224. zk., 2023ko azaroaren 23a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (144 KB - 3 orri.)
- EPUB (118 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
5263
EBAZPENA, 2023ko azaroaren 3koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita «Amorebieta-Bermeo lineako Gernikako geltokiaren atari berria eraikitzeko proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.
2023ko urriaren 16ko ebazpenaren bidez, «Amorebieta-Bermeo lineako Gernikako geltokiaren atari berria eraikitzeko proiektua» onetsi zen.
Eraikuntza Proiektu honen helburua da Gernikan geltoki berri bat zehaztea, bidaiarien irisgarritasuna, segurtasuna eta erosotasuna hobetzeko, honako jarduera hauen bidez:
– Bidaiariak zerbitzatzeko geltokiko atari berria diseinatzea Bermeorako nasan, Gernikako herrigunearen aldean, geltokiko eraikin historikoaren hegoaldean eta autobus-geltokitik gertu.
– Nasen arteko trenbide-pasagunea kentzea, trenbidearen gaineko pasabide bat, igogailu egokituak eta eskailera finkoak diseinatuz eta proiektatuz.
– Eraikin historikoaren inguruan eta hegoaldean dagoen egungo kitapen-linearen babes-markesina desmuntatzea.
– Gernikako egungo geltokiaren eraikin historikoa egokitzea.
– Geltokiko instalazioak konfigurazio berrira eguneratzea, harguneak, linea eta koadro berriak, estazioko eta nasetako argiztapena eta zerbitzuan jartzeko behar diren gainerako elementuak barne.
– Eraikin historikoaren eta eraikin osagarriaren artean dauden komun publikoak eraistea.
Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazioa biltzen du. Horretarako, desjabetzeen eranskinean ageri dira lurzatien zerrenda eta planoak.
Organo honek eskumena du garraio-azpiegituraren arloko jarduerak betearazteko beharrezkoak diren desjabetze espedienteak izapidetzeko, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.
Abenduaren 19ko 26/2022 Legeak aldatutako Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, beste lursail batzuk erabili beharra dakarten trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo tren azpiegituraren beste elementu batzuk eraikitzeko proiektuak edo lehendik zeuden azpiegiturak aldatzeko proiektuak onartzen direnean, onespenak berekin ekarriko du onura publikoaren edo gizarte-interesaren deklarazioa, lursail horiek okupatu beharra izatea eta okupazio hori premiazkotzat deklaratzea, ukitutako eta identifikatutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.
Nolanahi ere, proiektua onartzeak inplizituki berarekin dakarren arren proiektuak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17.2, 18. eta 19.2 artikuluek ondasun eta eskubide horien xehetasunak jasoko dituen zerrenda egin eta jendaurrean jarri behar dela ezartzen dute, nahi duenak alegazioak eta datuak aurkeztu ahal izan ditzan, okerrak zuzentzeko eta interesdunak zeintzuk diren ondo zehazteko.
Hortaz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Jendaurrean jartzea «Amorebieta-Bermeo lineako Gernikako geltokiaren atari berria eraikitzeko proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo hamabost (15) egun balioduneko epean alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen, okerrik baldin badago zuzentzeko, hala ezartzen baitute Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 19.2 artikuluak eta horrekin bat datozenek. Alegazioak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira (Donostia-San Sebastián kalea 1 – Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Aipatutako epean, ondasun eta eskubideen zerrenda Gernika-Lumoko udaletxeko iragarki-taulan ere erakutsiko da jendaurrean.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 3a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.