Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

234. zk., 2023ko abenduaren 11, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
5469

EBAZPENA, 2023ko azaroaren 22koa, Gazteriako zuzendariarena, garapenerako lankidetzako entitateei deialdia egiten diena 2024an Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programarako proiektuak aurkezteko.

«Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programa arautzen duen 132/2023 Dekretuak, 2023ko irailaren 12koak (EHAA, 183. zk., 2023ko irailaren 25ekoa), «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programaren bi alderdiak arautzen ditu; bata, garapenerako lankidetzako entitateentzako laguntzen deialdiari buruzkoa, entitate horiek hegoaldeko herrialdeetan garatu beharreko proiektuak aurkez ditzaten, eta, bestea, gazteei laguntzak emateko deialdiari buruzkoa, gazteok proiektu horietan parte har dezaten.

2024. urterako deialdi hau izapidetze aurreratuaren araubidearen mende dago, eta garapenerako lankidetzako entitateentzako dirulaguntzen deialdiari eusten dio, gazte lankideek hegoaldeko herrialdeetan garatu beharreko proiektuak aurkez ditzaten, deialdi honetan zehazten denaren arabera.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluan xedatutakoa betez, deialdi hau Lehendakaritzaren 2024ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta agertzen da.

Horiek horrela,

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Garapenerako lankidetzako entitateei deialdia egitea 2024rako, «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programarako proiektuak aurkez ditzaten, eta programa horren oinarri arautzaileak onartzea, ebazpen honen I. eranskinean aurreikusitakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ogasun eta Administrazio Publikoko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea arautzen du, eta, haren 5.3 artikuluaren arabera, ebazpen honen babesean emandako dirulaguntzak ebazteko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko Aurrekontu Orokorretan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta interesdunek beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiari, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 22a.

Gazteriako zuzendaria,

MIREN SARATXAGA DE ISLA.

I. ERANSKINA
EBAZPENA, GAZTERIAKO ZUZENDARIARENA, GARAPENERAKO LANKIDETZAKO ENTITATEEI DEIALDIA EGITEN DIENA 2024AN EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN «EUSKADIKO GAZTEAK LANKIDETZAN» PROGRAMARAKO PROIEKTUAK AURKEZTEKO
OINARRIAK

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da garapenerako lankidetzako entitateei 2024rako dirulaguntzak emateko deialdia egitea, «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programan gazteek parte har dezaten.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honetara bideratutako baliabide ekonomikoen zenbateko osoa 80.000 eurokoa da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura.

3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eskabide-inprimakia betez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0127407. Betekizunak II. eranskinean ezarritako moduan egiaztatuko dira.

Eskabidearen ondorengo izapideak –jakinarazpenak eta justifikazioak barne– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» gunearen bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartutako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

2.– Ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

4. artikulua.– Diruz lagundutako proiektuak gauzatzeko epea.

Diruz lagundutako proiektuak, ahal dela, uztailetik aurrera egin behar dira, eta hiru hilabete inguruko iraupena izango dute, salbuespenezko kasuetan izan ezik, «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programa arautzen duen irailaren 12ko 132/2023 Dekretuaren 32.5. artikuluan ezartzen denaren arabera eta esperientzia gidatzen duen GGKE bakoitzarekin adosten diren baldintzen arabera.

5. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

800 euroko laguntza emango da hautatutako proiektuan azkenean sartzen den gazte bakoitzeko, «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programan hautatutako gazte boluntarioaren egonaldi- eta mantenu-gastuak zati batean ordaintzeko.

6. artikulua.– Balorazio Batzordearen osaera.

Balorazio Batzordearen osaera Gazteria Zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez jakinaraziko da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programa arautzen duen irailaren 12ko 132/2023 Dekretuaren 8.5 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

II. ERANSKINA
ESKABIDEAN GEHITU BEHARREKO DATUAK. ESKABIDEA DAGOKION FORMULARIO ELEKTRONIKOAREN BIDEZ EGIN BEHAR DA

1.– Identifikatu.

Identifikazio-datuak:

Pertsona/entitate interesduna naiz espedientean / Honen ordezkaria naiz Identifikazio-dokumentua, Zenbakia, Entitatearen Izena.

Zer probintziatan dauden entitate eskatzailearen datu fiskalak*

Komunikazio-datuak:

Jakinarazpen eta komunikazioak hona bidaliko dira: Espedientea tramitatzen den bitartean Administrazioak bidalitako jakinarazpenak honi zuzenduko zaizkio:

Jakinarazpen eta komunikazioetarako kanala: Elektronikoa: Nire Karpeta guneko jakinarazpen eta komunikazioen atalera igorriko dira. Han sartzeko, identifikazio elektronikorako bitarteko bat beharrezkoa da. (Kanal elektronikoaren gaineko oharra: Jakinarazpen elektronikora sartzen ez bazara, jakinarazitzat emango da Nire Karpetan eskuragarri jartzen denetik hamar egun naturaleko epean. Esandako epea betetzen denean, jakinarazpena errefusatu duzula pentsatuko da eta horrela jasoko da espedientean. Izapidea egintzat emango da eta Administrazioak aurrera jarraituko du prozeduran).

Abisuak jasotzeko datuak:

Nire Karpetan jakinarazpen edo komunikazioren bat jasotakoan, abisu bat bidaliko dizugu helbide elektronikora eta telefono mugikorrera: Helbide elektronikoa*, Telefono mugikorra

Komunikazio-hizkuntza*:

Mezu elektroniko eta abisu-mezu bidezko jakinarazpen eta komunikazioak zuk aukeratutako hizkuntzan bidaliko dizkizugu: Euskara/Gaztelania.

Datuak erabiltzeko baimena:

– Nire komunikazio eta abisuetarako datuak Eusko Jaurlaritzako sail eta organismoekiko harremanetan orokorrean erabiltzea nahi dut. Bai/Ez.

– Nire komunikazio eta abisuetarako datuak espediente hau kudeatzeko bakarrik erabiltzea nahi dut. Bai/Ez.

Datu pertsonalen tratamendua:

Datuen babesari buruzko informazio oinarrizkoa:

Eskabidean agertzen diren datu pertsonalak erabili egingo dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: «Auzolandegiak» eta «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programak.

Arduraduna: Gazteria Zuzendaritza, Lehendakaritza.

Helburua: «Auzolandegiak» eta «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programetako parte-hartzaileen datuak kudeatzea. Baimenak eta laguntzak izapidetzea.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egindako misio bat betetzeko.

Hartzaileak: Irabazi asmorik gabeko antolakunde eta elkarteak, Europar Batasuneko organoak, Estatuko Administrazioko beste organo batzuk, Toki-administrazioko beste organo batzuk, Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio osagarria: gure webgunean kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/103700-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf)

2.– Datuak bete.

Proiektuaren datuak:

Informaziorako solaskidearen identifikazio-datuak: Izena*, Lehen abizena*, Bigarren abizena, Karguduna (betetzen duen lanpostua)*, Telefono finkoa, Telefono mugikorra, Faxa, Helbide elektronikoa.

Proiektua:

Informazio osagarria: proiektuaren izena*, Garapenerako lankidetzako harrerako entitatea*, Proiektuaren deskribapen laburra*

Gazte boluntarioen ezaugarriei dagozkien datuak: proiektuan eskaini diren gazte boluntarioen profil kopurua*

Gazte boluntarioaren ezaugarriak: Ezaugarriak*, Boluntarioak egingo duen lanaren edo zereginen deskribapena*.

Erantzukizunpeko adierazpenak:

Adierazten dut:

Bateragarritasun-adierazpenak* (hasierako hiruretatik bat aukeratu):

– Ez du jasotzen helburu bera duen laguntza edo dirulaguntzarik administrazio publikoetatik edo entitate pribatuetatik.

– Jasotzen ari da helburu bera duen laguntza edo dirulaguntza administrazio publiko edo entitate pribaturen batetik (atal honetako datuak dagokien dokumentuan zehaztu beharko dituzu).

– Helburu bera duen laguntza edo dirulaguntza eskatu du administrazio publiko edo entitate pribaturen batean, eta erantzunaren zain dago (atal honetako datuak dagokien dokumentuan zehaztu beharko dituzu).

– Formalki eratuta eta inskribatuta dago dagokion erregistroan. Bai/Ez.

– Estatutuetan berariaz aipatzen da bere helburuetako bat hegoaldeko herrialdeak garatzera bideratutako proiektuak gauzatzea dela, edo entitateak alor horretan gutxienez bi urte daramatza lanean. Bai/Ez.

– Entitateak ez du irabazi-asmorik. Bai/Ez.

– Entitateak egoitza nagusia edo ordezkaritza iraunkorra dauka Euskal Autonomia Erkidegoan. Bai/Ez.

– Entitate eskatzailea ez dago zigortuta, dirulaguntza publikoak edo bestelako laguntza publikoak lortzeko aukera kenduta, eta ez dauka batere legezko debekurik halakoak lortzeko, barnean direla sexu-bereizkeriaren ondoriozko debekuak, 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2. artikuluan xedatutakoaren araberakoak (1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena)*. Bai/Ez.

– Entitateak beteak ditu dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak. Bai/Ez.

– Entitate eskatzaileak betetzen ditu dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotzen diren baldintza orokorrak. Bai/Ez.

– Betetzen ditu indarrean dagoen legediak ezarritako baldintzak*. Bai/Ez.

– Deklaratzen dut eskabide honetan jasotako datu guztiak egiazkoak direla eta osorik daudela, baita aurkezten dudan dokumentazioa ere, eta nire gain hartzen dut dagokidan erantzukizuna (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua.)* Bai/Ez.

Erantzukizunpeko adierazpen batean edo komunikazio batean jasotzen den datu edo informazioaren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, edo deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, edo komunikazioa, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).*

3.– Dokumentuak erantsi.

Ofizioz egiaztatzea. Aplikatzekoa den araudiaren arabera, prozedura honen instrukzio organoak ofizioz egiaztatuko ditu honako datu hauek administrazio eskudunean:

Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak eginda edukitzea (Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusia – GSDN). Bai/Ez.

Zerga-betebeharrak bete izanaren datuak (Euskal Foru Aldundiak edo Zerga Administrazioko Estatu Agentzia). Bai/Ez.

(Salbu eta interesdunak arrazoituta aurka egiten badio. Aurka egiteko eskubidea erabiltzea).

Eskatutako dokumentu motak (Eskatutako dokumentuak, Igotako dokumentuak, Ekintzak):

Zerga-betebeharrak bete izanaren datuak (Euskal Foru Aldundiak edo Zerga Administrazioko Estatu Agentzia) (beharrezkoa, aurka egiten badio) (Erantsi/ Bilatu/ Aurkeztu).

Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak eginda edukitzea (Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusia – GSDN) (beharrezkoa, aurka egiten badio) (Erantsi/ Bilatu/ Aurkeztu).

Entitatearen estatutuak (Erantsi/ Bilatu/ Aurkeztu).

Entitatearen eratze-eskriturak (Erantsi/ Bilatu/ Aurkeztu).

Proiektua (Erantsi/ Bilatu/ Aurkeztu).

Hala badagokio, erantsi beste dokumentu bat (Erantsi).

4.– Sinatu eta bidali.


Azterketa dokumentala