Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

233. zk., 2023ko abenduaren 7a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5450

AGINDUA, 2023ko azaroaren 29koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Karrera judizialera, fiskalera eta Justizia Administrazioko letraduen kidegora sartzeko prestaketa-laguntzetarako 2024ko ekitaldirako deialdia egiten duena eta laguntza horiek arautzen dituena.

Giza baliabideek berealdiko garrantzia dutela oinarri hartuta, eta karrera judizialera eta fiskalera eta Justizia Administrazioaren letraduen kidegora sartzeko bidea sustatu eta errazteko beharra ikusita, egonkortasuna bultzatzeko eta, bidenabar, Justiziaren zerbitzu publikoaren kalitatea egokia izateko, eta, hartara, herritarrek Justizia Administrazioarekin duten gogobetetze-maila eta konfiantza areagotzeko, egoki ikusi da orain bi hamarkada luze hasitako jarduera-ildotik jarraitzea, emaitzak onak izan baitira. Hori horrela, agindu honen bidez eutsi egiten zaio laguntza-lerro bati, zeinaren helburua baita bidea erraztea Zuzenbidean lizentziatu edo graduatutako pertsonei beren asmo profesionalak karrera judizialera eta fiskalera eta Justizia Administrazioaren letraduen kidegora bidera ditzaten. Horrela, Justizia Administrazioari giza baliabide egonkorrak emango zaizkio, eta eraginkortasuna eta eraginkortasuna areagotzen lagunduko da.

Laguntza hauen hartzaile den kolektiboak, ustez, gaitasun nahikoa du informazio- eta komunikazio-teknologiak erabiltzeko, eta, beraz, eskabideen kudeaketa, prozeduraren garapena eta izapidetzea soil-soilik bitarteko telematikoen bidez egin behar dela xedatzen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean oinarrituta (aurrerantzean, APAPEL), 14.3 artikuluan zehazki. Artikulu horretan ezartzen denez, erregelamenduz, administrazioek ezar dezakete haiekin harremana nahitaez bitarteko elektronikoen bidez izan behar dela zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuentzat, baldin eta haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo beste arrazoi batzuengatik egiaztatuta badago badutela beharrezkoak diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta haiek erabiltzeko aukera.

Hala, behar den erregelamendu-garapenaren bidez, karrera judizial eta fiskalean eta Justizia Administrazioko letraduen kidegoan sartzeko asmoz prestatzeko laguntzak emateko prozeduraren eskabidean eta gainerako izapideetan bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra arautu da.

Deialdi hau, bestalde, gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzearen araubidearen mende dago, Ogasun eta Administrazio Publikoko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren arabera. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargurako gastu-espedienteen aurretiko izapidea arautzen da.

Azkenik, adierazi behar da administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioen arabera ebatziko dela deialdia, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako eran, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudiarekin bat.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– – Xedea.

Agindu honen xedea da deialdia egitea karrera judizialera, fiskalera eta Justizia Administrazioko letraduen kidegora iristeko oposizioak prestatzeko 40 beka emateko 2024ko ekitaldirako lehiaketarako eta lehiaketa hori arautzea.

2. artikulua.– – Zuzkidura ekonomikoa.

1.– Urteko 6.600 euro izango da beka bakoitzaren zenbatekoa. 550 euro emango dira hilean.

2.– Laguntza hilero ordainduko da, hilaren lehen astean.

3.– Agindu honetan aipatzen diren laguntzetarako, berrehun eta hirurogeita lau mila (264.000) euro jarriko dira 2024ko ekitaldirako, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan ezarritako aurrekontu-partidaren kargura.

4.– Bekak ez dira emango 2024ko ekitaldirako kreditu egoki eta nahikoa izan arte.

3. artikulua.– Iraupena.

1.– Bekek urte natural bateko iraupena izango dute, 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra.

2.– Aurreko paragrafoan ezarritako epean onuradunak hautaketa-prozesua gaindituz gero, laguntzaren aldia izendapena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da, edo, lehenago gertatuz gero, Eskola Judizialean sartzen den egunean.

