Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2023ko azaroaren 15a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
5133

EBAZPENA, 2023ko azaroaren 7koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearena, errektorearen eskumenak eskuordetzeko eta gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko 2021eko urtarrilaren 28ko Ebazpena aldatzeko dena.

Errektorearen eskumenak eskuordetu eta gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazten dituen Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen Ebazpena 2021eko urtarrilaren 28an onartu zen (2021eko otsailaren 12ko EHAA).

2023ko uztailaren 20an, Gobernu Kontseiluak onartu zuen sortzea UPV/EHUko Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboa, bai eta UPV/EHUko Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboaren Antolaketa eta Funtzionamendu Arautegia ere.

Arautegian ezartzen denez, UPV/EHUko Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboak eskumena izango du, errektoreak eskuordetuta, ebazteko unibertsitateko organoen egintzen kontra jarriko diren gorako errekurtsoak, betiere egintza horiek ez badiote ematen amaiera administrazio bideari.

Hori hala izan dadin, beharrezkoa da gorago aipatutako 2021eko urtarrilaren 28ko Ebazpenari (hau da, errektorearen eskumenak eskuordetzeko eta gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko ebazpenari) egokitzapen batzuk egitea, zehazki I. eranskineko hirugarren ataleko 1. puntua aldatzea eta laugarren atalari puntu berri bat gehitzea, ebazpen honen xedapen atalean zehazten den moduan.

Adierazitakoagatik guztiagatik, eta unibertsitatearen Estatutuetako 178, 180.1 eta 181. artikuluek ematen dizkidaten eskumenen babesean, estatutu horietako 183, 187, 191 eta 198. artikuluetan xedatutakoarekin lotuta, honako hau

XEDATU DUT:

Lehenengoa.– Aldatzea Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen 2021eko urtarrilaren 28ko Ebazpenaren (errektorearen eskumenak eskuordetzeko eta gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko ebazpena) I. eranskineko hirugarren ataleko 1. puntua. Honela idatzita geratuko da:

«Hirugarrena.– Eskumenak eskuordetzea.

1.– Gobernu taldearen egiturari jarraituz arlo bakoitzerako izendatu den errektoreordeari eskuordetzen zaizkio kasuan kasuko esparruan errektoreak dituen eskumenak, gorako errekurtsoen ebazpena izan ezik, kalterik egin gabe sektore publikoko kontratazioaren arloan xedatutakoari.»

Bigarrena.– I. eranskin horren laugarren atalari 7. puntu bat gehitzea, honela geratuko dena:

«7.– Gorako errekurtsoen ebazpena.

UPV/EHUko Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboari (EISBA) eskuordetzen zaio errektoreak duen eskumena ebazteko gobernu taldearen arlo bakoitzari dagozkion egintza eta erabakien kontra jartzen diren gorako errekurtsoak.»

Hirugarrena.– Agindua ematea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko. Bertan plazaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Leioa, 2023ko azaroaren 7a.

UPV/EHUko errektorea,

EVA FERREIRA GARCÍA.


Azterketa dokumentala