217. zk., 2023ko azaroaren 14a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (236 KB - 16 orri.)
- EPUB (316 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5113
108/2023 EBAZPENA, azaroaren 6koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin hezkuntza-lankidetzarako sinatutako hitzarmena, unibertsitate horretako Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko ikasleek kanpoko praktika akademikoak egitekoa Ertzaintzarekin lankidetzan.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du aipatutako hitzarmena, eta, publikotasun egokia emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin hezkuntza-lankidetzarako sinatutako hitzarmena, unibertsitate horretako Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko ikasleek kanpoko praktika akademikoak egitekoa Ertzaintzarekin lankidetzan. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 6a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
MARÍA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 6KO 108/2023 EBAZPENARENA
HEZKUNTZA-LANKIDETZAKO HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAK –EUSKO JAURLARITZAKO SEGURTASUN SAILAREN BIDEZ– ETA UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO / EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAK –SOZIOLOGIA ETA GIZARTE-LANGINTZA SAILAREN BIDEZ– SINATUTAKOA, SAIL HORRETAKO IKASLEEK KANPOKO PRAKTIKA AKADEMIKOAK EGIN DITZATEN, ERTZAINTZAREKIN LANKIDETZAN
Vitoria-Gasteizen, sinadura elektronikoaren datan.
HAUEK BILDU DIRA:
Alde batetik, Josu Iñaki Erkoreka Gervasio jaunak, lehenengo lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuak, Lehendakariaren irailaren 7ko 20/2020 Dekretuaren bidez egindako izendapenaren ondorioz. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta hura ordezkatuz esku hartzen du.
Bestetik, Benjamín Tejerina Montaña jauna, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko (aurrerantzean, UPV/EHU) Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko zuzendaria.
Alderdi biek gaitasun eta legitimazio nahikoa aitortu diote elkarri hezkuntza-lankidetzako hitzarmen hau sinatzeko eta bertan ezartzen diren baldintzetan behartuta geratzeko, eta, xede horretarako, hau
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– UPV/EHUren helburu da, besteak beste, «Goi-mailako kalitatezko hezkuntzaren bidez ikasleak modu integralean heztea eta lan-munduan sartzeko prestakuntza profesionala bermatzea». Bestalde, Soziologia eta Gizarte Langintza Saila UPV/EHUko sail espezifiko bat da, Soziologiako eta Gizarte Langintzako ezagutza-arloetako irakasleak eta ikertzaileak biltzen dituena. Sail horrek campuseko hiru sail-atal ditu, eta haien egoitzak Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean (Leioa, Bizkaia), Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean (Donostia, Gipuzkoa) eta Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatean (Vitoria-Gasteiz, Araba) daude.
Bigarrena.– Entitate laguntzailea da, EAEko Segurtasun Saila, alegia, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren segurtasun-politikaz arduratzen den organoa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia (Ertzaintza) du bere eginkizunen eta jarduketa-arloen artean.
Segurtasun Sailaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko urtarrilaren 19ko 6/2021 Dekretuaren 18. artikuluan xedatutakoaren arabera, Ertzaintzaren Zuzendaritza da Ertzaintzaren polizia judizialeko eta ikerketa kriminaleko egitekoei dagozkien lanak zuzentzeko ardura duen organoa, eta, orobat, polizia judizialaren, fiskaltzarekiko harremanen eta agintaritza judizialen ardura duena.
Era berean, polizia-antolamenduari, haren modernizazio profesionalari, jarduketa-plan orokorrei eta kudeaketa- eta kontrol-sistemei buruzko azterlanak eta proiektuak sustatzeaz arduratzen da. Haren jarduerek ezagutza zientifikoko zenbait arlo hartzen dituzte.
Hirugarrena.– UPV/EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Sailak proposatu du sail horren eta Ertzaintzaren arteko hezkuntza-lankidetza ezartzea, saileko ikasleek lanak eta lanei lotutako praktikak egin ahal izan ditzaten Ertzaintzaren bulegoetan, haren aholkularitza eta lankidetzarekin, Suizidologiako berezko tituluaren prestakuntza-programaren barruan. Horretarako, dagokion unean hitzarmen honen bidez ezartzen diren mota horretako praktiketako ikasleei harrera egingo die Ertzaintzak, eta haien tutore jardungo du.
Laugarrena.– Ertzaintzaren Zuzendaritzak egoki irizten dio du Soziologia eta Gizarte Langintza Sailarekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko aukerari; izan ere, gaur egun antzeko jarduerak egiten dira UPV/EHUko beste fakultate batzuekin.
Hitzarmen berri honek, bi erakundeentzat beharrezkoa eta aberasgarria den harreman bat ahalbidetuko du, eta, horrez gain, azterlanak egiteko aukera emango du. Azterlan horiek ondorioak ekar ditzakete etorkizunean Ertzaintzaren prozedurei eta eraginkortasunari begira.
Bosgarrena.– Aurreko adierazpen horiek kontuan izanik, tarteko diren alderdien arteko lankidetza instituzionalizatzeko asmoz, alderdi biek hitzarmen hau sinatzeko behar den legezko gaitasuna aitortzen diote elkarri, klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
1. klausula.– Xedea.
Alderdiek erabaki dute hezkuntza-lankidetzako hitzarmen bat ezartzea, Soziologia eta Gizarte Langintza Saila eta Segurtasun Saila –zehazki, Ertzaintzaren Zuzendaritza– lankidetzan aritzeko programa baten esparru arautzailea ezartzeko, UPV/EHUko sail horretako ikasleek Suizidologiako berezko tituluko praktikak egin ditzaten.
2. klausula.– Konpromiso akademikoak eta administratiboak.
Suizidologiako berezko tituluko praktikak egiten hasi aurretik, hitzarmen honen I. eranskina sinatu beharko dute alderdi biek, eta bertan, gutxienez, datu hauek zehaztuko dira:
– Suizidologiako berezko tituluaren programa.
– Suizidologiako berezko titulua zer ikasturtetan hasi den.
– Ikaslearen datuak.
– Suizidologiako berezko titulua lortzeko praktikak Ertzaintzaren saileko zer laborategi edo ikerketa-unitatetan egingo diren.
– UPV/EHUko tutore akademikoa.
– Ertzaintzaren plantillako tutore akademikoa.
– Suizidologiako berezko titulua lortzeko praktiketarako egutegiaren eta ordutegiaren proposamena.
– Konfidentzialtasunari buruzko alderdiak.
– Jabetza intelektualari edo industrialari buruzko alderdiak.
– Datu-babesari buruzko alderdiak.
3. klausula.– UPV/EHUren konpromiso espezifikoak.
UPV/EHUk konpromisoa hartzen du berariaz aipatzeko Segurtasun Sailaren lankidetza jaso duela Suizidologiako berezko tituluaren garapenean, bai eta harekin lotuta egindako jarduera guztietan ere.
Suizidologiako berezko tituluko irakaskuntzei buruzko unibertsitate-araudiaren inguruko informazioa emango dio Segurtasun Sailari.
UPV/EHUk hitzarmen honetako edukien berri emango die ikasleei.
UPV/EHUk konpromisoa hartzen du ikasleek beren datuak lagatzea berariaz onar dezaten, 19. klausulan aurreikusitako ondorioetarako.
4. klausula.– Segurtasun Sailaren konpromiso espezifikoak.
Konpromisoa hartzen du Suizidologiako berezko titulua lortzeko praktiketan lankidetzan aritzeko, praktiken instrukzioaren eta praktiken baterako zuzendaritzaren edota tutoretzaren bidez, jarduera bakoitzerako sinatzen diren akordio espezifikoen arabera.
Arreta zenbat ikasleri eman diezaiokeen ezarriko du, eta ikasleek dagozkien jarduera akademikoak egitean instalazioetara eta baliabideetara zer sarbide mota izango duten zehaztuko du.
Suizidologiako berezko tituluari buruzko indarreko unibertsitate-araudia beteko du.
Praktikak eta egin beharreko lanak behar bezala egiteko behar diren materiala eta azpiegiturak ematea, ikasle bakoitzari dagokionez adostutako baldintzetan.
Suizidologiako berezko titulua garatzeko behar den dokumentazioa eskuratzeko aukera ematea, ikasle bakoitzari dagokionez adostutako baldintzetan.
Hala dagokionean, Suizidologiako berezko titulua defendatu aurretik idatzizko txosten bat betetzea.
5. klausula.– Praktiketako ikasleen eskubideak eta eginbeharrak.
1.– Ikasleek eskubide hauek izango dituzte Suizidologiako berezko titulua lortzeko praktikak egiten ari diren bitartean:
a) Suizidologiako berezko tituluak irauten duten bitartean, UPV/EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakasle edo tutore baten eta Segurtasun Sailean jardunean ari den profesional baten tutoretzarako eskubidea.
b) UPV/EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Sailak ezarritako irizpideen araberako ebaluazioa egiteko eskubidea.
c) Praktikaldiari buruz Segurtasun Sailak egindako txosten bat jasotzeko eskubidea. Txosten horretan, berariaz jasoko dira egindako jarduera, iraupena eta, halakorik behar bada, praktikaldian izandako errendimendua.
d) Jabetza intelektuala eta industriala izatekoa, arlo hori arautzen duen legerian ezarritakoaren arabera.
e) Segurtasun Sailaren aldetik segurtasunaren eta laneko arriskuen prebentzioaren araudiari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea.
f) Beren jarduera akademikoa, prestakuntzakoa, ordezkaritzakoa eta parte-hartzekoa betetzeko eskubidea, Segurtasun Sailari garaiz jakinaraziz gero.
g) Desgaitasuna duten ikasleen kasuetan, behar diren baliabideak izateko eskubidea, praktikak besteen baldintza berberetan egiteko eta tutoretza, informazioa eta ebaluazioa jasotzeko.
h) Desgaitasuna duten ikasleen kasuetan, praktiken garapena desgaitasunaren ondoriozko edo desgaitasun-egoerarekin lotutako jarduera eta egoera pertsonaletara egokitzeko eskubidea.
i) Indarrean dagoen araudian aurreikusitako beste zeinahi eskubide.
2.– Halaber, Suizidologiako berezko titulua lortzeko praktikak egiten ari direnean, ikasleek eginbehar hauek izango dituzte:
a) UPV/EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Sailak ezarritako Suizidologiako berezko tituluari buruzko indarreko araudia betetzea.
b) Suizidologiako berezko tituluaren prestakuntza-proiektua ezagutzea eta Segurtasun Sailak esleitutako tutorearen jarraibideei segituz betetzea, UPV/EHUko tutore akademikoak gainbegiratuta.
c) Suizidologiako berezko titulua lortzeko praktikak egiten ari direnean, UPV/EHUko tutore akademikoarekin harremanetan egotea, gerta daitekeen edozein gorabehera hari komunikatzea, eta bitarteko segimendua egiteko eskatzen zaizkion dokumentuak eta txostenak entregatzea, bai eta amaierako memoria ere.
d) Adostutako egunean Segurtasun Sailaren zentroan lanean hastea; hezkuntza-proiektuan aurreikusitako ordutegia betetzea, eta erakundearen funtzionamendurako, segurtasunerako eta laneko arriskuen prebentziorako arauak errespetatzea.
e) Prestakuntza-proiektua gauzatzea eta Segurtasun Sailarekin adostutako jarduerak arretaz betetzea, proiektuan zehaztutako ildoen arabera.
f) Praktiketako amaierako memoria egitea, eta, halakorik behar bada, tarteko txosten bat egitea.
g) Erabateko konfidentzialtasuna gordetzea Segurtasun Sailaren barne-informazioari dagokionez, haren jarduerei dagokienez eta erakundearen dinamikarekin zuzenean edo zeharka lotutako pertsonei buruzko datuei dagokienez, hori guztia ikaslea Segurtasun Sailean dagoen bitartean zein praktikak amaitu ondoren.
h) Segurtasun Sailaren zentroaren politikarekiko errespetu-jarrera erakustea, UPV/EHUren izen ona zainduta beti, unibertsitate horretako kidea baita.
