Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

207. zk., 2023ko urriaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4928

AGINDUA, 2023ko urriaren 20koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Iruña Okako (Araba) Badaiako Santa Katalina Multzoa babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzen duena, monumentu-multzoaren kategorian.

Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE), Espainiako Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babesean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikuluaren arabera, eskumen esklusiboa bereganatu zuen kultura-ondarearen arloan. Eskumen hori baliatuz, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Kulturako sailburuordeak, Badaiako Santa Katalina Multzoaren ondare-interesa ikusita, EAEko Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena aintzat hartuta eta aplikatu beharreko araudian xedatutakoari jarraikiz, erabaki zuen hasiera ematea Iruña Okako (Araba) Badaiako Santa Katalina Multzoa monumentu-multzoaren kategorian Babes Ertaineko Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari, Kulturako sailburuordearen 2023ko apirilaren 4ko Ebazpenaren bidez (2023ko apirilaren 20ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 75. zk.).

Espediente horren administrazio-izapidetzeak berekin ekarri zuen, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 13. artikuluan eta harekin bat datozen gainerako xedapenetan aurreikusitakoaren arabera, espediente hori jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea bete behar izatea.

Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea hasi ondoren, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Saileko Kultura Zuzendaritzak alegazioak aurkeztu ditu, garaiz eta behar bezala. Alegazio horien arabera, lorategi botanikoarekin lotutako beste erabilera batzuetarako esku-hartzeak onartu dira, hala nola irakaskuntza, biltegia, artisautza, lorategi botanikoarekin lotutako beste erabilera batzuk, kioskoa eta jatetxe-zerbitzua.

Alegazio horiei erantzunez, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroak txosten tekniko bat egin zuen, eta, horren arabera, onartzeko proposatu zuen.

Horrela, babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera emateko administrazio-erabakiak arrazoi edo justifikazio tekniko nahikoa du, hau da, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroak egindako kultura-balorazioko txostena. Txosten horretan behar bezala justifikatzen da Iruña Okako (Araba) Badaiako Santa Katalina Multzoak babesa eta defentsa merezi izateko balio historikoak, antropologikoak, ingurumenekoak, artistikoak eta arkitektonikoak dituela, eta, beraz, Euskal Kultura Ondarearen barneko kultura-intereseko ondasuntzat hartu behar dela, belaunaldien artean aitortu eta transmititzeko.

Horregatik guztiagatik, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 18.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek egindako aldeko txostena ikusita, eta Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluak 2023ko urriaren 10eko bilkuran egindako deklarazio-proposamenaren aldeko txostena emanda, Euskal Kultura Ondarearen Kontseilua arautzen duen urriaren 26ko 228/2021 Dekretuaren 3. artikuluarekin bat etorriz, eta Kulturako sailburuordearen proposamenez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Kultura-ondasunaren babes-maila.

Iruña Okako (Araba) Badaiako Santa Maria Multzoa, monumentu-multzoaren kategorian, Babes Ertaineko Kultura Ondasun deklaratzea, eta agindu honen III. eranskinean jasotako babes-araubide berezia aplikatzea.

Bigarrena.– Babestutako kultura-ondasunaren mugaketa.

Iruña Okako (Araba) Badaiako Santa Maria Multzoaren mugaketa agindu honen I. eranskinean agertzen dena izatea, bertan azaldutako arrazoiak oinarri hartuta.

Hirugarrena.– Kultura-ondasunaren deskribapen formala.

Iruña Okako (Araba) Badaiako Santa Maria Multzoaren deskribapen formala egitea, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean aurreikusitako ondorioetarako, agindu honen II. eranskinean adierazitako moduan.

Laugarrena.– Babestutako kultura-ondasuna hirigintza-plangintzan sartzea.

Iruña Okako Udalari (Araba) eskatzea ondasun higiezin hori babes dezala, udalaren hirigintza-plangintzako tresna egokituz, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

Bosgarrena.– Argitalpena.

