu bat egitea ahalbidetzen dien administrazio-egoera batean badaude.

2.– Deialdi honen babesean diruz lagundutako kontratazio-konpromisoa duten gainerako prestakuntza-ekintzetan, lehentasunez parte hartu ahal izango dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, beste enplegu-zerbitzu publiko autonomiko batean edo Gazte Bermerako Sistema Nazionalaren fitxategian enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langile langabeek, baldin eta lan-kontratu bat egitea ahalbidetzen dien administrazio-egoera batean badaude.

3.– Era berean, eta lehentasunik gabe, langile landunek ere parte hartu ahal izango dute prestakuntza-ekintza horietan, baina ezin izango dira inola ere izan prestakuntza-ekintza bakoitzean programatutako parte-hartzaile guztien % 30 baino gehiago, eta, betiere, egungo okupazioak dakartzan lanbide-kualifikazioekin loturarik ez duten espezialitateetan parte hartuko dute, eta prestakuntza-ekintza hasten den unean lan egiten duen enpresa berak ezin izango ditu kontratatu. Horretarako, ekintzetan parte hartzen duten pertsonak langabetzat edo landuntzat hartzeko, prestakuntzaren hasieran duten lan-egoera hartuko da kontuan. Ez aldizkako langile finkoak, lanik egiten ez duten aldietan, eta ez aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente batean sartuta daudenak ez dira landuntzat hartuko lehenago aipatutako ehunekoa kalkulatzeko.

4.– Deialdi honen ondorioetarako, honako hauek sartuko dira langabeen taldean: lanaldi partzialeko kontratu batekin ari diren langileak, baldin eta beren lanaldia laburragoa bada lanaldi osoz diharduen batenaren herena baino –konparagarriak izan behar dute–.

5. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen eskakizunak eta baldintzak.

1.– Sektoreko entitateen babesik ez duen prestakuntza-entitate batek eskatutako prestakuntza-ekintzetarako dirulaguntza jaso ahal izateko (2.1 artikuluko b.3 kategoria), egiaztatu beharko da, dirulaguntza eskatu aurretik, prestatu eta kontratatu behar diren okupazioetan eta profiletan izena emanda dauden langabeak ez direla nahikoak, salbu eta eremu maskulinizatuetan eta feminizatuetan dauden emakume eta gizon langabeentzako prestakuntza-ekintzen kasuan, hurrenez hurren (Morrokotudak). Horretarako, dagokion Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoaren txostena eskatuko da (emandako ereduaren arabera). Eskatutako profila ezingo da izan prestakuntza amaitu ondoren lortuko dutena baino handiagoa. Txosten hori ez da beharrezkoa izango eremu maskulinizatuetako eta feminizatuetako emakume eta gizon langabeentzako prestakuntza-ekintzetarako.

Izangai aski ez dagoela ulertuko da kontrata daitezkeen langabeen kopurua txikiagoa bada enpresak edo enpresek kontratatu beharreko pertsonen kopurua halako sei baino.

2.– Eremu maskulinizatuetako eta feminizatuetako emakume eta gizon langabeentzako prestakuntza-ekintzetan (Morrokotudak), hurrenez hurren, eremu bat maskulinizatuta edo feminizatuta dagoela ulertuko da emakumeen edo gizonen ordezkaritza-ehunekoa, hurrenez hurren, % 50era iristen ez denean Euskal Autonomia Erkidegoan. Ehuneko hori egiaztatzeko, kontuan hartuko da «EAEko enplegatuak, okupazioaren eta sexuaren arabera» txostenean jasota dagoen azken urteko informazioa, Lanbidek deialdia argitaratzen den egunean eskuragarri jarritakoa. Informazio hori hemen kontsulta daiteke: https://www.lanbide.euskadi.eus/ikerketa-estatistikak/

3.– Prestakuntza-ekintzak aurrez aurrekoak baino ez dira izango.

4.– Prestakuntzak gutxienez 120 ordu eta gehienez 560 ordu iraungo du (lanekoak ez diren praktika profesionalen modulua barne hartu gabe, profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak eskuratzera bideratutako prestakuntza-ekintzen kasuan), salbu eta enpresa batek edo prestakuntza-entitate batek eskatutako espezialitateetarako, baldin eta entitate sektorial batek (2.1 artikuluko b.1 kategoria) eta/edo trakzio-enpresa batek (2.1 artikuluko b.2 kategoria) sustatua bada eskabidea, zeinek ez baitute zertan egon muga horien pean, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren aldez aurreko baimena badute.

5.– Diruz lagunduko diren prestakuntza-ekintzak 2024ko ekitaldian hasi beharko dira, eta, beranduenez dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta bi hilabeteko epean, eta 2025eko irailaren 15a baino lehen amaitu beharko dira (lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua edo lanekoak ez diren praktikak barne, hala badagokio).

6.– Honako prestakuntza-helburu hau bete beharko da: prestakuntza hasi duten ikasleen % 50ek gutxienez amaitu beharko dute prestakuntza.

7.– Profesionaltasun-ziurtagiriei edo ziurtagiri profesionalei lotutako ekintzek gutxienez prestakuntza-modulu oso bat programatu beharko dute; bestalde, profesionaltasun-ziurtagiri edo ziurtagiri profesional bat lortzera bideratuta ez dauden prestakuntza-espezialitateak espezialitatearen iraupen osoan zehar eman beharko dira.

8.– Prestakuntza-ekintzak onartzeko, gehienez hogei parte-hartzaile eta gutxienez hamar izango dira. Hala ere, laguntza jasoko dutenez gain, beste bi parte-hartzaile ere onartu ahal izango dira prestakuntza-ekintzetan, prestakuntza-zentroak kopuru hori hartzeko egiaztatuta edo inskribatuta badaude. Parte-hartzaile gehigarri horiengatik ez da dirulaguntzarik emango.

Ezin izango da hasi 10 parte-hartzaile baino gutxiagoko prestakuntza-ekintzarik, tartean Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak eskatu eta baimendutako salbuespen justifikatuko egoeraren bat ez bada behintzat. Ondorio horietarako, prestakuntza lehen egunean eta/edo hurrengo egunetan hasi eta muga-egunera arte dauden pertsonak hartuko dira parte-hartzaileen kopurutzat (5. saioa edo orduen % 25 profesionaltasun-ziurtagiria edo ziurtagiri profesionala lortzera bideratutako prestakuntza-espezialitateetan, eta orduen % 25 gainerako espezialitateetan).

9.– Prestakuntza-ekintzaren zati teoriko-praktikoa soilik lagunduko da diruz.

Ez dira diruz lagunduko lantokian egingo den prestakuntza praktikoaren modulua, profesionaltasun-ziurtagirien edo ziurtagiri profesionalen kasuan, eta enpresetan egingo diren praktikak, gainerako espezialitateetan.

10.– Prestakuntza-ekintza bakoitzaren iraupen osoaren % 25 betetzean, hasi ziren parte-hartzaileen % 75ek bertan jarraitu beharko dute (onartzen diren bi parte-hartzaile gehigarriak kontuan hartu gabe). Ehuneko txikiagoak jarraitzen badu, ekintzak aurrera jarraitu beharko du, eta amaitzean likidatu beharko da, deialdi honen 18. artikuluan adierazitakoaren arabera. Ondorio horietarako, prestakuntza hasi duten parte-hartzaileen kopurutzat hartuko da prestakuntza-ekintzaren lehen egunean prestakuntza hasi zuten pertsona guztien kopurua.

6. artikulua.– Kontratuen eskakizunak eta baldintzak.

1.– Enpresek edo entitateek prestakuntza-ekintza amaitzen duten pertsonen % 50 kontratatzeko konpromisoa hartu behar dute, gutxienez, prestakuntza-ekintza amaitu eta bi hilabeteko epean. Epe hori luzatu ahal izango da Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak behar bezala justifikatu, eskatu eta baimentzen dituen kasuetan.

2.– Kontratuak baliozkotzat jotzeko deialdi honen ondorioetarako, baldintza hauek bete beharko dituzte:

– Kontratu-modalitatea: Kontratuak idatziz formalizatu behar dira, lan-arloko legerian aurreikusitako edozein kontratu-modalitatetan oinarrituta, eta, ahal dela, mugagabeak izango dira. Kontratu hauek ez dira baliozkotzat hartuko kontratazio-konpromisoa bete dela justifikatzeko: ikas-ekinezko prestakuntzako kontratuak eta merkataritzako kontratuak.

– Eremu maskulinizatuetako eta feminizatuetako emakume eta gizon langabeentzako prestakuntza-ekintzei lotutako kontratuetan (Morrokotudak), lanaldiak beti osoa izan beharko du, eta gutxienez sei hilabete iraungo du etenik gabe.

– Oro har langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzei lotutako kontratuak lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak izan daitezke, gutxienez lanaldiaren % 50 iraun dezakete, eta kasu bakoitzean iraupen hau izango dute:

• Lanaldia osoa bada, sei hilabete iraungo du gutxienez.

• Lanaldia % 50ekoa bada, gutxienez urtebete iraungo du etenik gabe.

• Lanaldia partziala bada, baina % 50etik gorakoa, gutxienez dagokion zati proportzionala iraungo du.

Kasu bakoitzean eskatutako gutxieneko lanaldiari buruzko baldintza ez da urratutzat joko, baldin eta langileak lanaldia murrizteko eskubidea baliatzen badu, legezko zaintza dela-eta adingaberen bat zuzenean zaintzeko, Langileen Estatutuaren 37. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Kontratazio-konpromisoaren betetze-ondorioetarako, kontrataziotzat hartuko da ikasleak bazkide-langile edo lan-bazkide gisa sartzea kooperatiba-sozietate batean, edo lan-sozietate batean bazkide-langile gisa sartzea. Horretarako, sozietate horretan sartu dela egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko dira.

