231. zk., 2023ko abenduaren 4a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (213 KB - 17 orri.)
- EPUB (113 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5401
AGINDUA, 2023ko azaroaren 14koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko ahalordeen erregistro elektronikoa, zuzenbide publikoari lotuta dituen prozeduretarako.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 5. artikuluan dioenez, jarduteko gaitasuna duten interesdunek aukera dute ordezkari bidez jarduteko, eta, interesdunak espresuki aurkakorik adierazi ezean, ordezkariarekin gauzatuko dira administrazio-jarduketak.
Hala, bai jarduteko gaitasuna duten pertsona fisikoek, bai pertsona juridikoek, beren estatutuetan aurreikusia badute, beste batzuen ordezkari gisa jardun ahal izango dute administrazio publikoen aurrean.
Zehazki, ordezkaritza egiaztatu beharko da beste pertsona baten izenean eskaerak egiteko, erantzukizunpeko adierazpenak edo komunikazioak aurkezteko, errekurtsoak jartzeko, akzioetan atzera egiteko eta eskubideei uko egiteko. Ordezkariak, bestalde, inolako egiaztapenik gabe egin ditzake izapide hutsa diren egintza eta kudeaketak.
Prozedura izapidetzeko eskumena duen organoak, bere aldetik, administrazio-espedienteari gehitu beharko dizkio ordezkaritzaren egiaztagiria eta ahalordeen egiaztagiriak, une horretan aitortuak dituenak. Ondorio horietarako, egiaztagiritzat joko da agiri elektroniko bat, egiaztatzen duena zein izan den ahalordeen erregistro elektronikoan kontsultatzearen emaitza.
Ordezkaritza ez egiaztatzeak edo nahikoa ez egiaztatzeak, gainera, ez du eragotziko dena delako egintza gauzatutzat hartzea, baldin eta hamar eguneko epean ordezkaritza egiaztatzen bada edo akatsa zuzentzen bada; izan ere, administrazio-organoak epe hori eman beharko du, edo, inguruabarrek eskatuz gero, epe luzeagoa.
Aipatutako legearen 6. artikuluak ahalordeen erregistro elektronikoak arautzen ditu, zeinetan inskribatu beharko baitira, gutxienez, ahalorde orokorrak, administrazio-prozedura bateko interesdunak ordezkari baten alde apud acta ematen dituenak, ordezkariak bere izenean jardun dezan administrazio publikoen aurrean, aurrez aurre edo elektronikoki. Era berean, jasota geratu beharko da ea ahalordea askiesten den.
Halaber, martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuak, sektore publikoak bitarteko elektronikoen bidez jarduteko eta funtzionatzeko erregelamendua onesten duenak, laugarren atalean arautzen du nola egiaztatu ordezkari bidez jarduten dela.
Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak ordezkarien erregistroa sortu zuen, eta orain arte indarrean egon da. Dekretu hori indargabetu egin du ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuak, herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa.
Ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuak –herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa– interesdunek beste pertsona batzuei beren izenean Administrazioaren aurrean jarduteko ematen dieten ordezkaritza arautzen du, hau da, ordezkari bidez jardutea, ordezkaritzarako gaikuntzaren figura, funtsean kudeaketa-jarduerak modu jarraituan eta profesionalean egiteko pentsatua; eta ahalordetzeen erregistro elektronikoa.
91/2023 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoak ezartzen duenez, dekretua indarrean jarri eta sei hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean herritarren arretarako eskumena duen organoak agindu bidez arautuko ditu ahalorde-emateak, horiek akreditatzeko moduak, ahalordeen aldaketak eta errebokatzeak eta ahalordeen erregistro elektronikoak ongi funtzionatzeko beharrezkoak diren gainerako alderdiak.
Beharrezkoa da, beraz, Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Agindua eguneratzea, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ordezkarien Erregistro Elektronikoa, eta funtzionario gaituen erregistroa sortzen eta arautzen baita, arau hauetara egokitu dadin:
– 39/2015 Legea.
– 91/2023 Dekretua.
– 203/2021 Errege Dekretua.
Horretarako, agindu honen bidez, alderdi eta figura hauek arautzen dira:
– Xedapen orokorrak.
– Borondatezko ahalordetzeak:
• apud acta borondatezko ahalordetzeak.
• Agiri publiko bidez edo notarioak legitimatutako sinaduradun agiri pribatu bidez emandako borondatezko ahalordetzeak.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko ahalordeen erregistro elektronikoko gainerako ordezkaritza-figurak, Zuzenbide Publikoari lotuta dituen prozeduretarako dauzkanak:
• Legezko ordezkariak.
• Pertsona baimenduaren ordezkaritzak.
• Erakunde gaituak.
Ahalordeen erregistro elektronikoa bakarra izango da Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publiko osorako, Zuzenbide Publikoari lotuta dituen prozeduretan. Bestalde, 2022ko apirilaren 13ko Aginduaren bidez, Gaitutako Funtzionarioen Erregistroa arautu zen. Erregistro hori arduratzen da, erabakitzen diren zerbitzuetan edo prozeduretan, kopia autentikoak emateaz eta interesdunen identifikazioaz edo sinadura elektronikoaz.
Agindu hau bat dator 39/2015 Legearen 129. artikuluko erregulazio onaren printzipioekin. Hala, arauak bete egiten ditu premia-, efikazia-, eta proportzionaltasun-printzipioak, segurtasun juridikoarena eta gardentasun- eta efizientzia-printzipioak.
Hura idazteko, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren uztailaren 28ko 78/2023 Ebazpenari jarraitu zaio. Ebazpen horren bidez, lege-proiektuak, dekretuak, aginduak eta ebazpenak egiteko jarraibideak onartzen dituen erabakia argitaratzea xedatzen da.
Era berean, bete egin da Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko ekainaren 30eko 6/2022 Legeak ezartzen duen prozedura eta dagozkion nahitaezko txostenak egin dira.
Hori dela eta, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1 artikuluaren e), f) eta m) apartatuek emandako eskumenekin, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3. artikuluari loturik,
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
1.– Aginduak arautzen du zer funtzionamendu-betekizun eta -baldintza bete behar dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko ahalordeen erregistro elektronikoak bere prozeduretan, prozedura horiek zuzenbide publikoari lotuta daudenean.
2.– Agindu honetan, erregistro esango zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko ahalordeen erregistro elektronikoari zuzenbide publikoari lotuta dituen prozeduretan.
3.– Zuzenbide publikoari lotuta dituen prozeduretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko ahalordeen erregistro elektronikoa ez da erregistro publikoa.
2. artikulua.– Aplikazio-eremua.
1.– Agindu hau honako hauei aplikatuko zaie:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Instituzionala. Administrazio instituzional hori osatzen dute: zuzenbide pribatuko organismo autonomoak eta erakunde publikoak, ahalordeen erregistro elektronikorik ez dutenak zuzenbide publikoari lotutako prozeduretarako. Gaur egun dauden organismo autonomoak eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, eta dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera eratzen direnak.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko ente instrumentalak, barne harturik hala gaur egun dauden sozietate publikoak eta haien fundazio eta partzuergoak nola dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera eratzen direnak, zuzenbide publikoari lotuta dituzten prozeduretan.
d) Administrazio-agintaritza independenteak, Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 10. artikuluan arautzen direnak eta agintaritza horietako bakoitzaren sorrera-legean arautzen direnak, zuzenbide publikoari lotuta dituzten prozeduretan.
e) Nortasun juridikorik gabeko enteak, pertsona juridikoak eta pertsona fisikoak, aurreko apartatuetan adierazitako erakundeekin dituzten harremanetan.
2.– Agindu honen ondorioetarako, Administrazio terminoak artikulu honetako 1. paragrafoko a), b), c) eta d) apartatuetan adierazten diren organoak eta entitateak biltzen ditu.
3.– Agindu honen ondorioetarako, pertsonatzat joko dira artikulu honetako 1. paragrafoko e) apartatuan aipatzen direnak.
4.– Agindu honen ondorioetarako, honela ulertu behar dira honako hauek:
a) «Ahalorde-emaile»: bere ordezkaritza beste norbaiti ematen dion pertsona.
b) «Ahalordedun»: beste norbait ordezkatzen duen pertsona.
c) «Ahalordetze»: pertsona batek beste norbait ordezkatzea.
5.– Agindu honen ondorioetarako, ulertuko da funtzionarioei egiten zaien aipamen orok barnean hartzen dituela karrerako eta bitarteko funtzionarioak.
3. artikulua.– Organo eskudunak.
1.– Zuzenbide publikoari lotuta dituen prozeduretan, herritarrentzako arretaren eta zerbitzu digitalen arloko eskumena duen organoak kudeatuko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko ahalordeen erregistro elektronikoa.
2.– Herritarrentzako arretaren eta zerbitzu digitalen arloko eskumena duen organoak, gutxienez, eginkizun hauek izango ditu:
a) Kudeatzea ahalordeen erregistro elektronikoaren euskarri den aplikazio informatikoa, eta haren mantentze-lan ebolutiboak egitea.
b) Kudeatzea zer baimen- eta profil-mota duten aplikazioko erabiltzaileek.
c) Onartzea zer ahalordetze-eredu inskriba daitekeen.
d) Ahalordeen erregistro elektronikoaren arloan laguntzea.
e) Inskribatze-, aldatze-, ezerezte edo ukatze-espedienteak izapidetzea, erregistratzea, ixtea eta artxibatzea; horretarako, egiaztatuko da zer dokumentazio aurkezten den, notario-ahalordeak barne, halakorik aurkezten bada.
3.– Ordezkaritzaren xede diren izapideak egiteko eskumena duten organoek egiaztatu beharko dute ea egokiak diren inskribatzen diren ordezkaritzak.
4. artikulua.– Ahalordeen erregistro elektronikoaren irismena.
1.– Ahalordeen erregistro elektronikoa zerbitzu elektroniko arruntetako bat da, euskarria ematen diena Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko ordezkaritza-figurei, zuzenbide publikoarekin lotuta dituzten prozeduretan.
2.– Ordezkatu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Zerbitzu eta Prozedura Katalogoan jasotako zerbitzuak eta prozedurak, edozein delarik haien digitalizazio-maila.
3.– Herritarren arretaren eta zerbitzu digitalen arloko organo eskuduneko titularrak, ebazpen bidez, baimena eman ahal izango die beste administrazio batzuei ahalordeen erregistro elektronikoko zerbitzuak eta azpiegiturak erabil ditzaten.
5. artikulua.– Ahalordeen erregistro elektronikoaren elkarreragingarritasuna.
1.– Ahalordeen erregistro elektronikoa guztiz elkarreragingarria izango da gainerako administrazio publikoek dituzten erregistro baliokideekin. Interkonexioa eta bateragarritasun informatikoa bermatuko dira, eta errespetatuko dira hala urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Segurtasun Eskema Nazionala Administrazio Elektronikoaren esparruan nola Elkarreragingarritasunari buruzko Arau Teknikoak.
2.– Ahalordeen erregistro elektronikoaren bidez, egiaztatu ahal izango da nork ordezkatzen duen nor administrazio publikoen aurrean hirugarren baten izenean jarduten denean; horretarako, kontsultak egingo zaizkie antzeko beste administrazio-erregistro batzuei, hala nola a) merkataritza-erregistroari, b) jabetza-erregistroari eta c) notario-protokoloei.
3.– Ordezkaritza-ahalordea inskribatzeko, errebokatzeko, luzatzeko edo uko egiteko eskaerak edozein erregistrotara zuzendu ahal izango dira. Ordezkaritza-ahalorde hori, berriz, inskribatuta geratuko da ahalordeak ondorioak dituen administrazio edo erakundeko erregistroan.
6. artikulua.– Ahalordetzeak eta ordezkaritza-figurak.
1.– Ahalordetze eta ordezkaritza-figura hauek inskribatu ahalko dira ahalordeen erregistro elektronikoan:
a) Borondatezko ahalordetzeak: apud acta borondatezko ahalordetzeak eta agiri publiko bidez edo notarioak legitimatutako sinaduradun agiri pribatu bidez emandako borondatezko ahalordetzeak.
b) Beste ordezkaritza-figura batzuk: legezko ordezkariak, pertsona baimenduaren ordezkaritzak eta entitate gaituak.
2.– Borondatezko ahalordetzeak hirugarren pertsonei ematen zaizkienak dira, administrazio-prozedura batean interesdun denak ahalordedun baten alde, haren izenean jarduteko.
3.– Ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatzen diren borondatezko ahalordetzeek bat etorri beharko dute hiru tipologia hauetakoren batekin:
a) Ahalorde orokor bat, ahalordedunak ahalorde-emailearen izenean jardun ahal izan dezan edozein administrazio-jarduketatan eta edozein administrazioren aurrean.
b) Ahalorde bat, ahalmena ematen duena ahalorde-emailearen izenean jardun ahal izateko edozein jarduketatan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko sektore publikoaren aurrean, hark zuzenbide publikoari lotuta dituen prozeduretan.
c) Ahalorde bat, ahalordedunak ahalorde-emailearen izenean jardun ahal izan dezan Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren aurrean, hark zuzenbide publikoari lotuta dituen prozeduretan, prozedura batean edo batzuetan, edo, hala badagokio, jarduketa-alor batean edo batzuetan, zeinak ahalordean zehaztuko baitira, soilik jarduketa edo izapide jakin batzuk egiteko.
7. artikulua.– Ahalordeen erregistro elektronikoko inskripzioen edukia.
1.– Ahalordeen erregistro elektronikoan egiten diren inskripzioek, gutxienez, informazio hau jasoko dute:
a) Ahalorde-emailearen edo ordezkatuaren kasuan:
1.a Pertsona fisikoa bada: izen-abizenak eta nortasun-agiri nazionala (NAN) edo atzerritarraren identifikazio-zenbakia (AIZ) eta sexua.
2.a Pertsona juridikoa bada: sozietate-izena eta identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) edo agiri baliokidea.
b) Ahalordedunaren, ordezkariaren eta, hala badagokio, baimenduaren kasuan:
1.a Pertsona fisikoa bada: izen-abizenak eta nortasun-agiri nazionala (NAN) edo atzerritarraren identifikazio-zenbakia (AIZ) eta sexua.
2.a Pertsona juridikoa bada: sozietate-izena eta identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) edo agiri baliokidea.
c) Zein den ahalordearen, ordezkaritzaren eta baimenaren indarraldia.
d) Zer datatan eman den ahalordea.
e) Zein den erregistro-zenbakia eta zer datatan inskribatu zen erregistroan.
f) Zein diren harremanetarako datuak.
g) Zer tipologiatako ahalordea den.
2.– Ahalordedun gisa diharduena pertsona juridikoa denean, erantzukizunez deklaratu beharko du ezen pertsona juridikoaren estatutuek aukera ematen dutela hirugarrenak ordezkatzeko administrazio publikoen aurrean.
3.– Erregistroari emandako datuak egiaztatzeko, elkarreragingarritasunean oinarritutako kontsulta automatizatua egingo da, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarriaren arabera.
8. artikulua.– Ahalordeen erregistro elektronikora sartzea.
1.– Ahalordeen erregistro elektronikora sartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikora jo beharko da (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa).
2.– Ahalordeen erregistro elektronikora sartu eta ahalordeak inskribatzeko, aldatzeko edo ezeztatzeko, herritarrek beti erabili beharko dute ziurtagiri elektroniko kualifikatua.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren sinadura elektronikorako politikak zehaztuko du nola erabiliko diren identifikatzeko eta autentifikatzeko bitartekoak, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren segurtasun-sistemen esparruan.
3.– Erregistrora sartzeko, langile publikoek egiaztatu egin beharko dute erregistrora sartu behar dutela beren eginkizunak betetzeko; horretarako, erregistro-kudeaketaren arloko organo eskudunaren baimen espresua izan beharko dute. Organo horrek ezarriko du zer erabiltzaile-profil behar diren, erantzukizunen eta egin beharreko lan zehatzen arabera.
9. artikulua.– Ahalordeen erregistro elektronikoa kontsultatzea.
Ahalordeen erregistro elektronikoa publikoa ez denez, pertsona eta organo hauek soilik kontsultatu eta eskuratu ahal izango dute ahalordeei buruzko informazioa (kasuan kasu, elektronikoki edo aurrez aurre):
a) Interesdunak, behar bezala identifikatuta: ahalorde-emaileak, ahalordedunak, legezko ordezkariak, pertsona baimenduak, entitate gaituak.
b) Herritarrentzako arretaren eta zerbitzu digitalen arloan eskumena duten organoak.
c) Ordezkatzen den prozedurako organo eskudunak.
10. artikulua.– Ahalordetzeak eta ordezkaritzak ofizioz ezereztea.
1.– Herritarrei arreta emateko ardura duen unitateak ofizioz ezereztuko ditu ahalordetzeak eta ordezkaritzak, honako kasu hauetan:
a) Ordezkaria, ahalorde-emailea edo baimendua hiltzen denean (jasota geratu behar da inguruabar hori).
b) Ordezkariaren, ahalorde-emailearen edo baimenduaren nortasuna azkentzen denean (jasota geratu behar da inguruabar hori).
c) Arrazoizko zalantzak daudenean ahalordeen, ordezkaritzen eta baimenen indarraldiari edo baliozkotasunari buruz.
d) Ordezkaritzaren edo baimenaren eraginkortasunik eza ekar dezaketen beste inguruabar batzuk gertatzen direnean.
2.– Honako kasu hauetan ezereztuko dira ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatutako ahalordetzeak eta ordezkaritzak:
a) Indarraldia amaitzen denean.
b) Zehaztutako gehieneko balio-epea igarotzen denean.
c) Kasuan-kasuan, ahaldunak, legezko ordezkariak edo baimenduak ahalordea onartu behar badute eta ez badute egiten erregistroan inskribatzen denetik 20 egun balioduneko epean.
3.– Ezerezteak ahalordeen erregistro elektronikoan sartu eta berehala izango ditu ondorioak.
11. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.
1.– Datu pertsonalak tratatzeko orduan, datu pertsonalak babesteari buruzko egungo araudia bete beharko da:
a) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa.
b) 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.
Arau bi horietan ezarritakoa betetzeko, ahalorde-emailea edo ahalordeduna pertsona fisikoa denean, Erregelamenduaren 6.1. e) artikuluaren oinarrian erabakiko da zer tratamendu baimendu erabili behar den datuak tratatzeko eta ahalordeen erregistro elektronikoak egokiro funtziona dezan.
2.– Web-helbide honetan jaso eta argitaratzen da zer jarduera erregistratzen den «Ahalordeen erregistro elektronikoko» datu pertsonalak babesteko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/090800-capa1-eu.shtml.
12. artikulua.– Argitaratzea eta informatzea.
Gutxienez ere, honako hauek argitaratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa):
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Zerbitzu Katalogoa, eta ahalordea emateko aukera duten izapide eta prozedura guztien zerrenda.
b) Ahalordeen erregistro elektronikoa erabiltzeko gida.
c) Borondatezko ahalordetzeak inskribatzeko, aldatzeko, uko egiteko eta ezerezteko ereduak.
II. KAPITULUA
BORONDATEZKO AHALORDETZEAK
1. atala
Apud acta emandako borondatezko ahalordetzeak
13. artikulua.– Apud acta emandako borondatezko ahalordetzeak ematea, eta haiek egiaztatzea.
1.– Agindu honen 6.3 artikuluan arautzen den aukeraz baliatzeko –borondatezko ahalordetzeak emateko aukeraz baliatzeko–, interesduna administrazio-egoitzan agertu behar da; era berean, interesdunak edozein bitarteko erabili ahal du, baldin eta bitarteko hori zuzenbidean baliozkoa bada eta modu fidagarrian erakusten badu ahalordetze hori existitzen dela.
Bide hauetakoren bat erabiliz egin beharko da apud acta borondatezko ahalordetzeak emateko agerraldia:
a) Ahalorde-emailearen agerraldi elektronikoa, horretarako onartutako identifikazio- eta sinadura-sistemetako bat erabilita.
Ahaldunak bide beretik onartu beharko du borondatezko ahalordetzea, eta ezin izango da onartu beste bide batetik onartzea, erregistroan inskribatzen denetik 20 egun balioduneko epean.
b) Ahalorde-emailea bera agertzea erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetan, eta bere burua identifikatuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko funtzionario gaitu baten aurrean.
Ahalordedunak onartu egin beharko du borondatezko ahalordetzea, aukera hauetariko batez baliatuta: 1) modu berean, modu presentzialean, erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetan bertaratuta; edo 2) agerraldi elektroniko bidez, horretarako onartutako identifikazio- eta sinadura-sistemetako bat erabilita, erregistroan inskribatzen denetik 20 egun balioduneko epean.
2.– Legez edo erregelamenduz administrazio publikoekiko harremanak bitarteko elektronikoen bidez izatera behartuta dauden pertsonek eta erakundeek, nolanahi ere, artikulu honen 1.a) apartatuan aurreikusitako bidea erabili beharko dute: elektronikoa.
3.– Harremanak bitarteko elektronikoen bidez izatera behartuta ez dauden pertsona fisikoek soilik izango dute aukera artikulu honen 1.b) apartatuan aurreikusitako bide presentziala erabiltzeko.
4.– Pertsona fisikoek zein juridikoek aukera izango dute apud acta borondatezko ahalordetzearen bidez ahalordetu eta ordezkatzeko.
5.– Izapide edo prozedura bat kudeatzen duen unitateak uste badu inskribatutako borondatezko ahalordetzeak ez duela behar besteko gaitasun juridikorik egin nahi den tramitea egiteko, interesdunari eskatu ahal izango dio informazio gehiago aurkezteko.
14. artikulua.– Apud acta emandako borondatezko ahalordetzeak inskribatzea. Inskribatzearen ondorioak eta irismena.
1.– Apud acta borondatezko ahalordetzeak automatikoki inskribatuko dira ahalordeen erregistro elektronikoan.
2.– Borondatezko ahalordetzeek ondorioak izango dituzte, baldin eta ahalordedunak onartzen baditu 13. artikuluaren 1. apartatuko a) eta b) letretan deskribatutako bitartekoren baten bidez.
3.– Ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatzen diren ahalordetzeek ondorioak izango dituzte honako hauetan:
a) 6.3.a) artikuluan jasotako ahalorde orokorrek: edozein administrazio-jarduketatan eta edozein administrazioren aurrean.
b) 6.3.b) artikuluan jasotako edozein jarduketa egikaritzeko ahalordeek: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Zerbitzu Katalogoan sartutako prozeduren izapide guztietan.
c) 6.3.c) artikuluan jasotako ahalordeek: emandako ahalordeak espresuki aipatzen dituen izapide eta prozeduretan.
15. artikulua.– Apud acta emandako borondatezko ahalordetzeen inskripzioaren indarraldia.
1.– Erregistroan inskribatutako borondatezko ahalordetzeek, gehienez ere, bost urteko indarraldia izango dute inskribatzen diren datatik aurrera.
2.– Emandako borondatezko ahalordetzearen indarraldia amaitu baino lehen, ahalorde-emaileak edozein unetan luzatu ahal izango du ahalordea. Ahalordedunak, berriz, borondatezko ahalordetzearen indarraldia amaitu baino lehenago onartu beharko du luzapena.
3.– Ahalorde-emaileak egindako luzapenek, gehienez ere, bost urteko indarraldia izango dute luzapena inskribatzen den egunetik aurrera.
4.– Borondatezko ahalordetzeak luzatzeko eta ahalordedunek luzapen horiek onartzeko, agindu honen 13. artikuluaren 1. apartatuko a) eta b) letretan ahalordeak emateko aurreikusitako bide berberak erabiliko dira.
5.– Ahalordedunak ez badu luzapena onartzen erregistroan inskribatzen denetik 20 egun balioduneko epean, luzapena ofizioz ezereztuko da, eta agindu honen 17.1 artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
16. artikulua.– Apud acta emandako borondatezko ahalordetzeak aldatzea.
1.– 6.3.a) artikuluko borondatezko ahalordetzeak ezin izango dira aldatu.
2.– Ahalordeen erregistro elektronikoan eman eta inskribatutako borondatezko ahalordetze elektronikoak, 6.3.b) artikuluan eta 6.3.c) artikuluan aipatzen direnak, berriz, aldatu ahal izango dira.
3.– 6.3.b) artikuluan eta 6.3.c) artikuluan aipatutako borondatezko ahalordetzeetan, honako hauek zabaldu edo murriztu ahal izango dira:
a) Jarduketak eta izapideak.
b) Ahalordean zehaztutako prozedurak.
c) Ahalordea egikaritzeko epea.
4.– Ahalorde-emaileak aldatu ahal izango ditu ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatutako borondatezko ahalordetzeak, 6.3.b) eta 6.3.c) artikuluetakoak.
5.– Ahalordeduna, berriz, ezin izango da aldatu. Aldaketa hori formalizatzeko, baliorik gabe utzi beharko da lehendik dagoen ahalordetzea, eta borondatezko beste ahalordetze bat eman.
6.– Borondatezko ahalordetzeak aldatzeko eta aldaketak onartzeko, haiek emateko aurreikusitako bide berberak erabili ahal izango dira, 13. artikuluaren 1. apartatuko a) eta b) letretan araututakoaren arabera.
7.– Ahalordedunak ez badu onartzen borondatezko ahalordetzeen aldaketa erregistroan inskribatu eta 20 egun balioduneko epean, ofizioz ezereztuko da eskatutako ahalordetzearen aldaketa. Hala ere, horrek ez du ezeztatuko borondatezko ahalordetzea, zeina aldatzeko eskatu baita, eta indarrean jarraituko du aldaketarik gabe.
17. artikulua.– Apud acta emandako borondatezko ahalordetzearen inskripzioa ezereztea, errebokatzea eta hari uko egitea.
1.– Ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatutako borondatezko ahalordetzeak ezereztu egingo dira, agindu honen 10. artikuluan jasotako kasuetako bat betetzen baldin bada.
2.– Emandako borondatezko ahalordetzearen balio-epea amaitu aurretik, ahalordetzea ematen duen pertsonak (ahalorde-emaileak) edozein unetan errebokatu ahal izango du borondatezko ahalordetzea, hura emateko aurreikusitako bide berberak erabiliz eta 13.1 artikuluan araututakoaren arabera.
Errebokatze horrek ondorioak izango ditu ahalordeen erregistro elektronikoan sartu eta berehala.
3.– Ahalordedunak edozein unetan aurkeztu ahal izango dio Administrazioari ahalordetzeari uko egiteko eskaera, eta ahalordea emateko aurreikusitako bide berberak erabili ahal izango ditu horretarako, 13. artikuluaren 1. apartatuaren a) eta b) letretan araututakoaren arabera, eta honako egokitzapen hauek eginda:
a) Ahalordedunak harreman elektronikoak izatera behartuta ez dagoen pertsona fisiko bat ordezkatzen badu, erantzukizunpeko adierazpena egin beharko du nahitaez, non adieraziko baitu ahalorde-emaileari jakinarazi diola ahalordeari uko egin izana.
Uko egiteak automatikoki izango ditu ondorioak. Dena den, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea ezinbestekoa den kasuetan, uko egiteak ez du ondoriorik izango adierazpen hori sartu arte.
2. atala
Agiri publiko bidez edo notarioak legitimatutako sinaduradun agiri pribatu bidez emandako borondatezko ahalordetzeak
18. artikulua.– Inskriba daitezkeen borondatezko ahalordetzeak, agiri publiko bidez edo notarioak legitimatutako sinaduradun agiri pribatu bidez emandakoak.
Ahalordeen erregistro elektronikoan, honako borondatezko ahalordetze hauek inskribatu ahal izango dira:
a) Agiri publiko bidez emandako ahalordetzeak, ahalordedunari ahalmena ematen diotenak Administrazioaren aurrean administrazio-jarduketak egiteko.
b) Agiri pribatu bidez emandako ahalordetzeak, baldin eta herritarrentzako arretaren eta zerbitzu digitalen arloko organo eskudunak onetsitako ahalorde-ereduaren araberakoak badira eta notarioak legitimatutako sinadura badute.
19. artikulua.– Agiri publiko bidez edo notarioak legitimatutako sinadura duen agiri pribatu bidez emandako borondatezko ahalordetzeak inskribatzea eta egiaztatzea.
1.– Agiri publiko bidez emandako borondatezko ahalordetzeen kasuan –18. artikuluko a) eta b) letretan jasota daude–, honako bide hauetakoren bat erabili beharko da inskripzioa egiteko:
a) Ahalorde-emailearen edo ahalordedunaren agerraldi elektronikoa, horretarako onartutako identifikazio- eta sinadura-sistemetako bat erabilita. Agiri hauek erantsi beharko dira:
1.a Agindu honen 18.a) artikuluan aipatutako borondatezko ahalordetzeen kasuan: ahalordetze-agiria, inskribatzeko eskatzen dena.
2.a Agindu honen 18.b) artikuluan aipatutako borondatezko ahalordetzeen kasuan: ahalorde-eredua, ahalorde-emailearen sinadura notarioak legitimatuta.
Ahalorde-emailearen agerraldia aurrez aurrekoa baldin bada, ezinbestekoa izango da ahalordedunak borondatezko ahalordetzea onartzea. Hura onartzeko epea, gehienez ere, 20 egun baliodunekoa izango da, ahalordetzea erregistroan inskribatzen denetik aurrera.
b) Ahalorde-emailea edo ahalordeduna aurrez aurre agertzea erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetan, zeinetan bere burua identifikatu beharko baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko funtzionario gaituen aurrean. Agiri hauek erantsi beharko dira:
1.a Agindu honen 18.a) artikuluan aipatutako borondatezko ahalordetzeen kasuan: ahalordetze-agiria, inskribatzeko eskatzen dena.
2.a Agindu honen 18.b) artikuluan aipatutako borondatezko ahalordetzeen kasuan: ahalorde-eredua, ahalorde-emaileren sinadura notarioak legitimatuta.
Ahalorde-emailearen agerraldia aurrez aurrekoa denean, ezinbestekoa izango da ahalordedunak onartzea borondatezko ahalordetzea. Hura onartzeko epea, gehienez ere, 20 egun baliodunekoa izango da, ahalordetzea erregistroan inskribatzen denetik aurrera. Ahalordea onartzeko, bi bide hauetako bat erabili ahal izango du: a) erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetan bertaratuta; edo, b) agerraldi elektronikoa, horretarako onartutako identifikazio- eta sinadura-sistemetako bat erabiliz.
2.– Legez edo erregelamenduz administrazio publikoekiko harremanak bitarteko elektronikoen bidez izatera behartuta dauden pertsonek eta erakundeek, nolanahi ere, artikulu honen a) apartatuan adierazitako bidea erabili beharko dute.
Harremanak bitarteko elektronikoen bidez izatera behartuta ez dauden pertsona fisikoek soilik daukate eskubidea agerraldi presentziala erabiltzeko, b) apartatuan aurreikusitako bidea baita.
3.– Ahalordedunak notarioak legitimatutako sinadura duen dokumentu publikoa edo pribatua aurkezten duenean, ahalordea askietsi dela ere jaso beharko da.
4.– Izapide edo prozedura bat kudeatzen duen unitateak uste badu inskribatutako ahalordetzeak ez duela behar besteko gaitasun juridikorik egin nahi den tramitea egiteko, interesdunari eskatu ahal izango dio informazio gehiago aurkezteko.
20. artikulua.– Agiri publiko bidez edo notarioak legitimatutako sinaduradun agiri pribatu bidez emandako borondatezko ahalordetzeen ondorioak eta irismena.
1.– Ahalordedunak inskribatzen badu ahalordea, ahalordetzeak ondorioak izango ditu behin herritarrentzako arretaren eta zerbitzu digitalen arloko organo eskudunak inskripzioa egiaztatu eta baieztatu eta gero. Herritarren arretaren eta zerbitzu digitalen organo eskudunak ahalordetzeak ukatuko ditu, edo, hala badagokio, errekerimenduak egingo ditu, atzemandako akatsak, asko jota, 10 egun balioduneko epean zuzen daitezen. Epe hori, berriz, inskripzioaren hurrengo egunetik hasita kontatuko da.
2.– Ahalorde-emaileak inskribatzen badu ahalordea, ezinbestekoa izango da ahaldunak onartzea, 19.1 artikuluaren apartatuetan deskribatutako bitartekoren bat erabiliz, eta ahalordetzeak onarpen horretatik aurrera izango ditu ondorioak.
3.– Ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatutako ahalordetzeek ondorioak izango dituzte emandako ahalordean adierazitako izapide eta prozeduretan.
Ahalordea bada edozein jarduketa egiteko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren aurrean, ahalordetzeak ondorioak izango ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Zerbitzu Katalogoan sartutako prozeduretako izapide guztietan.
4.– Hala pertsona fisikoek nola pertsona juridikoek aukera izango dute agiri publiko bidez edo agiri pribatu bidez ahalordea emateko eta inor ordezkatzeko.
21. artikulua.– Agiri publiko bidez edo notarioak legitimatutako sinaduradun agiri pribatu bidez emandako borondatezko ahalordetzeen inskripzioen indarraldia.
1.– Erregistroan inskribatutako borondatezko ahalordetzeek, agiri publiko bidez edo notarioak legitimatutako sinaduradun agiri pribatu bidez emandakoek, bost urteko indarraldia izango dute gehienez ere, inskripzioa egiten den egunetik aurrera.
Inskripzioa egiteko unean agiri publiko bidez edo notarioak legitimatutako sinaduradun agiri pribatu bidez emandako borondatezko ahalordetzearen balio-epea laburragoa bada, azken epe hori gailenduko da.
2.– Ahalorde-emaileak edo ahalordedunak luzatu ahal izango du borondatezko ahalordetzearen indarraldia, baldin eta indarrean badago agiri publiko bidez edo notarioak legitimatutako sinaduradun agiri pribatu bidez emandako borondatezko ahalordetzea; hau da, edozein unetan luzatu ahalko du epea, betiere amaituta ez badago borondatezko ahalordetzearen indarraldia.
3.– Ahalorde-emaileak egindako luzapenek, gehienez ere, bost urteko indarraldia izango dute luzapena inskribatzen den egunetik aurrera. Nolanahi ere, agiri publiko bidez edo notarioak legitimatutako sinaduradun agiri pribatu bidez emandako ahalordearen balio-epeak beti izango du epe horrek baino indar handiagoa.
4.– Borondatezko ahalordetzeak luzatzeko, agindu honen 19.1 artikuluan ahalordeak emateko ezartzen diren bide berberak erabili beharko dira.
5.– 19.1 artikuluan jasotako borondatezko ahalordetzea bada, ahalordedunak onartu egin behar du ahalorde hori luzatzea. Ahalordedunak ez badu onartzen luza dadila ahalordea erregistroan inskribatzen denetik 20 egun balioduneko epean, luzapena ofizioz ezereztuko da, eta agindu honen 23. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
6.– Ahalorde-emailearen eta ahalordedunaren ardura izango da eskatzea inskripzioa egokitu dadila, baldin eta aldatzen bada agiri publiko bidez edo notarioak legitimatutako sinaduradun agiri pribatu bidez emandako borondatezko ahalordetzearen balio-epea. Inskripzioa egokitu arren, inoiz ere ez da gaindituko bost urteko gehieneko indarraldia, zeina inskripzioaren datatik aurrera hasiko baita kontatzen.
22. artikulua.– Agiri publiko bidez edo notarioak legitimatutako sinaduradun agiri pribatu bidez emandako borondatezko ahalordetzea aldatzea.
Ez da onartuko ezer aldatzerik agiri publikoz edo notario bidez legitimaturiko sinaduradun agiri pribatu bidez emandako borondatezko ahalordetzeetan, salbu eta agindu honen 21.6 artikuluan jasotako kasuan.
23. artikulua.– Agiri publiko bidez edo notarioak legitimatutako sinaduradun agiri pribatu bidez emandako borondatezko ahalordetzea ezereztea eta errebokatzea, eta hari uko egitea.
1.– Ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatutako borondatezko ahalordetzeak, agiri publiko bidez edo notarioak legitimatutako sinaduradun agiri pribatu bidez emandakoak, ezereztu egingo dira, agindu honen 10. artikuluan jasotako kasuetako bat betetzen baldin bada.
2.– Hala ahalorde-emaileak nola ahalordedunak edozein unetan eskatu ahalko dute ezereztu dadila erregistratutako borondatezko ahalordetzearen inskripzioa, haren indarraldia amaitu aurretik.
Halaber, ahalorde-emailearen edo ahalordedunaren ardura izango da ezerezteko eskaera izapidetzea, baldin eta ahalorde-ematea amaitu bada errebokatu delako, uko egin zaiolako edo beste edozein inguruabar gertatu delako.
III. KAPITULUA
AHALORDEEN ERREGISTRO ELEKTRONIKOKO BESTE ORDEZKARITZA-FIGURA BATZUK
1. atala
Legezko ordezkariak
24. artikulua.– Legezko ordezkaritzak inskribatzea.
1.– Ahalordeen erregistro elektronikoan, inskribatu ahal izango dira hala pertsona juridikoen legezko ordezkariak nola errentak esleitzeko araubideko erakundeen legezko ordezkariak.
2.– Elektronikoki formalizatuko dira legezko ordezkaritzak ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatzeko tramite guztiak, hala nola inskribatzeko, onartzeko eta ezerezteko izapideak. Izapide horietako bat ere ezin izango da egin aurrez aurre erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetan.
3.– Bi modu hauetako batean inskribatu ahal izango da legezko ordezkaritza:
a) Pertsona juridikoak edo entitateak ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango du nor diren legezko ordezkariak, horretarako onartutako identifikazio- eta sinadura-sistemetako bat erabiliz.
Legezko ordezkariak modu berean onartu beharko du ordezkaritza. Hura onartzeko epea, gehienez ere, 20 egun baliodunekoa izango da, erregistroan inskribatzen denetik aurrera.
b) Legezko ordezkaria legezko ordezkari gisa inskribatu ahal izango da egoitza elektronikoko ahalordeen erregistro elektronikoan, horretarako onartutako identifikazio- eta sinadura-sistemetako bat erabiliz.
4.– Bi kasuetan, eskabidearekin batera, justifikatu beharko da hura legezko ordezkaria dela.
25. artikulua.– Legezko ordezkaritzen ondorioak eta irismena.
1.– Ahalordeen erregistro elektronikoko legezko ordezkaritzek ondorioak izango dituzte behin herritarrentzako arretaren eta zerbitzu digitalen arloko organo eskudunak legezko ordezkaritza egiaztatu eta baieztatu eta gero.
2.– Organo eskudunak, gehienez ere, 10 egun balioduneko epea izango du egiaztatze- eta baieztatze-lanak egiteko, inskripzio-eskaera aurkeztu eta hurrengo egunetik hasita.
3.– Ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatutako legezko ordezkaritzek ondorioak izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Zerbitzu Katalogoan sartzen diren prozedura guztietan.
4.– Legezko ordezkaritzak, bestalde, pertsona fisiko bati edo batzuei eman ahal izango zaizkie.
26. artikulua.– Legezko ordezkaritzen inskripzioen indarraldia.
1.– Zer indarraldi zehazten den legezko ordezkaritzak erregistroan inskribatzen direnean, ordezkaritzek indarraldi hori izango dute. Indarraldia, gehienez ere, bost urtekoa izango da, inskripzio-datatik kontatzen hasita; hala ere, legezko ordezkaritzaren balio-epea gailenduko da, azken hori laburragoa bada.
2.– Pertsona juridikoaren, erakundearen edo legezko ordezkariaren ardura izango da ahalordeen erregistro elektronikoko legezko ordezkaritza egokitzea balio-epeak izan ditzakeen aldaketetara.
3.– Legezko ordezkaritzaren balio-epea amaitu aurretik, pertsona juridikoak, erakundeak edo legezko ordezkariak edozein unetan luzatu ahal izango du indarraldia. Luzapenek, gehienez ere, bost urteko indarraldia izango dute, luzapenaren inskripzioa egiten den egunetik hasita. Hala ere, legezko ordezkaritzaren balio-epea laburragoa bada, azken hori gailenduko da.
4.– Pertsona juridikoak edo erakundeak eskatzen badu legezko ordezkaritza luzatzeko, legezko ordezkariak onartu beharko du ordezkaritza hori luzatzea. Luzapena onartzen ez bada erregistroan inskribatzen denetik 20 egun balioduneko epean, ofizioz ezereztuko da, eta agindu honen 27.1 artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
27. artikulua.– Legezko ordezkaritzak ezereztea.
1.– Ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatutako legezko ordezkaritzak ezereztu egingo dira, agindu honen 10. artikuluan jasotako kasuetako bat betetzen baldin bada.
2.– Pertsona juridikoek, entitateek edo legezko ordezkariek edozein unetan eskatu ahal izango dute ezerez dadila erregistratutako legezko ordezkaritzen inskripzioa. Halaber, beraien ardura izango da ezerezteko eskaera izapidetzea, baldin eta legezko ordezkaritza amaitu bada uko egin zaiolako, errebokatu delako edo beste edozein inguruabar gertatu delako.
Hala ere, pertsona juridikoak edo erakundeak behartuta egongo dira ordezkaritzak ezereztera, haiek eginkizunak betetzeari uzten dietenean.
2. atala
Pertsona baimenduaren ordezkaritzak
28. artikulua.– Baimen-emaileak eta baimenduak.
1.– Baimen-emaileek, pertsona juridikoek eta ekonomia-jarduerak egiten dituzten eta errentak esleitzeko araubidean dauden erakundeek baimena eman ahal izango diete pertsona fisikoei baimendu modura izapideak egin ditzaten pertsona juridikoaren edo erakundearen kontura.
2.– Baimendutako pertsonek lotura profesionala izan beharko dute pertsona juridikoarekin edo erakundearekin, edo zerikusia izan beharko dute haren jarduerarekin edo lanbidearekin.
29. artikulua.– Pertsona baimenduaren ordezkaritzak inskribatzea.
1.– Elektronikoki formalizatuko dira pertsona baimenduak ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatzeko izapide guztiak, hala nola inskribatzeko, onartzeko eta ezerezteko tramiteak. Izapide horietako bat ere ezin izango da egin aurrez aurre erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetan.
2.– Baimendutako pertsonak bide bera erabiliz onartu beharko du ordezkaritza. Hura onartzeko epea, gehienez ere, 20 egun baliodunekoa izango da, erregistroan inskribatzen denetik aurrera.
30. artikulua.– Pertsona baimenduaren ordezkaritzen ondorioak eta irismena.
1.– Pertsona baimenduaren ordezkaritzak automatikoki inskribatuko dira ahalordeen erregistro elektronikoan.
2.– Pertsona baimenduaren ordezkaritzak ondorioak izango ditu pertsona horrek agerraldi elektronikoaren bidez ordezkaritza espresuki onartzen duen egunetik aurrera.
3.– Ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatutako pertsona baimenduen ordezkaritzek soilik izango dituzte ondorioak emandako ordezkaritzan espresuki aipatzen diren izapide eta prozeduretan.
Ordezkaritza, berriz, edozein jarduketa egiteko bada, ondorioak izango ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Zerbitzu Katalogoan sartutako prozeduren izapide guztietan.
4.– Jarduteko gaitasuna duten pertsona fisiko bat edo batzuk izan ahal izango dira pertsona baimenduak, baldin eta lotura profesionala badute pertsona juridikoarekin edo erakundearekin, edo zerikusia badute haren jarduerarekin edo lanbidearekin.
5.– Baimen-emaileek beren gain hartuko dute baimentzen dituzten pertsonek egindako jarduketen ondoriozko erantzukizuna.
31. artikulua.– Pertsona baimenduaren ordezkaritzen inskripzioen indarraldia.
1.– Erregistroan inskribatutako pertsona baimenduaren ordezkaritzek zer indarraldi duten inskripzioa egiten denean, indarraldi hori izango dute. Indarraldia, gehienez ere, bost urtekoa izango da, inskripzioa egiten den egunetik aurrera.
2.– Pertsona juridikoak edo erakundeak edozein unetan luzatu ahal izango ditu pertsona baimenduaren ordezkaritzak, baina soilik balio-epea amaitu aurretik luzatuz gero. Pertsona juridikoak edo erakundeak emandako luzapenek, gehienez ere, bost urteko indarraldia izango dute, luzapena inskribatzen den datatik aurrera.
3.– Baimendutako pertsonak bide bera erabili beharko du luzapena onartzeko. Luzapena onartzen ez bada erregistroan inskribatzen denetik 20 egun balioduneko epean, ofizioz ezereztuko da, eta agindu honen 33.1 artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
32. artikulua.– Pertsona baimenduaren ordezkaritzak aldatzea.
1.– Baimen-emaileak aldatu ahal izango du nori ematen dion baimena eta nor inskribatzen duen ahalordeen erregistro elektronikoan.
2.– Honako hauek handitu edo murriztu ahal izango dira:
a) Ordezkatzeko zehaztutako prozedurak.
b) Ordezkaritza egikaritzeko epea.
3.– Baimenduak ez badu onartzen ordezkaritza aldatzea hura erregistroan inskribatu eta 20 egun balioduneko epean, ofizioz ezereztuko da eskatutako aldaketa. Hala ere, horren ondorioz ez da ezeztatuko ordezkaritza, aldatzeko eskatu dena, eta indarrean jarraituko du aldaketarik gabe.
33. artikulua.– Pertsona baimenduaren ordezkaritzak ezereztea eta errebokatzea, eta haiei uko egitea.
1.– Ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatutako pertsona baimenduen ordezkaritzak ezereztu egingo dira, agindu honen 10. artikuluan jasotako kasuetako bat betetzen baldin bada.
2.– Baimen-emaileek edozein unetan eskatu ahal izango dute erreboka daitezela pertsona baimenduen erregistratutako ordezkaritzak. Halaber, haien ardura izango da ezerezteko eskaera izapidetzea, baldin eta bien arteko lotura amaitzen bada uko egin zaiolako, errebokatu delako edo beste edozein inguruabar gertatu delako.
Hala ere, ordezkatzeko baimenduta daudenek beren eginkizunak betetzeari uzten dietenean, agindu-emaileak behartuta egongo dira ordezkaritzak ezereztera.
3.– Pertsona baimenduek edozein unetan aurkeztu ahal izango dute uko egiteko eskaera. Uko-egite hori automatikoki jakinaraziko zaio baimena eman duen pertsona juridikoari edo erakundeari.
Baimendutako pertsonak inskripzioari uko egiten badio, horrek automatikoki izango ditu ondorioak.
3. atala
Entitate gaituak
34. artikulua.– Administrazioak hirugarrenak gaitzea.
1.– Administrazioak, oro har edo berariaz, pertsona fisiko edo juridiko baimenduak gaitu ahal izango ditu transakzio elektroniko jakin batzuk egin ditzaten interesdunen ordezkari gisa.
2.– Gaikuntza horretan, zehaztu beharko da zer baldintza eta betebeharretan konprometitzen diren era horretako ordezkaritza hartzen dutenak. Gaituz gero, ordezkaritza baliozkotzat joko da, non eta aplikatzekoa den araudiak ez duen besterik aurreikusten.
3.– Herritarrei arreta emateko eskumena duen administrazio-organoaren titularraren organo eskudunak emandako ebazpenaren edo harekin formalizatutako hitzarmenaren bidez formalizatuko da gaikuntza, arlo horretan eskumena duen administrazio-organoak kasuan kasuko administrazio-prozedurak ebazteko baimena eman eta eskaera justifikatua egin ondoren.
4.– Gaikuntzan, berriz, honako hau zehaztu beharko da:
a) nor gaitzen den.
b) zer baldintza bete behar den ordezkari gaitu izendatzeko.
c) zer prozedura eta izapide gaituko diren.
5.– Baimendutako funtzionarioek ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko dute zer pertsona gaitzen den, eta erregistratuko dute zer izapide eta prozeduratan jardun dezaketen ordezkari gisa.
6.– Gaikuntzak, gehienez ere, lau urteko indarraldia izango du, eta ebazpenean azaltzen den datatik aurrera zenbatzen hasiko da indarraldi hori, edo hitzarmena formalizatzen den egunetik aurrera. Kasu bietan, indarraldia behin baino ezingo da luzatu, eta gehienez ere lau urterako.
7.– Agindu honen 10. artikuluan arautzen diren kasuetan ezereztuko dira gaikuntzak.
8.– Administrazioak edozein unetan eskatu ahal izango die gaitutako erakundeei ordezkaritza egiazta dezatela. Ordezkaritzak baliozkoak izateko, Administrazioak onartutako eredu normalizatuak erabili behar dira. Hala ere, interesduna beti agertu ahal izango da bere kabuz prozeduran.
9.– Pertsona gaituek, berriz, jarduketa bakoitzerako behar den ordezkaritza izan beharko dute. Ordezkaritza nahikorik ez badago, erantzukizunak eskatuko dira.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen da hala Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Agindua, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Ordezkarien Erregistro Elektronikoa arautu baitzen eta Gaitutako Funtzionarioen Erregistroa sortu eta arautu baitzen, nola ahalordeen erregistroaren arloko beste edozein xedapen, baldin eta agindu honen aurkakoa bada.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 14a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
OLATZ GARAMENDI LANDA.