217. zk., 2023ko azaroaren 14a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (388 KB - 18 orri.)
- EPUB (408 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
5116
AGINDUA, 2023ko urriaren 4koa, Hezkuntzako sailburuarena, 2023-2024ko ikasturterako laguntzetarako deialdia egiten duena, zero eta hiru urte arteko umeentzako titulartasun pribatuko haur-eskolentzat.
Abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren bidez (abenduaren 31ko EHAA, 249. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoko zero eta hiru urte bitarteko umeen haur-eskolak arautu ziren, 2002-2003ko eta 2003-2004ko ikasturteetarako. Dekretu horretan, ziklo horretako xedeak eta helburuak zehaztu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko zero eta hiru urte bitarteko umeen haur-eskolek bete beharreko kalitate-baldintzak ezarri ziren.
297/2002 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian ezarri ziren hezkuntza-eskaintza planifikatzeko lehentasun-irizpideak: hiru urtetik beherakoentzako oraingo eskaintza sendotuko da, lehentasuna emanez maila sozioekonomiko apalagoa duten zonei, titulartasun publikoko haur-eskolak sustatuz, eskaintza sendotuz, eta Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskolen kopurua areagotuz halako eskaintzarik ez duten zonetan.
Azaroaren 16ko 215/2004 Dekretuak, ildo beretik, luzatu egin zuen 297/2002 Dekretuaren zenbait artikuluren indarraldia baita, besteak beste, hirugarren xedapen gehigarriarena, zeinak zero eta hiru urte arteko umeentzako titulartasun pribatuko haur-eskolentzako dirulaguntzetarako deialdiak arautzen baititu.
Hirugarren xedapen gehigarri horrek xedatzen duenez, Hezkuntza Sailak laguntza ekonomikoen deialdi bat egingo die ikasturtero zero eta hiru urte bitarteko umeentzako titulartasun pribatuko haur-eskolei, egungo eskaintza sendotu edo, beharrezkotzat jotzen denean, handitzeko.
Era berean, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen 19. artikuluan ezartzen duenez, Eusko Jaurlaritzak neurriak jarriko ditu zero eta hiru urte bitarteko umeentzako haur-eskolak sendotzeko.
Era berean, agindu hau 2023rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartzen da. Hezkuntzako sailburuaren 2023ko urtarrilaren 31ko Aginduaren bidez onartu zen plan hori, eta bertan jasotzen da deialdi hau.
Aipatutako xedapenak betetzeko, agindu honen xedea da behar bezalako baimena duten titulartasun pribatuko Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskolentzako dirulaguntzen deialdia egitea 2023-2024ko ikasturterako. Beraz, laguntzen helburua da Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskola horiei eusteko gastuak arintzea, familiek egin beharreko ordainketak gutxitzeko asmoz.
Era berean, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren laguntzen eta dirulaguntzen araubideari buruzko xedapenetan eta arau-hausteen eta zehapenen araubideari buruzkoetan ezarritakoaren arabera jardungo da, bat etorrita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin.
Horregatik guztiagatik, eta oinarritzat hartuta Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutakoa, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren konturako gastuak aurrez izapidetzeko modua arautzen baita,
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta zuzkidura ekonomikoa.
Deialdi honen xedea da 2023-2024 ikasturtean, titulartasun pribatuko ikastetxeek Haur Hezkuntzako lehen zikloa emateko diruz laguntzea, itunpeko ikastetxeetako hirugarren mailako gelak izan ezik. Deialdi honetan, 17.250.000 euroko dirulaguntza emango zaie.
2. artikulua.– Helburua.
Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak emango dira EAEko titulartasun pribatuko Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko gelei eusten laguntzeko, familien kuotak gutxitu eta homogeneizatzeko, familia eta lana uztartzeko zerbitzu bat eskaintzeko eta hezkuntzaren kalitatea hobetzeko. Izan ere, dagoen eskaintza sendotu nahi da, eta, beharrezkotzat joz gero, zabaldu, abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak aipatzen dituen plangintza-irizpideekin bat etorrita, betiere.
3. artikulua.– Onuradunak eta betebeharreko baldintzak.
1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute EAEko titulartasun pribatuko haur-eskolek eta itunpeko ikastetxe pribatuek, baldin eta 2023-2024 ikasturtean Haur Hezkuntzako lehen zikloa emateko baimena badute. Itunpeko ikastetxe pribatuetan, kanpoan geratuko da Haur Hezkuntzako lehen zikloko hirugarren kurtsoa (bi urtekoen gela).
2.– Laguntza ematea eta, hala bada, ordaintzea baldintzatuta dago; hain zuzen ere, laguntzarik eman edo ordaintzeko, amaituta egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiak emandako izaera bereko laguntzak edo dirulaguntzak direla-eta hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozedura.
3.– Ezingo zaie laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexuaren ziozko bereizkeria eragiten duten jarduerei, ez eta sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapena jaso duten pertsona fisiko edo juridikoei ere, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ezingo dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean eduki behar duten baina halakorik ez duten enpresek, ez eta 50 langiletik gorako enpresek ere, baldin eta egiaztatzen ez badute neurriak ezarri dituztela sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko Estatuko legerian ezarritako baldintzetan.
4.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan azaldutako egoeraren batean dauden pertsonak edo entitateak ezin izango dira onuradun izan. Eskatzaileak dirulaguntzak jasotzeko debekurik ez duela egiaztatuko da 13. artikulu horren 4., 5., 6. eta 7. apartatuetan agertzen den moduan, eta aplikagarria izango da Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikulua.
4. artikulua.– Diruz lagundu beharreko postu kopurua zehaztea.
2021, 2022 eta 2023an jaiotako haur guztien matrikularen datu banakatuak eta baimendutako ikasgeletan adinaren araberako banaketa ikastetxe bakoitzak EAEko unibertsitateaz kanpoko ikasleen erregistro-aplikazioan sartuko ditu. Deialdi honen eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunean, Ikastetxe eta Plangintzaren Zuzendaritzak aterako ditu datuak aplikaziotik, eta kontuan hartuko ditu zentro bakoitzak jasoko dituen zenbatekoak kalkulatzeko. Laguntza hauek kudeatzeko erabiltzen diren ikasleen datu pertsonalak hauek dira:
– Izena eta bi abizen.
– Jaioteguna.
Dirulaguntza kalkulatzeko orduan kontuan hartuko diren postu beteak edo okupatuak zehazteari dagokionez, honako irizpide hauek aplikatuko dira:
Hiru tarteetan, betetako plaza guztiak diruz lagunduko dira, betiere 2023-2024ko ikasturterako finkatutako mugaz.
Nolanahi ere, 2023ko abenduaren 15ean matrikulatuta dauden ikasleak zenbatuko dira dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko. Ondorio horietarako, ez dira matrikulatutzat joko 2023ko azaroaren 15az geroztik jaiotako haurrak.
2023ko maiatzaren 15ean baino lehenago jaiotako umeek ikasturte osoko dirulaguntza jasotzeko eskubidea izango dute, hau da, 2023ko irailetik 2024ko uztailera bitartean.
Matrikulatuta dauden gainerako haurrek irizpide hauen arabera izango dute laguntza jasotzeko eskubidea:
Maiatzaren 16tik ekainaren 15era bitartean jaiotakoek, 2023ko urritik 2024ko uztailera bitartean.
Ekainaren 16tik uztailaren 15era bitartean jaiotakoek, 2023ko azarotik 2024ko uztailera bitartean.
Uztailaren 16tik abuztuaren 15era bitartean jaiotakoek, 2023ko abendutik 2024ko uztailera bitartean.
Abuztuaren 16tik irailaren 15era bitartean jaiotakoek, 2024ko urtarriletik uztailera bitartean.
Irailaren 16tik urriaren 15era bitartean jaiotakoek, 2024ko otsailetik uztailera bitartean.
Urriaren 16tik azaroaren 15era bitartean jaiotakoek, 2024ko martxotik uztailera bitartean.
5. artikulua.– Dirulaguntzaren kalkulua.
1.– Hiru adin-tarteetan, urteko moduluaren % 60 finantzatuko da betetzen den plaza bakoitza:
(Ikus .PDF)
2.– Dirulaguntza ikastetxe bakoitzak bere egutegian ezartzen duen jarduera-hilabete kopuruaren proportzionala izango da, eta ezingo da 10 hilabetetik beherakoa izan. Jarduera uztailaren 14ra arte luzatu beharko da, gutxienez, dirulaguntza osoa lortu ahal izateko. Zentroren baten jarduera eteten denean, ez da kontuan hartuko hilabeteen muga. zerbitzua eskaini den hilabete kopuruaren araberako zenbateko proportzionala lortuko da.
3.– Zentroaren egutegia horretarako sortutako aplikazioan bete beharko da. Aplikazio horretatik aterako dira dirulaguntza kalkulatzeko datuak.
4.– Lehenengo artikuluan ezarritako zenbatekoa nahikoa ez bada egin diren eskaera guztiei erantzuteko eta handitzerik ez badago, ateratzen den zenbatekoa berdindu edo hainbanatu egingo da, salbuespen gisa, guztizko zenbateko hori ezarri den mugari egokitzeko.
6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Pertsona edo erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honen izapideak eskatu, kontsultatu eta burutzeko. Ez da paperezko dokumentaziorik onartuko.
2.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzen duen Informatika eta Teknologiako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa.
3.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri. https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0097013
4.– Eskaeraren ondorengo izapideak, zuzenketak, justifikazioak eta gora jotzeko errekurtsoak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
6.– Horretarako, ordezkaritza Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan inskribatu beharko da, eta helbide honetan eskuratu ahal izango da: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
7. artikulua.– Betebeharrak eta betekizunak egiaztatzea
1.– Organo kudeatzaileak izapidetze elektronikoaren bitartez egiaztatuko du automatikoki, behar bestetan, laguntzak eskatu dituen pertsonak edo erakundeak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikulua betetzeko.
2.– Eskarietan aukera izango da laguntzak eskatzen dituen pertsonak edo erakundeak berariaz adieraz dezan baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten administrazio-agiriak aurkeztu beharko ditu.
3.– Ez da berriro aurkeztu behar lehenagoko deialdietan Administrazioan aurkeztutako dokumentaziorik. Horretarako, interesdunak dokumentazioa noiz eta zer administrazio-erakundetan aurkeztu zuen adierazi beharko du.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 eta 6 artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua aplikatuz, eskaerarekin batera erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar da, honako betebehar hauek egiaztatzeko:
– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla jakinaraztea, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere:
– Bete beharreko itzulketa-prozedura guztiak bukatuta egotea azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluak esaten duen bezala.
– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez du izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legeriak ezarritako baldintzetan.
– Eskatzailea ez dagoela dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan jasotako egoeretan.
– Eskaera-orriko eta berarekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla adieraztea, eta betetzen dituela laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.
5.– Erregistratu gabe egonez gero edo Ekonomia eta Ogasuna Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero, jo helbide horretara: http://www.euskadi.eus/hirugarrenak
8. artikulua.– Eskaerak eta aurkeztu behar diren agiriak.
1.– Bide elektronikoz aurkeztu beharko dira eskaerak (I. eranskina) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0097013
2.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskaera eta horri erantsitako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dute, norberak aukeratzen duen hizkuntzan. Era berean, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2 a) eta 6.1 artikuluetan.
3.– Deialdi honi heltzeko, eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
4.– Eskaerarekin batera, honako agiriak ere aurkeztu behar dira, nahitaez: agindu honen eranskinak https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0097013 webgunean daude eskuragarri.
a) 2023-2024ko ikasturterako eskatutako edo jasotako bestelako laguntzen zerrenda (II. eranskina).
b) 5.6 artikuluan aipatutako Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan alta emanda ez badago, notario-ahalorde bat edo egiaztagiri bat aurkeztu ahal izango da, eskatzaileari baimena ematen diona ikastetxearen izenean jarduteko. Era berean, dokumentu hori ez da beharrezkoa izango aurreko deialdietan aurkeztu bada.
c) 2023-2024ko ikasturteko aurrekontua (III. eranskina).
d) Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko eskolaren hezkuntza-langileen zerrenda, lan-egoera, eta ikasketen titulazioa eta euskara-titulazioa adierazita. 2023-2024ko ikasturte honetan kontratatutako pertsonen tituluen eta lan-kontratuen fotokopiak aurkeztu beharko dira, baldin eta aurreko ikasturteko irakasleen zerrendan ez badaude (IV. eranskina).
e) 2023an jaiotako umeen familia-liburuen kopia.
