Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

231. zk., 2023ko abenduaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
5406

EBAZPENA, 2023ko azaroaren 24koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita txanda-kontratuak egiteko laguntzetarako deialdia 2024ko ekitaldirako.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2023ko azaroaren 24ko batzarrean hartutako erabakiaren bidez, txanda-kontratuak egiteko 2024ko ekitaldiko laguntza-deialdia onartu du. Lanbideren Estatutuak onartzeko maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren 10.2 artikuluko n) apartatuan ezarritakoaren arabera (abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuan emandako idazkeran), organismo autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio erabaki hori argitaratzea.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea txanda-kontratuak egiteko 2024ko ekitaldirako laguntzetarako deialdia, organismo autonomo horretako administrazio-kontseiluak 2023ko azaroaren 24ko batzarrean hartutako erabakiaren bitartez onartua. Ebazpen honen eranskinean dago jasota.

Bigarrena.– Jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartutako erabakiak ondorioak izango dituela ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Aditzera ematea deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berorri, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 24a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
TXANDA-KONTRATUAK EGITEKO LAGUNTZA-DEIALDIA

XII. legegintzaldiari begira, 2020-2024ko gobernu-programaren lehentasuna enplegua da, eta, horrekin lotuta, langabezia-tasak % 10etik behera ezarri nahi ditu. Horretarako, enplegua sortzeko eta enplegu horren kalitatea hobetzeko ekonomia- eta gizarte-politika publikoak sustatuko ditu. Izan ere, enplegua eta ekonomiaren suspertzea lotuta daude, bereizi ezinik lotuta egon ere. Hori dela eta, ardatzen artean, ekonomia suspertzea, enplegua berreskuratzea eta enpleguaren kalitatea hobetzea daude, COVID-19aren pandemiaren ondorio negatiboak gainditzeko, eta, besteak beste, gure gizartean egoera ahulenean dauden kolektiboen laneratzea bultzatzeko konpromisoa ere bai, gazteak eta 45 urtetik gorako langabeak tartean direla.

Zehazki, bi kolektibo horiek pairatu dute krisialdi ekonomikoaren eragin handiena. Europar Batasunean, Eurostatek 2023ko bigarren lauhilekorako emandako datuen arabera, 30 urtetik beherako pertsonen langabezia-tasa % 10,8koa da, eta 45 urtetik gorakoena, berriz, % 4,4koa. Gure lurralde-eremuan, Eustatek aldi bererako emandako datuen arabera, 30 urtetik beherako pertsonen langabezia-tasa % 12,3koa da, eta 45 urtetik gorakoena, berriz, % 6,3koa.

2007an, enplegua suntsitzeko prozesu bat hasi zen, eta horrek modu bereziki negatibo batean eragin dio aztertutako bi adin-talde horietako langabezia-tasari, eta egiturazko arazo hori are larriagoa da osasun-krisialdiaren ondorioz.

Langabezia-tasaren bilakaera txarrak funtsean gazteenengan dauka eragina; izan ere, 30 urtetik beherakoen langabezia-tasak dira handienak. 2008an, 16 eta 29 urte bitarteko pertsonen langabezia-tasa % 7,3koa zen; 2014an, % 29,5era igo zen; gero, 2020ra arteko beheranzko joera izan zuen, COVID-19aren pandemiak hautsia, eta, 2021ean, beheranzko bidea hartu bazuen ere, oso jaitsiera motela izan zen. 2022ko bigarren hiruhilekorako, 16 eta 29 urte bitarteko pertsonen langabezia-tasa % 14,8koa izan zen; 2023ko bigarren hiruhilekorako, berriz, % 12,3koa izan da 16 eta 29 urte arteko pertsonen langabezia-tasa hori.

Hala ere, 45 urtetik gorakoengan, eragin handiagoa dauka luzaroko langabeziak langabezia-tasa altuek baino; izan ere, ez dago haiek baino luzaroko langabezia-tasa handiagorik daukan beste adin-tarte bat ere. 45 urtetik gorakoak dira, 2009an, luzaroko langabe guztietatik % 47,4; 2019an, berriz, % 60; 2022an, % 57, eta aurtengo bigarren hiruhilekoan, % 52,1.

Langabe eta adin-tarte guztiak kontuan hartuta, luzaroko langabeen ehunekoa % 31,1 da 30 urtetik beherakoentzat; % 51,6 30 eta 45 urte bitartekoentzat, eta % 58,4 45 urtetik gorakoentzat.

Beraz, 2 talde horien langabezia murrizteak lehentasuna izan behar du gure gizartean, eta erronka horri heldu behar diote bai erakunde publikoek bai arlo pribatuak.

Alde horretatik, Enpleguaren Euskal Estrategiak jarraibideetan adierazten duenez, belaunaldi-aldaketen prozesuetarako laguntza publikoa emateko programak ezarri ahal izango dira (laguntza ekonomikoa edo laguntza teknikoa), belaunaldi-aldaketa lan-munduan sartzeko prozesuekin behar bezala lotuta eta belaunaldien arteko jakintzen transmisioari bide emanda, metatutako esperientziak ematen duen balioa deskapitaliza ez dadin.

Ezin da ukatu enpresek talentu gaztea hartu behar dutela, gazteek gaitasuna dutelako enpresetan gertatzen diren aldaketa teknologikoetara eta eskakizun berrietara egokitzeko. Horrela, enpresek, biziraun nahi badute, plantillak gaztetu behar dituzte, eta, aldi berean, hori aukera ona da gazteentzat, kalitatezko enplegu egonkorra lortzeko.

Egia da, halaber, testuinguru sozial eta ekonomiko horretan, 45 urtetik gorako pertsonek langabezia-egoerak pairatzen jarraitzen dutela, bereziki iraupen luzekoak, eta enpresetan esperientziak ematen duen balioa deskapitalizatzen dela. Hori dela eta, egokitzat jo da bi talde horiek modu kohesionatu batean laneratzeko neurriak bultzatu eta sustatzea, belaunaldien artean jakintza eta lanbide-esperientzia transmititzea posible egiten duen modu batean.

Beste alde batetik, txanda-kontratuak egiteko laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren planetan aurreikusi izan dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa betetzen baita horrela, eta plan horiek Lanbideren web-orrian argitaratuta daude (www.lanbide.euskadi.eus), «Laguntzak eta dirulaguntzak» atalean.

Horregatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, organismo autonomo horren administrazio-kontseiluak, 2023ko azaroaren 24ko batzarrean, txanda-kontratuak egiteko laguntzetarako deialdia onartu du, ezaugarri hauekin:

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

1.– Deialdi honen xedea da urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 12.7 artikuluan aipatutako txanda-kontratuak egiteko laguntzak arautzea.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoan dauden lantokietan zerbitzuak emateko izenpetzen diren kontratuei aplikatuko zaizkie deialdi honetan aurreikusitako laguntzak, 2023ko urriaren 21etik aurrera hasitakoei, hain zuzen.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 1.200.000 euro dira guztira; horietatik 720.000 euro 2024ko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak, eta 480.000 euro 2025erako konpromiso-kreditukoak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuko 32110-Enplegurako programan aurreikusita.

2024ko ekitaldian egiten diren txanda-kontratuak finantzatzeko laguntzak ebazteko, kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2024. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan, betiere Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako, agindu horretan arautu baitzen zer-nolako aurretiazko izapideak bete behar diren Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura egiteko diren gastu-espedienteetan.

Emango diren laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko aipatutako kopurua edo hura handitzearen ondorioz ateratakoa, baldin eta indarreko legeen arabera aurrekontu-aldaketak onartzen badira (eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen); eta, hala egiten bada, hori guztia argitara eman beharko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

3. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Deialdian araututako laguntzen onuradunak izan daitezke deialdian bertan ezarritakoaren araberako txanda-kontratuak egiten dituzten pertsona fisikoak eta juridikoak, hauek izan ezik: administrazio publikoak eta sektore publikoa osatzen duten organismo autonomoak, zuzenbide pribatuko ente publikoak eta gainerako entitateak. Eta baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du ea beteta dauden zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten badu, baldintza hori betetzen duela frogatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Dirulaguntzen arloko itzulketa-betebeharrak egunean izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).

c) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administratiborik, honako arrazoi hauengatik ezarritakoak barne:

– Sexuagatiko diskriminazioa eragiteagatik, edo Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.1 artikuluan jasotako askotariko diskriminazioa eragiteagatik.

– Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko legearen testu bategina onartzen duen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 46.1.b) eta 46.bis.1.b) artikuluetan xedatutako zehapen osagarri batek hala ezarri izana, ebazpen irmo baten bidez.

d) Ez izatea laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dien eta legez ezarri zaien kausarik, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoak barne:

– Ez izatea berdintasun-planik indarrean, Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa izanda.

– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edo indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.

e) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

f) Enpresako langileen legezko ordezkaritzari (LLO) deialdi honen babespeko txanda-kontratuaren bidez kontratatzeko asmoaren berri ematea, bete beharreko lanpostua zein den eta kontratuak zenbat iraungo duen adierazita. Enpresak LLOrik ez badu, espresuki adierazi beharko du hori eskabidean.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatzen ez dituen artikulu honetako betekizunak eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatu beharko dira.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Diruz lagunduko dira lanaldi osoko eta muga gabeko txanda-kontratuak, edo iraupen mugatukoak baldin eta behin amaituta edo amaitu baino lehenago mugagabe bihurtzeko konpromisoa jasotzen bada.

2.– Edonola ere, dirulaguntza eskuratu ahal izateko, txanda-hartzaile gisa kontratatutako pertsonak lanbidearteko gutxieneko soldataren (LGS) pareko gutxieneko ordainsari gordina izan behar du urteko.

3.– Txanda-kontratuak eskakizun hauek betetzen dituzten pertsonek sinatuko dituzte:

3.1.– 30 urtetik beherakoak edo 45 urtetik gorakoak izatea.

3.2.– Hauetariko egoeraren batean egotea:

3.2.a.– Kontratua hasi aurreko egunean, langabeak izatea, nor dagokion enplegu-zerbitzu publikoan inskribatuta eta alta emanda.

3.2.b.– Enpresarekin iraupen mugatuko kontratua hitzartuta izatea. Kasu horretan, enpresak, txanda-kontratuaz gain, kontratazio gehigarri bat egin beharko du, aldi baterako kontratua amaitzeko falta den denbora betetzeko bestekoa, gutxienez. Kontratazio gehigarria hauetariko egoeraren batean dauden pertsonei egingo zaie:

– 45 urtetik gorakoei edo 30 urtetik beherakoei, baldin eta kontratua hasi aurreko egunean langabeak badira eta enplegu-zerbitzu publikoan inskribatuta eta alta emanda badaude.

– 30 urtetik beherakoei, baldin eta enpresa berean prestakuntzako edozein kontratu mota badaukate hitzartuta (Lan-erreformarako, enplegu-egonkortasunaren bermerako eta lan-merkatuaren eraldaketarako presako neurrien abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege Dekretuaren lehenengo artikuluak aldatu zuen Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 11. artikuluan araututakoen artetik), edo Enpresetan egiten diren eta lan-arlokoak ez diren praktikak arautzen dituen urriaren 31ko 1543/2011 Errege Dekretuan araututako praktikaldian badaude, kontratazioaren ondorengotza ahalbidetzeko xedez.

3.2.c.– 30 urtetik beherakoak izanez gero, batetik, enpresa berean prestakuntzako edozein kontratu mota edukitzea hitzartuta (Lan-erreformarako, enplegu-egonkortasunaren bermerako eta lan-merkatuaren eraldaketarako presako neurrien abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege Dekretuaren lehenengo artikuluak aldatu zuen Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 11. artikuluan araututakoen artetik), edo Enpresetan egiten diren eta lan-arlokoak ez diren praktikak arautzen dituen urriaren 31ko 1543/2011 Errege Dekretuan araututako praktikaldian egotea, eta, bestetik, kontratuen edo lan-arlotik kanpoko praktikaldien indarraldian zehar edo amaieran txanda-hartzaile bihurtzea.

4.– Enpresan aurretiko akordioren bat badago erretiro partzialen ondorioz enpresako jarduneko langileei txanda-kontratuak egiteko prozeduraren gainean, sinatutako txanda-kontratu horiek dirulaguntza jaso ahal izango dute, nahiz eta 3.1 apartatuan aurreikusitako adin-eskakizunak betetzen ez dituzten pertsonei egin; hala ere, kontratazio gehigarri bat egin beharko zaie gutxienez 3 hilabeterako eta edonola ere txanda-hartzaileen aurreko kontratua amaitzeko falta den denborarako, 3 hilabete baino gehiago falta bazaizkio, eta hauetariko eskakizunen bat betetzen duten pertsonei egingo zaie:

a) 30 urtetik beherakoa edo 45 urtetik gorakoa izan, eta kontratua hasi aurreko egunean langabezian eta Lanbiden inskribatuta eta alta emanda egotea.

b) 30 urtetik beherakoa izan, eta enpresa berean prestakuntzako edozein kontratu mota amaitzea (Lan-erreformarako, enplegu-egonkortasunaren bermerako eta lan-merkatuaren eraldaketarako presako neurrien abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege Dekretuaren lehenengo artikuluak aldatu zuen Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 11. artikuluan araututakoen artetik), edo Enpresetan egiten diren eta lan-arlokoak ez diren praktikak arautzen dituen urriaren 31ko 1543/2011 Errege Dekretuan araututako praktikaldian egotea.

5. artikulua.– Dirulaguntzatik kanpo utzitako jarduketak.

Honako hauek ez dira izango deialdi honetako dirulaguntzen xede:

a) Banako enpresaburuaren ezkontidearen kontratazioa, haren aurreko edo ondorengo ahaideen kontratazioa, edo odol-ahaidetasun bidezko, ezkontza bidezko zein adopzio bidezko alboko ahaideen kontratazioa, bigarren mailarainokoak barnean izanik.

b) Edozein sozietate, elkarte edo edonolako korporazio gisa sortutako entitateetako bazkideen kontratazioak, ezta haien aurreko ahaideen, ondorengo ahaideen edo alboko ahaideen kontratazioak ere, bigarren mailarainokoak barnean izanik; ezta entitate horietako gobernu-organoetako eta zuzendaritzetako kideen ahaide berberen kontratazioa ere.

c) 4. artikuluan aipatutako kontratazio gehigarria. Hala ere, hala badagokio, indarreko arauetan aurreikusitako laguntzen xede izan daiteke.

6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

Txanda-hartzailea 4. artikuluko arauen arabera kontratatuz gero, 8.400 euroko dirulaguntza emango da. Txanda-hartzailea emakumea bada, zenbateko hori % 10 handiagoa izango da.

7. artikulua.– Eskabideak eta nahitaezko dokumentazioa aurkezteko epea.

1.– Honako hauek izango dira dirulaguntza-eskabideak aurkezteko epeak:

a) Deialdi hau EHAAn argitaratu aurretik hasitako kontratuetarako: hiru hilabete, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

b) Deialdi hau EHAAn argitaratu den egunean edo ondoren hasitako kontratuetarako: hiru hilabete, txanda-kontratua hasi den egunetik aurrera.

Edozein kasutan ere, eskabideak aurkezteko azken eguna 2024ko urriaren 18a izango da.

2.– Dirulaguntza-eskabideak elektronikoki aurkeztu eta izapidetuko dira.

Izapidetze-jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/0136410. Horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren webgunean.

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

Halaber, izapideak ordezkari baten bidez egin daitezke; baina, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Helbide honetan eskura daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio-bitartekoak eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

3.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Eskatzailea pertsona fisiko bat bada eta dirulaguntzako jarduera jarduera profesional bat bada, hau da, jarduera hori sailkatuta badago ekonomia-jardueren gaineko zergako tarifen bigarren eta hirugarren ataletan, dirulaguntza-zenbatekoari pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) konturako atxikipenak kenduko zaizkio, zerga horren gaineko arauen arabera dagokiona, hain zuzen. Eta jarduera hastearen ondorioz, PFEZ zergaren konturako atxikipena aplikatzeko (jarduerak hasteko zergaldian eta hurrengo bietan), eskatzaileak Lanbideri jakinarazi beharko dio hori aplikatzea eragiten duten inguruabarrak daudela; horretarako, eskabidearekin batera eskuragarri dagoen komunikazioa sinatu eta aurkeztu beharko du (http://www.lanbide.euskadi.eus).

b) Dagokionaren arabera, txanda-hartzaile gisa eta kontratu gehigarridun gisa kontratatutako pertsonen nortasun-agiri nazionalaren kopia edo atzerritarren identifikazio-zenbakia.

c) Txanda-kontratuaren kopia eta erretiro partziala hartzen duen pertsonaren lanaldi partzialeko kontratuaren kopia. Txanda-kontratuari iraupen mugatua ematen bazaio, mugagabe bihurtzeko konpromiso sinatua, enpresak eta langileak edo kontratatutako langileak sinatua.

d) Enpresako langileria finkoaren egiaztagiria, Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietakoa, txanda-kontratua hasten den unekoa. Horretarako, Gizarte Segurantzaren dokumentu hau aurkeztu behar da (RED sistematik hartua): «altako langileen txostena» (ALT), enpresak eremu horretan dituen kotizazio-kontuen kode guztietarako.

e) Txanda-kontratua enpresako langileren bati eginez gero, horren aurretik zuen kontratu mugatuaren kopia aurkeztu behar da, 4. artikuluan aipatutako kontratu gehigarriaren kopiarekin batera.

Hala badagokio, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 11. artikuluan araututako prestakuntza-kontratuetatik egindakoaren kopia, edo lan-arlokoak ez diren praktikak egiteko akordioa.

f) Halakorik badago, 4.4 artikuluan aipatutako enpresa-akordioaren kopia.

4.– Aurreko apartatuaren a) letran jasotakoa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, salbu eta pertsona edo entitate eskatzailea berariaz aurka agertzen bada; kasu horretan, dagozkion dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

5.– Dirulaguntzetarako eskabideak guztiz betetzen ez badira edo aginduzko dokumentazioa atxiki ez bazaie, pertsona edo entitate eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean hutsegitea zuzentzeko edo aginduzko dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko zaio ezen, egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, horretarako, aldez aurretiko ebazpena emango da administrazio-prozedura erkidearen arabera.

8. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, ebazteko epeak eta errekurtsoak.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendaria izango da deialdi honetako dirulaguntza-eskabideak kudeatu eta izapidetzeko organo eskuduna.

2.– Kasuan-kasuan, deialdi honetako dirulaguntzak emateko zein ukatzeko, banakako eta berariazko ebazpena emango du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak.

Dirulaguntza emateko ebazpenean, dirulaguntzari buruzko datu hauek adieraziko dira: zenbatekoa, ordaintzeko modua, eta justifikazioa.

Dirulaguntza ukatzen duen ebazpena ematen bada, arrazoiak azaldu beharko dira, hau da, berariaz adierazi beharko da zergatik ukatu den eskaera.

3.– Eskabideak aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira, eta hurrenkera horretan emango zaizkie laguntzak deialdiko eskakizunak eta baldintzak betetzen dituztenei, harik eta aurrekontu-zuzkidura amaitu arte. Kreditua handitzen ez bada, aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn emango da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez.

4.– Ebazpenak eman eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea izango da, eskabidea aurkezten den egunetik aurrera, eta epe hori bukatu eta ebazpen espresurik eman ez bada, dirulaguntzaren eskaera ezetsitzat joko da.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, dirulaguntza emateko ebazpena espresuki eta banaka jakinaraziko da eta, horretaz gainera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira honako hauek: deialdi honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun diren enpresen zerrenda, horietariko bakoitzak zenbat diru hartu duen, eta zer enpresari aldatu zaien dirulaguntza eta zenbatean.

7.– Enpresa eta entitate onuradunei dirulaguntzak onartzeko eta, hala badagokie, ordaintzeko, ezinbesteko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzultze- edo zigor-prozedura guztiak amaituta egotea.

9. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

Deialdi honen babesean emandako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

– % 60 eskabidea ontzat hartzen den unean ordainduko da.

– Gainerako % 40a laguntza hori eman eta urtebetera ordainduko da; aldez aurretik, egiaztatu beharko du enpresak langileria finkoari eutsi diola Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan. Horretarako, enpresak Gizarte Segurantzaren «altako langileen txostena» aurkeztu beharko du (RED sistematik hartua), eta Lanbidek egiaztatu beharko du kontratatutako langileak enpresan segitzen duela.

Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, entitate eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan egon behar du.

Entitatea ez badago Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan erregistratuta edo hango banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimaki bat bete beharko du, helbide honetan eskuragarri dagoen ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak. Eredu hori eskuragarri dago, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan.

Dirulaguntzaren xede den jarduera ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifen bigarren eta hirugarren ataletan sailkatutako jarduera profesionaletako bat bada, dirulaguntza-zenbatekoari pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) konturako atxikipenak kenduko zaizkio, zerga horren gaineko arauen arabera dagokiona, hain zuzen.

10. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunen betebeharrak izango dira, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikuluan ezarritakoak, eta, bereziki, honako hauek:

a) Langileen egonkortasuna bermatzea. Jasotako dirulaguntzak itzuli beharko dira langilearen kontratua suntsituz gero edo, lantoki mugikor edo ibiltaririk ez duten enpresetan, autonomia-erkidegotik kanpoko lantokiren batera aldatuz gero, eta eraginpeko langilea ordezkatzen ez bada 4. artikuluan adierazitako eskakizunak betetzen dituen beste langile baten aldibereko kontratazioaren bidez. Kontratazio berri horrek ez du sorraraziko beste dirulaguntzarik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak enplegua sustatzeko dituen arauetan programatutakoetatik.

b) Diruz lagundutako kontratazioak hasten diren unean Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan dagoen langileria finkoaren enplegu-mailari eustea, txanda-kontratua egin osteko 20 hiletan. Ondorio horietarako, kasu hauetan ez da ulertuko betebeharra ez dela bete: erretiroen ondorioz lan-kontratuak azkentzeagatik; bidezko deklaratutako kaleratzeengatik, dimisioagatik, heriotzagatik, langileen ezintasun iraunkor osoagatik, absolutuagatik edo baliaezintasun handiagatik, edo probaldian zeharreko suntsiarazpenengatik. Hala ere, enpresak bere langileria finkoaren lanpostuen % 65i eutsi beharko dio edozein kasutan ere. Enplegu-mailei eusteko betebeharra bete ezean, dirulaguntza itzuli beharko da.

Betebehar hori bete egin dela egiaztatzeko, erreferentziako 20 hilen buruan, enpresa onuradunak Gizarte Segurantzaren «altako langileen txostena» aurkeztu beharko du (RED sistematik hartua), enpresak EAEn dauzkan lantokiei dagokiena.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea langile txanda-hartzailearen lan-kontratua mugagabe bihurtu dela.

d) Langileen legezko ordezkaritzari edo, halakorik ez badago, langileei beraiei jakinaraztea zer-nolako neurriak garatu nahi dituen enpresak deialdi honetako dirulaguntzako jarduketen gainean; berariaz zehaztu beharko du zer pertsona ukitzen diren eta zer kontratazio aurreikusten diren, erretiro partzialeko baldintzekin batera.

e) Kontabilitate-kodetze egoki bat izatea, jasotako dirulaguntzei eta haien trazabilitateari loturiko transakzioak modu argian identifikatzeko modua izateko.

f) Helburu berberarekin beste edozein administrazio publiko edo ente publiko nahiz pribatutatik dirulaguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

g) Diruz lagundutako jardueraren xedeari edo izaerari nabarmen eragiten dien edozein gertaeraren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. Horretaz gain, Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren eginkizunen jardunean eskatzen duten informazio guztia ematea, arau honen oinarrien arabera eskuratutako dirulaguntzei buruzkoa.

h) Honako hauen egiaztatze-jarduketei eta finantza-kontrolari baiezkoa ematea eta eskatutako informazio oro ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; Lan eta Enplegu Saila, eta Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoa.

i) Diruz lagundutako kontratazioen gaineko dokumentazio guztia gorde eta zaintzea, deialdi honen ondoriozko konpromiso eta betebehar guztiak betetzen direla egiaztatu ahal izateko.

j) Edonola ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du artikulu honetako betebeharrak betetzen direla.

11. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateraezintasuna.

Deialdi honetan ezarritako kontratazio-laguntzak ezin izango dira bateratu beste dirulaguntza batzuekin, baldin eta kontratazio bererako badira, erakunde honek zein beste erakunde publikoren batek eman arren, eta ez badira Gizarte Segurantzako kotizazioetarako.

12. artikulua.– «Minimis» arauak.

1.– Deialdi honetan adierazitako laguntzak «minimis» arauari lotuko zaizkio; Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan dago xedatuta arau hori, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzko erregelamendua baita. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakarrari «minimis» laguntzetan emandako zenbateko osoa ez da izango 200.000 eurotik gorakoa hiru ekitaldi fiskaleko aldian.

2.– Laguntza eskatzen duen entitateak dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako «minimis» laguntza horiei buruzko aitorpena egin beharko du, honako hau frogatzeko xedez: «minimis» laguntza berriarekin ez dela gainditzen aipatutako erregelamenduan ezarritako gehieneko muga.

13. artikulua.– Ez-betetzeak.

Deialdi honetako entitate onuradunek jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloko berandutze-interesak –laguntzak ordaintzen direnetik aurrerakoak– itzuli beharko dituzte, baldin eta honako xedapen hauetan oro har aurreikusitako betebeharrak betetzen ez badituzte: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikulua. Zenbatekoak eta interesak itzuli beharko dituzte, orobat, deialdi honetan ezarritako betebehar espezifikoak betetzen ez badituzte edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 53.1 artikuluan dirulaguntzak itzultzeko ezarritako kasuetako batean sartzen badira. Itzuli beharrekoak itzultzeko, xedapen horretan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko dute (698/1991 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren). Aipatutako kopuru horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

14. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak abiaraziko du itzulketa-prozedura, eta idazkia bidaliko dio enpresa onuradunari, jakinarazteko zer egitate eragin duen ez-betetzea, eta adieraziko dio hamabost eguneko epea duela egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko. Prozedura hori hasiz gero, hala badagokio, ordaindu gabe daudenak ordaintzeari utziko zaio.

2.– Alegazioak aurkezteko epea igaro eta halakorik aurkeztu ez bada, edo aurkeztutakoak onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak ebazpena emango du. Hamabi hilekoa izango da itzultzeko prozedurari buruzko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea.

3.– Ebazpenak arauren bat urratu dela iritziz gero eta dirulaguntza osorik edo partez jasotzeko eskubidea galdutzat emanez gero, interesdunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-zenbatekoak, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Epe hori borondatezko epetzat hartuko da.

4.– Borondatezko aldi horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

15. artikulua.– Datu-babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduketetan, honako bi xedapen hauetan xedatutakoa beteko da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (2016/679 EB Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Biltzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da, eta jardueraren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Eskuratzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretako eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek eskubidea dute datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/servicios/10842/ helbidean argitaratu da.

Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza hemen kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

16. artikulua.– Aplikatu beharreko dirulaguntza-arauak.

Dirulaguntzetarako deialdi honi honako arau hauetan xedatutako dirulaguntza-araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua). Era berean, xedapen hauek aplikatuko dira: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori–, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta ezartzen baitira kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak.


Azterketa dokumentala