241. zk., 2023ko abenduaren 20a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (179 KB - 11 orri.)
- EPUB (121 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5650
EBAZPENA, 2023ko azaroaren 29koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzen-dariarena, zeinaren bidez hiru bekatarako deialdia onartzen baita, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko ikerlanak egiteko 2024an.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen helburu nagusia da: emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzea –benetakoa eta eraginkorra–, Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintzaren, ekonomiaren, kulturgintzaren eta gizartearen eremu guztietan. Ildo horretan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen ardura da Euskal Autonomia Erkidegoan emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak bultzatu, planifikatu eta ebaluatzea, eta aholku ematea politika horiei buruz; bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginak ezarritakoarekin, zeina martxoaren 16ko 1/2023 Legegintza Dekretuaren bidez onartu baitzen. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 3.i) artikuluan, erakunde horri izendatzen zaio jarduera-eremu guztietan egin beharreko politika taiutzeko azterlanak egin daitezen bereziki sustatzea.
Beka-modalitatearen bidez, deialdi honen bidez bi alderdi batu nahi dira: batetik, azterlanak egin daitezen sustatzeko eta horien gainean herritarrak sentsibilizatzeko Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak dituen egitekoak, eta bestetik, ikerlanak egin behar dituzten pertsonen trebakuntza. Izan ere, gizonen eta emakumeen benetako berdintasuna lortuko badugu, aztertu egin behar dugu zer genero-harreman eta -rol dauden gaur egun emakumeen eta gizonen artean arlo guztietan ageri diren ezberdintasunen oinarrian, eta abian jarri diren edo jarriko diren ekimenek emakumeengan eta gizonengan nola eragiten duten edo nola eragin dezaketen. Azterlan horiek garatu eta zabaltzea funtsezkoa da eztabaida publikorako eta erabaki politikoak hartzeko, are gehiago genero-ikuspegia politika guztietan txertatu nahi badugu. Ezin uka daiteke oso baliagarria dela lan horien berri ematea politikak planifikatzeko, abian jartzeko eta ebaluatzeko erantzukizun politikoa eta teknikoa dutenei; izan ere, lan hori egiteko, eskura eduki behar dituzte beharrezkoak diren tresnak, generoari buruzko alderdiei ekite aldera, alderdi horiek aztertze aldera eta berdintasunerantz aurrerapausoak emateko neurriak proposatze aldera beharrezkoak diren tresnak, alegia. Betiere, Europako Kontseiluan sortutako «mainstreaming»eko aditu-taldearen iritziz. Aldi berean, beka-deialdiak aukera ematen du arloan gehiago prestatzeko eta ikertzeko; era berean, onuradunen ibilbide profesionala sustatzen du.
Hori guztiagatik, deialdi honetarako, erakunde horren iritziz, egoki da aurreko ekitaldi bietan hasitako ildoarekin jarraitzea. Haietan, beken bitartez ikerlan batzuk egitea arautu zen, orain arte behar bezala ekin gabeko eremuetan ikertzea batez ere. Bekak beste laguntza mota bat bezala taxutu dira; ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta bere Erakunde Autonomoen eremuetan, deialdi mota horiei dagozkien araudia eta ezaugarriak aplikatuko zaizkie, oro har. Bekak norgehiagoka prozeduraz esleituko dira, behar bezala barematutako esleipen-irizpideei jarraituz. Azkenik, beka emateak inoiz ez du kontratu, lan edo estatutu bidezko loturarik ezarriko Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin.
Ekitaldi honetan ere hiru beka mota daude, mota bakoitzari ikerlan desberdin bat dagokiola. 1. eta 3. beken helburua da bekadun izango direnak genero-harremanen testuinguruan agertzen ari diren ikerketa-gai eta -eremuetara bideratzea eta eremu horietan trebatzea sustatzea, eta gure gizartean balio-aldaketa bat gerta dadin laguntzea. Bestalde, 2. bekaren bidez, oso aitortua den premia bati erantzungo zaio, hots, askotariko bereizkeria jasaten duten edo jasateko arriskuan dauden emakumeen premiak aztertzen eta premia horiei erantzuten aurrera egiteko beharrari.
Bestalde, hautagaiak hautatzeko prozedurari eusten zaio, alegia: lehendabiziko hautaketa egiten da, eta ondoren elkarrizketa bat, hautaketa-prozedura egoki kudeatzeko egokitzat jotzen den hautagai-kopuru jakin batekin; balorazio-irizpide objektibo eta tasatu berberak erabiltzen dira.
Inguruabar horiek kontuan izanik, deialdi honen bidez dinamizatu nahi dira beka bakoitzean definitutako azterketa-eremuak, eta bermatu nahi da kalitatezko ikerlanak egingo direla. Hori dena, berdintasun eraginkorra lortzeko emakume eta gizonen artean, Emakunde - Emakumearen Euskal Erakundeko 2024ko Dirulaguntza Plan Estrategikoan aurreikusten den bezala, zeina Emakunde - Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak onartu baitzuen 2023ko urriaren 11 eman zuen ebazpen baten bidez.
Azkenik, azaldu behar da ezen, bekak emateko, horretarako kreditu nahikoa eta egokia egon behar duela Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko aurrekontu orokorretan.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Kontuan izanik zer helburu deskribatu diren, hiru beka-deialdi egiten dira 2024rako, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko ikerlanak egiteko. Deialdietan, publizitate-, konkurrentzia- eta objetibotasun-irizpideak aplikatuko dira, bat etorriz Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak 2023ko urriaren 11n emandako Ebazpenarekin, zeinaren bidez onartzen baita Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko 2024ko Dirulaguntza Plan Estrategikoa, ebazpen honen eranskin modura azaltzen dena.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honetan aipatutako dirulaguntzak emateko, hartuko dira aintzakotzat honako arau hauek:: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 30/2015 Legean; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta lege horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Aurka egiteko, pertsona edo erakunde interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean (ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera); bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, hilabete biko epean (ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera).
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 29a.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria,
MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.
ERANSKINA
EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNAREN ALORREKO HIRU IKERLANETARAKO BEKAK: 2024KO DEIALDIA
1. artikulua.– Xedea.
Deialdi honen xedea da: hiru beka ematea, 2024. urtean emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzen lagunduko duten ikerlanak egiteko.
2. artikulua.– Beka bakoitzaren edukia eta ezaugarriak.
1.– Beka-mota bakoitzaren edukia ikerketa-gai hauei buruzkoa izango da:
a) 1. motako beka: gizartean dauden eremuetan balio-aldaketa gauzatzen lagunduko duten eta gizartea berdintasunerantz eramango duten ekimenak eta proposamenak bilatzea, eta horretarako dauden faktoreak aztertzea;
b) 2. motako beka: egoerak eta desberdintasunak aztertzea askotariko bereizkeria jasateko arriskuan dauden emakumeen kolektiboan; bereziki, baliabide sozial eta ekonomikoez baliatzean eta segurtasunean.
c) 3. motako beka: erabaki soziopolitikoak hartzeko eremuetan emakumeek duten sarbidea, parte-hartzea eta eragina aztertzea, eta ekimenak eta estrategiak bilatzea emakumeen ahalduntze politikoa, ekonomikoa eta soziala eta lidergoa mesedetzeko eta sistema patriarkala aldatzen edo gainditzen laguntzeko.
2.– Beka eskatzen duten pertsonek edo taldeek beka-mota baterako baino gehiagorako proiektuak aurkez ditzakete.
3.– Bekak emateak ez du esan nahi Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin kontratu-, lan- edo estatutu-harremanik ezarriko denik, eta ez da lanik egingo EAEko Administrazio Orokorreko edo haren organismo autonomoetako bulegoetan.
3. artikulua.– Hautapena eta zuzkidura ekonomikoa.
1.– Deialdi honetako beka-mota guztiak (3) lehiaketa-prozeduraz ebatziko dira. Ondorio horietarako, lehiaketa-prozedura prozedura bat da, zeinaren bidez, bekak emateko, erkatu egiten baitira aurkeztutako eskaerak; hala eskaeren artean lehentasun-ordena ezartzen da, kontuan izanik zer balorazio-irizpide finkatzen diren deialdian, eta, irizpide horiek aplikatuta, bekak esleitzen zaizkie balorazio handiena lortu dutenei, harik eta deialdian finkatutako mugara iritsi arte, erabilgarri dagoen kredituaren barruan.
2.– Aurreko artikuluan adierazitako helburuak betetzen laguntzeko diru-hornidura Erakundearen aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik hartuko da. Hirurogeita bederatzi mila bederatziehun eta laurogeita hemeretzi (69.999,00) eurokoa izango da; horietatik 23.333 euro 2014ko ordainketa-kredituei dagozkie, eta gainerakoa, 46.666 euro, 2015eko konpromiso-kredituei.
Laguntzak emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko agindua).
4. artikulua.– Eskatzaileak.
1.– Pertsona fisikoek edo pertsona fisikoen taldeek lortu ahal izango dituzte beka hauek, baldin eta aurretik ez badute lortu beste erakunde publiko edo pribatu batek emandako izaera bereko bekarik, eta betetzen badituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra finkatutako betekizunak (ordainduta eta egunean izatea tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko edozein beharretan, eta abar); horrez gain, bekak eskuratzeko, pertsona horien ikerlanek betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Argitaratu beharreko ikerlanaren azterketa-eremuak Euskal Autonomia Erkidegoa izan behar du, eta bertan garatu behar da.
b) Ikerlanak genero-ikuspegia jaso behar du bere helburuetan eta metodologian.
2.– Eskaera egiten duten banakoak edo taldeak izaera bereko beka, dirulaguntza edo laguntzen esparruan itzulketa- edo zehapen-prozesuren batean sartuta badaude eta laguntzak esleitzen bazaizkie, itzulketa- edo zehapen-prozesua amaitu egin beharko da laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko. Laguntza ordaintzeko, halaber, beharrezkoa izango da betebeharrak ordainduta izatea.
3.– Baldin eta hainbat eskatzailek ikerlan bakarra aurkezten badute, ikerlanaren titular-kide direnek euren arteko bat izendatu beharko dute koordinatzaile eta ordezkari izan dadin Administrazioaren aurrean, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11.3 artikuluko betebeharrekin.
5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea, elektronikoki izapidetzea.
1.– Eskabideak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariari zuzenduko zaizkio, eta aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Erregistro Orokorrean (Manuel Iradier 36, Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako edozein bulegotan.
Posta-bulegoaren bidez aurkezten diren eskabideak kartazal irekian jarri behar dira, egiaztatu aurretik posta-zerbitzuko funtzionarioek eguna eta zigilua jartzeko. Hala egin ezean, eskabidea dagokion bulego publikoan noiz sartzen den, egun horretan aurkeztutzat joko da.
2.– Halaber, interesdunek bide elektronikoak erabil ditzakete prozedura honen izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko. Bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztu ahalko dira eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0037811
Gainera, prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektronikoak erabiliz egin ahal izateko, interesdunek egiaztagiri elektroniko onartu bat izan behar dute: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
Eskabideak elektronikoki ere aurkeztu ahalko dira ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Eskabidearen osteko izapideak bide elektronikoz egiteko, helbide honetara jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta
3.– Egin beharreko izapideei buruzko zehaztapenak, hala aurrez aurreko izapideenak nola izapide elektronikoenak, eskuragarri egongo dira Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko web-orrian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0037811
4.– Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko bideak –aurrez aurrekoa edo elektronikoa– ez dakar prozeduraren hurrengo izapideetan bide hori erabili beharra.
5.– Eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurki ditzakete, nahi duten eran. Interesdunek hautatutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
6.– Eskabideak aurkezteko epea hasiko da ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean, 2024ko otsailaren 16an amaituko da.
6. artikulua.– Eskabideak formalizatzea, eta dokumentazioa.
1.– Pertsonek edo pertsona-taldeek eskabide bat aurkeztu beharko dute beka-motako. Eskabidean, berriz, erantzukizunpeko adierazpen hauek jaso beharko dituzte:
a) Ez dut/dugu jaso zehapen penalik edo administratiborik eragozten didanik/digunik dirulaguntza edo laguntza publikorik jasotzea, eta ez nago/gaude zehapen administratiborik edo penalik betetzen sexuan oinarrituta inor diskriminatzeagatik.
b) Ez dut/dugu debekurik dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko, ez eta sexu-diskriminazioagatik espresuki ezarritako debekurik ere.
c) Ez naiz/gara laguntzarik jasotzen ari, eta ez dut/dugu aurretik jaso xede eta helburu berarekin administrazio publikoren edo erakunde pribaturen batek emandakorik.
d) Betetzen ditut/ditugu deialdi honetan ezarritako betekizunak, ezinbestekoak direnak onuradun izateko.
e) Deklaratzen dut/dugu irakurri ditudala/ditugula hala eskabidea betetzeko jarraibideak nola aurkeztu beharreko dokumentu erantsiak, egiazkoak direla eskabide honetako datu guztiak, zeinak osorik baitaude, eta dokumentu guztia; era berean, nire/geure egiten dut erantzukizun guztia (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).
f) Sartuta nagoela/gaudela itzultze- edo zehatze-prozedura baten (erantsi prozedura hasi dela adierazten duen dokumentuaren kopia).
g) Ordaintzeke ditut/ditugu dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak (erantsi prozedura hasi dela adierazten duen dokumentuaren kopia).
2.– Laguntza-eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) Zein beka-motara aurkezten den, I. eranskinaren arabera, zeina behar bezala sinatu beharko baita. Ikerketa zenbait lagunen artean egitekoa bada, argiro zehaztu beharko da bakoitzak zein eginkizun eta zeregin izango dituen prozesuan eta nork bereganatzen dituen ikerketa-taldearen koordinazio- eta ordezkaritza-lanak.
b) Taldeko kideen erantzukizunpeko adierazpenak eta adostasunak, II. eranskinaren araberakoak eta behar bezala sinatuak, sinatzaileari buruz aurretiaz adierazitako modu berean.
c) Ikerlanaren azalpen-memoria, behar bezala sinatua, III. eranskinaren arabera.
d) Pertsona bakoitzeko, curriculum-eredua, behar bezala sinatua, IV. eranskinaren arabera.
e) Bidalitako dokumentuen zerrenda, V. eranskinaren arabera.
Eskabidea eta III. eranskina, berriz, pertsonek edo koordinatzaile ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko dira, eta II. eta IV. eranskinak, bestalde, banan-banan sinatu beharko dituzte pertsona guztiek edo taldea osatzen duten guztiek.
3.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak edozein unetan eskatu ahal izango du jatorrizko dokumentazioa entregatzeko, autentikotasuna egiaztatzeko.
4.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du baimena ematen zaiola organo emaileari zuzenean bide telematikoz egiazta dezan ea beteta dauden zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak; betiere, bat etorriz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluarekin; errege-dekretu horren bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2006 Lege Orokorra onartu zen (BOE, 176. zk. 2006ko uztailaren 25ekoa). Eskatzaileak espresuki ukatu ahal izango du baimen hori; kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.
7. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsen zuzenketa.
Beka-eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 6. artikuluan eskatutako dokumenturen bat falta bada, Emakundek interesdunari eskatuko dio aurkezteko falta den dokumentua edo zuzentzeko atzemandako hutsa. Horretarako, hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Horrez gain, ohartaraziko zaio ezen, eskatutakoa egin ezean, ulertuko dela atzera egin duela eskabidean, eta, kasu horretan, ebazpena emango dela, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan ezarritakoarekin.
Akatsak zuzentzeko, «Nire karpeta» atalera jo ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
8. artikulua.– Hautaketa-batzordea.
1.– Hautaketa batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko kide hauek osatuko dute batzorde hori:
Batzordeburua: Miren Josune Irabien Marigorta andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko idazkari nagusia.
Ordezkoa: Miren Elgarresta Larrabide andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria.
Epaimahaikideak:
– Noemí Alangua Elvira andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Ikerketa, Dokumentazio eta Plangintza arloko arduraduna.
Ordezkoa: Izaskun Garaigordobil Garmendia andrea, Administrazio Arloko arduraduna.
– Begoña Calvo Vicandi andrea, Aholkularitza Juridikoaren Arloaren arduraduna.
Ordezkoa: Unay Casado Lataburu jauna, Aholkularitza Juridikoaren arloko teknikaria.
– M.ª de los Llanos Olivas Lagunilla andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Ikerketa, Dokumentazio eta Plangintza arloko teknikaria.
Ordezkoa: Iñaki Imaz Mujika jauna, Ikerketa, Dokumentazio eta Plangintza arloko teknikaria.
Idazkari-lanetan, Aholkularitza Juridikoko Arloaren arduradunak jardungo du, edo, hala badagokio, haren ordezkoak.
2.– Hautaketa Batzordeak gaian adituak diren pertsonen laguntza eta aholkularitza izan dezake.
9. artikulua.– Hautagaitzak hautatzea eta balorazio-irizpideak.
1.– Hautaketa Batzordeak baloratuko du zer ezagutza duten eskatzaileak edo taldeko kideek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko bekaren gaiaren inguruko ikerlanak egiteko, zer prestakuntza eta esperientzia duten, zer gaitasun duten kontzeptuak zehatza-mehatz eta egokiro adierazteko, zer aukera duten bekaren langaian jarduteko, eta zer interes eragiten ikerlan-proposamenak eta zein den proposamen horren ikuspegia. Horretarako, beka-mota bakoitza emateko, Hautaketa Batzordeak balorazio-irizpide hauek hartuko ditu kontuan, bakoitzari emandako puntuen arabera:
A) Ikerlanaren kalitatea, oro har (70 puntu, gehienez).
a) Ikerlanaren esparru teorikoaren planteamendua (20 puntu, gehienez).
b) Ikerlana argia eta bideragarria izatea, egutegia eta metodologia barne (20 puntu, gehienez).
c) Ikerlanerako dedikazioa (20 puntu gehienez).
d) Berrikuntzak (10 puntu, gehienez).
B) Pertsonaren edo taldearen ibilbidea (20 puntu, gehienez).
Lana egiten duten banakoek edo taldeetako kideek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean duten ibilbidea, esperientzia eta prestakuntza; bereziki, eskatutako bekaren ikerketa gaiari buruz dutena.
C) Ikerlanak euskaraz egitea (10 puntu gehienez).
2.– Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten proposamenak atzera botako dira.
3.– Lehen aukeraketan hartutako hautagaiei deia egingo zaie elkarrizketa bat egiteko, beren proposamena azaldu eta defendatu ahal izateko. Hautaketa-batzordeak, gehienez ere, hiru hautagai elkarrizketatuko ditu bekako eta puntuazio-ordenaren arabera.
4.– Hautaketa-batzordeak egiten duen elkarrizketan, eskatzaileak edo talde-koordinazioa bereganatzen duenak azaldu beharko du zein diren aurkeztu duen memoriaren edo proposamenaren nondik norakoak. Batzordeak galderak egin ahal izango ditu azaldutakori buruz eta bekaren xedeari buruz.
5.– Hautaketa Batzordeak, egindako balorazioaren arabera, esleipen-proposamena egingo du. Proposamenean, jasoko da zer pertsona edo talde hautatu diren beka-mota bakoitzerako, zein den ordezko eskabideen zerrenda –pertsona edo talde onuradun batek uko egiten duenerako–, eta zein den kanpoan utzitako eskabideen zerrenda, zehaztuta zein den kanpoan uzteko arrazoia. Beka-mota baterako edo guztietarako, deialdia bete gabe uztea ere proposa dezake, baldin eta banako edo talde hautagairik ez baldin badago edo proposamena azaldu eta defendatzerakoan behar bezainbateko kalitatezko ikerlanik ez badago.
6.– Deialdi honetako hiru beketakoren bat eman gabe utziz gero, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak bekaren diru-zenbatekoaz baliatzeko proposa dezake, eta diru-zenbatekoa beste beka bati ematea, hain zuzen ere, beste mota bien artean interesgarriena den bekari.
10. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateraezintasunak.
Deialdi honetan aurreikusitako bekak bateraezinak dira beste erakunde publiko edo pribatu batek helburu bererako eman dituen edo eman ditzakeen beste beka, dirulaguntza edo laguntza batzuekin.
11. artikulua.– Ebazpena.
1.– Hautaketa Batzordearen esleipen-proposamena Erakundeko zuzendariari helaraziko zaio. Zuzendariak ebazpen espresua emango du, eta aditzera emango du zer beka eman edo ukatzen diren, eta, hala behar denean, adieraziko du deialdia bete gabe utzi dela. Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie banako zein talde onuradunei, bide elektronikoz edo postaz. Emandako beken zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, jendeak horren berri izan dezan.
Eskabidearen osteko izapideak, jakinarazpenak barne, bide elektronikoz egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
2.– Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe hori igaro, eta pertsonari edo pertsona-taldeari ez bazaio jakinarazten ebazpenik, ulertu beharko da beka-eskabidea ezetsi dela, hala ezartzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan.
12. artikulua.– Jabetza intelektualaren eskubideak.
1.– Jabetza intelektualaren eskubideari buruzko arauen esparruan eta indarreko legedian jasotakoaren arabera erabiliko dira egindako lanak.
2.– Nahi izanez gero, Emakunderi laga ahal izango zaizkio ustiapen-eskubideak. Erreproduzitzeko, banatzeko, jendaurrean komunikatzeko eta eraldatzeko ustiapen-eskubideak (erakunde honi lagatakoak), eta, orobat, ekonomikoki ustiatu daitezkeen gainerakoak, hain justu ere, mugarik gabe eta egungo hizkuntza eta prozedura ororen bitartez erabil daitezkeenak, egokitu beharko dira deialdi honetan jabetza intelektualari buruz aplikatu daitekeen araudiaren arabera xedaezinak diren baldintzetara eta mugetara.
13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Ebazpen honetan araututako beken onuradunek edo talde onuradunek bete beharko dituzte hala Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan xedatutako betebeharrak nola Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotakoak. Zehazki, betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) Onartzea ematen zaien beka. Ildo horretatik, ulertuko da beka onartzen dutela baldin eta, beka eman zaiela jakinarazteko idazkia jaso, eta hamabost eguneko epean ez badiote espresuki eta idatziz uko egiten.
b) Beka zertarako ematen den, horretarako erabiltzea, eta, gutxienez, hiru hilerik behin Emakunde -Emakumearen Euskal Erakunderi jakinaraztea zer lan egin den eta zer emaitza lortu den. Horretarako, egutegi bat ezarriko da, eta lanek Emakunderen adostasuna edo oniritzia jaso beharko dute.
c) Emandako beka-motarekin bat datorren ikerlana egitea, euskaraz eta/edo gaztelaniaz. Era berean, testua idaztean, ez da egingo hizkuntzaren erabilera sexistarik.
d) Egindako lanen argitalpen eta publizitate orotan, azaltzea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen laguntza jaso dutela. Horretarako, erakundearen marka erreproduzitu beharko da publizitate-euskarrian, parte-hartze mailaren arabera dagokion tamainan, kokalekuan eta ikuskeran, bat etorriz Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuarekin. Marka hori Emakunde-Emakumearen Euskal Erakunderi eskatu ahal izango zaio, eta bekadun lanean azalduko da, bat etorriz azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 18.4 apartatuarekin. Markari buruzko dokumentazioa esteka honetatik ere eskuratu ahal izango da: https://www.euskadi.eus/erakunde-ikurrak
e) Lagundutako ikerlanen bi kopia Erakundeari eman beharko zaio paperean, ondo koadernatuta. Beste kopia bat, berriz, euskarri informatikoan aurkeztu beharko da dokumentazio-zentroan. Erakundeak euskarri informatikoko kopia hori erabili hedatuko du, egokitzat jotzen dituen bide eta euskarrietan, herritarrak sentsibilizatzen laguntzeko eta bekadunen etorkizuneko garapen profesionala sustatzeko eta laguntzeko. Beti aipatu behar da nor dien lanaren egileak, eta erabat bete beharko da jabetza intelektualerako eskubideari buruzko araudia.
f) Alta emanda egotea Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan. Betekizun hori bete behar da, deialdia ebazteko eta ordainketak egin ahal izateko, ebazpena laguntza ematekoa bada. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu ahal izango da. Horretarako, zerbitzu bat dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
14. artikulua.– Bekaren iraupena eta ordainketa.
1.– Bekak hamar hilabete iraungo du, deialdiaren ebazpena jakinarazten den unetik aurrera, eta epe hori ezingo da luzatu.
2.– Beka bakoitza 23.333 eurokoa izango da, eta hiru zatitan ordainduko da: lehenengoa, ebatzi bezain laster; bigarrena, 2025eko ekitaldian, ontzat eman eta gero une horretara arte egindako ikerlana; eta hirugarrena, ekitaldi horretan, bekaren helburu den azterlana jaso eta baloratutakoan.
3.– Baldin eta emandako beka ez bada onartzen 15 eguneko epearen barruan, beka hori hurrengo eskatzaileari esleituko zaio, puntuazio-ordenaren arabera. Epe hori amaitu eta gero, ezingo da jo ordezkoen zerrendara.
4.– Beka jaso duten pertsonak edo pertsona-taldeak bekari uko egiteak esan nahi du ez direla betetzen bekaren betebeharrak; ondorioz, galdu egingo dira ebazpen honetan aurreikusten diren eskubide guztiak, eta prozesura bat hasiko da jasotako diru-kopuru guztiak gehi berandutze-interesak itzultzeko. Behin bekak hasita, inork bekari uko eginez gero, ez da esleipen berririk egingo.
5.– Bekaren zenbatekoa zifra gordina da; hori dela eta, beka-onuradunen kontura egingo dira tributu-atxikipenak.
15. artikulua.– Ez-betetzeak.
Antzemanez gero ez direla betetzen beka emateko orduan kontuan hartutako baldintzak, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkio jasotako diru guztia eta horrek sortutako interesak; hargatik eragotzi gabe bidezko diren akzio guztiak. Hori guztia, bat etorriz Euskadiko Ogasun Orokorraren Printzipio Antolatzaileei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuarekin eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin. Zehatzago esanda, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 36. eta 37. artikuluetan jasotzen diren egitateek eta egoerek eragingo dute dirua itzuli beharra.
16. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
Ezarritako baldintzak edota betebeharrak betetzen ez direnean, beka itzultzeko, aintzakotzat hartuko da zer xedatzen duten azaroaren 17ko 38/2003 Legeak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, honako hau baitiote:
a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio pertsona edo talde interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio, egokitzat jotako alegazioak egiteko.
b) Alegazioak jaso ondoren, edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.
Ebazpenean ulertzen bada ez direla bete baldintzak, deklaratuko da galdu egin dela beka jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, aginduko da Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren legezko interesak. Dirua, gehienez ere, bi hilabeteko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
c) Dirua borondatez ordaintzeko epean itzuli ezean, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko organo eskudunari, hark premiamendu-bideari ekin diezaion, bat etorriz aplikatzekoa den legezko araudian xedatuarekin.
d) Aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik bekak itzultzeari buruz artikulu honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izango da.
17. artikulua.– Datu pertsonalak babestearen arloko informazio-klausula.
Deialdi honetan parte hartzen dutenen datu pertsonalak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko laguntzak, dirulaguntzak, sariak eta bekak izeneko datu-tratamenduan sartuko dira. Tratamendu hori betetzeko, bete behar da Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoa, eta Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan xedatutakoa. Erregelamendu horrek indarrik gabe uzten du 95/46/EE Zuzentaraua (Datuen babesari buruzko erregelamendu orokorra).
Helburua: Bekak, sariak, laguntzak eta dirulaguntzak ematea haiek eskatzen dituzten pertsonei edo erakundeei.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean, edo eginkizun bat betetzeko, tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/ 2003 Lege Orokorra eta azaroaren 11ko 1/1997 Legea, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzkoa).
Hartzaileak:
– Ogasun publikoa eta tributu-administrazioa.
– Interesdun legitimatuak.
– Organo judizialak.
– Kontu-auzitegia edo erkidegoko baliokidea.
– Pertsona onuradun fisikoen datuak EHAAn argitaratzearen ondoriozkoak, kasua bada.
Eskubideak: datu horiek soilik erabiliko dira, Emakundek sustatzen dituen laguntzak kudeatzeko, botere publikoen eginkizun bat betetzen ari denean. Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko eta aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta Erregelamenduan aurreikusitako beste eskubide oro ere. Datuak babesteari buruzko informazioa: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/datuak-babesteko-ordezkaria/hasiera/
Informazio osagarria: Gure web-orrialdean duzu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/062200-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=celex%3A32016R0679&from=ES).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa (https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).