5.– Hezkuntza-proiektua Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskolan gordeko da, eta agindu honen 15. artikuluan ezarritako jarraipen-batzordearen esku egongo da. Hezkuntza-proiektu horrek honako hauek jasoko ditu, besteak beste:
a) Haurren kopurua, urteen arabera, taldekatzeko irizpideak, unitate-kopurua, adinaren eta hizkuntza-ereduaren arabera.
b) Unitate bakoitzeko haur-hezitzaileen zerrenda, honako hauek jasota: lan-egoera, titulazioa eta hizkuntza-gaitasuna. Laguntza-langileen zerrenda ere jasoko da.
c) Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskola-egutegia eta ordutegia eta eskainitako zerbitzuak: jantokia, mediku- eta osasun-laguntza, laguntza psikologikoa, gurasoen eskola...
d) Jarduerak hezkuntza-eremuan dituen balio, helburu eta lehentasunen definizioa.
9. artikulua.– Organo instrukzio-egilea eta dokumentazioa zuzentzea.
1.– Ikastetxe eta Plangintzaren Zuzendaria izango da dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzio-egilea, eta prozedura ebazteko egoki deritzen agiri guztiak eskatu ahal izango ditu.
2.– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak zehaztasun-ezik edo hutsegiterik hautematen badu aurkeztutako eskaeran, eskatzaileari jakinarazi eta hamar eguneko epea emango dio, zuzentzeko.
Aipatutako epean eskatzaileak zuzenketarik ez badu egin, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68.1 artikuluetan jasotakoaren arabera eman behar den ebazpenaren ostean.
10. artikulua.– Deialdia ebaztea.
1.– Hezkuntzako sailburuordeak sei hilabeteko epean emango du deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen eskaerak onartzeko eta ukatzeko ebazpena. Ebazpen hori banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, bide elektronikotik; bestalde, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira onartu diren dirulaguntza-eskaerak, denek jakiteko.
Ebazpenak bide elektronikoz jakinarazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atala erabiliko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
2.– Epea amaitu eta interesdunei ebazpenik jakinarazi ezean, eskaera ezetsi egin dela ulertu ahal izango da.
3.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera.
11. artikulua.– Laguntzak jasotzea eta justifikatzea.
1.– Dirulaguntza bi epetan ordainduko da. Lehenengoan, dirulaguntza guztiaren % 30 ordainduko da, Hezkuntzako sailburuaren ebazpena onartu ostean, agindu honen 10. artikuluan adierazitako moduan. Bigarren ordainketa, gainerako % 70a, 2024ko uztailean ordainduko da, laguntzaren justifikazioa egin ondoren.
2.– 2024ko ekainaren 1etik 15era, dirulaguntza jaso duten pertsonek edo erakundeek Haur Eskolak 2023-2024ko ikasturtean izandako gastuak eta diru-sarreren justifikazioa bidali beharko dute (V. eranskina), Hezkuntza Saileko Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzara. Horretarako ezarritako inprimaki-eredu bat erabiliko da, eta behar bezala bete. Inprimakiaren eredua https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0097013 egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri.
Justifikazioak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
3.– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak justifikazioak egiaztatuko ditu. Onuradunek justifikazioko jatorrizko agiri guztiak eta dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko balio juridikoa duten agiri guztiak eduki beharko dituzte zaintzapean eta Zuzendaritzaren eskura, Zuzendaritzak hala eskatzen badu.
4.– Aurkeztutako justifikazioa dela eta, diru-sarrerak egindako gastuak baino handiagoak direla egiaztatzen bada, Hezkuntzako Sailburuordetzak dirulaguntza kitatu egingo du; horretarako, antzemandako alde hori murriztuko zaio, gainfinantzaketarik gerta ez dadin. Ondorio horietarako, organo horrek kitatze-ebazpena emango du, eta horretarako kontuan hartuko du abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura.
