230. zk., 2023ko abenduaren 1a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (164 KB - 6 orri.)
- EPUB (112 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
5385
AGINDUA, 2023ko azaroaren 15ekoa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio 6 zuzkidura-bizitoki esleitzeko prozedurari Orioko udalerrian, Anibarko Portuan.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Zuzkidura-bizitoki horiek esleitzeko prozedurak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak xedatutakoa jarraituko du (agindu hori etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa da), hala xedatuta baitago Babes publikoko etxebizitzen erregimen juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan. Aipatutako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak aldaketak izan ditu, III. kapituluan (batik bat, alokairuko etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien esleipen-prozedurari dagokion atalean) abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuaren azken xedapenetako zazpigarrenak eraginda; dekretu horrek kreditu-erakundeen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetza ezarri zuen, eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatu zituen.
Era berean, nahitaezkoa da aipatzea 147/2023 Dekretua, urriaren 10ekoa, Etxebizitza bat okupatzeko eskubide subjektiboari buruzkoa, zeinak, alde batetik, azken xedapenetako lehenengoan aldatu egiten baitu martxoaren 4ko 39/2008 Dekretua, eta bestetik, azken xedapenetako bigarrenean aldatu egiten baitu 2012ko urriaren 15eko Agindua.
Bigarrena.– 2019ko maiatzaren 9ko EHAAn Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren arteko eta Orioko Udalaren arteko lankidetza hitzarmena argitaratu da, berau 2019ko martxoaren 20an sinatu zen, Orioko Ainibarko Portua-ko eremuan zuzkidura bizitoriak sustatzeko. Hitzarmen horren bosgarren klausulan, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartu zuen Orioko herritarrei lehentasuna emateko zuzkidura bizitoki hauek eskuratzerakoan.
Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak zuzenean sustatu ditu araubide autonomikoko 6 zuzkidura-bizitoki Orioko Anibarko Portua eremuan, eta bera da titularra. Sustapenaren espediente-zenbakia EB3-1317/19-AA-000 da.
Laugarrena.– Alokairuan esleituko diren 6 zuzkidura-bizitoki horietako bat, logela bakarrekoa dena eta 43,42 m2 bitarteko azalera duenak, mugikortasun urri iraunkorra duten elbarrientzat egokituta dago. Gainerako 5 zuzkidura-bizitokiak logela bakarrekoak dira baita ere, eta 29,86 m2 eta 36,76 m2 bitarteko azalera dute. Zuzkidura-bizitoki horiek guztiak seigarren ebazpen-zatian zehazten diren kupoetan banatuko dira.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari dagokio agindu hau ematea, araudi hauetan ezarritakoak ahalbideturik: Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretua –hirugarren xedapen gehigarria, zehazki– (aurrerantzean, 39/2008 Dekretua); eta Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Agindua –48. artikulua, zehazki– (aurrerantzean, 2012ko urriaren 15eko Agindua).
Bigarrena.– Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 23.4 artikuluak ezartzen du zuzkidura-bizitokiak titulartasun publikokoak izango direla eta erabiltzaileek aldi baterako okupatuko dituztela.
Hirugarrena.– Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 23.3 artikuluaren arabera, zuzkidura-bizitokiak etxebizitza bat legez okupatzeko zailtasunak dauzkatenentzat izango dira, hala nola gazteentzat, migratu duten pertsonentzat, etxebizitza partekatua erabiltzeko eskubidea galdu duten pertsona bananduentzat edo dibortziatuentzat, hirigintzako eragiketak direla-eta beste bizitoki baten zain daudenentzat eta antzeko beste pertsona batzuentzat. Erabili ahal izango dira, halaber, aldi baterako bizitokia eskaintzeko bai birgizarteratzen ari diren pertsonentzat, bai babes berezia behar dutenentzat, hala nola genero-indarkeria jasan duten emakumeentzat, adinekoentzat, etxegabeentzat, desgaitasun fisiko, psikiko edo intelektuala dutenentzat eta antzeko egoeretan dauden beste batzuentzat.
Laugarrena.– 39/2008 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak arautzen ditu, eta honako hau ezartzen du: bizitokiak eskuratuko dira hilez hile, gehienez urtebeterako, eta epe hori urtero luzatu ahal izango da, gehienez lau alditan. Bizitoki horien truke erabiltzaileek kanon bat ordaindu beharko dute hilero. Esleitzeko moduari dagokionez, babes publikoko etxebizitzen arloan ezarritakoa aplikatuko da, hau da, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren II. Tituluan araututako prozedura, kontuan izanda abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuak titulu hori aldatu zuela alokairuko etxebizitzen esleipen-prozedurari dagokionez.
Bosgarrena.– Abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuak, Kreditu-erakundeen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoak eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoak, bere azken xedapenetako zazpigarreneko 4. puntuan aldatzen du Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren II. Tituluko III. Kapitulua, zeinak arautzen baitu etxebizitzaren arloko sail eskudunak alokairu-araubideko babes ofizialeko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedura. Aipatutako dekretuak 2012ko urriaren 15eko Aginduari txertatutako 47 bis artikuluan esaten da sustapen guztietan –kolektibo jakin bati berariaz bideratutako araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak izan ezik– etxebizitza-kupo batzuk gordeko direla kolektibo hauen premiei erantzuteko: desgaitasuna duten pertsonak, 36 urtetik beherako pertsonak (adin horretatik beherako gutxienez titular bat duten bizikidetza-unitateak barne), etxebizitza bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa duten pertsonak, etxebizitza-premia berezia duten pertsonak, gainerako eskatzaileak, edo kupo orokorra.
Seigarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluak, egungo erredakzioan, esaten du etxebizitzen esleipena eta, horrela erabakitzen bada, zuzkidura-bizitokien esleipena 47 bis artikuluan aipatzen diren irizpideen arabera egingo direla, hots, kupoen arabera, etxebizitzen egokitasunaren arabera eta 51. artikuluan aipatzen den baremoa aplikatutakoan pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-hurrenkeraren arabera. 51. artikulu horrek baremoa arautzen du hau kontuan izanik: eskatzaileen diru-sarrerak, bizikidetza-unitateko kide-kopurua, etxebizitza-eskatzaileek erregistroan duten antzinatasuna eta etxebizitza-premia berezia.
Bizikidetza-unitateko kide-kopuruagatik ematen den puntuazioa izango da sustapeneko etxebizitzek edo zuzkidura-bizitokiek duten logela-kopuruaren arabera. Hala, logela bateko etxebizitza edo zuzkidura-bizitokietarako, puntu 1 emango zaie bi kidez osatutako bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei; 2 logelako etxebizitza edo zuzkidura-bizitokietarako, 3 puntu emango zaizkie hiru kidez osatutako bizikidetza-unitateei, puntu 1 bi kidez osatutako bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei.
Zazpigarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 27. artikuluak zehazten du etxebizitza edo zuzkidura-bizitoki bat noiz den egokia, bizikidetza-unitateko kide-kopuruaren eta esleitu beharreko etxebizitzak dituen logelen arabera.
Zortzigarrena.– Ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuaren 5. artikuluko 4, 5 eta 6. apartatuetan esaten da noiz gertatzen den gainokupazioa etxebizitza edo bizitoki batean (80/2022 Dekretua, ekainaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak arautzen dituena).
Bederatzigarrena.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2022ko ekainaren 30eko Aginduak zehazten ditu babes publikoko etxebizitzen gehieneko prezioak eta errentak eta zuzkidura-bizitokien kanona.
Hamargarrena.– 147/2023 Dekretuak, urriaren 10ekoa, Etxebizitza bat okupatzeko eskubide subjektiboari buruzkoak, martxoaren 4ko 39/2008 Dekretua aldatzen du: 19. artikuluari 3. apartatu bat eransten dio, eta horrela babestutako etxebizitza bat eskuratzeko urteko gehieneko diru-sarrera haztatuak aldatzen dira.
Horrenbestez, aipatutako legezko manuak, horiekin bat datozenak eta aplikagarri diren gainerakoak aztertu ondoren, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hasiera ematea prozedurari Orion, Anibarko Portuan Euskal Autonomia Erkidegoaren titulartasuneko 6 zuzkidura-bizitoki esleitzeko, erabilera-lagatzearen erregimenean. Espediente zk.: EB3-1317/19-AA-000.
Bigarrena.– Zuzkidura-bizitoki horien lagapena aldi baterako izango da. Hilez hile emango da, eta gehienez urtebeterako eskuratu ahal izango da, nahiz eta epe hori urtero luzatu ahal izango den, gehienez lau alditan.
Hirugarrena.– Hileko kanona Babes ofizialeko etxebizitzen gehieneko prezioak zehazteari buruzko 2022ko ekainaren 30eko Aginduaren arabera kalkulatuko da. Kanon hori ezin izango da esleipendunen diru-sarrera haztatuen % 30 baino gehiagokoa izan.
Laugarrena.– Alde batetik, Etxebizitza egokia arautzen duen 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 27. artikuluari jarraituz, eta, bestetik, gainokupazioa arautzen duen ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuaren 5. artikuluari jarraituz, sustapenean ezin izango dute parte hartu 2 kideko baino gehiagoko bizikidetza-unitateek.
Bosgarrena.– 6 zuzkidura-bizitoki horien esleipen-prozeduran parte hartu ahal izango dute agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan altan dauden pertsonek edo bizikidetza-unitateek, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Etxebizitza babestuen eta zuzkidura-bizitokien eskatzaileen erregistroan alta emanda egotea alokairuko eskatzaile gisa, Orioko udalerrian edo Urola Kostako Eremu Funtzionalean: Aia, Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia. Mugikortasun urria duten pertsonek zein genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek aukera izango dute parte hartzeko, edozein dela ere eskatzen duten udalerria.
b) Etxebizitza-eskaeraren titularretako batek, gutxienez, Orioko udalerrian erroldatuta izan beharko du agindu hau argitaratzen den datan. Dena dela, genero-indarkeria pairatu duten emakumeek eta mugikortasun urria egiaztatu duten pertsonek ez daukate baldintza hori bete beharrik.
c) Agindu hau argitaratzen den egunean 36 urte baino gutxiago izatea. Izen-emate bateratuen kasuan, nahikoa izango da inskripzioaren titularretako bat 36 urtetik beherakoa izatea.
d) 2022. urteko errenta aitorpenaren zergaldiko diru-sarrera haztatuak 3.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 42.315 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzea. Baldintza egiaztatzeko, izen-ematearen titular guztien diru-sarreren batura hartuko da kontuan. Mugikortasun urria duten pertsonek, desgaitasun psikikoa dutenek eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko. Etxebizitza-eskubide subjektiboa aitortuta duten pertsonek ere ez dute diru-sarrerarik egiaztatu behar izango.
e) Bizikidetza-unitatea osatzen duten pertsona guztiek ez izatea etxebizitzarik jabetzan, azalera eskubidean edo gozamenean, agindu hau argitaratzen den egunean. Dena dela, kontuan hartuko dira etxebizitzarik ez izateko baldintzaren salbuespenak, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 9 bis artikuluan ezarritakoak (urriaren 10eko 147/2023 Dekretuaren Azken Xedapenetako Bigarrenak erantsi zion artikulu hori aginduari).
f) Bizikidetza-unitateak ez izatea 2 kide baino gehiago.
Seigarrena.– Agindu honetako bosgarren ebazpen-zatian aipatutako eskabideen artean esleitu beharreko 6 zuzkidura-bizitoki horietatik, kupo hauek gordeko dira:
a) Zuzkidura-bizitoki bat, mugikortasun urri iraunkorra duten gazteentzat egokitutakoak.
Zuzkidura-bizitoki horiek esleitzeko, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko 52. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituko zaio, bat etorriz 888/2022 Errege Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoarekin (888/2022 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Desgaitasun-maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedura ezartzen duena):
Lehenik eta behin, egokitutako zuzkidura-bizitokiak esleituko zaizkie desgaitasun-maila onartu, aitortu eta sailkatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 2. eranskinean A letrarekin kalifikatuta dagoen desgaitasunen bat duten pertsonei; gero, 2. eranskin horretan B letrarekin kalifikatuta dagoen desgaitasunen bat duten pertsonei, eta, azkenik, 7 puntu edo gehiago eskuratzen dituztenei eranskin bereko D eta H bitarteko letretan ezarritakoak batuz.
b) Sustapen honetako 5 zuzkidura-bizitoki 36 urte baino gazteago diren eskatzaileen artean banatuko dira. Hau da, bizikidetza-unitateko titularrerako batek, behintzat, 36 urte baino gutxiago izan behar du.
Zuzkidura-bizitokirik esleitu gabe geratzen badira, bigarren esleipenen prozeduraren arabera esleituko dira.
