Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

217. zk., 2023ko azaroaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5114

EBAZPENA, 2023ko urriaren 10ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Elgoibar eta Mendaro (Gipuzkoa) arteko zatiko Debabarreneko saneamendu-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena. Proiektu hori Uraren Euskal Agentziak sustatu du.

AURREKARIAK

2023ko ekainaren 15ean, Ura-Uraren Euskal Agentziak eskaera bat egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Elgoibar eta Mendaro arteko zatiko Debabarreneko saneamendu-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago arautua).

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2023ko abuztuaren 30ean, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epealdia bukatutakoan zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumenaren babes-maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko xedez.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E eranskinaren E8 taldeko 8.g) epigrafean xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie «lehen mailako saneamendu-sareen 3 kilometrotik gorako hoditeria-instalazioei, arazketa-sistemak barne, baldin eta urbanizatu gabeko lurzorutik igarotzen badira osorik edo partzialki».

Lehen mailako saneamendu-sareen hoditeria berriak egiteko obrak zehazten ditu proiektuak, 5,5 km ingurukoak.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdietara egokitzen dela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Elgoibar eta Mendaro arteko zatiko Debabarreneko saneamendu-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, honako alderdi hauek aintzat hartuta:

A) Proiektuaren xedea da Mendaroko udalerriko Azpilgoeta, Garagartza, Plaza eta Kurutz-Gain poligonoko eta Elgoibarko udalerriko Altzola auzoko hondakin-urak biltzeko eta tratatzeko konponbidea zehaztea, Debabarreneko kolektore nagusiarekin lotuta. Kolektore horrek Apraitzeko (Elgoibar) HUAra (hondakin-uren araztegia) eramaten ditu bildutako hondakin-urak, bertan tratatzeko.

B) Elgoibar eta Mendaro arteko zatiko Debabarreneko saneamendu-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Aurreikusitako jarduketen bidez, 5.500 metro inguruko hainbat kolektore-zati eta 5 ponpatze-estazio eraikiko dira, Mendaroko Azpilgoeta eta Garagartza auzoetako, Esser eta Erramone industrialdeetako, Kurutz-Gain industrialdeko eta Plaza auzoko, eta Elgoibarko Altzola auzoko hondakin-urak Apraitzeko HUAra doan kolektorearekin lotzeko, zeina emari berri hori jasotzeko diseinatuta dagoen.

• Erramoneko kolektorea: Kolektore-zati hau (PVC315, 400 eta 500 mm) Deba ibaiaren eskuinaldean dagoen Erramone industrialdetik Garagartzako ponpatze-estazio berriraino doa. 735 metroko luzera du eta 5 metroko sakonerara iristen da, eroapena erabat grabitate bidezkoa izan dadin. Mendarozabal kaletik, Kilimon etorbidetik eta Jose Maria Linazasoro kaletik igarotzen da. Burualdean, kolektoreak Esser industrialdeko hondakin-urak jasotzen ditu. Azken zatian, Kilimoi erreka zeharkatzen du, zubiari ainguratuta.

• Garagartzako kolektorea: eremu honetan lau zati aurreikusten dira.

– GA-1. zatia. PVC250. 26,83 metroko luzera du. Zati laburra da, eta grabitate bidez igaroko da Mendarozabal kaletik, Mendaroko eskola publikoaren ondotik. Egun dagoen hondakin-uren sarea Erramoneko kolektorearekin lotuko du.

– GA-2. zatia. PVC135. 26,84 metroko luzera du. Kilimoi errekaren ezkerreko ertzaren paraleloan dagoen kolektore-zati bat berritzean datza, baina kota berri batean, Erramoneko kolektorearekin lotzeko, Garagartzako HUPEra (hondakin-uren ponpatze-estazioa) iritsi aurretik.

– GA-3. zatia. PVC500. 45,34 metroko luzera du. Garagartzako HUPEaren gainezkabide berri bat da, Kilimoi errekaren eskuinaldean. HUPEtik abiatzen da, eta lehendik dagoen sareari lotzen zaio; sare horren bidez, gaur egun, eremu horretako hondakin-urak Kilimoi errekara isurtzen dira. Lotura sareko putzu batean egiten da, Kilimoi errekaren azpitik igaro aurretik. Putzu horretan bertan, atzera ezineko balbula bat jarriko da, ibaiko ura HUPEra sar ez dadin uholdeak gertatuz gero.

– GA-4. zatia. FD250 eta 300. 3.514,11 metroko luzera du eta bulkatze-bidezkoa da. Garagartzako HUPE berritik abiatzen da eta Mendaroko udalerrian aurreikusitako gainerako HUPEen konexioa jasotzen du, Azpilgoetakoa izan ezik; azken horren karga Erramoneko kolektoreko putzu batera iristen da, lehendabizi Garagartzako HUPEra joateko. Ibilbideak Kilimoi erreka zeharkatzen du eta, hasieran, Erramone kolektorearekiko paraleloan doa. Mendarozabal kaletik Deba ibaia zeharkatzen du, eta, ondoren, hegoalderantz jarraitzen du, N-634 errepidearen bazterbidetik, Mendarorako norabidean. Azkenik, Arriagako industrialdeko grabitate-sarearekin lotzen da, Apraitzeko HUAko sarrerako konektorera iritsi arte. Hainbat kutxatila jartzea aurreikusten da, hoditeria horretako bentosak eta hustubideak kokatzeko. Kutxatila horiek, bai eta bulkatze-lotuneenak ere, ezin dute N-634 errepidearen azpiegitura hartu, erreitik eta bazterbidetik kanpo geratu behar dute.

