Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

223. zk., 2023ko azaroaren 22a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5241

EBAZPENA, 2023ko azaroaren 7koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez aldatu egiten baita Energyworks Vit-Vall SLri emandako ingurumen-baimen integratua, kogenerazio-jarduerarako, Vitoria-Gasteizko udal-mugartean (Araba).

Orduko Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko martxoaren 31ko Ebazpenaren bidez, ingurumen-baimen integratua eman zitzaion Energyworks Vit-Vall SLri kogenerazio-jarduerarako, Vitoria-Gasteizko udal-mugartean (Araba).

2008ko uztailaren 29an, Energyworks Vit-Vall SLk 2008ko martxoaren 31ko Ebazpenaren aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoa ebazten duen agindua eman zuen ingurumen-organoak.

Ingurumeneko sailburuordearen 2010eko abuztuaren 16ko Ebazpenaren bidez, Energyworks Vit-Vall SLri Vitoria-Gasteizko udal-mugartean (Araba) kogenerazio-jarduerarako eman zitzaion ingurumen-baimen integratua aldatu eta eraginkor bihurtu zen, eta, horrenbestez, 16-I-01-0000000000102 baimen-zenbakia esleitu zitzaion.

Ebazpena, 2010eko abenduaren 13koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez aldatu egiten baita Energyworks Vit-Vall SLri emandako ingurumen-baimen integratua, kogenerazio-jarduerarako, Vitoria-Gasteizko udal-mugartean (Araba).

Ebazpena, 2011ko abenduaren 15ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez aldatu egiten baita Energyworks Vit-Vall SLri emandako ingurumen-baimen integratua, kogenerazio-jarduerarako, Vitoria-Gasteizko udal-mugartean (Araba).

Ebazpena, 2013ko abuztuaren 14koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez aldatu egiten baita Energyworks Vit-Vall SLri emandako ingurumen-baimen integratua, kogenerazio-jarduerarako, Vitoria-Gasteizko udal-mugartean (Araba).

Ebazpena, 2015eko abenduaren 30ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez aldatu egiten baita Energyworks Vit-Vall SLri emandako ingurumen-baimen integratua, kogenerazio-jarduerarako, Vitoria-Gasteizko udal-mugartean (Araba).

2016ko martxoaren 16an eta 2017ko martxoaren 15ean, Energyworks Vit-Vall SLk dokumentazio gehigarria bidali zuen, instalazioan sortzen diren hondakin arriskutsuen zerrenda eguneratuz, eta jakinarazi zuen 2017ko lehenengo seihilekoan gas-turbina ordezkatuko dela, eta NOx emisioak % 90 baino gehiago murriztuko direla egungo ereduarekiko, potentzia-ezaugarri berekin, elektrizitatea eta termikoa sortzeko ahalmena handitu gabe.

2016ko ekainaren 8an, Ingurumen Sailburuordetzako zerbitzu teknikoek ikuskatze-bisita egin zuten Energyworks Vit-Vall SLk Vitoria-Gasteizen dituen instalazioetan, indarreko legedia eta, zehazki, 2015eko abenduaren 30eko Ebazpenaren bidez emandako ingurumen-baimen integratuaren baldintzak betetzen dituzten egiaztatzeko. Halaber, AAI00102/2S zenbakidun akta ere egin zuten, bisitaren nondik norakoak jasota.

2016ko ekainaren 29an, Energyworks Vit-Vall Slk jakinarazi zuen CO emisioen etengabeko neurketa-sistema instalatuta dagoela eta datuak jakinarazten dituela.

2016ko abenduaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

2017ko maiatzaren 19an, orduko Ingurumeneko sailburuordeak ebazpena eman zuen kogenerazio-jarduerarako ingurumen-baimen integratua aldatzeko, Energyworks Vit-Vall SLk sustatua, Vitoria-Gasteizko udal-mugartean (Araba).

2017ko abuztuaren 17an, Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Batzordearen 2017ko uztailaren 31ko 2017/1442 (EB) Betearazpen Erabakia, zeinaren bidez ezartzen baitira teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera (errekuntza-instalazio handiei buruzkoa).

2021eko maiatzaren 6an, Energyworks Vit-Vall SLk ingurumen-baimen integratuaren baldintzak berrikusten eta egokitzen hasteari buruzko informazio-eskaera bidali zion Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera errekuntza-instalazio handietarako eskura dauden teknika onenei buruzko ondorioetara egokitzeko. Ondorio horiek 2017ko abuztuaren 17an argitaratu ziren, kontuan hartuta 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak 26.2 artikuluan lau urteko epea ezartzen duela instalazioa baimentzeko baldintzak berrikusteko eta egokitzeko.

2021eko maiatzaren 27an, Energyworks Vit-Vall SLri idazkia bidali zitzaion, adieraziz Michelin España Portugal SAren instalazioei egingo zaion berrikuspenarekin batera egingo dela ingurumen-baimen integratuaren baldintzen berrikuspena, ondorioetara egokitzeko.

2021eko uztailaren 13an, Energyworks vit-Vall SLk idazki bat bidali zuen, adieraziz 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren I. eranskineko 1.1 epigrafean jasota dagoela Energyworks Vit-Vall SLren jarduera, eta Michelin España Portugal SAren jarduera, berriz, aipatutako Legegintzako Errege Dekretuaren 10.1 epigrafean, eta bi instalazioen jarduera desberdina izanik, aplika daitezkeen teknologia onenei buruzko ondorioen erreferentzia-dokumentuak desberdinak direla, eta, beraz, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 26.2 artikuluan ezarritakoa betetzeko eskatzen da, Energyworks Vit-Vall SLren kogenerazio-jardueran oinarrituta.

2021eko azaroaren 21ean, Energyworks Vit-Vall Slri idazki bat bidali zitzaion, adieraziz araudian xedatutakoaren arabera egingo dela ingurumen-baimen integratuaren baldintzen berrikuspena, ondorioei egokitzeko, Michelin España Portugal SAren jarduera berrikusi beharra gertatzen denean.

2023ko urriaren 10ean, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak erreferentziako espedientea eta ebazpen-proposamena Energyworks Vit-Vall SLren esku jarri zituen, entzunaldi-izapiderako; espedientean jasotzen da emaitza.

Aipatutako testu bateginaren 26. artikuluan daude ezarrita baimena berrikusteko baldintzak. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion TEOen inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak ziurtatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusi direla eta, beharrezkoa izanez gero, egokitu direla, eta instalazioak aipatutako TEO erreferentzia-agirien ondorio aplikagarriak betetzen dituela.

Gaur egun ez da artikulu hori berrikustea aurreikusten Michelin España Portugal SAk garatutako instalazioaren jarduera nagusirako.

Hala ere, 26. artikuluko 4.b) azpiapartatuaren arabera, ingurumen-baimen integratua ofizioz berrikusiko da posible denean teknika erabilgarri onenetan egindako aldaketa handien ondorioz kostu handiegiak ezarri gabe nabarmen murriztea emisioak.

BREF txostenean errekuntza-instalazio handietarako identifikatutako teknika erabilgarri onenek eta lor daitezkeen mugako isurtze-balioek agerian uzten dute isurpenak nabarmen murrizteko aukera, gehiegizko kosturik ezarri gabe. Hala, emandako baimena berrikusi behar da.

2090/2008 Errege Dekretuan jasotako eskakizunak ingurumen-baimen integratuan jasotzeari egoki iritzi zaionez, ingurumeneko finantza-bermea eratzeari buruzko puntu bat gehitu behar da.