Deklarazio-agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Agindua jakinaraztea.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak agindu honen berri emango die Iruña Okako Udalari, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailari eta Lurralde Oreka eta Lurralde Antolamendu Sailari eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Jabetza-erregistroa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak agindu honen berri emango dio Jabetza Erregistroari, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 20. artikuluan ezarritakoaren arabera.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Babestutako kultura-ondasunean esku hartzeko baimena.

Oro har, Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio agindu honen bidez babestutako kultura-ondasunean esku hartzeko baimenak ematea, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Hirigintza-lizentziak eman aurretik, nahitaezkoa da aurreko paragrafoan aipatutako baimenak lortzea monumentuari eragiten dioten obrak edo jarduketak egiteko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoa.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 20a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

a) Mugaketaren deskribapena.

Kultura-ondasunaren mugaketan, hauek sartzen dira: eraikinen aurriak –jatorrizko dorrea, eliza, jauretxea, komentua, klaustroa, baita azpiegitura hidraulikoaren kanpoko ur-tangak ere– eta multzo horren hurbileko ingurunea. Perimetroan, ekialdeko muturrean, aparkalekutik multzora sartzeko bidea eta piknikgunea daude. Zehaztasun handiagoa izateko, mugaketa hori grafikoki islatzen da erantsitako planoan.

b) Mugaketaren justifikazioa.

Santa Katalinako Multzoaren balio historikoak, arkeologikoak, morfologikoak, konposiziozkoak eta ingurumenekoak zaindu behar direlako proposatzen da mugaketa. Ingurunearen mugaketa beharrezkoa da kultura-ondasunari behar duen babesa eta balioa emateko, eta mugaketa horretan sartzen da, aurriek osatzen duten multzoaz gain, parke botanikoaren agertoki estetiko eta paisajistikoa.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Badaiako Santa Katalina Multzoa konplexu zibil-erlijioso trinko samar bateko gelen eraikuntza-hondakinek osatzen dute. Konplexu horrek, XIV. mendetik XIX. mendearen lehen herenera arte, eboluzio historikoa izan zuen morfologiari, barne-antolamenduari eta eraikinen erabilerei dagokienez. Iruña Okako Udalak lursailak eskuratu zituen arte, Santa Katalinako aurriak hormen, forjatuen eta estalkien hondakinez beterik egon ziren eraikinari su eman eta konplexua abandonatua izan zenez geroztik. Hondakinak ateratzeko, eraikina sendotzeko eta multzoari balioa emateko 2000. urtetik aurrera egindako lanei esker, multzoaren espazio funtzionalak identifikatu ahal izan dira, eta XIV. mendearen amaieratik XIX. mendearen hasierara izan zuen eboluzio historikoa zehaztu.

Santa Katalinako eraikin hondatuek multzo trinko bat osatzen dute, klaustro gisa erabiltzen zen zentral batek artikulatua. Elementurik zaharrena –eliza eta jauretxea eraiki eta komentua fundatu baino lehenagokoa– iruñatarren jatorrizko defentsa-dorrea da, eta ipar-mendebaldeko angeluan daude haren hondakinak. Iruñatarrak, hain zuzen, Santa Katalina komentuaren patroi fundatzaileak izan ziren, eta XIV. mendean edo beharbada aurrekoan eraiki zuten dorrea. Dorre hartatik, ekialdeko horma baino ez da zutik gelditzen, gerora gehitutako kanpai-horma handi bat gainean duela; antzinako ate bat dauka, hormaz estalia, kanporanzko arku ojibal batekin eta barnealdera beheratua. Dorrearen gainerako hormak ia erabat suntsituta daude, eta haien lehenengo ilaren gainean bermatzen dira kanpandorrearen pisuari eusteko kontrahormen funtzioa duten hormak. Dorrearen ekialdeko horma hura elizaren atzeko horma bilakatu zen; eliza, antza denez, jeronimotarren komentua ezarri aurretik ere existitzen zen.

Elizaren oinplanoak gurutze latindarra eta lau angeluko burualde zuzena ditu; aldare nagusia zertxobait goratuta dago, eta korua, berriz, arroka naturaleko zapalda baten gainean, zeina iparraldetik hegoaldera hedatzen baita multzoko eraikinen azpitik. Gurutzaduraren bi muturretan albo-kapera bana dago; iparraldeko adarrekoa hobeto kontserbatuta dago beste aldekoa baino. Elizako lurzoruak harrizko zoladura dauka, eta, azpian, ehorzketen hondakinak aurkitu dira iparraldeko albo-kaperaren eremuan gutxienez, baina litekeena da zoladuraren gainerako zatian gehiago egotea.

Jauretxea multzoaren mendebaldean dago, eta, elizan bezala, hormetako asko zutik gelditu dira lehen karlistaldiaren amaierako sutearen eta abandonuaren ondorioz forjatuak eta estalkia amildu ondoren ere. Eraikina, hasieran, egoitza zibil bat zen, hots, iruñatarren jauretxea, erronboide-formako oinplanodun bolumen gisa eraikia, beharbada XIV. mendean: behe-solairua eta bi goi-solairu zituen, zurezko egitura batez egindako atal irten batekin. Komentua sortu zenean, eraikinak soilik egoitza zibil izateari utzi zion, eta komentuko gelen parte bilakatu zen. Dena dela, XV. mendearen amaierara arte gutxienez, geletako batzuk iruñatarren familiarentzako aldi baterako bizileku gisara gorde ziren. Egituren erreforma garrantzitsuenak XV. mendearen amaieran egin ziren, hau da, jeronimotarrek sortutako komentua agustindarren ordenari laga zitzaionean. Hormetan aldaketa batzuk ikusten dira: besteak beste, atal irtena ezabatu zen, bao berriak ireki ziren, eta forjatuen kopurua eta altuera aldatu ziren.

Konplexuaren ekialdeko hegalean, L formako oinplanoa duen eraikin bat dago, zeinetan, seguru asko, espazio komunak baitzeuden, hala nola komentuko errefektorioa, kapitulu-gela, liburutegia eta abar. Eraikin horretan ere, jauretxean bezala, aldaketak izan dira historian zehar. Hasieran, eraikinak atal irten bat izango zuen, jauretxeak bezala, eta litekeena da atal hori kendu izana, beharbada XV. mendearen amaieran edo XVI.enaren hasieran, eraikina handitzeko. Aurrerago, ustez XVII. eta XVIII. mendeetan, hego-ekialdeko muturra eta haren hegoaldeko luzapena handitu eta berregokitu zituzten, ziurrenik iruñatarrei ostatu emateko; izan ere, agustindarrek egindako erreformen ondoren ere, espazio bat haientzat gordetzen zen, familiaren aldian behingo egonaldietarako. Eraikinaren zati bat ostatu bilakatu zen, eta hala izan zen behin betiko abandonatu zuten arte. Agian, konplexuaren gune horretan nabaritzen da eraikuntza aldetik kalitate apalagoa erreformetan, eta baliteke komentuaren sasoi hartako gainbehera ekonomikoa izatea horren arrazoia.

Konplexuaren erdian klaustroa dago, zeina 2000. urtean egindako lan arkeologikoari esker jarri baitzen agerian. Klaustroa, ziur asko, jeronimotarrak lehenengoz han ezarri eta zertxobait geroago berregokitu zen, eta horrek azaltzen du jauretxearen eta komentuaren atal irtenak kendu izana, atal haiek eragotzi egiten baitzuten galeria estaliak klaustroa inguratzen zuten goi-solairuekin bateratzea. Gangen abiaburuen hondakinak eta galeriei eusten zieten zutabeen harroinenak aurkitu dira, baita komentuaren okupazioaren azken fasean lurzorua estaltzen zuen terrazo gorrixkako zoladurarenak ere (gaur egun, zoladura estalita dago eta ez da ikusten, kontserbazio-arrazoiak direla eta). 2000. urtean klaustroan egindako zundaketen arabera, pentsatzekoa da azpian beste erabilera-maila batzuk daudela. Klaustroaren erdigunean harlauzazko egitura bat dago, erdian zulo bat duena, eta litekeena da elementu bertikal baten oinarria izatea; adibidez, gurutze batena, edo, beharbada, putzu batena.

Konplexu horren guztiaren azpian, jariatze-urak drainatzeko azpiegitura bat egin zen, elkarrekin konektaturiko lurpeko erretenen sare batean oinarrituta; sare horren bitartez, ura iparraldean eta ekialdean sakabanaturiko ur-tanga batzuetara bideratzen zen. Konplexuaren kanpoan kokaturiko lurpeko ur-tangak interes berezia dauka, haren dimentsioak eta sekzio zorrotzeko akueduktua direla eta; L formako eraikinaren ekialdean dago, baina gaur egun, segurtasun-arrazoiengatik, ez dago bisitarien gunearen barruan.

III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDE PARTIKULARRA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Babes-araubide hau Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16. artikuluan ezarritako beharrarekin justifikatzen da, eta helburu du hasiera ematea Badaiako Santa Katalinako eraikin-multzoa monumentu-multzoaren kategorian babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko prozedurari.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Hemen zehazten den babes-araubidea I. eranskinean ezarritako mugaketaren eta II. eranskineko deskribapenaren arabera aplikatuko da.

3. artikulua.– Babestuko diren balio kulturalak.

1.– Badaiako Santa Katalinako monumentu-multzoaren balio kulturaltzat hartzen dira, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, kultura-ondasunari garrantzia ematen diotenak eta interesgarri bihurtzen dutenak belaunaldiz belaunaldi ezagutu eta transmititzeko.

2.– Hauek dira monumentu-multzoaren balio kulturalak historiaren eta ingurumenaren ikuspegitik:

– Garai batean defentsarako eta bizitegi gisa erabilitako espazioak eboluzio funtzionala izan zuen Behe Erdi Arotik Aro Modernora bitartean, eta espazio erlijioso eta bizitegi bihurtu zen, eliteen interesak eta botereguneak landa-eremutik hirigunera aldatu zirenean, eta patronatu laikoko monasterio eta komentuak ezarri zirenean besteren eraikinen, errenten eta lurren dohaintzaren bidez. Monumentu-multzoa, beraz, orduko eboluzio funtzionalaren isla arkitektonikoaren adierazgarritzat har daiteke.

– Multzoaren kokalekuak balioa du paisaiari eta ingurumenari dagokienez: Badaiako mendilerroaren magalean dago, parke botaniko batek inguratuta, eta handik ikuspegi zabala dago Zadorrako ibarrera eta Vitoria-Gasteiz aldera. Kokaleku hori, egiaz, arrazoi estrategiko-defentsiboak zirela-eta aukeratu zen iruñatarren jauretxea eraiki zenean, eta, zalantzarik gabe, erakargarri handia da: alde batetik, kota garaienek begiratoki edo talaia ederra eskaintzen dute Lautada aldera, eta, bestetik, bertako aurriek monumentu-entitatea dute eta iragana irudikatzen laguntzen dute paisaia-ingurune nabarmen eta berezi horretan.

3.– Hauek dira monumentuaren balio kulturalak arkitekturaren, artearen eta arkeologiaren ikuspegitik:

– Gaur egun aurriak diren arren, kontserbatu diren eraikuntza-hondakinen proportzioari esker erraz igar daiteke erabilera zibil-defentsiborako eta bizitegi-erabilerarako eraikinen tipologia arkitektonikoa. Eraikin horiek komentu-konplexu baten barruan integratuta eta elkarrekin lotuta daude, eta konplexuari monumentaltasuna eta adierazgarritasuna ematen diote.