• Azpilgoetako kolektorea: proiektuaren zatirik iparraldekoenak dira, Mendaroko herrigunearen iparraldean kokatuak.

– AZ-1. zatia (PVC315. 93,06 m) eta AZ-2. zatia (PVC315. 81,04 m) lehendik dagoen sarearekin lotuko dira, urak grabitatez bideratzeko etorkizuneko Azpilgoetako HUPEra. N-634 errepidearen mendebaldetik igaroko dira.

– AZ-3. zatia. PVC315. 23,24 metroko luzera du. Azpilgoetako HUPEko gainezkabidea da. Kolektore hori putzu baten bidez lotuko da gaur egun dagoen sarearekin; sare horrek Deba ibaira isurtzen ditu eremu horretako hondakin-urak. Putzu horretan bertan, atzera ezineko balbula bat jarriko da, ibaiko ura HUPEra sar ez dadin uholdeak gertatuz gero.

– AZ-4. zatia. FD125. 200,52 metroko luzera du eta bulkatze-bidezkoa da. Azpilgoetako HUPEtik hego-ekialderantz doa, lehenik N-634 errepidearen ezkerraldetik eta, ondoren, aireko zati batetik, Deba ibaiaren oinezkoentzako pasabidetik, eta, azkenik, Erramoneko kolektorearekin lotzen da.

• Kurutz-Gaineko kolektorea: Kurutz-Gain industrialdearen iparraldean hiru zati egitea aurreikusi da, N-634 errepidearen biribilgunearen ondoan.

– KG-1. zatia. PVC315. 15,63 metroko luzera du. Lehendik dagoen sarea etorkizuneko Kurutz-Gaineko HUPEarekin lotzen du.

– KG-2. zatia. PVC315. 5,29 metroko luzera du. Kurutz-Gaineko HUPEko gainezkabidea da. Deba ibaiaren eremu horretako ubideratzearen horman isurtzen ditu urak (aurrerago birjarriko da hori). Atzera ezineko balbula bat ere jarriko da isurgunean.

– KG-3. zatia. FD80. 8,20 metroko luzera du eta bulkatze-bidezkoa da. Kurutz-Gaineko HUPEtik abiatuko da, Garagartzako bulkatze-hoditeriarekin lotzeko (GA-4. zatia).

• Plazako kolektorea: AP-8 eta N-634 errepideen mendebaldean dagoen eremu honetan, Aizkoltxo muinoaren parean, hiru zati egitea aurreikusi da.

– PL-1. zatia. PVC315. 4,92 metroko luzera du. Lehendik dagoen sarea etorkizuneko Kurutz-Gaineko HUPEarekin lotzen du.

– PL-2. zatia. PVC315. 7,78 metroko luzera du. Plazako HUPEko gainezkabidea da. Hondakin-urak Kortazar errekara (Goikola) isurtzen dituen kolektorearekin lotuko da. Atzera ezineko balbula bat jarriko da, errekaren emaria HUPEra sar ez dadin.

– PL-3. zatia. FD80. 67,36 metroko luzera du. Plazako HUPEtik ekialderantz doan bulkatze bidezko zatia da, eta AP-8 eta N-634 errepideak zeharkatzen ditu, Garagartzako bulkatze-hoditeriarekin (GA-4. zatia) bat egin arte.

• Altzolako hoditeria: bost zati egitea aurreikusten da.

– AL-1. zatia. PVC315. 373,81 metroko luzera du. Deba ibaiaren ezkerraldeko sarea etorkizuneko Altzolako HUPEarekin lotzen du. Ibilbidearen zati bat Deba ibaiaren ubideratze-hormari ainguratuta doa, Altzolatik igarotzean, ipar-ekialderantz. N-634 errepidearen azpiko azken zatia, HUPEarekin lotu arte, tinkatze helikoidal bidez egingo da.

– AL-2. zatia. PVC315. 220,31 metroko luzera du. Deba ibaiaren eskuinaldeko sarea lotzen du Altzolako HUPEra bideratzeko. Ipar-ekialderantz doa, Deba ibaia zeharkatzen du zangan, eta, azkenik, HUPEarekin lotzen da, tinkatze helikoidal bidezko tarte baten bidez. Aurretik, Deba ibaia zeharkatu beharko da, zanga eginez eta ibaia desbideratuz.

– AL-3. zatia. PVC315. 13,79 metroko luzera du. Deba ibaiaren ezkerraldeko sarea lotzen du, Karmen Plazan, Altzolako HUPEra bideratzeko. AL-1. zatira iristen da N-634 errepidea zeharkatu aurretik.

– AL-4. zatia. PEAD400. 16,51 metroko luzera du. Deba ibaiaren ezkerraldean dagoen Altzolako HUPEaren gainezkabidea da. Tinkatze helikoidala erabiliko da.

– AL-5. zatia. FD100. 9,33 metroko luzera du. Altzolako HUPEtik doan bulkatze bidezko zatia da, Garagartzako bulkatze-hoditeriarekin lotzen dena (GA-4. zatia), hegoalderantz jarraitzeko, N-634 errepideko bazterbidetik, Elgoibarko norabidean.

Kolektoreak, batez ere, bide publikoetatik igarotzen dira, lorategi edo okupatu gabeko zati jakin batzuetan izan ezik, batez ere Altzolako hoditeriari dagozkionak.

Hodi horiek ia osorik zangetan jarriko dira. Hainbat zanga mota egitea aurreikusten da, lurraren eta hoditeriaren ezaugarrien arabera, guztiak eskora-oholtzekin. Deba ibaia gurutzatzen duen zangarako, hormigoizko harri-lubeta geruza bat egitea aurreikusten da gainazalean.

10-15 metroko zati laburretan egingo da. Horietan, hainbat aurretiazko lan egingo dira: eraispena, lur-erauzketa edo belar-sastrakak kentzea, indusketa, hodia jartzea eta, zati horretan baldin badago, putzua egitea, birjarpenak eta betelanak. Eguneko 25 metro inguruko errendimendua aurreikusten da.

Altzolako kolektoreen eta HUPEaren tinkatzeak egiteko, eraso-putzu bakarra egingo da, 7,5x7,5 metroko barne-neurri librekoa, etorkizuneko Altzolako HUPEaren kokalekuan.

• Garagartzako HUPEa: Garagartza kalearen eskuinaldean dago, haurtzaindegi baten eta etxebizitza baten artean. Gaur eguneko kokalekua orube goratu eta hormigoiztatu bat da, zuhaitz gutxi batzuk eta bi banku dituena. HUPEa egiteko, plataforma goratua eraitsi beharko da. Oinplanoaren azalera 200 m2-koa izango da. Apraitzeko HUArantz 52,73 l/s-ko emaria bultzatzeko diseinatuta dago.

• Azpilgoetako HUPEa: Azpilgoeta kalean dago, N-634 errepidearen mendebaldean. Haren oinplanoaren azalera 17 m2 ingurukoa izango da. Erramoneko kolektorera 9,74 l/s-ko emaria bultzatzeko diseinatuta dago.

• Kurutz-Gaineko HUPEa: Kurutz Gain industrialdearen eta N-634 errepidearen biribilgunearen artean dago, Deba ibaiaren ertzean dauden lore-zelaitan. Haren oinplanoaren azalera 17 m2 ingurukoa izango da. Erabiltzen ez den ponpatze-estazio zaharra eraitsi egingo da. 3,66 l/s-ko emaria Garagartzako bulkatze-hoditeriara bultzatzeko diseinatuta dago.

• Plazako HUPEa: Azpilgoeta auzoan dago, AP-8aren mendebaldeko asfaltozko lurzoruetan. Haren oinplanoaren azalera 20 m2 ingurukoa izango da. 0,86 l/s-ko emaria Garagartzako bulkatze-hoditeriara bultzatzeko diseinatuta dago.

• Altzolako HUPEa: Deba ibaiaren eta N-634 errepidearen arteko larre eta fruta-arbolen lursailean dago. Haren oinplanoaren azalera 20 m2 ingurukoa izango da. 5,75 l/s-ko emaria Garagartzako bulkatze-hoditeriara bultzatzeko diseinatuta dago.

HUPE guztietan, maila freatikoa eta estratu harritsuaren kota direla eta, egitura bermatzeko, beharrezkoa da perimetroko euste-horma egitea, mikropilote sekanteko pantailaren bidez.

Instalazioen ondoren, kaltetutako zoladura eta egitura guztiak berrezarriko dira, eta eskuz ereingo da lorategietan edo soropila duten eremuetan, landare-lurra berrezarriz (30 cm-ko lodiera). Proiektuaren planoetan adierazitako eremuetan leheneratze-lanak egingo dira, batez ere egoera naturalari edo landarediari eusten dioten ponpatze-estazioen inguruetan. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, zuhaitz-landaketetarako Quercus robur eta Betula alba espezieak erabiltzea aurreikusten da.

Indusketako materialaren soberakin osoa 5.790,76 m3-koa da (11.002,44 t). Ez da maileguzko materialik beharko, hodiaren ohea egiteko hondarra izan ezik.

Proiektuak Hondakinak Kudeatzeko Azterlan bat barne hartzen du, eta, bertan, obretan sortuko diren hondakinen gutxi gorabeherako kopurua zehazten da; hondakinak EHZ kodearen arabera identifikatzen dira, eta horien azken helmuga ere adierazten da, batez ere haien balorizazioa aurreikusiz. A priori, sortu daitezkeen hondakin arriskutsuak motor-olioen ontziak eta hondakinak bakarrik dira.

