217. zk., 2023ko azaroaren 14a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (138 KB - 3 orri.)
- EPUB (126 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
5120
EBAZPENA, 2023ko urriaren 19koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita «Lugaritz-Easo tarteko trenbidearen gainegituraren eta Morlansko loturaren lanen proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.
2023ko martxoaren 13ko Ebazpenaren bidez, «Lugaritz-Easo tarteko trenbidearen gainegituraren eta Morlansko loturaren lanen proiektua» onetsi zen.
Lugaritz-Easo topoaren pasabidea 4,5 kilometroko lurrazpiko trenbidea da. Lugaritzeko geltokiaren irteeratik 90 bat metrora hasten da, egungo Lugaritz-Amara tunelarekin lotzen duen obrarekin, eta Donostiako erdigunea gurutzatu ondoren, egungo bidearekin elkartzen da berriro ere Morlanseko lurpean. Zati gehiena bi bideko tunel batek osatzen du, eta amaierako zatia soilik dago aire librean. Hor, tunel aizunak ingurabide berria Morlansen dagoenarekin lotzen du.
Jarduketak lurrazpiko hiru geltoki berri ditu: Bentaberri, Kontxa eta Easo.
Obrak bi zatitan banatuta daude: Lugaritz-Mirakontxa eta Mirakontxa-Easo. Egun gauzatzen ari diren obrek ez dute barne hartzen bidearen gainegitura, ezta Mirakontxa-Easo zatiaren PK 1+943 artean dagoen tunel aizunen lotura ere, ezta Morlanseko lurperatzearekin lotutako zatiaren amaiera eta Easo harpearen Anoeta aldeko aurrealdeari dagokion larrialdietako aireztapena ere. Horregatik, 2021eko maiatzean Lugaritz-Easo zatiko bidearen gainegitura eta Morlansekin lotzeko obra gauzatzeko proiektua idazteko laguntza teknikoaren lehiaketa egin zen eta TYPSA enpresari esleitu zioten.
Bestalde, Morlansen bide nagusiarekin lotzen den merkantzien ingurabidea definitzen ari dira. Obra horren amaierako zatia topoaren pasabidearen Morlanseko loturarekin batera gauzatu beharko da; hortaz, definizioa proiektu honen irismenaren barruan dago, bi obrek bat egiten duten zatian.
Eraikuntza-proiektuaren xedea Donostialdea Metroaren Lugaritz-Easo zatiko bidearen gainegituraren eraikuntza-obrak zehazteko beharrezko dokumentazioa ematea da, bai eta 1+943 kilometro-puntuaren eta Morlansen egungo bidean dagoen tunel amaiera lotzeko obrena ere.
Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazioa biltzen du. Horretarako, desjabetzeen eranskinean ageri dira lurzatien zerrenda eta planoak.
Organo honek eskumena du garraio-azpiegituraren arloko jarduerak betearazteko beharrezkoak diren desjabetze espedienteak izapidetzeko, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.
Abenduaren 19ko 26/2022 Legeak aldatutako Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, beste lursail batzuk erabili beharra dakarten trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo tren azpiegituraren beste elementu batzuk eraikitzeko proiektuak edo lehendik zeuden azpiegiturak aldatzeko proiektuak onartzen direnean, onespenak berekin ekarriko du onura publikoaren edo gizarte-interesaren deklarazioa, lursail horiek okupatu beharra izatea eta okupazio hori premiazkotzat deklaratzea, ukitutako eta identifikatutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.
Nolanahi ere, proiektua onartzeak inplizituki berarekin dakarren arren proiektuak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17.2, 18. eta 19.2 artikuluek ondasun eta eskubide horien xehetasunak jasoko dituen zerrenda egin eta jendaurrean jarri behar dela ezartzen dute, nahi duenak alegazioak eta datuak aurkeztu ahal izan ditzan, okerrak zuzentzeko eta interesdunak zeintzuk diren ondo zehazteko.
Hortaz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Jendaurrean jartzea «Lugaritz-Easo tarteko trenbidearen gainegituraren eta Morlansko loturaren lanen proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo hamabost (15) egun balioduneko epean alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen, okerrik baldin badago zuzentzeko, hala ezartzen baitute Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 19.2 artikuluak eta horrekin bat datozenek. Alegazioak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira (Donostia kalea 1 – Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Aipatutako epean, ondasun eta eskubideen zerrenda Donostiako udaletxeko iragarki taulan ere erakutsiko da jendaurrean.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 19a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.