6. klausula.– Ikasleen eta Segurtasun Sailaren arteko harremanaren izaera.
Hezkuntza-lankidetzako hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean, praktiketan parte hartzen duen ikasleak ezin izango du Segurtasun Saileko lanposturik bete, ezta behin-behineko lanposturik ere.
Kontuan hartuta prestakuntza egitea dela kanpoko praktika akademikoen helburua, horietatik inoiz ez da etorriko lan-harreman batek dakarren betebeharrik, eta praktiken edukiak ezin izango du lanpostuen berezko lan-prestazioaren ordezko izan.
Era berean, ikasketak bukatutakoan ikaslea Segurtasun Sailean lanean hasten bada, praktiketan emandako denbora ez da antzinatasun gisa zenbatuko, eta ez du probaldia izatetik salbuetsiko, non eta ez den berariaz bestelakorik erabakitzen dagokion hitzarmen kolektiboan.
Administrazio publikoei, zuzenbide publikoko entitateei eta gainerako organismo publikoei dagokienez, kanpoko praktika akademikoak haietan egitea ez da meritutzat joko funtzio publikora sartzeko orduan, eta ez da antzinatasun gisa zenbatuko, ez eta aurreko zerbitzuen aintzatespen gisa ere.
Segurtasun Sailak hezkuntza-lankidetzako hitzarmen hau sinatzeak ez du inola ere ekarriko hitzarmenean jasotakoak baino konpromiso gehiago hartzea.
Martxoaren 16ko 2/2023 Errege Lege Dekretuak, Pentsiodunen eskubideak zabaltzeko, genero-arrakala murrizteko eta pentsioen sistema publikoaren iraunkortasun-esparru berri bat ezartzeko presako neurrienak, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina aldatzen du.
Legegintzako Errege Dekretu horrek bere artikulu bakarrean, berrogeita hamalaugarren puntuan, xedatutakoari jarraituz, berrogeita hamabigarren xedapen gehigarria eransten da, prestakuntza-programen parte diren kanpoko praktikak edo praktika akademikoak egiten dituzten ikasleak Gizarte Segurantzaren sisteman sartzeko.
4.b) apartatuaren arabera, UPV/EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Sailak, prestakuntza-eskaintzaren ardura duen prestakuntza-zentroa den aldetik, konpromisoa hartzen du xedapen gehigarri horretan ezarritako Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzeko, eta bere gain hartuko du praktikak egiten dituzten ikasleen kotizazioen kostua.
7. klausula.– Tutoretzak eta haiek baliatzeko betekizunak.
Suizidologiako berezko tituluko praktikak egiteko, ikasleek Segurtasun Sailaren zentroko tutore bat eta UPV/EHU tutore akademiko bat izango dituzte.
Segurtasun Sailak izendatutako tutoreak lotura izan beharko du sail horrekin, eta tutoretza eraginkorra egiteko beharrezkoak diren lan-esperientzia eta ezagutzak eduki beharko ditu. Segurtasun Sailak izendatutako tutorea eta UPV/EHUko tutore akademikoaren lanak beteko dituen pertsona ez dira bat eta bera izango.
UPV/EHUko tutore akademikoaren izendapena unibertsitateak berak ezarritako prozeduren bidez egingo da:
Suizidologiako berezko tituluko praktiketarako, tutoreak UPV/EHUko irakasle izan beharko du, eta, era berean, lotura izan behar du praktikan jorratzen den irakaskuntzarekin.
Suizidologiako berezko tituluko praktiken kasuan, tutore akademikoa, ahal dela, ikaslea lantzen ari den ikasgaiaren ezagutza-adar bereko irakasle bat izango da, UPV/EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Sailean diharduena.
8. klausula.– Lankidetzan ari den zentroko tutorearen eskubideak eta eginbeharrak.