4.– Laneratzea prestakuntza-ekintza egiteko eskaerarako oinarritzat hartutako enpresetan baino ez da egin behar izango. Salbuespenez, enpresa horietako batean sartzea eragozten duten kausak –agiri bidez justifikatuak– daudenean soilik onartu ahal izango da beste enpresa batzuetan laneratzea. Horretarako, kontratua egin baino hamabost egun baliodun lehenago gutxienez, entitate kontratatzaile berri bat onartzeko eskaera aurkeztu beharko da LanF aplikazioaren bidez, eta, eskaerarekin batera, kontratazio-konpromisoaren eranskina eta enpresa kontratatzaile berria sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza-gaitasuna egiaztatzen duen dokumentua aurkeztu beharko dira. Gainera, beste enpresa bat sartzeko salbuespenezko eskaerarekin batera, justifikazio dokumentalak aurkeztu beharko dira, banakakoak eta pertsonalizatuak, enpresa bakoitzaren legezko ordezkariak sinatuta, konprometitu ziren kontratuak formalizatzea eragozten duten arrazoi zehatzak zehaztuta. Kontratazio horiek Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egingo dira.

5.– Irakatsitako prestakuntza-espezialitatearekin zerikusia duen langintza eta maila batean kontratatu beharko da. Alde horretatik, lanpostu egokitzat hartuko da aurretiazko prestakuntzan eskuratutako ezagutza teoriko-praktikoei lotutako lanak egitea xede duena. Profesionaltasun-ziurtagiriei edo ziurtagiri profesionalei lotutako prestakuntzaren kasuan, bat etorri beharko du ziurtagiri horiek arautzen dituen araudian jasotako lanbideren batekin.

6.– Prestakuntza-ekintza amaitu eta hurrengo hiru hilabeteetan hasi beharko da lan-kontratua, baita, hala dagokionean, lantokiko prestakuntza praktikoa ere, salbu eta Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak eskatu eta baimendutako salbuespen-kasuetan. Hala ere, kontuan hartu behar da lan-kontratua egiteagatiko dirulaguntza-eskabidea 8.5.b) artikuluan aurreikusitako datan aurkeztu beharko dela beranduenez.

Horretarako, pertsona baten prestakuntza-ekintza amaitutzat joko da honako kasu hauetan:

– Profesionaltasun-ziurtagiri edo ziurtagiri profesionaleko ekintzetan, parte-hartzaile bakoitzak prestakuntza-modulu praktikoa amaitzen duenean.

– Gainerako prestakuntza-ekintzetan, diruz lagundutako ekintza teoriko-praktikoa amaitzen duenean.

Prestakuntza-ekintzaren % 75 amaitu ondoren, kontratazioak onartu ahal izango dira. Kontratazioa ekintza amaitu baino lehen egiten bada, prestakuntza-ekintza amaitzen denean hasiko da kontratazio-konpromisoa betetzeko eskatzen den aldia.

7.– Ez dira diruz lagunduko hauekin egindako kontratuak: ezkontidearekin, ondorengoekin eta bigarren mailara arteko (hori barne) odolkidetasuneko edo ahaidetasuneko senideekin, enpresaburuarekin edo enpresa-kontrola dutenekin, zuzendaritza-karguekin edo sozietatearen forma juridikoa duten enpresetako administrazio-organoetako kideekin egindakoak, ez eta azken horiekin egindakoak ere.

7. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Prestakuntza-ekintza bakoitza finantzatzeko zenbatekoa parte-hartzaileko eta prestakuntza-orduko kostuaren arabera finantzatuko da, segidan zehaztutako modulu ekonomikoei jarraikiz.

Modulu ekonomiko bakoitzak hiru ditu: horietako bi zuzeneko kostuei dagozkienak –langileak (A) eta funtzionamendua (B)– eta hirugarrena zeharkako kostuei (C) dagokiena –kostu zuzenei dagozkien moduluen baturari % 10eko ehunekoa aplikatuz kalkulatua–.

a) A modulua: Langileen kostua.

Zuzeneko kostuaren kontzeptu honek honako hauen kostuak biltzen ditu: irakasleak, bitartekotza-tutorea eta ikasketa-burutza. A moduluan, unitateko kostuaren balio ekonomikoa hau izango da: 4,34 euro orduko eta ikasleko.

Prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileen kopurua gehienez hogei eta gutxienez hamar bada, deialdiaren 5.7 artikuluan jasotako kasua barnean dela, modulu hau hamabost ikasleko kopuru finkoari aplikatuko zaio.

Horrenbestez, moduluaren baremo estandarrak balio finkoa izango du prestakuntza-talde bakoitzeko: 65,10 euro orduko.

b) B modulua: Funtzionamendu-gastuak.

b.1.– Modulu horretan, bi motako zuzeneko kostuak sartzen dira:

b.1.1.– Mantentze-kostuak. Honako hauek sartzen dira: altzariak berritzea, konponketak, publizitatea, komunikazioak, bilerak eta ikastaroak, enpresekin egin beharreko gestioak, liburuak eta argitalpenak, eta higiezinen eta ekipamenduen alokairuak eta amortizazioak.

b.1.2.– Material didaktiko espezifikoaren kostuak. Prestakuntza-ekintzari dagokion lanbide-arloaren eta kualifikazio-mailaren arabera kalkulatzen dira kostu horiek.

Prestakuntza-ekintza bakoitzaren B moduluari dagokion zenbateko ekonomikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan Espezialitate Programagarri bakoitzerako zehaztutako modulu ekonomikoen arabera aplikatuko da. Katalogo hori eskuragai dago Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren (LanF) prestakuntzako aplikazio informatikoan.

c) C modulua: Zeharkako kostuak.

Modulu hau A eta B moduluen kostuen % 10 da, eta, besteak beste, kontzeptu hauek biltzen ditu: zuzendariaren pertsonal-gastuak, administrazio-langileen pertsonal-gastuak, berokuntza, argiztapena, garbitzea, instalazioen asegurua, itzalgailuak, alarmak, kanpoarekiko komunikazioak, batzarrak, hitzaldiak, ikastaroak eta bestelakoak, lokomozioa eta enpresekiko kudeaketa, fotokopiak (administrazio-arloa), bulegoko materiala eta informatikoa, ura, farmazia-produktuak, aholkularitzak eta gestoriak, telefonoa eta Internet, administrazio-sailerako softwarea, langileentzako mutuak, kalitate-sistemak, igogailuak konpontzea.

Prestakuntza-ekintza bakoitzerako onartutako guztirako dirulaguntza honela kalkulatuko da:

Prestakuntza-ekintza bakoitzeko dirulaguntza, guztira = A + B + (A + B)ren % 10

Eta hor:

A = A modulua x ordu-kopurua x 15 ikasle.

B = B modulua x ordu-kopurua x parte hartzen duten ikasleen kopurua.

Azkenean aplikatu beharreko modulu ekonomikoek ezin izango dituzte inola ere gainditu uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduan aurreikusitakoak, eta, profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak eskuratzera bideratutako prestakuntza-ekintzen kasuan, irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduan aurreikusitakoak.

Ondorioz, aplikatu beharreko azken modulua osatzen duten hiru moduluen batura handiagoa balitz aipatutako araudietan aurreikusitakoak baino –edo, hala badagokio, horien ordez ezartzen diren eta deialdi hau argitaratzen denean indarrean dauden araudietan aurreikusitakoak baino–, azken horiek aplikatuko dira.

2.– Deialdi honen babesean egindako lan-kontratuei dagokienez, eremu maskulinizatuetako eta feminizatuetako emakume eta gizon langabeentzako prestakuntza-ekintzetan (Morrokotudak), gutxienez sei hilabeteko lanaldi osoko kontratu bakoitzeko dirulaguntzaren zenbatekoa 8.000 eurokoa izango da Gizarte Segurantzaren kotizazioan hobaririk edo murrizketarik ez duten kontratuen kasuan, eta 6.650 eurokoa, aldiz, Gizarte Segurantzaren kotizazioan hobaria edo murrizketa duten kontratuen kasuan.

Kontratua sei hilabeteak amaitu baino lehen amaitzen bada, 18.2 artikuluan aurreikusitako moduan likidatuko da dirulaguntza.

8. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Elektronikoki izapidetuko dira deialdi honen esparruko prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntzak jasotzeko eskabideak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-aplikazio informatikoaren bidez (Lan-F).

Aplikazio horretara sarbiderik ez duten entitateek edo enpresek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orriaren bidez egin ahal izango dute eskabidea: https://www.lanbide.euskadi.eus/prestakuntza/-/informazioa/erakundeen-erregistroa/

Honako helbide honetan eskuratu daiteke administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dituena: https://www.euskadi.eus/servicios/1060609

Prestakuntza-ekintzak egiteagatik dirulaguntza jasotzeko eskaerarekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Oro har:

a.1.– Prestakuntza-proiektuaren memoria, LanF aplikazioan eskuragai dagoen ereduan, honako hauek jasoko dituena:

– Enpresaren jarduerari dagokionez, prestakuntza gauzatzeko eta gero parte-hartzaileak enpresan kontratatzeko beharraren txosten arrazoitua, honako hauek jasoko dituena:

– Kontratatu nahi diren pertsonen profila: ezaugarriak eta eskakizunak. Ezingo da zehaztu sexua, adina edo kontratatu nahi den lanbiderako egokia ez den edozein eskakizun, kontratazio hori programa bereziren baten barruan egin ezean.

– Egingo den kontratu mota eta berorren iraupena.

– Kontratazioa zer langintzatan eta lanbide-kategoriatan egingo den.

– Lanpostuaren edo lanpostuen kokapena.

– Kontratatutako pertsonek zerbitzuak bete behar dituzten enpresen zerrenda.