3.– Deialdi honetako bekei buruz ebazteko, kreditu egokia eta nahikoa egon behar da Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urterako aurrekontu orokorretan, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Administrazio Publikoko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.

4. artikulua.– Betekizunak.

1.– Eskatzaileek eskakizun hauek bete behar dituzte eskabidea aurkeztean:

a) Aurkeztea erabaki duten oposizio horien azken deialdian eskatutako baldintzak betetzea.

b) Azken zazpi urteetatik gutxienez bost urte Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea eta bertan benetan bizitzea.

c) Zuzenbideko lizentzia edo gradua izatea.

d) Zazpi urte baino gehiago ez igaro izana lizentzia edo gradua eskuratu zenetik.

e) Espediente akademikoan batez besteko nota 6 izatea.

f) Karrera judizial edo fiskaleko edo Justizia Administrazioaren letraduen kidegoko prestatzaile baten zuzendaritza izatea, edo, laguntzaren onuradun izanez gero, hura izateko konpromisoa izatea.

Kidetza hori Justizia Administrazioko Zuzendaritzaren berariazko baimen arrazoituaren bidez salbuetsi ahal izango da, baldin eta prestatzaileak egiaztatzen badu arlo juridikoan esperientzia profesionala duela eta Zuzenbideko lizentzia edo gradua duela eta karrerako funtzionario gisa hamabost urte bete dituela Administrazio Publikoetako beste kidego batean, zeinetan berariaz eskatzen baita horretarako doktoretza edo zuzenbideko edo graduko lizentzia edukitzea eta justizia-epaitegietan esku hartzea.

g) Deialdi honetan aipatutako oposizioak prestatzeko edozein motatako beka, antzeko graduondoko ikasketa edo laguntzaren onuradun suertatu ez izana hiru urteko epean gehienez ere, dela jarraian dela aldizka, salbu eta artikulu honen 2. apartatuan aurreikusitako kasuetarako.

h) Eskatzailea mantentzen dutenek 75.000 euro garbi baino diru-sarrera handiagoak ez izatea, edo, norbere diru-sarreren mende badago, 10.000 euro garbi baino handiagoak ez izatea. Diru-sarreratzat hartuko dira laneko edota jarduera ekonomikoetako etekinen ondoriozkoak eta kapital higiezin zein higigarrietako etekinen ondoriozkoak. Era berean, kostu gabeko eskualdatzeetatik eratorritako ondare-irabaziak ere zenbatuko dira.

Halakotzat hartuko dira, halaber, langabeziagatiko prestazioei, aurre-erretiroari, ezintasunari, DSBEri, kotizaziopeko edo kotizazio gabeko prestazioei, gizarte-larrialdietarako diru-sarrerei, gizarteratzeari edo aurrekoen antzeko beste batzuei dagozkien diru-sarrerak.

Eskatzaileek, independentzia ekonomikoa eta familiarra badute, beren baliabide ekonomikoak nahikoak direla egiaztatu beharko dute, bai eta bizileku bereizia dutela ere, familiatik kanpokoa.

Eskatzaileek, beren gurasoak ez diren pertsonen mende badaude ekonomikoki, salbuespenezko mendetasun-egoera hori egiaztatu beharko dute ebazpen bidez, epai judizial baten bidez edo legez onartutako bestelako bitartekoren baten bidez.

Laguntza hauen ondorioetarako, laguntza eskatzen duen pertsonarekin bizi diren anai-arreben diru-sarrerak ez dira zenbatuko, salbu eta haiekiko diru-sarreren mendetasuna baliatu nahi bada; kasu horretan, egoera hori aurreko paragrafoan ezarritako modu berean egiaztatu beharko da.

Karrera judizialerako eta fiskalerako eta Justizia Administrazioaren letraduen kidegorako oposizioak prestatzeko eskatzaileek jasotako laguntza publikoak edo pribatuak, edo antzeko beste laguntza batzuk, ez dira hartuko norbere diru-sarreratzat.

Era berean, ez dira halakotzat hartuko banantze edo dibortzio kasuan mantenu-pentsiotik eratorritako diru-sarrerak, umezurtz-pentsioa edo lan-errentetatik edo kapital higigarri edo higiezinetik ez datorren beste edozein pentsio.

i) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere.

Era berean, ezingo du laguntza jaso sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen penal edo administratiboa jaso duen inork, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginak 23.2 artikuluan xedatutakoaren arabera (martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori).

j) Zerga-betebeharrak beteak izatea, Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak eginak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak beteak.

Betebehar horiek onuradun izaten hasteko zein onuradun izaten jarraitzeko galdatu ahal izango dira, eta, beraz, horiek betetzen direla egiaztatuko da, bai laguntzak ematen diren unean, bai ordaintzen diren unean.

k) Ezin izango dira beken onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 artikuluan aurreikusten den debekuren bat dutenak.

2.– Aurreikusitako laguntza guztiak betetzen ez badira, aurreko deialdietako laguntzen edo antzeko laguntzen onuradunek jaso ahal izango dituzte laguntzok, baldin eta eskakizunetan ezarritako hiru urteko gehieneko epean baliatu badituzte; horrela, laugarren urte baterako aukera izango dute.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Interesdunek prozedura honetako izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte, horretarako gaitutako bide elektronikoa erabiliz soil-soilik.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eskabide normalizatu baten bidez egingo da eskaera, behar bezala beteta: https://www.euskadi.eus/servicios/0035112

Identifikatzeko eta eskabideak sinatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikoko bitartekoak erabili behar dira; bitarteko horiek helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazio-memoria eta gainerako ereduak bide elektronikoz nola izapidetu jakiteko xehetasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/servicios/0035112

4.– Eskatzaileak ordezkari baten bidez egin dezake izapidetze elektronikoa. Horretarako, ordezkaritza Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Ordezkarien Erregistroan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

5.– Eskabidearen osteko izapideak –zuzenketak eta justifikazioak barne– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu behar du.

Alta emateko edo hirugarrenaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenen erregistro elektronikora jo behar du interesdunak, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

6. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak eta horiekin batera doazen egiaztagiriak. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2 a) eta 6.1 artikuluek ezartzen duten bezala.

3.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

4.– Eskabidearekin batera, agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

a) NANaren fotokopia.

b) Eskatzailearen administrazio-auzotasuna eta bizilekua 4. artikuluko zerrendako b) letran ezarritako epean egiaztatzen dituen udal-ziurtagiria. Ziurtagiri horretan, gainera, eskatzailearen bizilekuan bizi diren pertsona guztiak adierazi behar dira.

c) Eskatzailea mantentzen dutenen egoera ekonomikoari buruzko egiaztagiriak. Horretarako, 2022ko ekitaldiari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren behin-behineko edo behin betiko likidazioaren fotokopia osoa aurkeztu beharko da, edota, bestela, 2022an jasotako diru-sarreren egiaztagiriak, baldin eta diru-sarrerengatik aitorpen hori aurkeztera behartuta ez badaude.

Betiere, PFEZaren dokumentazioa eta eranskinak aurkeztuko dira, eta, horietan, berariaz jaso beharko dira diru-sarrera gordinak eta lan-etekinen eta jarduera ekonomikoen etekin garbiak, bai eta kapital higiezinenak, higigarrienak eta ondare-irabazienak ere.

Halaber, hala badagokio, eskatzaileak edo mantentzen dutenek langabezia-prestaziorik, aurre-erretirorik, ezintasunengatiko laguntzarik, DSBErik, kotizaziopeko edo kotizazio gabeko prestaziorik, gizarte-larrialdietarako diru-sarrerarik, gizarteratzeko laguntzarik edo halako sarrerarik jaso izan badu 2022. urtean, horiek egiaztatzeko agiriak (INEMekoak, Gizarte Segurantzakoak edo dagokien entitate edo organoenak); berdin dio jasotzailea dagokion aitorpenean salbuetsita dagoen zein sartuta dagoen.