Segurtasun Sailaren zentroko tutoreak eskubide hauek izango ditu:
a) UPV/EHUk haren lankidetza-jarduera aintzatesteko eskubidea.
b) Suizidologiako berezko tituluari buruzko araudiaren inguruko informazioa eta prestakuntza-proiektuaren eta hura garatzeko baldintzen inguruko informazioa jasotzeko eskubidea.
c) UPV/EHUra sarbidea izateko eskubidea, bere eginkizunak betetzeko behar dituen informazioa eta laguntza eskuratzeko.
d) UPV/EHUk ezartzen dituen bestelako kontsiderazio espezifikoak.
Halaber, eginbehar hauek izango ditu:
a) Ikasleari harrera egitea eta garatu beharreko jarduera prestakuntza-proiektuan zehaztutakoaren arabera antolatzea.
b) Ikasleen jarduerak gainbegiratzea eta Suizidologiako berezko tituluari dagokion praktikaldiaren garapena bideratu eta kontrolatzea, elkarrekiko errespetua eta ikaskuntzarekiko konpromisoa oinarri izanda.
c) Ikasleari entitatearen antolakuntzaren eta funtzionamenduaren berri ematea eta intereseko araudia ezagutaraztea, segurtasunaren eta laneko arriskuen arlokoa batez ere.
d) UPV/EHUko tutore akademikoarekin koordinatzea hezkuntza-lankidetzako hitzarmen honetan ezartzen diren jardueren garapena, bai eta praktikak normaltasunez garatzeko egin behar diren prestakuntza-planaren aldaketak ere; praktikak egitean sortzen diren gorabeherak komunikatu eta konpontzea; eta azterketak egiteko baimenak kontrolatzea.
e) Amaierako txostena egitea, bai eta, halakorik behar bada, bitarteko txostena ere, Unibertsitateko ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuaren 13. artikuluan xedatutakoa betez.
f) Ikasleei Suizidologiako berezko tituluko praktikak egin ahal izateko behar duten prestakuntza osagarria ematea.
g) Ikasleari Suizidologiako berezko titulua lortzeko praktikak egiteko ezinbestekoak diren baliabide materialak ematea.
h) Ikasleek berritzeko, hobetzeko eta ekiteko proposamenak egin ditzaten ahalbidetzea eta bultzatzea.
i) UPV/EHUko tutore akademikoari Segurtasun Sailaren zentrorako irispidea ematea, haren eginkizunari dagozkion helburuak bete ditzan.
j) Isilpean gordetzea tutore gisa jardutearen ondorioz ezagutzen duen ikaslearen inguruko edozein informazio.
k) Segurtasun Sailaren zentroan diharduen bitartean, ikasleari laguntza ematea, praktika-jardueretan sor daitezkeen eta bere jarduera gauzatzeko beharrezkoak dituen gorabehera profesionalak konpontzeko.
9. klausula.– Unibertsitateko tutore akademikoaren eskubideak eta eginbeharrak
1.– UPV/EHUko tutore akademikoak eskubide hauek izango ditu:
a) Bere jarduera akademikoaren aitortza jasotzeko eskubidea, UPV/EHUk bere barne-araudiaren arabera zehaztutako baldintzetan, baina aitortza horrek ez du inola ere eragin ekonomikorik edo ordainsaririk ekarriko.
b) Suizidologiako berezko tituluko praktikei buruzko araudiaren inguruko informazioa jasotzeko eskubidea, baita prestakuntza-proiektuaren ingurukoa ere; halaber, tutoretzapeko ikaslearen egonaldia zein baldintzatan egingo den jakiteko eskubidea.
c) Segurtasun Sailaren zentrora irispidea izatea, bere eginkizunari dagozkion helburuak betetzeko.