– Lanekoak ez diren praktiken planaren deskribapena, egoki izanez gero (edukia, iraupena eta abar).

a.2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak proiektuaren berezitasunen arabera eskatzen duen bestelako informazio oro.

b) Enpresek prestakuntza-ekintza ematea kontratatzen badute, kontratazio-proposamena, hiru eskaintza eskatu izana eta azken aukeraketa justifikatuta, hala badagokio, bai eta Lanbideri aldez aurretik eskatutako baimena ere, 13. artikuluko 11. apartatuan adierazitako kasuetan.

Dokumentazio hori geroago aurkeztu ahal izango da, baina beti prestakuntza-ekintza hasi aurretik.

c) Prestakuntza-entitate batek aurkeztutako eskabideak, entitate sektorial batek (2.1 artikuluko b.1 kategoria) edo trakzio-enpresa batek (2.1 artikuluko b.2 kategoria) sustatuak, aurreko a.1 apartatuan aipatzen den memoriaz gain, entitate sektorialaren edo trakzio-enpresaren legezko ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, hala justifikatzeko prestakuntza-ekintza hori egiteko beharra eta erakundetik egingo diren koordinazio- eta sustapen-jarduketak. Era berean, kontratatzeko prest dauden enpresen zerrenda eta egiteko prest dauden kontratu guztiak adierazi beharko ditu, aurreko a.1 apartatuko memorian eskatzen den xehetasunarekin.

Era berean, 2.1 artikuluaren b.1 eta b.2 apartatuetan eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuak erantsi beharko dira, bai eta sinatzailearen ordezkaritza-ahalordea ere (estatutuak, inskripzioa, eraketa-akta, ahalordeak eta abar).

d) 2.1 artikuluko b.3 kategoriari erantzuten dioten eskabideentzat:

d.1.– kontratazioak egingo dituzten enpresa bakoitzaren kontratazio-konpromisoari buruzko dokumentua (prestakuntza-entitatearen eranskina, LanF aplikazioan eskuragai dagoen ereduaren arabera). Halaber, enpresa kontratatzaileko sinatzailearen ordezkaritza-gaitasuna egiaztatzen duen dokumentua erantsi beharko da.

d.2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoak egindako txostena, 5.1 artikuluak aipatzen duen izapidearen emaitzari buruzkoa, egiaztatzen duena kontratatu nahi den langintza eta profilean behar baino langabe gutxiagok eman duela izena, salbu eta eremu maskulinizatuetako eta feminizatuetako emakume eta gizon langabeei berariaz zuzendutako prestakuntza-ekintzen kasuan (Morrokotudak).

2.– Lan-kontratuak egiteagatiko dirulaguntza-eskabideak elektronikoki eta banaka izapidetuko dira egindako kontratu bakoitzeko (eskabide bat kontratu bakoitzeko), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntzako aplikazio informatikoaren bidez (LanF).

Aplikaziora sartzeko aukerarik ez duten entitateek edo enpresek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orriaren bidez egin ahal izango dute eskabidea: www.lanbide.euskadi.eus

Honako helbide honetan eskuratu daiteke administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dituena: https://www.euskadi.eus/servicios/1060610

Eskabide honekin batera, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Egindako lan-kontratuaren kopia, aldi baterako kontratuen hasiera-data eta amaiera-data adierazita.

b) Langileen legezko ordezkaritzari idatziz igorritako jakinarazpena, egindako kontratazioari buruz, LanF aplikazioan eskuragai dagoen ereduaren arabera, edo, bestela, eskabidean bertan apropos egindako adierazpena, langileen legezko ordezkaritzarik ez duela xedatzen duena.

3.– Eskaerak ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango dira; eta, horretarako, ordezkaritza hori ahalordearen erregistro elektronikoan inskribatu ahalko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4.– Eskabideak ez baditu eskakizun guztiak betetzen, enpresa edo entitate interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, izandako hutsune edo akatsa konpontzeko, edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko. Hori egingo ez balu, eskabideari uko egiten diola ulertuko da, horretarako beharrezkoa den ebazpena eman eta gero.

5.– Hauek dira dirulaguntza-eskabideak aurkezteko epeak:

a) Kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza-ekintzetarako, 2024ko urtarrilaren 2an hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2024ko urriaren 15ean bukatuko.

b) Lan-kontratuetarako (Morrokotudak), hilabetekoa da epea, lan-kontratua hasi eta hurrengo egunetik aurrera, eta, nolanahi ere, 2025eko urriaren 10a baino lehen amaituko da, salbu eta Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak salbuespenez justifikatuak, eskatuak eta baimenduak.

9. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendaria da prozedura izapidetu eta ebazteko eskumena duen organoa.

2.– Ondoz ondoko konkurrentzia izango da prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntza emateko prozedura.

2.1.– Eskaerek deialdi honetako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, aurkezpen-ordenan emango dira laguntzak, harik eta 1. artikuluaren 2.a) apartatuan jarduketa horietarako aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura amaitzen den arte.

Behin hasierako aurrekontu-zuzkidura eta haren handitze posiblea amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn emango da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpen baten bidez.

2.2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena emango du. Ebazpen hori banan-banan jakinaraziko da, bitarteko telematikoen bidez, eta 10 egun balioduneko epea emango da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik aurrera, entitate onuradunek dirulaguntza onar dezaten. Epe hori igarotakoan, dirulaguntza onartzen ez badute, laguntzari uko egiten diotela ulertuko da.

2.3.– Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa da, eskabide telematikoa LanF aplikazioaren bidez erregistroan sartzen den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan enpresa edo entitate interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, bere dirulaguntza-eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango du, hargatik eragotzi gabe berariaz ebazteko den betebeharra.

3.– Ondoz ondoko konkurrentzia izango da lan-kontratuak egiteagatik deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko prozedura.

3.1.– Eskabideek deialdi honetako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, aurkezpen-ordenan emango dira laguntzak, harik eta 1. artikuluko 2.b) apartatuan aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura amaitu arte.

Behin hasierako aurrekontu-zuzkidura eta haren handitze posiblea amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn emango da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpen baten bidez.

3.2.– Lan-kontratuak egiteagatik ez da dirulaguntzarik emango, prestakuntza-ekintzak egiteagatik dirulaguntza eman ez bada.

3.3.– Ebazpena bitarteko telematikoen bidez jakinaraziko da.

3.4.– Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa da, eskabide telematikoa LanF aplikazioaren bidez erregistroan sartzen den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan enpresari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, bere dirulaguntza-eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango du, hargatik eragotzi gabe berariaz ebazteko den betebeharra.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da aditzera zer enpresak eta erakundek jaso duten dirulaguntza deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten.

6.– Onuradunei dirulaguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzea baldintzapean dago; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren entitate autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetze-fasean dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzearen baldintzapean.

10. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen hautaketa.

1.– Honako hauek izan daitezke prestakuntza-ekintza bakoitzean parte hartzeko hautagaiak:

a) Enplegu-eskatzaileak (eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak), baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Orientazio Zerbitzuek prestakuntza-ekintza egitea preskribatu badiete haien prestakuntza-ibilbidearen barruan.

b) Nire Lanbidenet-en bitartez ikastaro batean izena eman duten enplegu-eskatzaileak, beren prestakuntza-kontuko prestakuntza-aholkularitzaren bidez.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, prestakuntza-aholkularitzako edo ebaluazioko prozesu baten ondoren agindu zaien prestakuntza egiteko, lan-esperientziaren edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, lan-merkatuan eskaria duen profesionaltasun-ziurtagiri edo ziurtagiri profesional baten egiaztapena osatzeko falta dituzten prestakuntza-moduluez eratutako prestakuntza-ekintza batean esku hartzeko.

e) Oro har eta lehentasunik gabe langabeentzat kontratazio-konpromisoa duten ekintzetan soilik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda ez dauden langile landunak, eskaera Lanbideren bulego-sarearen bidez edo entitate autonomo horren webgunearen bidez (www.lanbide.euskadi.eus) egin dutenak. Eskaera horretan, prestakuntza-ekintzen berri emango da, izena emateko epea eta eskatzaileek bete behar dituzten sarbide-eskakizunak zehaztuta, bai eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren deskribapena eta ezaugarriak ere.

2.– Kontuan hartuko da enpresak eskabidearekin batera aurkeztu beharreko prestakuntza-proiektuaren memorian adierazitako pertsonen profila, bat etor dadin kontratazio-beharrekin.

3.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko, indarreko araudian ezarritako eskakizunak bete beharko dira. Ildo horretatik, profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak eskuratzera bideratutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko, Lanbide Heziketaren Sistemaren Antolamendua garatzen duen 659/2023 Errege Dekretuaren 75. artikuluan eta bosgarren xedapen gehigarrian ezarritako sarbide-eskakizunak bete beharko dira. Era berean, katalogoan espezialitate bakoitzerako ezarritako sarbide-baldintzak bete behar dituzte prestakuntza-espezialitateen euskal katalogoan jasotako prestakuntza-espezialitateren bateko prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi dutenek.

4.– Ikastaroetan parte hartuko duten pertsonen azken hautaketa enpresa edo entitate onuradunak egingo du, aurrez izena eman duten hautagaien artean. Ondorio horietarako, inskribatutako hautagaien datuetara sartu ahal izango da prestakuntza emango duen erakundea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-kudeaketarako aplikazioaren bidez (LanF), eta prestakuntza-ekintzak hasi aurretik eta dagozkion bermeekin egingo du hautaketa-prozesua.

Behar adina parte-hartzaile aurrez inskribatuta ez egoteak ez du zentroa edo erakundea salbuesten hautagai berriak bilatzeko eta prestakuntza-ekintza gauzatzeko duen erantzukizunetik, eta prestakuntza-ekintza ezin izango da hasi 5.8 artikuluan adierazitako gutxieneko parte-hartzaile kopurua betetzen ez bada.