4/2015 Legean ezartzen diren eskakizunak ingurumen-baimen integratuan jasotzeari egoki iritzi zaionez, betiere 209/2019 Dekretuak eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduak araututako moduan, lurzorua babesteko baldintzak aldatu behar dira.

Bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikulu horretan eta 2004ko urriaren 29ko Ebazpenaren bosgarren apartatuan xedatutakoarekin, egokia da ingurumen-baimena egokitzea, airearen kalitatea babesteari eta lurzorua babesteari buruzko apartatuen idazketa eguneratzeko eta ontziak merkaturatzeari buruzko apartatu berri bat sartzeko.

Era berean, ingurumen-baimen integratua eman zenetik ingurumenari buruzko araudi berria promulgatu da, eta, beraz, egokia da indarrean dagoen araudi berrira egokitzea, ofizioz, aipatutako ebazpenaren bosgarren apartatuan ezarritakoari jarraikiz eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Urtarrilaren 21eko 4/2020 Dekretuak indargabetu egin zuenez irailaren 25eko 183/2012 Dekretua (ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena), ingurumen-baimen integratuko zenbait apartatu aldatu behar dira.

Bat etorriz Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 15.9 artikuluarekin, berrikuspen-ebazpena testu bakar gisa txertatuko da ingurumen-baimen bateratuan.

Ingurumen-organo honek du ebazpen hau emateko eskumena, bat etorriz Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan aurreikusitakoarekin.

Honako xedapen hauek ikusi dira: Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.D eranskina; 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta oro har aplikatzekoak diren gainerako arauak.

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Energyworks Vit-Vall SLri (egoitza soziala: Kantabrikoko Hiribidea 3, Vitoria-Gasteizko udal-mugartea, Araba; IFK: B-01388826) emandako ingurumen-baimen integratua aldatzea eta berrikustea, Vitoria-Gasteizko udal-mugartean duen kogenerazio-plantarako emandakoa. Halaber, ebazten dut baimenaren baldintzak egokitu egin behar direla Batzordearen 2017ko uztailaren 31ko Betearazpen Erabakira, zeinak ezartzen baititu errekuntza-instalazio handietarako teknologia eskuragarri onenei (TEO) buruzko ondorioak (2017/5225/EB Erabakia). Testua honela geratuko litzateke idatzita:

«Jarduera barne hartuta dago abenduaren 1eko 16/2002 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen 1. eranskineko 1.1.b kategorian "Kogenerazio-, galdara-, lurruna sortzeko labe-instalazioak, edo industria batean dagoen errekuntza-instalazioko beste edozein ekipamendu, jarduera nagusia hori izan zein ez".

Vitoria-Gasteizko kogenerazio-instalazioa gas naturalaren bidez energia elektrikoa sortzeko ziklo konbinatuko teknologian oinarrituta dago. Gainera, Michelín pneumatiko-instalazioan erabiltzen diren ur-lurruna eta ur hotza sortzen ditu.

Kogenerazio-instalazioaren funtzionamendua gas-turbina batean oinarritzen da, eta, ondoren, hondar-beroa lurrun-ziklo batean aprobetxatzen da. Funtsean elementu hauek ditu:

1.– Gas naturalaren errekuntzaren bidez jarduten duen gas-turbina (GT).

2.– Gas-turbinako ihes-gasen beroarekin lurruna sortzen duen berreskuratze-galdara (BG).

3.– Lurruna erabiliz jarduten duen lurrun-turbina (LT).

4.– Turbinen lana elektrizitate bihurtzen da alternadorean.

5.– Turbinatik irteten den lurruna ur bihurtzen da kondentsadorean eta galdarara bidaltzen da berriz.

6.– Prozesu honek behar duen hoztea hozteko dorre baten bidez egiten da.

Horrela, gas-turbinak berokuntzaz jarduten du, horri lotutako konpresore batek aire konprimatua erreta. Turbinako errekuntzako gasak hedatzean, lan bat sortzen da, alternadoreak energia elektriko bihurtzen duena.

Turbinako ihes-gasek tenperatura altua dutenez, horien beroa berreskuratze-galdara batean aprobetxatzen da lurruna sortzeko. Galdara horrek errekuntza ondorengo erregailu bat du gainera, gas-turbinako ihes-gasak erregarri gisa eta gas naturala erregai gisa erabiltzen dituena, gas horien energia-edukia handitzeko.

Berreskuratze-galdaran sortutako lurruna lurrun-turbina batean hedatzen da eta energia elektriko bihurtzen den lan bat sortzen du.

Lurrun-turbinako deskarga-lurruna kondentsadorean kondentsatzen da, eta ur kondentsatua berreskuratze-galdarara ponpatzen da berriz.

Kondentsadorea hoztea zirkuitu itxian gauzatzen da hozteko dorre baten bidez.

Instalazioaren potentzia gordina 47 MWe-koa da, eta lurrun-ekoizpena presio ezberdinetan eta ur hotzarena hauxe da:

– 18 bareko lurruna: 48.000 kg/h.

– 3 bareko lurruna: 15.000 kg/h.

– 6.ºC-ko ur hotza: 600 m3/h.

Hauek dira ekoizte-prozesurako erabilitako energia-baliabideak: energia elektrikoa instalazioa hornitzeko, eta gas naturala gas-turbinen eta berreskuratze-galdararen errekuntzarako.

Instalazioak hornidura-sareko ura kontsumitzen du hozte-zirkuiturako, ekoizte-prozesurako (ur desmineralizatua ur-/lurrun-zirkuituan, purga birjartzeko ura eta ekipoak garbitzeko ura), suteen aurkako sistemarako eta giza kontsumorako.

Instalazioan sortutako efluenteak honela sailkatzen dira: industria-urak, galdara-purgek, hozteko dorreko purgak eta neutralizazio-putzuko urak osatuak; ur sanitarioak eta euri-urak.

Urak tratatzeko instalazioko ioi-trukagailuen birsorkuntzako efluenteak tratatzeko, neutralizazio-putzu bat dago; ur sanitarioak tratatzeko, berriz, araztegi anaerobiko bat. Bi korronteak, ur sanitarioekin eta euri-urekin batera, puntu berean isurtzen dira Michelín pneumatiko-fabrikako kolektorera, eta ondoren saneamendu-sarera isurtzen dira.

Instalazioak isuri atmosferikoen foku bakarra du, tximinia nagusiarena, eta foku horren isurietarako ez du arazketa-sistemarik.

Instalazioan sortutako hondakin nagusiak laborategiko entseguetako hondakin arriskutsuak dira, eta mantentze-lanetakoak, hala nola olio-aldaketak, olio-jarioak biltzea, iragazkiak aldatzea edo ekipoak garbitzea; eta mantentze-lanetan eta zerbitzu orokorretan sortutako hondakin ez-arriskutsuak ere bai.

Errekuntza-instalazio handien inguruko BREF txostenean («Reference Document on Best Available Techniques for Large Combustion Plants», 2006ko uztailekoa) teknika erabilgarri onentzat jotzen da gas naturalaren bidez energia elektrikoa sortzeko ziklo konbinatuko teknologia ezartzea; Energyworks Vit-Vall SLren ekoizte-prozesuak teknika erabilgarri onenak ditu, eta hortaz, betetzen dira kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko araudian ingurumena oro har babesteko adierazitako helburuak.

Energyworks Vit-Vall SLren jardueran, teknika erabilgarri onenetako (TEO) batzuk aplikatzen dira eta arau honetan daude jasota: Batzordearen 2017ko uztailaren 31ko 2017/1442 (EB) Betearazpen Erabakia, teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri zituena errekuntza-instalazio handietarako Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera, bat etorriz taula honekin:

(Ikus .PDF)

Hirugarrena.– Energyworks Vit-Vall SLk Vitoria-Gasteizko udal-mugartean (Araba) sustatutako kogenerazio-instalazioa ustiatzeko honako baldintza eta eskakizun hauek jartzea:

A) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den goi-mailako tituludunaren gainean Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Energyworks Vit-Vall SLk aldaketa horien berri emango du.

B) Neurri babesle eta zuzentzaileak sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala ezarriko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta apartatu hauetan ezarritakoari jarraituz:

B.1.– Ingurumen Kudeaketarako Sistema (IKS).

Instalazioaren ingurumen-portaera orokorra hobetzeko, Energyworks Vit-Vall SLk ingurumen-kudeaketarako sistema bat (IKS) izango du, Batzordearen 2017/1442 (EB) Betearazpen Erabakiaren TEO1 puntuan zehaztutako ezaugarri guztiak biltzen dituena.

B.2.– Energia-efizientzia.

Gutxienez behin, eta prozesuan aldaketa esanguratsuak egonez gero gainera, gas-turbinaren energia-efizientzia garbia edo guztizko erregai-kontsumo garbia edo energia mekanikoaren efizientzia garbia zehaztuko da, karga osoko errendimendu-proba baten bidez, bat etorriz EN arauekin, unitatea funtzionatzen hasi ondoren eta parametro horietan nabarmen eragin dezakeen aldaketa ororen ostean. EN araurik izango ez balitz, ISO arauak edo kalitate zientifiko baliokidea duten datuak eskuratzea bermatzen duten estatuko edo nazioarteko bestelako arauak erabiliko dira.

B.3.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

B.3.1.– Baldintza orokorrak.

Energyworks Vit-Vall SLren instalazioaren ustiapenean bete beharreko baldintzak dira atmosferarako emisioek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako muga-balioak, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako eskakizun teknikoak betetzea.

Prozesuan zehar atmosferara aireratzen den kutsatzaile oro bildu eta bide egokietatik kanporatuko da, emisio horien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazketa-sistema batetik igaro ondoren, behar izanez gero.

Arau orokor honetatik salbuetsi ahal izango dira teknikoki edo ekonomikoki bideragarriak ez diren emisio konfinatu gabeak edo ingurunean kalte urria eragiten dutela frogatzen denean.

Neurri egokiak hartuko dira istripuzko emisioen probabilitatea murrizteko eta haien ondoriozko efluenteek giza osasunerako eta segurtasun publikorako arriskurik ez izateko. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperaturaren eta konposizioaren arabera sortzen diren aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 5. artikuluan adierazitako betebeharrak bete beharko dituzte instalazioaren titularrek.

Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-gunea, neurketa-portua, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

Organo honek foku berri bat baimendu ondoren, hura abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko entitate batek egindako hasierako IKE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahal izango dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, behar bezala justifikatutako arrazoiak badaude.

B.3.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Energyworks Vit-Vall SLk duen kogenerazio-instalazioan, jarraian adierazten diren jarduerak garatzen dira. Urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuak atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratu zuen, eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatu. Bada, Energyworks Vit-Vall SLren instalazioan dekretu horretan xedatutakoaren arabera katalogatutako jarduera hauek egiten dira:

(Ikus .PDF)

Instalazioan foku kanalizatu hauek daude:

(Ikus .PDF)

Foku ez-sistematikoa urtean batez beste hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasatzen bada eta aldi bakoitzak ordubete baino gehiago irauten badu, edo, maiztasuna edozein dela ere, emisioen iraupena orokorrean hartuta instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bost baino handiagoa bada, emisio-foku sistematiko gisa araupetu beharko da.

Urte jakin batean foku sistematiko baterako funtzionamendu-baldintzarik ez badago, ez da foku horren gaineko kontrolik egin beharko urte horretan. Ondoko urtean egin beharko da, baldin eta kontrola salbuesteko baldintzek jarraitzen ez badute. Ingurumena zaintzeko programa egokian justifikatu beharko da zirkunstantzia hori.

B.3.3.– Emisioen muga-balioak.

Instalazioa ustiatzean, atmosferara egiten diren emisioetan ez dira gaindituko taula honetako emisioen muga-balio hauek:

(Ikus .PDF)

Efizientzia elektriko garbia (EE): Ekoizpen elektriko garbiaren (transformadore nagusiaren goi-tentsioko zatian ekoitzitako elektrizitatea ken inportatutako energia, adibidez, sistema osagarrien kontsumorako) eta erregaiaren/lehengaiaren energia-sarreraren (adibidez, erregaiaren/lehengaiaren beheko bero-ahalmena) arteko erlazioa errekuntza-unitatearen mugetan, denbora-tarte jakin batean.

Emisioen muga-balio guztiak baldintza hauei dagozkie: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa, gas lehorra eta taulan ezarritako oxigeno-ehunekoa.

Emisio-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluak eta 815/2013 Errege Dekretuak (EIHei buruzkoak) ezartzen dutena beteko da.

Ikusten bada emisioen muga-balioren bat ez dela betetzen, behar diren zuzenketa-neurriak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta, berehala, ez-betetzearen, zuzenketa-neurrien eta haien epeen berri eman beharko zaio ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailari.

B.3.4.– Gasak bildu eta kanporatzeko sistemak.

Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximinien puntu gorena ez da egongo Hirugarrena.B.3.2 apartatuan ezarritako goreneko kotatik behera. Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-gunea, neurketa-portua, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

Emisio lausoak minimizatzeko helburuarekin, ihesak atzemateko ekipamenduak erabiliko dira, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da.

B.4.– Saneamendu-sarera isurtzeko baldintzak.

B.4.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.

(Ikus .PDF)

Michelin España Portugal SA eta Energyworks Vit-Vall SL enpresek 2005eko uztailaren 18an sinatutako Energia Zerbitzuen Hornidura Kontratuaren arabera, instalazioko hondakin-ur guztiak Michelin España Portugal SA enpresak Vitoria-Gasteizen duen fabrikak jasotzen eta kudeatzen ditu, eta Vitoria-Gasteizko Udal Uren saneamendu-sarera isurtzen.

B.4.2.– Emisioen muga-balioak.

Energyworks Vit-Vall SLren lantegiak drainatze-sare bat du, prozesuko urak, euri-urak eta ur sanitarioak jasotzen eta Michelin España Portugal SA enpresaren drainatze-sarean isurtzen dituena, bat etorriz 2005eko uztailean enpresa horrekin sinatutako kontratuan adierazitako isurketa-baldintzekin.

B.4.3.– Arazteko eta husteko instalazioak.

Hondakin-urak arazteko instalazioak edo hondakin-uren neurri zuzentzaileak espedientean agertzen den enpresa eskatzaileak aurkeztutako agirietara egokituko dira, eta bi araztegi anaerobiko izango ditu funtsean ur sanitarioak tratatzeko.

Egiaztatuz gero hartutako neurri zuzentzaileak ez direla nahikoak, Energyworks Vit-Vall SLk behar beste aldaketa egingo ditu arazketako instalazioetan, isuriak baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan. Aldaketak Administrazioari jakinaraziko dizkio lehenik, eta, behar izanez gero, dagokion baimen-aldaketa ere eskatuko du.

Aurkeztutako agirien arabera, isuriak kontrolatzeko kutxatila bat jarriko da baimendutako hondakin-uren mota bakoitzerako; kutxatila horiek isurien lagin esanguratsuak lortzeko beharrezkoak diren ezaugarri guztiak izango dituzte. Hala behar denean ikuskatu ahal izateko sarbide zuzena ahalbidetzen duten lekuan kokatuko dira kutxatilak.

Kasu horretan, beharrezkoa izango da efluentearen kontrola egiteko elementu hauek izatea: pH neurgailu jarraikia Michelin España Portugal SA enpresaren kolektorera ur tratatuen azken isuria egiteko kontrol-kutxetan, dagozkion alarma-sistemak, etengabeko neurketen tokiko adierazpena eta biltegiratzea euskarri informatikoan dituena.

B.5.– Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinen eta Lurzoru Kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eta, beharrezkoa bada, karakterizatu egin beharko dira, euren izaera eta helmugarik egokiena zehazteko.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, horretarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hau izango da hondakinak ezabatu edo deuseztatzeko aukera bakarra: ezinezkoa izatea horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Beti egiaztatu beharko da hori horrela dela. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein moduren aurretik, izan materiala edo energetikoa.

Era berean, hondakinak tratatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimenduak badaude, lehentasunez instalazio horietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraikiz.

Baldin eta aurreikusten bada hondakindegi baimenduan ezabatzea dela hondakinen azken helmuga, orduan, hondakin horiek karakterizatuko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak (hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituena) xedatutakoari jarraikiz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak (Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena) ezarritako jarraibideen arabera.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitateak –ebazpen honetan daude jasota– orientagarriak dira soilik; kantitate horiek kalkulatzeko, kontuan hartu dira jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Azken datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Hargatik eragotzi gabe abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) ezarritakoa, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuek lurzoru iragazgaitza izango dute. Haien egoera fisikoa (likido edo oretsua) edo haien inpregnazio-maila dela-eta isurketak eragin edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakin arriskutsuentzat ontziak edo bilketa-sistema egokiak jarriko dira izan litezkeen isuriak kanpora isurtzea saihesteko. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak lehen aldiz atera aurretik, kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko da, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, bat etorriz, betiere, honako hauetan ezarritako irizpideekin: Europako Hondakin Zerrenda, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatzen baita Hondakinen Zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (hondakinei buruzko zuzentarau horrek zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota dauden eta berori izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

Hondakinak desagertzen edo galtzen badira, edo ihes egiten badute, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan eta Vitoria-Gasteizko Udalean.

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluari jarraikiz.

Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31. artikuluan aurreikusitako eta ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.

Baldin eta hondakinak Espainiatik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan (hondakinen lekualdaketei buruzkoa) ezarritakoa bete beharko da.

B.5.1.– Hondakin arriskutsuak.

Sustatzaileak hondakin arriskutsu hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak aintzat hartuta ezartzen dira hondakin arriskutsu bakoitzari dagozkion izendapena eta kodetzea, eta baimena izapidetzean jasotzen da haiei buruzko informazioa. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, oinarrizko beste batzuk, euren izaera dela eta, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Horiek definitzen dute hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa zuzena dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko IV. Esparru Programan (2015-2020) ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onartze-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak balioztatzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek indarreko araudian ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte, eta argi, irakurgarri eta ezabagaitz etiketatuta egon beharko dute.

d) Gainerako hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabete baino gehiagoz biltegiratu.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan, hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik, eta, hala badagokio, araudian finkatutako aurretiazko jakinarazpena egin ondoren, dagokion kontrol- eta jarraipen-agiria bete beharko da. Energyworks Vit-Vall SLk artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak eta kontrolerako zein jarraipenerako agiriak, edo horien agiri ofizial baliokideak, hiru urtez gutxienez.

g) Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraioak betetzen dituela halako salgaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betebeharrak.

h) Energyworks Vit-Vall Slk Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du sortutako industria-olio erabilia.

i) Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak– Gailu Elektrikoen eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira. Pilen eta metagailuen hondakinek, halaber, Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko dute. Kudeatzaile baimenduaren onarpen-agiria izateko, eraman aurretiko jakinarazpena egiteko eta kontrol- eta jarraipen-agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako hiri-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudea ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei eman izanaren egiaztagiriak gutxienez hiru urtez gorde behar dira.

j) Energyworks Vit-Vall SLk PKB eduki dezaketen gailuak dituenez, nahitaez bete behar ditu poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatu eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuaren baldintzak, eta errege-dekretu hori aldatzen duen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.

k) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko irailaren 16ko 1005/2009 EE Arautegian ozono-geruza agortzen duten substantzia batzuk zehazten eta arautzen dira. Energyworks Vit-Vall SLk era horretako substantziarik badu, substantzia horiek bildu eta suntsitu egingo dira aldeek erabakitako bide teknikoak erabiliz edota ingurumen-ikuspuntutik onar daitekeen suntsiketarako beste edozein bide erabiliz; hondakin horiek birziklatu edo birsortu egingo dira bestela, aparailuak aztertu eta mantentzeko lanen aurretik nahiz desmuntatu eta suntsitu baino lehen.

l) Energyworks Vit-Vall SLk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kopurua, helburua eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datu horiekin batera, dagokion urteko Ingurumena Zaintzeko Programa ere bidaliko du.

m) Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan ezarritakoaren arabera, Energyworks Vit-Vall SLk, datuak jaso ondorengo urteko martxoaren 1a baino lehen eta dagokion ingurumena zaintzeko programaren barruan, artxibo kronologikoan jasotako informazioaren laburpen-memoria bat aurkeztu beharko du, zeinak barne hartu beharko baitu lege horren XV. eranskinean agertzen den gutxieneko edukia.

n) Urtean 10 tonatik gora hondakin arriskutsuren hasierako ekoizlea bada, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 18.7 artikuluari jarraituz, Energyworks Vit-Vall SLk minimizazio-plan bat izan beharko du, eta, planaren barruan, sortutako hondakin arriskutsuen kopurua eta horien arriskugarritasuna murrizteko hartuko dituen neurriak jaso beharko ditu. Plana agintari eskudunen eskura egongo da, eta, lau urtean behin, ekoizleak emaitzen berri eman beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari. Aurreko betebeharretik salbuetsita egongo da EMAS ziurtagiria badu, edo mota horretako hondakinak minimizatzeko neurriak barne hartzen dituen beste sistema baliokideren bat; horretarako, dagokion informazioa ingurumen-adierazpen baliozkotuan jaso beharko da.

o) Hondakin arriskutsuak kudeatzearen oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, hain zuzen ere, mota horretako hondakin ahalik eta gutxien sortzea, Energyworks Vit-Vall SLk hondakin arriskutsuen sorrera murrizteko plan bat egin eta aurkeztu beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, lau urtetik behin, Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 18.7 artikuluak ezartzen duen moduan, betiere Energyworks Vit-Vall SLk urtean 10 t hondakin arriskutsu baino gutxiago sortzen ez baditu edo EMAS ziurtagiria edo haren baliokideren bat ez badu.

p) Baldin eta Energyworks Vit-Vall SL bada Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea, Energyworks Vit-Vall SL da kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, berau kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

q) Amiantoa duten hondakinak atzemanez gero, Energyworks Vit-Vall SLk amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeko 1991ko otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuan ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak amiantoarekin lan egitean segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira.

r) Baldin eta hondakin arriskutsuak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan, hondakinen lekualdaketei buruzkoan, ezarritakoa bete beharko da.

s) Aurreko apartatuetan adierazitako honako agiri hauek ingurumen-organo honi bidaliko zaizkio, transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabilita:

– Tratamendu-kontratua.

– Identifikazio-agiria.

– Hondakinen urteko adierazpena.

– Laburpen-memoria.

– Artxibo kronologikoa.

– Hondakin arriskutsuak sortzeko baimenik ez izatea.

B.5.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak hondakin ez-arriskutsu hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

a) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi, eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati.

b) Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebetetik gora biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helmuga balorizazioa denean, aldiz, 2 urtez biltegiratu ahal izango dira.

c) Oro har, hondakinak hustu aurretik, baimendutako kudeatzaile baten onarpen-agiria izan beharko dute, eta bertan zehaztuta agertu behar dira onarpenerako baldintzak. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Energyworks Vit-Vall SLk artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak eta kontrolerako zein jarraipenerako agiriak, edo horien agiri ofizial baliokideak, horiek aginduzkoak direnean, gutxienez bost urtez.

d) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, jarraipen- eta kontrol-agiria bete beharko da hondakin arriskugabea lekualdatu aurretik, Hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

e) Balorizatzeko edo desagerrarazteko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluaren arabera.

f) Baldin eta Energyworks Vit-Vall SL Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken edukitzailea bada, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

g) Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan ezarritakoaren arabera, Energyworks Vit-Vall SLk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari sortu dituen hondakin arriskugabe guztien jatorriaren eta kantitatearen, haien helmugaren eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria, deklarazioaren xede den ekitaldiaren amaieran. Datu horiekin batera, dagokion urteko Ingurumena Zaintzeko Programa ere bidaliko du.

h) Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluari jarraikiz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kantitatea, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, eta hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Fitxategi hori gutxienez 3 urtez gorde beharko da, eta urtero bidali beharko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, dagokion urteko Ingurumena Zaintzeko Programaren barruan.

Aurreko apartatuetan adierazitako agiriak ingurumen-organo honi bidaliko zaizkio, transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabilita; hona hemen:

– Tratamendu-kontratua.

– Identifikazio-agiria.

– Jarraipen- eta kontrol-dokumentua, hondakina zabortegian uztekoa bada.

– Laburpen-memoria.

– Artxibo kronologikoa.

B.6.– Lurzoruaren babesaren inguruko kondizioak.

B.6.1.– Lurzoruaren egoerari buruzko txostena eta oinarrizko txostena.

Bat etorriz urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) ezarritako aginduak betetzeko aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko txostenarekin, eta hor jasotako gomendioei jarraikiz, lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu Energyworks Vit-Vall SLk.

Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 16. artikuluko 2. apartatuari jarraikiz, lurzoruaren egoeraren txostenak aurkeztu beharko dira, gutxienez, 5 urtez behin, lege hori indarrean jartzen denetik aurrera.

Era berean, aurreko paragrafoan aipatutako araudian (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua eta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua), lurzorua babesteko betebeharrak ezartzen dira, eta, hain zuzen ere, horiek betetze aldera, sustatzaileak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

– Oinarrizko txostena, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 20. artikuluan aipatutako epeak eta maiztasunak beteta.

– Lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-agiriak, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 10.2 artikuluan ezarritako epeen arabera.

Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea lehengoratzen diharduen erakunde ezagun batek egina, eta aipatutako txostenak bilduko ditu hor (lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena eta lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-agiriak). Emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar diren bakoitzean, lurzoruen agiri bakar berri bat helaraziko da.

Lur-mugimenduak.

Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) Bat etorriz ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluko 1.c) apartatuan jasotzen denarekin, induskatu beharreko materialak (lurrak, eraiste-hondakinak, etab.) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, ekintza kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horiek kudeatzeko bide egokiena zehaztearren.

b) Jarduketa horretan aurreikusten bada induskatu beharreko materialen bolumena 500 m3-tik gorakoa dela (zolatak barne), edo jarduketa burutu bitartean gainditze hori antzematen bada, nahitaezkoa izango da indusketa selektiborako plan bat aurkeztea, lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta lehengoratzeko egiaztatuta dagoen erakunde batek egina. Indusketa-planak abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu beharko du, gauzatu aurretik.

c) Induskatu beharreko bolumena 500 m3-tik beherakoa bada, aldaketaren jakinarazpenak honako informazio hau jaso beharko du:

– Jarduketa sustatzen duen pertsona fisiko edo juridikoaren eta jarduketa burutuko duen kontratudunaren identifikazioa.

– Jarduketaren xede den lekua non dagoen, baita Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroaren erreferentzia ere.

– Jarduketaren xede den eremuaren mugaketa eta azalera. Jakinarazpenean, lurzatia eta jarduketa-eremua zehatz-mehatz non dauden jakitea ahalbidetzen duten planoak erantsiko dira.

– Jarduketaren deskribapen xehatua.

– Induskatuko diren materialen bolumena, zolatak barne.

– Ingurumen-jarraipeneko lanen eta azken txostena egitearen arduradunaren identifikazioa; artikulu honetan aipatutako kasuetan erakunde egiaztatua izan beharko du.

– Jarduketa hasteko aurreikusitako datak.

d) Aurreko kasuetako edozeinetan, obra egin ondoren, azken txostena bidali beharko da, eta, bertan, lurren karakterizazioaren emaitzak adierazi beharko dira. Horrez gain, induskatutako materialen berrerabilera edo kudeaketa egokia egiaztatzeko txosten bat ere bidali beharko da. Indusketaren bolumena 100 m3-tik gorakoa bada, erakunde egiaztatu batek egingo ditu ingurumen-jarraipenerako lanak eta txostena.

e) Arau orokor gisa, Kutsatutako lurzoruetan indusketa selektiboak egiteko gidan jasotako irizpideak beteko dira. Esteka honetan eskura daiteke gida:

https://www.ihobe.eus/argitalpenak/kutsatutako-lurzoruetan-indusketa-selektiboak-egiteko-gida

f) Soberakinak hondakindegian biltegiratuz erretiratu nahi izanez gero, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, laginketa egiteko, oinarrizko irizpide batzuk bete beharko dira; hain zuzen ere, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean eta gidaren 10.2.6 apartatuan («Induskatu behar diren lurzoruetan in situ egindako laginketa») adierazitako oinarrizko irizpideak, induskatu beharreko materialen karakterizazio-kanpaina diseinatzerakoan kontuan hartu beharrekoak.

g) Soberako materialak instalazioan bertan berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak ezarritako B-EBA (industria-erabilera) balioaren azpikoa; horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duen urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera, eta zehazten baita erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa.

h) Ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutako A-EBA ebaluazioko balio adierazleak eta TPHetarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelan batean.

i) Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahal izango da. Lurzoru naturalaren parekoa den substratu harritsu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

Horrez gain, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluko 2. apartatuaren arabera, kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, hartu beharreko neurriak ezar ditzan sailburuordetza horrek, bat etorriz aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluko 1.e apartatuarekin.

B.7.– Zaratari buruzko baldintzak.

Ondorengo indize akustikoak gaindi ez daitezen beharrezko neurri guztiak ezarriko dira:

a) Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB ere.

b) Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq, 60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB gainditu, 23:00ak eta 7:00ak bitartean, leihoak eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB ere.

Jarduerak ez du jarraian ageri den taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa atera beharko, 2 m-ko garaieran neurtuta (egoera berezietan izan ezik, horietan apantailamenduak saihesteko beharrezko garaiera hartuko baita), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.

(Ikus .PDF)

Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan gaindituko (LAeq,d,d, LAeq,e,e eta LAeq,n,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-tik gorako gehikuntzarik.

Gainera, jardueraren gainerakotik nabarmen bereizitako prozesuaren jardun-modu bat baldin badago, jardun-modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun-modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 5 dB-tan gaindituko 1. taulan finkatutako balioak.

c) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handiko guneetako zarata-maila.

C) Ingurumena zaintzeko programa.

Sustatzaileak aurkeztutako agirietan eta Ingurumen Kudeaketarako Sisteman (IKS) aurreikusitakoaren arabera gauzatu beharko da Ingurumena Zaintzeko Programa, baita honako apartatu hauetan ezarritakoaren arabera ere:

C.1.– Atmosferara egindako emisioak kontrolatzea.

C.1.1.– Kontrolak egitea.

a) Energyworks Vit-Vall SLk isurien kontrola egin beharko du, informazio honi jarraikiz:

(Ikus .PDF)

b) Puntu honetako a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak, salbu etengabeko neurketak, administrazioaren II. mailako lankidetza-erakunderen (ALE) batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan jasotzen den bezala, eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek, berriz, Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte, batik bat honako hauei dagozkienak: neurketaren helburua eta plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa kopurua eta neurketa bakoitzaren banako iraupena eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.

c) Halaber, a) apartatuan azaldutako emisio-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek funtzionatzen badu urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batez besteko maiztasunarekin (emisio bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duelarik, edozein maiztasunekin, eta emisioen iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik beherakoa izanik), urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, baldin eta kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori urteko ingurumena zaintzeko programan, dagokion urtekoan, justifikatu beharko da.

d) 1. emisio-fokurako neurketa-teknikak.

1.– Atmosfera kutsatzen duten substantzien kontzentrazioak modu adierazgarrian neurtuko dira.

2.– Etengabeko neurketen artean, besteak beste, hauek barne hartu behar dira: oxigeno-edukia, tenperatura, presioa eta hondar-gasek daramaten ur-lurruna. Ez da beharrezkoa izango ur-lurrunaren etengabeko neurketa hondar-gasetan, hondar-gasaren lagina emisioak aztertu baino lehen lehortu bada.

3.– Prozesuko parametro eta kutsatzaileen neurketa adierazgarriak, esaterako, laginak eta analisiak, zein neurketa-sistema automatikoak kalibratzeko erreferentziako neurketa-metodoak, CEN arauekin bat etorriz egingo dira, arauak aplikagarri eduki bezain laster. Oraindik CEN araurik izango ez balitz, ISO arauak edo kalitate zientifiko baliokidea duten datuak eskuratzea bermatuko duten estatuko edo nazioarteko bestelako arauak erabiliko dira.

4.– Neurtutako emaitza bakar baten % 95eko konfiantza-tarteko balioek ez dituzte emisioen muga-balio hauen ehunekoak gaindituko:

(Ikus .PDF)

e) 1. fokuaren etengabeko neurketa

Energyworks Vit-Vall SLk NOx, CO, O2, tenperatura, presioa eta emaria etengabe neurtu beharko ditu 0100002152-01 fokuan.

Halaber, 0100002152-01 emarian ere etengabeko neurketak egingo dira. Oxigenoaren edukiari, tenperaturari eta presioari, eta errekuntzako gas-hondarraren ur-lurrunaren edukiari dagozkion ustiapen-prozesuaren parametroak barne izango dituzte neurketek. Ez da beharrezkoa izango ur-lurrunaren edukia etengabe neurtzea, errekuntzako gas-hondarraren lagina emisioak aztertu baino lehen lehortu bada, edo egiaztatu bada eragiketa-baldintzak eta erabilitako erregaiak kontuan hartuz egindako kalkuluaren estimazioa behar bezain zehatza dela.

Emisioen etengabeko neurketa-sistema (EENS) 815/2013 Errege Dekretuan xedatutakora egokitu beharko da.

0100002152-01 emisio-fokuan, etengabeko neurketa-sistema gaizki dabilelako edo mantentze-lanengatik orduko batez besteko hiru balio baino gehiago baliogabeak direnean, egun hori baliorik gabe utziko da. Horregatik urtean hamar egunetik gora baliogabetzen badira, titularrak behar diren neurriak hartu beharko ditu etengabeko kontrol-sistemaren fidagarritasuna hobetzeko.

Etengabeko neurketa-sistema Euskal Autonomia Erkidegoko airearen kalitatea zaindu eta kontrolatzeko sarera kateatu beharko da.

Emisioen etengabeko neurketa-sistemaren (EENS) instalazioa, kalibrazioa, kontrola, mantentze-lanak eta jakinarazpenak, eta ekipamenduen, neurketa-sekzio eta -tokien ezaugarriak UNE-EN 14181 arauan eta ingurumen-arloko eskumenak dituen Sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritako baldintzen araberakoak izan beharko dute.

Instalazioen titularrek izango dute EENSaren datuak eskuratzeko, tratatzeko eta jakinarazteko ardura, eta EENSak erregistratutako datuak gutxienez 10 urtez gorde beharko dira.

0100002152-01 emisio-fokurako, neurketarako ekipoen erabilgarritasuna, hau da, baliozko datuak lortzeko aldien ehunekoa, gutxienez urteko benetako jardunaren % 90ekoa izango da, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honek bestelako baimenik ematen ez badu behintzat.

EENSa ondoz ondoko 15 egunetan baino gehiagotan ondo ez badabil, Ingurumen Lankidetzako Erakunde batek aldizkako kontrolak (hamabostean behin) egin beharko ditu, 15 eguneko aldizkakotasunarekin gertaera hasi denetik emisioen etengabeko neurketa behar bezala ibili arte.

Instalazioen titularrak EENSaren funtzionamenduari buruzko urteko txosten bat igorri beharko du, betiere ingurumen-arloko eskumenak dituen Sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoaren arabera.

a) Txostenak.

Datuak modu jarraituan Euskal Autonomia Erkidegoko Airearen Kalitatea Zaindu eta Kontrolatzeko Sarera helarazteaz gain, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honetara bidali beharko da apirilaren 7ko PRA/321/2017 Aginduaren 9. artikuluan xedatzen duen emisioei buruzko informazioa, dagokion instalazio motaren araberakoa, bertan zehazten den maiztasunarekin.

C.1.2.– Lortutako emaitzak erregistratzea.

Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, honako hauetan ezarritakoari jarraikiz, betiere: Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua eta Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren III. eranskina.

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

C.2.– Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, analisi hauek egingo dira:

(Ikus .PDF)

C.3.– Zarata kontrolatzea.

C.3.1.– Neurketak eta modelizazioak.

a) Hiru urtez behin, indize akustiko hauen ebaluazioak egin beharko dira: Ld, Le, Ln, Laeq,Aeq, Ti eta LAeq,60 segundo.

b) Neurketa bidezko ebaluazio guztiak Administrazioaren II. mailako ingurumen-lankidetzako erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, bat etorriz urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoarekin. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Nolanahi ere, ingurumen organoak ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du.

c) Ebaluazio-metodoak eta prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

C.4.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

Sustatzaileak jardueraren funtzionamenduari buruzko parametro adierazle hauen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eraginari dagokionez:

(Ikus .PDF)

Adierazle horiek urtero kalkulatu eta kontrolatuko dira, eta ingurumena zaintzeko dagokion urteko programarekin batera aurkeztu beharko dituzte.

C.5.– Emaitzak kontrolatzea eta igortzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta azterketen emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidali, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/baimena/ibb-ippc/web01-tramite/eu/

Era horretan, aipatutako programak zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak, ibilgura eta/edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, Ingurumena Zaintzeko Programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren.

Ezarritako baldintzak urratzen diren kasuetan bakarrik bidali beharko da berehalako jakinarazpena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, gertatutakoaren berri izan ondoren; horretarako, helbide elektroniko hau erabili beharko da: ippc@euskadi.eus.

Horrez gain, urtean behin baino gehiagotan egiten diren kontrolak kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez dira bidaliko.

Emaitza horiek urtero bidaliko dira, martxoaren 31 baino lehen, betiere, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintza-programaren emaitzekin batera. Txosten horretan jasoko dira babes- eta zuzenketa-neurrien eta prozeduren kontrolerako eta ingurumenaren kalitaterako sistemen funtzionamendua eta emaitzen analisia, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien balizko kausa eta konponbideak azalduz; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik hala egin ez bada.

C.6.– Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina prestatu beharko du. Bertan, aurkeztutako dokumentazioan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak bildu beharko ditu, baita Ingurumeneko Estatu Idazkaritzaren 2017ko uztailaren 25eko Ebazpenak aldatu zuen Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren 2001eko abenduaren 10eko Ebazpenaren bidez egindako ingurumen-inpaktuko adierazpenean ezarritako betebehar guztiak ere. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisien edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko guneen kokapen zehatza. Dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, Ingurumena Zaintzeko Programak jaso beharko du jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika, adierazle horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

D) Ezohiko egoeretarako prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak.

D.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, emisioen eta sortuko diren hondakinen zenbatespena egin beharko du sustatzaileak, eta, dagokionean, baita haien kudeaketa eta tratamenduarena ere.

Instalazioa gelditzean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak Hirugarrena.B.5 apartatuan ezarritakoari jarraituz kudeatu beharko dira, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

Energyworks Vit-Vall SLk egunean izango du Martxan Jartzeko eta Gelditzeko Kudeaketa Plan bat, eta ebazpen honen Hirugarren B.1 apartatuan atalean aipatutako Ingurumena Kudeatzeko Sistemaren (IKS) parte izango da. Dokumentu honek Batzordearen (EB) 2017/1442 Betearazpen Erabakiaren 10. eta 11. TEOei erantzungo die.

D.2.– Jarduera etetea.

Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa (Energia elektrikoa ekoiztea, jatorri termiko konbentzionalekoa, 35.16), eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, Energyworks Vit-Vall SLk jarduera bertan behera uztearen berri eman beharko dio ingurumen-organoari gehienez bi hilabeteko epean; jakinarazpen horrekin batera, jarduketa-proposamen bat ere aurkeztu beharko da, erakunde horrek ezar dezan noraino iristen diren haren betebeharrak eta lurzoruaren kalitatea aitortzeko prozedura hasteko epea noiz hasiko den beranduenez, bat etorriz ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31.3 artikuluan xedatzen duenarekin.

Jarduera bertan behera utzi baino lehen, Energyworks Vit-Vall SLk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, bat etorriz ebazpen honen Hirugarren B.5 apartatuan ezarritakoarekin.

D.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako etetea eskatuz gero, Industriako Isurketen Erregelamendua onartzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Energyworks Vit-Vall SLk, aldi baterako etetearen eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuan ezarritako kontrolak eta eskakizunak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, jarduera berriz hasi baino lehen, instalazioen funtzionamendu egokia ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen isuri edo emisio oro saihesteko.

D.4.– Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduerak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean, ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentzio-neurriak eta funtzionamendurako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, apartatu hauetan aipatzen diren baldintzak bete beharko dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere istripuzko isurketak edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko jarioak biltzeko sistemak.

Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen ikuskapen bisualak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsatzeko arriskua dakarren edozein egoera prebenitzeko.

Era berean, atmosferara eta uretara egindako emisioak prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipoen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Urak arazteko prozesuan sortutako soberako hondakin solidoak eta lohiak behar den maiztasunez aterako dira, instalazioak behar bezala funtziona dezan. Hondakin horiek ez dira ibai-ibilgura hustuko aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira, kudeatzeko edo hondakindegi baimendu batera eramateko. Hala dagokionean, hondoan hustubiderik ez duten andel iragazgaitzetan biltegiratuko dira. Inoiz ez dira pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoko ura kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

Baldin eta instalazioetan lohien tratamendua badago, horietatik jaregindako ura berriro bideratuko da arazte-instalazioko sarrerara, tratamendua jaso dezan.

Nabeen barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Hondakin-urak ezingo dira «by pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez «bypass» bidez isurketak egin behar badira, titularrak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuz. «Bypass» horretan aurreikusi gabeko isurketaren bat egongo balitz, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, eta dagokion txostena Ingurumen Sailburuordetzara bidali (apartatu honetako j) letran adierazitakoari jarraituz).

b) Halaber, erregistro bat eduki beharko da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako gorabeherak jasota uzteko.

c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu, arazketa-instalazioak modu egokian ustiatzeko eta istripuzko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak mantentzeko.

d) Olio lubrifikatzaileak, sodio hidroxidoa, azido klorhidrikoa, korrosio-kontrako produktu kimikoak, kaltzio-kontrakoak, biozidak eta hondakin arriskutsuak, hala nola disoluzio azidoak, hidrokarburoak dituzten lohiak, hondar-olioak, olioa duten urak, disolbatzaile ez-halogenatuak, besteak beste, maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lur zatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

e) Hauts-itxurako produktuak biltegiratzeko, zulo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak eduki beharko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak biltegiratu egingo dira, horiek ingurunean sakabanatzeko aukerarik emango ez duten baldintzetan.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratze-instalazioek betebehar batzuk konplitu beharko dituzte; zehazki, produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritakoak.

h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko beharrezkoak diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gertatzen diren jarioei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta norbera babesteko ekipo egokiak.

i) Kubeten hustuketa kontrolatzeko balio duen protokolo edo prozedura dokumentatu bat edukiko da. Horri jarraituz, tratamendu-instalazioaren eraginkortasunari eragin diezaioketen produktu-jarioak instalaziora joatea saihestu beharko da.

j) Gorabeheraren bat izanez gero agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri berehala eman beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren), horretarako ezarritako helbide elektronikoaren bitartez: ippc@euskadi.eus. Jakinarazpenean, alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera-mota.

– Jatorriak eta kausak (unean zehaztu daitezkeenak).

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

– Epe laburrera aurreikusitako jardunak, halakorik balego.

Gertakari edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, SOS Deiak eta Vitoria-Gasteizko Udala (Araba) berehala jarri behar dira jakinaren gainean. Ondoren, gehienez 48 orduko epean, istripuari buruzko txosten xehatua bidali beharko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Gorabehera-mota.

– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gorabeheraren iraupena.

– Ustekabeko isurketa gertatuz gero, emaria eta isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne hartuta.

– Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Ezohiko gertaera berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketa gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen orekari modu larrian kalte egin badiezaioke, titularrak berehala etengo du isuri hori, eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta babes zibilaren eta ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS DEIAK (112) larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

k) Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, gerta daitezkeen gorabeherak edo arazoak saihesteko neurri gisa, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari honako gertaera hauetakoren bat jazo dela:

1.– Etengabeko neurketa-ekipamenduek 24 ordu baino gehiagoz datu fidagarririk ez ematea eragiten duten matxurak edo akatsak gertatzea. Gorabehera gertatu eta gehieneko 24 orduko epean egingo da jakinarazpena, lanegunak direnean, edo lanegunak ez direnean, gorabehera gertatu den egunaren osteko lehenengo lanegunean jakinaraziko da.

2.– Gutxienez 15 egun lehenago jakinaraziko dira instalazioaren prozesu jarraitu batean aurrez programatuta egingo diren geldialdiak, aurreikusitako prebentziozko mantentze-lanak barne.

3.– 0100002152-01 emisio-fokuan, analizagailuan modu jarraituan neurtutako datu balidatu baten kontzentrazioak % 100ean gainditzen badu muga-balioa, hori gertatu eta gehienez 24 orduko epean egingo dute jakinarazpena, lanegunetan, edo hori gertatu ondorengo lehen lanegunean, lanegunetatik kanpo.

4.– Kasu horietan, enpresak berehala jakinaraziko du horretarako ezarritako helbide elektroniko honetan: smec@euskadi.eus, honako hauek adieraziz:

– Gorabehera-mota.

– Jatorria eta haren kausak.

– Sortutako ondorioak.

– Hartutako euste-neurriak.

– Epeak.

l) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeria aplikatuko da, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

E) Babes-neurriak eta neurri zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, baita neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroen mugak ere, araudi berria indarrean jartzeak edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharrak hala gomendatzen duenean. Era berean, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz (Ingurumena Zaintzeko Programan lortutako emaitzetan oinarrituta) ere aldatu ahal izango dira babes- eta zuzenketa-neurriak eta Ingurumena Zaintzeko Programa.

F) Urtean behin, otsailaren azken eguna baino lehen, Energyworks Vit-Vall SLk aurreko urteko emisio atmosferikoei eta uretara egindako emisioei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa osatu eta eguneratuta edukitzeko, bat etorriz 508/2007 Errege Dekretuarekin.

Informazio hori bidaltzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliko dira.

Datu horietako batzuk Ingurumenean Eragina duten Jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroan sartuko dira; gero, Europako Ingurumen Agentziaren Erregistrora (Europako E-PRTR Erregistroa) bidaliko da informazio hori.

Ingurumen-adierazpena publikoa izango da, bat etorriz uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da bete egiten dela Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa.

G) Instalazioetan aldaketarik egin ahal izateko, aldez aurretik helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia osorik bete beharko dute:

https://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_comunicacion/p_comu_20194158899329/procedures/proc_20194158899905/es_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.docx

Organo honen onespena ere eskatu beharko da, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutakoa betetzeko.

Industriako Isurketen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak ezartzen ditu aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak.

Nolanahi ere, bat etorriz aipatutako urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan zehaztutakoarekin, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, bat etorriz Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 10. artikuluan ezarritako irizpideekin.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c) eta 7.2.c) artikuluetan xedatutakoa.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, bat etorriz Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin.

Laugarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena ofizioz egingo da kasu hauetan:

a) Instalazioak sortutako kutsadura dela-eta, finkatutako emisioen muga-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.

b) Emisioak nabarmen murriztu daitezkeenean, teknika erabilgarri onenetan egindako aldaketa handien ondorioz gehiegizko kosturik izan gabe.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta beste teknika batzuk erabili behar badira.

d) Arroko erakundeak, urei buruzko legedian xedatutakoaren arabera, uste badu ingurumen-baimen integratua berrikustea edo aldatzea justifikatzen duten inguruabarrak daudela, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko arroetako jabari publiko hidraulikora egindako isuriei dagokienez. Horrelakoetan, arroko erakundeak, txosten lotesle baten bidez, ingurumen-baimen integratua emateko organo eskudunera joko du, hark berrikuste-prozesua has dezan gehienez hogei eguneko epean.

e) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen badu, edo abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.

f) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen bada.

g) Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra ikusten bada, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.

h) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharren arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzekoak akastunak direla egiaztatzen bada.

i) Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikuluko 1., 2. eta 3. puntuetan ezarritakoaren arabera egindako analisia eginda, aldatu egin behar dela ondorioztatzen bada.

Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez dakar kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26.5 artikuluan».

Bosgarrena.– Ingurumen-erantzukizuna.

Energyworks Vit-Vall SLk bere jarduera profesionalaren ingurumen-arriskuen azterketa (IAA) egin beharko du, abenduaren 22ko 2090/2008 Errege Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera (zeinaren bidez onartzen baita Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea zati batean garatzen duen Erregelamendua), finantza-bermea eratu behar duen ebaluatzeko, bat etorriz urriaren 23ko 26/2007 Legearen 24. artikuluarekin. Finantza-bermea eratu ondoren, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari, eta adierazpen horrek 2090/2008 Errege Dekretuaren IV.1 eranskinean adierazitako informazioa jaso beharko du gutxienez. 26/2007 Legearen 28. artikuluko a) eta b) apartatuetan aurreikusitako salbuespenei jarraikiz jarduera finantza-bermea eratzetik salbuetsita badago, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari; adierazpen horretan, IV.2 eranskinean adierazitako informazioa jasoko da gutxienez. Apartatu honetan eskatutako agiriak ingurumen-organoan aurkeztuko dira, teletramitaziorako ezarritako aplikazioa erabiliz, eta, zehazki, «Ingurumen-erantzukizunari aurre egiteko finantza-bermearen jakinarazpena – MARMA» izeneko prozeduraren bidez.

Energyworks Vit-Vall SL ARA ingurumen-arriskuen azterketa eguneratuko du, egoki irizten dion guztietan eta, betiere, ingurumen-arriskuen aurreko analisietan aurreikusitako erreferentziako ustekabeko egoera aldatzen duen jardueran funtsezko aldaketak gertatzen direnean edo baimen substantiboan funtsezko aldaketa bat gertatzen denean. Araua aplikatuz dagokion finantza-bermearen nahitaezko gutxieneko zenbatekoa urtero eguneratuko da, KPIren arabera. Ingurumen-arriskuen azterketaren eguneraketak kasuan kasuko MARMA prozedurako dokumentazioaren barnean aurkeztuko dira.

Energyworks Vit-Vall SLk, jardueraren operadore gisa, ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak hartu eta betearazi behar ditu, eta horien kostuak ordaindu behar ditu, zenbatekoa edozein dela ere, baita dolorik, errurik edo zabarkeriarik ez bada ere, Ingurumen-erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 19.1 artikuluan adierazten den bezala. Era berean, Energyworks Vit-Vall SLk Ingurumen Organoari berehala jakinarazi beharra du ingurumenean kalteak izan direla edo kalte horiek eragiteko arriskua dagoela, gertatuak zein gertatzeke.

Seigarrena.– Baimen hau iraungitzeko arrazoi izango da Energyworks Vit-Vall SLren nortasun juridikoa azkentzea, indarreko araudian ezarritako kasuetan.

Zazpigarrena.– Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 5.d) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, energia elektrikoa sortzeko jarduerari dagokionez, zeina ebazpen honen xede baita, gerta litekeen titulartasun-aldaketa oro jakinarazi beharko dio Energyworks Vit-Vall SLk Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek onar dezan.

Zortzigarrena.– Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua), eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zehapenak ezartzea ekar dezake.

Bederatzigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Energyworks Vit-Vall SLri, Vitoria-Gasteizko Udalari, ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.

Hamargarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 7a.

Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,

AITOR ALDASORO ITURBE.


Azterketa dokumentala