Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

223. zk., 2023ko azaroaren 22a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

EUSKO LEGEBILTZARRA
5236

IRAGARKIA, Eusko Legebiltzarreko langile-beharrak aldi baterako betetzeko letraduen lan-poltsa bat sortzeko deialdi publikoaren oinarri espezifikoei buruzkoa.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak 2023ko azaroaren 14an hartutako erabakia betez, honako hau agintzen dut:

Lehenengoa.– Eusko Legebiltzarreko langile-beharrak aldi baterako betetzeko letraduen lan-poltsa sortzeko hautaketa-prozesurako deialdia egitea.

Bigarrena.– Eusko Legebiltzarreko langile-beharrak aldi baterako betetzeko letraduen lan-poltsa sortzeko deialdi publikoaren oinarriak argitaratzea Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren 2023ko azaroaren 14ko erabakiaren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da organo horretan bertan, hilabeteko epean, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Oinarri espezifiko hauek ondorioak sortuko dituzte Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 14a.

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria,

BAKARTXO TEJERIA OTERMIN.

I. ERANSKINA
OINARRI ESPEZIFIKOAK, EUSKO LEGEBILTZARREKO LANGILE-BEHARRAK ALDI BATERAKO BETETZEKO LETRADUEN LAN-POLTSA BAT SORTZEKO DEIALDI PUBLIKOARENAK

Lehenengoa.– Deialdiaren helburua.

1.– Deialdi honen helburua da Eusko Legebiltzarreko langile-beharrak aldi baterako betetzeko letraduen lan-poltsa sortzea.

Atxikipena: Idazkaritza Nagusia. Zerbitzu Juridikoak.

2.– Administrazio parlamentarioarekiko harremanari dagokionez, bitarteko funtzionario gisa izendatuko da izangaia, 1990eko ekainaren 22ko Langileen estatutuaren eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoaren 12. artikuluan xedatutakoarekin eta 2006ko Bitarteko Funtzionarioak Hautatzeko Erregelamenduarekin bat eginez.

3.– Titulazio-eskakizunak: Zuzenbideko lizentziatura edo graduko titulua izatea, edo hura eskuratzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

4.– Euskara: Lan-poltsan sartzeko, 3. HEa behar da. Lanpostu huts bat betetzeko, lanpostu hutsak nahitaezko duen HEa eduki beharko da; hutsik dagoen lanpostuak nahitaezko 4. HEa badu, bete ahal izango da lanpostu hori 3. HEa edukita baldin eta ez badago 4. HEa duen inor. Hizkuntza-eskakizuna egiaztatuko da hamaikagarren oinarriaren 3. puntuan xedatutakoaren arabera.

Bigarrena.– Hautaketa-prozesuan parte hartzeko baldintzak.

1.– Hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izateko, titulazioari eta hizkuntza-eskakizunari dagozkienez gain, beharrezkoa izango da honako baldintza hauek betetzea:

a) 16 urte beterik eta 65 urte bete gabe izatea.

b) Europar Batasuneko estatu bateko nazionalitatea edukitzea, edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera langileen zirkulazio askea aplikagarri zaion estatu bateko nazionalitatea izatea. Halaber, Europar Batasuneko estatuetako nazionalitatea duten pertsonen ezkontideek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta ezkontideen ondorengoek ere, baldin eta zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude eta ondorengoak hogeita bat (21) urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

c) Lanpostuari dagozkion egitekoak betetzeko gaitasun funtzionala izatea, eta eman beharreko zerbitzuak normaltasunez betetzea eragotziko duen gaixotasun edo ezintasun fisikorik ez izatea.

d) Diziplina-espediente batez edozein administrazio publikoren zerbitzutik bereizita edo kaleratuta ez egotea, eta ebazpen judizial bidez enplegu edo kargu publikorako erabateko desgaikuntza edo desgaikuntza berezia ez izatea, ezta funtzionarioen kidegoan edo eskalan sartzeko ere, edo, lan-kontratudunen kasuan, bereiziak edo desgaituak izan diren lanpostukoen antzerako eginkizunak betetzeko. Beste estatu bateko nazionala izanez gero, ez egotea desgaituta edo egoera baliokide batean, eta ez izatea diziplina-zehapenik edo baliokiderik, dagokion estatuan baldintza berberetan enplegu publikora iristea eragotziko duenik, hain zuzen.

e) Ez izatea administrazio publikoetako langileen bateraezintasunei buruz indarrean dagoen legedian aurreikusitako inolako ezgaitasun edo bateraezintasunik. Hala ere, dagoeneko kargu publikoren bat edo jarduera pribatu bateraezinen bat dutenak lege-arau horietan aipatzen den aukeratzeko eskubideaz baliatu ahal izango dira.

f) Oinarri hauetan eskatzen den titulazioa izatea, izaera ofizialeko organo eskudunak igorria, edo hura eskuratzeko eskubideak ordainduta edukitzea. Atzerrian lortutako titulu akademikoei dagokienez, haien homologazioa egiaztatuko duen egiaztagiria eduki beharko da.

2.– Aurreko baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den unean bete beharko dira, eta bere horretan mantendu hautaketa-prozesuak iraun bitartean.

Hirugarrena.– Eskabideak aurkeztea eta horretarako epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea 2023ko azaroaren 23an hasi eta 2023ko abenduaren 22an amaituko da, 14:00etan.

2.– Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek Internet bidez egin behar izango dute eskaera, eta honako helbide elektroniko hauetan eskuragarri duten eredua bete beharko dute: Eusko Legebiltzarraren helbide elektronikoan (www.legebiltzarra.eus edo Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen helbide elektronikoan (www.ivap.euskadi.eus).

Internet bidezko eskaera KZgune publikoen bidez ere egin ahal izango da. KZguneen zerrenda eta kokapena helbide elektroniko honetan eskuratu daiteke: www.kzgunea.eus

Halaber, eskaera bete ahal izango da Eusko Legebiltzarreko Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bulegoetan, Becerro de Bengoa z.g. kalean, Vitoria-Gasteizen (eraikin administratiboan), astelehenetik ostiralera, 09:00ak eta 13:00a bitartean.

Laugarrena.– Kalifikazio-epaimahaia.

1.– Eusko Legebiltzarreko Mahaiak izendatuko ditu epaimahaikideak. Kalifikazio-epaimahaia era honetara osatuko da: Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kide bat izango da mahaiburu, eta idazkaria eta beste hiru kide Legebiltzarreko Letraduen Kidegoko pertsonak izango dira, letradu nagusiak eta Langileen Batzordeak proposatuta –Langileen Batzordeak pertsona bat proposatuko du.

Emakumeek eta gizonek ordezkaritza orekatua izan beharko dute, kontuan izanik lan-poltsa honen bidez beteko diren lanpostuen esparru profesionalean ezagutza zabala izan behar dutela, eta epaimahaiaren parte izateak eskatzen dituen zereginak egiteko prestakuntza egokia izan behar dutela.

Onartutako eta baztertutako izangaien zerrendarekin batera argitaratuko da nor izendatu dituen Eusko Legebiltzarreko Mahaiak epaimahaiko titular izateko.

2.– Epaimahaiak, hautaprobetako edozeinetarako, beharrezko iruditzen zaizkion aholkulariak eskatu ahal izango ditu, zeinak kasuan kasuko espezialitatean laguntza teknikoa ematera mugatuko baitira.

3.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 23 eta 24. artikuluetan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen bada, epaimahaiko kideek ezingo dute esku hartu, hala jakinarazi beharko diote Eusko Legebiltzarreko Mahaiari, eta izangaiek errekusatu egin ahal izango dituzte kide horiek.

4.– Epaimahaia Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoaren arabera jardungo da. Edonola ere, epaimahaia bilduko da lehendakariaren aginduari jarraituz eta idazkariak aldez aurretik deituta, hautaproben hasiera baino lehen, aurrerapen nahikoarekin; eta, hura behar bezala eratuta egoteko, beharrezkoa izango da lehendakaria eta idazkaria bertaratzea, edo, hala badagokio, haien ordezkoak, eta gutxienez epaimahaikideen gehiengoa.

5.– Epaimahaikide guztiek izango dute hitza eta botoa. Epaimahaiaren erabakiak daudenen botoen gehiengoz hartuko dira. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiburuaren botoak ebatziko du.

6.– Epaimahaiaren erabakiak, oinarri hauetan aurreikusten ez denari dagokionez, Internet bidez argitaratuko dira, honako helbide elektroniko hauetan: Eusko Legebiltzarrarenean (www.legebiltzarra.eus eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearenean (www.ivap.euskadi.eus).

7.– Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako, epaimahaiak Eusko Legebiltzarrean izango du egoitza.

Bosgarrena.– Izangaiak onartzea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onartuko du, zeina Internet bidez argitaratuko baita Eusko Legebiltzarraren helbide elektronikoan (www.legebiltzarra.eus eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen helbide elektronikoan (www.ivap.euskadi.eus). Zerrenda horretan, adieraziko da bazterturiko izangai bakoitza, halakorik bada, zergatik utzi den kanpoan. Interneten argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, lan-poltsa osatzeko prozesu honetan parte hartzen dutenek hamar eguneko epea izango dute bazterketa eragin duen akatsa edo hutsa zuzentzeko edo zerrendaren aurkako erreklamazioak aurkezteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

2.– Erreklamaziorik ez badago, behin-behineko zerrendak behin betikotzat joko dira. Aurkezten diren erreklamazioak onartu edo baztertuko dira onartutako eta baztertutako lehiatzaileen behin-behineko zerrenda behin betiko egiten duen erabakian, eta erabaki hori aurreko paragrafoan aipatutako helbide elektronikoetan argitaratuko da.

Seigarrena.– Hautaketa-prozesuaren garapena.

Hautaketa-prozesuan, ariketa bakar bat egin beharko da, eta praktikoa izango da.

Ariketa bakarra.– Nahitaezkoa eta baztertzailea. Erantsitako gai-zerrendako gaiekin lotutakoa.

Bi txosten juridiko idatzi beharko dira, bata Legebiltzarreko dokumentu bat edo gehiago kalifikatzeari eta izapidetzeko onartzeari buruz, eta bestea Konstituzio edo Administrazio Zuzenbideko arazo bati buruz. Kasu bietan, txosten horietan tratatu behar diren egitatezko kasuak eta alderdiak zein diren epaimahaiak zehaztuko du. Epaimahaiak ezarriko du bi txostenak idazteko izango den gehienezko denbora.

Ariketa egiteko, beren eskura izango dute epaimahaiak, kasua hori bada, ebazteko entregatzen duen espedientea, baita ohiko lege- eta jurisprudentzia-bildumak eta haien aurkibideak (datu-baseak) eta lehiatzaileak berak ekarri nahi duen legegintzako beste edozein material ere, baldin eta argitalpenek testuak hitzez hitz eta bestelako iruzkin edo gehigarririk gabe jasotzen badituzte. Ezein kasutan ezin izango da erabili lehiatzaileek ekarritako azterlan doktrinalik edo ekipo elektronikorik (PCa, tableta eta abar).

Lehiatzaile kopuruaren arabera, epaimahaiak erabaki dezake xede horietarako gaitutako ordenagailu batekin egitea proba.

Txosten bakoitzari, gehienez ere, 20 puntu emango zaizkio. Epaimahaiak, ariketa bakoitza nork egin duen jakin aurretik, proba gainditzeko gutxienez zenbat puntu lortu beharko diren ezarriko du.

Epaimahaiak aurkezten dituen txosten juridikoak I. eranskinean agertzen den gutxi gorabeherako gai-zerrendarekin lotutakoak izango dira.

Zazpigarrena.– Euskara.

Ez da hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko azterketarik egingo. Euskararen ezagutzak eskabidean alegatu beharko dira.

Zortzigarrena.– Epaimahaiaren proposamena.

Hautaketa-prozesuko atal guztiak kalifikatu ondoren, epaimahaiak Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzari jakinaraziko dizkio hautaketa-prozesuko behin betiko emaitzak, eta izangaiak puntuazioaren arabera eta gainditutako ariketen arabera ordenatuko ditu. Hori jakinarazita, lan-poltsa eratuko da, bederatzigarren oinarrian ezarritako irizpideen arabera, eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiari helaraziko zaio, jakinaren gainean egon dadin.

Bederatzigarrena.– Berdinketa hausteko irizpideak.

Epaimahaiak honako irizpide hauek ezartzen ditu berdinketa hausteko:

1.– Puntuazio handiena lehenengo txostenean (zuzenbide parlamentarioa).

2.– Puntuazio handiena bigarren txostenean (zuzenbide administratiboa edo konstituzionala).

Halaber, berdinketa hausteko irizpide gisa, gaitasunak berberak badira, lehentasuna emakumeei emango zaie, emakumeek kidego honetan duten ordezkaritza % 40 baino txikiagoa baita, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 21.1.a artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Salbuespena izango da lanposturako beste hautagaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten arrazoiak izatea, hala nola lanpostuak lortzeko eta mailaz igotzeko zailtasun bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea (nolanahi ere, arrazoi horiek ez dute eragin behar sexu-diskriminaziorik).

Betiere aurreko paragrafoan jasotako irizpidea kontuan hartuta, Eusko Legebiltzarreko langile-beharrak aldi baterako betetzeko letraduen lan-poltsa honela ordenatuko da:

1.a Bi txostenak gainditu dituztenak, biak batuta lortutako puntuazioaren ordenaren arabera.

2.a Lehenengo txostena bakarrik gainditu dutenak, lehenengo txostenaren puntuazio-ordenaren arabera. Berdinketarik badago, lehentasuna izango du biak batuta notarik altuena lortu duenak.

Hamargarrena.– Aparteko gorabeherak.

1.– Epaimahaiak, oinarri espezifiko hauetan aurreikusi gabeko gaietan, hautaketa-prozesua gauzatu ahal izateko beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartu ahal izango ditu, bai eta oinarrien interpretazioari eta aplikazioari dagokionez sortzen diren arazo guztiak ebatzi ere.

2.– Oinarri hauetan aurreikusita ez dagoen horretan, 1990eko ekainaren 22ko Langileen estatutuan eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoan eta garapen-arauetan jasotakoaren arabera egingo dira hautaprobak eta eratuko da lan-poltsa, eta, osagarri modura, euskal funtzio publikoari buruzko legedian eta arau osagarrietan jasotakoaren arabera, eta, halakorik ezean, funtzionario publikoei buruzko legedia orokorrean jasotakoaren arabera, funtzio publiko parlamentarioarekin bateraezina ez den heinean.

3.– Deialdia, deialdiaren oinarriak eta oinarriotatik zein epaimahaiaren jardunetik datozen administrazio-egintza guztiak aurkaratuak izan daitezke, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak jasotako kasu eta moduetan.

Hamaikagarrena.– Baldintzak eta hizkuntza-eskakizuna betetzen direla egiaztatzea.

1.– Lan-poltsa osatzen dutenek, hala eskatzen zaienean, egiaztatu beharko dute, jatorrizko agirien bidez, betetzen dituztela hautaketa-prozesuan parte hartzeko lehen eta bigarren oinarrian eskatzen diren baldintzak.

2.– Adierazitako epearen barruan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, lan-poltsa osatzen dutenek ez badute dokumentazioa aurkezten, edo ez badute egiaztatzen eskatutako baldintzak betetzen dituztela, ezin izango dira bitarteko funtzionario izendatu, eta haien jardun guztiak baliogabetuta geratuko dira, beren eskabidean faltsukeriaz jokatzeagatik izan dezaketen erantzukizunari kalterik egin gabe.

3.– Lehenengo oinarrian ezarritakoari jarraikiz, honela egiaztatuko da hizkuntza-eskakizuna:

Egiaztatze-erregimen orokorra.

Euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko, Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB) kontsultatuko da. Egiaztatutzat joko dira aipatutako erregistroan inskribatuta dauden eta deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan ondorio horietarako ezartzen dena baino lehenagoko egiaztatze-data duten hizkuntza-eskakizunak.

Aipatutako erregistroan jasota ez dauden euskararen jakite-mailari buruzko ziurtagiriak edo tituluak dituztenek horiek egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko dituzte, deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko ezartzen den eguna baino lehen.

Administrazio parlamentarioaren hizkuntza-eskakizunen ziurtagiri eta titulu baliokideak bi dekretu hauen arabera zehaztuko dira: 297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena, eta 47/2012 Dekretua, apirilaren 3koa, euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena. Hain zuzen, unibertsitateak igorritako ziurtagiri bidez zehaztuko dira.

Hamabigarrena.– Hautaketa-prozesuko eta lan-poltsako datu pertsonalak babestea eta kudeatzea.

1.– Eskabideetan emandako informazio guztia fitxategi batean sartuko da, zeina bitarteko funtzionarioak aldi baterako kontratatzeko eta izendatzeko hautaketa-prozesua eta lan-poltsa kudeatzeko bakarrik erabiliko baita. Datu pertsonalak honako arau hauek ezarritakoaren arabera tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago honako helbide elektroniko honetan eskatu ahal izango da: datuenbabesa@legebiltzarra.eus

2.– Joko da eskabidea egiten dutenek baimena ematen dutela segurtasun-neurriak behar izan ditzaketen eta hautaketa-prozesurako beharrezkoak diren datuak tratatzeko. Bestalde, berariaz eman beharko da baimena hautaketa-prozesuan sortutako poltsan dauden datuak beste administrazio publiko batzuei lagatzeko, bitarteko langileak hautatzeko egiten dituzten prozesuetan erabil ditzaten.

3.– Hautaketa-prozesuan emandako datuen tratamendurako, Segurtasun Neurrien Erregelamenduan ezarritako segurtasun-maila baxuko neurriak beteko dira.

4.– Baliozkotzat joko dira eskabidean agertzen diren helbidea, telefono-zenbakiak eta posta elektronikoa. Izangaia izango da datu horiek idaztean egin ditzakeen akatsen erantzule bakarra, eta harena bakarrik izango da, halaber, datu horietan izan daitekeen edozein aldaketa epaimahaiari edo Eusko Legebiltzarreko Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzari jakinarazteko erantzukizuna, lan-poltsa kudea dezaten.

5.– Egin beharko liratekeen jakinarazpenetarako, eskabide-orrian adierazten dena hartuko da helbidetzat, baldin eta geroago espresuki eta modu frogagarrian besteren bat adierazten ez bazaio epaimahaiari edo Eusko Legebiltzarreko Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzari, lan-poltsa kudea dezaten. Alabaina, Eusko Legebiltzarreko langileen kasuan, ez badute eragozpenik, lantokia hartu ahal izango da helbidetzat.

Hamahirugarrena.– Osasun-azterketa.

Eusko Legebiltzarreko Prebentzio Zerbitzuak osasun-azterketa egingo dio lan-eskaintza onartzen duenari, egiaztatzeko ez duela gaixotasun edo ezintasun fisikorik egin beharreko zerbitzuak normaltasunez gauzatzea eragotziko dionik, eta baduela lanerako behar den gaitasuna.

II. ERANSKINA
GAI-ZERRENDA
I.– Zuzenbide parlamentarioa.

1.– Eusko Legebiltzarraren Erregelamendua. Izaera juridikoa. Erregelamendugintza, erreforma, egitura eta interpretazioa. Hizkuntza ofizialak Eusko Legebiltzarrean.

2.– Ganbera eratzea. Hautetsi-agiriak. Bateraezintasunak. Legebiltzarkideen uko egitea eta ordezkapena.

3.– Eusko Legebiltzarreko kideen estatutu juridikoa. Prerrogatiba parlamentarioak. Legebiltzarkideen eskubide eta betebeharrak. Konstituzioaren 23. artikuluko parte hartze politikorako oinarrizko eskubidea.

4.– Eusko Legebiltzarreko gobernu-organoak. Lehendakaritza, Mahaia eta bere esangura tekniko-parlamentarioa. Bozeramaileen Batzarra.

5.– Talde parlamentarioak eta haien izaera juridikoa. Taldeen antolaketa. Talde-sistemak ganberen antolamendu eta funtzionamenduan duen eragina. Talde mistoa.

6.– Eusko Legebiltzarreko organo funtzionalak: Osoko Bilkura. Legebiltzarreko batzordeak: funtzioak, motak eta osaera. Ponentziak. Diputazio Iraunkorra.

7.– Ganberaren funtzionamendu orokorra: deialdia eta gai-zerrenda. Aldizkako bilerak eta bilkura-aldiak. Quoruma eta haren motak. Bilkuren publikotasuna. Eztabaida. Hitza hartzea.

8.– Bozketak. Bozketa-motak. Izenezko bozketak eta izenezkoak ez direnak. Botoa emateko hurrenkera. Sistema arruntak eta bereziak. Berdinketak.

9.– Legegintza-funtzioa. Legegintzako ohiko prozedura. Legegintza-ekimena eta haren motak. Zuzenketak: kontzeptua, motak eta baldintzak.

10.– Legegintzako prozedura bereziak. Aurrekontu Orokorren lege-proiektuaren legegintza-prozedura. Foru-aldundien ekarpenen lege-proiektuaren legegintza-prozedura. Irakurraldi bakarreko prozedura. Autonomia Estatutuaren erreforma.

11.– Legebiltzarraren funtzio ekonomikoak. Jatorria eta bilakaera. Kredituak gehitzea edo diru-sarrerak murriztea dakarten zuzenketa eta lege-proposamenak.

12.– Legebiltzarraren Jaurlaritzarekiko kontrol-funtzioa: zentsura-mozioa eta konfiantza-arazoa.

13.– Kontrol- eta sustapen-funtzioak: interpelazioak eta galderak. Legez besteko proposamenak eta interpelazioaren ondoriozko mozioak. Legegintza eskuordetuaren kontrol parlamentarioa.

14.– Informazio-tresnak: izaera juridikoa. Eusko Legebiltzarreko informazio-eskaeren azterketa eta arauketa.

15.– Jaurlaritzaren komunikazioak. Politika orokorrari buruzko eztabaida.

16.– Legebiltzarraren agintaldiaren iraungipena. Legebiltzarra desegiteko eskubidea. Moduak eta ondorioak.

II.– Konstituzio-, administrazio- eta prozesu-zuzenbidea.

1.– 1978ko Konstituzioa: egitura eta ezaugarriak. Balio gorenak eta printzipio konstituzionalak. Konstituzioaren erreforma. Zuzenbidearen iturrien sistema. Jurisprudentzia. Ohitura. Nazioarteko itunak eta horiek iturri-sisteman duten kokapena.

2.– Legea. Kontzeptua eta motak. Lege-erreserbaren printzipioa. Lege organikoak eta lege arruntak; lege-dekretuak eta legegintzako dekretuak. Autonomia-erkidegoen legeak.

3.– Autonomia-estatutuak. Autonomia-erkidegoetako ordenamendu juridikoak. Auzitegiek ordenamendu autonomikoa aplikatzea. Estatuko ordenamenduaren eta ordenamendu autonomikoaren arteko harremanak.

4.– Espainiako Konstituzioaren I. titulua. Pertsonaren duintasuna. Pertsonari datxezkion eskubideak eta oinarrizko eskubideak. Konstituzioaren 10.2 artikuluko oinarrizko eskubideak interpretatzeko irizpide berezia. Oinarrizko eskubideen eraginkortasuna, bereziki, partikularren arteko harremanetan. Oinarrizko eskubideen mugak.

5.– Generoagatiko diskriminazioaren debekuaren konstituzio-oinarriak. Genero diskriminazioaren aurkako Nazio Batuen testu eta tresnak: generoagatiko diskriminazioaren debekua EBn. 1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena.

6.– Legeen konstituzionaltasunaren kontrola: konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa eta konstituzio-kontrakotasuneko arazoa. Nazioarteko itunen konstituzionaltasunaren aldez aurreko kontrola. Autonomia-estatutuen proiektuetarako edo horiek aldatzeko konstituzio-kontrakotasuneko aurretiazko errekurtsoa. Eskubideen babes judiziala Konstituzioan: prozedura judizial sumarioa eta lehentasunezkoa. Babes-errekurtsoa. Mendeko egintzak. Legitimazioa. Babes-epaia.

7.– Administrazio-egintzak: kontzeptua eta motak. Administrazio-egintzen elementuak eta betekizunak. Administrazio-egintzen eraginkortasuna. Ondorioak Jakinarazpena. Argitaratzea.

8.– Administrazio-prozedura erkidea: aplikazio-eremua. Printzipio orokorrak. Interesdunak. Prozedurako hizkuntza. Herritarren eskubideak. Herritarrek zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa izateko tresnak. Faseak: prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera.

9.– Administrazio elektronikoa: Herritarrek zerbitzu publikoak eskuragarri izatea bide elektronikoz: Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa: egoitza elektronikoa eta Interneteko ataria, identifikazio-sistemak eta sinadura elektronikoa. Ziurtagiri elektronikoa. Artxibo elektronikoa. Administrazio-espediente elektronikoa. Administrazio publikoan dokumentuak erregistratu eta artxibatzea. Izapideen erantzukizuna. Administrazio publikoek dokumentuak ematea. Administrazio publikoek egindako kopien baliozkotasuna eta efikazia.

10.– Denboraren zenbaketa. Epe-mugak eta epeak. Preskripzioa eta iraungitzea. Ebazteko betebeharra. Ebazteko gehieneko epea etetea. Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea luzatzea. Administrazio-isiltasuna interesdunak eskaturik hasitako prozeduretan. Berariazko ebazpenik eza ofizioz hasitako prozeduretan.

11.– Administrazio-egintzaren baliogabetasunaren teoria: deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Ofiziozko berrikuspena. Kaltegarritasun-deklarazioa. Egintzak errebokatzea eta okerrak zuzentzea. Administrazio-errekurtsoak. Printzipio orokorrak. Gora jotzeko errekurtsoa. Aukerako berraztertze-errekurtsoa. Berrikuspen-errekurtso berezia.

12.– Administrazio publikoaren ondare-erantzukizuna. Administrazio publikoen, haien agintarien eta Administrazio publikoaren zerbitzura dauden langileen ondare-erantzukizuna eskatzeko printzipioak eta prozedura.

13.– Sektore publikoko kontratuak: Kontratu-motak. Erregulazio harmonizatua. Administrazio-kontratuak eta kontratu pribatuak. Kontratuaren edukia eta burutzea. Kontratuaren baliogabetasuna. Kontratazio-arloko errekurtso berezia. Kontratuak prestatzea eta adjudikatzea. Kontratuen ondoreak, betetzea eta azkentzea.

14.– Datu pertsonalen babesa Europan eta Espainian. Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

15.– Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa. Izaera, hedadura eta mugak. Administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organoak. Administrazioarekiko auzien prozesuko alderdiak: gaitasuna, legitimazioa eta defentsa. Administrazioarekiko auzien prozesuaren alde nagusiak. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa. Errekurtsoaren objektua: aurkaratu daitekeen jarduera. Prozedura arrunta eta prozedura laburtua: jartzea, izapidetzea eta amaitzea. Kautelazko neurriak. Epaia. Ebazpen judizialen aurkako errekurtsoak. Epaiak exekutatzea.

16.– Konstituzio-jurisdikzioa. Konstituzio Auzitegia. Osaera eta kideen estatutua. Antolaketa eta funtzioak. Prozedurari buruzko xedapen erkideak. Postulazio prozesala. Konstituzio-prozesuak hasteko, garatzeko eta amaitzeko egintzei buruzko erregelak. Horien ondorioei buruzko arauak. Exekuzioa.


Azterketa dokumentala