Hautaproba bat ere egingo dute, hala behar duten prestakuntza-ekintza guztietan. Hori entitate sustatzailearen instalazioetan egingo da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariekin aurrez adostuta edo baimenduta, ekintza probetxuz egiten dela ziurtatzeko eta kualifikazio-ekintzen helburuak lortzeko ezinbestekoa den aurretiazko ezagutza-maila erreala zehazteko. Proba hori LanF aplikazioaren dagokion atalean erantsiko da, prestakuntza-ekintzak gauzatzeari buruz ematen diren jarraibideak betez, eta probaren txantiloia, erantzunena eta ebaluazio-irizpideena igo beharko dira, bai eta proba egiten duten pertsonek egindako hautaprobaren dokumentuak ere.

5.– Hala dagokionean, hautaproba egin eta gero, eta etengabeko prestakuntza sustatze aldera, honela aukeratuko dira profesionaltasun-ziurtagiriei edo ziurtagiri profesionalei lotutako prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileak:

1.a Profesionaltasun-ziurtagiri edo ziurtagiri profesional modularizatu oso bat ematen bada, egiaztatutako prestakuntza-moduluren bat duten emakumeek parte hartu ahal izango dute. Ikasleak modulu horien prestakuntzara joango dira, baina ezin izango dira modulu horietan ebaluatu, gaindituta dituztelako eta prestakuntza-ekintza honetarako salbuetsita daudelako.

2.a Prestakuntza-modulu solteak programatu badira, egiaztatutako prestakuntza-moduluren bat duten pertsonek izango dute lehentasuna prestakuntza-ekintzan parte hartzeko, beren prestakuntza-ibilbidea osa dezaten. Haien artean, lehentasuna izango dute profesionaltasun-ziurtagiri edo ziurtagiri profesionaleko gainerako moduluak gaindituta dituzten pertsonek.

6.– Prestakuntza-ekintzara sartzeko eskakizunak betetzen dituzten eta, aurreko atalean deskribatu bezala, dagokien hautaproba gainditzen duten langabeen artean, kolektiboen araberako lehentasun batzuk ezarri dira, hurrenkera honetan:

1.a Lehenik, eta lehentasun-maila berdinarekin, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten langabeak. Lehentasuna emango zaie kualifikazio-maila baxua duten pertsonei: 30 urte arteko gazteak; emakumeak, langabeen kolektiboan duten proportzio berean (langabezian dauden pertsona guztien % 55); luzaroko langabeak; 45 urtetik gorakoak; desgaitasunen bat duten pertsonak; gizarteratzeko errenta aktiboaren eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren onuradun diren langabeak; terrorismoaren eta genero-indarkeriaren biktimak; eta aparteko langabezia-sorospenaren hartzaileak.

2.a Bigarrenik, gainerako langabeak, oro har.

3.a Hirugarrenik, langile landunak, prestakuntza-ekintzara joateko ordutegi-prestasuna dutenak, eta soilik ikastaroan parte hartzeko eskakizunak betetzen dituzten behar adina langabe ez egoteagatik plaza hutsak daudenean.

7.– Langile landunek, lehentasunezkoak ez direnez, plaza hutsak daudenean bakarrik parte hartu ahal izango dute, ikastaroan parte hartzeko baldintzak betetzen dituen langabe nahikorik ez badago.

8.– Pertsona batek ezin izango ditu bi ikastaro batera egin, ikastaroan sartzeko baldintzak betetzen dituzten pertsonen eskabideak izanez gero.

9.– Hautaketa bukatu ondoren, entitate onuradunek hautaketaren emaitza jakinaraziko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari LanF kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez, eta aintzat hartuz zer jarraibide ematen dituen berariaz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak.

10.– Hautatuak izan direnen zerrenda eta erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrenda erakutsi behar dituzte prestakuntza-erakundeek beren instalazioetan, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez, hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean. Hor, zehaztuta egon behar du non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren prestakuntza-ekintzak.

Aurrekoa eragotzi gabe, prestakuntza-zentroek egoki iritzitako bestelako bitartekoak erabili ahal izango dituzte ikasleei ikastaroetan parte hartuko dutela jakinarazteko.

11. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten emakumeen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Prestakuntza-ekintzak doakoak dira ikasleentzat eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagunduko ditu.

2.– Ikasleek aseguru-estaldura izango dute ikastaroetan eta, behar denean, enpresako prestakuntza praktikoan, bai eta haietara joateko bidean dituzten arriskuetarako, istripuak eta erantzukizun zibila estaltzeko poliza sinatuko baitu Eusko Jaurlaritzak.

3.– Klaseko lehen egunean ikastaroaren egutegia, prestakuntza-ekintzaren programa eta ikasleen eskubide eta betebeharren dokumentua jasoko dute ikasleek, eta dokumentu hori sinatuko dute.

Halaber, informazio idatzia jasoko dute honako hauek direla eta: geroko kontratazioa, zerbitzuak beteko dituzten enpresak, aurreikusitako kontratuen kopurua eta lan-kontratuen baldintza zehatzak (lantokia non kokatuta dagoen, lanbide-kategoria, ordainsaria, lanaldia eta lan-ordutegia, kontratuaren iraupena eta abar).

Prestakuntza-entitate batek eskatutako ekintzak, entitate sektorial batek (2.1 artikuluko b.1 kategoria) edo trakzio-enpresa batek (2.1 artikuluko b.2 kategoria) sustatuak, ikastaroa hasten denean, enpresa kontratatzaile posibleei buruzko informazioa emango zaie, bai eta deialdi honetan eskatzen diren kontratuen ezaugarri orokorrak ere.

4.– Ikasleek prestakuntza-ekintzetara joan beharko dute, eta haiei probetxua atera beharko diete. Horretarako, enpresa edo entitate onuradunek eguneroko bertaratze-partea egin beharko dute, eta irakasleak zein parte-hartzaileek sinatu beharko dute. Profesionaltasun-ziurtagirien edo ziurtagiri profesionalen kasuan, eguneroko parte hori bereiz egingo da prestakuntza-modulu bakoitzeko.

5.– Parte-hartzaileek ezingo dute ikastaro batean baja eman beste prestakuntza-ekintza bat hasteko. Ezin izango dute jarduera utzi harik eta bukatzen den arte, non eta ez duten enplegua aurkitzen eta horrek prestakuntza-ekintzara joatea eta probetxua ateratzea galarazten, edo non eta ez zaien bat-bateko familia-egoera larriren bat sortzen (egoera hori behar bezala justifikatu beharko da). Jarduera justifikaziorik gabeko beste arrazoiren batengatik utziz gero, gerta liteke pertsona hori lehentasunezkoa ez izatea etorkizuneko deialdietako prestakuntza-ekintzetan.

12. artikulua.– Ikasleak baztertzeko arrazoiak eta prozedura.

1.– Honako hauek izango dira ikasleak baztertzeko arrazoiak:

a) Justifikatu gabeko hiru asistentzia-faltatik gora egitea hilabetean.

b) Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoaren % 25etik gorako hutsegitea, arrazoia edozein dela ere, justifikatua edo justifikatu gabea.

c) Prestakuntza-ekintzari probetxurik ez ateratzea, edo ekintza behar bezala egitea eragozten duen jokabide desegokia izatea, osasun- eta higiene-arauak ere kontuan hartuta.

2.– Honako hau izango da ikasleak baztertzeko prozedura:

Prestakuntza-zentroak prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, horretarako ezarri den eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du, eta, ontzat ematen badu, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak baztertzeko prozedura hasteko erabakia hartuko du. Erabakian, ikaslea baztertzeko proposamenaren arrazoia azalduko da, eta ikasleak bost egun balioduneko epea izango du alegazioak aurkezteko. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak gehienez hamabost eguneko epean ebatziko du prozedura. Egoerak hala eskatzen badu, baztertze-prozedurari ekiteko erabakian behin-behineko neurriak har daitezke prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke pertsona ikastarotik behin-behinekoz baztertzea, prozedura abiatzeko erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den bitartean. Ebazpenean adieraziko da zein errekurtso aurkeztu daitekeen.

Asteren batean prestakuntza-ekintzan parte hartu duen norbaitek prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuruaren % 25etik gora huts egitea, edo justifikatu gabeko hiru asistentzia-falta baino gehiago egiten baditu hilabetean, prestakuntza-zentroak horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren Zuzendaritzari, ikaslea baztertzeko prozedura has dezan. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gora huts egitea arrazoi justifikatu batengatik gertatu bada (adibidez, gaixotasuna edo lanean hastea), pertsona horrek geratzen den modulua egiteko aukera izatea aztertu ahal izango da.

Parte-hartzaileren batek prestakuntza-ekintzara joateari uzten badio eta ordu-kopuruaren % 25etik gora huts egiten badu, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura erabili beharrik izan gabe.

13. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak gauzatzea eta lortutako konpetentziak egiaztatzea.

1.– Dirulaguntzaren onuradun den enpresak edo erakundeak deialdi honetan ezarritakoaren arabera eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako ereduak aintzat hartuta gauzatu beharko du prestakuntza-ekintza. Entitate autonomo honen prestakuntzarako aplikazio informatikoa (LanF) erabiliko du prestakuntzaren hasiera jakinarazteko (hasiko den eguna baino zazpi egun baliodun lehenago gutxienez), bai eta gerora izan daitekeen edozein aldaketaren, prestakuntza-ekintzak bukatzearen eta parte-hartzaileen bertaratzea kontrolatzearen berri emateko ere, prestakuntza-orduetara bertaratu izana kontrolatzeko orrien bidez (parte-hartzaileek sinatuko dituzte).

Oro har, eta aurkako jarraibiderik ematen ez bada, gehienez zazpi egun balioduneko epealdian egin beharko zaizkio jakinarazpenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi, harik eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak LanF aplikazioan Hasierako Komunikazioa baimendu arte.

Prestakuntza-ekintza hasi aurretik, enpresek, dirulaguntzaren onuradun direnean, enpresako langileen legezko ordezkari gisa jarduten duten pertsonei jakinaraziko diete gauzatu beharreko kontratazio-konpromisoa dakarren programa onartu dela, bai eta proposatutako kontratazioaren oinarrizko baldintzak eta prestakuntza-ekintzan parte hartzen duten pertsonen zerrenda ere.

2.– Deialdi honen barruko prestakuntza emango duten prestatzaileek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena beharko dute, eta prestatzaileen fitxategian sartu beharko dira, indarreko araudian ezarritako eskakizunen arabera.

Profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak eskuratzera bideratuta ez dauden prestakuntza-ekintzetan, enpresek eman behar badituzte zuzenean, ez da beharrezkoa izango Lanbidek prestatzaileak baimentzea. Irakasle horiei ez zaie alta emango Lanbideren fitxategian.

3.– Dirulaguntza jasotzen duten pertsonez gain, beste bi joan daitezke prestakuntza-ekintzara, dirulaguntza jasotzeko eskubiderik gabe, hasierako komunikazioan hartarako eskabidea egiten duten prestakuntza-erakundeetan, betiere instalazioak eta ekipoak badituzte eta ikasle guztientzat bermatzen badira berdintasun-baldintzak. Erabilgarri diren instalazioak eta ekipamenduak egiaztatutakoan emango da baimena; profesionaltasun-ziurtagiri edo ziurtagiri profesionalen kasuan, eskatutako parte-hartzaileen kopurua ere egiaztatuko da.

4.– Langile langabeek ezingo dute prestakuntza-ekintzetan egunean 8 ordu baino gehiagoz parte hartu. Nolanahi ere, astean ez dira egingo 40 ordu baino gehiago. Muga horien barruan daude, hala egokitzen denean, bai profesionaltasun-ziurtagiri edo ziurtagiri profesional bakoitzean lantokietan egiten den prestakuntza praktikoaren moduluko orduak, bai profesionaltasun-ziurtagiriei edo ziurtagiri profesionalei ez dagozkien ekintzen praktiken orduak.

5.– Prestakuntza-erakundeek eta, hala badagokio, enpresek prestakuntza-ekintzak programatzeko ordutegiak ezartzean, prestakuntza parte-hartzaileen bizitza pertsonalarekin uztartzeko era aurkitu beharko dute.

Prestakuntza-ekintza hasitakoan, erregulartasunez emango da, eta prestakuntza-erakundeak ezingo du aldi baterako eten, ezinbesteko kasuan izan ezik, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak behar bezala justifikatuta eta onartuta.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-ekintza bat kautelaz eten ahal izango du, baldin eta prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten anomaliak hautematen badira.

6.– Entitate onuradunek honako hauek emango dizkiete, gutxienez, parte-hartzaile guztiei prestakuntza-ekintzetan:

– Eskuliburu bat, argitaratua edo euskarri informatikoan, espezialitateko eduki guztiak bilduko dituena.

– ikastaroa ondo garatzeko behar den idazmahaiko materiala.

– Beharrezkoak diren babes-elementuak.

– Geroagoko kontratazioari buruzko informazio idatzia, 11.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Era berean, zer eskubide eta betebehar dituzten azalduko diete ikasleei, bai eta deialdi honetako 11. eta 12. artikuluetan araututako kanporatzeko arrazoiak eta prozedurak ere.

Aurreko puntuen entregatik eta informaziotik ikasleen hartu-agiria jasoko da. Entitate onuradunak LanF aplikazio informatikora igo beharko ditu hartu-agiri horiek.

7.– Ikasleren batek prestakuntza-ekintza uzten badu, haren lekuan beste parte-hartzaile bat sartu ahal izango da. Prestakuntza-jardueraren iraupenaren % 25era iritsi baino lehen onartuko da ordeztea, salbu eta profesionaltasun-ziurtagiriei edo ziurtagiri profesionalei loturiko prestakuntza-jardueren kasuan; kasu horretan, soilik onartuko da ordeztea baldin eta prestakuntza-jarduera hasi eta lehenengo bost eskola-egunetan ordezten bada eta, betiere, ehuneko hori gainditu ez bada.

Jada hasita dagoen prestakuntza-ekintza batean sartzen direnek maila nahikoa izan beharko dute, hartara ikastaroa probetxuz jarraitu ahal izateko, normaltasunez gauza dadila oztopatu gabe. Hala, bada, prestakuntza-ekintzari probetxua ateratzeko eta ekintza normaltasunez garatzeko, parte-hartzaileen hautaketa-prozesuak irizpide batzuk ezarri beharko ditu, ikasleek prestakuntza-ekintza behar bezala jarraitzeko eska daitekeen gutxieneko maila dutela bermatze aldera.

8.– Prestakuntza-jardueran parte hartzen duten langabeei dagokienez, batez ere langabeziako prestazioa edo subsidioa edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen badute, prestakuntza emateko ardura duten entitate onuradunek berehala eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari parte-hartzaileen ukoen, ez-bertaratzeen eta uzteen berri, egoera horiek zergatik gertatu diren zehaztuta.

9.– Prestakuntzaren xedea ez bada profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak eskuratzea, parte-hartzaile bakoitzari asistentzia-ziurtagiria edo diploma emango zaio, prestakuntza gainditu badu eta ebaluazioa positiboa izan bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren arabera. Dokumentu horretan, gutxienez datu hauek adieraziko dira: prestakuntza-ekintzaren izena, prestakuntza-edukiak, zer modalitatetan eman den, zer egunetan hasi eta amaitu den, eta ikasleak guztira jaso dituen prestakuntza-orduak, bai eta Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketari buruzko aipamena ere.

10.– Prestakuntzaren xedea profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak eskuratzea bada, ikasleak egiten duen modulu bakoitza ebaluatuko da, ikasketaren emaitzak eta, horrenbestez, gaitasun profesionalak eskuratu direla egiaztatzeko.

Ebaluazioa sistematikoki egingo da, aldez aurreko plangintza baten arabera, zeinean honako hauek adieraziko baitira, gutxienez, modulu bakoitzarentzat: ebaluazioa zer egunetan egitea kalkulatu den, zer tokitan egingo den, zer ebaluazio-tresna erabiliko diren, eta zenbat denbora iraungo duen (LanF aplikazio informatikoan eskuragai dagoen ereduaren arabera). Ebaluazio-tresna horiek eta parte-hartzaile bakoitzak egindako probak eskaneatuko dira, eta aplikazio informatikoan gordeko dira.

Prestakuntza-moduluetan egiaztatu beharreko ikaskuntzaren emaitzak haien gaitasunetan eta ebaluazio-irizpideetan jasotako ezaguerei eta trebetasun praktikoei dagozkienak izango dira; horrela, osotasunean, gaitasun profesionalak eskuratu direla egiaztatu ahalko dute.

Konpetentzia-unitateen egiaztapena jasotzeko, emaitza positiboarekin gainditu beharko dituzte haiekin lotutako prestakuntza-moduluak, «gai» direla adierazita.

Prestatzaileek txosten batean jasoko dituzte pertsonek prestakuntza-modulu bakoitzaren ebaluazioan lortutako emaitzak. Txosten horretan adieraziko da bakoitzaren jarduna, aplikatutako ebaluazio-tresnen arabera, egindako zuzenketak eta lortutako puntuazioak jasota (LanF aplikazio informatikoan eskuragai dagoen ereduaren arabera).

Modulua eman eta gero, ebaluazio-akta bete beharko da LanF aplikazio informatikoaren bidez, parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitzarekin: «gai», «gai, ez-egiaztagarria» edo «ez gai».

Prestakuntza praktikoko modulua lantokian egiten bada, prestakuntza-zentroak eta enpresak izendatutako tutoreek batera egingo dute ikasleen jarraipena eta ebaluazioa. Modulu hori gainditzen duten pertsonek ziurtagiri bat jasoko dute LanF aplikazio informatikoaren bitartez.

Ikastaroa bukatzean, gainditutako prestakuntza-moduluei dagokien Egiaztapen Partzial Metagarria (EPM) emango zaie parte-hartzaileei, eta profesionaltasun-ziurtagiria edo ziurtagiri profesionala lortzeko prozedura hasiko da, hura osatu badute.

Parte-hartzaileak emaitza negatiboekin bukatzen badu ikastaroa, asistentzia-ziurtagiri bat emango zaio, eta, hala dagokionean, gainditu dituen prestakuntza-moduluen Egiaztapen Partzial Metagarriak edo prestakuntza-modulu baten barruan zer prestakuntza-unitate gainditu dituen zehazten duen ziurtagiria.

Profesionaltasun-ziurtagiriei edo ziurtagiri profesionalei dagozkien prestakuntza-ekintzak ematen dituen erakundeak honako datu edo dokumentu hauek sartu beharko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren LanF aplikazioan:

– Ikastaroa hasi aurreko 7 egun baliodunetan:

• Ebaluazioaren plangintza, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak LanF aplikazio informatikoaren bitartez eskuragai ezarritako ereduaren arabera.

• Erabiliko diren ebaluazio-tresnak, eta horiek zuzentzeko eta puntuatzeko euskarriak.

– Ikastaroa bukatu ondoko 7 egun baliodunetan:

• Ikasleen emaitzak biltzen dituzten dokumentuak LanF aplikazioan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak LanF aplikazio informatikoaren bitartez eskuragai ezarritako ereduaren arabera.

• Ebaluazio-aktak betetzea.

11.– Dirulaguntzen prestakuntza-entitate onuradunek zuzenean egingo dituzte prestakuntza-ekintzak, eta ezin izango dute hirugarrenik azpikontratatu horretarako. Horri begira, ordea, dirulaguntza jaso duen prestakuntza-ekintza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko. Pertsona fisikoak kontratatzea baino ez da hartuko irakasleak kontratatzetzat.