– Esparruaren azpian eta kanpoaldean zabaltzen den lurpeko azpiegitura hidraulikoak ere balio kulturala dauka. Zorupeko erretenen, arrokan zulatutako lurpeko akueduktu txikien eta ur-tangen bidez, jariatze-urak drainatu eta gorde egiten ziren konplexuko bizilagunak hornitzeko. Gaur egun, azpiegitura horren zati bat agerian dago, multzoa kontsolidatzeko eta balioa emateko egindako lanei esker, eta oraindik ere jatorrizko funtzioari eusten dio. Horrek ingurumenaren aldetik balioa ematen dio multzoaren egungo erabilerari, hots, bisita daitekeen aurri monumentalari eta parke botanikoari.

– Elizako, jauretxeko eta komentuaren ekialdeko hegaleko horma-atalen zati batzuen luzituetan kontserbatu diren ornamentu-pinturaren hondakinek eta multzoaren gainerako zatian aurki daitezkeenek ere balio kulturala dute.

– Santa Katalinako Multzoak potentzial arkeologiko handia dauka azterketa historiko-arkeologiko integral bat egiteko dokumentu gisa. Horretarako, batetik, eraikin hondatuen altxaeren analisi estratigrafikoa egin behar da, eta, bestetik, eraikinen kolapsoaren ondorioz pilaturiko hondakinen eta lekua okupatuta egon zen mendeetan pilaturikoen hondeaketa arkeologikoa, barne hartuko duena Erdi Aroan bizitegi eta defentsa-gune gisa erabiltzen hasi zirenetik lehen karlistaldian sutu eta suntsitu zuten arteko aldia. Eraikinen kolapsoaren ondoriozko hondakinak atera egin dira multzoaren zati handienetik, arkeologoen ikuskaritzapean, baina zati bat hondeatu gabe dago oraindik; hain zuzen, azken erabileraren kotaren azpitik hasi eta arroka amara arteko tartea. Gaur arte egindako lanek behar-beharrezko datuak eman dituzte egitura eta eraikin kolapsatuek zer ezaugarri zituzten eta eraiki gabeko espazio batzuek eta lurpeko azpiegitura hidraulikoak zer funtzio zuten jakin ahal izateko. Litekeena da etorkizunean ikerketa arkeologikoak egitea konplexua suntsitu eta abandonatu baino lehenago izan zen azken erabilera-fasearen kotaren azpitik sakondu ez diren espazioetan; horrenbestez, babestu beharra dago balio zientifiko hori. Nagusiki, hauek dira espazio horiek: eliza, non, aurrez egindako zundaketa arkeologikoek erakusten dutenez, hilobi gisa erabili baitzen kaperetako baten ondoko eremua –oraindik ez da jakinekoa elizaren gainerako zatia ere hilobi gisa erabili ote zen–; klaustroa, non erabilera eman zitzaion azken lurzorua lokalizatu baita –halere, uste izatekoa da lehenagoko erabilera-faseen hondakinak egotea azpian–; eta komentuaren ekialdeko hegalaren zati bat, betiere hondakinak kentzeko eta lorategia jartzeko gerora egindako lanek hondatu ez badute.

4. artikulua.– Izaera loteslea.

Babes-araubide honetako arauak lotesleak dira, eta higiezina arau horiek errespetatuz zaindu behar da. Era berean, araubide honetako preskripzioek hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-antolamendurako tresnak lotesten dituzte; tresna horiek araubide honekin bat etorri behar dute, eta babestutako kultur ondarearen babesa eta kontserbazioa bermatzeko zehaztapenak jaso behar dituzte, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47.3 artikuluak xedatzen duenaren arabera. Aipatutako legea betez, tresna horiek kultura-ondarearen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren aldeko txostena izan behar dute.

5. artikulua.– Arau orokorrak.

1.– Babes-araubide honek babesten duen ondasuna Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 3ko 6/2019 Legearen menpe dago baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.

2.– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren arabera, babes-araubide honi lotutako ondasunaren jabeek, edukitzaileek eta eskubide errealen gainerako titularrek nahitaez bete behar dituzte hirigintzaren eta kultura-ondarearen arloan indarrean dagoen legediak ezarritako kontserbazio-, zaintza-, babes- eta erabilera-betebeharrak, ondasun horien osotasuna bermatzeko eta haien galera, suntsipena edo narriadura eragozteko.

