Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

224. zk., 2023ko azaroaren 23a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5261

EBAZPENA, 2023ko azaroaren 13koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Vitoria-Gasteizko (Araba) Daewoo eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2023ko uztailaren 26an, Vitoria-Gasteizko Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, hasiera emateko Vitoria-Gasteizko Daewooren eremuan Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia jasotzen zuena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legeko 75. artikulua aplikatuta, 2023ko irailaren 30ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Aldi berean, Vitoria-Gasteizko Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, haren gainean interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Vitoria-Gasteizko Daewoo eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-agiri estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txostenean, planak ingurumenean eragin nabarmenik izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Vitoria-Gasteizko Daewoo eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, baldintza hauen arabera:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren xede bakarra da Daewoo eremuan, eraikingintzarako gehieneko garaiera 15 metrotan jartzea, eraikin berrietarako, baldin eta eraikitako espazio zatitzen bada, eta 15 metroko garaiera hori gainditzeko aukera ematea, baina atzerakatzeei dagokienez, baldintzarik zorrotzenak beteta.

Gainerako hirigintza-parametroak eta -baldintzatzaileak ez dira aldatuko, indarrean dagoen ordenantzak arautzen baititu, Jundizko Plan Partzialeko Industria Eraikuntza Isolatuaren Ordenantzak, alegia.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planean ez dago baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak beste plan edo programa batzuetan nolako eragina duen, hierarkizatuta daudenak barne: plana garatzeko proposatu diren jarduketak eta aurkeztu den dokumentazioa aztertuta, ez da hauteman ingurumen-eragin nabarmenik, ez eta beste plan edo programa batzuekiko bateraezintasunik ere.

c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren irizpideak barnean hartzeko: plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-irizpideak barnean hartzeko. Planaren eremua hiri-lurzoru finkatua da, eta, beraz, Planak ez dakar berekin lurzoru natural berriak erabiltzea; gainera, aurreikusitako garapenean energia-aurrezpena eta efizientzia indartzeko neurriak sar daitezke.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo nabarmenak: aurreko puntuetan adierazitakoari jarraituz eta aintzat hartuta bai eremuaren ingurumen-ezaugarriak bai Planaren irismena, ez da hauteman Plana gauzatuz gero ingurumen-arazo nabarmenik egongo litzatekeenik, betiere, besteak beste, lurzoru kutsatuei, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari, segurtasunari eta osasunari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira eremuarekin lotutako jarduketak.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeak ezartzeko.

2.– Eraginen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planaren eremua Vitoria-Gasteizko 54. poligonoko 149. katastro-lurzatian dago, Jundizko industrialdeko Zurrupitieta kaleko 27. zenbakian. Guztira, 101.822 m2ko azalera du, eta Daewooren garai bateko instalazioak daude bertan; zehazki, 7 eraikin bereizi daude, eta zerbitzu guztiak lurzatiraino bertaraino eramanda daude.

Laburbilduz, hiri-lurzoru guztiz antropizatuko eremua da, industria-eremu finkatu batean.

Azterketa-eremua Ariñez errekaren eskuineko ertzetik 20 metro ingurura dago (4 km2), erreka horren zaintza-eremuan.

Horretaz aparte, jarduketa-eremuan ez dago ingurumen-elementu azpimarragarririk.

Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, aurkeztutako azterketa akustikoak ondorioztatzen du kalitate akustikoaren aldetik aplikatu beharreko helburu guztiak betetzen direla. Hortaz, ez dago neurri zuzentzaile gehigarririk jarri beharrik.

Ingurumen-arriskuei dagokionez, eremuaren tarte batzuetan akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna ertaina da eta beste batzuetan, berriz, handia.

Jatorri antropikoko ingurumen-arriskuei dagokienez, lurzati osoa lurzorua kutsa dezakeen jarduketaren bat izan duten edo duten kokaguneen inbentarioan sartuta dago (01059-01452 kodea, industria motakoa). Eskura dagoen informazioaren arabera, lurzatiak lurzoruaren kalitatearen deklarazioa du.

Salgai arriskutsuen garraioak dakarren arriskuari dagokionez, lurzatiaren mendebaldeko aldea A-1 errepidearen 600 metroko afekzio-zerrendaren barruan dago, eta hor arrisku-maila oso altua da. Hegoalderantz, arriskua ertaina izatera pasatzen da.

Oro har, a priori, planaren ondoriozko jarduketek, ez obra-fasean ez ustiapen-fasean, eta indarrean dagoen plangintzari dagokionez, ez lukete eragin nabarmenik sortuko ingurumen-aldagaietan eta arriskuetan.

3.– Ebazpen honetan, neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, planak ingurumenean eragin kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Vitoria-Gasteizko Daewoo eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

Aplikatzeko neurrien artean, plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, hala obra-faseari nola jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak.

Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.

Planak hartzen duen eremuak lurzorua kutsa dezaketen jarduera bat jasan duenez, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako kasuren bat gertatzen bada, lurzoruaren kalitatearen deklarazioa izapidetu beharko da.

Ingurune hidrikoa babesteko neurriak:

Ibilguen zaintza-eremuan eta jabari publiko hidraulikoan edozein obra edo lan egin aurretik, arroaz arduratzen den organismoaren administrazio-baimena beharko da.

Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak:

Obra-faseko zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

Obrek 6 hilabete baino gehiago iraungo dutela aurreikusten bada, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da, egoki diren neurri zuzentzaileak zehazteko, hala ezarrita baitago urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluan. Inpaktu akustikoaren azterketan aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

Aurreko neurriak gorabehera, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira honako gai hauen jardunbide egokien eskuliburuarekin: obrak, lurren eta soberakinen kudeaketa, hondakinen sorkuntza eta kudeaketa, induskatutako lurzoruen kontrola, intereseko balio naturalen babesa, eta uren, airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira planaren ondoriozko obrak egikaritzeko:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu jasota, gutxienez: lanaldiak, makineria, urik ez isurtzea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

– Planak proposatzen duen antolamenduaren ondoriozko obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak –barne hartuta makinak gordetzeko gunea, obra-txabolak eta obrako materialak, landare-lurra eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak barne– ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Olio erabiliak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isuriek eragindako eraginak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

– Kultura Ondarea babestea: Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Vitoria-Gasteizko Daewoo eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziak eragin kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Vitoria-Gasteizko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Vitoria-Gasteizko Daewoo eremuko Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 13a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala