230. zk., 2023ko abenduaren 1a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (164 KB - 6 orri.)
- EPUB (115 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
5386
AGINDUA, 2023ko azaroaren 16koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, Amurrioko udalerriko Federico Barrenengoa eremuan 42 babes bereziko etxebizitza alokairuan esleitzeko prozedurari hasiera ematen diona.
GERTAKARIAK
Lehenengoa.– Etxebizitza hauen esleipen prozedurak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak ezartzen duenari jarraituko dio, zeina Etxebizitza-eskatzaileen Erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa baita. Izan ere, horixe ezartzen du Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluak. Aipatutako 2012ko urriaren 15eko Aginduak aldaketak izan ditu alokairuko etxebizitzen esleipen prozedurari dagokion atalean, 2019ko abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuaren eraginez: kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoa, eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoa.
Era berean, nahitaezkoa da aipatzea 147/2023 Dekretua, urriaren 10ekoa, etxebizitza bat okupatzeko eskubide subjektiboari buruzkoa, zeinak, alde batetik, azken xedapenetako lehenengoaren bidez aldatu egiten baitu 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretua, eta bestetik, azken xedapenetako bigarrenaren bidez aldatu egiten baitu 2012ko urriaren 15eko Agindua.
Bigarrena.– Eusko Jaurlaritzako orduko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Amurrioko Udalak 2008ko azaroaren 5ean lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten, Amurrioko udal mugartean Etxebizitza babestuak sustatzeko programa Aurrera eramateko. Hitzarmen horrek eremu hauetan du eragina: UER M-20 Etxegoienen, Sapir 1ean, eta Baranbion. Hitzarmenaren seigarren klausulan, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak konpromisoa hartzen du Amurrioko Udala sustapen honetako udal interesdun bakarra izendatzeko; eta gaineratzen du etxebizitzarik esleitu gabe geratuz gero agindu bidez esango dela nori eman etxebizitza hauek. Aipatu dugun 2008ko hitzarmen honek badu eragina Federico Barrenengoako sustapen honetan.
Hirugarrena.– Etxebizitzako Arabako lurralde-ordezkariaren 2019ko abenduaren 10eko Ebazpenaren bidez, babes ofizialeko behin behineko kalifikazioa eskuratu zuen Amurrioko udalerriko Federico Barrenengoako 42 babes bereziko etxebizitza-sustapenak. Visesak (Euskadiko eta Etxebizitza eta Lurra E.A.) sustatzen ditu etxebizitza hauek eta EB1-0829/19-EC-000 da espediente zenbakia.
Laugarrena.– Alokairuan esleituko diren 42 etxebizitza horietako 2, bi logelakoak, 75,16 m2 azalera dutenak, mugikortasun urri iraunkorra duten elbarriei egokituta daude. Gainontzeko 40 etxebizitzetatik, 39 bi logelakoak dira eta 56,66 m2 eta 69,22 m2 bitarteko azalera dute, azken etxebizitza hiru logelakoa da eta 75,54 m2-ko azalera du. Etxebizitzak lagatzeko araubidea alokairua izango da. Etxebizitza hauek kupotan bananduko dira, bosgarren ebazpenean ezartzen den bezala.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari dagokio agindu hau ematea, Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan jasotzen denaren arabera eta Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Etxebizitza-eskatzaileen Erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokia esleitzeko prozedurei buruzko Aginduko (hemendik aurrera Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Agindua) 48. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Bigarrena.– 2019ko abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuak (Kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoa, eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoa dena), azken xedapenetako zazpigarrenean artikuluko 4. puntuan, aldatu egiten du Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren II. tituluko III. kapitulua, zeinak babes ofizialeko etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien esleipen prozedura arautzen baitu. Dekretuak 2012ko urriaren 15eko Aginduan 47 bis artikulua txertatzen du, eta bertan esaten denez, sustapen guztietan –kolektibo jakin bati berariaz bideratutako autonomia-araubideko zuzkidura-bizitokien kasuan salbu–, etxebizitza-kupo batzuk gordeko dira kolektibo hauen premiei erantzuteko: elbarritasun fisikoa duten pertsonentzat, 36 urtetik beherako pertsonentzat (adin horretatik beherako gutxienez kide bat duten bizikidetza-unitateak barne). etxebizitza bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa duten pertsonak, etxebizitza-premia berezia duten pertsonak, gainerako eskatzaileak edo kupo orokorra. 47 bis artikuluko 5. puntuan aipatzen diren ehunekoak errespetatu behar dituzte kupoek sustapen bakoitzeko.
Hirugarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluak, egungo erredakzioan, esaten du etxebizitzen esleipena egingo dela 47 bis artikuluan aipatzen diren kupoen arabera, etxebizitzen egokitasunaren arabera eta 51. artikuluan aipatzen den baremoaren arabera, betiere prozeduran onartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordenari jarraituz. 51. artikulu horrek baremoa arautzen du, honakoa kontuan izanik: eskatzaileen diru-sarrerak, bizikidetza-unitateko kide kopurua, etxebizitza-eskatzaileen erregistroan duten antzinatasuna, eta etxebizitza-premia berezia.
Bizikidetza-unitateko kide-kopuruagatik ematen den puntuazioa bizikidetza-unitateko kide-kopuruaren eta sustapeneko etxebizitzek duten logela-kopuruaren arabera emango da. Hala, logela bateko etxebizitzetarako, puntu 1 emango zaie bi kidez osatutako bizikidetza-unitateei, eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. 2 logelako etxebizitzetarako, 3 puntu emango zaizkie hiru kidez osatutako bizikidetza-unitateei, puntu 1 bi kidez osatutako bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Azkenik, 3 edo 4 logelako etxebizitzetarako, 7 puntu emango zaizkie sei kidek edo gehiagok osatutako bizikidetza-unitateei, 5 puntu bost kidek osatutako bizikidetza-unitateei, 3 puntu lau kidek osatutako bizikidetza-unitateei eta puntu 1 hiru kidek osatutako bizikidetza-unitateei.
Laugarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 27. artikuluak zehazten du etxebizitza bat noiz den egokia, bizikidetza-unitateko kide-kopuruaren eta esleitu beharreko etxebizitzak dituen logelen arabera.
Bosgarrena.– 2022ko ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuaren 5.artikuluko 4, 5 eta 6. apartatuetan esaten da noiz gertatzen den gainokupazioa etxebizitza edo bizitoki batean (80/2022 Dekretua, ekainaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak arautzen dituena).
Seigarrena.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2022ko ekainaren 30eko Aginduak zehazten ditu babes publikoko etxebizitzen gehieneko prezioak eta errentak eta zuzkidura-bizitokien kanona.
Zazpigarrena.– 2023ko urriaren 10ekoa 147/2023 Dekretuak, etxebizitza bat okupatzeko eskubide subjektiboari buruzkoak, aldatu egiten du 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretua: 3. apartatua eransten dio 19. artikuluari, eta horrela babestutako etxebizitza bat eskuratzeko gehieneko diru-sarrera haztatuak aldatzen ditu.
Horrenbestez, aipatutako legezko manuak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusita, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Amurrio udalerriko Federico Barrenengoa eremuan, 42 babes bereziko etxebizitza alokairuan esleitzeko prozedurari hasiera ematea (sustapen honen espedientea EB1-0829/19-EC-000 da).
Bigarrena.– Sustapen honetako etxebizitzak lagatzeko araubidea alokairua izango da.
Hirugarrena.– Alde batetik, Etxebizitza egokia arautzen duen 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 27. artikuluari jarraituz, eta, bestetik, Gainokupazioa arautzen duen 2022ko ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuaren 5. artikuluari jarraituz, sustapenean ezin izango dute parte hartu 5 kideko baino gehiagoko bizikidetza-unitateek.
Laugarrena.– 42 etxebizitzako esleipen prozedura honetan parte hartu dezakete agindu hau argitaratzen den egunean honako baldintzak betetzen dituztenek:
a) Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairuko eskatzaile gisa alta emanda egotea, Aiarako eremu funtzionaleko udalerriren batean (Aiara, Amurrio, Arakaldo, Artziniega, Laudio, Okondo, Orozko eta Urduña). Dena dela, genero-indarkeria pairatu duten emakumeek eta mugikortasun urria egiaztatu duten pertsonek ez daukate baldintza hori bete beharrik.
b) Bigarren gertakarian aipatzen den Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren eta Amurrioko alkatearen arteko lankidetza-hitzarmenaren ondorioz, agindu hau argitaratzen den egunean gutxienez titularretako bat Amurrion erroldatuta dutenek izango dute lehentasuna etxebizitzak esleitzean. Mugikortasun murriztua duten pertsonek eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dute errolda-baldintza hau bete behar esleipen prozesurako.
c) 2022. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak 3.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 27.125 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzea eskatzen da. Baldintza hau egiaztatzeko eskabidearen titular guztien diru-sarrerak kontuan hartuko dira. Mugikortasun murriztua duten pertsonek, desgaitasun psikikoa dutenek, edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko, ez eta etxebizitza bat izateko eskubide subjektiborako eskubidea onartuta dutenek ere.
d) Bizikidetza unitateek ez dituzte izango 5 kide baino gehiago.
e) Jabetzan etxebizitzarik ez izatea, ezta azalera-eskubiderik edo gozamenik ere, agindu hau argitaratzen den egunean. Dena dela, kontuan hartuko dira 2012ko urriaren 15eko Aginduko 9 bis artikuluak ezartzen dituen etxebizitza-premiaren salbuespenak, betiere agindu horri 2023ko urriaren 10eko 147/2023 Dekretuaren azken xedapenetako bigarrenak egiten dizkion aldaketak kontuan izanda.
Bosgarrena.– Esleitu beharreko 42 etxebizitza horietatik kupo hauek gordeko dira:
a) 2 etxebizitza, mugikortasun urri iraunkorra duten elbarriei egokitutakoak. Etxebizitza horiek esleitzeko, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 52. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituko zaio, bat etorriz 888/2022 Errege Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoarekin (888/2022 Errege Dekretua, urriaren 18koa, desgaitasun-maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedura ezartzen duena):
Lehenik eta behin, Desgaitasun-maila onartu, aitortu eta sailkatzeko prozedurari buruzko 1999ko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 2. eranskinean A letrarekin kalifikatuta dagoen desgaitasunen bat duten pertsonei esleituko zaizkie egokitutako zuzkidura-bizitokiak; gero, 2. eranskin horretan B letrarekin kalifikatuta dagoen desgaitasunen bat duten pertsonei, eta, azkenik, 7 puntu edo gehiago eskuratzen dituztenei eranskin bereko D eta H bitarteko letretan ezarritakoak batuz.
b) 40 etxebizitza gainerako eskatzaileen artean banatuko dira, kupo hauek errespetatuta.
– 16 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 40,00), 36 urtetik beherako kide bat, gutxienez, duten bizikidetza-unitateei esleituko zaizkie.
– 4 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 10,00), agindu hau argitaratzen denean etxebizitza bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa duten pertsonen artean esleituko dira.
– 10 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 25,00), etxebizitza-premia berezia duten pertsonen artean esleituko dira.
– 10 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 25,00) gainerako eskatzaileen artean (kupo orokorra) esleituko dira.
Seigarrena.– Kupo hauetako batean etxebizitzak esleitu gabe geratzen badira, etxebizitza horiek kupo orokorrera bideratutako etxebizitzen kupora bideratuko dira.
Era berean, kupo orokorreko etxebizitzarik esleitu gabe geratzen bada, soberako etxebizitza horiek, kupo bakoitzean gordetako etxebizitzak kontuan izanda, eskaera gehien izan dituen kupoko pertsonen artean esleituko dira.
Esleipen prozedura bukatu ondoren etxebizitzarik esleitu gabe geratzen bada, bigarren esleipenetarako zehaztuta dagoen prozeduraren bidez esleituko dira.
Era berean, mugikortasun urriko kupoan parte hartzen dutenen artean etxebizitza egokiturik esleitu gabe geratzen bada, zuzenean bigarren esleipenetarako zehaztuta dagoen prozeduraren bidez esleituko dira.
Zazpigarrena.– 2012ko urriaren 15eko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren Aginduaren 47 bis 2. artikuluak egungo erredakzioan esaten duenari jarraituz, hainbat kolektibotako kide diren pertsonak edo bizikidetza-unitateak, etxebizitzen kopuru handiena duen kupoko taldera sartuko dira.
Zortzigarrena.– Aipatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza-unitateek sustapen honetako esleipen-prozeduran parte hartu nahi badute, dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute 2023ko abenduaren 4tik 22ra bitartean (biak barne) hauetako bide baten bitartez:.