Onuraduna enpresa bat izanez gero, bitarteko propioak baliatuta eman dezake prestakuntza, edo kontrata dezake, helburu horretarako egoki izanez gero. Halaber, behin bakarrik azpikontratatu ahal izango du prestakuntza-ekintza entitate egiaztatu batekin eta/edo Lanbidek kudeatutako prestakuntza-erakundeen erregistroan inskribatuta dagoen batekin, eta ez da azpikontrataziotzat joko irakasleak (pertsona fisikoak) kontratatzea diruz lagundutako prestakuntza emateko.

Kontrataziora joz gero, enpresa onuradunak hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, kontratuen zenbatekoak gainditzen badu Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 118. artikuluan kontratu txikientzat ezarritako zenbatekoen muga, ezaugarri bereziak izatearen ondorioz zerbitzu hori ematen duten erakundeen kopurua merkatuan nahikoa ez den kasuetan izan ezik. Aurkeztutako eskaintzen arteko aukera eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta berariaz justifikatuko da memoria batean, aukeratutakoa ez bada proposamen ekonomiko onena.

Azpikontratazioaren kasuan, enpresa onuradunak aldez aurreko baimena eskatu beharko dio organo emaileari, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29. artikuluko 3. eta 7.d) apartatuetan aurreikusitako kasuetan. Horretarako, eskabidearekin batera formalizatuko den kontratua aurkeztuko da. Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak 20 eguneko epean ebatziko du baimena, eskabidea Lanbideren erregistroan sartzen den egunetik aurrera. Hala izan ezean, baimena emantzat joko da.

Nolanahi ere, 11. apartatu honetan aurreikusi ez den guztian zuzenean aplikatuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. eta 31.3 artikuluetan xedatutakoa.

14. artikulua.– Lanekoak ez diren lanbide-praktikak.

1.– Prestakuntzaren helburua profesionaltasun-ziurtagiri edo ziurtagiri profesional bat lortzea ez bada, lanekoak ez diren lanbide-praktikak egitea justifikatu beharko da. Praktika horiek ezingo dute prestakuntza-ekintzarako orduen % 50 baino gehiago iraun, eta gehienez 200 ordukoak zango dira; prestakuntza-ekintza amaitu eta ondorengo bi hilabeteetan hasi beharko dira beranduenez. Egungo deialdiaren 5.5 artikuluan adierazitakoak baldintzatuko du epe hau.

2.– Prestakuntzaren xedea ziurtagiri profesionalak (C graduak) lortzea baldin bada, enpresako prestakuntza uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 71. artikuluan aurreikusitako baldintzetan garatuko da. Prestakuntzaren helburua profesionaltasun-ziurtagiri bat lortzea bada:

– Praktiken iraupena eta edukia bat etorriko dira lantokiko prestakuntza praktikoko moduluarekin, dagokion profesionaltasun-ziurtagiria arautzen duen Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoaren arabera.

– Prestakuntza-enpresek edo -erakundeek prestakuntza praktikoko modulua lantokietan eta egindako espezialitatearekin lotutako okupazioetan egitea aurreikusi beharko dute. Prestakuntza-ekintza emaitza positiboarekin gainditu duten ikasleen % 100ek lantokiko prestakuntza praktikoko modulua egin ahal izango dute, edozein dela ere haien administrazio-egoera, salbu eta gutxienez sei hilabeteko lan-esperientzia egiaztatzen duten parte-hartzaileek, urtarrilaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 131. artikuluan aurreikusitako baldintzetan. Kontratatuko diren ikasleek prestakuntza praktikoko modulua egin ahal izango dute, baldin eta prestakuntza-jarduera amaitzeko aurreikusitako data 2025eko irailaren 15a baino lehen amaitzen bada edo, bestela, ondorengo lan-esperientziarekin baliozkotuta geratu ahal izango da modulua, baldin eta benetako laneko hiru hilabeteak gainditzen badira eta lan-jarduera modulu horren prestakuntza-edukiarekin lotuta badago.

Lan-harremana formalizatzen ez den eta harreman hori hiru hilabetetik beherakoa duten ikasleei dagokienez, prestakuntza-erakundeak prestakuntza praktikoko modulua lantokian egiteko erraztasunak emango ditu, ikasleek dagokion profesionaltasun-ziurtagiria edo ziurtagiri profesionala lor dezaten.

– Lehentasunez, lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluak bukatutakoan egingo dira, aurrekoak emaitza positiboarekin gainditu badira, betiere; horrela, azken prestakuntza-modulua bukatzen denetik lau hilabete igaro baino lehen hasi behar dira lanbide-praktikak. Egungo deialdiaren 5.5 artikuluan adierazitakoak baldintzatuko du epe hau.

Salbuespenez eta justifikatuta baldin badago, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimena eman ahal izango du lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluekin batera egin ahal izateko.

Praktikak prestakuntza-ekintza egiten ari diren bitartean hasi dituzten eta azken emaitza negatiboa lortzen duten pertsonek praktiketan jarraitzeko aukera izango dute. Prestakuntza-ekintza uzteak, berriz, hari lotutako lantokiko prestakuntza praktikoko modulua amaitzea ekarriko du.

– Profesionaltasun-ziurtagiri edo ziurtagiri profesional osoa ematen ez bada, lanekoak ez diren praktikak egin ahal izango dira, baina ez lantokiko prestakuntza-modulua, langileak gainerako prestakuntza-moduluak egiaztatuta izan ezean. Kasu horretan, praktikak egin behar dituenak ziurtagiria bete ez badu, bi hilabeteko epea izango du praktikak hasteko. Era berean, eta kontratazio-epeari dagokionez, 6. artikuluaren 6. puntuan xedatutakoari jarraituko zaio, prestakuntza teoriko-praktikoa amaitutakoan prestakuntza amaitu dela ulertuta.

3.– Lanekoak ez diren praktikak egiteko, enpresaren eta prestakuntza-erakundearen arteko akordio bat sinatuko da, eta akordio horren berri emango zaio praktikak egingo dituen pertsonari. Akordio horretan, hauek azaldu beharko dira: praktiken edukia, iraupena, praktikak egiteko tokia eta ordutegia, eta praktiken jarraipena eta ebaluazioa egiteko tutoretza-sistema. Hitzarmen hori Lanbideri bidaliko zaio Lan-F aplikazioaren bitartez, baimendu dezan, praktikak benetan hasi baino 7 egun baliodun lehenago, gutxienez. Praktikak hasi baino lehen, enpresako langileen legezko ordezkariei emango zaie akordio horren berri. Baldintza hori bete den ziurtatzeko, langileen legezko ordezkariek hitzarmenari buruzko informazioa jaso dutela adierazteko dokumentua erantsi beharko da (eredu ofiziala erabili beharko da horretarako, LanF aplikaziotik hartuta).

4.– Praktikak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egin beharko dira, salbu eta behar bezala justifikatutako arrazoirik bada, eta Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak baimendu ondoren.

5.– Ikasleek ezin izango dute kontratu-harremanik izan praktikak egingo diren enpresa, instituzio edo entitate publiko edo pribatuarekin, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak horretarako baimena eman ezean.

6.– Praktiken eguneko lanaldia ezin izango da 8 ordutik gorakoa izan.

7.– Ezinbesteko eskakizuna da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak praktiken akordioa baliozkotzea, eta lantokietako prestakuntza-modulua hasi aurretik egin behar da. Hori betetzen ez bada, nahitaezko baimena ez duten praktikak baliogabetu ahal izango dira.

15. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Zeregin hori ez da mugatuko eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzera; aitzitik, barnean hartuko du prestakuntzaren emaitzen ebaluazioa, eta, hartara, kalitatea bermatzen lagunduko du.

2.– Jarduera-plan bat ezarriko da deialdian ezarritako eskakizunak betetzen diren eta prestakuntza-planak erregulartasunez gauzatzen diren egiaztatzeko eta, beharrezkoa izanez gero, bidezko neurri zuzentzaileak ezartzeko. Jarduera horiek barnean hartuko dute prestakuntza-jardueraren jarraipena, ematen den tokian eta toki horretatik kanpo, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak egiten diren bitartean edota amaitu ondoren, dokumentuen bidez eta frogagiri fisikoen bidez.

3.– Batasunaren arautegian ezartzen den bezala, eta bat etorriz prestakuntza-erakundeen inskripzioa edo egiaztatzea arautzen dituen arautegiarekin, plan horretan in situ egiaztapen-bisitak sartuko dira Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketaren eskakizunak betetzen direnez egiaztatzeko eta inskripzioa edo egiaztapena egiterakoan zentroak egiaztatu zituen baldintzak mantentzen diren ikusteko.

16. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honen kalitatea ebaluatuko du, kontuan hartuta ikasleek berek betetako galdetegietatik lortutako batez besteko emaitzak, hala xedatzen baita enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituen Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean (2009ko ekainaren 11ko BOE).

Horretarako, dirulaguntzen onuradunek burutzen duten prestakuntzaren kalitatea ebaluatu eta kontrolatu beharko dute, prestakuntza-planean jasotako prestakuntza-ekintzak kudeatzeko jardueren artean.

Edonola ere, prestakuntza-ekintza bakoitza amaitu aurretik, parte-hartzaileek kalitateari buruzko galdetegia bete beharko dute; galdetegi hori, oro har, prestakuntza egiaztagarriko ekintza guztietan emango zaie, amaierako azterketa egitean, baita egiaztagarria ez den baina amaierako azterketa egitea eskatzen duen prestakuntzaren kasuan ere. Gainerako prestakuntza-ekintzetan, ikastaroaren azken bi egunetan beteko da galdetegia.

Galdetegi horiek telematikoki beteko dituzte ikasleek. Ikastaroa ematen duen erakundearen ardura da ziurtatzea kalitateari buruzko galdetegia ekintza amaitu duten ikasleek betetzen dutela; horretarako, parte-hartzaileen eskura jarriko dituzte beharrezko baliabideak, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleek galdetegia bide telematikoz betetzea ahalbidetzeko. Parte-hartzaileen % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, dirulaguntzaren likidazioa 18.1.1.a artikuluan adierazten den bezala egingo da.

17. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

1.– Prestakuntza-ekintzak egiteko emandako dirulaguntza bi ordainketatan ordainduko da, horiek eskatu eta gero, honela:

a) Lehen ordainketa, onartutako dirulaguntza osoaren % 50ekoa, prestakuntza-ekintza hasitakoan, 2024ko kredituaren kargura.

b) Bigarren ordainketa, guztizkoaren gainerako % 50era artekoa, 2025eko konpromiso-kredituaren kargura ordainduko dena, prestakuntza-jarduera amaitu eta kontratazio-konpromisoa betetzeko behar diren lan-kontratu guztiak egin ondoren.

Bigarren ordainketa dirulaguntzak 18. artikuluan aurreikusitako moduan justifikatu eta likidatu ondoren egingo da.

2.– Eremu maskulinizatuetako eta feminizatuetako emakume eta gizon langabeei zuzendutako ekintzen lan-kontratuetarako emandako dirulaguntza 2025eko aurrekontuaren kargura ordainduko da, honela:

a) Lehenengo ordainketa, % 60koa, dirulaguntza ematen den unean.

b) Bigarren ordainketa, hots, ordaintzeke dagoen dirulaguntzaren gainerakoa, kontratua hasi eta sei hilabeteko epea igaro ondoren, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kontratatutako pertsonari alta eman zaiola egiaztatu ondoren.

Baldin eta, lan-kontratuaren hasiera-data dela eta, ezin bada egiaztatu, 2025eko aurrekontu-ekitaldiaren itxiera-data baino lehen, kontratatutako langilearen altari eutsi zaiola hasierako sei hilabeteko aldi osoan, dirulaguntzaren bigarren ordainketa egingo da aldez aurretik, geroago egiaztatu ahal izango den arren.

Diruz lagundutako aldia amaitu baino lehen langileak enpresan baja hartzen badu, 18.2 artikuluan aurreikusitako moduan likidatuko da.

3.– Ordainketa aurreratuen zenbatekoa, banaka edo aurreko ordainketekin batuta, 180.303,63 eurotik gorakoa bada, dirulaguntzaren onuradun den erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintzan zenbateko aurreratua estaltzeko bermea eratu izanaren frogagiria aurkeztu beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, dagokion ordainketa egin aurretik.

4.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, entitate eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta behar du.

Entitatea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, helbide honetan egin ahalko du: https://euskadi.eus/hirugarrenak

18. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa.

1.– Prestakuntza-ekintzei dagokien likidazioa benetan gauzatutako ekintzen arabera egingo da, bai eta prestakuntza-emaitzen eta egindako lan-kontratuen arabera ere, 23. artikuluan araututako ez-betetzeen baldintzen arabera. Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasiera batean onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.1.– Prestakuntza-ekintzen parte-hartzaileen arabera eta benetan egin dituzten eskola-orduak kontuan hartuta egingo dira prestakuntza-jarduera gauzatzeko emandako dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa, ezarritako modulu ekonomikoei jarraituz.

Likidatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ez da aintzat hartuko ezarritako epeen barruan dagokien lantokian prestakuntza praktikoaren modulua amaitu ez duten ikasleek jasotako prestakuntza.

1.1.a.– Likidazioa kalkulatzeko eragiketa hau egingo da:

– A modulua 15 parte-hartzailez biderkatuko da –baldin eta prestakuntza hasi zuten ikasleen kopurua aurreikusitako gutxieneko eta gehieneko mugen barruan badago–, eta emandako prestakuntza-orduez.

– Aurrez aipatutako zenbatekoari gehituko zaio B moduluaren eta prestakuntza-ekintzak dituen ordu-kopuruaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu duten pertsonen kasuan, hau da, ekintzaren iraupenaren gutxienez % 75era bertaratu direnen kasuan. Ondorio horietarako, amaitutzat emango zaie lana aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi behar izan duten ikasleei, bai eta egiaztatutako gaixotasunagatik edo istripuagatik ikastaroan baja hartu zutenei ere, baldin eta azken bi kasu horietan gutxienez prestakuntza-jardueraren % 25 egin badute. Prestakuntza amaitu ez duten pertsonen kasuan, B modulua prestakuntza-ekintzan parte hartu duten ordu kopuru errealarekin biderkatuko da.

Ekintza bakoitza parte-hartzaile kopuru batentzat onetsi da, eta muga horiek errespetatuz egingo da kalkulua.

Ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen (gai eta ez gai) % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko B modulua amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbatekoa, hain zuzen ere betetakoen ehunekoaren eta gutxieneko % 67aren arteko aldeari dagokiona.

– Aurreko bi eragiketak eginda ateratzen den azken balioari haren % 10 gehituko zaio, zeharkako gastuei dagokiena.

Ekintzaren iraupenaren % 25 betetzean, hura hasi zuten parte-hartzaileen % 75ek jarraitzen ez badute, prestakuntza-ekintzak likidatzeko, oinarritzat hartuko da ekintzak amaitu dituzten ikasleen kopurutik abiatuta ateratako A + B + C moduluen zenbatekoa. Prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi behar izan duten langile langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, prestakuntza-jardueraren % 25 gutxienez egin badute. Ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen (gai eta ez gai) % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko B modulua amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbatekoa, hain zuzen ere betetakoen ehunekoaren eta gutxieneko % 67aren arteko aldeari dagokiona.

1.1.b.– Kontratazioa egiteko hiru hilabeteko epea igarota, dirulaguntzaren onuraduna izan den enpresak edo erakundeak hamabost eguneko epea izango du justifikazio-memoria LanF aplikazioaren bidez bidaltzeko. Aldez aurretik, kontratazio-konpromisoa betetzeko parte-hartzaileei egindako lan-kontratuak erantsi beharko ditu, eta aipatutako aplikazioan eskatutako datuak bete.

Justifikazio-memoriak honako dokumentu hauek jasoko ditu:

– Laburpen-koadro bat. Horretan jaso beharko dira ikasle bakoitzak benetan egindako eskola-orduak eta dagokien zenbatekoa, hots, ezarritako modulu ekonomikoak eta artikulu honetan aurreikusitako irizpideak aplikatuz lortutakoa.

– Diruz lagundutako jarduera osorik edo partez finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuei buruzko adierazpena, zenbatekoa eta jatorria adierazita, edo bestela, halakorik ez dagoela dioen adierazpena. Kontuan hartu behar da 22.1 artikuluan xedatutakoaren arabera deialdi honen babesean eta prestakuntza-ekintzak egiteagatik emandako dirulaguntza bateraezina dela beste edozein laguntza edo dirulaguntzarekin.

– Ikasleei eta entitate onuradunetako eta haien plantillako pertsona titularrei buruzko informazioa, sexuaren arabera bereizia.

2.– Kontrataziorako dirulaguntzaren enpresa onuradunak honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, LanF aplikazio telematikoaren bidez, diruz lagundutako sei hilabeteko aldia amaitzen denetik edo kontratua aldez aurretik azkentzen den egunetik gehienez hamabost eguneko epean:

– Kontratatutako pertsonaren Gizarte Segurantzako Kotizazio Datuen Txostena-KDT.

– Diruz lagundutako lan-kontratua osorik edo partez finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuei buruzko adierazpena, zenbatekoa eta jatorria adierazita, edo bestela, halakorik ez dagoela dioen adierazpena. Kontuan hartu behar da, 22.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, lan-kontratuak egiteagatik emandako dirulaguntza bateraezina dela beste edozein laguntza edo dirulaguntzarekin, Gizarte Segurantzaren kotizazioaren murrizketa eta/edo hobariekin izan ezik.

– Enpresa onuraduneko eta haren plantillako titularrei buruzko informazioa, sexuaren arabera bereizita.

Laguntza horiek likidatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egindako kontratuen iraupena egiaztatuko du, eta, baldin eta langileak enpresan baja hartzen badu diruz lagundutako sei hilabeteko aldia amaitu baino lehen, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da benetako kontratazio-aldiari proportzionalki doitzeko; hala badagokio, itzulketa-prozedura izapidetuko da.

3.– Aurreko apartatuetan ezarritako epeak igaro eta bertan jasotako dokumentuak aurkeztu ez badira, organo eskudunak 15 eguneko epe luzaezina emango dio onuradunari dokumentu horiek aurkez ditzan. Azken epe horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.

19. artikulua.– Entitate eta enpresa onuradunen betebeharrak. Jarraipena eta kontrola.

1.– Onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan ezarritakoez gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1 eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak, eta enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duen araudian zehaztutakoak, prestakuntza-ekintzen bidezko dirulaguntzen arloan.

2.– Zehazki, laguntzen onuradunak honako hauek egiten dituzten egiaztatze- eta kontrol-jardueren mende egongo dira: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak. Prestakuntza-erakundeek lokaletara eta instalazioetara sartzen eta prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatu beharrekotzat jotzen diren gainerako pertsonekin harremanetan jartzen lagunduko dute.

Europako Gizarte Funtsak kofinantzatutako prestakuntza-ekintzek, Europar Batasuneko araudiaren ondorioz, arlo horretan eskumena duen ministerioak, Europako Batzordeak eta Europako Kontuen Auzitegiak egiten dituzten egiaztapen- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte.

3.– Kontrol-jarduera horiek onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak honako hau bete beharko du:

– Finantzatutako ekimena gauzatzeari edo bideragarria izateari buruzko informazio oro ematea eta eskatzen zaizkion jarraipen-dokumentuak bete eta bidaltzea.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea ea beste entitate batzuetatik dirulaguntzarik edo laguntzarik eskatu edo lortu duten, deialdi honetan diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak.