Obraren guztizko iraupena 18 hilabetekoa izatea espero da, aurreikusitako jarduketa guztiak kontuan hartuta: saneamendu-sarea, mikropilotezko pantailak, indusketak, betelanak, egiturak eraikitzea eta tinkatze helikoidalak egitea.

Alternatibei dagokienez, ingurumen-dokumentuan bi garapen-alternatiba aztertu dira, 0 edo ezer ez egiteko alternatibarekin batera.

0 alternatiba baztertu egin da, egungo egoerak ez dielako erantzuten eremuan sortutako hondakin-urak tratatzeko beharrei, zuzenean Deba ibaira isurtzen baitira. Ildo horretan, saneamendu horiek Apraitzeko HUAra bideratu behar dira.

1. alternatiba 2008ko azaroko «Debabarreneko saneamendu-proiektua Elgoibar eta Mendaro arteko tartean» proiektuan planteatutako konponbidearekin bat dator. Bertan, emari guztiak araztegi bakar batera bideratzea aurreikusten zen, Apraitzeko HUAra.

2. alternatibak Mendaron HUA berri bat eraikitzea proposatzen du, hondakin-urak, tratatzeko, ponpatze bidez urrutira garraiatzea saihestuz.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, ez da aukerarik bideragarriena saneamendua Mendaroko HUA berri batean tratatzea, hura eraikitzeko lekua izatea zaila delako eta gainezkabide eta isurgune gehiago instalatu behar direlako. Hortaz, 1. alternatiba aukeratu da:

2.– Proiektuaren kokapena.

Proiektuaren eremua Deba ibaiaren ibarreko lurretan dago, ibilguaren ondoan, Mendaro eta Elgoibar udalerrien artean.

Hauek dira eremuaren ezaugarri nagusiak:

– Proiektuaren eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari dagokion Debako Unitate Hidrologikoan dago. Zehazki, Deba ibaiaren arroan dago, Deba-D (ES111R042020) ur-masa bezala identifikatuta. Aurreikusitako ibilbidea ibaiaren ibilgutik gertu doa, batez ere N-634 errepidearen bazterbidetik. Lau aldiz zeharkatzen du Deba ibaia, hiru aldiz lehendik dauden egituretatik (zubia eta pasabidea) eta beste behin tinkatze bidez. Era berean, Kilimoi erreka gurutzatzen du, lehendik dagoen zubi baten bidez, bai eta Goikola eta Belortzagi errekak ere, N-634 errepidean zehar lurpetik doazenak.

– EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialak 5. maila ematen dio Deba ibaiari (400 eta 600 km2 bitarteko isuri-arroa), eta ibaiertzetako batzuk ondo kontserbatutako landaredia duten eremutzat jotzen ditu.

– Aurreikusitako ibilbidea material litologikoen gainean dago, batez ere kareharrien eta harri detritikoen gainean (iragazkortasun txikia eta ertaina dute horiek). Ikuspegi edafologikotik, lurzoruak flubisolekin eta kanbisolekin bat datoz; hala ere, hoditeriaren zati handi bat lurzoru artifizializatuetatik igarotzen da.

– Lurpeko urei dagokienez, eremua Izarraitz masari dagokio batez ere. Mendaroko herrigunea lurpeko ur-masen Lastur-Arno sektorean dago, eta haren mugaketa, funtsean, Interes Hidrogeologikoko Eremuarena da. Nabarmendu behar da hegoaldeko muturra Alzolako ur mineralen babes-perimetroan sartzen dela, zeina Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren Eremu Babestuen Erregistroan jasotzen den. Era berean, hoditeriatik gertu dauden hainbat ur-hargune eta ur-eremu identifikatu dira, eta horien babes-eremua ere proiektuaren eremuan sartu da.

– Eremuan dagoen landaredia, funtsean, lur urbanizatuei lotutako izaera erruderal eta nitrofilokoa edo apaingarrikoa da. Nolanahi ere, ibilbidea ibilgutik hurbil igarotzen den eremuetan, honako hauek ere identifikatzen dira: Batasunaren Intereseko Habitat gisa identifikatutako zuhaitz-masak, Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieetako alubioi-basoak (91E0*) eta Platanus hispanica espeziearen ilarak. Hoditeria, batez ere, bazterbidetik eta N-634 errepidearen ertzetatik igaroko da. Hala ere, Altzolako HUPEa eta horren inguruan aurreikusitako hoditeriak larre eta fruta-arbolen eremu batean eta ibarbaso batean finkatuko dira. Eremuan ez da identifikatzen Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan jasotako landare-espezierik.