– Telematikoki: http://www.etxebide.euskadi.eus webgunearen bidez.
– Aurrez aurre: Zuzenean zerbitzua (aurrez hitzordua hartuta), Ramiro de Maeztu kalea, 10, 01008 Vitoria-Gasteiz, Araba.
– Postaz: Bidali dokumentazioa Arabako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzara, Samaniego kalea 2, 1. solairua, 01008, Vitoria-Gasteiz, Araba. Posta administratiboa erabiltzea gomendatzen da, posta bulegoko sarrera-data kontuan har dadin.
Bederatzigarrena.– Onartutako eskaerek ondoko lerroetan jasotako barematzeko irizpideen araberako puntuazioa jasoko dute, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 51. artikuluak dioenari jarraituz:
a) Diru-sarrerak: 10 puntu emango zaizkie 0 eta 9.765 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei; 9 puntu, 9.766 eta 16.275 euro bitartekoak dituztenei; 8 puntu, 16.276 eta 27.125 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei, eta 5 puntu 27.126 eta 42.315 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenei.
b) Bizikidetza-unitateko kide kopurua: Bizikidetza-unitateko kide kopurua puntuatzeko orduan, sustapeneko etxebizitzen logela kopurua hartuko da kontuan. Logela bakarreko etxebizitzak: puntu 1 emango zaie 2 kide dituzten bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Bi logelako etxebizitzak: 3 puntu emango zaizkie 3 kide dituzten bizikidetza-unitateei, puntu bat 2 kide dituzten bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Hiru edo lau logelako etxebizitzak: 7 puntu emango zaizkie 6 kide edo gehiago dituzten bizikidetza-unitateei, 5 puntu 5 kide dituzten bizikidetza-unitateei, 3 puntu 4 kide dituzten bizikidetza- unitateei eta puntu bat 3 kide dituzten bizikidetza-unitateei.
c) Antzinatasuna etxebizitza-eskatzaileen erregistroko inskripzioan: puntu 1 emango da antzinatasunik handiena duen bizikidetza-unitateko kidearen inskripzio-urte bakoitzeko; 7 puntu emango dira gehienez ere.
d) Etxebizitza-premia berezia: 4 puntu emango zaizkie etxebizitza-premia bereziko kolektiboren bateko titularren bat duten espedienteei. Desgaitasun intelektual edo garapen-desgaitasunen bat duten pertsonei eta gaixotasun mentalen bat duten pertsonei dagokienez, 4 puntu emango zaizkie hori egiazta dezaketen bizikidetza-unitateko kideren bat duten espedienteei. Kolektibo bateko baino gehiagoko kide direnei, 4 puntu emango zaizkie horietako bakoitzeko; 8 puntu emango dira gehienez ere.
Hamargarrena.– Baremazioa kalkulatzeko, agindu hau publikatzen den eguna hartuko da kontuan. Berdinketa kasuan, antzinatasun handiena duen eskaeraren aldeko ebazpena emango da eta, antzinatasuna ere berdina bada, etxebizitza-eskatzaileen erregistroan lehenengo sartu zena aukeratuko da.
Hamaikagarrena.– Sustapen honetako bi logelako etxebizitzak gehienez 4 kideko bizikidetza unitateei esleituko zaizkie; hiru logelako etxebizitzak gehienez 5 kide dituzten bizikidetza-unitateei.
Hamabigarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluko bertsioa eguneratuan ezarri bezala, etxebizitzak esleitzeko orduan, 47 bis artikuluan aipatzen diren kupoak, etxebizitzen egokitzapena eta prozeduran sartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordena hartuko dira kontuan, betiere 51. artikuluan xedatutako baremoa aplikatuz.
Hamahirugarrena.– Esleipena amaitutakoan, prozeduran dauden kupoak bezainbeste itxaron-zerrenda egingo dira, parte hartu bai baina etxebizitzarik eskuratu ez dutenak egongo direla barruan. Itxaron-zerrendak amaitu ondoren, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 59. artikuluak ezarritakoari jarraituko zaio esleipenak egiteko.
Hamalaugarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxaron-zerrendak Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) iragarki-oholetan argitaratuko dira, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan ere (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula).
Hamabosgarrena.– Agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 16a.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.