– Diruz lagundutako jardueraren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabarren aldaketa ere.

4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko eskakizunak beteko badituzte, entitate onuradunak laguntzarekin zerikusia duten transakzioak identifikatu beharko ditu, aparteko kontabilitate-identifikazio batekin eta kontabilitate-kode egoki batekin.

5.– Entitate onuradunaren ordezkariak edo ahaldunak sinatu beharko du, dirulaguntza onartzeko unean, datu pertsonalei dagokien konpromisoa, datu horien tratamenduaren arduradun den aldetik, arlo hori arautzen duen indarreko legerian ezarritako baldintzen arabera.

6.– Laguntzen entitate onuradunek kofinantzatutako gastuei buruzko egiaztagiri guztiak edo jatorrizko dokumentuen kopia ziurtatuak gordeko dituzte, oro har onartutako datu-euskarrien gainean, 2030eko abenduaren 31ra arte.

Agiri horiek jatorrizkoetan edo jatorrizkoen kopia konpultsatuetan gordeko dira, edo oro har onartutako datu-euskarrietan, bereziki jatorrizko dokumentuen bertsio elektronikoak edo bertsio elektronikoan soilik dauden dokumentuak.

7.– Entitateak, edo, hala badagokio, enpresak gela bat jarri beharko du parte-hartzaileen esku, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten parte-hartzaileak adina ordenagailu dituena, 16. artikuluan adierazitako inkesta telematikoa bete ahal izateko. Halaber, erakundea edo enpresa bera izango da inkesta hori betetzen dela bermatzeaz arduratu beharko dena.

20. artikulua.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketaren eta Europaren kofinantzaketaren ondoriozko komunikazio-betebeharrak.

Entitateek berariaz jaso beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatu dituela diruz lagundutako jarduera guztiak, bai eta haien ondoriozko ekintzak ere, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren komunikazio-eskuliburuan ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte (LanF prestakuntza-aplikazioaren bidez eskuratu ahal izango dute entitate onuradunek eskuliburu hori).

Prestakuntza-ekintza guztiek Europaren kofinantzaketa jasoko dutela aurreikusita, erakundeek berariaz adierazi beharko dute Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa hori, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Komunikazio Eskuliburuan jasota dagoen logoaren bidez, bai sortzen diren material didaktiko guztietan nahiz bestelako materialetan, bai eta diruz lagundutako jardueren berri emateko, hedatzeko eta/edo publizitatea egiteko ekintzetan ere.

Halaber, sinatutako kontratuetan, Europaren kofinantzaketaren aipamena jaso beharko da.

Dirulaguntzaren entitate onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 49. artikuluan jasotako webgunean.

21. artikulua.– Dirulaguntzaren aldaketa.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok ekarri ahal izango du emandako dirulaguntza aldatzea, deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

22. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan prestakuntza-ekintzak egiteko ematen diren dirulaguntzak bateraezinak dira administrazio honek edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek kontzeptu eta xede beragatik emandako beste edozein motatako dirulaguntza edo laguntza guztiekin.

2.– Lan-kontratuak egiteagatiko deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak dira kontratazio bereko beste edozein motatako dirulaguntza edo laguntzak eskuratzearekin, Gizarte Segurantzako kotizazioan izandako murrizketa edo hobariekin izan ezik.

23. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea

1.– Ezin izango da eskatu dirulaguntza ordaintzeko, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak –osorik edo partez– itzuli beharko dira, dirulaguntza eman denetik aplikagarri diren berandutze-interesekin batera, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun diren entitateek honako lege hauetan aurreikusitako betebeharrak betetzen ez dituztenean: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hura); edo deialdi honetan berariaz aurreikusitako betebeharrak betetzen ez dituztenean; edo honako lege hauetan aurreikusitako kasuetan badaude: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hura). Eta, bereziki, honako hauetan:

a) Jarduera gauzatu dela egiaztatzeko betebeharrak ez betetzea, edota laguntza emateko zein laguntzaz gozatzeko zehaztutako eskakizunak ez betetzea.

b) Dirulaguntza lortzea, horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe.

c) Jarraipen-lanei eta kontrol-lanei uko egitea edo oztopoak jartzea.

d) Diruz lagundutako ekintzak betetzeko baldintzei buruz errealitatearekin bat ez datozen datu faltsuak ematea.

e) Deialdi honen 20. artikuluan jasotako komunikazio- eta hedapen-betebeharrak ez betetzea.

f) Deialdi honetan zehaztutako beste betebehar, baldintza edo eskakizunak ez betetzea.

2.– Balizko ez-betetzeen maila honako irizpide hauen arabera zehaztuko da:

2.1.– Prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntzei dagokienez:

a) Erabateko ez-betetzea: dirulaguntzaren xedea edo hori justifikatzeko betebeharra erabat betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren % 100 itzuli behar izateko arrazoi izango da.

Era berean, erabateko ez-betetzetzat hartuko da, eta dirulaguntza itzuli beharko da, baldin eta:

– ez bada kontratatzen prestakuntza amaitzen eta gainditzen duten ikasleen % 30.

– prestakuntza amaitzen ez badute prestakuntza hasi zuten ikasleen % 50ek; ondorio horietarako, prestakuntza hori amaitu dutela ulertzen da, baldin eta enplegua aurkitzeagatik prestakuntza-jarduera utzi behar izan behar badute, bai eta ikastaroan gaixotasunagatik edo istripuagatik baja hartu behar izan badute ere.

b) Ez-betetze partziala: dirulaguntzaren xedea edo hori justifikatzeko betebeharra partzialki betetzen ez bada, emandako dirulaguntza aldatu edo partzialki itzuliko da.

Ez-betetze partzialtzat hartuko dira kasu hauek:

(Ikus .PDF)

Ez-betetzea justifikatze aldera, kontratazioari uko egitea kontuan hartuko da soilik baldin eta prestakuntza-ekintza amaitu eta gainditu duten ikasleen % 30 baino txikiagoa bada kontratazioa eta, betiere, ez badago kontratatzeko moduan dagoen beste inor. Kasu horretan, likidazioaren zenbatekoa dirulaguntzaren % 50 izango litzateke.

2.2.– Kontratazioagatiko dirulaguntzei dagokienez, gutxienez sei hilabeteko epea bete gabe lan-harremana amaitzen bada, edozein dela arrazoia, laguntza itzuli egin beharko da. Hau da, aldez aurretik ordaindutako dirulaguntza itzuli beharko da, bete ez den kontratazio-aldiari dagokiona.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren onuraduna den enpresari edo entitateari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko, eta jakinaraziko dio, halaber, hamabost eguneko epea duela egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko.

4.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazio horiek aurkezteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak ebazpena emango du.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

5.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, diru-zenbatekoak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko zaizkio, ebazpena jakinarazi eta gehienez bi hilabeteko epean. Epe hori borondatezko aldiaren epea izango da.

Itzulketa borondatezko aldian egiten ez bada, itzuli beharrekoak premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.

24. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera honako bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Biltzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da, eta jardueraren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Biltzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/servicios/10842/ helbidean argitaratu da.

Hemen kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

25. artikulua.– Lehiari buruzko Europako araudia.

1.– Deialdi honetan adierazitako laguntzak (lan kontratuak egiteagatikoak) minimis arauari lotuko zaizkio; Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EE) Erregelamenduan dago xedatuta arau hori, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzko erregelamendua izanik. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakarrari de minimis laguntzetan emandako guztizko zenbatekoa ez da izango 200.000 eurotik gorakoa hiru ekitaldi fiskalen barruan.

2.– Kasuko ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako minimis laguntza horiei buruzko aitorpena egin beharko du pertsona edo entitate eskatzaileak, zehaztu behar baita minimis laguntza berriak ez duela gainditzen erregelamendu horretan ezarritako muga maximoa.

26. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.

1.– Dirulaguntzen programa honi honako arau hauetan bildutako dirulaguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa); azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, azken horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko eskakizunak, erregimena eta eginbeharrak.

2.– Laguntzek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa dutenez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren mende ere badaude. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisatuen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak. Era berean, laguntza hauek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1057 (EB) Erregelamenduaren mende ere badaude, eta, hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen da Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) eta indargabetzen da 1296/2013 (EB) Erregelamendua.

3.– Dirulaguntzaren xede den prestakuntzari dagokionez, hau aplikatuko da deialdi honetan aurreikusi gabeko guztian:

– 30/2015 Legea, irailaren 9koa, Lan-arloko Enplegurako Lanbide-heziketaren Sistema arautzen duena, Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Legearen aurkakoa ez den orotan.

– 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketako sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duena.

– TMS/368/2019 Agindua, martxoaren 28koa, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen duena, zeinak, halaber, garatze baitu Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketako sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea, prestakuntza egiaztagarriari dagokionez.

Prestakuntza ez-egiaztagarriari dagokionez:

– EFP/942/2022 Agindua, irailaren 23koa, zeinaren bidez arautzen baita Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako lan-esparruko Lanbide Heziketako Sistemaren prestakuntza-eskaintza, administrazio eskudunek egindakoa, eta ezartzen baititu haren oinarri arautzaileak eta finantzaketa-baldintza.

– 3/2022 Legea, martxoaren 31ko, Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzkoa.

– 659/2023 Errege Dekretua, uztailaren 18koa, 3/2022 Legeak arautzen duen Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua arautzen duena.

27. artikulua.– Deialdi honetako ehunekoen kalkulua.

Deialdi honetako kalkuluen ondoriozko ehunekoren batean hamartarrik egonez gero, zati osoa baino ez da hartuko kontuan, hamartarrak alde batera utzita.


Azterketa dokumentala