12. artikulua.– Bateragarritasunen araubidea.
Deialdi honen bidez lortutako kopurua bateragarria izango da hezkuntza arloan eskumenik ez duten administrazio publikoen edo erakunde pribatuen mende dauden organoen bidez lortutako beste edozeinekin, baina dirulaguntza guztien batura ezingo da izan gastuaren % 100 baino handiagoa. Halakorik gertatuz gero, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera legokiokeen dirulaguntzari.
13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetako dirulaguntzen erakunde onuradunek honako betebehar hauek dituzte, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrez gain (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publikotasun egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko Legearen 18. artikuluko 3. eta 4. apartatuetan jasotakoarekin bat etorriz):
1.– Ematen den dirulaguntza onartzea. Ebazpena interesdunei jakinarazi eta hamabost egunean pertsona/erakunde onuradunek dirulaguntzari beren-beregi eta idatziz ez badiote uko egiten, dirulaguntza onartutzat joko da.
2.– Dirulaguntza helburu jakin baterako ematen da, eta horrexetarako erabili behar da.
3.– Era berean, dirulaguntza ematen duen administrazioak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Administrazioaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egindako egiaztatze-jarduerak onartu beharko ditu dirulaguntzaren onuradunak, halaxe ezartzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, eskumena duen sailaren bitartez, auditoretzak egin ahal izango ditu ikastetxeetan, emandako datuak benetakoak direla egiaztatzeko.
14. artikulua.– Ez betetzea eta itzultzeko prozedura.
Laguntza emateko ezarri diren baldintzak betetzen ez badira, jasotako kopuruak eta berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, bat etorrita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 37. Artikuluarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz. Eta batez ere kasu hauetan:
a) Justifikatzeko obligazioa ez betetzea.
b) Laguntza zertarako eman, horretarako ez erabiltzea.
c) Behar diren baldintzak bete gabe lortzea laguntza.
d) Agindu honen 13. artikuluan ezarritako betebeharretariko bat ez betetzea.
15. artikulua.– Jarraipen-batzordea.
Deialdi honetan ezarritako baldintzak eta xedea behar bezala betetzen direla bermatzeko, jarraipen-batzorde bat eratuko da. Hauek izango dira batzordeko kideak:
– Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendaria edo hura ordezkatzen duen pertsona; batzordeburu jardungo du.
– Hezkuntzako ikuskaria.
– Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzak izendatutako teknikari bat.
– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak izendatutako teknikari bat; idazkari jardungo du.
16. artikulua.– Jarraipen-batzordearen egitekoak.
1.– Jarraipen-batzordeak, berak zehazten duen prozeduraren arabera, bere esku izango du dirulaguntza jasotzen duen erakundeak bere betebeharrak zein neurritan betetzen dituen egiaztatzea.
2.– Horretarako, jarraipen-batzordeak, 11. artikuluan azaldu den bigarren ordainketa egin aurretik, erakunde onuradunek aurkeztutako datuak aztertu ahalko ditu, eta agindu zaizkion funtzioak betetzeko beharrezko iritzitako agiri osagarri guztiak eska ditzake.
17. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazio oinarrizkoa. Datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Dirulaguntzak: haur-eskolei eta irakaskuntza espezializatuei.
– Arduraduna: Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
– Helburua: diruz laguntzea 0 eta 3 urte arteko haurrentzako eskolen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, baita musika eta arte plastikoetako ikastetxeak ere.
– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
– Hartzaileak: Ekonomia eta Ogasun Saila.
– Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.
– Informazio osagarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/045400-capa2-eu.shtml/
Araudia:
Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf/
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf
LEHENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, ezinbestekoa izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorretan, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honetan araututako laguntzek ez dituzte betetzen EBren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 107. artikuluko 1. paragrafoan ezarritako baldintza guztiak, eta, beraz, ez dira estatu-laguntza, eta ez da beharrezkoa Europako Batzordeari jakinaraztea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Prozedura-arloan agindu honetan arautu gabeko alderdietan, Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritakoa beteko da.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Hezkuntzako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari baimena ematen zaio agindu hau betetzeko behar diren jarraibide guztiak eman ditzan.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
Agindu honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 4a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.