2.– Halaber, eginbehar hauek izango ditu:
a) Prestakuntza-proiektua normaltasunez garatzen dela zaintzea; hala, bermatuko du Suizidologiako berezko tituluko praktikak egiteko ordutegia bateragarria dela ikaslearen betebehar akademiko eta prestakuntza-, ordezkaritza- eta partaidetza-betebeharrekin.
b) Suizidologiako berezko tituluko praktiken jarraipena egitea, Segurtasun Saileko tutorearekin koordinatuta eta, hala badagokio, jarraipen-txostenak aztertuta.
c) Suizidologiako berezko tituluaren prestakuntza-proiektuan egin beharreko aldaketak baimentzea.
d) Tutoretzapeko ikaslearen Suizidologiako berezko tituluko praktiken ebaluazio-prozesua gauzatzea, UPV/EHUren prozedurekin bat etorriz.
e) Isilpean gordetzea tutore gisa jardutearen ondorioz ezagutzen duen edozein informazio.
f) Gorabeherarik sortzen bada, haien berri ematea UPV/EHUren Suizidologiako berezko tituluko praktikez arduratzen den organoari.
g) Beharrezko laguntza-baliabide egokiak dauden gainbegiratzea, eta, halakorik behar bada, eskatzea, desgaitasuna duten ikasleek Suizidologiako berezko tituluko praktikak aukera-berdintasunean, diskriminaziorik gabe eta irisgarritasun unibertsalarekin egitea bermatze aldera.
10. klausula.– Praktikak ebaluatzea.
Suizidologiako berezko titulua lortzeko praktikak ebaluatuko ditu UPV/EHUko tutore akademikoak, bat etorrita UPV/EHUk ezarritako prozedurekin, eta, horretarako, dagokion balorazio-txostena egingo du.
11. klausula.– Arau bereziak.
Suizidologiako berezko tituluko praktikak egiten dituzten ikasleek, hala dagokionean, arau berezi hauek bete beharko dituzte:
Adingabeekin ohiko harremana izanda egindako praktikak
Adingabeekin ohiko harremana izatea dakarten praktiketan, nahitaezko betekizuna izango da epai irmo baten bidezko kondenarik jaso ez izana sexu-askatasun eta -ukigabetasunaren aurkako delituengatik. Horretarako, aipatutako praktikak egingo dituen ikasleak Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, delitu horiengatik kondenarik jaso ez duela egiaztatzeko. Hori guztia bat etorriz Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluko 5. apartatuarekin, eta Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearekin eta Boluntariotzari buruzko 45/2015 Legearekin.
Abokatutza Masterraren programaren esparruan egindako praktikak
Abokatutza Masterraren programaren esparruan egiten diren praktikak bat etorriko dira Hitzarmen honetan eta Unibertsitateko ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuan ezarritakoarekin, eta Abokatutzaren eta Auzitegietako Prokuradoretzaren Lanbideetan Sartzeari buruzko urriaren 30eko 34/2006 Legearekin eta aipatutako urriaren 30eko 34/2006 Legearen Erregelamendua onartzen duen ekainaren 3ko 775/2011 Errege Dekretuarekin, eta, halaber, aplikatu beharreko gainerako arauekin.
Zentroetan egindako praktikak, jarduera arriskutsuak egitea dakartenak
Segurtasun Sailaren jardueraren batek arriskuan jar baditzake ikasleen osasuna eta segurtasuna, arrisku horiek saihesteko segurtasun-neurri guztiak hartuta eduki beharko ditu Segurtasun Sailak; era berean, arrisku horiei buruzko beharrezko informazio guztia, prestakuntza eta jarraibideak emango dizkie ikasleei.
Segurtasun Sailak egingo duen jarduerari aplikatu beharreko indarreko araudia betetzeko egingo da hori guztia.
Besteak beste –aipagarri gisa eta mugatzeko asmorik gabe–, araudi hauek aplikatuko dira, hala badagokio: agente biologikoekin lotutako arriskuen babesari buruzko araudia, osasun- eta ospitale-sektorean tresna ebakitzaile eta puntazorrotzek eragindako lesioak prebenitzeko araudia eta abar.
12. klausula.– Jabetza industrialeko eskubideak (markak, logoak eta izenak).
Alderdiek beren markei, logoei eta izenei dagozkien eskubide guztiak gordetzen dituzte, bai eta, oro har, haietako bakoitzak berezko dituen jabetza industrial eta intelektualeko eskubideak ere.
