235. zk., 2023ko abenduaren 12a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (1298 KB - 73 orri.)
- EPUB (168 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
LEHENDAKARITZA
5490
13/2023 LEGEA, azaroaren 30ekoa, Euskadiko Osasun Publikoarena.
Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela Euskadiko Osasun Publikoari buruzko azaroaren 30eko 13/2023 Legea.
ZIOEN AZALPENA
Osasuna giza eskubide bat den aldetik, eta halaber osasuneko ekitatea justizia sozialaren adierazgarri –hala aitortu zuen Alma-Atako Osasuneko Lehen Mailako Arretari buruzko Nazioarteko Konferentziak, non «Osasuna guztiontzat» helburu historikoa finkatu baitzen–, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea (aurrerantzean, EASL) eratu zen bere garaian, euskal botere publikoek hain garrantzitsua den eskubidearen garapenari eta aplikazioari dagokionez herritarrekin hartzen duten konpromisoa egituratzeko funtsezko tresna; alegia, osasunaren babesari eta zaintzari lotutako eskubidea.
Hala, lege hori onartu zenetik aurrera, osasun-politikak eta sistema sanitarioa garatzea lehen-lehentasunezko helburua izan da ekintza publikoan, Euskadiko gizartearen bizi-kalitatearen eta ongizatearen funtsezko zutabe gisa. Urte hauetan, Euskadiko herritarren osasun-betebeharrak modu egokian ase dira; hain zuzen ere, Euskadiko osasun-emaitzak positiboak dira eta herritarrek ondo baloratzen dute beren eredu sanitarioa. Hala ere, aitortu behar da oraindik ere badaudela desparekotasun sozialak osasunean; hau da, desberdintasun bidegabe eta saihesgarriak, sozialki, ekonomikoki, demografikoki edo geografikoki definitutako taldeen artean.
1978ko Espainiako Konstituzioak funtsezko urratsa eman zuen herritarren osasuna hobetzeko bidean; izan ere, osasuna babesteko eskubidea aitortu zuen 43. artikuluan, eta, horretarako, botere publikoen esku utzi zuen osasun publikoa antolatzea eta zaintzea, prebentzio-neurrien eta behar diren prestazio eta zerbitzuen bidez.
Osasun publikoaren arloko neurri bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoak gaikuntza eman zien administrazio publiko guztiei pertsonen oinarrizko eskubideei eragiten dieten neurriak har zitzaten, urgentziazko edo premiazko arrazoiek hala eskatzen dutenean.
Halaber, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak osasun-sistemaren printzipioak, osasun-sistemaren osasun-jarduketak, norbanakoen osasunari eta osasun kolektiboari dagokion esku-hartze publikoa, toki-entitateen eskumenak eta osasunaren arloko arau-hausteak eta zehapenak arautzen ditu. Arau hori izan zen, hain zuzen ere, Eusko Legebiltzarra arlo horretan legeak egiteko gaitu zuen lehen arau arrunt integrala, betiere botere politikoaren lurralde-banaketaren arabera.
Maiatzaren 28ko 16/2003 Legeak, Osasun Sistema Nazionalaren kohesioari eta kalitateari buruzkoak, 14/1986 Legea osatu zuen 2003an. Lege horrek, aurreko arauaren oinarrizko ildoei eutsiz, artikuluak aldatu eta erantsi zituen, errealitate sozial eta politiko berrira egokitzeko, eta, jakina, autonomia-erkidegoek osasun-eskumenak beren gain hartzeko egoerara egokitzeko.
Era berean, funtsezkoa da Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorra. Lege horrek administrazio publikoen osasun publikoaren arloko koordinazio- eta lankidetza-ekintzen sostengu diren lege-oinarriak ezartzen ditu.
Bestalde, 2020an hasitako COVID-19aren pandemiak agerian utzi du araudi bidez indartu behar direla mekanismoak, tresnak eta neurriak, biztanleria osoaren osasuna arriskuan jartzen duten osasun-larrialdiei –pandemiei, esate baterako– eta antzeko edo beste modu batzuetako osasun-alerta edo krisiei ahalik eta erantzun onena emateko. Gaixotasun kutsagarrien garrantzia dela-eta, zaintza mikrobiologikoa funtsezko tresna da prebentzio-neurri eraginkorrak hartzeko, eta bermatzen du ahalik eta arreta-kalitate handiena ematen zaiela pertsona guztiei osasun-sistemaren maila guztietan eta, oro har, herritar guztiei.
EASLren 3. artikuluak honela dio: «Herritarren osasun-babesarekiko eskubidea aitortzeak euskal aginte publikoei zenbait betebehar ezarri dizkie; betebehar horiek direla-eta, Euskal Administrazio Sanitarioari dagokio osasun publikoaren tutela orokorra garantizatzea, prebentziorako, osasuna sustatzeko neurrien bidez eta prestazio sanitario indibidualen bidez. Halaber, haren zeregina izango da baliabide-dispositibo egokia garantizatzea, hots, izaera publikoz ziurtatutako prestazioak emateko baliabide-dispositibo egokia garantizatzea, batez ere titularitate publikoko baliabideen dotazio, mantenimendu eta antolamendu-hobekuntzaren bidez».
Lege horrek Euskadiko Sistema Sanitarioa sortu eta eratu zuen, Euskal Osasun Administrazioaren eskumeneko jarduerak behar bezala antolatzeko eta ordenatzeko bitarteko gisa –sistema hori Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-baliabide publikoek modu integralean osatzen baitute–, eta adierazi zuen azken helburua zela Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren osasun publikoa mantentzea, berreskuratzea eta hobetzea.
Osasun publikoaren kontzeptua, baina, aldatu egin da legea garatu den denboran, bilakaera bat izan baitu legeak berak sortzen zuen Euskadiko sistema sanitarioaren barruan txertatu zenetik.
Osasuna baldintzatzen duten determinatzaile sozialen gainean jardutea osasun publikoaren arloko zereginen parte da, osasun-arloko emaitza orokorrak hobetzeko eta desparekotasunak murrizteko helburuarekin. 2005ean, Osasunaren Mundu Erakundeak (OMEk) Osasunaren Determinatzaile Sozialei buruzko Batzordea eratu zuen, hiru helburu hauekin: determinatzaile horiei heltzeko moduari buruzko aholkularitza eskaintzea, determinatzaileak aldatzeko ekintza posibleei buruzko informazio zientifikoa biltzea, eta osasuneko ekitatearen aldeko mundu mailako mugimendua bultzatzea. 2008ko abuztuan argitaratutako batzordearen azken txostenean, OMEk gomendio hauek proposatu zituen: eguneroko bizi-baldintzak hobetzea; ekitatea sustatzen duen gobernantza-estilo bat aplikatzea erkidego mailatik nazioarteko erakundeetaraino, eta osasun-arloko desparekotasunen eta determinatzaileen jarraipen sistematikoa egitea.
Bestalde, Helsinkin 2013an egindako osasunaren sustapenerako munduko konferentziak, «osasuna politika guztietan» baitzuen ardatz, agerian utzi zuen osasuna, neurri handi batean, esparru sanitariotik kanpoko faktoreek baldintzatzen dutela, eta osasun-politika eraginkor batek sektore publiko guztiak hartu behar dituela; eta, horrekin bat etorriz, gobernuei eskatu zien «osasuna politika guztietan» ikuspegia hartzeko beren gobernu-estrategietan.
Gaur egun, osasuna eta ongizatea hobetzea botere publikoek eta sektore-politikek partekatzen duten helburua da, eta, hala, beren ekintzen bidez, edozein dela ere esparrua, osasunaren hobekuntzan eragin dezakete eta herritarren ongizatea areagotzen lagundu. «Osasuna politika guztietan» izeneko ikuspegi honek, politika guztiak barne hartzen dituenez, erakunde publikoen esku-hartze guztietan du eragina, eta aukera ematen du, modu erabakigarriagoan eta eraginkorragoan, osasunari buruzko gogoetak txertatzeko politiken sektoreen eta arloen erabakiak hartzean.
Hala, osasun publikoaren bilakaerak, gaur egun, haren aplikazioan esku hartzen duten eragile askoren inplikazioa dakar. Jakina, Euskadiko Sistema Sanitarioak esku hartzen du, baina, horrez gain, Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuek ere esku hartzen dute, osasun publikoan baitezpadako eragina duten gaietan eskumena dutenek, hala nola lan-prebentzioan eta -osasunean, garapen ekonomikoan (garraioak, nekazaritza, abeltzaintza, industria), ogasunean eta ekonomian, hezkuntzan, gizarte-politiketan, berdintasun-politiketan, ingurumenean, lurralde-plangintzan, etxebizitza-politiketan, enplegu-politiketan, gazteria-politiketan, jarduera fisikoa sustatzeko politiketan, kontsumoan eta merkataritzan. Halaber esku hartzen dute unibertsitatearen esparruak eta osasun pribatuarenak, aldundiek eta udalek, eta bai herritarrek, gizarte zibilak eta sektore pribatuak ere.
Ezinbestekoa da, beraz, lege-testu berri baten bidez sistema berri bati ekitea, zeinak osasun publikoaren arloan esku hartzen duten eta Euskadiko Sistema Sanitariotik harantz dauden eragile guztiak bilduko baititu, nahiz eta sistema horrekin harreman saihetsezin eta emankorra izaten jarraituko duen. Horregatik, lege honek Euskadiko Osasun Publikoaren Sistema sortu eta taxutzen du. Sare artikulatu gisa antolatzen da, eta helburua du zerbitzu integralen multzo bat eskaintzea, «osasuna politika guztietan» paradigman oinarrituta, herritarrek ahalik eta osasun-mailarik handiena lortu eta atxiki dezaten.
Osasun-mailan, ekonomian eta gizartean oro har osasun-krisi handi bat eragin duen COVID-19aren pandemiaren agerpenak osasun publikoaren garrantzia nabarmendu du, osasun-sistemaren funtsezko ardatz gisa, morbimortalitate-zifra handiei eta sistema sanitarioaren gainkargari eta kolapso-arriskuari aurre egiteko, bai eta pandemiaren eta krisi globalaren erruz gizarteak osasun-mailan eta inpaktu sozioekonomikoaren mailan izandako ondorioei aurre egiteko ere.
Era berean, COVID-19aren pandemiak osasun publikoaren zeharkakotasunaren garrantzia azpimarratu du. Alegia, batetik, osasun-agintarien eta, bestetik, osasunean eragina duten sektore, erakunde eta gizarte-eragileen arteko koordinazioa, eta ekonomia osoarena ere bai, pandemiaren ondorioak eraginkortasun eta efizientzia onenarekin prebenitzeko, kontrolatzeko eta arintzeko behar diren ekintzak eta neurriak gauzatzeko.
Bestalde, Euskadiko Babes Zibileko Planak Euskal Autonomia Erkidegoko babes zibilaren antolaketa-esparru orokorra ezartzen du mota guztietako larrialdiei aurre egiteko, baldin eta larrialdiaren nolakotasunak, hedadurak edo administrazio bat baino gehiago koordinatu beharrak autonomia mailako zuzendaritza eskatzen badu (Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duen 2017ko apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuaren 29.e artikulua).
Euskadiko Babes Zibilaren Plana 1997ko ekainaren 24ko 153/1997 Dekretuaren bidez onartu zen (153/1997 Dekretua, «Larrialdiei Aurregiteko Bidea-LABI» deritzan Euskadiko Herri Babeseko Plana onartzen duena eta larrialdiei aurre egiteko euskal sistemak dituen integrazio-bideak arautzen dituena). Geroago, 2015eko urtarrilaren 13ko 1/2015 Dekretuaren bidez aldatu zen (1/2015 Dekretua, zeinaren bidez onartzen baita berrazterketa berezi bat egitea «Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea-LABI» deritzan Euskadiko Herri Babeseko Planean).
Nabarmentzekoa da, halaber, ikerkuntzaren garrantzia, bai osasun publikoan, bai I+G+b biomedikoan. Osasun publikoaren gaineko ikerketari esker, hobeto ezagutzen dira gaixotasunen kausak eta determinatzaileak, haien banaketa eta ondorioak, eta formula hobeak eskaintzen dira arrisku-egoerak prebenitzeko, kontrolatzeko eta haiei aurre egiteko, bai eta kaltea arintzeko eta sendatzeko estrategiak ere. Eragile publikoen eta pribatuen arteko elkarlanari esker, epe laburrean beharrezko neurri farmakologiko eraginkorrak sortu, ekoitzi eta banatu daitezke, hala nola txertoak.
Azkenik, larrialdiak iraun bitartean, COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen eskumeneko tresna juridikoak eta jarduketak arautzea, osasun publikoa prebenitu eta zaintzeko, pertsonen segurtasuna bermatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko sistema sanitarioaren gaitasunei eusteko, COVID-19aren pandemiak eragindako osasun-larrialdiko egoeran.
Horri begira, hauek dira arau berri honen xedeak:
– «Osasuna politika guztietan» estrategia eta osasunaren determinatzaileen ikuspegia hartzea, osasunaren arloko munduko eta Europako lehentasunei jarraikiz. Erreferentzia-esparrutzat, bereziki, «osasuna politika guztietan» estrategiarekin lotutako Garapen Jasangarrirako Helburuak hartzen dira.
– Herritarren osasuna eta ongizatea sustatzea, jarduketetan komunitate-orientazioa eta sektorearteko orientazioa lehenetsiz.
– Administrazio publikoen arteko elkarlana sustatzea herritarren osasunaren eta ongizatearen arloan, batez ere tokiko esku-hartzeetan.
– Komunitateak, gizarte-mugimenduak eta gizarte zibila sartzea esku-hartzeen plangintzan, garapenean eta ebaluazioan.
– Politika sektorialek herritarren osasunean eta ingurune fisikoan dituzten eraginak aztertzea. Bereziki, giza osasunaren, ingurumenaren eta animalien osasunaren arteko lotura; hala aitortzen baitu «one health/osasun bakarra» izeneko ikuspegiak.
– Eta, elkarlanaren ikuspegitik, administrazio publiko guztiak koordinatuta eta inplikatuta dauden beste eragile batzuekin batera lan egitea, herritarren osasuna babesteko, osasuna eta ingurune eta bizimolde osasungarriak bultzatzeko eta herritarrengan eragina duten osasunaren determinatzaileetan eragin positiboa izateko.
– Oinarriak ezartzea osasun-larrialdien, epidemien eta pandemien prebentziorako, detekzio goiztiarrerako, zaintzarako eta kudeaketa eraginkorrerako.
– Osasun Publikoaren Euskal Institutua sortzea, osasun-arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren sailari dagozkion osasun publikoko jarduerak, prestazioak eta zerbitzuak modu integralean eskaintzeko.
Lege hau barne-osasunari buruzko esparru materialean sartzen da, eta, esparru horretan, arauak hartzen dituen neurriek adierazten dute Euskal Autonomia Erkidegoak erabili duela antolamendu juridikoak bere eskumen-esparruan aitortzen dion eskumena, Konstituzioaren 149.1.16 artikuluan ezarritako esparruaren barruan egiten baita. Artikulu horren arabera, Estatuak eskumen esklusiboa du kanpo-osasunaren eta osasunaren oinarrien eta koordinazio orokorraren arloan, eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen autonomikoa du barne-osasunaren arloko Estatuko oinarrizko legeria garatzeko eta betearazteko, Autonomia Estatutuaren 18. artikuluak aurreikusten duen bezala.
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Lege honen xedea da:
a) Herritarren osasuna babestea, sustatzea, mantentzea eta hobetzea, bai esparru indibidualean, bai kolektiboan, oinarri hartuta justizia sozialaren, giza eskubideen, aukera-berdintasunaren eta ekitatearen printzipioak, eta euskarria ebidentzia zientifikoan duten politika eta jardunbideen bitartez.
b) Osasuna baldintzatzen duten determinatzaileen gainean jardutea eta gaixotasunak, lesioak eta desgaitasuna prebenitzea.
c) Osasun publikoaren arloko jarduerak, prestazioak eta zerbitzuak antolatzea Euskadiko lurralde-eremuan, koordinazioa eta lankidetza bultzatuz zerikusia duten organismo eta administrazio publikoen artean, eta horietako bakoitzak osasun publikoan dituen eskumen-eremuak ezarriz.
d) Herritarren parte-hartzea, ahalduntzea eta erantzukidetasuna sustatzea eta garatzea osasun publikoko jardueretan, prestazioetan eta zerbitzuetan.
e) Osasunaren ikuspegia txertatzea politika eta ekintza publiko guztietan, bai eta gizarte zibileko erakundeek, elkarte profesionalek eta entitate pribatuek sustatutako ekimenetan ere, ahalegin antolatu, global eta sektore anitzekoan.
f) Euskadiko Osasun Publikoaren Sistema sortzea, sare artikulatu gisa antolatua eta erantzukizun publikoa duela, haren helburua izanik jarduketa, prestazio eta zerbitzu integralen multzo bat eskaintzea, «osasuna politika guztietan» paradigman oinarritua, herritarrek ahalik eta osasun-mailarik handiena lortu eta mantendu dezaten. Euskadiko Osasun Publikoaren Sistema, Euskadiko Sistema Sanitarioarekin eta osasun-arloko ikerketa- eta jakintza zentroen sarearekin eta osasunean eragina duten gainerako erakunde sektorialekin koordinatuta, baliabide propio kualifikatuez hornituta eratzen da, eta, sistemaren gobernu ona oinarri hartuta, osasun publikoko jarduketak eta prestazioak gaitasun, bikaintasun eta gizarte-efizientzia onenarekin aplikatuko direla bermatzen duten eta herritarrengan konfiantza eta segurtasuna sortzen laguntzen duten funtzionamendu-printzipioak izango ditu.
g) Osasun Publikoaren Euskal Institutua sortzea, osasunaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren sailari atxikitako administrazio-organismo autonomo gisa, eta nortasun juridiko propioa, administrazio- eta finantza-autonomia eta jarduteko gaitasun osoa dituela, lege honetan aitortzen eta ezartzen diren eginkizunak betetzeko.
h) Osasun publikoaren arloko prestakuntza, ikerketa eta berrikuntza bultzatzea eta sustatzea.
2. artikulua.– Eremua.
1.– Lege honen xedapenak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan aplikatuko dira. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan modu iraunkorrean edo aldi baterako bizi diren herritarrei eta haren lurralde-eremuan noiz edo noiz gertatzen direnei aplikatuko zaizkie.
2.– Lege honetan araututakoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari eta bertako foru- eta toki-administrazioei aplikatuko zaie, bai eta haien mendeko edo haiekin lotutako entitateei ere.
3.– Era berean, osasun publikoan eragina duten ekintzak egiten dituzten erakunde pribatuei ere aplikatuko zaie, lege honetan zehaztutako baldintzetan eta jardun-eremuetan, eta lege honek dakarren eragin subjektiboa ere bai.
3. artikulua.– Osasun publikoaren kontzeptua.
Osasun publikoa da politika, programa, zerbitzu eta jarduketa jakin batzuen multzoa, helburua duena osasunaren determinatzaileen gainean jardutea, gaixotasunak prebenitzea eta herritarren osasuna eta ongizatea babestea eta sustatzea.
4. artikulua.– Definizioak.
Lege honen ondorioetarako, definizio hauek aplikatuko dira:
Arrisku-faktorea: osasunerako ondorio kaltegarri bat izateko probabilitatea areagotzen duen baldintza, egoera, jokaera edo elementua.
Arriskuaren ebaluazioa: arrisku jakin batzuekiko esposizioaren ondorioz gertaera bat edo kalte bat izateko probabilitatea eta ekar ditzakeen ondorioak aztertzeko prozesua. Prozesu interaktibo bat da, gertaera bat detektatzean hasi eta gertaera bere horretan kontrolatu arte mantentzen dena.
Arriskuaren kudeaketa: arrisku bat edo arrisku horrek osasunean dituen ondorioak saihesteko edo minimizatzeko jardueren multzoa. Prozesu horretan, hautabideak aztertzen dira, arriskuaren ebaluazioa eta gainerako faktore egokiak kontuan hartuta, eta, beharrezkoa bada, prebentzio- eta kontrol-neurri egokienak hautatu eta aplikatzen dira, arauzko neurriez gain.
Arriskuen komunikazioa: arriskuak ebaluatzeko eta kudeatzeko prozesuan zehar, arriskuen inguruko informazioa eta iritziak trukatzea arriskuak ebaluatzeaz arduratzen diren pertsona fisiko edo juridikoen, arrisku horiek kudeatzeaz arduratzen direnen, herritarren, ordezkari sozial, ekonomiko eta akademikoen eta gainerako alderdi interesdunen artean. Orobat sartzen da komunikazioaren barruan arriskuaren ebaluazioaren emaitzak eta arriskuaren kudeaketaren esparruan hartutako erabakien oinarriak azaltzea.
Autokontrola: lege honen aplikazio-esparruari lotutako pertsona fisiko edo juridikoen betebeharren multzoa, kasuan kasuko produktuen eta horiei dagozkien jardueren eta zerbitzuen kaltegabetasuna eta osasungarritasuna bermatzeko helburua duena.
Babes-faktorea: osasuna mantentzeko edo hobetzeko aukera handitzen duen baldintza, egoera, jokabidea edo elementua.
Baheketa: gaixotasuna garaiz detektatzera, diagnostikatzera eta goiz tratatzera bideratutako jarduerak; aktiboki eskaintzen zaizkie, antolatutako programen baitan, gaixotasuna izan dezaketen herritar guztiei, nahiz eta haiek sintomarik ez izan, edo laguntza medikorik ez eskatu.
Detekzio goiztiarra: agertzen denetik, arrisku, osasun-arazo edo gaixotasun bat ahalik eta lasterren identifikatzea, beharrezko prebentzio-neurri edo neurri terapeutiko guztiak hartu ahal izateko.
Elikagaien segurtasuna: ekoizpenean, eraldaketan eta banaketan elikagaien kaltegabetasuna eta osasungarritasuna zaintzera bideratutako jarduketen, prestazioen eta zerbitzuen multzoa; horrekin elikagai osasungarriak lortzen dira, nutrizioa egokia izan dadin.
Ingurumen-osasuna: herritarrek jasan ditzaketen ingurumen-faktore fisiko, kimiko edo biologikoek osasunean eragin ditzaketen ondorio kaltegarriak murriztea edo desagerraraztea bermatzea xede duten jarduketa, prestazio eta zerbitzuen multzoa.
Klima-aldaketa: klimaren aldaketa, zuzenean edo zeharka giza jarduerari egotzia, munduko atmosferaren osaera aldatzen duena eta denbora-tarte alderagarrietan behatzen den klimaren aldakortasun naturalari gehitzen zaiona. Ondorioek zuzenean eta zeharka eragiten dute herritarren osasunean, horretarako bideak izanik, gerta litezkeen beste fenomeno batzuen artean, muturreko fenomeno meteorologikoak, segurtasunik eza elikagaien eta uraren irispidean, desnutrizioa eta behartutako desplazamenduak. Era berean, larriagotu, zaildu eta areagotu egiten ditu lesioek, gaixotasun kutsakorrek eta kronikoek eragindako hilkortasuna, morbilitatea eta desgaitasuna.
Lan-osasuna: langileen osasuna sustatzera eta prebentziora bideratutako jarduketa, prestazio eta zerbitzuen multzoa, lan-baldintzei eta lanetik eratorritako arriskuei dagokienez.
Osasun-agintaritza: Administrazioaren organo bat da, bere erantzukizuna gauzatuz eta legediak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz beharrezkoak diren xedapenak eta neurriak ematen eta aplikatzen dituena, partikularrei, kolektiboei eta erakundeei betebeharrak ezartzeko, modu pertsonalean edo haien ondasunen bitartez, herritarren osasuna babesteko helburuz.
Osasun-agintaritzaren agenteak: osasun publikoaren eskumena duten administrazioetako funtzionarioak, behar bezala egiaztatuta daudenak interbentzio-lana, ikuskatze-lana eta kontrol-lana egiteko.
Osasun-desparekotasunak: ekidin daitezkeen osasun-diferentziak, herritarrek beren gizarte-, ekonomia-, genero-, demografia- edo geografia-baldintzen arabera osasunarekin lotuta dituzten aukera eta baliabide diferenteen ondoriozkoak, osasun hobea edo okerragoa eragiten dutenak.
Osasun-eragileak: profesionalak eta eragileak, indibidualak zein kolektiboak, herritarrekiko lankidetzan pertsonen eta komunitatearen osasuna sustatzen, zaintzen eta artatzen dutenak, jokabideetan eta osasunaren determinatzaileetan eragiteko.
Osasun-hezkuntza: osasunaren arloko erantzukizun pertsonala eta soziala sustatzeko oinarrizko estrategia, jakintza, jarrera eta jokabide osasungarriak barne hartzen dituena, eta norbanakoen osasuna eta osasun kolektiboa hobetzeko balio, jarrera eta trebetasun pertsonalak garatzen laguntzen duena, norberaren eta besteen osasuna zaintzeko erabaki egokienak hartzeko gaikuntzaren bidez.
Osasun-inpaktuaren ebaluazioa: prozedura, metodo eta tresna batzuen konbinazioa, aukera ematen duena arau, plan, programa edo proiektu bat aztertzeko, herritarren osasunean izan ditzakeen ondorioei eta horien banaketari dagokienez.
Osasun-politika: erakunde publikoen adierazpen edo jarraibide ofiziala, jarduteko lehentasunak eta parametroak definitzen dituena, osasun-beharrei, eskura dauden baliabideei eta beste baldintzatzaile politiko batzuei erantzuteko.
Osasun publikoaren arloko esku-hartze administratiboa: osasun publikoaren arloko komunikazioa, jarduerak gauzatzeko baimen- eta komunikazio-araubideak ezartzea, erregistro sanitarioak konfiguratzea, jardueren ikuskapena eta kontrol sanitarioa, laginak hartzea eta kontrol analitikoa, ikuskapen-aktak egitea, kautela-neurriak ezartzea eta pertsonen gainean esku hartzeko neurriak hartzea.
Osasun publikoaren arloko neurri bereziak: zaintza-, prebentzio-, euste- eta kontrol-neurrien multzoa, osasun publikoko krisialdietan, osasun-larrialdietan, pandemietan edo beste arrisku transmitigarri batzuk dauden egoeretan edo behar bezala justifikatutako urgentziazko edo premiazko arrazoi epidemiologiko edo sanitarioek hala eskatzen dutenean hartu beharrekoak.
Osasun publikoaren gobernantza edo gobernu ona: osasun publikoko ekintzen eta agenteen helburuak, bitartekoak eta emaitzak ezarri, babestu, gainbegiratu eta ebaluatzeko erabiltzen diren balio, irizpide eta erabaki-organoen multzoa, helburu, bitarteko eta emaitza horiek egokiak, efikazak, efizienteak, jasangarriak, etikoak, gardenak eta arauekin bat datozenak direla zaintzeko.
Osasun publikoko larrialdia: aparteko egoera, osasun publikorako arriskua dagoenean edo herritarren osasunari larriki eragiteko ahalmena duen osasun publikoko jazoera bat dagoenean gertatzen dena.
Osasuna hezkuntza-ingurunean: ikastetxeetan osasun-sustapen eta -prebentzioko jardueren, prestazioen eta zerbitzuen multzoa.
Osasunaren babesa: ingurumenean eta elikagaietan dauden agente fisiko, kimiko eta biologikoen aurrean herritarren osasuna bermatzeko eta babesteko egiten diren jarduketa, prestazio eta zerbitzuen multzoa.
Osasunaren determinatzaileak: herritarren eta populazioen osasunean eta bizi-kalitatean eragina duten faktoreak, elkarrekin erlazionatutakoak, hala nola norbanakoaren bizi-ohiturak, hezkuntza, sare sozialak eta komunitarioak, bizi- eta lan-baldintzak, zerbitzuetarako irispidea, eta egiturazkoagoak diren baldintza sozioekonomiko, kultural eta ingurumenekoak.
Osasunaren sustapena: herritarrek beren osasunaren gainean duten kontrola areagotzeko prozesua, osasuna hobetzeko. Pertsonen trebetasunak eta gaitasunak indartzera zuzenean bideratutako ekintza guztiak hartzen ditu, bai eta gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-baldintzak aldatzera zuzendutakoak ere, osasun publikoan eta indibidualean eragin mesedegarria sustatzeko edo eragin negatiboa arintzeko.
Osasuneko ekitatea: herritarren eta gizarte-taldeen osasunean berdintasuna bilatzen duen egoera eta helburu soziala; alegia, saihestu edo gutxitu daitezkeen baldintza indibidualek, sozialek edo ekonomikoek sorturiko desberdintasunik gabe.
Pandemia: gaixotasun baten mundu mailako hedapena, gaixotasun hori modu eraginkorrean transmititzen den eta hainbat lekutan transmisio komunitarioaren bidez kasuak sortzeko gai den mikroorganismo batek sortua denean.
Prebentzioa: herritarren artean gaixotasunen, lesioen, osasun-arazoen eta desgaitasunen eta arrisku-faktoreen intzidentzia eta prebalentzia murrizteko, horien guztien aurrerapena geldiarazteko eta ondorio negatiboak ahal den neurrian arintzeko edo desagerrarazteko jarduketen multzoa.
5. artikulua.– Printzipio gidariak.
Osasun publikoko jarduketak, prestazioak eta zerbitzuak printzipio hauetan oinarrituko dira:
a) Osasun publikoko prestazioen unibertsaltasuna, botere publikoek herritar guztiei bermatu behar dieten eskubide indibidual eta sozial gisa.
b) Ekitatea osasunean eta pertsonen edo kolektiboen arteko osasun-desparekotasunak gutxituko dituzten osasun publikoko politikak eta esku-hartzeak garatzea, osasunaren determinatzaileei modu eraginkorrean helduta eta, bereziki, egoera ahulenean dauden kolektiboei begiratuta. Ekitatearen ikuspegi berezi gisa, osasun-jarduketa orotan genero-ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala txertatuko dira.
c) Elkartasuna, gizartearen konpromiso kolektibo gisa, herritar guztiei ahalik eta osasun- eta ongizate-mailarik handiena bermatzeko.
d) Etika osasun publikoan, justizia, ekitatea eta elkartasuna benetan txertatzeko, eta pertsona fisikoen, enpresen, gizarte-antolakundeen eta administrazio publikoen eskubideak eta eginbeharrak aitortzeko, halako moldez non herritarrengan eragiten duten jarduketak modu informatuan eta norbanakoen osasuna eta osasun kolektiboa babesteko egiten diren.
e) Erantzukizun publikoa, eskubide indibidualen berme eta babes gisa.
f) «Osasuna politika guztietan» ikuspegiaren helburuekin bat etortzea, herritarren osasuna eta ongizatea hobetzea administrazioen helburu partekatua izan dadin, hartara ekintza politikoaren eta haien guztien arteko sinergien bidez osasun-emaitza hobeak, eraginkorragoak, ekitatiboagoak eta jasangarriagoak lortu ahal izateko, osasun-sektoreak bere kabuz bakarkako ekintzaren bidez lor ditzakeenak baino.
g) «One health/osasun bakarra», elkarlaneko eta sektore askotariko ikuspegi gisa, giza osasunean eragina duten eragileak kontrolatzeko eta prebenitzeko estrategia eta ekintza integralak gauzatzeko. Hauek dira «osasun bakarra» ikuspegia bereziki egokia duten lan-eremuak: elikadura-produktuen kaltegabetasuna, zoonosien kontrola eta antibiotikoekiko erresistentziaren aurkako borroka. Animalien eta ekosistemen osasuna babesteak pertsonen osasuna hobetzen laguntzen du.
h) Osasun publikoko jardueren, prestazioen eta zerbitzuen ikuskera integrala, integratua eta intersekzionala, dagozkion plangintza-tresnen esparruan.
i) Sektoreen arteko elkarrekikotasuna eta koordinazioa, konpromiso eta erantzukizun partekatuen esparru formalizatu gisa, «osasuna politika guztietan» printzipioa bultzatzeko eta kohesionatzeko.
j) Osasun publikoaren gobernu ona, osasun publikoko Administrazioaren maila guztietan kudeaketa efizientea, justua, ekitatezkoa eta legeari egokitua sustatuko duen konpromiso etiko batean oinarritua.
k) Osasun publikoko esku-hartze guztien ebaluazioa, gardentasuna eta kontu-ematea.
l) Gizarte zibila osatzen duten eragile eta entitate guztien osasunaren gaineko erantzukizun soziala, gizarte- eta ingurumen-eremu seguruak eta herritarren osasuna sustatzen dutenak bultzatzeko.
m) Herritarrek osasun publikoko politikak eta ekintzak formulatzen eta kudeatzen parte hartzea eta horretan lankidetzan eta erantzukidetasunez aritzea, oinarri hauek hartuta: informazio fidagarria, ulergarria eta erabilgarria irispidean izatea, eta herritar bakoitzaren konpromisoa bere osasuna, ingurukoena eta komunitatearena atxikitzeko.
n) Osasun publikoko esku-hartzeen egokitasuna; beste edozein interesen gainetik egongo da esku-hartze horien babesa. Esku-hartze horiek doituta egongo dira zuzendu nahi den osasun-arazoaren neurrira, proportzionaltasun-, aplikagarritasun-, eraginkortasun-, efizientzia- eta zorroztasun zientifikoaren irizpideetan oinarrituta.
o) Zuhurtasuna. Herritarren osasunean eragin larria izan dezakeela adierazten duten zantzu oinarridunak badaude, nahiz eta arriskuaren izaerari buruzko ziurgabetasun zientifikoa egon, tartean dagoen jarduera eten, debekatu edo mugatu egingo da.
p) Bitartekoen eta baliabideen kalitatea, gaitasuna, efizientzia, jasangarritasuna eta nahikotasuna zerbitzuak ematean eta osasun publikoko jarduerak garatzean.
q) Segurtasuna. Osasun publikoaren arloko jarduerak eta zerbitzuak osasunaren aldetik duten segurtasuna egiaztatu ondoren gauzatuko dira, eta jakintza zientifiko fidagarri, gaurkotu, zorrotz eta kalitatekoetan oinarrituko dira.
r) Zorroztasun teknikoa eta zientifikoa, ahalik eta jakintza tekniko eta zientifiko onena oinarri hartuta.
s) Osasun publikoko jarduera guztietan, informazioa tratatzean datu pertsonalak babesteko bermea.
6. artikulua.– Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemaren funtsezko funtzioak.
Antolamendu sanitarioaren arloan indarrean dagoen araudian aurreikusitako jarduketez gain, hauek dira Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemaren funtsezko funtzioak:
a) Herritarren osasuna eta ongizatea zaintzea eta ikertzea, bai eta osasun-galeraren baldintzak eta adierazpenak ere; osasuna arriskuan jar dezaketen jarduketa publiko eta pribatuen emaitzak eta osasun-inpaktua ebaluatzea, eta osasunean eragiten duten faktoreak eta esku-hartze, zerbitzu eta programa sanitarioak aztertzea.
b) Komunitatearen osasun-arazoak eta osasunerako arriskuak zehaztea.
c) Osasunaren determinatzaileen gainean jardutea.
d) Herritarren osasuna babesten duten edo hobetzen laguntzen duten legeak eta araudiak sustatzea.
e) «Osasuna politika guztietan» printzipioan oinarrituta, sektore, administrazio eta gizarte-eragileen arteko sinergiak garatzea.
f) Larrialdiak kudeatzeko eskumena duten Eusko Jaurlaritzako agintarien zuzendaritzapean, osasun publikoko larrialdien, pandemien eta osasun-krisien aurrean prestatzea eta planifikatzea, eta krisi eta larrialdi horiei eman beharreko erantzun sanitarioa antolatzea eta koordinatzea, bai eta herritarren osasunerako dauden mehatxuak kontrolatzea ere.
g) Osasuna babestea, laguntza emanez osasun-estrategia eta -politikak diseinatzean, abian jartzean eta garatzean eta sistema sanitarioa antolatzean, herritarren osasungintzan lidergo estrategikoa baliatuz eta sektorearteko politiketan haren babesa eta sustapena bultzatuz.
h) Gaixotasunak prebenitzea, osasun publikoko arazoetan esku hartzeko modu berriak aurkitzeko ikerketan lagunduz eta gaixotasunak eta osasun-galera prebenitzeko osasun publikoko politikak diseinatzen eta antolatzen parte hartuz.
i) Herritarren osasuna eta ongizatea sustatzea, esku-hartzeak eginda pertsonen jakintza eta gaitasunak areagotzeko eta gizarte-, lan-, ingurumen- eta ekonomia-baldintzak aldatzeko, norbanakoen osasunean eta osasun kolektiboan eragin positiboa izan dezaten.
j) Osasun publikoa bermatzea, bai eta osasunaren arloko programak eta esku-hartzeak diseinatzea eta ezartzea ere, haien aplikazio efizientea, eraginkorra eta kalitatekoa kudeatuz eta osasun-desparekotasunak murriztea helburu hartuta.
k) Osasun publikoaren arloan gaitasuna duten osasun-langileak bermatzea, eta osasun publikoko arazoei aurre egiteko haien etengabeko prestakuntza bultzatzea.
l) Gobernantza, finantzaketa eta kalitatearen ebaluazioa, osasun publikoa hobetzeko.
m) Osasun-agintaritza egikaritzea, osasun publikoaren arloko araudia aplikatzeko eskumena izanda; osasun-arrazoiengatik, premiagatik edo beharrizanagatik, edo herritarren osasunerako ageriko arriskua dakarten ezohiko egoerengatik, norbanakoen eskubideak eta eskubide kolektiboak mugatzea ekar dezaketen neurriak proposatzea, neurri egoki, beharrezko eta zorrotz proportzionatuen bidez; osasun publikoko estandarrak garatzea eta jagotea, eta horiek zaintzen eta betetzen direla ziurtatzea bitarteko egokien bidez, osasun-ikuskapenak eta -auditoretzak eta bestelako kontrol-mekanismoak barne, bai eta zehapenak eta osasun publikoaren arloan indarrean dauden arauak eta estandarrak betetzen direla bermatuko duten beste neurri batzuk aplikatzea ere.
n) Komunikazioa osasun publikoan.
o) Osasun publikoaren arloko jarduketak eta prestazioak garatzea.
p) Osasun publikoaren arloko jakintzaren kudeaketa, informazioari, ikerketari, berrikuntzari eta ebaluazioari buruzko alderdietan.
II. TITULUA
HERRITARRAK ETA OSASUN PUBLIKOA
I. KAPITULUA
HERRITARREN ESKUBIDEAK OSASUN PUBLIKOAREN ARLOAN
7. artikulua.– Herritarren eskubideak osasun publikoaren arloan.
1.– Osasuna babesteko eskubidearen arau-konfigurazioaren arabera herritarrei aitortzen zaizkien eskubide instrumental eta osagarriez gainera, eta Euskadiko osasun-sisteman pertsonen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Adierazpena onartzen duen 2015eko uztailaren 21eko 147/2015 Dekretuak aitortutako eskubideez gain, pertsona orok ditu, osasun publikoari dagokionez, eskubide hauek: berdintasuna eta ekitatea; informazioa; parte-hartze eraginkorra; konfidentzialtasuna, intimitatearekiko eta duintasunarekiko errespetua; jardun inpartziala; autonomia pertsonala; segurtasuna esku-hartzeetan, eta osasun-hezkuntza.
2.– Eskubide horiek, zeinak hurrengo artikuluetan zehazten diren, exijitzekoak dira Euskadiko Osasun Publikoaren Sistema eta Sistema Sanitarioa osatzen dituzten titulartasun publikoko, pribatuko edo itunpeko zentro, zerbitzu edo establezimenduetan garatzen diren osasun publikoko ekintza eta ekintza sanitario guztietan.
3.– Osasun publikoko prestazioak jasotzeko eskubidea ere exijitzekoa izango da, lege honen VII. tituluan ezarritako moduan.
8. artikulua.– Berdintasunerako eta ekitaterako eskubidea.
1.– Pertsona guztiek dute benetako berdintasun eta ekitaterako eskubidea osasun-arloko esku-hartze, prestazio eta zerbitzu guztietan, diskriminaziorik pairatu gabe sexuagatik, adinagatik, etniagatik, erlijioagatik, egoera sozioekonomikoagatik, gaitasun funtzionalagatik, iritziagatik, sexu-orientazioagatik edo beste edozein inguruabar edo egoera pertsonal edo sozialengatik.
2.– Herritarrek osasun-egoerarik hoberena lortzeko aukera-berdintasunerako eskubidea dute; horretarako, administrazio eskumendunek garatuko dituzte, besteak beste, ahalik eta gizarte-ekitate handiena ekarriko duten politika sektorialak ekonomian, enpleguan, lan-arloan, hezkuntzan- eta gizarte-zerbitzuetan, hartara osasun-arloko ekitateari mesede egiteko, pertsonen bizi-baldintzak kontuan hartuta.
9. artikulua.– Informaziorako eskubidea.
1.– Herritarrek osasun publikoaren arloko informazio egiazkoa eta osoa eskuratzeko eskubidea dute. Informazio hori eskumena duten administrazioek zabalduko dute, eta osasuna sustatzeari eta babesteari begira informazio nahikoa, irisgarria, ulergarria eta egokia izango da, indarrean dagoen araudiak ezarritakoaren arabera. Eskubide horren barruan sartzen da alderdi hauei buruzko informazioa jasotzea:
a) Lege honek ematen dizkien eskubideak, bai eta eskubide horiek baliatzeko bideak ere.
b) Osasun publikoko jarduketak, prestazioak eta programak, eta haien edukia eta eskuratzeko modua.
c) Esku-hartzearen oinarriak, helburuak, arriskuak eta ondorioak, baldin pertsona edo kolektibo bati osasun-programa batean parte hartzeko eskatzen bazaio.
d) Osasunaren determinatzaileak, herritarren osasun-mailan eta osasun-ekitatean eragiten duten faktore gisa.
e) Komunitatearen osasun-arazoak eta herritarren osasunerako garrantzitsuak diren arrisku biologikoak, kimikoak, fisikoak, ingurumenekoak, sozialak, hezkuntzakoak, ekonomikoak edo beste edozein motatakoak. Arriskua berehalakoa bada, informazioa premiaz emango da.
f) Herritarren osasunerako arriskua dagoenean hartutako neurri bereziak, hala nola osasun publikoko larrialdiak, osasun-krisiak edo pandemiak.
2.– Gaixotasunak prebenitzeko populazio-programetan borondatez parte hartzen duten pertsonek eskubidea dute programa horietako jardueren ondorio posibleei buruzko informazio garrantzitsu guztia izateko, erregelamendu bidez ezartzen den prozeduraren arabera.
3.– Informazio-eskubidea herritarrek berek zuzenean edo haien bilgune edo ordezkari diren antolakundeek baliatu ahal izango dute.
4.– Osasun publikoaren arloko informazioa lege honen printzipio gidariei lotuko zaie, bai eta 106. artikuluan (Osasun publikoaren arloko komunikazioa) ezarritako komunikaziorako irizpideei ere.
5.– Herritar guztiek dute eskubidea informaziorik ez jasotzeko, hori bada haien borondatea. Hala bada, programa edo jarduketaren arduradunak erabaki hori idatziz jaso behar du. Osasunerako arrisku handia badago, izendatzen diren lotutako pertsonei emango zaie informazioa, ukituak berak berariaz kontrakorik adierazi ezean.
10. artikulua.– Osasun publikoko jarduketetan parte-hartze eraginkorra izateko eskubidea.
Herritarrek eskubidea dute osasun publikoko jarduketetan parte-hartze eraginkorra izateko –era zuzenean edo haien bilgune edo ordezkari diren antolakundeen bitartez–, administrazio eskudunak horretarako ezartzen dituen prozeduren arabera.
11. artikulua.– Intimitaterako, konfidentzialtasunerako eta duintasunaren errespeturako eskubidea.
1.– Pertsona guztiek dute haien duintasuna eta norberaren eta familiaren intimitatea errespetatua izateko eskubidea, osasun publikoko jarduketetan parte hartzen dutenean.
2.– Herritar guztiek dute administrazio publikoek, entitateek edo enpresek osasun publikoaren arloan egiten dituzten esku-hartzeetan erabiltzen den informazio pertsonalaren konfidentzialtasunerako eskubidea, bai eta informazio hori inork ez eskuratzeko eskubidea ere, legez babestutako aurretiazko baimenik izan gabe. Datu-tratamendu oro, batez ere osasunekoa, datu pertsonalak babesteko araudian ezarritako legitimazio-oinarriren batean funtsatu beharko da.
3.– Osasun publikoaren arloko esku-hartzeak egiten dituzten Euskadiko administrazio publikoek, entitateek eta enpresek beharrezko neurriak hartu behar dituzte beren jarduketetan erabiltzen duten informazio pertsonalaren segurtasuna bermatzeko, eta informazio hori irispidean dutenek konfidentzialtasun osoz jardun behar dute, araudian araututako integritate- eta konfidentzialtasun-printzipioa aplikatuz.
4.– Administrazio publiko batek datu pertsonalak tratatzen dituenean, indarrean dagoen Segurtasun Eskema Nazionalak ezarritakora egokitu beharko dira hartu beharreko segurtasun-neurriak.
12. artikulua.– Jardun inpartzialerako eskubidea.
Herritarrek eskubidea dute inpartzialtasuna berma dadin lege honetan aurreikusitako funtzioak baliatzeko gauzatzen diren jarduketetan.
13. artikulua.– Autonomia pertsonalerako eskubidea.
1.– Pertsona guztiek dute beren osasun pertsonalari buruzko erabakiak askatasun osoz hartzeko eskubidea, bai eta administrazio publikoek sustatutako osasun publikoko esku-hartze, plan eta programetan parte hartzeari buruz duten borondatea errespetatua izan dadin ere. Aitortutako ezintasun pertsonaleko egoeretan, legezko tutoretza dutenek izango dute erabakitzeko gaitasun hori.
2.– Osasun publikoko edozein jarduketatan esku-hartze indibidual bat egin behar bada, eragindako pertsonaren adostasun aske eta borondatezkoa beharko da, aurreko apartatuan adierazitako informazioa jaso ondoren, pazientearen autonomiari eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrei buruzko araudian aurreikusitako eran.
3.– Eragindako pertsonak edozein unetan utz dezake bertan behera adostasuna askatasunez. Administrazio eskudunak beste izapiderik gabe onartu beharko du erabaki hori; eragindakoarekin dituen jarduketa guztiak etengo ditu errebokazio horren berri izan orduko, eta erabaki horrek izango dituen ondorio indibidual eta kolektiboak jakinaraziko dizkio.
14. artikulua.– Segurtasunerako eskubidea osasun publikoko esku-hartzeetan.
Pertsona guztiek dute osasun publikoko esku-hartzeetan segurtasun-mailarik handiena izateko eskubidea; horretarako muga bakarra unean uneko osasun publikoaren arloko zientziaren edo teknikaren jakintza izango da, eta zuhurtasun-printzipioari jarraituko zaio.
15. artikulua.– Osasun-hezkuntzarako eskubidea.
1.– Herritarrek osasun-hezkuntza jasotzeko eskubidea dute.
2.– Eskubide hori gauzatzeko, administrazio publikoek herritarren gaitasun pertsonalak sustatzeko jarduketak egingo dituzte, herritarren osasun pertsonalari eta integratzen diren gizartearen osasunari buruzko erabaki aske eta kontzienteak har ditzaten.
3.– Administrazio publiko eskudunek osasun-hezkuntzarako eskubidea bermatuko dute hezkuntza-sisteman, jarduera egokien bidez, bai hezkuntza-curriculumari dagokionez, bai gainerako hezkuntza-esparruei dagokienez.
16. artikulua.– Iradokizunak, kexak eta erreklamazioak egiteko eskubidea.
1.– Herritarrek eskubidea dute kexak, erreklamazioak edo iradokizunak egiteko Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemaren jarduketei buruz. Era berean, eskubidea dute egindako jarduketei edo hartutako neurriei buruzko erantzuna eta informazioa jasotzeko, hala dagokionean.
2.– Kexa, erreklamazio edo iradokizun horiek jaso, izapidetu eta erantzuteko prozedura indarrean dagoen araudian ezarritakoa izango da.
17. artikulua.– Eskubideak mugatzea osasun publikoa babesteko.
1.– Kapitulu honetan aitortutako eskubideak ez dira osasun publikoaren arloko neurri bereziei buruz indarrean dagoen araudian xedatutakoaren eragozgarri (lege honen 78., 79., 80., 109., 111. eta 112. artikuluak).
2.– Larrialdietan, pandemietan edo osasun publikoko krisialdi larrietan, osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura prebenitzeko, osasun-agintariek neurri bereziak hartu ahal izango dituzte norbanakoen eskubideak mugatzeko, lege honetan, indarrean dagoen araudian eta jurisprudentzian ezarritakoaren arabera.
II. KAPITULUA
HERRITARREN BETEBEHARRAK OSASUN PUBLIKOAREN ARLOAN
18. artikulua.– Herritarren eginbeharrak osasun publikoaren arloan.
Araudiak sistema sanitarioaren antolaketari eta kudeaketari buruz eta osasun-politika espezifikoei buruz ezarritako betebeharrez gain, hauek dira herritarrek osasun publikoari dagokionez dituzten eginbeharrak:
a) Norberaren eta komunitatearen osasunari buruzko informazioa izatea eta osasun horrekiko jokabide aktibo eta arduratsua izatea, prebentzio-ekintzetan inplikatuz, osasun publikoko programetan parte hartuz eta jokabide osasungarriak hartuz.
b) Osasun-arloko agindu orokorrak errespetatzea eta betetzea, bai eta osasun-agintaritzak arriskuak kontrolatzeko, osasuna babesteko eta osasun publikoaren aurkako mehatxuen kontra borrokatzeko ezartzen dituen neurriak ere, barne hartuta osasun publikoko krisiak eta larrialdiak eta pandemiak.
c) Osasun-agintaritzarekin lankidetzan aritzea osasuna babesteari eta gaixotasunak prebenitzeari buruzko jarduerak garatzeko.
d) Agintari eskudunak jakitun ipintzea baldin herritarren osasunerako arrisku larria ekar dezakeen edo osasun publikoan larrialdi bat izan daitekeen edozein gorabehera edo egoera gertatzen bada. Apartatu honetan xedatutakoak ez ditu eragotziko osasun-lanbideetan dihardutenek legez dituzten komunikazio- eta informazio-betebeharrak.
e) Agintaritza eskudunek osasun publikoari buruz ematen duten informazioa behar bezala erabiltzea.
f) Osasun-administrazio eskudunaren aurrean agertzea, osasun publikoa babesteko hala eskatzen zaienean, baldin eskura dagoen ebidentzia zientifikoaren arabera benetako arriskua baldin badago edo osasun-larrialdiko egoera bat baldin badago.
g) Osasun publikoko jarduketak garatzen laguntzea, eta jarduketok zaildu, eragotzi edo faltsutzen duten jokabideak edo ekintzak ez egitea.
h) Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemako profesionalak behar bezalako begirunez eta adeitasunez tratatzea.
III. KAPITULUA
HERRITARREN ERANTZUKIZUNA, GAIKUNTZA ETA PARTE-HARTZEA OSASUN PUBLIKOAREN ARLOAN
19. artikulua.– Herritarren erantzukizuna eta gaikuntza osasun publikoan.
Osasun publikoaren sistema osatzen duten eragileek osasunaren babesaren eta prebentzioaren arloan pertsonen eta komunitateen erantzukizuna, gaikuntza eta parte-hartzea sustatzeko jarduerak erraztuko dituzte.
20. artikulua.– Osasun publikoan parte hartzea.
Herritarrek osasun publikoko gaietan parte hartzeko, indarrean dagoen araudian eskuragarri eta aurreikusita dauden tresnak eta prozedurak erabiliko dira.
Zehazki, herritarrek modu aktiboan parte hartu ahal izango dute honako hauetan:
a) Eragiten dieten osasun publikoaren arloko planak eta programak egitea, bai eta horien jarraipena eta ebaluazioa ere.
b) Osasun publikoko esku-hartzeak planifikatzea, garatzea eta ebaluatzea.
c) Bizi-ohitura osasungarriekin lotutako sustapen- eta prebentzio-programak eta -jarduerak, bai eta jokabide arriskutsuak identifikatzekoak ere.
d) Osasun-beharrak zehaztea.
e) Herritarren osasunerako arriskuak edo arazoak hautematea.
f) Baimenak emateko prozedurak, baldin eta, osasun publikoan duten eragina dela-eta, entzunaldi-izapidea aurreikusita badago.
III. TITULUA
OSASUNAREN DETERMINATZAILEEN GAINEKO JARDUKETA ETA OSASUNA POLITIKA GUZTIETAN
I. KAPITULUA
OSASUNAREN DETERMINATZAILEEN GAINEKO JARDUKETA
21. artikulua.– Osasunaren determinatzaileak.
Osasun publikoaren sistema osatzen duten eragileek herritar guztien osasun-desparekotasunak murrizteko politikak, neurriak eta jarduketak bultzatu eta garatuko dituzte, honako eremu hauetan arreta jarriz:
a) Pertsonen bizitza eta jarduera garatzeko baldintza orokorrak: politikoak, sozioekonomikoak, ongizatekoak, kulturalak, lanekoak eta ingurumenekoak.
b) Pertsonak bizitzeko, lan egiteko, ikasteko eta erlazionatzeko ingurune fisikoak.
c) Pertsonak biltzen eta harremanetan eta elkarreraginean jartzen dituzten familia-, gizarte- eta komunitate-sareak.
d) Osasun-ohiturak eta banakako jokabideak eta bizimoduak.
e) Osasun-sistemak eragin erabakigarria du pertsonen osasuna mantentzeko eta lehengoratzeko, eta, are gehiago, funtzio garrantzitsua betetzen du beste gizarte-determinatzaile batzuek osasunean sortzen dituzten desparekotasunak konpentsatzeko. Ildo horretan, osasunaren lehen mailako arreta, prebentzio-jarduerak eta osasunaren sustapena funtsezko elementuak dira osasun-arloko desparekotasun sozialak zuzentzeko. Era berean, sistemaren irisgarritasuna maila guztietan eta pertsona guztientzat bermatuta dagoen heinean, eta osasun-sistemak oro har eraginkortasunez, segurtasunez eta efizientziaz jarduten duen heinean, bere jarduketetan kostu-eraginkortasun erlazio egokia bermatuz, biztanleriaren osasuna hobetzeko balioa ematen du.
22. artikulua.– Osasunaren determinatzaileen gaineko jarduketa.
Osasun publikoaren sistema osatzen duten eragileek honako hauek bultzatu eta garatuko dituzte, sektore anitzeko, generoaren eta bizitzaren ibilbidearen ikuspegitik:
a) Osasunaren determinatzaileak zaintzeko, monitorizatzeko eta horien etengabeko jarraipena egiteko jarduketak.
b) Egiturazko neurriak eta jarduketak, osasunaren determinatzaileetan eragina duten testuinguruak eta inguruneak aldatu eta hobetzeko.
c) Jokabideak eta bizimoduak aldatzeko eta hobetzeko neurriak eta jarduketak.
d) Osasun-desparekotasunak murrizteko neurriak eta jarduketak.
e) Garatutako neurriak eta jarduketak ebaluatzea.
II. KAPITULUA
OSASUNA POLITIKA GUZTIETAN
23. artikulua.– Osasuna politika guztietan.
1.– «Osasuna politika guztietan» printzipioa eta osasunaren determinatzaileen ikuspegia izango dira osasun publikoan garatu eta bultzatu beharreko ekintza guztien oinarrian, modu integral, sektorearteko eta iraunkorrean, azken helburua osasuna eta osasun-ekitatea politika publiko guztien jomugatzat hartzea izan dadin.
Halaber, oinarritzat hartuko da «one health/osasun bakarra» ikuspegia, osasun publikoko emaitza hobeak lortzeko hainbat sektore diziplinartekotasunean komunikatzen eta elkarlanean jartzen dituzten programak, politikak, legeak eta ikerketak diseinatzeko eta aplikatzeko pentsatua.
2.– Besteak beste, honako jarduketa hauek bultzatuko dira:
a) Herritarren osasuna eta ongizatea sustatzea eta gaixotasunari eta desgaitasunari aurrea hartzea, jarduketetan komunitate-orientazioa eta sektoreartekoa lehenetsiz.
b) Administrazio publikoen arteko lankidetza-lana indartzea, herritarren osasunaren eta ongizatearen arloan, barne hartuta animalia-osasuna, elikagai-osasuna eta ingurumen-osasuna ardatz dituzten eremuak.
c) Administrazioaren esparru guztietan baloratzea politika, plan eta programa sektorialek pertsonen osasunean izan dezaketen eragina.
d) Norbanakoen osasuna eta osasun kolektiboa babesteko neurriak garatzea osasun publikoko larrialdi garrantzitsuen eta osasun-krisien aurrean, horien barne hartuta gaixotasun kutsakor larrien epidemiak eta pandemiak, klima-aldaketaren eta globalizazioaren fenomenoaren aurrean, kontuan hartuta pertsonen osasunean eta horien determinatzaileetan duten eragina, eta etorkizunean izan dezaketena.
e) Era berean, herrialde behartsuenetan osasun-arazo handiak murrizten laguntzea, garapenerako lankidetzaren eta osasunaren arloko ekintza humanitarioaren bidez.
III. KAPITULUA
OSASUN-EMAITZAK ETA -INPAKTUA EBALUATZEA
24. artikulua.– Osasun-emaitzak eta -inpaktua ebaluatzea.
1.– Osasun-inpaktuaren ebaluazioa «osasuna politika guztietan» printzipioaren arabera aplikatuko da, betiere esku-hartze sektorialak diseinatzerakoan eta inplementatzerakoan osasuna babesteko eta sustatzeko helburuz. Erraztu egingo da herritarren parte-hartzea legean aurreikusitako partaidetza-bideen bitartez.
2.– Osasun-inpaktuaren ebaluazioaren helburua da arau, plan, programa edo proiektuek herritarren osasunean izan ditzaketen zuzeneko edo zeharkako eraginak ebaluatzea, bai eta eragin negatiboak ezabatzeko edo arrazoizko muga bateraino murrizteko eta eragin positiboak indartzeko behar diren neurriak seinalatzea ere.
3.– Osasun publikoko programetako prozesuak eta emaitzak ebaluatzea da esku-hartze sanitario batek edo osasun publikoko esku-hartze batek herritarren osasunean dituen ondorioak neurtzea.
4.– Eusko Jaurlaritzak erregelamendu bidez garatuko ditu osasun-inpaktu esanguratsua duten eta inpaktuaren ebaluazioa beharrezkoa duten esku-hartze sektorialak zehazteko irizpideak.
5.– Osasun-emaitzak eta -inpaktua ebaluatzeko prozedura, metodologia eta edukiak ere erregelamendu bidez ezarriko dira. Jasoko du, gutxienez, entitate sustatzaileak osasun-inpaktuari buruz egindako ebaluazio-dokumentu bat, bai eta Osasun Publikoaren Euskal Institutuak egindako nahitaezko txosten bat ere.
IV. TITULUA
EUSKADIKO OSASUN PUBLIKOAREN SISTEMA
I. KAPITULUA
EUSKADIKO OSASUN PUBLIKOAREN SISTEMA
25. artikulua.– Euskadiko Osasun Publikoaren Sistema.
1.– «Osasuna politika guztietan» printzipioan oinarrituta, Euskadiko Osasun Publikoaren Sistema prestazio, zerbitzu, ekipamendu eta kudeaketa- eta koordinazio-tresnen sarea da, bideratuta dagoena gaixotasunak, lesioak eta desgaitasunak prebenitzera eta herritarren osasuna babestera eta sustatzera.
2.– Eusko Jaurlaritzaren ardura da Euskadiko osasun publikoko politikak eta estrategiak planifikatzea eta zehaztea. Horren ondorioz sortutako jarduketa zehatzak eragile multzo batek garatuko ditu, publikoak eta pribatuak, sanitarioak eta ez sanitarioak, eta gizartearen parte-hartzearekin.
3.– Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemaren jarduketak koordinatuta eta elkarlanaren mende egongo dira antzeko beste sistema eta politika publiko batzuekin. Bereziki, Euskadiko Sistema Sanitarioarekiko koordinazioa eta elkarlana zainduko da, osasun-arloan eskumenak dituen sailarekiko mendekotasun bakarra duen aldetik. Era berean, eremu pribatuko eta gizarte zibileko eragile eta entitateekin koordinazio egokia ezarriko da, eragile eta entitate horiek osasun publikoaren arloko jarduketak egiten dituztenean edo haien ekintzek osasun publikoan eragina dutenean.
26. artikulua.– Administrazio publikoen betebeharrak osasun publikoaren arloan.
1.– Osasunaren arloko eskumenak dituzten administrazio publikoek lege honen II. tituluan ezarritako herritarren eskubideak gauzatuko dituzte, bai eta VII. tituluan jasotako prestazioak ere, legean zehaztutako printzipioetan oinarrituta. Horretarako, Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemari dagozkion funtsezko funtzioak beteko dituzte, bakoitzak bere eskumenen barruan.
2.– Lege honen aginduak eraginkortasunez betetzeko, osasun-arloan eskumena duten administrazio publiko guztiek zerbitzu egokiak emango dituzte, bai intentsitatean eta bai kalitatean, herritar eta komunitate bakoitzaren beharren arabera, ahalik eta ekitate handiena eta gizarte-efizientzia handiena bilatuz.
3.– Lege honen aginduak eraginkortasunez betetzeko, administrazio publikoek osasun publikoaren arloan beharrezkoak diren funtsezko baliabideak eskuratuko dituzte –bai instituzionalak, bai materialak eta bai giza baliabideak ere–, nazioarteko garrantzia duten osasun publikoko larrialdi-egoerei aurre egiteko beharrezkoak diren tresnak barne.
4.– Osasunaren arloan eskumenak dituzten administrazio publikoek osasun publikoko prestakuntza, ikerketa eta berrikuntzarako jarduketak bultzatu eta garatuko dituzte, lege honi dagozkion xedeetarako estrategikoak baitira.
II. KAPITULUA
OSASUN PUBLIKOKO PROFESIONALAK
27. artikulua.– Osasun publikoko profesionalak.
1.– Lege honen ondorioetarako, Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemako profesionaltzat hartuko dira sistema hori osatzen duten Euskadiko administrazio publikoetan 6. artikuluko funtsezko funtzioak betetzen dituzten pertsona guztiak.
2.– Osasun publikoa diziplinartekoa denez, osasun publikoko profil profesional askotarikoak barne hartzea eskatzen du, herritarren osasun-premiei aurre egiteko.
3.– Osasun publikoko langileek gaitasun nahikoa izango dute beren eginkizunak betetzeko, eta etengabeko prestakuntza izango dute, beren erantzukizun- eta gaitasun-mailari egokitua, beren lanean lanbide-jardun egokia bermatzeko.
28. artikulua.– Gaitasun profesionalak.
1.– Osasun publikoaren ikuskera integralak berekin dakar ikuspegi diziplinarteko batetik dagozkion funtzioak betetzea; horretarako, beharrezkoa da osasun publikoko profesionalen lankidetza eta talde-lana, haien gaikuntza eta espezializazioa kontuan hartuta, lanbide sanitarioen antolamenduari buruzko oinarrizko araudiari jarraituz.
2.– Osasun publikoko profesionalek, haien espezializazioaren arabera, 6. artikuluan adierazitako osasun publikoaren sistemaren funtsezko funtzioak garatzea ahalbidetzen duten gaitasun profesional guztiak edo batzuk baliatuko dituzte.
3.– Horretarako, honako hauek hartzen dira osasun publikoko oinarrizko gaitasun profesionaltzat, osasun-agintaritza eskudunak agintzen dituenez gain:
a) Osasun publikoko arazoak definitzea eta aztertzea, metodo, datu eta aldagai egokiak baliatuz, emaitzak ebaluatuz eta lortutako informazioa dagokion testuinguruan erabiliz.
b) Arrisku-faktoreek eta osasun-arazoek osasun publikoko zerbitzuen eta esku-hartzeen inpaktuarekin duten lotura deskribatzea eta aztertzea.
c) Osasun-politikak eta -programak planifikatzea, formulatzea eta ezartzea, haien baliabideak, antolaketa eta ebaluazioa kudeatuta.
d) Herritarren osasun-egoera eta haren faktore determinatzaileak definitzea, aztertzea, baloratzea eta ulertzea, osasun publikoko oinarrizko zientziak aplikatuta.
e) Arazoak konpontzeko tresna egokiak erabiltzea, hala nola zaintza-tresnak, informazio-iturriak, ikerketa soziala, inkestak eta beste batzuk.
f) Segimendua eta esku-hartze epidemiologikoa egitea, epidemia-agerraldien eta gaixotasunak transmititzeko arrisku-egoeretan eta osasun publikoko larrialdi-egoeren aurrean, pandemiak barne.
g) Osasuna sustatzeko jarduketak egitea, herritarren baldintza fisikoak eta sozialak hobetzera bideratuta, haien trebetasunak eta gaitasunak indartzera, eta halaber osasuneko ekitatea areagotzera eta egoera ahulean dauden pertsonen taldeetan lehentasunez esku hartzera.
h) Osasun publikorako garrantzitsua den informazioa eraginkortasunez ekoiztea eta komunikatzea, eta egoki diren osasun-hezkuntzako programetan parte hartzea.
i) Osasun-sistemaren antolamenduan parte hartzea, osasun-arazoei eta -beharrei buruzko informazioa erabiliz; osasun-lehentasunak ezartzea; osasun-helburuak formulatzea; osasun-politikak aztertzea eta sistemak eta politikak ebaluatzea.
j) Ikuskapen eta auditoretza sanitarioak egitea.
k) Elikagaien segurtasunean esku hartzea, animalia- eta landare-jatorriko lehengaietatik eta beste elikagaietatik eratorritako osasun-arriskuen kontrol sanitarioa eta prebentzioa eginez elikagai-kate osoan, lehen ekoizpenetik hasi eta azken kontsumora arte.
l) Ingurumen-arriskuak eta arrisku biologikoak baloratzea eta ingurumen-osasuneko jarduketak egitea, osasunaren ingurumen-determinatzaileei arreta emanez eta haiek kontrolatzeko eta haien hobekuntzak sustatzeko neurriak hartuz.
m) Lan-osasuneko jarduketak egitea, langileen osasuna sustatzeko eta babesteko, hargatik eragotzi gabe lan-agintaritza eskudunari esleitutako eginkizunak.
n) Osasun publikoan interesekoak diren determinatzaile mikrobiologiko, fisiko-kimiko eta instrumental guztien analisia egitea eta interpretatzea.
o) Sektorearteko politiketan osasunaren defentsa bultzatzea, osasunaren faktore sozialak eta kulturalak identifikatzea eta profesionalekin eta herritarrekin modu egoki eta eraginkorrean jardutea.
p) Programa eta esku-hartze sanitarioak eta osasun publikokoak diseinatzen eta abian jartzen laguntzea, eta programak kudeatzea, haien baliabideak, antolaketa eta ebaluazioa barne.
q) Osasun-zerbitzuekin koordinatzeko eta lankidetzan aritzeko beharrezkotzat jotzen diren guztiak, osasunaren arreta integrala lortzeko.
r) Politika publikoek eta zerbitzu eta programek osasunean duten inpaktua ebaluatzea.
s) Herritarrek beren osasunean duten inplikazioa, konpromisoa eta kontrola sustatzea eta indartzea, osasunaren defentsan iritzi publikoa mobilizatzea eta sortzea, eta gizarteko talde ahulenen osasunaren defentsan jardutea.
t) Gidalerroak ezartzea eta gidak eta protokoloak egitea.
u) Erregelamendu bidez zehazten diren guztiak.
4.– Osasun publikoko profesionalek indarrean dagoen araudiak zehazten dituen gaitasun profesional espezifikoak izango dituzte.
III. KAPITULUA
PLANGINTZA
29. artikulua.– Euskadiko Osasun Plana.
1.– Euskadiko Osasun Plana da Euskadiko osasun-arloko politikak, estrategiak eta jarduketak planifikatzeko, antolatzeko, lehenesteko eta koordinatzeko tresna gorena, lege honetan ezarritako printzipio gidarien arabera. Gainera, osasun-ekintzak adierazteko esparrua da, eta herritarren osasunean inpaktua duten beste sektore batzuen politikak, esku-hartzeak eta estrategien orientazioa ezartzen ditu.
2.– Osasun Planak «osasuna politika guztietan» bultzatuko du, osasuna eta osasun-ekitatea politika publiko guztien parte izan daitezen lagunduta eta arlo horretako sektorearteko ekintza ahalbidetuta.
3.– Euskadiko Osasun Planak Euskal Autonomia Erkidegoan osasunaren arloan garatu beharreko jarraibideak, helburuak eta jarduketak jasoko ditu, eta eduki hauek izango ditu gutxienez:
a) Herritarren osasun-egoeraren analisia eta diagnostikoa.
b) Osasunean eragina duten edo izan dezaketen Eusko Jaurlaritzaren planak eta politikak identifikatzea, beharrezkoak diren sinergiak zehaztu eta ezartzeko eta erakundearteko eta sektorearteko ekintza bultzatzeko, herritarren osasunaren alde.
c) Helburu eta ildo estrategiko nagusiak zehaztea.
d) Esku-hartzeak lehenestea osasunaren determinatzaileen eta osasun-arloko desparekotasun sozialen arabera, bai eta arreta behar duten kolektiboak lehenestea ere, patologia prebalenteen, larrienen, baliaezintasuna dakartenen edo bakanen arabera.
e) Jarraipen- eta emaitza-adierazleak sistemaren osasun-, kudeaketa- eta kalitate-helburuen tarteko eta azken ebaluazioetarako.
4.– Osasunaren arloko eskumena duen sailak osasun-plan bat aurkeztuko du zortzi urtean behin, zeina Eusko Jaurlaritzak onartuko baitu eta Eusko Legebiltzarrari helaraziko baitzaio, araudiari jarraituz komunikazio gisa izapidetzeko. Euskadiko Osasun Plana egiterakoan, kontuan hartuko dira lege honetan aurreikusitako partaidetza- eta koordinazio-organoek eta osasun publikoaren arloko eskumenak dituzten beste erakunde eta entitate batzuek egindako proposamenak.
5.– Planak lau urte indarrean betetakoan, Euskadiko Osasun Planaren helburuen eta jarduketen ebaluazioa egingo da, eta Eusko Legebiltzarrera bidaliko da. Plana aldatu eta egokitu egingo da, ebaluazioaren emaitzen eta atzemandako beharren arabera.
30. artikulua.– Osasuneko foru-, toki- eta eskualde-estrategiak edo -planak.
1.– Euskadiko Osasun Planarekin bat etorriz, toki-, eskualde- eta foru-entitateek beren osasun-estrategia edo -plana diseinatu eta onartu ahal izango dute, ingurunearen eta biztanleriaren berezitasunak kontuan hartuta.
2.– Lege honen printzipio eta helburuei jarraituz, eta Euskadiko Osasun Planarekin bat etorriz, toki, eskualde eta foru mailako osasun-planak eta -estrategiak plangintza-, antolamendu- eta koordinazio-tresna gisa eratuko dira, eta foru-, udal- eta udalaz gaindiko eremuetan osasun-arloan egiten diren programen eta jarduketen multzo ordenatua jasoko du tresna horrek, hurrenez hurren.
3.– Osasuneko foru-, toki- edo eskualde-planak helburuak jasoko ditu, bai eta hura garatzeko behar diren finantza-baliabideak, giza baliabideak eta baliabide materialak ere.
4.– Osasuneko toki-, eskualde- edo foru-plana onartzeko organo eskuduna arduratuko da haren aldizkako ebaluazioaz eta jarraipenaz.
5.– Adikzioen eta droga-mendekotasunen arloan toki-entitateek egiten dituzten toki-, eskualde- edo foru-planak bat etorriko dira Osasun Planarekin eta Adikzioei buruzko Euskadiko Planarekin, osasunaren eta adikzioen arloan planifikatzeko, antolatzeko eta koordinatzeko goi-mailako tresnak baitira.
31. artikulua.– Osasun publikoaren arloko beste plan eta estrategia batzuk.
Euskadiko Osasun Plana garatu ahal izango da beharrezkoak diren estrategia, plan eta programa espezifikoen bidez, bai eta osasuneko foru-, toki- edo eskualde-planen bidez ere. Gainera, kontuan hartuta osasun-politikak planifikatzeko, antolatzeko eta koordinatzeko goi-mailako tresna gisa duen funtzioa, Euskadiko Osasun Planaren jarraibide eta irizpide estrategikoekin bat etorriko dira, batetik, Euskadiko Adikzioei buruzko Plana, zeina Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legean aurreikusten baita; eta, bestetik, lan-arloko segurtasun-, osasun-, higiene- eta ingurumen-politikak kudeatzeaz arduratzen den Eusko Jaurlaritzako organoaren lan-osasuneko planak eta programak, bai eta osasunean eragina duten beste plan batzuk ere.
V. TITULUA
EUSKADIKO OSASUN PUBLIKOAREN SISTEMAREN ANTOLAKETA ETA KOORDINAZIOA
I. KAPITULUA
OSASUN PUBLIKOAREN ARLOKO ESKUMEN-BANAKETA
32. artikulua.– Euskadiko administrazio publikoen eskumenak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak eta instituzionalak, foru-aldundiek eta udalek, Euskadiko Osasun Publikoaren Sistema osatzen baitute, lege hau garatzeko eta aplikatzeko ematen diren jarduketa publikoak eta neurriak gauzatuko dituzte, arlo hauetako legeria sektorialak bakoitzari esleitutako eskumenen arabera: osasuna; politika komunitarioa; industria, nekazaritza eta arrantza arloetako politiken kudeaketa; lan-segurtasuna, -higienea eta -osasuna; toki-araubidea, barne-merkataritza, publizitatea eta komunikabideak; ingurumena, lurralde-plangintza eta hirigintza; enplegua eta gizarte-politikak; hezkuntza; gazteria; jarduera fisikoa; estatistika eta ikerketa; etxebizitza; garraioa; ogasuna; ekonomia; berdintasun-politika, eta osasun publikoarekin zerikusia duen beste edozein.
2.– Euskadiko administrazio publikoen artean eskumenak gainjartzerik edo eskumen-konkurrentziarik egon ez dadin, administrazioen arteko lankidetza-tresnak eta ordenamendu juridikoan aurreikusitako eskumenak baliatzeko formulak sinatu ahal izango dira, betiere osasun-arloan herritarrek dituzten eskubideak betetzen direla bermatzeko egokiak badira, bereziki kontuan hartuta lege honen 41. artikuluan arautzen den Osasun Publikoaren Erakundearteko Batzordean proposatutako irizpideetan oinarritutakoak, 47. artikuluan arautzen den Osasun Publikoaren Euskal Kontseiluan proposatutakoak eta osasun-arloan eskumena duten beste koordinazio-organoetan proposatutakoak. Horrelakoetan, tresna eta formula horiekin batera, finantzaketa-sistemak ere zehaztu behar dira.
3.– Administrazio publikoek modu koordinatuan jardungo dute sistemaren kohesioa eta baliabideen erabilera efizientea ziurtatzeko.
33. artikulua.– Eusko Jaurlaritzaren eskumenak.
Hauek dira Eusko Jaurlaritzari, osasunaren arloan eskuduna den sailaren bidez, dagozkion eskumenak:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan osasun publikoko politikak zuzentzea eta politika horiek Estatuko eta Europako arlo horretako politikekin koordinatzea.
b) Lege honetatik eratorritako osasun publikoaren arloko araudia eta erregelamenduzko xedapenak onestea.
c) Euskadiko administrazio publikoentzat esparru gisa balioko duten eta osasun-arloko jarraibideak ezarriko dituzten osasun publikoaren arloko plangintza, programazioa, koordinazioa eta ebaluazioa.
d) Osasunaren arloko plangintza, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan.
e) Osasun publikoko planak, programak eta jarduketak diseinatzea, egitea eta garatzea.
f) Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemari buruz lege honetan ezarritakoarekin bat etorriz, osasun publikoaren helburuak betetzeko komenigarriena den erakunde-antolaketa xedatzea.
g) Udalekin, foru-aldundiekin, toki-entitateekin eta osasunaren arloko gainerako organismoekin koordinatzea.
h) Osasun publikoko prestazioak onartzea.
i) Herritarren osasunerako arriskutsuak izan daitezkeen osasun publikoko larrialdi-egoerak ebaluatzea eta kudeatzea, larrialdiak kudeatzeko eskumena duten Eusko Jaurlaritzako agintariekin koordinatuta.
j) Osasun Publikoko Informazio Sistemaren plangintza, antolaketa eta kudeaketa.
k) Lege honen helburu diren arloekin zerikusia duten behar, eskari eta baliabideak ebaluatzea.
l) Osasun publikorako garrantzitsuak diren establezimenduak, instalazioak eta jarduerak kontrolatzeko, erregistratzeko eta baimentzeko mekanismoak ezartzea.
m) Osasun Publikoaren Erakundearteko Batzordearen eta Osasun Publikoaren Euskal Kontseiluaren egitura eta funtzionamendu-arauak onartzea.
n) Ikuskatzeko eta zehatzeko ahala erabiltzea, lege honetan aurreikusitakoari jarraikiz.
o) Indarrean dagoen legeriak ematen dizkion gainerakoak.
34. artikulua.– Udalen eta gainerako toki-entitateen eskumenak.
1.– Udalei eta gainerako toki-entitateei dagokie, bakoitzak bere lurralde-eremuan eta Euskadiko Osasun Planaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko gidalerro eta programen esparruan, toki-araubidearen legerian eta aplikatzekoa den araudi sektorialean ezarritako eskumen propioak baliatzea.
2.– Gainerako administrazio publikoen eskumenei ezertan eragotzi gabe, udalei dagokie, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearekin bat etorriz, osasun publikoa sustatzea, kudeatzea, defendatzea eta babestea, bakoitzak bere lurraldean, eta, zehazki:
a) Osasuna babesteko eta sustatzeko programak eta planak garatzea, adikzioen prebentzioa barne.
b) Kontrol sanitarioa ingurumenean, jardueretan, industrietan, zerbitzuetan, eraikinetan, bizitokietan eta giza bizikidetzako tokietan, eta halaber herritarren osasunean eragina izan dezaketen establezimendu orotan.
c) Kontrol sanitarioa elikagaien, edarien eta giza erabilera edo kontsumoarekin zerikusia duten gainerako produktuen banaketan eta horniduran, bai eta horiek garraiatzeko bitartekoena ere.
d) Etxe-abereei, konpainiako animaliei, hiriko basabereei eta izurriei buruzko arau sanitarioak betetzen direla kontrolatzea.
e) Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2016ko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen arabera definitzen diren gainerako eskumen propio edo eskuordetu guztiak.
f) Ikuskatzeko eta zehatzeko ahala erabiltzea, lege honetan aurreikusitakoari jarraikiz.
3.– Zeregin horiek burutzeko, udalek beren kabuz edo mankomunitateetan elkartuta jardun dezakete.
35. artikulua.– Foru-aldundien eskumenak.
Foru-administrazioak lankidetzan arituko dira gainerako administrazio publikoekin osasun publikoari laguntzen dioten gaietan eta, batez ere, elikagaien eta ingurumenaren segurtasunari eta osasunaren prebentzioari eta sustapenari dagokienez.
36. artikulua.– Osasun publikoaren arloko jarduketen koordinazioa.
1.– Eusko Jaurlaritzak, osasun-arloan eskumena duen sailaren bidez, osasun publikoaren arloko tokiko politikak eta jarduerak koordinatuko ditu, arlo horretako ekintza publikoak Euskadiko lurralde osoan koherentzia duela bermatzeko.
Koordinazio hori lege honen bidez arautzen den Osasun Publikoaren Erakundearteko Batzordean ezarriko da.
2.– Aurreko puntuan ezarritako koordinazio-ahalmenak baliatzearen ondorioz, Eusko Jaurlaritzak nahitaez bete beharreko gidalerroak eta lehentasunak ezarri ahal izango ditu foru- eta toki-entitateentzat, haien eskumenak baliatzen dituztenean, eta gutxieneko mailak edo estandarrak zehaztu ahal izango ditu osasun publikoaren arloan, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan bete beharrekoak, interes orokorrak edo komunitatearenak babesteko.
Nolanahi ere, koordinazioaren norainokoa eta intentsitatea mailakatu egingo da, koordinazio horren mende dauden gaietan edo arloetan dauden tokiko interesen eta tokiz gaindiko edo komunitateko interesen arteko erlazioaren arabera.
3.– Foru- eta toki-entitateek osasun publikoaren arloan dituzten erantzukizunak betetzen ez badituzte edo behar bezala betetzen ez badituzte, Eusko Jaurlaritzak eskumen horiek modu subsidiarioan betearazi ahal izango ditu, errekerimendua egin ondoren eta ez-betetzeak bere horretan jarraitzen badu, toki-araubidearen legerian aurreikusitakoarekin bat etorriz.
II. KAPITULUA
EUSKADIKO OSASUN PUBLIKOAREN SISTEMAREN ANTOLAKETA INSTITUZIONALA
37. artikulua.– Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemaren antolaketa instituzionala.
1.– Euskadiko Osasun Publikoaren Sistema osatzen duten administrazio publikoetako bakoitzak bere barruan antolatuko ditu osasun publikoaren arloan dagozkion eskumenak gauzatzeko baliabide publikoak eta kudeaketa-tresnak, bakoitzaren jardun-eremuaren, eskumenen eta egituren arabera, eta lege honetan ezarritako printzipio eta aginduak betez.
2.– Osasun publikoko larrialdi-egoera batetik, pandemia batetik edo osasun-krisi batetik eratorritako jarduketa guztietan eta osasun publikoaren egitura sendotzeko, giza baliabideak, aurrekontu-baliabideak eta langileen eginkizunak eta zereginak birbideratzeko estrategiak definitu eta ezarri ahal izango dira osasun publikoaren arloan eskumenak dituzten administrazioetan, bai eta asistentzia-ingurune publikoan ere, aldi baterako eta lanaren eta ordainsarien funtsezko baldintzak errespetatuz. Larrialdi-egoeretan, ahal den neurrian, gai horren inguruan hartutako erabakien berri emango zaie zerikusia duten eragile sozial eta sindikalei.
38. artikulua.– Osasun publikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean eta instituzionalean.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, bere sail eta erakunde instrumental guztietan, gaixotasunen prebentzioa bultzatuko du, bai eta osasunaren babesa, sustapena eta zaintza ere, sektorearteko koordinazioaren eta baterako lan-mekanismoen bidez, horretarako ezarriko diren prozeduretan oinarrituta, bere politikak eta jarduerak osasun-helburuetara egokituta, eta politika publikoak baloratuta pertsonen osasunean dituzten ondorioei dagokienez.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan sektorearteko ekintza eratu, mantendu eta indartzeko, osasunaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak lehendakariari proposatuko dizkio gainerako sail eta organismo publikoekin koordinatzeko bitartekoak, horien politika eta jarduketek osasunean eragina badute. Horretarako, beharrezkoak diren koordinazio-tresna guztiak sortzea proposatuko du, jarduketek osasunean duten inpaktua baloratzeko, osasun-desparekotasunak monitorizatzeko eta gizarte-determinatzaileek sortutako ekitaterik ezak gainditzeko, bai eta Euskadin ingurune eta jokabide osasungarriagoak errazteko ere.
39. artikulua.– Osasun publikoa toki- eta komunitate-eremuan.
1.– «Osasuna politika guztietan» printzipioa oinarri hartuta, Euskadiko administrazio publikoek osasuna, osasun-ekitatea, ongizatea eta pertsonen bizi-kalitatea sustatuko dituzte toki-eremuan, komunitateari begira eta ikuspegi integral eta sektorearteko batetik. Horretarako, modu koordinatuan lan egingo dute, toki-eremuan osasunaren eta ingurune eta jokabide osasungarrien sustapena bultzatzeko eta pertsonei eragiten dieten osasunaren gizarte-determinatzaileetan eragin positiboa izateko.
2.– Administrazioen arteko beharrezko lankidetza sustatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak eta toki-administrazioek lankidetza- eta koordinazio-tresnak ezarri ahal izango dituzte, osasun publikoko eskumenak eta osasun-planak garatzeko. Era berean, aliantza estrategikoak sustatuko dituzte beste toki-entitate batzuekin, dagokien eremuan osasun publikorako interesgarriak izan daitezkeen elementuak erakartzeko.
3.– Euskadiko administrazio publikoek, gainera, komunitateari begirako ikuspegia eta ikuspegi sektoreartekoa lehenetsiko dituzte beren jarduketetan, eta ekintza komunitarioa indartuko dute komunitateen parte-hartze aktiboaren bidez beren osasun-premiei erantzungo dieten prozesuak diseinatzen, abian jartzen eta ebaluatzen, osasunaren determinatzaileetan eta haien bizi-kalitatean eragin eta kontrol handiagoa lortzeko.
III. KAPITULUA
ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ARTEKO KOORDINAZIOA, LANKIDETZA ETA ELKARREKINTZA
40. artikulua.– Euskadiko Osasun Publikoaren Sistema osatzen duten administrazioen arteko elkarlana.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak eta foru- eta toki-administrazioek lankidetzan jardungo dute, modu koordinatuan, Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemaren kohesioa eta baliabideen erabileraren efizientzia bermatzeko.
2.– Erakundeen arteko lankidetza hobeto eta efikazia handiagoz betetzeko eta Euskadiko administrazioen arteko eskumenak egikaritzean gainjartzeak edo konkurrentziak saihesteko, bai eta informazioa partekatzeko eta koordinazio eraginkorra bermatzeko ere, Osasun Publikoaren Erakundearteko Batzorde bat eratuko da. Gainera, jarduketa-protokolo orokorrak, hitzarmenak eta beste lankidetza-tresna batzuk sinatu ahal izango dira. Halaber, helburu komunak lortzeko planak eta programak prestatu eta egikaritu ahal izango dira elkarrekin.
3.– Osasun Publikoaren Euskal Institutuak osasun publikoaren arloko jarraibideak eta gomendioak emango ditu, toki- eta foru-entitateek osasun publikoaren arloan dituzten erantzukizunak eraginkortasunez betetzeko.
41. artikulua.– Osasun Publikoaren Erakundearteko Batzordea.
1.– Osasun Publikoaren Erakundearteko Batzordea osasun publikoaren arloko politikak bateratzeko organoa izango da, bai eta Euskadiko Osasun Publikoaren Sistema osatzen duten administrazio publikoen koordinazio-, lankidetza- eta partaidetza-organo gorena lege hau aplikatzearen ondoriozko jarduketetan, kontuan izanik aipatutako administrazioek osasun publikoaren arloan dituzten eskumenak.
2.– Osasun Publikoaren Erakundearteko Batzordea Eusko Jaurlaritzan osasun-arloko eskumena duen sailari atxikita egongo da, eta haren titularra izango da batzordeburua. Batzordekideak, berriz, izango dira osasunaren arloan eragina duten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailen edo arloen ordezkariak, goi-kargudun direnak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko foru-aldundien eta udalen ordezkariak, goi-kargudun edo hautetsi direnak. Osasun Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria Osasun Publikoaren Erakundearteko Batzordeko partaide izango da.
3.– Osasun Publikoaren Erakundearteko Batzordeak hala erabakiz gero, bileretan aztertzen diren gaien izaera aintzat harturik, beste hauek ere parte hartu ahal izango dute: batzordea osatzen duten administrazioetako teknikariek, administrazio publikoetako beste sail batzuetako ordezkariek eta, administrazio horietako parte izan gabe, jakintza, esperientzia eta ospearengatik osasun publikoaren arloko adituak diren beste pertsona batzuek. Horrelakoetan, pertsona horiek hitza izango dute, baina botorik ez.
4.– Osasun Publikoaren Erakundearteko Batzordeak funtzio hauek izango ditu:
a) Aldez aurreko txostena egitea lege honetatik eratortzen diren osasun publikoaren arloko araudiari eta erregelamenduzko xedapenei buruz, bai eta Euskadiko Osasun Planari buruz ere.
b) Euskadiko administrazio publikoek osasun publikoaren arloan erabaki beharreko estrategia nagusiak, tresna komunak eta proposamenak eztabaidatzea eta proposatzea.
c) Administrazioen arteko lankidetza-tresnak eta ordenamendu juridikoan aurreikusitako eskumenak baliatzeko formulak izenpetzeko irizpideen proposamenak egitea, bai eta tresna horien oinarri izan behar duten aurrekontuak eta kredituak ere.
d) Osasun-larrialdietan –osasun-krisiak eta pandemiak barne–, batzordea osatzen duten administrazioen arteko lankidetza-akordioak edo -hitzarmenak eztabaidatu eta proposatu ahal izango dira, egoera horiek kudeatzeko, osasun-larrialdiari aurre egiteko beharrezkoak diren funtzioak eta zereginak bere gain hartzea barne.
e) Ordenamendu juridikoan zehazten den beste edozein.
5.– Osasun Publikoaren Erakundearteko Batzordearen egitura, antolaketa eta eskumenak erregelamendu bidez zehaztuko dira.
42. artikulua.– Koordinazioa Estatuko Administrazio orokorrarekin eta beste administrazio eskudunekin.
1.– Osasun-arriskua, -larrialdia edo -krisia eta pandemia egonez gero, arriskuaren larritasun-maila, dimentsioa edo lurralde-inpaktua zenbaterainokoak diren, berehala jakinaraziko zaio Estatuko Administrazio orokorrari, ezarritako komunikazio-sare eta kanalen bitartez, hark osasunaren koordinazio orokorraren eskumena erabili ahal izan dezan.
2.– Osasun publikoaren eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak Estatuko Administrazio orokorreko dagozkion erakundeekin eta beste autonomia-erkidego batzuekin koordinatuko ditu beharrezkoak diren politikak eta estrategiak, osasun publikoko larrialdien, osasun-krisien edo pandemien aurrean prestatzeko, bai eta erantzuna emateko ere, behin osasun publikoko larrialdi bat, osasun-krisi bat edo pandemiaren bat hasita dagoenean.
3.– Beharrezkoa den heinean, Eusko Jaurlaritzan osasun publikoaren eskumena duen saila bere eginkizunak behar bezala betetzeko kasuan kasuko nazioarteko administrazio eta organismoekin koordinatuko da.
4.– Osasun publikoaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak osasun publikoaren arloko eskumena duten administrazio publiko guztien arteko lankidetza eta koordinazioa bultzatuko du, herritarren osasuna zaintzeko helburuarekin. Lankidetza horren esparruan, osasun-arriskua edo -larrialdia dela eta, administrazioen artean langileak aldi baterako mugitzeko aukera izango da, betiere ordainsariak eta lanaren funtsezko baldintzak errespetatuta eta informazioa gizarte-eragileei eta sindikatuei helaraziz, larrialdi-egoerak ahalbidetzen duen neurrian.
43. artikulua.– Erkidego mugakideekiko lankidetza eta koordinazioa.
Jarduteko neurriei edo proposamenei buruz adosten den jardun-eremu komunean, lankidetza- eta koordinazio-akordioak egin ahal izango dira mugakide diren beste erkidego batzuekin, besteak beste ikerketarako, profesionalen prestakuntzarako edo herritarren osasuna zaintzeko, babesteko eta sustatzeko programetarako, ohiko egoeretan zein larrialdi-egoeretan.
IV. KAPITULUA
KOORDINAZIOA, LANKIDETZA ETA ELKARREKINTZA EUSKADIKO OSASUN PUBLIKOAREN SISTEMAREN ETA EUSKADIKO SISTEMA SANITARIOAREN ARTEAN
44. artikulua.– Koordinazioa, lankidetza eta elkarrekintza Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemaren eta Euskadiko Sistema Sanitarioaren artean.
1.– Eusko Jaurlaritzan osasun-arloaren eskumena duen sailak Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemaren eta Euskadiko Sistema Sanitarioaren arteko koordinazio, lankidetza eta elkarrekintzarako irizpideak eta mekanismoak ezarriko ditu, horrela erraztuz lege honen helburuak betetzea, koordinazioa eta baterako lana, ebaluazioa, informazioaren sorrera eta administrazio-ekintzaren efikazia.
2.– Koordinazio, lankidetza eta elkarrekintza horrek helburu hauek dituzten jarduketak egingo ditu, gutxienez: osasuna babestea eta sustatzea, gaixotasunak prebenitzea, osasunerako heztea, osasuna zaintzea eta osasun-larrialdiei aurre egitea.
3.– Lurralde-eremuan, Osakidetzaren eremuko erakunde sanitario integratuekin izan beharreko koordinazio-mekanismoak ezarriko dira.
4.– Osasun publikoaren prebentzioaren, sustapenaren eta zaintzaren arloan osasun-arloko ardura duen Eusko Jaurlaritzako sailak ezartzen dituen lurralde-mailako komunikazioa eta koordinazioa bermatuko ditu Osakidetzak.
5.– Eusko Jaurlaritzan osasun-arloaren ardura duen sailak dagozkion koordinazio- eta ebaluazio-mekanismoak ezarriko ditu osasun publikoaren helburuak bermatzeko eta Euskadiko Osasun Plana benetan betetzen dela bermatzeko, bai eta Osakidetzarekin lankidetzan jarduteko mekanismoetan proposatutako programak berrikusteko eta haien jarraipena egiteko ere.
45. artikulua.– Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemaren betebeharrak Euskadiko Sistema Sanitarioarekiko.
Euskadiko osasun publikoaren zerbitzuek betebehar hauek izango dituzte Euskadiko Sistema Sanitarioarekiko:
a) Asistentzia-zerbitzuei informazioa ematea adskribatutako biztanleen osasun-egoerari buruz eta konparazioa eta balorazioa egiteko baliagarriak diren beste lurralde-erreferentzia batzuei buruz. Lehentasunez esku hartzeko lurraldetzat edo herritzat hartuko dira osasun-egoeren eta -adierazleen arabera balio nabarmen kaltegarriak dituztenak. Osasun publikoko informazio-sistemek osasun publikoa zaintzera bideratuta egon behar dute, eta, funtzionalki, orientazio horrekin integratuta.
b) Gaixotasunak prebenitzeko eta osasuna sustatzeko programak eta esku-hartzeak proposatu, ezarri, bultzatu eta ebaluatzea, eta horiek zerbitzu-zorroan integratzea. Programa eta esku-hartze horiek unean uneko ebidentzia zientifikoaren arabera proposatuko dira, eta kalitate-, jasangarritasun- eta efizientzia-irizpideak kontuan hartuta.
c) Herritarren osasuna, oro har, edo talde ahulen edo populazio-talde jakin batzuen osasuna zaintzera bideratutako populazioei edo pertsonei buruzko neurriak ezartzea.
d) Harremanak erraztea eta indartzea gizarte-ingurunearekin eta asistentzia-taldeen lurralde-eremuko erakundeekin.
e) Ingurune naturala eta soziala errespetatzen duten politika eta esku-hartze sanitario eraginkor eta efizienteak proposatzea, herrien eta lurraldeen benetako beharrekin bat datozenak, eta produktu eta zerbitzu sanitarioen erabilera arrazionala sustatzea.
46. artikulua.– Euskadiko Sistema Sanitarioaren betebeharrak Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemarekiko.
Oro har, honako betebehar hauek dituzte zerbitzu sanitarioak eman behar dituzten organoek –publikoek zein pribatuek–, Osasun Publikoaren Euskal Institutuari dagokionez:
a) Norbanakoen eta taldeen gaixotasunarekin eta osasunarekin zerikusia duten gertaerei buruzko informazioa ematea, baldin eta gertaera horiek ezagutzea garrantzitsua bada herritarren osasun-egoera baloratzeko edo populazio-talde batean prebentzioan eta sustapenean esku hartzeko, bai orokorrean, bai espezifikoki edo selektiboki, datu pertsonalak babesteko printzipioen eta arloan aplikatzekoa den legeriaren arabera.
b) Osasun publikorako arrisku-egoeretan dauden gaixotasun-kontaktuak edo -iturriak ikertzea, zuzenean edo osasun publikoko zerbitzuekin lankidetzan, arriskua murrizteko edo guztiz ezabatzeko baliagarria den informazioa emateko.
c) Osasun Publikoaren Euskal Institutuak eskatuta, edo irizpide klinikoei jarraituta, komunitatean baloratzeko eta osasuna babestu eta gaixotasuna prebenitzeko neurriekin esku hartzeko beharrezkoak diren proba edo balorazio diagnostikoak egitea.
d) Euskal Autonomia Erkidegoan, biztanleria-eremuen arabera edo biztanleria-talde espezifikoei zuzenduta ezartzen diren prebentzio-programak garatzea eta ezartzea.
e) Asistentzia-maila guztietan, herritarren osasunaren determinatzaileen gaineko esku-hartzeak garatzea, osasuna prebenitzeko eta sustatzeko neurrien bidez, beste administrazio publiko batzuekin edo gizarte-eragile edo -kolektiboekin lankidetzan, bereziki toki-esparrukoekin.
f) Zerbitzuak zuzentzea eta haien jarduera garatzea, osasun-desparekotasunak murrizteko eta herritarren osasuna hobetzeko helburuarekin bat etorriz, gaixotasunekiko ahulenak diren kolektiboengan arreta jarriz.
g) Pazienteen eta erabiltzaileen determinatzaile sozialak eta ohiturak diagnostiko- eta konponbide-prozesuaren funtsezko elementu gisa baloratzea, ezarritako giden eta jardunbide egokien arabera.
h) Osasun publikoko larrialdietan, pandemietan edo osasun-krisietan, larrialdiei erantzuteko estrategia integral eta inklusibo bat ezartzea, eskura dagoen ebidentzia zientifiko onenean oinarrituta. Estrategia horretan sartu ahal izango dira osasun publikoaren ikuspegia duten esku-hartze sanitarioak; informazio-sistema berriak edo berrituak; osasun-langileen zereginak birbideratzea, bai eta zeregin berriak ere; eta hori guztia euskal osasun-sistemak (hornitzaile publikoak eta pribatuak barne) erantzun eraginkorra eta koordinatua eman diezaion osasun publikoko larrialdiari, bat datorrena Osasun Publikoaren Euskal Institutuak ezarritako printzipioekin, bai eta, halakorik balego, larrialdiari erantzuteko indarrean dagoen koordinazio-organoarenekin ere.
V. KAPITULUA
KONTSULTA-, AHOLKULARITZA- ETA PARTAIDETZA-ORGANOAK
47. artikulua.– Osasun Publikoaren Euskal Kontseilua.
1.– Osasun-arloaren eskumena duen sailari adskribatuta eta Osasun Publikoaren Euskal Institutuaren laguntza eta bultzadarekin, Osasun Publikoaren Euskal Kontseilua gizarte zibilaren parte hartzeko organo gorena da, osasun publikoaren arloko lege-proiektu, erregelamendu eta planei buruzko kontsultarako eta aholkularitzarako, «osasuna politika guztietan» eta gobernu onaren printzipioei kasu eginez.
2.– Osasun Publikoaren Euskal Kontseiluaren osaera erregelamendu bidez ezarriko da, eta, gutxienez, honako hauek egon beharko dute ordezkatuta kontseilu horretan: Osasun Publikoaren Euskal Institutua; Eusko Jaurlaritzan osasun-arloaren eskumena duen saila; Osasun Publikoaren Erakundearteko Batzordea; emakumeen eta gizonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako politikez arduratzen den Eusko Jaurlaritzaren organoa; lan-arloaren eskumena duen Eusko Jaurlaritzako saila; Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateak; eragindako elkarte profesionalak; gaixoek eta haien familiek osatutako elkarteak, irabazi-asmorik gabeko entitateak eta gobernuz kanpoko erakundeak; Autonomia Erkidego osoa jardun-eremu duten kontsumitzaileen elkarte edo federazioak; Osakidetza; Euskadin editatzen diren gizarte-hedabideak; Gazteriaren Kontseilua, eta pentsiodunen eta erretiratuen antolakundeak. Ahal denean, Autonomia Erkidego osoa ordezkatzen duten entitateei emango zaie lehentasuna.
3.– Haren egitura, antolaketa eta eginkizunak erregelamendu bidez arautuko dira.
4.– Osasun Publikoaren Euskal Kontseiluak funtzio hauek izango ditu:
a) Egokitzat jotzen dituen txostenak, iradokizunak, gomendioak, azterlanak eta proposamenak egitea; horretarako, behar duen informazioa eskuratuko du.
b) Euskadiko administrazio publikoei aholku ematea, osasun publikoaren arloan aztertu beharreko gaietan.
c) Osasun publikoan eragina duten Euskadiko administrazio publikoen plan eta xedapen orokorren izapidetzean txostenak egitea.
d) Batzordearen antolamendu- eta funtzionamendu-erregelamendua egitea.
e) Euskadiko Osasun Planaren prestaketaren, jarraipenaren eta betetze-mailaren berri izatea.
f) Erregelamendu bidez zehazten den beste edozein eginkizun betetzea.
48. artikulua.– Beste koordinazio-, kontsulta-, aholkularitza- eta partaidetza-organo batzuk.
1.– Foru- eta toki-administrazioek koordinazio, kontsulta, aholkularitza eta parte-hartze sozialeko organoak sortu ahal izango dituzte osasun publikoaren arloan, zeinek bere jardun-eremu eta eskumenen esparruan.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak eta instituzionalak eta foru- eta toki-administrazioek organo edo aholku-batzorde espezializatuak eratu ahal izango dituzte gai bereziak modu iraunkorrean edo aldi baterako aztertzeko, sailartekoak edo erakundeartekoak, eta, nahi izanez gero, baita entitate pribatuekin ere, osasun publikoko gai edo arlo espezifikoetarako beharrezkoak baldin badira.
49. artikulua.– Ordezkaritza orekatua.
Aholkularitza- eta partaidetza-organo guztiek ordezkaritza orekatua izango dute gizonen eta emakumeen artean, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan azaldutako irizpideen arabera.
VI. TITULUA
OSASUN PUBLIKOAREN EUSKAL INSTITUTUA
I. KAPITULUA
SORRERA, IZAERA, ATXIKITZEA, EGOITZA ETA HELBURUA
50. artikulua.– Osasun Publikoaren Euskal Institutua sortzea. Izaera juridikoa, atxikitzea eta aplikatu beharreko araubidea.
1.– Osasun Publikoaren Euskal Institutua sortzen da, administrazio-izaerako erakunde autonomo gisa, nortasun juridiko propioa eta bere helburuak betetzeko jarduteko gaitasun osoa duena.
2.– Osasun Publikoaren Euskal Institutua Eusko Jaurlaritzan osasunaren arloko eskumenak dituen sailari atxikitzen zaio, haren egitura organikoa ezartzeko dekretuak zehaztuko duen moduan.
3.– Osasun Publikoaren Euskal Institutua, bere helburuak betetzeari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren eta osasunaren arloan eskumena duen sailaren plangintzako eta politika orokorreko gidalerroen mende dago. Sail horrenak dira Institutuaren goi-zuzendaritza eta ikuskapena.
4.– Osasun Publikoaren Euskal Institutuak zuzenbide publikoari egokitzen dio bere jarduera, eta lege honek, haren estatutuak onartzeko dekretuak eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenek arautzen dute; bereziki, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legeak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, lege honek eta antolakuntza eta funtzionamendua arautzeko onartzen den erregelamenduak. Administrazio-ahalmenak erabiltzen dituenean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeari egokituko dio bere jarduera.
51. artikulua.– Egoitza.
Osasun Publikoaren Euskal Institutuak Euskal Autonomia Erkidegoan izango du egoitza.
52. artikulua.– Helburua eta xedea.
1.– Osasun Publikoaren Euskal Institutuaren helburua da modu integralean eskaintzea osasun-arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari dagozkion osasun publikoko jarduera, prestazio eta zerbitzuen multzoa, eta, horretarako, lege honek esleitzen dizkion eginkizunetarako beharrezkoak diren baliabide pertsonal eta materialak integratuko ditu.
2.– Osasun Publikoaren Euskal Institutuaren xedea da osasunaren determinatzaileen gainean jardutea; gaixotasunak, lesioak eta desgaitasuna prebenitzea; eta pertsonen osasuna eta ongizatea babestea eta sustatzea, bai norbanakoaren esparruan, bai esparru kolektiboan.
3.– Osasun Publikoaren Euskal Institutuak bere eginkizunak beteko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailekin, haren administrazio instituzionalarekin eta osasun publikoko jarduerak egiten dituzten horien mendeko eta atxikitako gainerako erakunde instrumentalekin koordinatuta.
4.– Osasun Publikoaren Euskal Institutuak bere eginkizunak beteko ditu gainerako administrazioekin eta osasun publikoaren arloan eskumena duten gainerako organismoekin batera, eta haiekin koordinatuta eta kasu bakoitzean aplikatu beharreko legeriaren arabera jardungo du.
II. KAPITULUA
EGINKIZUNAK
53. artikulua.– Osasun Publikoaren Euskal Institutuaren eginkizunak.
Osasun Publikoaren Euskal Institutuak eginkizun hauek izango ditu:
a) Goi-zuzendaritza gauzatzea, antolaketa operatiboa ezartzea, lanerako barne-sistemak zehaztea eta Euskal Autonomia Erkidegoko osasun publikoko politikak koordinatzea, bai eta arlo horretako Estatuko, Europako eta beste esparru zabalago batzuetako politikekin koordinatzea ere.
b) Eusko Jaurlaritzak osasun publikoaren arloan dituen eskumenak planifikatzea eta kudeatzea.
c) Zuzendaritza, bultzada, koordinazioa eta lankidetza osasun publikoaren arloko politika publikoak kudeatzeaz arduratzen diren Eusko Jaurlaritzako eta beste administrazio publiko batzuetako organoekiko, sektoreartekotasunaren eta «osasuna politika guztietan» printzipioetatik abiatuta, bai eta gaian eskumenak dituzten beste administrazio publiko batzuetako organoekiko koordinazioa eta lankidetza ere.
d) Osasun publikoa bultzatzeko sektore-, biztanleria- edo toki-politikak definitzea eta proposatzea.
e) Gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-baldintzak sortzera bideratutako ekintzak sustatzea, osasunaren aldeko giroak bultzatzeko eta osasun publikoan eta indibidualean izan daitezkeen eragin negatiboak arintzeko.
f) Osasun Publikoa Zaintzeko Sarearen zuzendaritza.
g) Eusko Jaurlaritzari eta beste erakunde batzuei laguntzea osasun publikoaren arloan.
h) Euskadiko Osasun Planaren osasun-helburuak proposatzea, plana egiten parte hartzea, bai eta plana gauzatzeko estrategietan, jarraipena egiteko adierazleetan eta betetze-mailei buruzko ebaluazio-txostenak egiten ere. Era berean, osasun publikoaren arloko plangintza-tresnak gauzatzea eta proposamenak egitea.
i) Osasun publikoko aurrekontua egikaritzea.
j) Proposamenak egitea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak lege honetan ezarritako konpromisoei aurre egin ahal izateko beharrezkoak diren aurrekontuei eta kredituei buruz.
k) Krisi-, osasun publikoko larrialdi- eta pandemia-egoeretarako prestatzea eta halakoei aurrea hartzea, bai eta herritarren osasunerako arriskutsuak diren egoera horien aurkako erantzuna koordinatzea eta kudeatzea ere, egoera horien aurrean mobilizatzen diren administrazioen baliabideekin koordinatuta, Euskadiko Babes Zibileko Plana aktibatzea eskatzen duten haietan parte hartzea barne. Era berean, osasunaren babesa zuzenduko du, jarduera programatuen bidez.
l) Osasunaren determinatzaileei eta gaixotasunei buruzko prebentzio-politikak zuzentzea eta lehenestea, zoonosiei eta goraka doazen gaixotasunei buruzkoak barne.
m) Lege honetan definitutako osasun publikoko prestazioetatik, toki-entitateei ez dagozkienak edo eskuordetu ez direnak betearaztea.
n) Lege honetan aurreikusitako Osasun Publikoaren Erakundearteko Batzordea eta Osasun Publikoaren Euskal Kontseilua zuzentzea, bultzatzea eta haiei laguntza teknikoa ematea. Era berean, parte hartzeko beste organo batzuei laguntzea, hala eskatzen dutenean, osasun publikoaren arloan.
o) Osasun publikoaren arloko proposamenak eta gomendioak egitea osasun-arloan eskumena duen sailari, Osakidetzari, Eusko Jaurlaritzako beste sail eta erakunde batzuei, toki- eta foru-erakundeei, entitate pribatu eta gizarte zibilaren ordezkari direnei, bai eta zuzenean gizarte zibilari ere. Komunikazioa egiari lotua, esanguratsua eta egokia izan dadin zainduko du.
p) Lege honetan esleitzen zaizkion eginkizunekin lotutako txostenak egitea.
q) Politika guztiek osasunean duten eragina ebaluatzeko mekanismoak ezartzea.
r) Eusko Jaurlaritzak osasun publikoaren arloan ezartzen dituen laguntzak kudeatzea.
s) Profesionalen prestakuntza eta osasun publikoko ikerketa bultzatzea eta sustatzea, organo arduradunekin, unibertsitateekin eta ikerketa-zentroekin lankidetzan.
t) Koordinatzea lan-arloko segurtasun-, osasun-, higiene- eta ingurumen-politikak kudeatzeko ardura duen Eusko Jaurlaritzako organoarekin, bai eta laneko osasuna zaintzeko eta babesteko politikak eta jarduerak ere.
u) Adikzioen arloko euskal politika integrala zehaztea; sailarteko eta erakundearteko jarduerak bultzatzea arlo horretan, inplikatutako sektore-eremuekin lankidetzan; eta adikzioak prebenitzeko eta arriskuak eta kalteak murrizteko programak eta ekimenak bultzatzea eta haiei eustea.
v) Euskadiko Osasun Publikoko Laborategia zuzentzea eta kudeatzea.
w) Osasun-agintaritza eta zehatzeko ahala egikaritzea, lege honetan eta aplikatzekoak diren beste arau batzuetan ezarritakoaren arabera.
x) Lege honek eta gai honetan aplikatzekoa den beste legeriak esleitutako beste edozein eginkizun.
III. KAPITULUA
ANTOLAKETA
54. artikulua.– Gobernu-, partaidetza- eta aholkularitza-organoak.
1.– Osasun Publikoaren Euskal Institutuaren gobernu-organoak administrazio-kontseilua eta zuzendaritza dira.
2.– Osasun Publikoaren Euskal Institutuak, lege honen 47. eta 48. artikuluetan ezarritako koordinazio-, kontsulta-, aholkularitza- eta partaidetza-organoez gain, partaidetza komunitariorako eta aholkularitza tekniko eta zientifikorako beste organo batzuk ere izan ditzake. Organo horien sorrera Institutuaren estatutuetan ezarri beharko da, eta estatutu horiek Institutuaren eginkizunak, osaera eta funtzionamendu-araubidea ere arautu beharko dituzte.
55. artikulua.– Administrazio-kontseilua.
Administrazio-kontseilua Osasun Publikoaren Euskal Institutuko kide anitzeko gobernu-organoa da.
56. artikulua.– Administrazio-kontseiluaren osaera.
1.– Osasun Publikoaren Euskal Institutuko administrazio-kontseiluak bederatzi kide izango ditu gehienez, eta kide kopuru bakoitia izango du beti.
Osasun-arloan eskumena duen saileko titularra edo haren eginkizunak eskuordetuta dituen pertsona izango da buru. Osasun publikoaren arloan eskumena duen sailburuordea izango da lehendakariordea.
Administrazio-kontseiluan ordezkaritza izango dute osasun publikoaren arloan jarduera esanguratsua duten Eusko Jaurlaritzako sailek.
2.– Osasun Publikoaren Euskal Institutuko administrazio-kontseiluaren bileretara joango dira, hitza dutela baina botorik ez, Osasun Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria eta Institutuko langileen artetik lehendakaritzak izendatutako idazkari bat.
3.– Osasun Publikoaren Euskal Institutuko administrazio-kontseiluko kideak, karguagatik ez badagokie kidetza hori, osasun-arloan eskumena duen saileko titularrak izendatu eta kenduko ditu, ordezkatzen duten sailak proposatuta.
4.– Osasun Publikoaren Euskal Institutuko administrazio-kontseiluko kideak lau urterako izendatuko dira eta kargutik kendu, ordezkatzen duten saileko titularrak proposatuta berritu edo ordeztu ahal izango diren arren.
5.– Osasun Publikoaren Euskal Institutuko administrazio-kontseiluko kideen postu hutsak izendapen-moduaren arabera beteko dira agintaldia amaitzeko geratzen den denborarako.
6.– Osasun Publikoaren Euskal Institutuaren estatutuek administrazio-kontseiluaren osaera garatu eta haren funtzionamendu-araubidea ezarri behar dute.
57. artikulua.– Administrazio-kontseiluaren eginkizunak.
1.– Osasun Publikoaren Euskal Institutuaren administrazio-kontseiluak, Institutuaren gobernu-organoa den aldetik, jarduteko jarraibide orokorrak ezarriko ditu, eta haren kudeaketaren kontrol gorena egingo du.
2.– Hauek dira Osasun Publikoaren Euskal Institutuaren administrazio-kontseiluaren eginkizunak:
a) Institutuaren jarduteko irizpide orokorrak ezartzea, osasunaren arloan eskumena duen sailaren jarraibideekin bat etorriz.
b) Urteko jarduketa-programak eta inbertsio orokorrekoak onartzea.
c) Aurrekontu-aurreproiektuaren proposamena onartzea.
d) Ekitaldi bakoitzeko kontuak eta kudeaketa-memoria onartzea.
e) Institutuaren aurrekontuaren barruan kreditu-transferentziak adostea, aurrekontu-xedapenei aplikatu beharreko araudiaren arabera eta zuzendariak proposatuta.
f) Beste entitate batzuekin egindako akordioak eta lankidetza-hitzarmenak onartzea.
g) Prezio publikoen eta zerbitzuak emateagatiko tasen proposamena onartzea.
h) Onartzea egitura organikoaren proposamena, zeina estatutuetan jaso beharrekoa den, bai eta lanpostu-zerrendaren proposamena ere.
i) Osasun publikoaren arloko araugintza-tresnen proposamenak onartzea eta dagokien bidea ematea, araubide juridikoaren eta administrazio publikoen prozeduraren arloan indarrean dagoen legeriaren arabera.
j) Bere funtzionamendu-araudia onartzea.
k) Aldizka ebaluatzea Institutuaren jarduketa-programak eta helburuen betetze-maila.
l) Osasunaren arloan eskumena duen saileko sailburuari proposatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko finantza publikoak arautzen dituen legearen arabera, kreditu-eragiketen ezaugarriak eta xedea nahiz zorpetze-eragiketak onar ditzala, ondoren izapidetzeko.
m) Lege honek Institutuko gainerako organoei berariaz esleitzen ez dizkien eginkizunak betetzea.
58. artikulua.– Administrazio-kontseiluko lehendakariaren eginkizunak.
1.– Hauek dira Osasun Publikoaren Euskal Institutuko administrazio-kontseiluko lehendakariaren eginkizunak:
a) Institutuaren erakunde-ordezkaritza bere gain hartzea, zuzendariaren ordezkaritza-eginkizunei kalterik egin gabe.
b) Administrazio-kontseiluaren bileretarako deia egitea, bilera horiek zuzentzea eta berdinketak kalitate-botoarekin ebaztea.
2.– Osasun Publikoaren Euskal Institutuko administrazio-kontseiluko lehendakariak berariaz eskuordetu ahal izango ditu lehenengo lehendakariordearengan egoki iritzitako ordezkaritza-eginkizunak.
59. artikulua.– Osasun Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaritza.
1.– Osasun Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariak bere gain hartuko du Institutuaren zuzendaritza eta ohiko kudeaketa, administrazio-kontseiluak ezarritako jardun-irizpideekin bat etorriz, hura ordezkatzen baitu hartutako erabakiak gauzatzeari dagokionez.
2.– Osasun Publikoaren Euskal Institutuko Zuzendaritzak zuzendaritzaren maila organikoa izango du, eta haren titularra, osasun publikoaren arloan esperientzia eta gaitasun profesional aitortua duten pertsonen artetik hautatua, Eusko Jaurlaritzak izendatuko du, osasunaren arloan eskumena duen sailburuak proposatuta, Institutuko administrazio-kontseiluari entzun ondoren.
3.– Osasun Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariak Administrazioko goi-kargudunen bateraezintasun-araubidea bete beharko du.
60. artikulua.– Zuzendaritzaren eginkizunak.
Hauek dira Osasun Publikoaren Euskal Institutuaren zuzendaritzaren eginkizunak:
a) Administrazio-kontseiluak hartzen dituen erabakiak betearaztea.
b) Jardun-irizpideak aplikatzea, administrazio-kontseiluaren jarraibideen arabera.
c) Erabaki-proposamenak administrazio-kontseiluari aurkeztea, organo horrek eztabaidatu eta onar ditzan.
d) Ekitaldi bakoitzeko kontuak eta kudeaketa-memoriaren proposamena egitea.
e) Institutuko langileak eta zerbitzuak edo unitateak zuzentzea.
f) Kontratazio-organo gisa jardutea, sektore publikoko kontratuen legeriari jarraikiz.
g) Institutuaren organoak koordinatzea, ikuskatzea eta ebaluatzea.
h) Institutuaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko jarraibideak ematea.
i) Baliabide ekonomikoak kudeatzea, gastuak baimentzea eta ordainketak agintzea, administrazio-kontseiluak ezarritako mugen barruan.
j) Institutuaren legezko ordezkaritza bere gain hartzea era guztietako jarduketetan, epaiketetako ordezkaritzan eta defentsan izan ezik.
k) Osasun publikoaren arloan zehapenak ezartzeko organo eskudun gisa jardutea, lege honen eta aplikatzekoa den araudi sektorialari jarraikiz.
l) Osasun-agintaritza egikaritzea, lege honetan eta aplikatzekoa den sektore-araudian ezarritako baldintzetan.
m) Administrazio-kontseiluko lehendakariak agintzen dizkion gainerako eginkizunak betetzea.
61. artikulua.– Osasun Publikoaren Euskal Institutuaren egitura organikoa.
Osasun Publikoaren Euskal Institutuaren antolamendu- eta funtzionamendu-erregelamenduak, zeina Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez onetsiko baita, lege honetako aurreikuspenak garatuko ditu antolaketari, egiturari eta funtzionamenduari dagokienez.
IV. KAPITULUA
LANGILEAK ETA BALIABIDE EKONOMIKOAK
62. artikulua.– Giza baliabideak.
1.– Osasun Publikoaren Euskal Institutuak behar adina langile funtzionario eta lan-kontratudun izan beharko ditu bere eginkizunak betetzeko.
2.– Agintaritza-eginkizunak dituzten Osasun Publikoaren Euskal Institutuko lanpostuak funtzionarioek bete beharko dituzte.
63. artikulua.– Ondare-araubidea.
Osasun Publikoaren Euskal Institutuaren ondare-araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sektore publikoko entitateei, haren organismo autonomoei eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoei aplikatu beharreko ondare-araudian ezarritakoa da.
64. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Hauek dira Osasun Publikoaren Euskal Institutuaren baliabide ekonomikoak:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura urtero ezartzen diren esleipenak.
b) Osasun-arloan eskudun ez diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailetatik datozen esleipenak, Institutuari agintzen dizkioten osasun publikoko jarduketak egin eta zerbitzuak eman ditzan.
c) Toki-entitateek beren aurrekontuen kontura egiten dituzten kontraprestazioak, bi alderdiek sinatutako lankidetza-hitzarmenen arabera.
d) Ondasun eta eskubide propioetatik edo atxikitakoetatik datozen etekinak.
e) Indarreko legeriaren arabera Institutuari dagozkion tasetatik eta prezio publikoetatik datozen diru-sarrerak.
f) Agintzen zaizkion proiektu, jarduketa edo zerbitzuetatik datozen diru-sarrerak.
g) Administrazio-zehapenetatik eta ebazpen judizialetatik datozen diru-sarrerak.
h) Ematen zaizkion maileguak.
i) Entitate eta partikularren dirulaguntzak, dohaintzak eta bestelako borondatezko ekarpenak.
j) Berariaz esleitzen zaizkion gainerako errekurtsoak.
65. artikulua.– Aurrekontua.
1.– Osasun Publikoaren Euskal Institutuaren aurrekontua finantza publikoen araudiak eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-legeek arautuko dute.
2.– Osasun Publikoaren Euskal Institutuak urtero egingo du dagokion aurrekontu-aurreproiektua, Administrazio orokorreko aurrekontu-arloko organo arduradunek emandako arau eta jarraibideekin bat etorriz, eta osasun-arloan eskumena duen sailari bidaliko dio, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren proiektuan txerta dezan.
3.– Osasun Publikoaren Euskal Institutuaren administrazio-kontseiluak kreditu-transferentziak adostu ahal izango ditu Institutuaren aurrekontuaren barruan, aurrekontu-xedapenei aplikatu beharreko araudiaren arabera eta Institutuaren zuzendaritzak proposatuta.
66. artikulua.– Kontratazio-araubidea.
Osasun Publikoaren Euskal Institutuaren kontratazio-araubidea sektore publikoko kontratazio-araudiak arautuko du.
V. KAPITULUA
AURKARATZE-ARAUBIDEA ETA AZKENTZEKO PROZEDURA
67. artikulua.– Egintzak aurkaratzeko araubidea.
1.– Interesdunek errekurtsoa jarri ahal izango dute Osasun Publikoaren Euskal Institutuaren administrazio-egintzen aurka, administrazio-prozedurari buruzko legeriak ezarritako kasuetan, epeetan eta moduetan.
2.– Gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Osasun Publikoaren Euskal Institutuaren administrazio-kontseiluaren erabakiengatik eta zuzendariaren ebazpenengatik, osasun-arloan eskumena duen saileko titularraren aurrean. Ebazpenek administrazio-bidea agortuko dute.
68. artikulua.– Institutua likidatzeko eta azkentzeko prozedura.
1.– Osasun Publikoaren Euskal Institutua azkentzea administrazio-kontseiluak proposatu beharko du, eta Eusko Legebiltzarraren lege bidez onartu.
2.– Dagokion arauak ezarriko ditu erakundeko langileei aplikatu beharreko neurriak, langile horiek arautzen dituen legeriaren esparruan.
VII. TITULUA
OSASUN PUBLIKOKO PRESTAZIOAK ETA JARDUKETAK
I. KAPITULUA
OSASUN PUBLIKOKO PRESTAZIOAK
69. artikulua.– Osasun publikoko prestazioak.
1.– Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemaren zerbitzu-zorroak barne hartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan osasun publikoko prestazioak gauzatzeko erabiltzen diren jarduera, teknika, teknologia, protokolo edo prozeduren multzoa, honako jardun-ildo hauen arabera:
a) Osasunaren zaintza.
b) Osasun-arazoak prebenitzea eta osasunaren determinatzaileen gainean jardutea.
c) Herritarren osasuna babestea, barne hartuta elikagaien segurtasunaren eta ingurumen-osasunaren arloak.
d) Osasun publikoko larrialdietan, pandemietan edo osasun-krisietan osasun publikoko erantzunak koordinatzea eta zuzentzea.
e) Lan-osasuna.
f) Osasuna hezkuntza-ingurunean.
g) Osasun publikoko laborategia.
h) Osasunaren sustapena.
i) Adikzioak.
2.– Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemaren zerbitzu-zorroa zabaldu ahal izango du Euskal Autonomia Erkidegoan, Osasun Sistema Nazionalaren prestazioen katalogoan ezarritako gutxienekoa errespetatuz.
II. KAPITULUA
OSASUNAREN ZAINTZA
70. artikulua.– Osasunaren zaintza.
1.– Osasun publikoaren zaintza da herritarren osasun-egoerarekin eta hura baldintzatzen duten determinatzaile eta faktoreekin lotutako informazioa bildu, aztertu, interpretatu eta zabaltzeko jardueren multzoa, osasun publikoko jarduketetarako oinarria biltzeko xedez.
Era berean, alerta eta erantzun azkarreko sistemak barne hartzen ditu, herritarren osasunerako mehatxu izan daitezkeen arriskuak detektatzeko.
2.– Eusko Jaurlaritzan osasun publikoaren arloko eskumena duen sailari dagokio, Osasun Publikoaren Euskal Institutuaren bidez, osasun publikoaren zaintza garatzeko eta kudeatzeko ardura, Osasun Publikoa Zaintzeko Sarearen bitartez.
71. artikulua.– Osasun Publikoa Zaintzeko Sarea.
1.– Osasun Publikoa Zaintzeko Sarea osatuko dute osasun publikoko zaintza-funtzioari erantzuten dioten giza baliabideek, baliabide teknologikoek, materialek eta antolaketakoek, informazio-sistemak barne.
2.– Osasun Publikoko Zaintza Sarearen parte izango dira autonomia-, foru- eta toki-erakundeetan, Osakidetzan eta osasungintzarekin loturiko beste entitate publiko edo pribatu batzuetan dauden baliabideak, herritarren osasun-arazo eta -determinatzaile garrantzitsuak detektatu eta horien jarraipena egitekoak, datuak sistematikoki bilduz, integratuz eta aztertuz, eta informazio hori behar bezala erabiliz eta zabalduz, norbanakoen osasuna eta osasun kolektiboa babesteko edo hobetzeko jarduketak garatzeko.
3.– Sarearen zuzendaritza Osasun Publikoaren Euskal Institutuari egokituko zaio.
4.– Hauek dira Osasun Publikoa Zaintzeko Sarearen funtzio nagusiak:
a) Herritarren osasun-egoera eta egoera horren arrazoiak neurtzeko informazio-sistemak lantzea, garatzea eta kudeatzea.
b) Osasun-arazo nagusien eta horien determinatzaileen analisi epidemiologikoak egitea, herritarren ezaugarrietatik, haien banaketa geografikotik eta denbora-joeratik abiatuta, gutxieneko desagregazio-maila batean.
c) Osasunean, osasun-zerbitzuetarako irispidean eta arrisku-faktoreen esposizioan dauden desparekotasunak monitorizatzea, eta gizarte-egoera ahuleneko taldeak identifikatzea.
d) Ingurumen-arriskuak, ingurumeneko eragile kutsatzaile eta kaltegarrien presentzia eta horrek osasunean dituen ondorioak kontrolatzea, eta ingurumen-arriskuen mapak egitea.
e) Elikagaiak ekoitzi, merkaturatu, saldu eta prestatzeko prozesutik eratorritako arriskuak zaintzea, bai eta haiekin lotutako osasun-ondorioak zaintzea ere.
f) Epidemia-, larrialdi- edo osasun kolektiborako arrisku-egoeretan alerta eta detekzio goiztiarrerako sistemak izatea, eta egoera horiei azkar erantzutea.
g) Gaixotasun transmitigarriak monitorizatzea, haiek garaiz detektatu eta kontrolatzeko, bai eta herritarrentzat esposizio-arriskua eta zabaltzeko arriskua duten mikroorganismo prebalenteak eta emergenteak ere, gaixotasun zoonotikoak barne.
h) Gaixotasun infekzioso emergenteen eta inportatutako gaixotasunen jarraipena egitea.
i) Antimikrobianoen aurkako erresistentziak eta osasun-asistentziarekin erlazionatutako infekzioak zaintzea.
j) Gaixotasun ez-transmitigarrien eta haien faktore determinatzaileen monitorizazioa.
k) Erasoek edo indarkeria-ekintzek nahi gabe edo nahita eragindako lesioen eta kalteen jarraipena egitea, bai eta osasunean dituzten ondorioena ere.
l) Toxikoen, drogen eta adikzioak sor ditzaketen jokabideen ondoriozko arriskuak zaintzea.
m) Lan-arriskuak eta haiek osasunean dituzten ondorioak zaintzea.
72. artikulua.– Osasun Publikoko Alerta eta Larrialdietarako Sistema.
1.– Osasun Publikoko Alerta eta Larrialdietarako Sistemaren helburu nagusia da herritarren osasunerako arriskutsuak diren edo izan daitezkeen mehatxuen detekzio goiztiarra eta erantzun azkarra, egokia eta koordinatua bermatzea.
2.– Osasun Publikoko Alerta eta Larrialdietarako Sistema, zeina Osasun Publikoaren Euskal Institutuak zuzenduko baitu, Euskal Autonomia Erkidegoan edo Estatuan edo nazioartean sor daitezkeen alerta- eta larrialdi-egoerak detektatzeko, jakinarazteko, ebaluatzeko eta haien aurrean erantzuteko beharrezkoak diren baliabide eta prozeduren multzo antolatuak osatuko du.
3.– Osasun Publikoko Alerta eta Larrialdietarako Sistema Euskadiko babes zibileko informazio- eta alerta sarearen barruan egongo da, eta bermatuko du berehala, efikaziaz eta etengabe jardungo duela, osasun publikorako arrisku potentziala duen gertaera baten ondorioz biztanleria osoaren osasunari eragindako kalteak prebenitzeko, kontrolatzeko, saihesteko, konpontzeko edo murrizteko.
4.– Osasun publikoko alerta- eta larrialdi-deklarazioa eta haren eguneroko gorabeherena nahitaez eta urgentziaz egingo dira, nazioarteko, Europako eta Estatuko legeriarekin eta osasun-agintaritza eskudunaren jarraibideekin bat etorriz eta, halakorik badago, Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioei jarraituz.
5.– Osasun Publikoko Alerta eta Larrialdi Sistema hori Espainiako, Europako eta nazioarteko izaera bereko sistemen parte izango da, eta haiekin harremanetan egongo da etengabe.
6.– Erregelamendu bidez zehaztuko da osasun publikoko alertak eta larrialdiak kudeatzeko, koordinatzeko eta esku hartzeko prozedura, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko larrialdietako eta babes zibileko sistemarekin koordinatzeko prozedura ere.
III. KAPITULUA
OSASUN-ARAZOEN PREBENTZIOA
73. artikulua.– Osasun-arazoen prebentzioa.
Administrazio publikoek betebehar hauek izango dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan:
a) Prebentzio-jarduketak, -prestazioak, -zerbitzuak eta -programak egingo dituzte babes-faktoreak indartzeko eta arrisku-faktoreak murrizteko, bai eta herritarren artean gaixotasun, lesio eta desgaitasunen intzidentzia eta prebalentzia murrizteko ere, eta, halaber, horien ondorio negatiboak arintzeko eta, ahal den neurrian, ezabatzeko, horretarako txertaketa, immunizazio pasibo, aholku, baheketa eta tratamendu goiztiarreko banakako zein taldekako ekintzak eta programak gauzatuz. Nolanahi ere, osasunaren determinatzaileen eta arrisku-faktoreen gainean jardungo dute lehentasunez.
b) Helburu horrekin, eta ekitate-printzipioa aplikatuz, administrazio publikoek osasun-arazoak prebenitzeko eta osasuna hobetzeko jarduketak garatuko dituzte, pertsonen bizitzako etapa guztietara zuzenduta, genero-ikuspegiarekin eta, bereziki, biztanleria-talde ahulenetara eta maila sozioekonomiko apaleneko eremuetara zuzenduta; horrela, arriskuekiko esposizioa, osasun-arazoak, lesioak eta desgaitasuna detektatu, aurrea hartu eta saihestu ahal izango da, bai eta gaixotasunen progresioa eta konplikazioa ere.
c) Horretarako, ekintza egokiak egingo dituzte, betiere zorroztasun zientifikoaren printzipioaren arabera eta eskura dagoen jakintza zientifiko onenean oinarrituta.
d) Langileen osasun-arazoak prebenitzeko programak garatuko dituzte; baita lan-garaiaren ondorenean ere, lan-bizitza amaitu osteko zaintza behar duten kasu espezifikoetan.
e) Beste entitate –pribatu zein publiko– batzuen parte hartzea eskatu ahal izango dute prebentzioko esku-hartzeak egiteko, ekintzak eta baliabideak sailarteko planen bitartez koordinatuz, horrelakorik dagoenean, edo sektorearteko ekintzen bitartez.
f) Koordinatuta lan egingo dute erreferentziazko biztanleria bera artatzen duten Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemako gainerako eragile eta antolakundeekin, bai eta Osakidetzarekin ere.
g) Era berean, Eusko Jaurlaritzan osasun publikoaren arloko ardura duen sailak prebentzioaren onurei buruzko informazioa bultzatuko du, eta herritarrak osasun-arazoak prebenitzeko programetan parte hartzea sustatuko du, bai zuzenean, bai partaide diren edo haiek ordezkatzen dituzten beste antolakunde batzuen bidez.
74. artikulua.– Osasun-arazoak prebenitzeko jarduketak.
Osasun-arazoen prebentzioak jarduketa hauek hartuko ditu, gutxienez:
a) Sortzetiko gaixotasunen arriskua identifikatu eta kontrolatzea, eta arrisku obstetrikoaren edo infekzioen kutsatze bertikalaren diagnostiko goiztiarra egitea.
b) Behar bereziak dituzten edo egoera ahulean dauden pertsonen osasun-arazoen prebentzioa, dela bizi-egoeragatik (haurtzaroa, haurdunaldia, buruko nahasmendu larria, hauskortasuna, desgaitasuna edo gaixotasun kronikoa, besteak beste), dela gizarte-egoeragatik, ohiturengatik edo osasunerako arriskuen eraginpean egoteagatik.
c) Diagnostiko goiztiarra eta sektorearteko esku-hartzea indarkeria-kasuetan edo tratu txarretan: emakumeen kontra, haurtzaroan, adineko pertsonetan, desgaitasuna duten pertsonetan edo beste kolektiboren batean eta edozer jardueratan.
d) Gaixotasun infekzioso transmitigarrien eta epidemia-agerraldien prebentzioa eta kontrola.
e) Txertaketa-jarduketak eta -programak. Horretarako, txertaketari buruzko Euskadiko kontsultarako eta aholkularitzako organoari kontsulta eginda, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoan txertaketaren arloan egin beharreko egutegiak eta jarduketak onartuko dira, osasun-arloaren eskumena duen sailburuaren agindu bidez. Txertaketa-egutegi, -programa eta -gomendioetan jasotako txertoak espezifikoak izango dira adin bakoitzerako bizitzan zehar eta arrisku-talde jakin batzuetarako, eta unibertsalak eta doakoak izango dira xede-populazio horietan, edozein dela ere dagokion osasun-estaldura edo aseguramendu-maila.
f) Desgaitasuna eragin dezaketen gaixotasunak bilaka daitezkeen inguruabarren edo osasun-arazoen baheketa, detekzio eta identifikazio goiztiarrerako programak.
g) Gaixotasun hereditarioen eta gaixotasunen faktore genetiko hartaratzaileen jaioaurreko eta ondorengo detekzio goiztiarra eta aholku genetikoa, ebidentzia zientifikoak eta detekzio goiztiar horren ondorioen balorazio etikoak hala gomendatzen duenean, informazioko irizpide zehatzak eta, hala badagokio, eragindako pertsonen baimen informatua kontuan hartuta.
h) Minbiziaren eta prebalentzia handieneko gaixotasun ez-transmitigarrien prebentzioa, diagnostikoa eta tratamendu goiztiarra.
i) Sortzetiko zein hartutako desgaitasunen prebentzioa eta, halaber, prebalentzia txikiko gaixotasunetatik –«gaixotasun arraro» ere izendatutakoetatik– eratorritako desgaitasunen prebentzioa.
j) Arrisku-faktoreak prebenitzea pertsonen ongizate emozionalari eta osasun mentalari dagokienez.
k) Osasuna prebenitzea eta babestea, mendekotasuna eta beste adikzio batzuk sor ditzaketen substantziak edo jokabideak erabiltzearen ondoriozko arrisku-faktoreetatik.
l) Zentro eta establezimendu ez-sanitarioetan egindako arautu gabeko terapien edo tratamendu estetikoen edo izaera ez-terapeutikoko beste tratamendu batzuen ondorioz eragindako osasun-arazoen prebentzioa.
m) Asistentzia sanitarioari lotutako osasun-arazo saihesgarrien prebentzioa.
n) Istripuzko lesioen prebentzioa.
IV. KAPITULUA
HERRITARREN OSASUNA BABESTEA
75. artikulua.– Osasuna babesteko jarduketak.
1.– Osasuna babesteko jarduketak arriskuen analisian oinarrituko dira, osasunerako elikagai- eta ingurumen-arriskuak identifikatzea, ebaluatzea, kudeatzea eta komunikatzea barne.
2.– Arriskuen ebaluazioa eskuragarri dagoen informazio tekniko eta zientifikoan oinarrituko da, eta modu independente, objektibo eta gardenean egingo da. Prebentzioko eta arriskua kudeatzeko neurriak modu koordinatuan hartuko dira, eta kontuan hartu beharko dira zuhurtasun-printzipioa, arriskuaren ebaluazioaren emaitzak eta nazioz gaindiko osasun-agintarien eta entitate elkartuen txostenak eta irizpenak.
3.– Osasun-arloko arriskuren bat egonez gero, osasun-agintaritzak beharrezkoa den informazioa jakinaraziko die alderdi interesdunei edo, oro har, herritarrei, kontuan hartuta independentzia-, gardentasun-, proportzionaltasun- eta konfidentzialtasun-printzipioak. Herritarrei zuzendutako mezuek objektiboak, fidagarriak, egokiak, ulergarriak eta irisgarriak izan behar dute.
76. artikulua.– Elikagaien segurtasuna.
Euskadiko Osasun Publikoaren Sistema osatzen duten administrazio publikoek, nork bere eskumen-esparruan, osasuna babestu dadin zainduko dute, elikagai-osasuna babesteko neurriak eta ekintzak modu planifikatuan bultzatuta, eta jarduketa hauek egingo dituzte gutxienez:
a) Elikagaien kontsumo bidezko osasunerako arriskuak identifikatu eta ebaluatu.
b) Arriskua kudeatu elikagaien eta elikagai-establezimenduen kontrol ofizialaren bitartez, eta herritarrei arriskuen berri eman, beste administrazio batzuen eskumenak errespetatuz.
c) Estatuan eta Europan ezartzen diren elikagaien informazio- eta alerta-sistema ofizialetan parte hartu.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrentzako nutrizio-arriskuak aztertu eta prebenitu.
e) Haien eskumenen esparruan erregelamendu bidez ezarrita dauden eta elikagaien segurtasunari eragiten dioten kontrolak eta egiaztapenak egin.
f) Administrazio publiko, elkarte, enpresa eta antolakundeak koordinatu, elikagaien segurtasunari eragiten dioten gaietan.
77. artikulua.– Ingurumen-osasuna.
Euskadiko Osasun Publikoaren Sistema osatzen duten administrazio publikoek ingurumen-osasuna babesteko ekintzak bultzatuko dituzte, eta jarduketa hauek egingo dituzte, gutxienez:
a) Kanpoko agenteei eta ingurumen-eragina duten jarduerei (kanpoko ingurunearen kutsadura fisiko, kimiko edo biologikoa) lotutako osasun-arriskuak identifikatu, ebaluatu, kudeatu eta jakinarazi.
b) Klima-aldaketaren ondorioz pertsonen osasunerako sortzen ari diren arriskuak zaintzea, ebaluatzea eta kudeatzea.
c) Ingurumena eta hari eragin diezaioketen faktore eta jarduerak kontrolatu eta haien osasun-arloko zaintza egin, arriskuen prebentzioan eragina izango duten ikuskapen- eta jarraipen-programak inplementatuz.
d) Herritarren osasunean eragina izan dezaketen ingurumen-arriskuak zaintzeko sistema bat garatu, esposizioaren eta ondorioen etengabeko balorazioa egin ahal izateko.
e) Ingurumen-faktoreek osasunean izan ditzaketen ondorioen eta babes-neurrien berri eman herritarrei.
f) Ikerketa eta berrikuntza ingurumen-osasunaren esparruan.
g) Administrazio publiko eskudunen arteko lankidetza ingurumen jasangarri eta osasungarria garatzeko, baita neutraltasun klimatikoa sustatzeko neurriak hartzeko ere.
h) Hilotzen sanitateari buruzko jarduketak.
V. KAPITULUA
HERRITARREN OSASUNA BABESTEA OSASUN-LARRIALDIETAN, EPIDEMIETAN EDO PANDEMIETAN
78. artikulua.– Osasun Publikoaren Sistemaren erantzuteko eta egokitzeko neurriak osasun-larrialdietan edo pandemietan.
Herritarren osasuna babesteko eta gaixotasuna prebenitzeko, osasun publikoko alertak eta larrialdiak modu eraginkorrean kudeatzeari begira, osasun-agintaritzak, Nazioarteko Osasun Erregelamenduak emandako kontzeptu-esparruan oinarrituta, funtsezko neurri hauek hartuko ditu:
a) Zaintza-sistemak, komunikazio-sareak eta datu-analisiak ezartzea, osasun publikorako arriskuen eta osasun indibidual edo kolektiboan eragina izan dezaketen egoeren hurbiltasuna edo presentzia azkar eta goiz detektatzeko eta ezagutzeko, bai eta arrisku horien ebaluazioari eta kudeaketari ekiteko ere. Helburu hori lortu ahal den guztietan, datu horiek disoziatuta egon beharko dute, tratatutako informazioa ezein pertsona fisiko identifikaturekin edo identifikagarrirekin lotzerik izan ez dadin.
b) Arriskuak baloratzeko sistema bat ezartzea, osasun publikorako mehatxu potentzialei maila egokia sistematikoki esleitzeko, zaintza-sistemak sortutako alerta eta ohartarazpen goiztiarretatik abiatuta; eta sistema hori erabakiak hartzeko prozesuan txertatzea.
c) Erantzun-neurri eraginkorrak aplikatzea arazoa oraindik mugatua denean, erantzun azkarra eta babes eraginkorra emateko, eta osasun-larrialdietan osasuna lehengoratzeko. Bereziki, eskala, kronologia edo aurreikusteko ezintasuna dela-eta sistema sanitarioaren eta, oro har, gizartearen eta ekonomiaren ohiko funtzioetarako behar ez bezalako karga sor dezaketenean. Helburuak izango dira, batez ere, morbilitatea eta hilkortasuna gutxitzea, gaixotasunaren hedapena eta gizarte-haustura mugatzea, eta azpiegiturak eta ingurumena kaltetu daitezen eragoztea.
d) Osasun publikoko larrialdien aurrean erantzuteko jarduketak planifikatzea, jarduketon oinarrian ebidentzia zientifikoa, jardunaren neurketa eta neurri zuzentzaileak direla.
e) Gobernantza eta lege-esparru egokiak ezartzea, bai eta osasun-larrialdi eta -krisien aurrean prestatzeko, erantzuteko eta osasuna lehengoratzeko planak ere, eta prozedurak eta protokoloak eta koordinazio-mekanismoak, aukera emango dutenak osasun-larrialdi eta -krisietan kudeaketa goiztiarra eta eraginkorra egiteko eta horien aplikazioa eta ikuskapena egiteko.
f) Legeriak enplegu publikoaren arloan ezartzen duenaren arabera, osasun-agintaritzaren eta larrialdiari erantzuteko eskumenak dituen beste edozein administrazioren zerbitzura dauden langileen eginkizunak egokitzea, eta langileak funtzionario izendatzea edo langileak kontratatzea osasun publikoko larrialdi bati eraginkortasunez erantzuteko. Aplikagarria den araudi horrekin bat etorriz, beti bermatuko da funtzionarioek legez erreserbatuta dituzten ahal publikoak baliatzeko exijitzen zaizkien eginkizunak beteko dituztela.
g) Lankidetza-sistema funtzional bat ezartzea, beharrezkoa den eskalan (eskualdekoa, naziokoa eta nazioartekoa), larrialdiaren irismenaren arabera, barne direla eragileen arteko komunikazio egokia, informazio-trukea eta erabaki gardenak hartzea bultzatzen duten prozesuak.
h) Gertakariaren ondoren osasun-larrialdiari aurre egiteko prestakuntza-maila ebaluatzea, egon daitezkeen hutsuneak eta hobetu beharreko eremuak identifikatzeko, eta ikasitako irakaspenak aplikatzeko, larrialdien aurrean prestatzeko eta babesteko sistemaren indarguneak eta ahuleziak ebaluatu ondoren.
79. artikulua.– Herritarren osasuna babesteko neurriak osasun-alerta edo -larrialdietan.
1.– Lege honen 109., 111. eta 112. artikuluetan adierazitako neurri bereziez eta kautelazko eta esku hartzeko neurriez gain, osasun publikoko alerten eta larrialdien kasuan, eta organo eskudunen bitartez, osasun-agintaritzak jarduera publiko eta pribatuetan esku hartu ahal izango du, honako neurri hauek hartuta:
a) Herritarren osasunean eragina izan dezaketen jardueren baldintza higieniko-sanitarioak, funtzionamendukoak eta garapenekoak ezartzea eta kontrolatzea osasun-alerta eta -larrialdi kasuetan.
b) Mediku-azterketak, tratamenduak, ospitaleratzeak edo kontrolak egiteko neurriak hartzea, baldin eta pertsona baten edo talde baten zirkunstantzia jakin batengatik edo jarduera bat zer baldintzatan burutzen den ikusita herritarren edo biztanleriaren osasuna arriskuan egon litekeela pentsatzeko arrazoizko zantzurik badago. Gaixoekin edo hirugarrenentzat arriskutsutzat jo daitekeen kondizioren bat duten pertsonekin dauden edo egon diren pertsonak kontrolatzeko neurriak ere hartu ahal izango dira.
c) Osasun publikoko larrialdi-egoeretan, osasun-agintaritzak neurriak hartu ahal izango ditu jarduerak, pertsonen lekualdatzeak eta eremu jakin batzuetan ematen diren zerbitzuak mugatzeko, lege honetan xedatutakoaren arabera.
d) Osasun publikoko larrialdi-egoera zailei dagokienez, osasun-agintaritzak, larrialdi-araudiak eskura jarritako organoekin koordinatuta, arrisku-mailak eta hartu beharreko neurriak zehaztuko ditu, informazio epidemiologikoan, osasun publikoko informazioan eta jarduketa-planetan oinarrituta. Neurriak nahitaezkoak izan daitezke.
2.– Aipatutako neurriak ezartzeko, herritarren eskubideei ahalik eta gutxien eragitea hartuko da kontuan beti, eta, ahal den guztietan, neurri horiek eraginkorrak izateko beharrezkoa den gutxieneko lurralde-eremura egokitu beharko dira.
3.– Hartutako neurri zehatzak ematen dituen ebazpenak mailakatze-mekanismoak jaso ditzake, adierazleen bilakaeraren arabera.
80. artikulua.– Elkarlana osasun-agintaritzarekin.
1.– Administrazio publikoek, beren eskumen- esparruan, erakunde eta entitate pribatuek, eta partikularrek, osasun-agintaritzari eta haren agenteei laguntzeko betebeharra daukate osasun publikoaren arloan hartutako neurrien eraginkortasunerako.
2.– Nahitaezkoa da pertsonak osasun-administrazio eskudunaren bulegoetan agertzea, arrisku-kasuetan eta osasun-larrialdiko egoeretan osasun publikoa babesteko hala behar bada. Agertzeko errekerimendua behar bezala arrazoitu behar da.
3.– Instalazio, establezimendu, zerbitzu eta industrien titularrek sumatzen badute beren jarduerak edo egiten dituzten produktuak arriskutsuak izan daitezkeela osasunarentzat, berehala eman beharko diote horren berri kasuan kasuko osasun-agintaritzari, eta, halaber, haien aburuz hautemandako arriskuaren sortzaile den produktua erretiratu egin beharko dute berehala merkatutik edo jarduera utzi.
VI. KAPITULUA
OSASUNA HEZKUNTZA-INGURUNEAN
81. artikulua.– Osasuna hezkuntza-ingurunean.
1.– Euskadiko Osasun Publikoaren Sistema osatzen duten administrazio publikoek, eta, batez ere, osasun- eta hezkuntza-arloko eskumenak dituzten Eusko Jaurlaritzako sailek, Osakidetzako erakundeek eta udalek, zeinek bere eskumenen esparruan, honako jarduketa hauek garatuko dituzte hezkuntza-eremuan, Euskadiko Osasun Planean edo dagokion toki-, foru- edo eskualde-planean xedatutakoaren arabera: osasun-hezkuntzarako jarduketak, osasuna sustatzekoak, eta haurtzaroan eta nerabezaroan osasun-arazoak prebenitzekoak.
2.– Osasuna prebenitzeko eta sustatzeko jarduketak garatuko dira, batez ere haur-hezkuntzako, lehen hezkuntzako, bigarren hezkuntzako eta lanbide-heziketako ikastetxeetan eta beste ikastetxe batzuetan (unibertsitateak eta goi-mailako hezkuntzako ikastetxeak barne), zentro horiek beren hezkuntza-proiektuan osasunaren sustapena txerta dezaten eta hezkuntza-komunitate osoak osasunaren aldeko giroan bizimodu osasuntsuak har ditzan.
VII. KAPITULUA
LAN-OSASUNA
82. artikulua.– Lan-osasuna.
Eusko Jaurlaritzan lan-arloko segurtasun-, osasun-, higiene- eta ingurumen-politikak kudeatzeaz arduratzen den organoak jarduketa hauek egingo ditu, Osasun Publikoaren Euskal Institutuarekin koordinatuta eta genero-ikuspegia aintzat hartuta:
1.– Informazio sanitarioko sistema bat ezartzea lan-arloan kontrol epidemiologikoa egiteko, patologia profesionalak eta langileen osasunari eragiten dioten arrisku-faktoreak kontrolatze aldera. Lanbide-patologiek eragindako heriotzen erregistro iraunkorra eta aldi baterakoa ezarriko du. Era berean, interesgarria izan daitekeen informazio oro erregistratuko du, datu esanguratsuak eta egokiak bilduta, lortu nahi den helburuari dagokionez behar-beharrezkoak diren datuetara soilik mugatuta. Hori guztia Osasun Publikoko Informazio Sistemaren parte izango da.
2.– Lan-ingurunean osasuna sustatzeko, prebenitzeko eta babesteko ekintza kolektiboak eta banakakoak egin daitezen bultzatzea, Euskadiko Osasun Publikoaren Planaren eta lan-osasunaren arloko jarduketa-programen bitartez.
3.– Laneko arriskuen prebentziorako zerbitzuekin koordinazioa ezartzea osasun publikoaren arloan.
VIII. KAPITULUA
EUSKADIKO OSASUN PUBLIKOKO LABORATEGIA
83. artikulua.– Euskadiko Osasun Publikoko Laborategia.
Euskadiko Osasun Publikoko Laborategiak erreferentzia autonomiko gisa jardungo du osasun publikoaren arloko behar analitikoei dagokienez, eta behar bezala egiaztatuta egongo da indarrean dagoen araudi sektorialaren arabera, emandako zerbitzuen kalitatea ziurtatzeko.
84. artikulua.– Osasun Publikoko Laborategiak egin beharreko jarduketak.
Euskadiko Osasun Publikoko Laborategiak honako jarduketa hauek egingo ditu, gutxienez:
a) Ingurumen-osasunarekin, elikagaien segurtasunarekin eta beste agente batzuekin lotutako arriskuak ebaluatzeko eta zaintzeko emaitza analitiko fidagarriak ematea.
b) Determinazio mikrobiologikoen emaitzak ematea, agente patogenoen transmisioa kontrolatzen laguntzeko.
c) Determinazio kimikoen eta biomonitorizaziokoen emaitzak ematea, herritarren osasunean garrantzia duten substantzien arriskuak ebaluatzeko.
d) Gaixotasun infekziosoak, transmitigarriak, kronikoak eta genetikoak ebaluatzeko eta zaintzeko emaitza analitiko fidagarriak ematea.
e) Euskarri analitikoa eta beharrezko koordinazioa eskaintzea, osasun-arazoak detektatzeko ezartzen diren baheketak egiteko.
f) Euskarri analitikoa eta beharrezko koordinazioa eskaintzea droga-mendekotasunak prebenitzeko, kontrolatzeko eta tratatzeko, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legea eta osasun publikoaren arloan ezartzen diren beste araudi eta estrategiak betez.
g) Aholkularitza eta babes analitikoa ematea, osasun publikoa ikertzeko azterlan eta proiektuetarako.
h) Parte hartzea osasun publikoan aplikatzeko teknologia analitikoen eremuko prestakuntzan eta ikerketan.
i) Hitzarmenak egitea prestakuntza teknikoa ematen duten organismoekin, bai eta metodologia analitikoaren arloko laguntza teknikoa ere.
j) Alderdi analitikoei buruzko aholkularitza ematea osasun publikoa kontrolatu eta zaintzeko programak diseinatzean eta eremu horretako arauak garatu eta aplikatzean.
k) Osasun publikoarekin lotutako alerta eta larrialdietan parte hartzea, babes analitikoa emanez arriskuak, infekzio-iturriak, eramaileak eta gainerako arrisku-faktoreak identifikatzeko.
l) Elikagaien kontrol ofizialeko planetan parte hartzea eta laguntza teknikoa ematea.
85. artikulua.– Beste laborategi batzuen jarduketak osasun publikoaren arloan.
1.– Euskadiko Osasun Publikoko Laborategiak koordinatuko ditu titulartasun publikoko laborategien jarduera analitikoak (Osakidetzako asistentzia-sareko laborategi egiaztatuenak barne) eta titulartasun pribatuko laborategienak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan osasun publikoaren arloko jarduera analitikoak egiteko egiaztatuta badaude.
Era berean, osasun publikoko beharrei erantzuteko, Euskadiko Osasun Publikoko Laborategiak beste eremu analitiko batzuetako titulartasun publikoko edo pribatuko laborategien jarduna baliatu ahal izango du. Osasun Publikoko Laborategiak zehaztu ahal izango du zein izango den erreferentziako teknika analitiko espezifikoak, behar bezala egiaztatuak, egiteko egoitza.
2.– Osasun publikoaren arloan jarduten duten titulartasun publikoko edo pribatuko laborategi guztiek kalitatea kudeatzeko sistema bat izan beharko dute, ezarritako betekizunen arabera eta kalitate analitiko handienarekin egiaztatutako produktu eta zerbitzu bat bermatzeko. Gainera, beren zerbitzu-zorroa egin eta etengabe eguneratuta eduki beharko dute, Osasun Publikoko Laborategiarekin koordinatuta.
3.– Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko, beste autonomia-erkidego batzuetako edo Estatuko Administrazioko agintari eskudunek, beren eskumenen esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko laborategi publiko edo pribatuak izendatuko dituzte elikagaien kontrol ofiziala egiteko.
CAPĶTULO IX
OSASUNA SUSTATZEA
86. artikulua.– Osasuna sustatzea.
1.– Administrazio publikoek norbanakoen osasuna eta osasun kolektiboa sustatuko dute, herritarrek eta gizarte-taldeek beren gaitasunak gara ditzaten, beren osasunaren kudeaketan autonomia handiagoa izan dezaten eta osasunaren determinatzaileen gaineko kontrola indartu dezaten, pertsonen eta komunitateen osasunerako jarrera eta ohitura positiboak sustatuz. Era berean, aukera osasungarrienak erraztuko dituzten gizarte-, lan-, ingurumen- eta ekonomia-baldintzak bultzatuko dituzte; ekintza komunitarioa eta sektoreartekoa eta gizarte-ehuna sendotzen lagunduko dute; osasunerako hezkuntza sustatuko dute, eta ingurune osasuntsu, seguru eta jasangarriak sustatuko dituzte, azken helburua izanik osasuneko ekitatea erdiestea.
2.– Osasuna sustatzeko jarduketak, ahal dela, herritarrak eta gizarte-taldeak bizi diren eta bizikidetzan diharduten leku eta inguruneetan garatuko dira, ikasten duten edo lan egiten duten leku eta inguruneetan, bereziki teknologia digital berrien eta gizarte-elkarrekintzakoen bidez. Eskola-eremuan, lan- eta komunitate-eremuan eta eremu sanitarioan eragingo da bereziki, eta lehentasuna emango zaie gazteenei, adinekoei eta egoera ahulean dauden edo premia bereziak dituzten taldeei.
87. artikulua.– Osasuna sustatzeko jarduketak.
Administrazio publikoek, osasuna sustatzeari dagokionez, jarduketa hauek egingo dituzte, besteak beste:
a) Osasuna sustatzeko ekimenak garatzea, zeharkakoak eta sektoreartekoak, herritar-taldeen bizitoki eta bizieran eragina duten osasun-determinatzaile espezifikoei ekiteko, bi helburu hauekin: desgaitasunik gabeko bizimoldea sustatzea, zahartze aktibo eta osasungarria bultzatuta, eta osasun-desparekotasunak murriztea.
b) Ekintza komunitarioa bultzatzea eta indartzea, herritarrek berek parte hartuz beren osasun-premiei erantzungo dieten prozesuak diseinatzen, abian jartzen eta ebaluatzen.
c) Sareko lana sustatzea Osasun Publikoaren Euskal Sistema osatzen duten administrazioekin, Osakidetzarekin eta sektore pribatuarekin, komunitate bakoitzeko gizarte-eragileak eta gizarte zibila kontuan hartuta, aholkularitza eta laguntza teknikoa emanez, bai eta prestakuntza-, informazio- eta dokumentazio-baliabide eguneratuenak eskuratuz ere.
d) Planak eta programak diseinatzea eta ezartzea, herritarrei osasun-arloko informazioa eta hezkuntza emateko, bizitzako etapa desberdinei aurre egiteko ezinbestekoak diren gaitasun pertsonalak gara ditzaten, eta norberaren osasunari buruzko erabakiak hartzen laguntzeko eta haren alde dagokeena aukeratzen laguntzeko.
e) Planak eta programak garatzea elikadura osasungarriaren arloan, jarduera fisikoaren eta sedentarismoaren murrizketaren arloan, ongizate emozionalaren eta osasun mentalaren arloan, sexu- eta ugalketa-osasunaren arloan, zahartze aktibo eta osasungarrian, suizidioaren prebentzioan eta, oro har, jokabide osasungarri eta seguruen sustapenaren arloan.
f) Osasunaren aldeko neurriak bultzatzea araudiaren arloan –bereziki toki-eremuan–, prezioak finkatzearen arloan, zerga-arloan, informazioan eta etiketatzean.
X. KAPITULUA
ADIKZIOAK
88. artikulua.– Adikzioen arloko jarduketak.
1.– Administrazio publikoek, osasunaren babesa ziurtatzeko, neurriak eta jarduketak bultzatu eta garatuko dituzte adikzioei arreta integrala emateko –bai droga-mendekotasunei, bai eta jokabidezko adikzioei–, honako eremu hauei dagokienez: prebentzioa, eskaintzaren murrizketa, osasun-laguntza eta laguntza soziosanitarioa, gizarteratzea eta garapena eta ezagutzaren kudeaketa. Orobat bultzatu eta garatuko dira erakundeak antolatzeko eta koordinatzeko eta arlo honetan gizarte-ekimenarekin lankidetzan aritzeko ekintzak.
2.– Jarduketa horiek diseinatzean eta garatzean, arestian deskribatutako osasunaren prebentzio-, babes- eta sustapen-faktoreak hartuko dira kontuan. Arreta berezia jarriko zaie prebentzio-faktoreei eta arrisku-faktoreei, genero-ikuspegiari eta adingabeen eta gazteenen ezaugarri eta premiei, bai eta egoera bereziki ahulean daudenei ere.
3.– Esparru honetako prestazioen garapena Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legean eta hura garatzen duen araudian ezartzen da. Horien plangintza Adikzioei buruzko Euskadiko Planaren bidez egingo da, eta plan hori Euskadiko Osasun Planarekin lotuta egongo da.
4.– Adikzioen arloko jarduketak osasun-agintaritzak Euskadiko Osasun Planarekin lotuta osasun publikoaren arloan zehaztutako gainerako jarduketekin integratuko dira.
VIII. TITULUA
OSASUN PUBLIKOAREN ARLOKO EZAGUTZA KUDEATZEA
I. KAPITULUA
EUSKADIKO OSASUN PUBLIKOAREN INFORMAZIO SISTEMA
89. artikulua.– Euskadiko Osasun Publikoaren Informazio Sistema.
Euskadiko Osasun Publikoaren Informazio Sistema eratuko dute osasun publikoaren helburua osorik edo partez partekatzen duten informazio-sistemek, bai eta osasun publikoaren gaineko erabakiak hartzean garrantzitsua izan daitekeen informazioa ematen dutenek ere, sustatu edo kudeatzen dituen administrazioa eta sortzen dituen sektorea edozein dela ere, publikoa zein pribatua. Dituen helburuen arabera, informazio mota hauek integratuko ditu, gutxienez:
a) Osasunaren determinatzaileak ezagutzeko eta ebaluatzeko beharrezkoak diren estatistikak, erregistroak, inkestak eta azterlanak, sistematikoak izan edo ez: hezkuntza, gizarte-egoera, lan-egoera eta lan-baldintzak, etxebizitza, ingurune fisikoaren eta ingurumenaren baldintzak eta segurtasuna, bizi-estiloak, adikzioak, demografia eta biztanleria, sare sozialak, ekonomia, zerbitzuak, baliabide sanitarioak eta beste.
b) Osasun-arazoak, osasun-maila, bizi-kalitatea eta ongizatea ebaluatzen laguntzen duten estatistikak, erregistroak, inkestak eta azterlanak, sistematikoak izan edo ez: morbilitatea eta heriotza-tasa, bizi-baldintzak eta ongizate-adierazleak, desgaitasuna, gaixotasun-karga eta bizi-itxaropena.
c) Osasun-arriskuei eta jarduera sanitarioei eta osasun publikoko jarduerei buruzko estatistikak, erregistroak, inkestak eta azterlanak, sistematikoak izan edo ez: osasun publikoko zaintza-sistemak; osasun-alertak, osasun publikoko larrialdiak; ingurumen-osasuna eta elikagaien segurtasuna; osasunaren sustapena, prebentzioa, txertaketak eta osasunaren babesa; lan-osasuna; asistentzia sanitario publikoaren eta pribatuaren irisgarritasuna, erabilera, kalitatea, eraginkortasuna eta efizientzia; politika sanitarioen eta politika ez-sanitarioen osasun-inpaktuaren balorazioa, eta osasun publikoko beste edozein ekintza edo zerbitzu.
d) Osasun publikoko jarduerak diseinatzeko, garatzeko edo ebaluatzeko baliagarriak diren ondasun edo zerbitzuen ekoizpen- eta merkataritza-jarduerei buruzko informazioa.
90. artikulua.– Euskadiko Osasun Publikoaren Informazio Sistemaren funtzioak.
1.– Euskadiko Osasun Publikoaren Informazio Sistemari dagokio:
a) Bermatzea Euskal Autonomia Erkidegoan nahitaezkoa den informazio sanitarioa erregistratu, prozesatu, jagon eta bidali edo jakinaraziko dela.
b) Herritarren osasun-egoerari buruzko azterlanak egitea, eguneratzea eta zabaltzea, osasun-arazo nagusiak eta horien determinatzaileak aldian-aldian ezagutu eta baloratu ahal izateko.
c) Herritarren osasuna hobetzeko eta osasun-desparekotasunak murrizteko aukerak identifikatzea.
d) Identifikatzea langileen osasunean eragina duten lan-ingurunearen determinatzaileak; baloratzea lanetik eratorritako osasun-premiak, eta ebaluatzea laneko osasunean egiten diren programa, esku-hartze eta politiken eraginkortasuna.
e) Osasun publikoko esku-hartzeen eraginkortasuna eta «osasuna politika guztietan» estrategiaren efikazia ebaluatzeko beharrezko informazioa kudeatzea.
f) Sistema sanitario publikoaren eta pribatuaren ekarpenaren emaitzek eta inpaktuak herritarren osasuna hobetzeko duten eragina ebaluatzeko behar den informazioa kudeatzea, bai eta osasun publikoko eta arreta sanitario publiko eta pribatuko jarduketen irisgarritasuna, erabilera, kalitatea, segurtasuna, eraginkortasuna eta efizientzia ebaluatzeko beharrezkoa dena ere.
g) Osasunaren arloan planifikatzen, kudeatzen, ebaluatzen eta ikertzen laguntzea.
h) Administrazioei eta profesionalei osasun publikoko funtzioak betetzeko behar duten informazioa ematea, eta erabakitzen den informazioa herritarrei oro har edo zenbait talde edo gizarte-eragileri zabaltzea.
i) Estatuko edo nazioarteko erakunde eskudunei jakinaraztea legez edo erregelamenduz ezarritako osasun publikoaren arloko informazioa.
j) Eskuragarri dauden datuak, estatistikak, txostenak eta azterlanak ematea pertsona edo entitate jakin batzuei, baldin eta erabiltzen badituzte ikerketa-helburuetarako, osasuneko foru-, toki- edo eskualde-planak egiteko, biztanlerian esku hartzeko planak egiteko edo «osasuna politika guztietan» esparruko proiektuen jarraipena egiteko, betiere haien konfidentzialtasuna eta segurtasuna bermatzen bada.
k) Osasun publikoko larrialdi-egoeretan, funtzio hauetan beharrezkoak diren salbuespenak zehaztuko dira, larrialdiaren testuinguruan herritarren osasuna babesteko beharrezkoak diren funtzioei eutsi eta betetzen direla ziurtatzeko.
l) Sistemaren funtzionamendua eta efizientzia ebaluatzea eta hobetzeko proposamenak egitea.
2.– Euskadiko Osasun Publikoaren Informazio Sistemari dagokionez, Eusko Jaurlaritzan osasun-arloko eskumena duen sailari dagokio honako jarduketa hauek egitea:
a) Teknologia berrietara egokitzen diren komunikazio-tresnak ezartzea, informazioa biltzea, aztertzea, trukatzea eta hedatzea azkarragoa eta efikazagoa izan dadin.
b) Osasun publikoaren arloko informazio-sistemen ekarpena koordinatzea Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuetako eta Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemako beste administrazio batzuetako informazio-sistemekin.
c) Informazio-sistemaren funtzionamendu-arauak definitzea. Arau horiek oinarri hartuta ezarriko dira osasun publikoko informazioaren hornitzaileen, prozesatzaileen eta erabiltzaileen betebeharrak eta eskubideak.
d) Datuak babesteko araudian ezarritako segurtasun-neurriak betetzen direla bermatzea bere mendeko erregistro eta jakinarazpen-sistemetan.
e) Sailkatzeko eta kodifikatzeko prozedurak ezartzea, bai eta osasun publikoarekin zerikusia duten informazio-sistemek bete behar dituzten gutxieneko eskakizun tekniko komunak ere, kudeatzen duten informazioa bateragarria izango dela bermatzeko eta haien arteko harremanak ahalbidetzeko.
f) Euskadiko Osasun Publikoaren Informazio Sistemak kudeatzen duen informazioa biltzen, prozesatzen eta aztertzen lan egiten duten pertsonen etengabeko prestakuntza sustatzea.
3.– Osasun Publikoaren Informazio Sistemak, premien eta eskura dauden datuen arabera, osasun publikorako garrantzizkoak diren aldagaien arabera bereizitako informazioa emango du, datu pertsonalak babesteko araudian ezarritakoarekin bat etorriz.
91. artikulua.– Euskadiko Osasun Behatokia.
1.– Euskadiko Osasun Publikoaren Informazio Sistemaren ikerketa-, analisi- eta informazio-funtzioak, teknikoak zein zientifikoak, Euskadiko osasun-behatoki baten bidez gauzatu ahal izango dira. Behatoki horren konfigurazioa erregelamendu bidez zehaztuko da.
2.– Behatokiak jarduera hauek egin ahal izango ditu:
a) Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemari informazio garrantzitsua eta kalitatekoa ematea, Euskadiko Osasun Planetik eta Osasun Publikoaren Euskal Institututik eratorritako jarraibideetan oinarrituta, eta, horrela, Euskadiko osasun-egoerari buruzko ikuspegi orokorra ematea, «osasuna politika guztietan» ikuspegitik.
b) Osasun-arloko plangintzarako, kudeaketarako, ebaluaziorako eta ikerketarako behar den informazioa sortzea, honako hauei zuzenduta: Euskadiko Osasun Publikoaren Sistema osatzen duten eragileak, erakundeak, ikerketako langileak, osasun-arloko profesionalak, eremu pribatuko eragileak eta gizarte zibila, oro har.
c) Osasun-egoerari eta -joerei eta horien determinatzaileei buruzko datuak, analisiak, ikerketak eta informazioak biltzea eta zabaltzea, barne hartuta Euskadin dauden osasun-arloko desparekotasun sozialei buruzkoak, osasuna sustatzeko politikak eta esku-hartzeak diseinatzeari begira osasun publikoaren arloan erabakiak hartzea errazteko. Beti bermatuko beharko da eskuratutako datuen konfidentzialtasuna.
d) Osasun publikoaren arloko ikerketa-, azterketa- eta prestakuntza-ildoak bultzatzea, sektoreen arteko eta diziplinen arteko ikuspegitik, eta genero-ikuspegia berariaz kontuan hartuta.
92. artikulua.– Informazioaren tratamendua, komunikazioa, segurtasuna eta konfidentzialtasuna.
1.– Sektore publikoko zein pribatuko administrazio, zentro, zerbitzu eta establezimendu guztiak, bai eta horietan lan egiten duten pertsonak ere, behartuta daude Osasun Publikoaren Informazio Sistemak eskatutako informazioa ematera, bai eta beren informazio- eta erregistro-sistemak tratamendu egokia ahalbidetzen duten formatu eta formetara egokitzera ere.
2.– Aurreko apartatuan aipatzen den informazioaren transmisioa, ahal dela, informazio-sistemen elkarreragingarritasunaren bidez egingo da, horrek aukera emango baitu Eusko Jaurlaritzako sail eta organismoen eremuko aplikazioetan eta gainerako administrazio publikoen eremuko aplikazioetan eskuragarri dagoen informazioa trukatzeko, horrela betez zenbait lege-xedapenetan egindako aurreikuspenak: Osasun Sistema Nazionalaren Kohesio eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legea, Osasun Sistema Nazionaleko osasunaren informazio-sistemaren inguruan; Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, herritarrek zerbitzu publikoetan sarbide elektronikoa izatearen inguruan, eta horiek guztiak garatzeko diren gainerako arauak.
3.– Aurreko 2. puntuaren ondorioetarako, Euskadiko Osasun Publikoko Informazio Sistemak azpiegitura teknologiko egokia izango du, informazio-sistemako eragileen arteko elkarreragingarritasuna errazteko.
4.– Datu pertsonalak babesteari buruzko araudian ezarritakoari jarraikiz, artikulu honen lehen apartatuan aipatutako pertsona fisiko eta juridikoek beren eginkizunak betetzean jasotzen dituzten datu pertsonalak interesdunaren baimenik gabe jakinarazi ahal zaizkio Osasun Publikoaren Euskal Institutuari, Osasun Publikoaren Informazio Sistemaren beharren arabera trata ditzan.
Historia klinikoan dagoen informazioa helburu horiekin irispidean jartzeak behartzen du pertsonaren identifikazio-datuak bereizita gordetzera; alegia, datu kliniko eta asistentzialetatik bereizita. Horrela, oro har, anonimotasuna bermatuko da, Pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrak arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Oinarrizko Legeak ezarritakoaren arabera, baina salbuespen hauekin:
a) Interesdunak aldez aurretik baimena eman badu datuok ez bereizteko.
b) Herritarren osasunerako arrisku larri bat prebenitzeko beharrezkoa izanik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak aipatzen dituen osasun-administrazioek pazienteen identifikazio-datuetara jo behar badute, arrazoi epidemiologikoengatik edo osasun publikoa babesteko.
Osasun publikoko profesionalek datu klinikoetarako irispidea izan ahalko dute, lege honetan ezarritako esku-hartze publikoen ondorioetarako.
Historia klinikoko datuetarako eta dokumentuetarako irispidea kasu bakoitzaren helburu espezifikoetara mugatuko da soil-soilik, eta sekretu profesionalaren mende dauden profesional sanitarioek eskuratuko dituzte, datuetarako irispidea eskatzen duen administrazioak arrazoiak azaldu ondoren.
5.– Euskadiko Osasun Publikoaren Informazio Sistemaren maila guztietan hartu beharko dira datuen konfidentzialtasun eta segurtasuna bermatzeko beharrezko neurriak, datuen babesaren arloan legez eta erregelamenduz xedatutakoari jarraituz.
Herritarren identifikazio-datuak, beharrezkoak direnean, lortu nahi den helbururako egokiak eta baliagarriak izan beharko dira, bai eta proportzionaltasun-irizpideen arabera bildutakoak ere; gainera, suntsitu egingo dira lortu ziren osasun publikoaren helbururako ekarpenak egiteari uzten dioten unean.
6.– Beren eginkizunak betetzean Euskadiko Osasun Publikoaren Informazio Sistemako datu pertsonaletara irispidea duten pertsona guztiek sekretu profesionala gordetzeko betebeharra eta konfidentzialtasun-betebeharra dute, datu pertsonalak babesteari buruzko araudiak ezarritakoari jarraikiz. Horretarako, behar bezala jakinaraziko zaie informazio horren segurtasuna zaintzeko erantzukizuna dutela eta ezin dutela informazio hori jakinarazi berariazko baimenik izan ezean. Era berean, betebehar horri buruzko konpromiso pertsonal bat sinatu beharko dute, aldizka berrituko dena eta denboran iraungo duena, lan-harremana amaituz gero ere.
7.– Lege honetan ezarritakoaren arabera tratatuko diren datu pertsonalen titularrek euren eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren eragile eta arduradun direnen aurrean, datu pertsonalak babesteari buruzko araudiaren xedatutakoari jarraikiz.
93. artikulua.– Euskadiko Osasun Publikoaren Informazio Sistemaren plangintza, kudeaketa eta koordinazioa.
1.– Osasun Publikoaren Euskal Institutuak egingo du Osasun Publikoko Informazio Sistemaren plangintza, kudeaketa eta koordinazioa, informazio-sistema osatzen duten informazio-azpisistemen ardura duten Euskal Administrazioko egiturekin koordinatuta.
2.– Haren funtzionamendu-prozedura ezarriko da, eta erakundeek eta entitateek osasun publikoaren informazio-sistemaren inguruan dituzten betebehar eta eskubideak ere bai.
3.– Legez ezarritako gainerako jakinarazpen-betebeharrak eragotzi gabe, zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioek, hala sektore publikokoek nola pribatukoek, osasun publikoa behar bezala zaintzen dela bermatzeko eskatzen zaizkien protokoloak, txostenak, estatistikak eta gainerako dokumentazioa eta informazioa bete beharko dituzte; betiere, informazio egokia eta osasun publikoaren zaintza egokia bermatzeko behar-beharrezkoa den informazioa baino ez. Zehazki, bermatzen da Osakidetzaren informazio-sistemetan eskuragarri dagoen osasun publikoko informazioaren hornidura eta irispidea, bai eta Euskadiko entitate eta establezimendu publiko eta pribatuen beste informazio-sistema batzuetan eskuragarri dagoena ere.
II. KAPITULUA
PRESTAKUNTZA, IKERKETA, BERRIKUNTZA ETA EBALUAZIOA
94. artikulua.– Prestakuntza, ikerketa, berrikuntza eta ebaluazioa osasun publikoan.
Osasun publikoaren arloko prestakuntza, ikerketa, berrikuntza eta ebaluazioa elementu estrategikoak dira osasun publikoaren euskal sistemarentzat.
Osasun Publikoaren Euskal Institutuak profesionalen prestakuntza bultzatu eta sustatuko du, bai eta osasun publikoaren arloko ikerketa eta berrikuntza ere. Horretarako, organo eskudunekin, unibertsitateekin –bereziki Euskal Herriko unibertsitate publikoarekin–, ikerketa-zentroekin eta inplikatutako beste eragile batzuekin koordinatuta eta lankidetzan jardungo du.
95. artikulua.– Osasun publikoko profesionalen prestakuntza eta gaikuntza.
1.– Osasun publikoaren esparruko jarduera profesionaltzat hartzen dira osasun publikoaren funtzioak betetzean garatzen direnak. Osasun publikoa diziplinartekoa denez, bertako langileek bizialdi osoko etengabeko prestakuntza jarraitu behar dute nahitaez, eta prestakuntza horrek, gainera, egokia izan behar du haien erantzukizun- eta eskumen-mailarako, jardun profesional egokia ziurtatzeko.
2.– Osasun publikoaren arloan eskumenak dituzten euskal administrazio publikoek, eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzan osasunaren arloko eskumena duen sailak, Osasun Publikoaren Euskal Institutuaren bidez, Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemako profesionalen etengabeko prestakuntza eta gaitasun teknikoa bultzatu eta erraztuko dute, prestakuntza-ahalmena duten sektoreen eta erakundeen sinergiak indartuz eta erraztuz eta etengabeko prestakuntzarako programak garatuz, besteak beste.
3.– Besteak beste, prestakuntzarekin lotutako ekintza hauek egin ahal izango dira:
a) Prestakuntza-aukera espezializatuak eta kalitatekoak sustatzea, Euskadiko lurraldean edo Euskadiko profesionalentzat.
b) Osasun publikoarekin erlazionatutako espezialitateen irakaskuntza-unitateak egiaztatzen eta ebaluatzean parte hartzea.
c) Osasun publikoko profesionalentzako etengabeko prestakuntzako programak prestatzea edo egiten laguntzea.
d) Osasun publikoko profesionalen etengabeko prestakuntza-programak eta programa horiek ematen dituzten zentroak egiaztatzeko irizpideak proposatzea.
e) Osasun publikoko profesionalen eskumenak ezartzen eta berrikusten parte hartzea.
f) Profesionalen beharrak, profil profesionalak eta gaitasun-mailak identifikatzea, eta osasun-agintariei eta agintari akademikoei informazioa ematea, osasun publikoaren arloko prestakuntza-programak egiteko.
96. artikulua.– Osasun publikoko prestakuntza.
1.– Osasun publikoaren arloan eskumenak dituzten euskal administrazio publikoek eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzan osasunaren arloko eskumena duen sailak, Osasun Publikoaren Euskal Institutuaren bitartez, osasun publikoaren gaineko prestakuntza bultzatuko dute Euskadi osoan. Horretarako, graduko eta graduondoko prestakuntza-programak ezartzea erraztuko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateekin –batez ere Euskal Herriko Unibertsitatearekin– lankidetzan, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Erkidegotik kanpoko beste entitate akademiko batzuekin ere, osasun publikoan diziplina anitzeko gaitasun profesionala indartzeko.
2.– Osasunaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren sailak, halaber, profesional sanitario eta soziosanitarioei eta osasunarekin lotutako beste arlo batzuetako profesionalei zuzendutako prestakuntza-programak ere bultzatuko ditu, osasun publikoaren arloan duten prestakuntza hobetzeko eta gaikuntza handiagoak emateko aipatu arloetan. Horretarako, lankidetzan arituko da Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin, bai eta hezkuntza-erakunde eta -entitateekin, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Erkidegotik kanpo, profesional horientzat osasun publikoaren arloko ezagutza eta prestakuntza garatzeko.
3.– Lehen mailako arretako profesional guztiek, beren prestakuntza- eta trebakuntza-prozesuetan, osasun publikoaren arloko prestakuntza-ekintzak egingo dituzte, aplikatu beharreko araudiaren arabera.
97. artikulua.– Osasun publikoaren gaineko ikerketa eta berrikuntza.
1.– Osasun publikoan eskumenak dituzten Euskadiko administrazio publikoek eta, bereziki, osasun-arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren sailak eta Osasun Publikoaren Euskal Institutuak, unibertsitateekin lankidetzan, osasun publikoaren arloko ikerketa eta berrikuntza bultzatuko dituzte.
2.– Gainera, ekintza hauek egingo dituzte:
a) Ikerketa-taldeak eratu daitezen bultzatzea.
b) Kalitateko ikerketa eta berrikuntza lortzea, Euskadiko osasun-planetan ezarritako estrategia eta lehentasunen zerbitzura.
c) Osasun publikoko ikerketaren emaitzak eta horrek herritarren osasunean izan dezakeen eragina ebaluatzea, emaitzen komunikazioa eta zabalkundea sustatuz.
d) Ikerketa-jarduera eta emaitzak praktika klinikora transferitzeko jarduera zientifikoki garatzen eta sostengatzen direla bermatzea, kolektiboen arteko ezberdintasunak aintzat hartuta.
98. artikulua.– Osasun publikoko programen ebaluazioa.
1.– Osasun publikoko programak aldizka ebaluatu beharko dira, administrazio eskudunaren ekimenez.
2.– Ebaluazioaren barruan sartuko dira, eskura dauden baliabideak eta jakintza aintzat hartuta, jardueraren analisia, zehazki jardueraren egiturarena, prozesuarena eta emaitzena, bai eta jarduera hobetzeko gomendioak ere.
3.– Osasun-arloan eskumena duen sailak osasun publikoko programen ebaluazioa helarazi ahal izango dio Eusko Legebiltzarrari.
IX. TITULUA
ERANTZUKIDETASUNA ETA ESKU-HARTZE ADMINISTRATIBOA OSASUN PUBLIKOKO GAIETAN
I. KAPITULUA
ESKU-HARTZE ADMINISTRATIBOAREN PRINTZIPIO INFORMATZAILEAK
99. artikulua.– Esku-hartze administratiboaren printzipio informatzaileak.
Titulu honetan aipatzen diren osasun publikoaren arloko neurriak Euskadiko Osasun Publikoaren Sistemaren printzipio gidariak errespetatuz hartu behar dira, eta, bereziki, osasun publikoaren arloko esku-hartze administratiboaren printzipio informatzaile hauek errespetatuz:
a) Neurriak garaiz eta modu egokian hartu beharko dira, eta proportzionalak izan behar dute lortu nahi diren helburuekiko eta sortarazi dituen egoerarekiko.
b) Erabakiak irizpide zientifikoetan oinarrituta justifikatu behar dira, edo osasun publikoarentzat egon daitekeen arriskuari buruzko balioespen profesional eta inpartzial batean oinarrituta.
c) Erabakiak gainerako osasun-agintariek hartutako erabakiekin koordinatu beharko dira, arriskuak beste lurralde-eremu batzuk ere hartzen baditu.
d) Herritarrei unean uneko informazio objektiboa ematea, dagoen arriskuari, hartutako erabakiei eta gomendatutako autobabes-neurriei buruz, ahal dela eragindako industria, zerbitzu eta enpresentzat beharrezkoak ez diren kalteak saihestuz.
e) Eragina murriztea pertsonen eta ondasunen zirkulazio askean, enpresa-askatasunean eta herritarren gainerako eskubideetan.
f) Herritarren bizitza eta osasuna babestea, osasun publikoko larrialdi-egoeretan.
II. KAPITULUA
ERANTZUKIDETASUNA ETA LANKIDETZA OSASUN PUBLIKOAREN ALORREAN
100. artikulua.– Erantzukidetasuna eta autokontrola.
1.– Herritarren osasunean eragina duten edo izan dezaketen jarduerak egiten diren lokal, instalazio, establezimendu, zerbitzu eta industrien titularrak diren pertsona fisiko edo juridikoak behartuta daude herritarren osasunari lesiorik ez eragitera, eta lokal eta instalazioen eta haien eranskinen higienearen eta segurtasun sanitarioaren erantzuleak dira, bai eta horien ondoriozko prozesuen eta produktuen edo substantzien erantzuleak ere. Horretarako, autokontrol-prozedura eraginkorrak ezarri behar dituzte beren segurtasun sanitarioa bermatzeko; gainera, honako betebehar hauen mendean egongo dira:
a) Ziurtatzea beren kontrolpean dauden instalazio, lokal, establezimendu, enpresa eta jardueretan osasun-legediaren baldintzak betetzen direla; horretarako, autokontrol-sistema egokiak ezarriko dituzte.
b) Instalazioei, jarduerei eta produktuei lotutako arriskuei buruzko jakintza teknikoa eta zientifikoa egunean izatea.
c) Arriskuren bat dagoela pentsaraz dezaketen erreklamazioak ikertzea.
2.– Aurreko apartatuan adierazitako pertsona fisiko edo juridikoek beren gain hartu ahal izango dute osasuna sustatzeko eta gaixotasunak prebenitzeko gizarte-erantzukizuneko ekintzak borondatez egitea, bai beren jardueraren esparruan, bai ingurunearen eta komunitatearen barne-esparruan. Horretarako, osasun-administrazio publikoek lankidetza-akordio egokiak sinatu ahal izango dituzte haiekin.
101. artikulua.– Osasun publikoa babesteko eta Osasun Administrazioarekin lankidetzan aritzeko eginbeharra.
1.– Osasun publikoa babesteko eta horretarako hartutako neurriak eraginkorrak izan daitezen, administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, bai eta erakunde eta entitate pribatuek ere, osasun publikoa zaintzeko eta osasun-agintaritzarekin eta haren agenteekin lankidetzan aritzeko betebeharra dute, agintaritza eta agente horiek ezartzen dituzten kontrolei men eginez eta osasunerako arriskuei aurre egiteko adostutako neurrien betearazpena erraztuz.
2.– Instalazio, establezimendu, zerbitzu edo industrien titular diren pertsona fisiko edo juridikoek detektatzen badute osasunerako arriskuak daudela (edo arrisku horien zantzu nahikoak daudela) beren jardueraren edo produktuen ondorioz, betebehar hauek izango dituzte:
a) Egoera berehala jakinaraztea dagokion osasun-agintaritzari, eta hark eskatzen dion informazio guztia ematea.
b) Egokitzat jotzen dituen euste-neurriak hartzea, bere ekimenez eta errekerimendurik gabe, Osasun Administrazioak horren gainean ezer xedatzen ez duen bitartean.
c) Osasun publikoko jarduketen garapena erraztea, eta jarduketok zaildu, eragotzi edo faltsutzen duten jokabideak alde batera uztea.
d) Osasun-agintaritzak arrisku-egoerari buruz adostutako neurriak atzerapenik gabe betearaztea.
3.– Erregelamendu bidez ezarriko dira osasun publikoaren arloko agintari eskudunei informazioa emateko protokoloak eta prozedurak, bai eta kasuan kasuko jakinarazpenaren edukia ere.
III. KAPITULUA
OSASUN-AGINTARITZA
102. artikulua.– Osasun-agintaritza.
Lege honen ondorioetarako, osasun-agintaritzaren izaera dute, bakoitzak bere eskumen-eremuan: osasunaren arloan eskumena duen sailaren titularrak, Osasun Publikoaren Euskal Institutuko titularrak eta Euskal Autonomia Erkidegoko udaletan osasun publikoaren arloaren eskumena duten organoek.
103. artikulua.– Osasun-agintaritzaren funtzioak.
1.– Osasun-agintaritzak, bere jardun-eremuan, esku har dezake jarduera publikoetan eta pribatuetan, herritarren osasuna babesteko eta gaixotasuna prebenitzeko, honako funtzio hauek betez:
a) Herritarren osasunean eragina izan dezaketen jarduerak egiteko eta establezimenduak eta instalazioak irekitzeko funtzionamendu- eta baimen-araubideak konfiguratzea, baimen sanitario egokia ez dutenak eta osasun-agintaritzak ezarritako funtzionamendu-baldintzak betetzen ez dituztenak ixtea barne.
b) Instalazioen, osasun-establezimendu sanitarioen, industrien, jardueren eta produktuen kontrol sanitarioa errazteko beharrezkoak diren erregistroak sortzea eta mantentzea.
c) Ondasunak eta produktuak ekoitzi, banatu, merkaturatu eta erabiltzeko gutxieneko betekizunak eta baldintza higieniko-sanitarioak ezartzea, bai eta horiek ikuskatu eta kontrolatzeko prozedurak ere; gabezia higienikoak eta sanitarioak zuzentzeko beharrezkoak diren egiturazko aldaketak edo prebentzio- eta zuzenketa-neurriak barne.
d) Zaintza-sistemak, komunikazio-sareak, informazio-sistemak eta datuak aztertzeko metodoak ezartzea, osasun publikoan eragin negatiboa izan dezaketen egoeren hurbiltasuna edo presentzia ahal bezain azkar detektatu eta ezagutu ahal izateko.
e) Osasunean eragina izan dezaketen produktuen eta jardueren publizitatea eta propaganda kontrolatzea, egiazkotasun-irizpideetara egokitzeko eta osasun publikoari kalte egin diezaiokeen guztia saihesteko.
f) Lege honen bitartez esleitzen zaion beste edozein eginkizun.
2.– Osasun-agintaritzak, bere funtzioak betetzean, babesa, laguntza eta lankidetza eskatu ahal izango dizkie beste administrazio-organo batzuei, enplegatu publikoei edo beste erakunde batzuei, eta, are gehiago, Ertzaintzari edo segurtasun-funtzioak esleituta dituzten beste agintaritza-agente batzuei ere eskatu ahal izango die laguntza, premia zorrotzeko eta presazko kasuetan, indarrean dagoen legeria hobeto betetzeko.
104. artikulua.– Osasun-agintaritzako agenteen jarduketak.
Osasun-agintaritzako agenteek jarduketa hauek egiteko ahalmena izango dute, indarrean dagoen araudian adierazitako baldintzetan:
a) Eragile ekonomikoei eta entitate, establezimendu, instalazio eta zerbitzuen titularrei aholkularitza ematea, aplikagarri zaien araudi sanitarioaren ezarpenari eta eskakizunei buruz.
b) Eragile ekonomikoek eta entitate, establezimendu, instalazio eta zerbitzuen titularrek segurtasun sanitarioaren arloan dituzten autokontrol-sistemen egiaztapena eta jarraipena egitea.
c) Eragile ekonomikoen eta entitate, establezimendu, instalazio eta zerbitzuen titularren jarduketak sistematikoki aztertzea, aplikagarri zaien araudi sanitarioa betetzen dutela egiaztatzeko.
d) Kontrol sanitarioari lotutako edozein instalazio, establezimendu, zerbitzu edo industriatan ikuskapen-bisitak egitea.
e) Ikerketak egitea, kontrol sanitarioa gauzatzeko beharrezkoak diren proben edo azterketen bidez, indarrean dagoen araudiaren arabera.
f) Osasun publikoaren babesarekin lotutako txostenak egitea.
g) Ikuskatu edo kontrolatu beharreko enpresak, entitateak, establezimenduak, instalazioak eta zerbitzuak kontrolatzeko beharrezkoa den dokumentaziorako irispidea, edozein euskarritan, eta dokumentazio horren kopietarako edo irudietarako irispidea.
h) Arduraduna edo hark eskuordetutako pertsona bertaratzeko errekerimendua, bai eta enpresa, entitate, zerbitzu, establezimendu edo instalazioko teknikariak ere, behar diren azalpenak eta argibideak eskatzeko.
i) Lege honetan araututako kautelazko neurriak behin-behinean hartzea, gerora osasun-agintaritzak berrets baditzake ere.
j) Haien eskumenen esparruan erregelamendu bidez ezarrita dauden eta elikagaien segurtasunari eragiten dioten egiaztapenak egitea.
k) Garatzen diren kontrol- eta ikuskapen-funtzioak betetzeko beharrezkoak diren gainerako jarduketak.
l) Osasun-informazio indibidualerako irispidea, baldin eta osasun publikorako arriskuren bat dagoela susmatzen edo jakiten bada.
IV. KAPITULUA
ESKU-HARTZE ADMINISTRATIBOA
105. artikulua.– Osasun publikoaren arloko esku-hartze administratiboa.
Osasun publikoaren arloko esku-hartze administratiboa hauen bidez gauzatuko da: osasun publikoaren arloko komunikazioa, jarduerak gauzatzeko baimen- eta komunikazio-araubideak ezartzea, jardueren ikuskapena eta kontrol sanitarioa, kautela-neurriak ezartzea eta pertsonen gainean esku hartzeko neurriak hartzea.
106. artikulua.– Osasun publikoaren arloko komunikazioa.
1.– Osasun publikoaren arloko jarduerak garatzen dituzten administrazio publikoek irizpide hauek zainduko dituzte beren informazio- eta publizitate-ekintzetan: inklusioa, gardentasuna, zehaztasuna, nahikotasuna, egiazkotasuna, efikazia eta eskuragarritasuna. Komunikazioa modu egokian egingo da, xede dituen biztanleria-sektoreek erraz ulertzeko moduan, herritarren osasunari edo segurtasunari kalte egin diezaiokeen edozein lerratze saihestuz eta osasun publikoari buruzko informazio zuzena eta zehatza bermatuz. Era berean, erabiltzen den ikuspegia, komunikazio-kanalak, erregistroak eta adierazpena hartzaile diren pertsona eta kolektiboetara eta testuinguruetara ahalik eta gehien doitzen direla bermatuko da.
2.– Botere publikoek, beren eskumenen esparruan, beharrezko zaintza-ekintzak egingo dituzte publizitate eta propaganda komertzialak egiazkotasun- eta zehaztasun-irizpideetara egokitu daitezen, osasunari dagokionez, eta herritarren osasunari kalte egin diezaiokeen edozer mugatzeko. Arreta jarriko da, bereziki, herritarren osasunerako edo segurtasunerako arriskuak sor ditzaketen produktu, ondasun, jarduera eta zerbitzuen publizitate eta propaganda komertzialean, eta, batez ere, kolektibo ahulenen kasuan, haur, gazte edo adinekoen kolektiboetan.
3.– Euskadiko Osasun Publikoaren Sistema osatzen duten administrazio publikoek osasun publikoaren sustapen aktiboa egingo dute, kontsumitzaileei, erakundeei, entitate pribatuei eta eragile ekonomikoei zuzendua, eraginkortzat jotzen den edozein komunikabide, formatu edo euskarriren bidez.
Alde horretatik, eta kontsumoaren arloan eskumena duen organoarekin lankidetzan, kontsumitzaileek produktuak eta zerbitzuak modu seguruan landu eta kontsumitu ahal izateko moduko jakintza izan dezaten sustatuko dute.
4.– Beste neurri batzuk hartzea eragotzi gabe, administrazio publikoek komunikatuak eta gomendioak eman ahal izango dituzte osasun publikoarekin zerikusia duten gaiei buruz. Komunikazio horiek zalantzazko arriskuei eragiten dietenean edo osasun-alerta edo -krisi baten testuinguruan gertatzen direnean, administrazio publikoak arduratuko dira mezua koordinatzeaz, osasun publikoaren arloan ardura duen Eusko Jaurlaritzaren sailaren bidez, eta arriskuaren agertokia fidagarritasunez eta zehaztasunez identifikatzeaz, eragindako sektore ekonomiko eta sozialetan duen eragina neurriz kanpo ez zabaltzeko.
5.– Osasun publikorako alerta-egoeren aurrean, osasun-agintaritzak, eskura dituen baliabideak aintzat hartuta, herritarrei jakinaraziko die, modu ulergarrian, egoera zertan den, dagoen arrisku-maila, haren bilakaerari buruzko aurreikuspena, eta arriskuarekiko esposizioa murrizteko edo osasuna babesteko gomendatutako neurriak.
Informazio hori jakinarazteko, lege honetan osasun publikoaren arloan ezarritako jarduera-irizpide orokorrak bete beharko dira, eta, bereziki, objektibotasuna, gardentasuna, zuhurtzia, proportzionaltasuna eta intimitatearekiko errespetua, bai eta datu pertsonalen babesari buruzko arauak ere.
107. artikulua.– Jarduerak egiteko baimen- eta komunikazio-araubidea.
1.– Osasun publikoan eragina izan dezaketen jarduerak garatzen dituzten instalazio, lokal, establezimendu, zerbitzu eta industriek aurretiko funtzionamendurako osasun-baimenaren izapidea bete beharko dute, aplikatzekoa den araudi sektorialak hala ezartzen badu.
Erregelamendu bidez zehaztuko dira osasun-baimenaren edukia eta baimen hori emateko irizpideak eta betekizunak.
2.– Osasun publikoan eskumenak dituzten administrazioek, indarrean dagoen araudiaren arabera, erantzukizunpeko adierazpen bat edo jarduera hasi aurreko komunikazio bat aurkezteko betebeharra ezarri ahal izango dute osasun publikoan eragina izan dezaketen jarduerak egiten dituzten instalazio, lokal, establezimendu, zerbitzu eta industrientzat.
Erregelamendu bidez zehaztuko dira erantzukizunpeko adierazpenaren edo aldez aurreko komunikazioaren edukiak, bai eta jardueran aritzeko betekizunak ere.
108. artikulua.– Jardueren kontrol sanitarioa.
1.– Osasun-agintaritzako agenteek gauzatuko dituzte zuzenean osasun publikoa zaintzeko ikuskapen- eta kontrol-eginkizunak, eta, beren egitekoak bete beharrez, osasun-agintaritzat hartuko dira, lege honetan aurreikusitako baldintzetan.
2.– Osasun-agintaritzako agenteek zuzenean egiaztatutako egitateek, baldin euskarri fisiko edo elektroniko bidez dokumentu publiko batean formalizatzen badira, froga-balioa izango dute, hargatik eragotzi gabe beren eskubideak eta interesak defendatzeko interesdunek berek adierazi edo aurkez ditzaketen frogak.
3.– Lege honetan aurreikusitako ikuskapen eta kontrol sanitarioko funtzioak betez, osasun-agintaritzako agenteek, indarrean dagoen araudiaren arabera, baimen hauek baliatuko dituzte:
a) Lege honen mendeko zentro, zerbitzu, establezimendu edo instalazioetan askatasunez eta aldez aurreko jakinarazpenik gabe sartzea, edozein unetan.
b) Arduraduna edo hark eskuordetu duen pertsona eta enpresako, instalazioko edo establezimenduko teknikariak bertaratu daitezen exijitzea, azalpenak eta argibideak eskatzeko.
c) Osasun publikoaren arloan indarrean dauden xedapenak benetan betetzen direla egiaztatzeko beharrezkoak diren probak, ikerketak, lagin-hartzeak, azterketak, argazkiak, grabazioak edo kontrol fisikoak, dokumentalak eta nortasun-kontrolak egitea.
d) Oro har, dagozkien zaintza eta kontrol sanitarioko funtzioak betetzeko beharrezkoak diren jarduketak egitea.
e) Lege hau garatzen duen araudiaren arabera osasun-agintaritzari berariaz erreserbatzen ez zaizkion neurri bereziak edo kautelazkoak hartzea, baldin eta osasun publikorako arriskua sortzen bada, arriskuren bat dagoela pentsatzeko nahikoa arrazoi badago edo ordenamendu juridikoak ezarritako eskakizunak eta baldintzak ez direla bete jakiten bada, betiere lege honetan ezarritakoari jarraituz. Ahal bezain laster, neurri horien berri eman behar diote adskribatuta dauden zuzendaritzako titularrari.
4.– Osasun-agintaritzako agenteek beste zerbitzu publiko edo erakunde batzuen laguntza eta lankidetza eskatu ahal izango dute, bai eta segurtasun-indar eta -kidegoen edo segurtasun-funtzioak esleituta dituzten agintaritzako beste agente batzuen laguntza ere.
5.– Ikuskapen-funtzioa behar bezala betetzeko, osasun-agintaritzako agenteek dagozkien kredentzialekin identifikatu beharko dute beren burua; zuzentasunez eta diskrezioz jokatuko dute; beren jardunaren proportzionaltasuna zainduko dute; ikuskatutako jardueraren ohiko funtzionamenduan sortutako eragozpenak murriztuko dituzte, eta, haien ardurapeko gaiei dagokienez, isiltasun eta sekretu profesional zorrotza gordeko dute.
6.– Ikuskapena etxebizitza batean egin behar bada, aldez aurretik titularraren adostasuna lortuko da, edo, halakorik ezean, dagokion baimen judiziala eskuratuko da.
7.– Ikuskatze-lanean diharduen osasun-agintaritzako agenteak ahalmena izango du ikuskatutako zentro edo jarduera horretan erabiltzen den tresneria martxan jar dadin eta probak egin daitezen exijitzeko, jardueraren funtzionamendu-erritmoari egokituta, ahal dela, eta horren berri jasoko du aktan zehatz-mehatz.
8.– Proba analitikoak Osasun Administrazioaren ardurapean egingo dira, Euskadiko Osasun Publikoko Laborategian edo hark egiaztatutako establezimenduetan. Laginak hartzeko eta analizatzeko, legez ezarritako prozedurari jarraitu behar zaio.
9.– Ikuskapen-aktak froga-elementutzat erabili ahal izango dira, eta dagozkien zehapen-prozedurak hasteko edo legezkotasuna berrezartzeko oinarri izango dira, ezertan eragotzi gabe interesdunek beren eskubideak edo interesak defendatzeko adierazitako edo aurkeztutako frogak.
109. artikulua.– Neurri bereziak eta kautelazkoak.
1.– Arrisku bat sortzen bada norbanakoen osasunerako edo osasun kolektiborako, edo arrisku horren arrazoizko zantzuak badaude, edo baita zuhurtasun-printzipioa aplikatzen denean ere, osasun-agintaritzak edo haren agenteek beharrezko neurri bereziak eta kautela-neurriak hartu ahal izango dituzte merkantzia eta produktuei, lokal eta establezimenduei, jarduerei, animaliei eta, egoki bada, pertsonei dagokienez, arriskua geldiarazteko eta osasun publikoa babesteko.
Era berean jardun ahal izango da egiaztatzen bada ordenamendu juridikoak eta arau sanitarioek osasun publikoa babesteko ezartzen dituzten funtsezko eskakizunak, baldintzak eta bermeak ez direla betetzen ari.
2.– Osasun-agintaritzak edo, hala badagokie, haren agenteek, neurri hauek hartuko dituzte, besteak beste:
a) Baldintza higieniko-sanitarioak zehaztea produktuak eta substantziak fabrikatu edo merkaturatzeko edozein fasetan, detektatutako gabeziak zuzentzeko, bai eta lege honetan aipatzen diren instalazioen, establezimenduen, zerbitzuen eta industrien funtzionamenduan ere.
b) Instalazio, establezimendu, zerbitzu eta industrien titularrei errekerimendua egitea, gabezia higieniko-sanitarioak konpontzeko beharrezkoak diren egiturazko aldaketak egin ditzaten edo prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak har ditzaten.
c) Erregistroak, baimenak, aldez aurreko jakinarazpenak edo erantzukizunpeko adierazpenak exijitzea instalazio, establezimendu, zerbitzu eta industria, produktu eta jarduerei, 108. artikuluan ezarritako baldintzak betez eta, betiere, sektoreko araudiarekin bat etorriz.
d) Debekuak eta gutxieneko eskakizunak ezartzea, ondasun eta produktuak ekoitzi, banatu, merkaturatu eta erabiltzeko, eta osasunerako kaltegarriak diren edo izan daitezkeen praktiketarako.
e) Ondasunak, lehengaiak, bitarteko produktuak edo produktu landuak, eta hondatuta, iraungita, aizunduta edo baimenik gabe daudenak kautelaz ibilgetzea, konfiskatzea edo suntsitzea, baldin eta, osasuna babesteko edo gaixotasuna prebenitzeko arrazoiak direla medio, komeni bada ondasun edo produktu horiek suntsitzea, eraldatzea, murriztea edo beste erabilera baimendu batzuetara bideratzea, ondasun edo produktuon izaeraren arabera. Konfiskazioaren aurretik akta bat egingo da, zeinean ibilgetutako, konfiskatutako edo suntsitutako ondasunen ezaugarrien eta egoeraren deskribapen zehatza jasoko baita.
f) Animaliak ibilgetzea, nahitaezko albaitaritza-tratamenduak agintzea eta, are, animaliak nahi eta nahi ez hiltzea, betiere haien ongizateari buruz indarrean dagoen araudia errespetatuz.
g) Produktu baten banaketa edo merkaturatzea mugatzea edo debekatzea, edo produktu hori merkatutik kentzeko agintzea, eta, beharrezkoa denean, baldintza egokietan suntsi dadila erabakitzea, bai eta produktu hori dagoeneko duten kontsumitzaileengandik berreskuratzea ere.
h) Jarduerak osorik edo patez kautelaz bertan behera uztea.
i) Osasun-baimenik ez duten edo aldez aurreko jakinarazpenaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren betebeharrak betetzen ez dituzten instalazio, establezimendu, zerbitzu edo industriak ixtea edo kautelaz ixtea erabakitzea, aplikatzekoa den araudi sektorialaren arabera.
j) Higiene-neurriak aplikatzea, lokalak eta establezimenduak desinfektatu arte ixtea eta haien jarduera etetea barne, bai eta lokalak, aparatuak edo ekipoak zigilatzea ere.
k) Ibilgailuak geldiaraztea eta zigilatzea.
l) Osasunean eragina izan dezaketen produktu eta jarduerei buruzko publizitatea eta propaganda kontrolatzea, egiazkotasuneko irizpideetara egokitzeko eta osasunarentzat kaltegarri izan daitekeen edozer ekiditeko.
m) Arriskua geldiarazteko beharrezkoa den beste edozein zuzenketa- edo segurtasun-neurri, betiere proportzionaltasun-printzipio orokorra eta esku-hartze administratiboaren gainerako printzipio informatzaileak errespetatuz.
110. artikulua.– Neurri bereziak eta kautelazkoak hartzeko prozedura.
1.– Neurri bereziak eta kautelazkoak prozedura honi jarraituz hartuko dira:
a) Hartzen diren neurriek, bai eta neurri horiek betearazteko edo eraginkor izateko baliabideek ere, bat etorri beharko dute neurriok funtsatzen dituzten arrazoiekin, eta proportzionalak izan beharko dute neurriek dakartzaten arriskuekin, ahalik eta gutxien oztopatuz salgaien zirkulazio askea eta zerbitzuak ematea, enpresa-askatasuna eta eragindako gainerako eskubideak, baina betiere osasun publikoaren babesa lehenetsita.
b) Osasun-agintaritzaren ebazpen arrazoitu baten bidez hartuko dira neurriak, interesdunei entzun ondoren, zeinek gutxieneko hamar eguneko eta gehienezko hamabost eguneko epean egokitzat jotzen dituzten dokumentuak eta justifikazioak alegatu eta aurkeztu ahal izango baitituzte. Agintaritza eskudunak ikusten badu osasun publikoko larrialdia dagoela edo susmatzen badu herritarren osasunerako berehalako eta ohiz kanpoko arriskua dagoela, neurriak hartu ahal izango dira aldez aurreko entzunaldi-izapideak eta alegazioak aurkezteko aukera behar izan gabe.
c) Osasun agintaritzak bultzatu eta erraztu egingo du, uneoro, neurrien hartzaile direnekin eta neurrien eraginpean daudenekin adostasuna lortzea.
d) Osasun-agintaritzako agenteek osasunerako arrisku baten larritasuna eta berehalakotasuna dela-eta zuzenean hartzen dituzten neurri bereziak eta kautelazkoak osasun-agintaritzak berretsi edo berrikusi beharko ditu gero, gehienez ere bost egun balioduneko epean. Aktan justifikatu beharko dira hartutako neurri bereziak eta kautelazkoak funtsatzen dituzten egitateak.
e) Titulu honetan jasotzen diren neurri bereziek eta kautela-neurriek ez dute zerikusirik zehapen-prozedura bat irekitzearekin, legezkotasuna berrezartzearekin edo egitate horietan jatorria duten beste motaren bateko jarduketekin.
2.– Lege honetan aipatzen diren neurri bereziak eta kautela-neurriak edo kasuan kasuko errekerimenduak betetzen ez badira, 10.000 euro bitarteko hertsapen-isunak jarri ahal izango dira, bete ez den kautela-neurria edo errekerimendua eman zuen organoak berak emandako ebazpen bidez. Hertsapen-isunek ez dute zehapen izaerarik; zehapen-prozedura baten ondorioz ezar daitezkeenekiko independenteak dira, eta haiekin bateragarriak.
3.– Artikulu honetan aipatzen diren neurri berezi edo kautelazkoren bat ezartzeagatik sortzen diren gastuak pertsona fisiko edo juridiko erantzulearen kontura izango dira. Osasun-agintaritzak ez du kalte-ordainen erantzukizunik izango lege honen arabera ezarritako kautela-neurriei dagokienez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezarritako kasuetan izan ezik.
111. artikulua.– Herritarren gainean esku hartzeko neurriak.
1.– Indarrean dagoen araudiari jarraituz eta araudi horrek ezarritako bermeen arabera, herritar baten edo herritar-talde baten osasun-egoera jakin baten ondorioz, edo osasun publikoko larrialdi-egoeren edo pandemien ondorioz, herritarren osasunerako arrisku larria dagoenean edo egon litekeela susmatzen denean, osasun-agintaritzak ahalmena izango du prebentzio-neurri orokorrak eta esku hartzeko neurriak har daitezela agintzeko. Neurri horiek dira, besteak beste: mugikortasun-askatasunean eta lanbide-jardunean murrizketak ezartzea; azterketa eta miaketa medikoak egitea; biztanleria- edo profesional-talde jakin batzuen txertaketa selektiboa; tratamendu medikoaren preskripzioa eta ospitaleratzea; herritar baten kontrol indibiduala edo herritar-talde batena, bai eta etxeko isolamendua ere, erabaki arrazoituaren bidez, arriskua desagertzeko behar den denborarako.
2.– Halaber, kontrola ezarri ahal izango da, batetik, gaixoekin kontaktuan dauden edo egon diren pertsonen gainean, eta, bestetik, berehalako ingurunearen gainean. Horretaz gainera, transmititzeko moduko arriskua dagoenean beharrezkotzat jotzen diren neurriak ere hartu ahal izango dira, hala nola ikerketa epidemiologikoa, osasun-datu indibidualen erabilera, kontaktuen trazabilitatea eta kontaktu horien gaineko kautelazko esku-hartzea.
3.– Neurri horiek honako hauen esparruan hartu behar dira: Osasun publikoaren arloko neurri bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoa, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorra, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorra, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legea eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legea.
4.– Esku hartzeko neurriak erabakitzeko, printzipio eta berme hauek bete beharko dira beti:
a) Agintari eskudunak hartu behar ditu neurriak, eta aplikatu beharreko araudian duten oinarria justifikatu behar da.
b) Argi eta garbi identifikatu eta frogatu behar dute neurriaren xede den gaixotasun transmitigarriak dakarren arrisku larria.
c) Neurriek aproposak, egokiak, proportzionatuak eta ezinbestekoak izan behar dute, eta ez da arriskuari aurre egiteko beste baliabiderik egongo.
d) Neurriek argi zehaztu behar dute lurralde- zein denbora-eremua; era berean, argi zehaztu behar dute espezifikoki nori zuzentzen zaizkion, eta egon daitezkeen kalteberatasun bereziko egoerei egokitu beharko zaizkie.
5.– Indarrean dagoen araudiaren arabera osasun publikoko agenteen errekerimendua jasotzen duten herritarrek nahitaez lagundu beharko dute beren esku-hartzea beharrezkoa den prozedura guztietan.
112. artikulua.– Isolamendu- edo berrogeialdi-neurriak osasun-larrialdietan.
1.– Aurreko artikuluan aurreikusitako neurri orokorrez gain, pandemia edo osasun publikoko larrialdien kasuan, eta agerraldi epidemikoak geldiarazteko osasun-agintaritzak hartutako ebazpenekin bat etorriz, pertsona edo talde bati zuzendutako neurriak hartu ahal izango dira, isolamendua edo berrogeialdia egiteko betebeharra ezarrita. Betebehar horrek esan nahi du kutsatuta dagoen pertsona batek edo pertsona-talde batek –edo kutsatuta egotearen susmopean daudenak, edo kutsa daitezkeenak edo beste batzuk kutsa ditzaketenak– adierazten zaien lekuan egon behar dutela, kasu bakoitzean ezarritako epean, eta ezin izango direla lekuz aldatu edo beste pertsona batzuekin harremanik izan.
Gaixoekin dauden edo egon diren pertsonak, edo hirugarren batzuentzat arriskutsutzat jo daitekeen kondizioren bat duten pertsonak, kontrolatzeko neurriak ere hartu ahal izango dira.
2.– Isolamenduaren edo berrogeialdiaren iraupena kasu bakoitzaren egoera partikularraren araberakoa izango da, osasun-agintaritzaren edo osasun-zerbitzuen jarraibideei jaramon eginez eta indarrean dauden prozedurak eta protokoloak aplikatuta.
3.– Konfinatzeko betebeharra, dagokion modalitatean, kasuan kasuko agintariak edo zerbitzuek komunikatuko diete eraginpeko pertsonari edo pertsonei, ahoz edo idatziz, bitarteko telematiko edo telefonikoen bidez, eta berehala izango ditu ondorioak. Ahozko komunikazioaren kasuan, ondoren, eta ahalik eta lasterren, komunikazio idatzia edo telematikoa eman beharko zaio eragindako pertsonari edo pertsonei. Pazientearen historia klinikoan jasoko dira betebeharra eta komunikazioa.
4.– Ahal dela, konfinatzeko betebeharra gauzatzeko, konfinatu beharreko pertsonei borondatezko lankidetza eskatuko zaie. Eginbehar horiek betetzeko borondaterik erakusten ez badute, derrigortze-erabakiak hartzeko eskatu ahal izango da ezinbestean, banakakoak edo kolektiboak, eta ebazpen horiek oinarrizko eskubideak murriztea ekar badezakete, kasuan kasuko zerbitzu juridikoei jakinaraziko zaizkie, organo judizial eskudunaren aurrean berrespena eska dezaten.
X. TITULUA
ZEHAPEN-ARAUBIDEA
I. KAPITULUA
ZEHAPEN-AHALA
113. artikulua.– Zehapen-ahala.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari, Osasun Publikoaren Euskal Institutuari eta osasun publikoko gaietan eskumena duten toki-administrazioei dagokie lege honetan xedatutakoaren arabera zehatzeko ahala baliatzea.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan osasun publikoaren arloan egiten diren arau-hausteei –zeinak tipifikatuta baitaude lege honetan, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legean, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legean eta aplikagarri den gainerako araudi sanitario espezifikoan– lege honetan ezarritako zehapenak aplikatu ahal izango zaizkie, baita kasuan-kasuan dagokion oinarrizko araudian ezarritakoak ere, aldez aurretik dagokion zehapen-prozedura izapidetuta, Euskal Administrazio Publikoen zehatzeko ahalari buruzko martxoaren 16ko 1/2023 Legearen arabera.
II. KAPITULUA
ARAU-HAUSTEAK
114. artikulua.– Arau-hausteak.
1.– Osasun publikoaren arloko arau-hauste dira lege honetan ezarritakoa urratzen duten egiteak edo ez-egiteak, bai eta aplikagarri den osasun-araudi espezifikoan ezarritakoak ere. Egindako arau-hausteak lege honetan jasotzen diren zehapenen bidez zigortuko dira, dagokion zehapen-prozedura izapidetu ondoren, hargatik eragotzi gabe kasuan kasuko erantzukizun zibila, penala edo bestelako erantzukizuna.
2.– Administrazio-prozeduraren arloan indarrean dagoen legedian xedatutakoarekin bat etorriz, dagoeneko arlo penalean edo administrazio-arloan zehapena jaso duten egitateak ezin izango dira zehatu, baldin subjektuak, egitatea eta funtsa berak direla ikusten bada.
3.– Arau-hausteak delitu izan badaitezke, prozedura hasteko eskumena duen organoak Fiskaltza edo jurisdikzio-organo eskuduna ipiniko du horren jakitun, eta ez du hasiko zehapen-prozedura –edo eten egingo du, jada hasita badago–, harik eta ebazpen judizial irmoa ematen den arte.
Arau-hauste penalik ez dagoela baietsi bada, edo prozesu penalari amaiera ematen dion beste mota bateko ebazpena eman bada, administrazioak zehapen-prozedurari ekingo dio –edo, jada hasita badago, aurrera jarraituko du–, auzitegiek frogatutzat jotako egitateak oinarritzat hartuta.
4.– Halaber, zehapen-prozedura ebazteko eskumena duen organoak auzi penalaren instrukzioaren berri badu justizia-auzitegietan, eta uste badu subjektu, egitate eta oinarri berberak daudela arau-hauste administratiboaren eta gerta litekeen arau-hauste penalaren artean, prozedura geldiaraztea erabakiko du, harik eta ebazpen judizial irmoa ematen den arte. Ebazpena kondenatzailea ez bada, administrazioak prozedurarekin jarraitu ahal izango du, baldin eta arau-hauste administratiboa dagoela ikusten badu, auzitegiek frogatutzat jotako egitateak oinarritzat hartuta.
5.– Herritarren osasuna eta segurtasuna zaintzeko hartu diren administrazio-neurriak bere horretan atxikiko dira, agintaritza judizialak neurri horiei buruzko erabakia eman arte edo horien beharra eten arte.
115. artikulua.– Arau-hauste motak.
1.– Lege honetan tipifikatutako arau-hausteak arintzat, astuntzat eta oso astuntzat jotzen dira, irizpide hauek kontuan hartuta: osasunerako arriskua, eragindako nahasmendu sanitario eta sozialaren larritasuna, lortutako balizko onuraren neurria, intentzionalitate-maila, arau-haustearen orokortzea eta berrerortzea.
2.– Arau-hauste arinak dira:
a) Kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudi espezifikoan berariaz halakotzat jotakoak.
b) Osasun-araudian ezarritako betekizun higieniko-sanitarioak eta betebeharrak edo debekuak ez betetzea, horrek osasunean zuzeneko eragina ez badu.
c) Indarrean dagoen araudiaren arabera Osasun Administrazioari nahitaez eman behar zaion informazioa ematerakoan irregulartasunez jokatze hutsa.
d) Nahitaezko baimena edo osasun-erregistroa eskatu gabe edo haren indarraldia igarota jarduerak egitea edo garatzea, bai eta agintaritza eskudunaren baimenik gabe aldatzea baimena emateko berariaz oinarri gisa hartu ziren baldintza teknikoak edo egiturazkoak.
e) Erantzukizunpeko adierazpena edo komunikazioa egiteko betebeharra urratzea hala eskatzen den jarduera edo produktuetan, halaber komunikazioarekin edo adierazpenarekin batera aurkezten den edozein datu, adierazpen edo dokumentutan funtsezko zehaztugabetasuna, faltsutasuna edo omisioa egotea.
f) Lege honetan agindutakoa ez betetzea, arau-hauste astun edo oso astuntzat jotzen ez bada.
3.– Arau-hauste astunak dira:
a) Osasun-agintaritzari edo haren agenteei laguntza edo sorospena ukatzea; ikuskapen-jardunari eta kontrol sanitarioari dagokienez begirunerik ez izatea edo lankidetzarik ez ematea, jardun hori eragozten edo atzeratzen duen edozein egite edo ez-egiteren bitartez.
b) Beren eginkizunak betetzen ari direla, osasun-agintaritzari edo haren agenteei datuak ematerakoan edo informazioa eskuratzerakoan oztopoak jartzea, aurka egitea edo jarkitzea, eta, oro har, osasun-agintaritzaren lana oztopatzen edo eragozten duen edozein egite edo ez-egite burutzea.
c) Osasun-agintariek edo haien agenteek ezarritako errekerimendu espezifikoak eta neurri bereziak eta kautelazkoak ez betetzea.
d) Instalazioak, establezimenduak edo haien aparatuak funtzionamenduan jartzea, edo edozein jarduera burutzea, indarrean egonda lege honetan arautzen diren zigilatzea, ixtea, etetea edo kautelazko beste edozein neurri; betiere lehenengo aldiz gertatzen bada eta herritarren osasunari kalte larririk eragiten ez bazaio.
e) Operadore ekonomikoak agintaritza eskudunari informazioa emateko duen betebeharra urratzea, nahiz eta jakin inportatu, ekoitzi, eraldatu, fabrikatu edo banatu dituen produktuetako batek ez dituela segurtasun-baldintzak betetzen; betiere ez-betetze hori arau-hauste oso astun gisa tipifikatuta ez badago.
f) Baimendu gabeko edo debekatutako teknologia edo manipulazioen bidez lortutako lehengaiak, gehigarriak edo elikagaiak ekoiztea, banatzea edo erabiltzea, edo baimendutakoak baino kantitate handiagoetan edo ezarrita dagoenaz bestelako erabilera baterako erabiltzea.
g) Baimendutako produktu zoosanitarioak, fitosanitarioak edo pestizidak eman zaizkien animalietatik edo landareetatik lortutako elikagaiak ekoiztea, banatzea edo merkaturatzea, baldin ezarritakoa baino kopuru handiagoan edo baimendutakoak ez diren helburuekin egiten bada, bai eta produktu horiek ezarritako epeetan kendu ez zaizkien animaliak merkaturatzea edo hiltzeko onartzea ere.
h) Gizakiengan gaixotasunak sortzeko edo transmititzeko gai diren germenak, substantzia kimikoak edo erradioaktiboak, toxinak edo parasitoak dituzten elikagaiak prestatzea, banatzea, hornitzea edo saltzea herritarren artean, edo arlo horretan erregelamenduz ezarritako mugak edo tolerantzia-mailak gainditzen dituztenak, osasunerako arrisku larririk sortzen ez denean.
i) Elikagaiak prestatzea, banatzea, hornitzea, sustatzea edo saltzea, baldin eta haien itxura, etiketatzea edo publizitatea ez badator bat araudi erregulatzailearekin, edo kontsumitzailea nahas badezake benetako ezaugarri edo nolakotasunei buruz; halaber etiketatze eskasa edo akastuna ere, osasun publikoa arriskuan jar badezake.
j) Produktuak aginduzko marka sanitariorik gabe edo ezarritako baldintzetara egokitzen ez diren markekin banatzea, edo beste industria edo ekoizle batzuen marka sanitarioak edo etiketak erabiltzea.
k) Pertsonen eskura jarritako ondasunei dagokienez osasun- eta segurtasun-arloetan arauz jarritako betekizun, baldintza, betebehar eta debekuak ez betetzea.
l) Elikagaien enpresek arriskuen analisiaren eta kontrol kritikoko puntuen printzipioetan oinarritutako autokontrol-sistemak ez ezartzea eta ez mantentzea, edo elikagaien trazabilitaterako funtsezkoak diren prozedurak, dokumentuak edo datuak ez betetzea, edo egin beharreko analisiak eta probak ez egitea, ez-betetze horrek osasun publikorako arriskua dakarrenean.
m) Irregulartasunak izatea, osasun publikoko araudian ezarritakoaren arabera jardueran, zerbitzuan edo instalazioan eskatu beharreko kontrol- eta arreta-faltagatik, edo osasun-agintaritzari osasunerako arriskuak ez jakinaraztea, indarrean dagoen araudiaren arabera hori egitea nahitaezkoa bada.
n) Arau-hauste arinak behin baino gehiagotan egitea azken hamabi hilabeteetan.
o) Osasun publikoko larrialdietan, osasun-agintaritzak larrialdia kontrolatzeko proposatutako neurriak gaizki betetzea edo ez betetzea, nahiz eta eragindako ondorioek herritarren osasunean eragin txikia edo garrantzi zuzenik gabea izan.
4.– Arau-hauste oso astunak dira:
a) Osasun-agintaritzak eta haren agenteek hartzen dituzten kautelazko edo behin betiko neurriak ez betetzea, edo osasun-agintaritzari laguntzeko betebeharra ez betetzea, behin eta berriz gertatzen denean edo herritarren osasunari kalte larria eragiten zaionean.
b) Osasun-agintaritzari edo haren agenteei hertsapena, mehatxua, errepresalia edo beste edozein presiobide egitea.
c) Gizakiengan gaixotasunak sortzeko edo transmititzeko gai diren germenak, substantzia kimikoak edo erradioaktiboak, toxinak edo parasitoak dituzten elikagaiak prestatzea, banatzea, hornitzea edo saltzea herritarren artean, edo arlo horretan erregelamenduz ezarritako mugak edo tolerantzia-mailak gainditzen dituztenak, osasunerako arrisku larriak sortzen direnean.
d) Indarrean dagoen araudiaren arabera legez kontrako tratamendua jaso duten edo debekatutako substantziak edo produktuak eman zaizkien ustiategiko animaliak merkaturatzea eta hiltzeko onartzea.
e) Operadore ekonomikoak agintaritza eskudunari informazioa emateko duen betebeharra ez betetzea, nahiz eta jakin inportatu, ekoitzi, eraldatu, fabrikatu edo banatu dituen elikagaietako batek ez dituela betetzen elikagaien segurtasuneko baldintzak eta ez-betetze horrek arrisku larria dakarkiola osasun publikoari.
f) Indarreko araudiaren arabera, marka sanitarioa edo identifikazio-marka faltsutzea hala eskatzen duten elikagaietan; administrazio publikoei dokumentazio faltsua ematea, jakinaren gainean egonda, eta dokumentazio sanitario faltsua erabiltzea elikagaiak merkaturatzerakoan.
g) Arau-hauste astunak behin baino gehiagotan egitea azken bost urteetan.
h) Osasun publikoko larrialdi-egoeretan, osasun-agintaritzak eta haren agenteek larrialdia kontrolatzeko emandako jarraibideetako bat baino gehiago nahita eta kontzienteki ez betetzea eta ez-betetzeak denboran errepikatzea.
III. KAPITULUA
ZEHAPENAK
116. artikulua.– Zehapenak.
1.– Lege honetan tipifikatutako arau-hausteei isuna jarriko zaie, mailaketa honen arabera:
a) Arau-hauste arinak:
1. Gutxieneko maila: 1.000 eurora arte.
2. Erdi-maila: 1.001 eurotik 2.000ra.
3. Gehieneko maila: 2.001 eurotik 3.000ra.
b) Arau-hauste astunak:
1. Gutxieneko maila: 3.001 eurotik 21.000ra.
2. Erdi-maila: 21.001 eurotik 41.000ra.
3. Gehieneko maila: 41.001 eurotik 60.000ra.
c) Arau-hauste oso astunak:
1. Gutxieneko maila: 60.001 eurotik 240.000ra.
2. Erdi-maila: 240.001 eurotik 420.000ra.
3. Gehieneko maila: 420.001 eurotik 600.000ra.
Arau-hauste oso astunen kasuan, zilegi izango da kopuru hori gainditzea arau-haustean izan diren produktu edo zerbitzuen merkatuko balioa halako bosteraino.
2.– Aurreko apartatuaren arabera dagokion isuna eragotzi gabe, arau-haustea egiten duen pertsonari arau-haustea bera arauak betetzea baino onuragarriagoa gerta ez dakion, ezartzen den zehapen ekonomikoari gehitu ahal izango zaio lortutako legez kontrako onuraren zenbatekoa.
3.– Arau-hauste oso astunen kasuan, eta osasun publikoa bermatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak establezimendua, instalazioa edo zerbitzua aldi baterako ixtea erabaki ahal izango du, gehienez ere bost urterako, dagokion legeriak zehazten dituen lan-ondorioekin.
Ez dira zehapentzat hartuko aldez aurreko baimen edo osasun-erregistrorik ez duten establezimenduak, instalazioak edo zerbitzuak ixtea edo haien funtzionamendua etetea, ez eta komunikazio- edo erantzukizunpeko adierazpenaren araubidearen mende daudenak ere, harik eta akatsak zuzendu arte edo osasun-, higiene- edo segurtasun-arrazoiengatik arauz eskatzen diren baldintzak bete arte.
4.– Eredugarritasun-arrazoiak direla medio, eta kontsumitzaileen osasunari, segurtasunari edo interes ekonomikoei benetako arriskua edo kaltea eragiten dien inguruabar larriak gertatzen badira, edo antzeko arau-hausteak behin baino gehiagotan egiten badira edo egiaztaturiko intentzionalitatea badago, zehapen-prozedura ebatzi duen agintaritzak erabaki ahal izango du, behar bezala arrazoitutako ebazpen bidez, ezarritako zehapenak argitara ematea, behin administrazio-bidean irmoak direnean, enpresaren edo pertsona fisiko edo juridiko erantzuleen izena argitaratuz, egindako arau-hausteak espresuki adierazita.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da argitara, gutxienez, bai eta gerora jokabide arau-hausleak prebenitzeko egokitzat jotzen diren gizarte-komunikabideetan ere. Publikotasunak lortu nahi duen helburua bete ondoren, behar diren jarduketak egingo dira datu pertsonalen araudian aitortzen den ezabatzeko eta ahaztua izateko eskubidea bermatzeko.
117. artikulua.– Zehapenak mailakatzeko irizpideak.
Arau-hausteak zehatzeko, ezarri beharreko zehapenaren egokitasuna eta premia zainduko dira, bai eta arau-haustea eragin duen egitatearen larritasunarekin bat datorren ere, eta mailakatu egingo dira, aurreko artikuluan ezarritako moduan, irizpide hauei jarraikiz:
a) Erruduntasun- edo intentzionalitate maila.
b) Urtebeteko epean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egiteagatik berrerortzea, administrazio-bidean ebazpen irmoz hala deklaratu bada.
c) Administrazio eskudunak aldez aurretik egindako errekerimenduak edo ohartarazpenak ez betetzea.
d) Iruzurra edo elkar hartzea.
e) Eragindako kalteen izaera eta herritarren osasunerako arriskua, kontuan hartuta eragindako pertsonen kopurua eta adina eta arriskuen iraunkortasuna edo iragankortasuna.
f) Bereziki kalteberak diren biztanleria-taldeetan duen eragina, hala nola adingabeak, emakume haurdunak, desgaitasuna duten pertsonak edo adinekoak.
g) Arau-hausleak arau-haustea eginez lortutako onuraren diru-zenbatekoa.
h) Erantzulearen jokabidearen gaitzespen-mailan edo erruduntasunean eragiten duen beste edozein inguruabar, zentzu aringarri edo astungarrian.
118. artikulua.– Erantzukizuna.
1.– Pertsona fisikoak eta juridikoak izan daitezke arau-hausteen erantzule, bai eta eragindako pertsona-taldeak, nortasun juridikorik gabeko elkarte eta entitateak eta ondare independente edo autonomoak ere, baldin eta lege batek jarduteko gaitasuna aitortzen badie eta doloz edo erruz osasun publikoaren arloko arau-hauste gisa tipifikatutako egiteak edo ez-egiteak burutzen badituzte.
2.– Establezimenduaren edo negozioaren titularrek, fisikoak zein juridikoak izan, erantzukizun solidarioa izango dute beren enplegatuek edo mendekoek egindako arau-hausteen ondoriozko zehapenen ordainketaren aurrean.
Publizitate-enpresek, publizitatearen onuradunek –hots, iragarritako marka edo produktuaren titular direnek–, bai eta iragarkia ematen den establezimendu edo guneen titular direnek ere, lege honetan publizitatearen arloan aurreikusitako arau-hausteen ondoriozko zehapenen ordainketaren erantzukizun solidarioa izango dute.
Gurasoek, tutoretza edo harrera betetzen duten pertsonek eta legezko zaintzaileek, hurrenkera horretan, solidarioki erantzun beharko dute egindako arau-hauste administratiboari aurrea hartzeko betebeharra ez betetzeagatik, adingabeek egindako arau-hausteen ondoriozko zehapenak ordaintzeari dagokionez.
119. artikulua.– Zehapenak jartzeko eskumena duten organoak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, organo hauei dagokie lege honek ezartzen duen zehatzeko ahala erabiltzea, legeria sektorialak ezarritako zehapen-araubideak eragotzi gabe:
a) Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluari, lege honetan ezarritako 240.001 eurotik gorako zehapenak ezartzeko, bai eta establezimenduak aldi baterako ixteko ere, arau-hauste oso astunengatiko zehapenaren osagarri.
b) Osasun-arloaren eskumena duen sailaren titularrari, 60.001 eta 240.000 euro bitarteko zehapenak ezartzeko.
c) Osasun Publikoaren Euskal Institutuaren titularrari, 60.000 eurorainoko zehapenak ezartzeko.
2.– Udal-eremuan, organo hauei dagokie zehatzeko ahala baliatzea, zeinek bere eskumenaren esparruan:
a) Alkateari edo dagokion zinegotzi delegatuari, 41.000 eurora arteko zehapenak ezartzeko.
b) Gobernu Batzordeari eta, hala badagokio, Osoko Bilkurari, 60.000 eurora arteko zehapenak ezartzeko.
120. artikulua.– Preskripzioa eta iraungitzea.
1.– Estatuko dagokion oinarrizko araudian xedatutakoa eragotzi gabe, lege honetan arintzat tipifikatutako arau-hausteek urtebetera preskribatuko dute, astunek hiru urtera eta oso astunek bost urtera.
Arau-haustearen preskripzio-epea arau-haustea egin den egunetik hasiko da kontatzen. Arau-hauste jarraituen edo iraunkorren kasuan, jokabide arau-hauslea amaitu denetik aurrera hasiko da preskripzio-epea.
Preskripzioa geldiarazi egingo da zehapen-prozedura administratibo bat hasten denean, interesdunari horren berri emanda, eta preskripzio-epea berriro hasiko da baldin zehapen-espedientea hilabete baino gehiagoz geldirik badago ustezko erantzuleari egotzi ezin zaion arrazoiren batengatik.
2.– Arau-hauste arinen ondorioz ezarritako zehapenek urtebetera preskribatuko dute; arau-hauste astunen ondorioz ezarritakoek, hiru urtera, eta oso astunen ondorioz ezarritakoek, bost urtera.
Zehapenen preskripzio-epearen neurketa hasiko da zehapena ezartzen duen ebazpena betearaz daitekeen egunaren biharamunetik edo ebazpenaren aurkako errekurtsoa aurkezteko epea amaitu den egunaren biharamunetik.
Preskripzioa geldiarazi egingo da betearazpen-prozedura bat hasten denean, interesdunari horren berri emanda, eta preskripzio-epea berriro hasiko da baldin prozedura hilabete baino gehiagoz geldirik badago ustezko erantzuleari egotzi ezin zaion arrazoiren batengatik.
3.– Prozedura hasi eta handik bederatzi hilabetera ez bada ebazpena oraindik jakinarazi, iraungita geratuko da, oinarrizko araudian aurreikusitako baldintza eta ondorioekin.
Bederatzi hilabeteko epe hori geldiarazi egingo da, lege honetan ezarritako kasuetan ez ezik, baita interesdunei egotz dakizkiekeen arrazoiak direla-eta prozedura etenda dagoen bitartean ere.
Gerta daiteke iraungitzea ez aplikagarri izatea, sortutako auzia interes orokorrekoa bada edo hura bideratzea komeni bada auzia definitzeko eta argitzeko; hori berariaz erabaki beharko da prozedura ebazteko eskumena duen organoaren ebazpen arrazoitu baten bidez.
Osasun publikoko larrialdi-egoeretan, zehapenen preskripzioa luzatu ahal izango da, lehen adierazitako epeak bikoiztu arte.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datu pertsonalen tratamendua.
Lege honek arautzen dituen jarduketen ondoriozko datu pertsonalak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan jasotakoen artean sartzen dira (Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituen eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua).
Lege hau aplikatzetik eratorritako datu pertsonalen tratamendua honako hauen arabera egin beharko da: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; lehen aipatutako 2016/679 (EB) Erregelamendua, eta datu pertsonalak babesteari buruz indarrean dagoen araudi autonomikoa.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Hizkuntza ofizialen erabilera.
1.– Lege honetan xedatutakoa betetzen dutenean, osasun publikoko jarduketetan, administrazio publikoek, haiei lotutako entitateek eta entitate pribatuek herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatu eta zainduko dituzte. Horretarako, herritarrekin dituzten ahozko zein idatzizko harremanetan, herritarrek hautatutako hizkuntza ofiziala erabiliko dute, kontsumitzaile eta erabiltzaileen Estatutuaren apirilaren 27ko 4/2023 Legean eta indarrean dagoen gainerako araudian aurreikusitako moduan.
2.– Osasun Publikoaren Erakundearteko Batzordea eta Osasun Publikoaren Euskal Kontseilua osatzen duten kideek euskara eta gaztelania erabili ahalko dituzte beren eginkizunak betetzean. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da bilera-deietan, gai-zerrendetan, saioetan eta oro har pertsona horien artean banatzen diren dokumentu guztietan.
3.– Lege honek xedatutakoa betetzeko erabiltzen diren kartel, dokumentu eta errotulazio guztiak euskaraz eta gaztelaniaz idatziko dira.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Udal-ordenantzak egokitzea.
Lege hau indarrean jartzen denetik bi urteko epean, legean ezarritakora moldatu beharko dituzte udalek beren ordenantzak.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ondasunak atxikitzea.
Osasun Publikoaren Euskal Institutuari atxikitzen zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren sektore publikoko entitateen ondasunak, baldin eta Institutuak betetzen dituen eginkizunen eraginpean badaude. Jabari publikoko ondasunek izaera horri eusten diote, bai eta aitortuta dituzten zerga-salbuespenei eta salbuespen ekonomikoei ere. Institutuaren estatutuak onartzeko dekretuak atxikitzearen xede diren ondasunak zehaztu behar ditu, bai eta zer prozeduraren bidez formalizatu behar den ere, eta horren balorazio ekonomikoa jaso behar du.
BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Subrogazioa.
1.– Osasun Publikoaren Euskal Institutua subrogatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta Institutuak betetzen dituen eginkizunen eraginpean dauden haren sektore publikoko entitateen eskubide eta betebehar ekonomikoetan, eta hori estatutuak onartzeko dekretuan zehaztu behar da.
2.– Osasun Publikoaren Euskal Institutua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren sektore publikoko entitateen posizio juridikoan subrogatzen da, bere gain hartzen dituen eginkizunen eremuan dagozkion eskubide eta betebeharrei dagokienez, eta hori estatutuak onartzeko dekretuan zehaztu behar da.
SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Osasun Publikoaren Euskal Institutua abian jartzea eta langileak integratzea.
1.– Osasun Publikoaren Euskal Institutua lege hau indarrean sartu eta hemezortzi hilabeteko epean jarri behar da abian.
2.– Euskadiko Osasun Publikoaren Euskal Institutua abian jartzen den egunean, osasun-arloaren ardura duen sailean lege honen arabera Institutuak bere gain hartzen dituen eginkizunekin bat datozen edo horiekin lotuta dauden funtzioak, teknikoak edo administratiboak, betetzen dituzten funtzionarioak, bitartekoak edo karrerakoak, eta lan-kontratuko langileak, Institutuan integratuko dira, lege hau indarrean jartzean dituzten jatorrizko izaera eta baldintzak mantenduta.
3.– Aurreko apartatuan aipatzen diren langileak Osasun Publikoaren Euskal Institutuan integratzeko moduak ondorengotza edo subrogazioa aitortzea dakar, sor daitezkeen ondorio juridiko guztiekin.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Eragindako unitateen eta organoen eginkizunak Institutua abian jarri arte.
Osasun Publikoaren Euskal Institutuaren sorrerak eragindako osasun-arloko sail eskuduneko administrazio-organoek eta unitateek beren eginkizunak betetzen jarraitu behar dute Institutua abian jarri arte.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Indarrean dauden planak.
Lege honetan aurreikusitako planek, legea indarrean jartzen denean indarrean badaude, aurrera jarraituko dute haien indarraldia amaitu arte.
HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Zehapen-espedienteak.
Lege hau indarrean jarri aurretik hasitako zehapen-espedienteek arau-haustea egin zen unean indarrean zegoen legediaren arabera izapidetzen jarraituko dute, ezertan eragotzi gabe araudirik mesedegarrienaren aplikazioa, bai arau-haustearen kalifikazioari dagokionez, bai zehapenak ezartzeari dagokionez.
XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA.– Arauak indargabetzea.
Indargabetuta geratzen da Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 13. artikulua, bai eta lege honen aurka doan osasunaren arloko beste edozein xedapen ere.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENA.– Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea aldatzea.
Seigarren xedapen gehigarria gehitzen zaio Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeari, honela:
«Seigarren xedapen gehigarria. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren mendeko erakundeetan, zenbait langile-kategoriatan estatutupeko langile izateko nazionalitate-betekizunetik salbuestea.
1.– Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 72.5 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, interes orokorreko arrazoiengatik, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko mediku espezialistak eta erizainak nazionalitate-baldintza betetzetik salbuetsi ahal izango dira, baldin eta haien espezialitateak defizitariotzat edo betetzeko zailtzat jotzen badira langilerik ez egoteagatik, arrazoi geografikoengatik edo urtaroei lotutako arrazoiengatik.
2.– Lege honetan ezarritakoaren ondorioetarako, espezialitate defizitariotzat edo betetzeko zailtzat hartuko dira fakultatiboei eta/edo erizainei dagozkienak, baldin eta horiek hornitzeko egiturazko langile-defizita badago, eta premia objektiboa eta urgentzia badago asistentzia-beharrak behar bezala bermatzeko.
Salbuespen hori ez da iraunkorra izango, aldi baterako baizik, eta xedapen honen 4. paragrafoan ezarritakoaren arabera egiten den deklarazioari lotuta egongo da.
3.– Espezialitate bat defizitariotzat edo betetzeko zailtzat deklaratzea, langilerik ez egoteagatik, arrazoi geografikoengatik edo urtaroei lotutako arrazoiengatik, gutxienez irizpide hauetako bat oinarri hartuta egingo da:
a) Espezialista-kategoria jakin bat eta zerbitzu-erakunde baterako onartutako plantillaren eta zerbitzuak ematen ari diren benetako langileen arteko desfasea.
b) Eraginpeko zerbitzu-erakundeen demografia- eta biztanleria-inguruabarrak, espezialista-kategoria jakin batean profesional bakoitzari egokitu dakizkiokeen paziente-ratioei dagokienez.
c) Bitarteko edo teknologia berriak sartzeagatik edo eragindako zerbitzu-erakundeetan zerbitzu-zorroa zabaltzeagatik profesionalen eskakizun edo behar gehigarriak.
d) Lanpostu horiek ez betetzea, lanpostuak betetzeko eta hautatzeko sistemen bidez, naziotasun-baldintza betetzen duten langile finko nahiz aldi baterakoekin.
4.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko administrazio-kontseiluak erabakiko du, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiko arduradunak proposatuta, defizitariotzat edo betetzeko zailtzat jotzen diren espezialitateak objektiboki eta premiaz bete behar diren, hirugarren apartatuko irizpideekin bat etorriz, eta, interes orokorreko arrazoiak direla eta, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak horretarako antolatzen dituen hautaketa-prozesuetan nazionalitate-betekizunetik salbuestea justifikatzen badute».
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Arauak emateko gaikuntza.
1.– Gobernu Kontseiluari ahalmena ematen zaio lege hau garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren erregelamendu-xedapenak emateko.
2.– Jaurlaritzak, lege hau indarrean jarri eta hemezortzi hilabeteko epean, Osasun Publikoaren Euskal Institutuaren estatutuak onetsi beharko ditu. Estatutu horiek Institutuaren gobernu-, partaidetza- eta aholkularitza-organoak eta egitura organikoa arautu beharko dituzte.
3.– Osasun Publikoaren Euskal Institutuak nortasun juridikoa eskuratuko du bere estatutuak onartzeko dekretua indarrean jartzen den unean.
4.– Jaurlaritzak, lege hau indarrean jarri eta urtebeteko epean, osasun-arloan eskumena duen sailaren egitura lege honetara egokitzeko dekretua onetsi behar du.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogei egunera jarriko da indarrean.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 4a.
Lehendakaria,
IŃIGO URKULLU RENTERIA.