Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

224. zk., 2023ko azaroaren 23a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5259

EBAZPENA, 2023ko urriaren 16koa, Industria Administrazioaren Bizkaiko lurralde-ordezkariarena, Muskiz, Zierbena eta Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako udal-mugarteetan (Bizkaia) «Petronorreko findegiaren eta Bilboko portuaren artean igarotzen den poliduktua handitzeko proiektua» baimentzen duena, dagokion proiektua onartzen duena eta onura publikokoa deklaratzen duena.

Espediente-zenbakia: 48-CG-Y-2022-00008.

AURREKARIAK

Bat.– 2022ko abenduaren 28an, Petróleos del Norte SAk administrazio-baimena, proiektuaren onarpena eta onura publikoaren deklarazioa eskatu zituen «Petronorreko findegiaren eta Bilboko portuaren artean igarotzen den poliduktua handitzeko proiekturako», Muskiz, Zierbena eta Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako udal-mugarteetan (Bizkaia).

Bi.– Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legean aurreikusitako ondorioetarako, espedientea jendaurrean jarri zen, eta iragarkia honako hauetan argitaratu zen: Muskiz, Zierbena eta Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako udaletako iragarki-oholetan, 2023ko maiatzaren 31ko BAOn, 2023ko maiatzaren 29ko EHAAn, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean eta 2023ko ekainaren 6ko «El Correo» egunkarian.

Hiru.– Jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, 2023ko maiatzaren 26an, proiektuaren separatak bidali zitzaizkien Muskizko, Zierbenako eta Abanto y Ciérvena-Abanto Zierbenako udalei, eta, bertan, baldintza teknikoak aurkeztu zituen Zierbenako Udalak, epe barruan (2023-06-13). Gainera, egun berean, separatak bidali zitzaizkien URAri (Uraren Euskal Agentzia), Enagás SAri, Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioari, Red Eléctrica de España SAUri, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, Bilboko Portuko Agintaritzari, BFAko Jasangarritasun eta Ingurune Naturalaren Sailari, BFAko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailari, Telefónica de España SAUri, Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioari, Exolum Corporation SAri, Nortegas Energia Distribución SAUri eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari. Telefónicak 2023-06-01ean, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak 2023-06-28an eta Red Eléctrica de España SAUk 2023-06-30ean baldintza teknikoak aurkeztu zituzten epe barruan. Zierbenako Udala, Telefónica, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa eta Red Eléctrica de España ez daude proiektuaren aurka, eta, beraz, sustatzailea ados dago eta alegatutakoa jasotzen du.

Lau.– 2023ko otsailaren 1ean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Industria Administrazioaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak aipatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskaera bidali zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari.

2023ko maiatzaren 25ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Jasotako txostenak aztertu ondoren, ingurumen-inpaktuaren txostena egin da, honako hau adieraziz:

Ingurumen-inpaktu nagusia obra-fasean gertatzen da, hodiak egongo diren zangak egitean. Obra horiek egiteko, poliduktuaren egungo zortasun-zerrenda aldi baterako okupatu behar da.

Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarririk izan ez dezan eta findegiaren eta Bilboko portuaren arteko poliduktua handitzeko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik ez izateko, neurri babesle eta zuzentzaileak gehitu dizkio sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioari. Horien artean daude natura-ondarea babestea, urak eta lurzoruak babestea, paisaia babestea eta kaltetutako eremuak lehengoratzea, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruetan neurriak hartzea, zaratak murrizteko neurriak hartzea, hondakinak kudeatzeko neurriak hartzea, kutsadura atmosferikoa eta hauts-emisioak murrizteko neurriak hartzea, kultura-ondarea babestea, jardunbide egokien sistema bat hartzea, obrak garbitzea eta amaitzea, eta ingurumen-aholkularitza ematea.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira. Neurri horien dimentsionamenduak eta kontrolerako esleitutako langileek ingurumen-dokumentuan ezarritako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren ebazpenean ezarritakoak bermatu beharko dituzte.

Neurri guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan jaso behar dira, eta baldintza horiek beteko direla bermatuko duen aurrekontua izan behar dute.

Hori guztia jasota geratzen da Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2023ko abuztuaren 8ko Ebazpenean, zeinaren bidez formulatzen baita findegiaren eta Bilboko portuaren arteko poliduktua handitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako, Muskizko eta Zierbenako udal-mugarteetan (Bizkaia). Ebazpen hori 2023ko irailaren 13ko EHAAn argitaratu zen (175. zenbakian).

OINARRI JURIDIKOAK

Bat.– Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeak eta haren aldaketek ezartzen dute petrolio-produktuak garraiatu edo biltegiratzeko instalazioak eraiki eta ustiatzeko aldez aurreko administrazio-baimena behar dela.

Bi.– Urriaren 7ko 34/1998 Legearen 103. artikuluak onura publikokotzat deklaratzen ditu, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, fintzeko instalazioak, bai eraikuntza berrikoak, bai lehendik daudenak handitzekoak, oliobide bidezko garraio-instalazioak eta petrolio-produktuak biltegiratzeko instalazioak, bai eta hidrokarburo likidoak garraiatzeko beste bitarteko finko batzuen eraikuntza eta horiek biltegiratzeko instalazioak ere.

Hiru.– Bizkaiko Industria Administrazioko lurralde-ordezkaria da espediente hau ebazteko organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 23. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DU:

Petróleos del Norte SAri baimena ematea Muskiz, Zierbena eta Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako udal-mugarteetan (Bizkaia) Petronorreko Findegiaren eta Bilboko Portuaren artean igarotzen den poliduktua handitzeko proiektuko findegiko beste produktu batzuk garraiatzeko instalazioa jartzeko, eta dagokion proiektua onartzea.

Baimentzen den instalazioa onura publikokoa dela deklaratzea, eta deklarazio horrek, urriaren 7ko 34/1998 Legearen 105. artikuluan xedatutakoaren indarrez, honako hauek dakartza: ondasunak okupatu eta eraginpeko eskubideak hartu behar direla eta okupazioa, gainera, presaz egin behar dela. Deklarazioak, halaber, urgentziaz okupatzeko deklarazioari dagokionez honako ondorio hauek dakartza: 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikulua.

Ebazpen hau urriaren 7ko 34/1998 Legean xedatutakoaren arabera eta honako baldintza orokor hauekin bat etorriz ematen da:

1.– Muskizko, Zierbenako eta Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako udalerrietan (Bizkaia), «Petronorreko findegiaren eta Bilboko Portuaren arteko poliduktua handitzeko proiektua» izeneko proiektuaren arabera egin beharko dira obrak. Iñaki Blázquez Aguirre industria-ingeniaria da proiektu horren egilea. Bete beharko da, baita ere, 2023ko urriaren 11n aurkeztutako dokumentazioaren eranskina, non jasotzen baitira Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2023ko abuztuaren 8ko Ebazpenean adierazitako neurri babesle eta zuzentzaileak.

2.– Instalazioek Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legean eta haren aldaketetan ezarritakoa bete beharko dute, bai eta dagozkion xedapen eta arau teknikoak ere.

3.– Onartutako proiektuan jasotako oinarrizko datuei eragiten dieten aldaketak sartzeko, beharrezkoa izango da dagokion baimena lortzea.

4.– Baimendutako instalazioa gauzatzeko epea 3 urtekoa izango da, baimena ematen den egunetik aurrera.

5.– Instalazioetan egin beharreko azterketa, entsegu eta proba partzialak edo orokorrak, indarrean dauden xedapenen arabera, Industria Administrazioko Bizkaiko lurralde-ordezkariari jakinarazi beharko zaizkio, behar besteko aurrerapenarekin.

6.– Instalazio-obrak amaitu ondoren, honako hauek aurkeztu beharko zaizkio Industria Administrazioko Bizkaiko lurralde-ordezkariari: obra-zuzendaritzaren ziurtagiriak, proben aktak erregistro grafikoekin, eta as-built planoak.

7.– Instalazioen titularrak obren amaieraren berri emango dio Industria Administrazioaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari, zerbitzuan jartzeko, aplikatu beharreko erregelamendu teknikoetan adierazten den dokumentazioarekin batera.

8.– Obrak egiteko beharrezko diren udal edo probintzien eskumenpeko baimen edo lizentziak eta gainerakoenak errespetaturik ematen da baimen hau, eta ez du salbuesten eskatzailea haiek eskuratzeko obligaziotik.

9.– Ebazpen honekin batera doa Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren ebazpena, findegiaren eta Bilboko portuaren arteko poliduktua handitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiten duena.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Saileko Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan.

Bilbao, 2023ko urriaren 16a.

Industria Administrazioaren Bizkaiko lurralde-ordezkaria,

ADOLFO GONZÁLEZ BERRUETE.


Azterketa dokumentala