– Uste da oso baldintzatuta dagoela intereseko fauna-espezieen presentzia, proiektuaren eremuaren artifizializatze-maila dela-eta. Hala ere, litekeena da Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan jasota dauden zenbait espezie egotea, batez ere Deba ibaiari eta haren ibaiertzari lotutako abifauna. Bestalde, Goikola erreka bisoi europarraren (Mustela lutreola) Interes Bereziko Eremu gisa identifikatuta dago; espezie hori galzorian dagoen espezie gisa katalogatuta dago eta Gipuzkoako Lurralde Historikoan kontserbatzeko kudeaketa-plan bat du. Erreka hori N-634 errepidearen azpitik doa, lurpean, proiektuaren jarduera-eremuan.

– Eremua ez dago ezein naturagunetan, eta ez dago EAEko Korridoreen Sareko elementurik edo interes geologikoko lekurik ere. Halaber, ez da beste katalogo batzuetako espazioa ere (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekia eta Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako interes naturalistikoko guneen zerrenda). Nolanahi ere, hoditeriaren iparraldeko muturra Arno (ES2120001) KBE gisa mugatutako eremu babestutik hurbil dago (150 m), N-634 eta AP-8 errepideek bereizita. Halaber, Deba ibaia EAEko azpiegitura berdearen trama urdinean sartuta dago.

– Proiektuaren eremua ez da sartzen katalogatutako onura publikoko ezein menditan.

– Kultura-ondareari dagokionez, proiektuaren eremuan kultura-ondasun izendatutako hainbat elementu interesgarri daude, arkeologikoak zein eraikiak.

– Ingurumen-arriskuei dagokienez, kutsadurarekiko oso kalteberatasun handia duten akuiferoetan kokatzen dira Mendaroko herrigunearen ingurutik igarotzen diren zatiak. Hegoalderantz, kalteberatasun hori gutxituz doa pixkanaka, eta Elgoibarko herrigunearen inguruan oso txikia da. Bestalde, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak jasan dituzten edo jasaten dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzati ugaritatik igarotzen da ibilbidea. Zehazki, eskuragarri dagoen kartografiaren arabera, ibilbideak 20901-00024, 20032-0059 eta 20032-00056 lurzatiak ukituko lituzke.

– 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uraldi-arriskua du proiektuaren eremuak. Azterketa-eremutik gertu dauden Deba ibaiaren zenbait zati honela identifikatzen dira: UAHE ES017-GIP-DEB-02 Mendaro eta ES017-GIP-DEB-03 Alzola. Garagartzako HUPE berria lehentasunezko fluxu-eremuan dago, 100 urteko errepikatze-denborako uholdeengatik urpean gera daitekeena; Plazako HUPEa lehentasunezko fluxu-eremuan dago, 10 urteko errepikatze-denborako uholdeengatik urpean gera daitekeena; eta Altzolako HUPEa, 500 urteko errepikatze-denborako uholdeengatik urpean gera daitekeen eremuan dago.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik esanguratsuenak obra-fasean sortuko dira. Hauek dira proiektua garatzean egingo diren jarduketak: sastrakak kentzea eta landareak moztea, zangak egiteko indusketak, eta tinkatze-zuloak egitea, bai eta hoditeria eta instalazio berriak jartzea ere.

Hoditeriaren zati handi bat urbanizatutako bide publikoetatik igaroko bada ere, instalazioek behin betiko okupatuko dutena baino eremu handiagoa okupatzea aurreikusten da obrak egiten diren bitartean. Horrek ibaiertzeko landarediari eragin diezaioke aldi baterako, N-634 errepidearen bazterbidetik eta etorkizuneko HUPEen ingurutik doazen ibilbide-zatietan. Hori horrela, interes handiagoa eragiten dute Altzolako HUPEaren inguruak eta hari lotutako hoditeriak, zati batean intereseko landaredia duten eremuetan kokatzen baitira (haltzadi kantauriarreko BIH 91E0*).

Bestalde, jarduketen ondorioz, aldi baterako eta leku jakin batzuetan, gutxitu egingo da faunaren eta gizakien habitaten kalitatea (zarata handitzea, hautsa, bibrazioak eta abar); lurzoruak edo urak kutsa litezke lurra mugitzean eragindako nahi gabeko isurtzeen edo jariatzeen ondorioz, eta hondakinak sor litezke sasiak kendu, landareak inausi edo mozteko lanak egiten direnean.

Kontuan hartuta jarduerak puntualak eta aldi baterakoak izango direla eta lurzoru eta eremu urbanizatuetara mugatzen direla, inpaktua ez da esanguratsua izango. Lur-mugimenduek ere ez dute ekarriko interes agrologikoko lurzoruaren galera esanguratsurik.

Nolanahi ere, arreta berezia jarriko da HUPEak egitean, horiek eraikitzean egingo baita aurreikusitako lur-mugimenduen bolumen handiena, beste jarduera batzuekin batera, hala nola mikropiloteak instalatzea. Jarduera horiek arriskutsuak izan daitezke identifikatutako natura-balioentzat.

Era berean, adierazi behar da etorkizuneko Plazako HUPEa eta haren gainezkabideak Goikola errekatik gertu daudela, eta azken hori bisoi europarraren (Mustela lutreola) Interes Bereziko Eremu gisa identifikatuta dagoela. Edonola ere, ez da eragin handirik aurreikusten bisoiaren intereseko habitatean, kontuan hartuta erreka gutxi gorabehera HUPEtik lurpean doala Deba ibaian isurtzen deneraino, eta HUPEa bera lurzoru asfaltatuetan kokatuko dela.

Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak jasan dituzten edo jasaten dituzten lurzati inbentariatuen presentziari dagokionez, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, ez dirudi aurreikusitako ibilbideak lursail horiek ukituko dituenik, bideetatik igarotzen baita. Horrez gain, adierazten du jarduketek Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean jasotako salbuespen-irizpideak beteko dituztela, Lurzoruaren Kalitatearen Adierazpena lortzeko beharrari dagokionez. Era berean, eremu horietako indusketak 500 m3-tik beherakoak izango direla ezartzen du. Nolanahi ere, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako irizpideak bete beharko dira.

Horrez gain, aurreikusitako jarduketa batzuk uholde-eremuetan kokatzen dira, baita Deba ibaiaren lehentasunezko fluxu-eremuaren barruan ere; horrenbestez, arlo horretan indarrean dagoen araudira egokitu beharko dira. Uste da kalteberatasun berezia dutela ponpatze-estazio berriekin eta pilaketa-guneen eta instalazio osagarrien (garbigunea) alboan aurreikusitako aldi baterako okupazio-eremuek; beraz, arrisku handiena duten erabilerak uholde-eremu horietatik ahalik eta urrunen kokatu beharko dira.

Kultura-ondareari dagokionez, aurreikusitako ibilbidea eta deskribatutako instalazioen kokapena kontuan hartuta, ez da aurreikusten eremuan identifikatutako kultura-ondareei eragingo zaienik. Edonola ere, behar diren babes-neurriak hartuko dira obrak irauten duen bitartean, besteak beste, makinen funtzionamenduak eragin ditzakeen inpaktuak saihesteko.

Ustiapen-fasean, HUPE berriek ekarriko dute oinplanoko lurzoruaren okupazioa handitzeak eragingo duen inpaktua, eta horiek tamaina trinkoa izango dute. Hoditeriei dagokienez, dagoeneko urbanizatuta dauden lurzoruetatik igaroko direnez, ez dute zertan lurzoruaren erabilera aldatu, zortasunaren ondoriozko mugak izan ezean.

Aitzitik, proiektuaren xedea positiboki baloratzen da; horren bidez, eremuko saneamendua hobetuko da, Deba ibaira isurketak saihestuz eta, aurreikuspenen arabera, haren egoera hobetuz.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak eragin negatibo esanguratsurik izango duenik ingurunearen aipatutako alderdietan.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, zenbait babes- eta zuzenketa-neurri ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Elgoibar eta Mendaro arteko zatiko Debabarreneko saneamendu-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egiteko beharrik egon ez dadin; betiere, ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obrako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

Honako apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.

Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Obrak, baita lurzorua erabili beharra dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Zehazki, obraren zuinketan ahal diren neurrian mugatuko dira Deba ibaiaren inguruko haltzadi kantauriarraren (HIC 91E0*) Batasunaren Intereseko Habitatean aurreikusitako aldi baterako okupazio-guneak. Eremu horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Adierazitako eremutik kanpo istripuzko afektaziorik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

– Plazako HUPE berriarekin zerikusia duten jarduketak egiten badira bisoi europarra (Mustela lutreola) egon daitekeen eremuetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak, hala badagokio, ezartzen dituen baldintzak bete beharko dira, espezie horren kudeaketa-planaren ardura duen administrazioa baita.

– Landaredi autoktonoa kentzea eta/edo moztea saihestuko da zuzeneko okupazioa aurrez ikusten ez den eremuetan. Horretarako, obrak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatu eta balizatu beharko dira proiektuaren eremuan dauden zuhaitz-ale eta unada autoktonoak, eta, bereziki, Deba ibaiaren ibaiertzeko landaredi autoktonoa (Batasunaren Intereseko Habitata 91E0*, Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieak dituzten alubioi-basoena).

– Hala badagokio, beharrezkoak diren mozte-, inauste- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak aldi baterako pilatzeko eremuak eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako pilatzeko eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, drainatze naturaleko sareari, intereseko landarediari eta uholde-eremuei eragitea saihestuko da.

– Eremu osagarri horiek ezin izango dira inola ere jarri instalazioaren eraginpean ez dauden 91E0* Batasunaren Intereseko Habitataren barruko lursailetan.

– Proiektuaren jarduketa-eremuan espezie aloktono inbaditzaileak identifikatuz gero, hala nola Cortaderia selloana, Buddelia davidii edo besteren bat, horiek desagerrarazteko kanpaina bat egingo da, obrak hasi aurretik.

– Kontrol-neurriak hartuko dira lurrak mugitu diren eta landaretzarik gabe gelditutako eremuetan landare-espezie inbaditzaileak sar ez daitezen. Horrez gain, kontrolatu egingo da landare-estalkia lehengoratzeko lanetan erabilitako lurren jatorria, espezie inbaditzaileak izan litzakeen lurrik ez erabiltzeko.

Urak eta lurzoruak babesteko neurriak

– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta substantzia kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera. Materialak ibilguetara arrastan joan daitezkeela edo isurketa zehaztugabeak gerta daitezkeela aurreikusten den eremuetan, jalkinei eusteko hesiak jarriko dira, ingurumen-agirian aurreikusiak. Proposatutako neurrien funtzionamendua egokia dela kontrolatu beharko da, ekarpen solidoak jabari publiko hidraulikora irits ez daitezen.

– Hidrokarburoen material xurgatzaile espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Beharrezkoa bada, obra-eremuetan, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko-kimikoen araberakoak direla bermatzeko. Ildo horretan, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, dekantazio-putzu bat proiektatu da, bai eta hormigoia garbitzeko putzuak erabiltzea ere.

– Obrako makinak gordetzeko eremua eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek ez ditzaten lurzorua eta ura kutsatu. Ezin izango da egin erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta tailerreko jarduerarik, horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.

– Zangetatik edo indusketetatik sortzen diren urak dekantazio-putzuetara bideratuko dira. Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ongi eusten dietela bermatzeko, eta, botatzen badira, gune jakin batean isurtzen direla bermatzeko, betiere uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatuta.

– Dekantazio-putzuen aldizkako mantentze- eta garbiketa-lanak egin beharko dira, eta metatutako lohiak aldizka hustuko dira, tratamendu-sistemaren funtzionamenduaren errendimendu optimoa bermatzeko.

– Hormigoizko kanaletak berariaz horretarako egokitutako guneetan garbituko dira. Ez da inola ere onartuko hormigoi-ikuzketaren kare-esneak ibaiaren ibilgura isurtzea.

– Dekantazio-putzuak garbitzetik datozen lohiak eta hormigoizko kanaleten garbiketa-eremuetako hormigoi-hondarrak ondoko ataletan ezarritako baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

– Ibilguaren barruko obrak haren okupazioa eta okupazio horrek sortutako uhertasuna ahalik eta gehien murrizteko moduan egingo dira. Zehazki, Deba ibaiaren gaineko zanga egiteko obrak lehorrean egingo dira, eta teknikoki bideragarriak diren eta ibilguan nahiz habitatetan ingurumen-kalte gutxien sortuko duten irtenbideak aukeratuko dira, besteak beste, hesi flotatzaileak eta iragazleak (sare iragazlea duten flotagailuen sistema) eta jalkitze- eta iragazte-hesi malguko sistemak (cofferdam malgua), eta beti kontuan hartuz horiek ezarriko diren inguruaren berezitasunak (ibilguaren zabalera, sakonera eta emaria, ezponda, ibai-oharen materialen ezaugarriak, etab.).

– Ibilguaren barrurako aurreikusitako obrek une oro bermatu beharko dute ibilguaren emari ekologikoaren fluxua. Era berean, obrak egin ondoren, hartutako konponbide teknikoek ez dute ibilgua estutzea ekarriko, ezta ibai-zatiaren ahalmen hidraulikoa arriskuan jartzea ere.

Paisaia babesteko eta kaltetutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

– Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak lehengoratu egingo dira (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea eta abar), baita aurkeztutako dokumentazioan agertu ez arren obra-fasearen amaieran kaltetuta daudenak ere. Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, espezie autoktonoak sartuta, erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotzeko.

– Landareztatzeetan, haltzadi kantauriarreko berezko espezieak landatzea lehenetsiko da (Alnus glutinosa, Fraxinus excelsior, Corylus avellana, Crataegus monogyna, Salix sp., etab.), batez ere Deba ibaiaren eta haren ibaiadarren mugakide diren lurretan. Zehazki, Kurutz-Gain, Plaza eta Altzolako HUPEen inguruan. Ibilgutik urrun dauden gainerako eremuetan haritz-espezieak landatuko dira, ingurumen-dokumentuan deskribatutako ezaugarriekin.

– Espedienteko txostenen arabera, zuhaitzen eta zuhaixken landaketetarako dentsitaterik egokiena memorian eta aurrekontuan agertzen dena da: 1 ale 2 m-ko, zuhaixken kasuan, eta 1 ale 8 m2-ko, zuhaitzenean, eta ez 1 ale 4 m2ko, zuhaixken kasuan, eta 1 ale 16 m2-ko, zuhaitzenean, aurkeztutako planoetako batean jasotzen den bezala.

– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.

– Landare-espezie exotiko inbaditzaileak sartu eta hedatzea hauteman eta saihesteko kontrol-neurriak hartuko dira. Bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta ez da erabiliko aipatu diren espezieek kutsatutako lurrik.

– Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak hedatzeko arriskurik ez izateko.

– Dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte obra kontratatzeko baldintza-agiriak eta aurrekontuek, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

– Ingurua leheneratu ondorengo bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra ongarritu, ureztatu eta hutsarteak landareberritu.

Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.

– GeoEuskadin eskuragarri dagoen kartografiaren arabera, hoditeriak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak jasan dituzten edo jasaten dituzten kokalekuen inbentarioan sartutako hiru lurzati ukitzen ditu (20901-00024, 20032-0059 eta 20032-00056). Hala ere, aurkeztutako dokumentazioa kontuan hartuta, ez dirudi hoditeriak inbentarioan jasotako lurzati horiek ukituko dituenik, aurreikusitako hoditeria bideetatik igarotzen baita. Era berean, eremu horietako indusketak 500 m3-tik beherakoak izango direla ezartzen da.

– Nolanahi ere, obrek dirauten bitartean lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, kasu horietarako aipatu ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta lege hori garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan ezarritakoa beteko da.

Uholde-arriskura bideratutako neurriak.

– Ez da obrako instalazio lagungarririk jarriko (batez ere, makineria-parkea eta garbigunea) uholde-arriskua duten eremuetan, uholdeen errepikatze-denbora edozein dela ere. Edonola ere, kutsatzeko arrisku handiena duten erabilerak ibilguaren lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo kokatu beharko dira.

– Obrak egin bitartean, ez da pilatuko uholdeetan urak eraman dezakeen materialik edo hondakinik.

– Aurrekoari kalterik egin gabe, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2 apartatuko uholdeen babesari buruzko berariazko araudian xedatutakoarekin bat etorri beharko dute aurreikusitako proiektuak eta instalazioek (kolektoreak, HUPEak, etab.).

Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.

– Lanek irauten duten artean, beharrezko gisa aurreikusten diren jardunbide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Bestalde, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, hori guztia dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

– Egunez bakarrik egingo da lan.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Sortutako hondakin guztiak Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira ezabatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.

– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak bi xedapen hauen arabera kudeatuko dira: Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretua eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretua.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hain zuzen ere Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaren arabera, sortutako lur-mugimenduen balantzeak 5.790,76 m3-ko soberakina ematen du, eta hori obren kokalekutik kanpo kudeatu beharko da.

Indusketako soberakin horiek kudeatzeko, hierarkiaren printzipioari eta hondakinak kudeatzeko hurbiltasunaren printzipioari jarraituko zaie. Induskatutako material kutsagabe naturaletarako, ukitutako lursaila morfologikoki leheneratzeko erabiltzea baztertu ondoren, betelanetara bota beharrean, balorizatzea lehenetsiko da, honelako lanetarako erabiliz: material horiek behar dituzten gertuko eraikuntza-obrak, erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanak edo beste espazio degradatu batzuk leheneratzeko lanak. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduan –Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa– xedatutakoa izango da aplikatzekoa.

– Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua Kutsatzea Saihesteko eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluak ezartzen dituen segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute haien kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Eremu jakin bat egokituko da, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Airearen kutsadura txikiagotzeko neurriak.

– Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, bai eta atzemandako hauts-emisioen arabera ureztatuko ere. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute une oro.

– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama-estalkiak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

Kultura-ondarea babestera bideratutako neurriak.

– Hoditeriek balizko arkeologia-eremu hauek zeharkatzen dituzte: Mendaron, 18. El Ángel Custodio tenplua eta 19. Plaza burdinola eta errota, eta Elgoibarren, 64. Arriagako Andra Mariaren Pietatearen eliza eta ospitalea. Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenaren arabera, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. artikuluan ezarritakoa bete beharko da. Ildo horretan, aztarna arkeologikoak daudela uste den eremuetan, hirigintza-lizentzia eman aurretik azterketa arkeologikoa egin beharko da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzak ezarritakoa alde batera utzi gabe.

– Bestalde, hoditeriak babes ertaineko honako elementuaren babes-ingurunea zeharkatzen du: 20. Altzolako Lonja etxea. Aipatutako 6/2019 Legearen 46.6 artikulua aplikatuz, obrak egin aurretik, Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinaraziko zaio.

– Azkenik, hoditeria 58. elementutik igarotzen da: Altzolako zubia, babes ertaineko proposamena duena. Aurreikusitako esku-hartzeek zubian ikusizko inpaktua izatea saihestea gomendatzen da, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenaren arabera.

– Horrez gain, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak mugitzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

Jardunbide egokien sistema bat hartzea.

Langileek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:

– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.

– Batasunaren Intereseko Habitataren (91E0*) eta bisoi europarren intereseko habitataren gaineko eragina kontrolatzea.

– Hondakin-isurketak ez egitea, eta olio-isurketekin edo lurra leku batetik bestera eramanez lurzorua eta ura ez kutsatzea.

– Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.

– Proiektuaren eraginpeko herrigunean bizi direnei zarata eta hautsarekin enbarazurik ez eragitea.

Garbiketa eta obren akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak erasandako eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak deseginda.

Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Lanen Zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, hondakinak kudeatzea eta natura-ondarea babestea.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez izanez gero–, ez da aurreikusten URA-Uraren Euskal Agentziak sustatutako Elgoibar eta Mendaro arteko zatiko Debabarreneko saneamendu-proiektua gauzatzean ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia URA-Uraren Euskal Agentziari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 10a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala