239. zk., 2023ko abenduaren 18a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (187 KB - 9 orri.)
- EPUB (502 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
5608
EBAZPENA, 2023ko azaroaren 27koa, Lanbide Heziketako sailburuordearena, zeinaren bidez esleitzen baitira Hezkuntzako sailburuaren 2023ko maiatzaren 16ko Aginduan deitutako dirulaguntzak, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuetan makineria edo ekipamendua erosteko edo errentan hartzeko.
2023ko maiatzaren 24an Hezkuntza sailburuaren Agindua argitaratu zen. Haren bidez, makineria edo ekipamendua erostetik edo errentan hartzetik eta makineria edo ekipamendu hori instalatzetik eratorritako gastuak finantzatzera bideratutako dirulaguntzak emateko prozeduraren deialdia egin zen, bi jarduketa-eremuren arabera:
– 1. eremua: Aurrez aurreko modalitate osoko Lanbide Heziketako zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuentzat, heziketa-zikloak emateko beharrezko makineria edo ekipamendua eguneratzeko, II. kapituluan adierazitakoaren arabera.
– 2. eremua: Aurrez aurreko modalitate osoko Lanbide Heziketako zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatu integratuentzat, 4.0 eta 5.0 ingurunearen erronkei erantzungo dieten eta lanbide-heziketaren eraldaketa digitalaren eta jasangarritasunaren planak ezarriko dituzten proiektuei heltzeko, III. kapituluan ezarritakoaren arabera.
Deialdi honen bidez iragartzen diren dirulaguntzen zenbatekoa bi milioi berrehun eta hamazazpi mila laurehun eta laurogeita zazpi (2.217.487) eurokoa da.
1. eremuari dagokionez, 21.4 artikuluak ezartzen du azkenean ematen den zenbatekoa ezingo dela izan diruz laguntzeko modukotzat onartutako inbertsioaren % 100 baino handiagoa. Irizpide horiek aplikatuta ateratako kopurua diruz laguntzeko modukotzat onartutako kopurua baino handiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa doitu egingo da horren parera, eta soberako kopurua proportzionalki banatuko da, deskribatutako sistemaren arabera, egoera horretan ez dauden eskabideen artean eta irizpide guztiak aplikatu eta gero lortutako azken emaitzaren arabera. Banaketa-irizpide guztiak aplikatu ondoren, hainbat eskabideren kopurua handiagoa izan da diruz laguntzeko moduko zenbateko osoa baino; beraz, soberakina adierazitako moduan banatu da.
Bestalde, aginduaren 27.3 artikuluak ezartzen duenez, 2. eremuan onuradun bakoitzeko eman beharreko zenbatekoa ez da 18.000 eurotik beherakoa izango, ez eta 150.000 eurotik gorakoa ere.
Halaber, 27.4 artikuluak adierazten duenez, prozedura eta artikulu honetan ezarritako mugak aplikatu ondoren, banatu gabeko zuzkidurarik geratzen bada, lehentasun-hurrenkeran hurrengo postuan sailkatuta dagoenaren diruz laguntzeko moduko inbertsioaren % 100era iristen ez delako, geratzen den zuzkiduraren zenbatekoa esleituko zaio, betiere diruz laguntzeko modukotzat onartutako inbertsioaren % 85 gutxienez estaltzen badu. Bestela, puntuazio handiena duen hurrengo sailkatuari esleituko zaio laguntza, baldin eta gainerako zuzkiduraren zenbatekoak diruz laguntzeko moduko inbertsioaren % 85 estaltzen badu, gutxienez.
Eskabideak baloratu eta 2. eremurako zenbatekoak esleitu ondoren, 22.704,04 euroko soberakina geratu da. Zenbateko horrek ez du betetzen eskatzaileetako bakar bati ere diruz lagun dakiokeen zenbatekoaren % 85; beraz, Aginduaren 3.3 artikulua aplikatuz, 1. eremuari esleitutako zenbatekoari aipatutako zenbatekoa gehitu zaio.
2023ko maiatzaren 16ko Aginduaren 8. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, eta jarduketa guztietan kontuan hartuta dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko ezarritako prozedura, bai oinarri arautzaileetan, bai indarreko araudian, Balorazio Batzordeak aurkeztutako eskabideak ebaluatu zituen. Batzorde hori artikulu horren arabera izendatu zen, eta behin-behineko ebazpen-proposamena egin zuen, behar bezala arrazoituta, zeina pertsona onuradunei 2023ko urriaren 6an jakinarazi baitzitzaien bitarteko elektronikoen bidez, eta, era berean, 10 egun naturaleko epea eman zitzaien, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko.
Jakinarazpena egin eta alegazioak aurkezteko epea amaitu ondoren, honako erakunde hauek aurkeztu dituzte alegazioak:
– Hijas del Corazón de María Gainberri (CPES Gainberri Kirol Heziketa BHIP)
Aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, Balorazio Batzordeak prozeduraren ebazpen-proposamena onartu zuen, eta Plangintza eta Antolaketako zuzendariak, organo instrukzio-egilea den aldetik, Lanbide Heziketako sailburuordeari helarazi zion, 2023ko urriaren 17ko aktan jasota dagoen bezala.
Proposamena Lanbide Heziketako sailburuordeari helarazi ondoren, eta Aginduaren 9. artikuluan xedatzen den bezala, sailburuordeari berari dagokio aurkeztutako eskaerei buruzko ebazpena ematea eta erakunde interesdunei jakinaraztea.
Adierazitakoagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Hezkuntza sailburuaren 2023ko maiatzaren 16ko Aginduaren 22. artikuluan ezarritako irizpideen eta 21.4 artikuluan ezarritako mugaren arabera, eta Balorazio Batzordeak proposatuta, dirulaguntzak ematea aurrez aurreko modalitate osoko Lanbide Heziketako zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei, Heziketa-zikloak emateko beharrezko makineria edo ekipamendua eguneratzeko (1. eremua), I. eranskinean zerrendatzen diren erakunde onuradunei, bertan zehazten diren zenbatekoen arabera.
2. artikulua.– Hezkuntzako sailburuaren 2023ko maiatzaren 16ko Aginduaren 28. artikuluan ezarritako irizpideen eta 27.3 artikuluan ezarritako mugen arabera, eta Balorazio Batzordeak proposatuta, dirulaguntzak ematea aurrez aurreko modalitate osoko Lanbide Heziketako zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatu integratuei, 4.0 eta 5.0 inguruneen erronkei erantzungo dieten eta Lanbide-heziketaren eraldaketa digitalaren eta jasangarritasunaren planak ezarriko dituzten proiektuei heltzeko (2. eremua), II. eranskinean zerrendatzen diren erakunde onuradunei, bertan zehazten diren zenbatekoen arabera.
3. artikulua.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, herritar oro jakitun egon dadin.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Gainerako baldintzetarako, kontuan hartuko da Hezkuntzako sailburuaren 2023ko maiatzaren 16ko Aginduan xedatutakoa.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau ikastetxeei jakinarazten zaien egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 27a.
Lanbide Heziketako sailburuordea,
JORGE ARÉVALO TURRILLAS.