Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

231. zk., 2023ko abenduaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
5414

EBAZPENA, 2023ko azaroaren 15ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez ontzat ematen baita «Iraeta eta Arroako tunelak birgaitzeko eta indartzeko proiektua».

2023ko martxoan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea ente publikoak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten, garai bateko Urolako (Zestoa) trenbidean bizikletentzako eta oinezkoentzako bide bat egiteko asmoz, Iraeta eta Arroa tunelak barne izanik.

Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Planak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Batzar Nagusien ekainaren 10eko 2/2013 Foru Arauak behin betiko onartu eta ekainaren 30eko 6/2014 Foru Arauak aldatu zuenak, berariaz aurreikusten du bizikleta-bideen ibilbideen eta adarren trazadurak, ahal den neurrian, gaur egun gutxi erabiltzen diren azpiegiturak aprobetxatzea, azpiegitura berriek lurraldean eragindako inpaktua minimizatzeko (lurzoruaren kontsumoa, biodibertsitatearen galera...). Zehazki, gaur egun erabiltzen ez diren trenbide-plataformak berrerabiltzea aurreikusten du.

Horretarako, beharrezkoa da Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea ente publikoak Foru Aldundiaren esku jartzea erabiltzen ez diren trenbide-zatiaren plataforma eta lursailak, Zestoan Urolako trenbide-linearen plataforma oinezkoentzako eta bizikletentzako bide gisa egokitzeko. Hala ere, lurzoruak Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea ente publikoari atxikita egongo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasunpean.

Hitzarmenaren xedea da Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko ente publikoak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Urolako trenbide zaharraren (Zestoa) trenbide-plataforman bizikleta eta oinezkoentzako bide bat egiteko elkarlanean nola jardungo duten zehaztea, bide horretan Iraetako eta Arroako tunelak sartuta.

Honako jarduera bereizi hauek bereizten dira:

1.– Urolako (Zestoa) trenbide zaharraren plataformaren zatia, Iraeta eta Arroa tunelak kenduta, Gipuzkoako Foru Aldundiak egokituko duena.

2.– Iraeta eta Arroako tunelak; tunel horiek egokitzeaz Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko ente publikoa arduratuko da zuzenean, ondoren Gipuzkoako Foru Aldundiari lagatzeko.

3.– Bai aipatutako trenbide-plataformaren zatia, bai Iraetako eta Arroako tunelak Gipuzkoako Foru Aldundiari lagako zaizkio, doako administrazio-emakida bidez, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren arabera, bizikleta eta oinezkoentzako bidearen erabilera eraginkorra egiteko.

Horrela, eraikuntza-proiektu honen xedea Iraeta eta Arroako tunelak birgaitzeko eta egokitzeko obrak definitzea da, trenbide-tunel baten egiturazko diseinuaren baldintzak kontuan hartuta, eta, hala badagokio, geroago Gipuzkoako Foru Aldundiak egokituko ditu, bizikleta eta oinezkoen bide gisa erabiltzeko.

Iraetako eta Arroako tunelak Zestoatik igarotzen den perimetro-zatian daude, Urolako trenbide-sarean –Zumarragatik Zumaiarako aurreko trenbideko parte zena–, eta gaur egun ez daude trenbide-zirkulaziorako egokituta.

Proiektua egikaritzeko aurrekontua hiru milioi hirurehun eta bat mila bostehun eta hirurogeita hamar euro eta laurogeita bat zentimokoa (3.301.570,81 euro) da. Horrek esan nahi du lizitaziorako oinarrizko aurrekontua lau milioi zazpiehun eta berrogeita hamahiru mila bederatziehun eta hogeita hamaika euro eta laurogeita bi zentimokoa (4.753.931,82 euro) dela, BEZ barne; eta Administrazioak horren berri izateko aurrekontua: hiru milioi bederatziehun eta hogeita hamabi mila ehun eta hirurogeita hamabi euro eta sei zentimokoa (3.932.172,06 euro), BEZik gabe.

Obrak egiteko hamaika (11) hilabeteko epea aurreikusten da.

Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola, eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber, maila formalean berrikusi du proiektua, eta berresten du bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, maila formalean, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari erreparatuta.

Organo honek eskumena du trenbide-sareko proiektuak egiteko eta onartzeko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2021eko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2 b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Iraeta eta Arroako tunelak birgaitzeko eta indartzeko proiektua» onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZ barne, lau milioi zazpiehun eta berrogeita hamahiru mila bederatziehun eta hogeita hamaika euro eta laurogeita bi zentimokoa (4.753.931,82 euro) da, eta obrak egiteko epea hamaika (11) hilabetekoa izango dela aurreikusi da.

Bigarrena.– Eraikuntza-proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion eraikuntza-proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari bidali beharko zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien aretoan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 15a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.


Azterketa dokumentala