Zazpigarrena.– Agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonek, sustapen honetako esleipen-prozeduran parte hartu nahi badute, eskabidea aurkeztu beharko dute abenduaren 4tik eta 22ra bitartean (biak barne), leku hauetan:
– Telematikoki: http://www.etxebide.euskadi.eus webgunearen bidez.
– Aurrez aurre: Zuzenean Zerbitzua (aurrez hitzordua hartuta), Andia kalea 13, 20004 Donostia, Gipuzkoa.
– Postaz: Dokumentazioa bidali Gipuzkoako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzara, Andia kalea 13, 6. solairua. 20004 Donostia, Gipuzkoa. Posta administratiboa erabiltzea gomendatzen da, posta bulegoko sarrera-data kontuan har dadin.
Zortzigarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluaren bertsio eguneratuan ezarri bezala, etxebizitzak esleitzeko orduan kontuan hartuko dira 47 bis artikuluan aipatutako kupoak, etxebizitzen egokitzapena eta prozeduran sartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordena, betiere 51. artikuluan xedatutako baremoa aplikatzetik datorrena.
Agindu honen argitaratze-data kontuan hartuta kalkulatuko da baremazioa. Berdinketarik badago, antzinatasun handiena duen eskaeraren alde egingo da eta, antzinatasuna ere berdina bada, etxebizitza-eskatzaileen erregistroan lehenengo sartu zena aukeratuko da.
Bederatzigarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 51. artikuluak dioenari jarraituz, onartutako eskaerek honako lerro hauetan jasotako barematze-irizpideen araberako puntuazioa jasoko dute:
a) Diru-sarrerak: 10 puntu emango zaizkie 0 eta 9.765 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei; 9 puntu, 9.766 eta 16.275 euro bitartekoak dituztenei; 8 puntu, 16.276 eta 27.125 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei, eta 5 puntu 27.126 eta 42.315 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenei.
b) Bizikidetza-unitateko kide-kopurua: bizikidetza-unitateko kide-kopurua puntuatuko da sustapeneko zuzkidura-bizitokien logela-kopurua kontuan hartuta.
Logela bakarreko zuzkidura-bizitokiak: puntu 1 emango zaie 2 kide dituzten bizikidetza-unitateei, eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Bi logelako zuzkidura-bizitokiak: 3 puntu emango zaizkie hiru kide dituzten bizikidetza-unitateei, puntu 1 bi kide dituzten bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei.
c) Antzinatasuna etxebizitza-eskatzaileen erregistroko inskripzioan, alokairuko eskatzaile gisa: puntu 1 emango da antzinatasunik handiena duen bizikidetza-unitateko kidearen inskripzio-urte bakoitzeko; 7 puntu emango dira gehienez ere.
d) Etxebizitza-premia berezia: 4 puntu emango zaizkie etxebizitza-premia bereziko kolektiboren bateko titularren bat duten espedienteei. Desgaitasun intelektual edo garapen-desgaitasunen bat duten pertsonak eta gaixotasun mentalen bat duten pertsonak badira, 4 puntu emango zaizkie hori egiazta dezaketen bizikidetza-unitateko kideren bat duten espedienteei. Kolektibo bateko baino gehiagoko kide direnei, 4 puntu emango zaizkie horietako bakoitzeko; 8 puntu emango dira gehienez ere.
Hamargarrena.– Sustapen honetako logela bakarreko zuzkidura-bizitokiak gehienez bi kide dituzten bizikidetza-unitateei esleituko zaizkie, eta bi logelako zuzkidura-bizitokiak gehienez lau kide dituzten bizikidetza-unitateei, betiere Etxebizitza egokia arautzen duen 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 27. artikuluari jarraituz.
Hamaikagarrena.– Esleipenaren ondoren, zenbat kupo egon, hainbat itxarote-zerrenda egingo da zuzkidura-bizitokirik eskuratu ez dutenentzat. Itxarote-zerrenda agortzen bada, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 59. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz esleituko dira etxebizitzak.
Hamabigarrena.– Esleipendunen zerrendak, egokitutako zuzkidura-bizitokiak barne, eta itxarote-zerrendak toki honetan argitaratuko dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula).
Hamahirugarrena.– Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan. Errekurtso biak aurkezteko epea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agindu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 15a.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.