Hala ere, une honetatik aurrera, alderdiek baimena ematen diote elkarri beste alderdiaren izena, marka eta logoa erabiltzeko, betiere hezkuntza-lankidetzako hitzarmen honetan adostutako elkarlana aipatzeko baldin bada.
UPV/EHUren jarduerarekin edo ikasleen praktikekin lotutako publizitate orotan alderdien logotipoa jar daiteke.
Bi alderdien marka edo logotipoa eta bereizgarriak erabiltzeari dagokionez, alderdi bakoitzak besteari helarazten dion bertsioa soilik erabili ahalko da, eta ezingo dira koloreak, formak, sinboloak edo grafikoak aldatu. Logotipoetan egindako edozein aldaketak markaren titularraren eskubideen urraketa ekarriko du.
Hitzarmen hau aplikatzeak ez dakar, ezein kasutan, beste alderdiari izen, marka, logotipo eta bestelako eskubide industrial edo intelektualen gaineko eskubiderik edo lizentziarik ematea.
13. klausula.– Aseguruak.
Ikasleak istripuren bat badu, ikaslearen eskola-aseguruak eta UPV/EHUk berariaz horretarako kontratatuko duen aseguru-poliza osagarri batek estaliko dituzte. Horrez gain, UPV/EHUk erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatuko du, ikasleak Segurtasun Sailaren zentroan egiten duen jardueraren ondorioz gerta daitezkeen arriskuak estaltzeko.
14. klausula.– Jarraipen Batzordea.
14.1 Hitzarmen hau sinatzen duten erakundeek batzorde paritario bat sortuko dute, Segurtasun Sailaren eta UPV/EHUren bina ordezkariz osatua. Batzorde horretan, beste kide batzuek parte hartu ahal izango dute, alderdiek adostuta izendatzen badira.
14.2 Batzorde horren ardura izango da praktikak edo lanak egiten diren bitartean edo hitzarmen hau betetzeko orduan jarraipena egitea, gorabeherak konpontzea eta praktikak nola burutu diren zaintzea, kontrolatzea eta interpretatzea. Horretarako, ikasleen jarduerei buruzko informazioa trukatuko du aldian-aldian –gutxienez, sei hilean behin–.
14.3 Batzordeak –funtzionamenduari, bileren aldizkakotasunari eta erabakien izaera lotesleari dagokienez– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluaren II. kapituluan xedatutakoa beteko du, zeinak kide anitzeko organoen funtzionamendua arautzen baitu.
15. klausula.– Ikasle kopurua zehaztea.
Ikasturte bakoitza hasi baino lehen, Segurtasun Sailak bere zentroetan Suizidologiako berezko tituluko praktikak egiteko zenbat ikasle har ditzakeen jakinaraziko dio UPV/EHUri.
Hautatutako ikasleen zerrenda bat sortu ahal izango da. Nolanahi ere, zerrenda hori sortzean eta kudeatzean, gardentasunaren, publikotasunaren, irisgarritasun unibertsalaren eta aukera-berdintasunaren printzipioak aplikatzen direla bermatuko da.
Praktikak aukeratzeko eta esleitzeko orduan, lehentasuna emango zaie desgaitasuna duten ikasleei.
16. klausula.– Akordioaren iraupena.
Hezkuntza-lankidetzako hitzarmen honek LAU (4) URTEKO iraupena izango du sinatzen den egunetik, eta, bi alderdiek berariaz adostuz gero, beste lau urtera arte luzatu ahal izango da, betiere alderdi sinatzaileetako edozeinek salatu ezean. Hitzarmenaren salaketa idatziz jakinarazi behar zaio beste alderdiari, amaitu baino 3 hilabete lehenago, gutxienez.
Nolanahi ere, hezkuntza-lankidetzako hitzarmena arrazoi hauen ondorioz suntsiarazi ahal izango da:
1) Alderdiek hala adostea eta idatziz adieraztea.
2) Edozein alderdik hitzarmen honen bitartez bere gain hartutako betebeharrak larriki eta behin baino gehiagotan ez betetzea. Hitzarmena bete ez dela pentsatzen duen alderdiak beste alderdiari jakinarazi beharko dio zer betebehar ez den bete, eta, orobat, adierazi beharko dio arrazoi hori dela-eta hitzarmena suntsiarazteko asmoa duela. Betebeharra bete ez duen alderdiak gehienez hogeita hamar egun naturaleko epean bete beharko du betebehar hori; bestela, automatikoki suntsiaraziko da hezkuntza-lankidetzako hitzarmena.
3) Indarreko legerian ezarritako arrazoi orokorrak. Hezkuntza-lankidetzako hitzarmena suntsiarazteko arrazoia dena delakoa izanik ere, ez die eragingo hirugarrenen eskubideei, bereziki hezkuntza-lankidetzako hitzarmen honetan hartutako erabakien ondorioz praktikak egiten ari diren ikasleen eskubideei.
17. klausula.– Jakinarazpenak.
Alderdien arteko jakinarazpen oro Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41. eta 14.2 artikuluetan ezarritakoaren arabera egingo da; beraz, elektronikoki egin beharko dira.
18. klausula.– Konfidentzialtasuna.
Alderdiek adosten dute konfidentzialtasun osoz isilpean gordeko dutela hitzarmen honen negoziazioa eta garapena dela-eta beren langileen bidez ezagutu duten informazio guztia (teknikoa, komertziala, ekonomikoa edota beste edozein motatakoa).
19. klausula.– Datu-babesa.
Alderdiek hitzematen dute konfidentzialtasun osoz isilpean gordeko dutela hitzarmen hau betearazteko prozesuan beste alderdiari buruz ezagutzen dituzten datuak.
Alderdi bakoitzaren izenean eta hura ordezkatuz hitzarmen hau sinatzen duten pertsona fisikoei jakinarazten zaie beste alderdiak eskubidea duela haiek emandako datu pertsonalak tratatzeko, betiere beren jarduera gauzatzeko eta hitzarmenari eta hitzarmenetik eratorritako harremanei eusteko. Orobat, datu horiek eskuratu, zuzendu, ezabatu, aurkaratu, mugatu eta eramateko egoki diren eskubideak baliatu ahal izango dituzte, datu horiek dituen entitate bakoitzaren egoitza sozialean.
Alderdiek berariazko konpromisoa hartzen dute arau hauetan jasota dauden datu pertsonalak babesteari buruzko estipulazioak betetzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua –Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena– eta erregelamendu hori garatzeko araudia, eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
Hitzarmen honi jarraituz alderdietako batek besteari datu pertsonalak jakinarazten badizkio, entitate lagatzaileak berariaz adierazten eta bermatzen dio lagapen-hartzaileari aipatutako erregelamenduan eta berau garatzeko arauetan datu horiekin lotuta jasotako betebehar eta aurreikuspen guztiak betetzen dituela eta datu pertsonalen titular guztien adostasun espresua duela.
20. klausula.– Aplikatu beharreko legeria eta gatazkak konpontzea.
Hezkuntza-lankidetzako hitzarmen hau indarrean dagoen Espainiako araudiaren mende dago; bereziki, hezkuntza-lankidetzako hitzarmen honetan berariaz araututa ez dagoen alderdi guztietan, non Unibertsitateko ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuan xedatutakoa aplikatuko baita.
Hitzarmen honek bere klausulak izango ditu arautzat, eta administrazio-zuzenbideko printzipioen arabera interpretatu eta garatuko da.
Jarraipen Batzordeak ezin badu alderdien artean sortutako eztabaida konpondu, administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenan ebatziko da.
Horrela adosten dute, eta, horren adierazgarri, agiri honen bi ale sinatzen dituzte, dokumentu honen goiburuan zehaztutako tokian eta egunean.
Eta ados daudela adierazteko, dokumentu hau sinatu dute, 2023ko urriaren 24an.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
UPV/EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko zuzendaria,
BENJAMÍN TEJERINA MONTAÑA.