Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

241. zk., 2023ko abenduaren 20a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5646

EBAZPENA, 2023ko azaroaren 24koa, Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariarena, zeinaren bidez erabakitzen baita okupatu egin behar direla Txingudiko Badiaren inguruko Plan Zuzentzailean jasotzen diren Bidasoa Uharteen (Hirunakale eta Santiagoaurrea) prozedura irekiaren bidezko desjabetze-izapidean sartzen diren ondasun eta eskubideak, eta zeinaren bidez desjabetze-espedientea hasten baita.

I.– Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzak Irungo udalerrian (Gipuzkoa) kokatutako Bidasoako Uharteetako ondasun eta eskubideak okupatzeko desjabetze-espedientea hastea erabaki du, ingurumenaren aldetik leheneratzeko eta berreskuratzeko, jabe pribatuen jardunaren ondoriozko afekzioak saihestuz ahal den neurrian.

II.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 9. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, nahitaezko desjabetzea burutzeko, ezinbestekoa izango da desjabetutako objektuaren xedea erabilera publikokoa edo interes sozialekoa dela aitortzea.

2000. urtean, «Txingudi» Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu – HBBE – ES0000243 izendatu zen; ekainaren 4ko 356/2013 Dekretuaren bidez, «Txingudi-Bidasoa» (ES2120018) Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu zen; eta 2002ko irailaren 27ko Ministro Kontseiluaren Erabakiaren bidez, Txingudiko hezegunea Ramsar Hitzarmeneko nazioarteko intereseko hezeguneen zerrendan sartzea baimendu zen.

Zentzu horretan, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legeak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuak ezarritakoaren arabera «Gune bat babestu izendatzeak bere erabilera publikoa dakar berekin, bai eragindako ondasun eta eskubideak desjabetzeari dagokionez, (...)».

III.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 17 eta hurrengo artikuluen arabera, 2023ko uztailaren 17ko iragarkia argitaratu zen, desjabetze-espedientean sartutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean erakusteko eta interesdunek, hamabost egun balioduneko epearen barruan, alegazioak aurkeztu ahal izateko, ondasunak okupatzeari eta baliatzeari eta ondasunen egoera material eta legezkoari dagokienez, edo egoki irizten dioten beste edozein gorabeherari dagokionez.

Iragarkia 2023ko abuztuaren 2an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean, Irungo Udaleko iragarki-oholean eta Diario Vasco aldizkarian. Era berean, interesdunei jakinarazi zitzaien, jakinaren gainean egon zitezen.

IV.– Jendaurrean egon den bitartean, interesdunek argitaratutako informazioan egindako akats materialak zuzentzeko alegazioak aurkeztu dituzte. Banaka erantzun dira eta kontuan hartu dira ebazpen honetan.

V.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20. artikuluaren eta haren Erregelamenduaren arabera, jendaurreko informazioan agertzen direnek egindako alegazioak ikusita, okupazioaren beharrari buruzko ebazpena emango da, eta ebazpenean zehatz-mehatz deskribatuko dira desjabetzeak eraginpean hartzen dituen ondasunak eta eskubideak.

VI.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 21. artikuluak okupatzeko beharraren erabakiak desjabetze-espedientea hasten duela ezartzen du.

Ondorioz, aipatu lege-manuak ikusita eta oro har aplikatu beharreko gainerako xedapenetan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bidasoako Uharteen (Hirunakale eta Santiagoaurrea) desjabetzearen eraginpean dauden ondasun eta eskubideak okupatzeko beharra erabakitzea. Ondasun eta eskubide horiek erantsitako dokumentazioan zehazten dira.

Bigarrena.– Jabetza nahitaez kentzeko espedientea hastea, Bidasoako Uharteen (Hirunakale eta Santiagoaurrea) desjabetzearen eraginpean dauden ondasun eta eskubideak okupatzeko.

Hirugarrena.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20. eta 21. artikuluek, eta haren Erregelamenduaren 19. eta 20. artikuluetan ezarritakoa betez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta lurraldean zabalkunde handiena duen egunkarian eta Irungo Udaleko iragarki-taulan argitaratzea xedatzea, eta interesdunei banan-banan jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Errekurtsoa jartzeko idazkia organo honi edo Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeari zuzendu behar zaio.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 24a.

Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendaria,

ADOLFO URIARTE VILLALBA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala