230. zk., 2023ko abenduaren 1a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (133 KB - 2 orri.)
- EPUB (105 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
5387
EBAZPENA, 2023ko azaroaren 2koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez ontzat ematen da «Pasaiako portura iristeko eta bertan sartzeko eraikuntza proiektua».
Eusko Jaurlaritzak eta Pasaiako Portuak trenbide bidezko trafikoa emendatzeko eta errepideetan kamioien trafikoa minimizatzeko helburu partekatua dute, eta ondorioz, akordio batera iritsi dira Europatik Porturantz iristen diren bobinak burdinbideak erabiliz Durangoraino eramateko, handik garraiatuko dira beren azken helmugetara.
Gaur egun, Euskotrenen Donostia-Hendaia trenbidearen trazadura Pasaiako Portuko instalazioen ondoan antolatuta dago, eta gaur egungo Herrerako eta Pasaiako geltokien artean badago Portuko instalazioetara iristea eta sartzea ahalbidetuko lukeen burdinbide konexio bat planteatzea.
Egungo linea Pasaiako Portuko instalazioetatik gertu igarotzen da sestra gaineko tarte batean, Herrerako lurpeko geltokiaren irteeraren eta N-1 errepide zaharraren azpiko tuneleko sarreraren artean. Tarte hori gutxi gorabehera 150 m luze da, eta lotura ahalbidetzen du. Balasto gaineko trenbidea da.
Bestalde, portuko trenbide sarean, hauexek dira proiektu honen zati bat osatzen duten burdinbideak:
– Gune teknikora iristeko bidea: plaka gaineko burdinbidea, 1. Biltegiaren pareko gaur egungo topetik portuko gune teknikoko sarreraraino iristen dena, Pasaiako Portuko ibilbidearen paraleloan (N-1 zaharra) antolatutako trazadurarekin. Gutxi gorabehera 600 m luze da tarte hori.
– Algeposaren nabera iristeko bidea: aurrekotik desbideratutako burdinbidea, plaka gainean eta zabalera iberiarrean antolatua, aldi berean Buenavista kairantz desbideratzea ahalbidetzen duena.
Proiektuaren xedea da ETSren sare orokorra (Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea) Pasaiako Portuko egungo trenbide sarearekin lotzeko beharrezkoak diren jarduera guztiak zehaztea, eta sarearen tarte batean zabalera metrikoa eta nazioarteko zabalera txertatzea.
Proiektua egikaritzeko aurrekontua lau milioi seiehun eta berrogeita hamaika mila berrogeita lau euro eta berrogeita hemeretzi zentimokoa (4.651.044,59) da. Horrek esan nahi du lizitaziorako oinarrizko aurrekontua sei milioi seiehun eta laurogeita hamazazpi mila eta hogeita hemeretzi euro eta hamaika zentimokoa (6.697.039,11) dela, BEZ barne; eta Administrazioak horren berri izateko aurrekontua: bost milioi bostehun eta hogeita hamalau mila zazpiehun eta berrogeita hiru euro eta zazpi zentimokoa da (5.534.743,07) BEZik gabe.
Obrak egiteko hogei (20) hilabeteko epea aurreikusten da.
Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber maila formalean berrikusi du proiektua eta berresten du bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Herri Administrazioen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, maila formalean, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.
Organo honek eskumena du trenbide sareko proiektuak egiteko eta onartzeko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2021eko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.
Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– «Pasaiako portura iristeko eta bertan sartzeko eraikuntza proiektua» onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZ barne, sei milioi seiehun eta laurogeita hamazazpi mila eta hogeita hemeretzi euro eta hamaika zentimokoa (6.697.039,11) da, eta obrak egiteko epea hogei (20) hilabetekoa izango dela aurreikusi da.
Bigarrena.– Eraikuntza proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion Eraikuntza proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.
Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari bidali beharko zaio.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien aretoan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.
Jendaurrean jartzen da, guztiek horren berri izan dezaten.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 2a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.