Eskatzailea mantentzen duten pertsonen banaketa, dibortzio edo antzeko egoerarik baldin bada, egoera hori egiaztatzen duen dokumentazioaz gain (familia liburua edo haren ordezkoa, epaia, eta abar), beharrezkoa da hitzarmen arauemailea ere aurkeztea. Hitzarmen arauemaile horretan jasotako diru-sarrerak ordaindu ez badira, zuzenbidean onartutako legezko bitartekoren baten bidez egiaztatuko da.

Eskatzaileek, beren diru-sarrera propioak baliatu nahi badituzte independentzia ekonomikoa eta familiarra justifikatzeko, 2022ko ekitaldiari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren behin-behineko edo behin betiko likidazioaren fotokopia osoa aurkeztu beharko dute, edota 2022an jasotako diru-sarreren egiaztagiriak, baldin eta ez badaude behartuta aitorpen hori aurkeztera diru-sarreren mailagatik.

Halaber, alokairu-kontratua, ondasun higiezinen gaineko zergaren ordainagiria edo bizi diren etxebizitzaren titulartasuna egiaztatzen duen eta zuzenbidean onartzen den bestelako titulu bat aurkeztu beharko dute.

Eskatzaileek, beren gurasoak ez diren pertsonen mende badaude ekonomikoki, salbuespenezko egoera hori egiaztatu beharko dute, eta, horretarako, mendetasun hori justifikatzen duen ebazpena, epai judiziala edo legez onartutako bestelako bitartekoren bat aurkeztu beharko dute.

d) Espediente akademiko osoa.

Aurreko deialdietan ikasketa-espedientea aurkeztu duten eskatzaileek ez dute berriro aurkeztu beharrik izango.

Espediente horretan, batez besteko nota orokorra jaso beharko da berariaz (0tik 10erako zenbaki-eskalan).

e) Euskararen jakite-maila egiaztatzen duen dokumentazioa, hala badagokio. Aurreko deialdietan dokumentazio hori aurkeztu duten edo ETZEB Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan dauden eskatzaileek ez dute aurkeztu beharrik izango.

Artikulu honen a) eta e) puntuetan eskatutako dokumentazioaren eta ETZEBen egiaztapena ofizioz egiaztatu ahal izango du deialdi honen organo kudeatzaileak, salbu eta eskatzailea espresuki aurka agertzen bada; kasu horretan, egiaztapen horren aurka egiteko eskubidea baliatu ahal izango du, eta, kasu horretan, egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

7. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Eskabidean sartuko den erantzukizun-adierazpen baten bidez, inguruabar hauek egiaztatuko dira:

Prestatu nahi den oposizioaren azken deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla.

Deialdian aipatzen den edozein motatako beka, graduondoko antzeko ikasketa edo oposizioak prestatzeko laguntzarik ez duela jaso hiru urtez, jarraian edo aldizka; salbuespena deialdiaren 4.2 artikuluan aurreikusitako kasua da.

Eskatzaileak karrera judizialeko edo fiskaleko edo Justizia Administrazioko letraduen kidegoko prestatzaile baten zuzendaritzaren laguntza duela, edo izango duela, edo laguntzaren onuradun bada.

Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela.

Organo emaileak ofizioz egiaztatu ahal izango du betebehar horiek betetzen dituela.

Ez dela xede eta helburu bererako laguntza edo dirulaguntzarik jasotzen ari administrazio publiko edo entitate pribatuetatik.

Ez duela zigorrik jaso, ez penalik ez administratiborik, laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea galarazten dionik.

Ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekurik –bereziki, sexu-bereizkeriagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik jarritakorik– dagokion zehapenean ezarritako aldian.

Ez dagoela sartuta itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean, edo horiek amaituta egotea; beraz, dirulaguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro.

Laguntza horien onuraduna izateko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla.

Ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13.2 artikuluan ezarritako debekurik.

8. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren Justizia Administrazioko Zuzendaritzak ikusten badu dokumentazioa osatu gabe dagoela edo aurreko artikuluetan adierazitako baldintzak betetzen ez dituela, hamar egun balioduneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko. Era berean, jakinarazi egingo zaio, horrela egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela iritziko zaiola, horretarako ebazpena eman ondoren.

9. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Justizia Administrazioko Zuzendaritzari dagokio deialdi hau kudeatzea.

10. artikulua.– Merezimenduen balorazioa.

1.– Onuradun izateko, merezimendu hauek hartuko ditu kontuan Hautaketa Batzordeak:

a) Egoera ekonomikoa; 0tik 45 puntura bitarteko eskalan baloratuko da, banakapen honen arabera:

a) Urteko diru-sarrerak/euro familia-unitateko

< 20.000: 25 puntu

30.000: 20 "

40.000: 15 "

50.000: 10 "

60.000: 5 "

> 60.001: 0 "

b) Urteko diru-sarrerak/euro familia-unitateko kide bakoitzeko, kopuru hauetara bitarte:

< 5.000: 20 puntu

7.500: 16 "

10.000: 12 "

12.500: 8 "

15.000: 4 "

> 15.001: 0 "

Tarte bakoitzeko puntuazioa bateratua izango da, eta ez haztatua.

Merezimenduak baloratzeko, beren etekin garbien arabera zenbatuko dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren bidez frogatutako diru-sarrerak. Hala ere, zuzenbidean legez onartutako eta aitorpen hori ez bezalako bitartekoen bidez frogatutako diru-sarreretan, diru-sarrera garbiak kontsignatuta ez badaude, diru-sarrera gordinak zenbatuko dira.

b) Espediente akademikoa espediente horren batez besteko nota orokorraren arabera baloratuko da, 0 puntutik 35 puntura bitarteko eskalan, banakapen honen arabera:

– 9tik ohorezko matrikulara: 35 puntu.

– 8tik 8,99ra: 30 puntu.

– 7tik 7,99ra: 25 puntu.

– 6tik 6,99ra: 15 puntu.

c) Euskara jakitea: 0 eta 15 punturen artean; B1: 5 puntu; B2: 10 puntu, eta C1: 15 puntu.

d) Aurreko urteetan onuraduna izatea: 0tik 5 puntura bitartean. Urtebetez: 2 puntu; bi urtez: 5 puntu.

2.– Agindu honen 4. artikuluaren 2. apartatuan sartzen diren eskatzaileei dagokienez, Hautaketa Batzordeak, oro har, merezimendu hauek baloratuko ditu onuradun izateko:

a) Egoera ekonomikoa; 0tik 35 puntura bitarteko eskalan baloratuko da, banakapen honen arabera:

a) Urteko diru-sarrerak/euro familia-unitateko

< 20.000: 20 puntu

30.000: 15 "

45.000: 10 "

60.000: 5 "

> 60.001: 0 "

b) Urteko diru-sarrerak/euro familia-unitateko kide bakoitzeko, kopuru hauetara bitarte:

> 7.500: 15 puntu

10.000: 12 "

12.500: 8 "

15.000: 4 "

> 15.001: 0 "

Merezimenduak baloratzeko, beren etekin garbien arabera zenbatuko dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren bidez frogatutako diru-sarrerak. Hala ere, zuzenbidean legez onartutako eta aitorpen hori ez bezalako bitartekoen bidez frogatutako diru-sarreretan, diru-sarrera garbiak kontsignatuta ez badaude, diru-sarrera gordinak zenbatuko dira.

Tarte bakoitzeko puntuazioa bateratua izango da, eta ez haztatua.

b) Espediente akademikoa espediente horren batez besteko nota orokorraren arabera baloratuko da, 0 puntutik 35 puntura bitarteko eskalan, banakapen honen arabera:

– 9tik ohorezko matrikulara: 35 puntu.

– 8tik 8,99ra: 30 puntu.

– 7tik 7,99ra: 25 puntu.

– 6tik 6,99ra: 15 puntu.

c) Euskara jakitea: 0 eta 20 punturen artean; B1: 5 puntu; B2: 10 puntu; eta C1: 20 puntu.

d) Azken lau urteetan laguntzaren xede den oposizioko azterketaren bat gainditu izana, 0 puntutik 10 puntura. Gainditutako azterketa bat, 5 puntu, eta bi azterketa, 10 puntu.

3.– Artikulu honetako 2. apartatuaren d) letrako kreditazioa frogatzeko, 6. artikuluan eskatzen diren gainerako agiriekin batera, epaimahaiaren edo organo eskudunaren ziurtagiria, BOEren kopia edo inguruabar hori modu frogagarrian egiaztatzen duen beste dokumenturen bat beharko da.

4.– Eskatzaile biren edo gehiagoren artean puntuazio-berdinketa egonez gero, hauek hartuko dira kontuan berdinketa hori hausteko: lehenik, espediente akademikoaren batez besteko nota orokorra; berdinduta jarraitzen badute, lehentasuna emango zaio egoera ekonomikoagatik lortutako puntuaziorik altuenari; eta, oraindik ere berdinduta badaude, lehentasuna emango zaio aurreko urteetan onuraduna izateagatik lortutako puntuaziorik altuenari.

11. artikulua.– Laguntzen onuradunak aukeratzea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, batzorde batek proposatuko ditu hautagaiak. Hauek izango dira batzordekideak, edo haiek eskuordetzen dituztenak:

Batzordeburua:

– Justizia Administrazioko zuzendaria.

Batzordekideak:

– Karrera judizialeko kide bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidenteak izendatua.

– Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusia.

– Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Justiziako zuzendaria.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Gobernu Salako idazkaria.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Zuzenbide Fakultateetako dekanoak.

Idazkari lanetan, Justizia Administrazioko Zuzendaritzako teknikari bat arituko da, titularrak izendatua, hitza izango du, baina botorik ez.

2.– Agindu honetan ezarritako baremoen arabera hautatuko dira hautagaiak. Erabakiak batzordeko kideen gehiengoaren bidez hartuko dira.

3.– Hautatutako berrogei hautagaien zerrendarekin batera, batzordeak beste zerrenda bat proposatuko du, lortutako puntuazioaren arabera eta zein kidegotarako lehiatzen diren kontuan hartu gabe, ondorengo hamar puntuazioak lortu dituzten hamar eskatzaileena, aurreneko horietako inork beken onuradun izateari uzten badio ere beka bukatu delako, uko egin diolako, ez duelako ondo bete beharrekoa, ezintasunen bat sortu zaiolako edo onuradun izateko aukera galarazten duen beste edozein gorabehera izan duelako. Nolanahi, gorabehera hori laguntza eskuratu eta hurrengo bi hilen barruan gertatu bada egingo da ordezkapena, ez bestela.

4.– Hamar ordezkoen zerrenda meritu lehenetsien baremoen arabera lortutako puntuazioaren hurrenkerari jarraituz osatuko da.

5.– Deialdi honen bidez emango diren beketan baten bat eman gabe geratuz gero, lehenengo ordezkoak eskuratuko du eman gabeko beka hori, 3. artikuluan ezarritako epea osatzeko falta den aldian.

Edonola ere, ekitaldiko aurrekontutik erabilgarri dagoenaren araberako laguntza emango zaio ordezkoari.

12. artikulua.– Bekak esleitzea.

1.– Hautaketa Batzordearen proposamena aztertu ondoren, Justiziako sailburuordeak deialdia ebatziko du, eta hautatutako izangaiak –eta, halakorik badago, haien ordezkoak– eta erdietsitako puntuazioa adieraziko ditu. Erabakia gehienez sei hileko epean hartu eta jakinarazi beharko da, agindu hau indarrean sartzen denetik.

Adierazitako epean berariaz ebazten ez bada, ezetsitzat joko dira eskabide guztiak. Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio, hilabeteko epean, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari.

2.– Hautatutako izangaiek ez dute abian izan behar itzultze- edo zehapen-prozedurarik, edo horiek amaituta behar dute; hortaz, dirulaguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta egon beharko dute itzultze- edo zehapen-prozedurek.

3.– Prozeduraren ebazpena berariaz eta banan-banan jakinarazi behar bada ere, EHAAn argitaratuko dira, Justiziako sailburuordearen ebazpen baten bidez, hautatutako hautagaien zerrenda, haien ordezkoena eta, hala badagokio, hutsik geratzen direnena, bai eta emandako beken zenbatekoak ere.

13. artikulua.– Laguntzen baldintzak.

1.– Laguntzen onuradunek karrera judizial edo fiskaleko edo Justizia Administrazioko letraduen kidegoko prestatzaile baten zuzendaritza izan beharko dute, edo agindu honen 4. artikuluaren f) letraren 2. paragrafoan ezarritakoaren arabera berariaz baimendutako pertsonena.

2.– Beka hau jasotzea bateraezina da beste edozein beka jasotzearekin, gai honen antzeko izaera duten graduondoko ikasketekin edo ordaindutako edozein zerbitzu-prestaziorekin, organo judizialetan edo fiskaltzan ordezkapen-lanak egiten direnean izan ezik. Kasu horretan, eta aldez aurretik eskatuta, prestazioak irauten duen bitartean, bekak dakartzan eskubide ekonomikoak jasotzeko eskubidea eten egingo da, baina egoera hori inola ere ez da izango sei hilabetetik gorakoa bekak irauten duen bitartean.

3.– Beka etenda geratuko da, halaber, istripuagatik edo gaixotasun larriren batengatik onuraduna ezinduta geratzen bada. Behar bezala egiaztatu beharko da ezintasun hori, eta ez da gainditu beharko aurreko puntuan ezarritako denbora-muga.

4.– Epe hori igarota, oraindik ere beka etetea eragin zuten gorabeherek hor jarraitzen badute, bukatutzat emango da beka.

14. artikulua.– Onuradunen betebeharrak

1.– Onuradunak beka onartzeak deialdi honetan ezarritako arau guztiak onartzea dakar, eta, zehazki, 13. artikuluan jasotako gorabeheraren bat gertatuz gero, horren berri ematea.

Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hamar egun natural igarotakoan onuradunak kontrakorik adierazten ez badu, dirulaguntza onartu egin duela iritziko zaio.

2.– Erregularki joatea karrera judizialeko edo fiskaleko kideek, Justizia Administrazioaren letraduen kidegoko kideek edo, hala badagokio, laguntzen organo kudeatzaileak baimendutako pertsonek emandako prestaketa-ikastaroetara eta haiei probetxua ateratzea.

3.– Deialdi honen ondoren egingo den lehen hautaketa-prozesuan parte hartzea, baldin eta gutxienez urtebeteko tartea badago laguntzak emateko ebazpena argitaratzen den egunaren eta hautaketa-prozesuaren deialdia argitaratzen den egunaren artean.

Ondorio horietarako, hautaketa-prozesuan parte hartu duela joko da, prozesu horretako onartuen zerrendan egonez gero eta azterketetara aurkeztu eta eginez gero. Horiek egiaztatzeko, zuzenbidean legez onartuta dauden ziurtagiri edo egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.

Dena den, aurreko urteetan onuradun izan direnek ondorengo hautaketa-prozesuetan parte hartu beharko dute, puntu honen lehen paragrafoan aipatzen den urtebeteko epea igaro ez bada ere.

Hautaketa-prozesu horietan parte hartzen dutenek ziurtagiri edo egiaztagiriak bidali beharko dituzte parte hartu duten hautaketa-prozesua egin eta berehala.

4.– 2024ko lauhileko bakoitzaren amaieran dokumentazio hau bidaltzea (1. justifikazioa: urtarriletik apirilera; 2. justifikazioa: maiatzetik abuztura eta 3. justifikazioa: irailetik abendura):

– Oposizioa prestatzeko egindako gastuen justifikazio-memoria, agindu honen eranskinaren araberakoa.

– Aprobetxamendu-ziurtagiria, prestatzaileak emana.

– Prestatzailearen faktura edo ziurtagiria edo hartze-agiria, edo prestatzaileari egindako transferentziaren/transferentzien banku-frogagiria.

5.– Dirulaguntza indarrean dagoen bitartean gorabeherarik gertatuz gero, Administrazioari jakinaraztea.

6.– Laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetzeko eskatzen duten informazio guztia ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura jasotzen diren laguntzen inguruan indarrean dagoen ordenamendu juridikoan ezartzen diren gainerako betebehar guztiak, eta, zehazki, 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan (laguntza eta dirulaguntza publikoen onuradunek dituzten betebeharrei buruzkoa) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan adierazten dena (1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena).

15. artikulua.– Onuradunek egindako gastuak justifikatzeko memoria.

1.– Laguntzen onuradunek agindu honen 14. artikuluaren 4. apartatuan aurreikusitako justifikazio-memoria eta gainerako nahitaezko dokumentazioa aurkeztu beharko dituzte lau hilean behin, agindu honen eranskinean ezarritako ereduaren arabera. Eredua euskadi.net egoitza elektronikoan argitaratuko da.

2.– Dokumentazio hori bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko da, https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/ helbidean.

16. artikulua.– Onuradunen jarraipena.

1.– Justizia Administrazioko Zuzendaritzak laguntzen onuradunen jarraipena egingo du, agindu honen 14. artikuluaren 4. apartatuan aurreikusitako dokumentazioan oinarrituta, eta, batez ere, prestatzaileek egin beharreko lau hilean behingo aprobetxamendu-txostenean oinarrituta.

2.– Prestatzaileek, aldian-aldian ematen duten txostena alde batera utzi gabe, Justizia Administrazioko Zuzendaritzari jakinarazi beharko diote laguntzen onuradunen aprobetxamenduan sortzen den edozein gorabehera.

17. artikulua.– Lehentasunezko destinoa eskatzea eta zerbitzu-ematearen iraupena.

1.– Laguntzen onuradunek, oposizioa gainditzen badute, Euskal Autonomia Erkidegoan eskaintzen diren destinoak eskatu beharko dituzte lehentasunez.

Beste destino bat hautatuz gero, itzuli egin beharko dira kontzeptu hori dela-eta jaso diren laguntzak, hautaketa hori justifikatzen duen ezinbesteko arrazoi objektiborik ez badago behintzat.

2.– Hautaketa-prozesua gainditu ondoren destinoa Euskal Autonomia Erkidegoan lortuz gero, gutxienez bi urtez jardun beharko dute lanean Euskal Autonomia Erkidegoan bertan, halabeharrak eraginda beste nonbait jardun beharra egokitzen ez bazaie behintzat.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Laguntzaren onuradunak ez badu betetzen deialdi honetan aurreikusitako betebeharren bat edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharretakoren bat (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hori), Justiziako sailburuordeak, onuradunari entzun eta dagokion prozedura bideratu ondoren, deklaratuko du emandako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela.

2.– Halaber, emandako laguntza ordaindu bada, jasotako zenbatekoa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaiola adierazi beharko da, bai eta dirulaguntzen arloko berandutze-interesa ere, dirulaguntza ordaintzen den unetik dirua itzultzea bidezkoa dela erabakitzen den egunera artekoa, edo zordunak itzulketa ordaintzen duen egunera artekoa, hura baino lehenagokoa bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan.

Itzulketa hori proportzionaltasun-irizpideen arabera aplikatuko da. Agindu honetan araututako eta deitutako laguntzak denbora-tarte jakin batean gertatzen diren diruz laguntzeko moduko egoerei buruzkoak direnez, aldi baterako ez-betetze partzialak laguntza eskuratzeko baldintzak bete diren aldian laguntza onartzea ekarriko du, eta ez-betetzea gertatu den aldian jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira.

3.– Horrek guztiak ez ditu eragozten beharrezkoak diren gainerako ekintzak, bat etorriz abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

4.– Itzulitako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizunen araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitakoa izango da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak arau hauetan xedatutakoaren mende daude: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 38/2003 Dekretua, azaroaren 17koa, dirulaguntzei buruzkoa, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren araudia onartzen duena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua aldizkari horretan bertan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 29a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala