241. zk., 2023ko abenduaren 20a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (169 KB - 8 orri.)
- EPUB (111 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
5639
14/2023 FORU DEKRETU ARAUEMAILEA, azaroaren 28koa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailea aldatzekoa.
Uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen bidez –arau-maila handiagoko arauei dagokienez– balio erantsiaren gaineko zergaren erregulazio eguneratu eta osatu bat onetsi zen Gipuzkoako Lurralde Historikoan.
Erregulazio hori bat dator haren onespenaren unean lurralde erkidean indarrean zegoen araudiarekin, Euskadiko Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunak, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsiak, 26. artikuluak berariaz ezartzen duen moduan.
Maiatzaren 8ko 11/2023 Legeak, zenbait produktu eta zerbitzuren irisgarritasuna, kualifikazio handiko pertsonen migrazioa, arlo tributarioa eta notario eta erregistro jarduketen digitalizazioa hizpide dituzten Europar Batasunaren zenbait zuzentarauren transposizioa egiten duenak, eta zeinaren bidez aldatzen baita maiatzaren 27ko 12/2011 Legea, kalte nuklearren edo material erradioaktiboek eragindakoen erantzukizun zibilari buruzkoa, aldaketak sartu ditu lurralde erkideko zerga horretan, baina aldaketa horiek ez ziren jaso aipatutako foru dekretu arauemailean, hura onetsi eta indarrean jarri aurretik onetsiak izan arren, 2024ko urtarrilaren 1era arte indarrean sartuko ez diren aldaketak direlako.
Aipatutako 11/2023 Legeak Kontseiluaren 2020ko otsailaren 18ko 2020/284 (EB) Zuzentarauaren transposizio partziala egiten du balio erantsiaren gaineko zergaren erregulazioan. Zuzentarau horrek 2006/112/EE Zuzentaraua aldatzen du ordainketa zerbitzuen hornitzaileentzako baldintza jakin batzuk sartzeari dagokionez, eta haren arauak 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera dira aplikatzekoak.
Merkataritza elektronikoak izan duen hazkundeak erraztu egiten du estatu kideetako azken kontsumitzaileei ondasun eta zerbitzuen mugaz gaindiko salmentak egitea. Testuinguru horretan, mugaz gaindiko merkataritza elektronikoan gauzatzen denean, balio erantsiaren gaineko zerga estatu kide batean zor bada ere, hornitzailea beste estatu kide batean dago, hirugarren lurralde batean edo hirugarren herrialde batean. Hala ere, enpresa iruzurgileek merkataritza elektronikoak eskaintzen dituen aukerak baliatzen dituzte desleialak diren merkataritza abantailak lortzeko, eta bete gabe uzten dituzte balio erantsiaren gaineko zergarekiko betebeharrak. Zergapetze printzipioa helmugan aplikatu behar den kasuetan –kontsumitzaileak kontabilitate betebeharren mende ez egoteagatik–, kontsumoko estatu kideek tresna egokiak eduki behar dituzte enpresa iruzurgile horiek detektatu eta kontrolatzeko. Garrantzi handikoa da mugaz gaindiko merkataritza elektronikoaren esparruan enpresa batzuen iruzurrezko jokabideak balio erantsiaren gaineko zergan eragiten duen iruzurrari aurre egitea.
2020/284 (EB) Zuzentarauak diseinatu duen sistemaren arabera, ordainketa zerbitzuen hornitzaileak behartuta geratzen dira parte hartzen duten mugaz gaindiko ordainketen erregistro zehatzak gordetzera, eta zerga Administrazioari haien berri ematera.
Betebehar horien konplimenduak ahalik eta karga gutxien eragin dezan ordainketa zerbitzuen hornitzaileek egin beharreko kudeaketan, ez da beste informaziorik eskatuko Estatu kideen zerga Administrazioek zerga iruzur eta iheseko egoerei aurre egiteko beharrezkotzat eta nahikotzat jotzen dena baino. Hartara, mugaz gaindiko ordainketak erregistratu edo komunikatu beharko dira, bakar-bakarrik, agindu emailea estatu kide batean kokatuta dagoenean eta onuraduna beste estatu kide batean edo hirugarren herrialde edo lurralde batean dagoenean. Bestalde, ordainketaren agindu emaileari buruz gorde beharko den informazio bakarra haren kokapenari buruzkoa izango da.
Onuradunaren kasuan, gorde behar den informazioak zerga agintariei ahalbidetu behar die ustezko jarduera ekonomiko bat egon daitekeela detektatzea. Alde horretatik, gutxieneko muga bat ezartzen da onuradun batek hiruhileko natural batean jasotako ordainketa kopuruan, ustezko jarduera ekonomiko bat egon daitekeela ulertzeko. Muga horretara iritsiz gero, alegia, onuradun berari hiruhileko batean mugaz gaindiko 25 ordainketa baino gehiago egiten bazazkio, erregistroak edukitzeko eta haiek zerga Administrazioari komunikatzeko betebeharra egongo da.
Agindu emaile batek onuradun bati egindako ordainketan ordainketa zerbitzuen hainbat hornitzailek parte hartu dezaketenez, agindu emaileak onuradunari funtsak transferitzea ziurtatzen duen katean parte hartzen duten ordainketa zerbitzuen hornitzaile guztiek izango dute erregistroak edukitzeko eta horiek komunikatzeko obligazioa, araudian bertan jasotzen diren zenbait salbuespen eginda. Horrela, posible izango da transakzio bakoitzaren hasierako agindu emailea eta azken onuraduna identifikatzea eta haiek merkataritza elektronikoko eragiketekin konektatzea.
Beraz, erregistroak mantentzeko eta informazioa emateko betebeharrek agindu emailearentzat funtsak transferitu edo ordainketa tresnak jaulkitzen dituen ordainketa zerbitzuen hornitzailea ez ezik, onuradunaren kontura funtsak jaso edo ordainketa eragiketak eskuratzen dituen ordainketa zerbitzuen hornitzailea ere ukituko dute.
Hala ere, betebehar horiek ez zaizkie aplikatuko ordainketa zerbitzuen hornitzaileei, ordainketa zerbitzuen eta finantza arloko presako beste neurri batzuen azaroaren 23ko 19/2018 Errege Lege Dekretuaren aplikazio eremutik kanpo badaude.
Ordainketa zerbitzuen hornitzaileek hiru urte naturalez gorde beharko dituzte aipatutako erregistroak, estatu kideek denbora nahikoa izan dezaten kontrolak eraginkortasunez egiteko eta balio erantsiaren gaineko zergan izan litezkeen iruzurrak ikertu edo detektatzeko.
Horiek horrela, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 8. artikuluak xedatzen du ezen, Foru Aldundiak, Batzar Nagusiek eskuordetuta, zerga arloko xedapen arauemaileak eman ahal izango dituela, foru arau baten mailarekin, haien xede bakarra Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudia egokitzea denean, baldin eta, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren arabera, Lurralde Historiko horretan araubide erkideko lurraldean dauden arau substantibo eta formal berberak bete behar badira.
Foru dekretu arauemaile horietarako eskuordetza arauemailea aipatutako martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak emandakotzat jotzen da, betiere aurreikusita dagoen helbururako baliatu behar bada.
Foru Aldundiak eskuordetze horretaz baliatuta ematen dituen xedapenei foru dekretu arauemaile deituko zaie, eta haien arrazoibideetan eskuordetze espezifiko horren babesean ematen direla adierazi beharko da.
Azkenik, behin onetsita, foru dekretu arauemaile horiek Batzar Nagusietara bidali behar dira batzarkideen kontrola izan dezaten, ofizialki argitaratzea eta indarrean jartzea eragotzi gabe.
Bestalde, uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 13. artikuluan dio Foru Aldundiak zerga arloko foru dekretu arauemaileak eman ditzakeela gorago aipatu den 8. artikuluan aurreikusitako kasuetan.
Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onetsi ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Aldatzea uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailea, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzkoa.
2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen X. titulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:
«X. TITULUA
SUBJEKTU PASIBOEN BETEBEHARRAK
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK
164. artikulua.– Subjektu pasiboen betebeharrak.
Bat.– Aurreko tituluan ezarritakoari kalterik egin gabe, zergaren subjektu pasiboak honako hau egitera behartuta egongo dira erregelamenduz zehazten diren beharkizun, muga eta baldintzetan:
1.a Zergari lotzea dakarten jardueren hasiera, aldaketa eta amaiera aitorpenak aurkeztea.
2.a Zerga Administrazioari identifikazio fiskaleko zenbakia eskatzea eta ezartzen diren kasuetan hura komunikatu eta frogatzea.
3.a Eragiketa guztien faktura egin eta ematea, erregelamenduz ezartzen denaren arabera.
4.a Kontabilitatea eta erregistroak eramatea erregelamenduz ezarriko den eran, Merkataritza Kodean eta kontabilitate arloko gainerako arauetan xedatutakoa eragotzi gabe.
5.a Aldian behin, edo Administrazioak eskatzen duenean, hirugarren pertsonekin egiten dituzten eragiketa ekonomikoei buruzko informazioa aurkeztea, eta, bereziki, Batasunaren barruko eragiketen aitorpen laburtua.
6.a Autolikidazioak aurkeztea eta haien zenbatekoa ordaintzea.
Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa eragotzi gabe, subjektu pasiboek urteko aitorpen laburpen bat aurkeztu beharko dute.
Foru dekretu arauemaile honen 13. artikuluko 2. ordinalean jasotako kasuetan, garraiobidearen behin betiko matrikulazioa egiteko zerga ordaindu dela frogatu beharko da.
7.a Erkidegoan finkatuta ez dauden subjektu pasiboak badira, ordezkari bat izendatzea foru dekretu arauemaile honetan ezarritako betebeharrak betetzeko. Horrelakorik ez da beharko, ordea, subjektu pasiboak Kanarietan, Ceutan edo Melillan finkatuta daudenean edo, beste estatu batean egonik ere, elkar laguntzari begira harekin Erkidegoan eratutakoen pareko laguntza tresnak adostu badira.
8.a Foru dekretu arauemaile honen 2 bis artikuluko bederatzigarren apartatuan aipatzen den aitorpen espezifikoa aurkeztea, bere jarduerari dagozkion ondasun entregak edo zerbitzu prestazioak egiten hasi aurreko likidazio aldiei dagozkien kuota itzuliak erregularizatzeko, aipatutako eragiketak erregulartasunez hasi ondorengo lehen urte natural osoko azken aitorpen-likidazioa aurkeztu behar den epe berean.
Bi.– Enpresaburuek edo profesionalek beren eragiketen faktura egin eta entregatzeko betebeharra enpresaburu edo profesional horien bezeroak edota hirugarren batek bete ahal izango du, erregelamenduz ezarriko den eran. Bezero edo hirugarren horiek, nolanahi ere, enpresaburu edo profesionalaren izenean eta haren kontura jardungo dute beti.
Betebehar hori enpresaburu edo profesionalaren bezeroak bete dezan, bien arteko akordioa beharko da aldez aurretik. Halaber, bermatu beharko da enpresaburuak edo profesionalak onartzen dituela bezeroak haren izenean eta kontura egiten dituen faktura guztiak.
Enpresaburuak edo profesionalak, edo haren izenean eta kontura, bezeroak edo hirugarren batek, paperean zein formatu elektronikoan egin ahal izango ditu fakturak, azken kasu horretan, betiere, baldin eta fakturak jaso behar dituenak onespena eman badu aurrez.
Faktura horretan, izan paper formatukoa izan elektronikoa, jatorriaren egiazkotasuna bermatu behar da, baita edukiaren osotasuna eta haren irakurgarritasuna ere, egiten denetik eta gorde beharreko denbora guztian.
Erregelamenduz zehaztuko da zer beharkizun bete beharko diren fakturak egin, bidali eta gordetzeko.
Hiru.– Aurreko apartatuetan jasotakoa aplikatuko zaie zerga honen subjektu pasibo izan gabe zergaren ondorioetarako enpresaburu edo profesional gisa aritzen direnei ere, erregelamenduz zehazten diren beharkizun, muga eta baldintzetan.
Lau.– Zerga Administrazioak, enpresaburu edo profesionalaren edo subjektu pasiboaren zerga egoera egiaztatzeko beharrezkoa dela iritziz gero, zilegi izango du eskatzea zergaren aplikazio lurraldean egindako ondasun entregen edo zerbitzu prestazioen fakturak euskarara edo gaztelaniara itzuli daitezela, baita lurralde horretan finkatuta dauden enpresaburu edo profesionalek edo subjektu pasiboek jasotakoak ere.
165. artikulua.– Fakturazio arloko erregela bereziak.
Bat.– Jasotako fakturak, kontabilitateko frogagiriak eta egindako fakturen kopiak zergaren preskripzio aldian zehar gorde beharko dira, baita bitarteko elektronikoz ere. Betebehar hori hirugarren batek bete ahal izango du, eta, kasu horretan, subjektu pasiboaren izenean eta kontura jardungo du.
Aurreko paragrafoan aipatutako agiriak balio erantsiaren gaineko zergaren kuotak jasan edo ordaindu beharra ekarri duten eskurapenei badagozkie, eta kuota horien kenkaria erregularizazio aldi baten mende badago, kuota horiei dagokien erregularizazio aldian eta hurrengo lau urteetan gorde beharko dira.
Erregelamenduz zehaztuko dira apartatu honetan jasotako obligazioak betetzeko beharkizunak.
Bi.– Erregelamendu bidez, formula alternatiboak ezarri ahal izango dira aurreko lehen apartatuan fakturak egin eta agiriak gorde beharraz ezarritako obligazioak betetzeko, enpresa edo lanbide jardueren garapenak trabarik izan ez dezan.
Hiru.– Subjektu pasiboak bitarteko elektronikoen bidez gordetzen baditu artikulu honen lehen apartatuan aipatzen diren agiriak, faktura horiek on line eskuratzea eta urrutitik kargatu eta erabiltzea bermatu beharko zaio Zerga Administrazioari. Beharkizun hori beti bete beharko da, non gordetzen diren kontuan hartu gabe.
166. artikulua.– Kontabilitate betebeharrak.
Bat.– Kontabilitateak ahalbidetu behar du zehaztasunez finkatzea ondoko hauek:
1.a Subjektu pasiboak bere bezeroei jasanarazitako balio erantsiaren gaineko zergaren zenbateko osoa.
2.a Subjektu pasiboak jasandako zergaren zenbateko osoa.
Bi.– Subjektu pasiboek beren enpresa edo lanbide jardueren garapenean egiten dituzten eragiketa guztiak zerga likidatu eta ordaintzeko ezarritako epeen barruan kontabilizatu eta erregistratu beharko dira.
Hiru.– Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak enpresa edo lanbide sektore jakin batzuen erregistro obligazioak egokitzea edo aldatzea erabaki ahal izango du.
II. KAPITULUA
XEDAPEN BEREZIAK
1. SEKZIOA
INTERFAZE DIGITALEN BETEBEHARRAK
166 bis artikulua.– Eragiketen erregistroa.
Bat.– Enpresaburu edo profesional batek, izaera horrekin diharduenak, bideak jartzen baditu interfaze digital bat erabilita (lineako merkatu bat, plataforma bat, atari bat edo horrelako bitartekoren bat, esate baterako) enpresaburu edo profesional moduan jarduten ez duten pertsonei ondasun entregak edo zerbitzu prestazioak ahalbidetzeko, eta entrega edo zerbitzu horiei dagokienez bera ez bada subjektu pasiboa, behartuta egongo da eragiketa horien erregistro bat eramatera.
Erregistroaren edukia Kontseiluaren 2011ko martxoaren 15eko 282/2011 (EB) Erregelamenduaren 54. quater.2 artikuluan xedatutakoa izango da (282/2011 (EB) Erregelamendua, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Sistema Erkideari buruzko 2006/112/EE Zuzentaraua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena), eta interesa duten estatu kideen eskura egon beharko du, bide elektronikoz, aldez aurretik eskatuta.
Erregistroa hamar urtez gorde beharko da, eragiketa egin den urtea amaitu eta hortik aurrera kontatuta.
Bi.– Enpresaburu edo profesional batek, izaera horrekin diharduenak, bideak jartzen baditu interfaze digital bat erabilita (lineako merkatu bat, plataforma bat, atari bat edo horrelako bitartekoren bat, esate baterako) ondasun entrega bat foru dekretu arauemaile honen 8 bis artikuluko terminoetan egiteko, edo zerbitzu prestazio batean parte hartzen badu bide elektronikoz, zeinean, 282/2011/EB Erregelamenduaren 9 bis artikuluari erreparatuta, ulertzen baita bere izenean diharduela, erregistro hauek eraman beharko ditu:
a) 282/2011/EB Erregelamenduaren 63 quater artikuluan ezarritako erregistroak, enpresaburu edo profesional hori foru dekretu arauemaile honen IX. tituluko XI. kapituluan aurreikusitako araubide berezietara bilduta dagoenean.
b) Foru dekretu arauemaile honen 164.Bat artikuluko 4. ordinalean ezarritako erregistroak, dekretu honen IX. tituluko XI. kapituluan aurreikusitako araubide berezietara bilduta ez dagoenean.
2. SEKZIOA
ORDAINKETA ZERBITZUEN HORNITZAILEEN BETEBEHARRAK
166 ter artikulua.– Definizioak.
Sekzio honen ondorioetarako, definizio hauek ezartzen dira:
a) «ordainketa zerbitzuen hornitzailea»: ordainketa zerbitzuen eta finantza arloko presako beste neurri batzuen azaroaren 23ko 19/2018 Errege Lege Dekretuaren 5. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan jasotako entitate eta organismoak, eta errege lege dekretu horren 14. eta 15. artikuluetan ezarritako salbuespenetara biltzen diren pertsona fisiko edo juridikoak;
b) «ordainketa zerbitzua»: azaroaren 23ko 19/2018 Errege Lege Dekretuaren 1.2 artikuluko c) letratik f) letrara bitarte zerrendatutako enpresa jarduera bat edo batzuk;
c) «ordainketa»: azaroaren 23ko 19/2018 Errege Lege Dekretuaren 4. artikuluak jasotzen dituen salbuespenak kenduta, «ordainketa eragiketa» bat, errege lege dekretu horren 3. artikuluko 26. puntuan definitutako eran, edo «dirua bidaltzeko zerbitzu» bat, errege lege dekretu horren 3. artikuluko 36. puntuan definitutakoaren arabera;
d) «agindu emailea»: ordainketa kontu baten titularra den pertsona fisiko edo juridikoa, zeinak ordainketa agindu bat baimentzen baitu kontu horretatik; edo, ordainketa konturik ez badago, ordainketa agindu bat ematen duen pertsona fisiko edo juridikoa;
e) «onuraduna»: ordainketa eragiketa baten xede diren funtsen hartzailea izango den pertsona fisiko edo juridikoa.
f) «jatorrizko estatu kidea»: honako hauetako bat:
a’) Ordainketa zerbitzuaren hornitzaileak bere egoitza soziala finkatua duen Europar Batasuneko estatua, edo
b’) Ordainketa zerbitzuaren hornitzaileak ez badu egoitza sozialik legeria nazionalaren arabera, bere administrazio nagusia finkatua duen Europar Batasuneko estatua;
g) «harrerako estatu kidea»: Europar Batasuneko estatu kide bat, ordainketa zerbitzuaren hornitzaileak agente bat edo sukurtsal bat izateko edo ordainketa zerbitzuak emateko erabiltzen duen jatorrizko estatu kidea ez dena;
h) «ordainketa kontua»: ordainketa zerbitzuen erabiltzaile baten edo batzuen izenean dagoen kontu bat, ordainketak egiteko erabiltzen dena;
i) «IBAN»: nazioarteko ordainketa kontu baten identifikazio zenbakia, banakako ordainketa kontu bat argi eta garbi identifikatzen duena estatu kide batean, eta Estandarizaziorako Nazioarteko Erakundeak (ISO) zehazten dituen elementuak dituena;
j) «BIC»: entitatearen identifikazio kodea, ordainketa zerbitzuen hornitzailea argi identifikatzen duena eta ISOk zehaztutako elementuak dituena.
166 quater artikulua.– Ordainketa zerbitzuen hornitzaileen betebeharrak.
Jatorrizko edo harrerako estatu kidea Espainiako Erresuma duten ordainketa zerbitzuen hornitzaileek betebehar hauek izango dituzte, erregelamenduz zehaztuko diren baldintzetan:
a) Behar besteko xehetasunez osatutako erregistroa eramatea hiruhileko natural bakoitzean ematen dituzten ordainketa zerbitzuen onuradunei eta ordainketei buruz.
Aurreko betebehar hori mugaz gaindiko ordainketekin lotuta ematen diren ordainketa zerbitzuei soilik aplikatuko zaie. Ordainketa bat mugaz gaindikoa dela joko da agindu emailea estatu kide batean eta onuraduna beste estatu kide batean edo hirugarren herrialde edo lurralde batean kokatuta daudenean.
Betebehar hori honako kasu honetan aplikatuko da: hiruhileko natural batean zehar ordainketa zerbitzuen hornitzaile batek onuradun berari mugaz gaindiko 25 ordainketa baino gehiagori dagozkien ordainketa zerbitzuak ematen dizkionean.
Aurreko paragrafoan adierazitako mugaz gaindiko ordainketa kopurua kalkulatzeko, kontuan hartuko da zenbat zerbitzu ematen dituen ordainketa zerbitzuen hornitzaileak Estatu kide bakoitzeko eta foru dekretu arauemaile honen 166 quinquies artikuluko Bi apartatuan jasotako identifikatzaileetako bakoitzeko. Ordainketa zerbitzuen hornitzaileak onuradunak identifikatzaile bat baino gehiago dituela baldin badaki, kalkulua onuradun bakoitzeko egingo da.
Betebehar hori ez zaie aplikatuko agindu emailearen ordainketa zerbitzuen hornitzaileek edozein ordainketetarako emandako zerbitzuei, baldin eta onuradunaren ordainketa zerbitzuen hornitzaileetako bat, gutxienez, estatu kide batean kokatuta badago, ordainketa zerbitzuen hornitzaile horren BICak adierazi bezala edo ordainketa zerbitzuen hornitzailea eta haren kokapena argi eta garbi identifikatzen dituen entitatearen beste edozein kode identifikatzailek erakusten duen moduan. Hala ere, agindu emailearen ordainketa zerbitzuen hornitzaileek a) letra honetako hirugarren eta laugarren paragrafoetan adierazitako kalkuluan sartuko dituzte ordainketa zerbitzu horiek.
Ordainketa zerbitzuen hornitzaileek formatu elektronikoan gordeko dituzte erregistroak, hiru urte naturaleko epean, ordainketa datari dagokion urte naturala amaitzen denetik zenbatzen hasita.
b) Aurreko letran aipatutako erregistroak zerga Administrazioaren esku jartzea.
166 quinquies artikulua.– Agindu emailearen eta onuradunaren kokapena.
Bat.– Foru dekretu arauemaile honen 166 quater artikuluko a) letraren bigarren paragrafoan xedatutakoa aplikatzearen ondorioetarako, ulertuko da agindu emailea kokatuta dagoen estatu kidea honako hau izango dela:
a) agindu emailearen ordainketa kontuko IBAN zenbakiari edo onuraduna argi eta garbi identifikatzea eta haren kokapena jakitea ahalbidetzen duen beste edozein identifikazio bitartekori dagokiona, edo horrelako identifikazio bitartekorik ezean;
b) BIC kodeari edo agindu emailearen izenean diharduen ordainketa zerbitzuen hornitzailea argi eta garbi identifikatzea eta haren kokapena jakitea ahalbidetzen duen entitatearen beste edozein identifikazio-koderi dagokiona.
Bi.– Foru dekretu arauemaile honen 166 quater artikuluko a) letraren bigarren paragrafoan xedatutakoa aplikatzearen ondorioetarako, ulertuko da onuraduna kokatuta dagoen estatu kidea edo hirugarren herrialde edo lurraldea honako hau izango dela:
a) onuradunaren ordainketa kontuko IBAN zenbakiari edo onuraduna argi eta garbi identifikatzea eta haren kokapena jakitea ahalbidetzen duen beste edozein identifikazio bitartekori dagokiona, edo horrelako identifikazio bitartekorik ezean;
b) BIC kodeari edo onuradunaren izenean diharduen ordainketa zerbitzuen hornitzailea argi eta garbi identifikatzea eta haren kokapena jakitea ahalbidetzen duen entitatearen beste edozein identifikazio-koderi dagokiona.»
AZKEN XEDAPENA
Foru dekretu arauemaile hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean, bere xedapenetan aurreikusten diren ondorioak eragotzi gabe.
Donostia, 2023ko azaroaren 28a.
Diputatu nagusia,
EIDER MENDOZA LARRAŃAGA.
Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,
JOKIN PERONA LERCHUNDI.