241. zk., 2023ko abenduaren 20a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (130 KB - 2 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5644
181/2023 DEKRETUA, abenduaren 5ekoa, zeinaren bidez SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari baimena ematen baitzaio Parque Tecnológico-Teknologi Elkartegia SA sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte har dezan, eta baimena ematen baitzaie, baita ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren zuzeneko eta zeharkako titulartasuneko akzioen ordezkariei sozietate horren estatutuen 2. artikulua aldatzeko onespena eman dezaten.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak Teknologi Elkartegia SA sozietate publikoaren kapital sozialean parte hartzen du, eta haren akziodun nagusia da.
Parque Tecnológico-Teknologi Elkartegia SA sozietatearen xedea da industria-ekimena eta -inbertsioa piztea eta sustatzea, industria-pabiloien multzo bat eraikiz eta azpiegiturak instalatuz eta higiezinak ekipamenduz hornituz. Pabiloien ustiapena kudeatuko du, errentamenduz, jabetza transferituz edo beste molde batzuez ere; adibidez, prekarioan emanez. Lokalak eta zerbitzuak sustatu eta merkaturatuko ditu, eta bertan finkatu nahi duten enpresak gonbidatu eta hautatuko ditu: enpresa horiek teknologia aurreratuko jarduerak egingo dituzte, batez ere produktuei, prozesuei eta zerbitzuei aplikatutako elektronikaren eta informatikaren (hardware eta software) alorretan. Horrelako instalazioetan behar diren zerbitzuen kudeaketa iraunkorra eta ustiapena beteko ditu: Testuen prozesaketa, telexa, ordenagailu bidezko marrazketa, datu-baseekiko konexioa, ordenagailuen eta bulegoko makineriaren alokairua, batzar-aretoak eta telefono bidezko arreta pertsonalizatua.
Parque Tecnológico-Teknologi Elkartegia SA sozietateak kapitala handitu behar du, Bizkaiko Parkean 5G teknologia eta eraikin berriak abian jartzeko jarduketak finantzatzeko.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak baimena eskatu du Teknologi Elkartegia SA sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Baimen hori beharrezkoa da Euskadiko Ondareari buruzko Legearen 110.1 artikuluan xedatutakoaren arabera (azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen lege horren testu bategina); izan ere, artikulu horrek ezartzen du enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena behar dela, dekretu bidez emana.
Aurreikusitako eragiketan, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, guztira, 3.250.000 euroko zenbatekoarekin parte hartuko luke kapital-zabalkuntza horretan, hau da, proposatutako zabalkuntzaren % 88. Horren ondorioz, % 71,22ra igoko litzateke Teknologi Elkartegia SAren kapitalean duen partaidetza.
Kapital-zabalkuntzak berekin dakar kapital-sozietateen estatutuen 2. artikulua berriz idatzi beharra. Hori dela eta, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 111.2 artikulua aplikatu behar da, honela dioena: zuzenean nahiz zeharka Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo Instituzionalaren titulartasuneko akzioen ordezkariek sozietate-estatutuak onartzeko edo aldatzeko onarpena emateko, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko dute, ondare-eskumenak dituen sailburuak eta sozietatea atxikita daukan saileko sailburuak biek batera proposaturik.
Ondorioz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak batera proposaturik, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko abenduaren 5eko bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Baimena ematea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari, Teknologi Elkartegia SA sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte har dezan. Hiru milioi eta berrehun eta berrogeita hamar mila (3.250.000) eurokoa izango da parte hartzea, hau da, zabalkuntzaren % 88. Eragiketa horren ostean, sozietate horretan % 71,22ko partaidetza izango du SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak.
2. artikulua.– Baimena ematea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren titulartasuneko akzioen ordezkariei, onespena eman diezaioten kapital-zabalkuntzaren ondorioz Parque Tecnológico-Teknologi Elkartegia SA sozietatearen estatutuen 2. artikuluan egin den aldaketari. Artikulu horren idazketan, sozietatearen kapitalaren zenbateko berria jasoko da.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2023ko abenduaren 5ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.