3.– Babestutako kultura-ondasunei ematen zaizkien erabilerek eta haiek ustiatzeko aukera ematen duten administrazio-emakidek bateragarriak izan behar dute babestu beharreko balio kulturalekin, betiere bermatzen dutenak kontserbatu egingo direla eta balioa emango zaiela.

4.– Babestutako kultura-ondasunaren titularrek beharrezkoa den informazioa eman behar diete agintari eskudunei edo funtzionario arduradunei, bai eta babestutako kultura-ondasunean sartzen utzi ere, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legea betearazteko. Era berean, berariaz baimendutako ikertzaileei baimena eman behar diete azterketa egiteko, bai eta bisita publikoa egiteko ere, 6/2019 Legearen 32.2 eta 32.3 artikuluetan adierazitako moduan.

5.– Babestutako ondasuna osorik edo partzialki eraisteko, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 51. artikuluan xedatutakoari jarraitu behar zaio ezinbestean.

II. KAPITULUA
ESKU HARTZEKO ARAUBIDEA
1. ATALA
ESKU HARTZEKO ETA KONTSERBAZIOKO IRIZPIDE KOMUNAK

6. artikulua.– Esku-hartzeak baimentzea.

Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33. artikuluan ezarritakoaren arabera, babes-araubide honi lotutako kultura-ondasunaren gaineko esku-hartzeek, oro har, Arabako Foru Aldundian kultura-ondarearen arloan eskumena duen organoaren baimena behar dute. Era berean, lege horren 46. artikuluak ezartzen duenaren arabera, nahitaezkoa da hirigintzako lizentziak eman aurretik izatea baimena.

7. artikulua.– Esku hartzeko irizpide orokorrak.

Babestutako ondasunaren gaineko esku-hartzeetan, ondasun horren ezagutza, kontserbazioa, zaharberritzea eta balioa nabarmentzeari begirako birgaitzea bermatu behar da, zientziaren eta teknikaren bitarteko guztien bidez, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34. artikuluan ezarritako eran, babes-araubide honetan zehaztu ez den orori dagokionez.

8. artikulua.– Araudi sektoriala eta irisgarritasunari buruzkoa aplikatzea.

1.– Indarrean dagoen araudi sektoriala betetzea helburu duten esku-hartzeak baimenduko dira, baina babes-araubide honetan ezarritako jarduera-mugak izango dituzte, eta, betiere, ahalegina egingo da babestutako ondasunaren balio kulturalei kalterik ez egiteko, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34.10 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Irisgarritasunari dagokionez, eta Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16. eta 32. artikuluetan ezarritakoa betez, arrazoizko doikuntza eta proposamen batzuk egin ahalko dira mugikortasun urriko pertsonak modu autonomoan sar daitezen, baldin eta egiten diren lanak bat badatoz ondasunaren balio kultural babestuekin. Hala, bisitariak Santa Katalinako esparrura sartzeko eta barruko espazioetan ibiltzeko, azken hamarkadetako lanetan eraikitako eskailerak arrapalek ordezka ditzakete, teknikoki ahal den lekuetan, barruko espazioen arteko desnibela berdintzeko, baldin eta arrapalak arinak badira, babestutako ondasunaren balioekin bat datozen materialekin eginak badaude eta itzulgarriak badira.

Esku-hartze horiek edo irisgarritasuna bermatzeko beste batzuk egitekotan, proiektu tekniko batean zehaztu eta justifikatu beharko dira lanak, eta frogatu beharko da teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direla eta ondasunaren balio kulturalei eta babes-araubide honen 11. artikuluan zehaztutako zaindu beharreko elementuenei eutsiko zaiela. Horretarako, Foru Aldundiari dagokio proiektuaren edukia zehaztea eta esku-hartzea baimentzea.

3.– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 32.4 artikulua betez –babestutako kultura-ondasunaren informaziorako sarbide unibertsalari buruzkoa da–, monumentu hori ezagutarazteko edo balioa emateko sortutako material berri guztiek inklusiboak izan behar dute irisgarritasunaren ikuspuntutik, eta kolektibo horiei erantzun egokia eman behar diete.

9. artikulua.– Esku-hartzeen proiektua eta memoria.

1.– Babes-araubide honi lotutako ondasunaren balioei eragiten dieten esku-hartzeek ondasun horren ezaugarriei eta esku-hartzeari berari egokitutako proiektu tekniko espezifiko bat izan behar dute, eta ondasunaren titularrak Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailari aurkeztu behar dio proiektua, onar dezan, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren arabera.

2.– Babestutako ondasuna zaharberritzeko egin beharreko lanak ondasunaren azterketa historiko-arkitektoniko eta arkeologikoan oinarritu behar dira. Esku-hartzeen proiektua eta memoria profesionalek eta enpresa espezializatuek idatzi behar dituzte, zeinek egiaztatu behar duten proiektua eta memoria berme osoz gauzatu ahal izateko behar den gaitasun teknikoa dutela, bai eta ondasunaren beharretarako egokia den diziplinarteko talde bat dutela ere. Nolanahi ere, obrek kultura-ondasunaren balioak errespetatu behar dituzte eta haien pertzepzioa hobetu.

3.– Esku-hartze bakoitza bukatutakoan, hura egiaztatu eta erregistratze aldera, ondasunaren titularrak txostena aurkeztu behar du Arabako Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailean.

2. ATALA
ESKU HARTZEKO ARAUBIDE PARTIKULARRA

10. artikulua.– Esku hartzeko irizpide espezifikoak.

Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 43.1 artikuluan ezarritakoa betez, babes-araubide honi lotutako ondasunaren gainean egiten diren esku-hartzeak eraikuntza-sistema guztiak zaharberritzera bideratu behar dira. Era berean, lorategi botanikoaren egungo erabilera hobetzea helburu duten esku-hartzeak onartuko dira, lorategia mantentzera eta ekoiztera bideratutakoak barne, bai eta lorategi botanikoaren gozamen publikoarekin lotutako beste erabilera batzuk ere, hala nola hezkuntza-erabilera eta bisitarientzako harrera-zerbitzu osagarriak, baldin eta ondasunaren balio babestuei eragiten ez badiete eta kontserbatzeko eta balioa emateko baldintza hobeak badituzte.

11. artikulua.– Babestutako kultura-ondasunean zaindu beharreko elementuak.

Babestu beharreko kultura-ondasunaren elementuak hauek dira:

– Multzoko espazio hondatuen konfigurazioa eta antolamendua.

– Kontserbatutako hormetan ikusgai dagoen fatxaden konposizioa, jatorrizko luzitua kontserbatzen den zatietako apaindura margotua, eta jatorrizko forjatu desagertuei eusten zieten zurezko habeen hondakinak; jatorrizko forjatu haien hondakin batzuk gelditzen dira kontserbatutako hormetan txertatuta, eta hondakin horien azterketa arkeobotanikoak edota dendrokronologikoak egin litezke.

– Egungo sestra-kotaren azpian egindako esku-hartzeen ondorioz aurkitu diren eta garrantzi historiko-arkeologiko berezia duten aztarna arkeologikoak, betiere haien kontserbazioa eta gaur egun ikusten diren multzoaren eraikuntza-elementuena arriskuan jarri gabe. Hala, oraindik esku-hartze arkeologikorik izan ez duten multzoaren zorupeko eremuei eragiten dieten jarduketetan, aurkitutako eraikuntza-hondakinak integratzeko interesa eta bideragarritasuna baloratu behar da.

12. artikulua.– Babestutako kultura-ondasunean esku hartzeko zehaztapen espezifikoak.

1.– Oro har, ez dira baimenduko multzoaren balio historiko-arkitektoniko eta arkeologikoei eta zaindu beharreko elementuenei kalteak edo galerak ekar diezazkieketen esku-hartzeak, ez eta babes-araubide hau urratzen dutenak ere. Baimendutakoak, berriz, multzoa osatzen duten eraikin monumental hondatuen elementu tipologikoak eta formalak errespetatzen dituzten esku-hartzeak izango dira.

2.– Horri dagokionez, hona hemen babestutako ondasunean eta babes-araubide honen 11. artikuluan definitutako zaindu beharreko elementuetan aplikatu beharreko esku hartzeko araubidearen zehaztapen espezifikoak:

a) Ezin da aldatu eraikin hondatuetako oinplanoaren morfologia, ezta jatorrizko eraikinei beste eraikinik erantsi ere. Salbuespen gisa, esparruaren barruko eraikin hondatuen barne-espazioak estal daitezke beste erabilera kultural batzuetara egokitzeko, hala nola lorategi botanikoaz gozatzeko. Horretarako, baldin eta jatorrizko karga-hormen sostengu-ahalmena zehazten duen aldez aurreko azterlan bat badago, egungo egitura-sistema aprobetxatuko duten sistemak onartuko dira, eta sostengu-ahalmen hori nahikoa ez bada, jatorrizko hormetatik bereizitako eraikuntza-sistemen bidez estali beharko da. Edonola ere, lan horiek itzulgarriak izan behar dute, eta bermatu behar dute urak behar bezala bideratuko direla, horma hondatuen kontserbazioa arriskuan jarri gabe; horrez gain, garbiketari eta mantentze-lanei dagokienez, irtenbide jasangarri bat aurreikusi beharko da. Salbuespena justifikatzeko, azterketa edo proiektu tekniko bat idatzi beharko da, eta Arabako Foru Aldundian kultura-ondarearen arloan eskumena duen organoaren oniritzia eduki.

b) Mantendu egin behar dira fatxaden gaur egungo osaera eta materialak, fatxadak osatzen dituzten elementuak, fatxadako apaingarriak eta fatxada-baoen kopurua, eta eutsi egin behar zaie haien jatorrizko formari, tamainari eta proportzioei. Ezin da baorik ireki, ez eta komentuaren okupazioaren historian forjatuetan eta barne-banaketetan egindako aldaketen ondorioz hormaz estali diren baoak berriz ireki ere. Fatxadetan egiten den edozein esku-hartze fatxadak eta haien konposizio- eta apaindura-elementuak lehengoratzeko eta zaharberritzeko izango da.

c) Oro har, kontserbatutako hormen egungo itxurari eutsi behar zaio, eta ezin zaie luziturik edo emokadurarik aplikatu jatorrizko luzituak galdu dituzten zatiei, ez eta jatorrian luziturik ez zuten zatiei ere. Hala ere, emokadurak edo luzituak aplikatu daitezke ondasuna hobeto kontserbatzeko, baldin eta Arabako Foru Aldundiko organo eskudunari txosten tekniko baten bidez justifikatzen bazaio lan hori. Nolanahi ere, organo horrek baimendu beharko du.

d) Baimena emango da 3. artikuluan zehaztutako balio kulturalei eta 11. artikuluan definitzen diren kultura-ondasun babestuan zaindu beharreko elementuen balioei kalte egiten dieten elementuak kentzeko esku-hartzeak egiteko. Halaber, baimena emango da hirigintzako legedi aplikagarriak eraikinen kontserbazio-betebeharra dela-eta onartzen dituen esku-hartzeak egiteko.

e) Beharrezko diren instalazioak ahalik eta modu diskretuenean sartu behar dira, eta erregistroek integratuta geratu behar dute, 11. artikuluan zehaztutako zaindu beharreko elementuak ahalik eta gehien errespetatuz.

f) Babestutako eremuaren zorupean aldaketak eragin ditzakeen obra edo esku-hartze bat egin aurretik, ikerketa arkeologiko bat egin behar da, eta, ikerketa horren emaitzaren arabera, obra edo esku-hartzea egiteko lizentzia emango da edo ez da emango. Landa-ikerketa arkeologikoa amaitutakoan, agerian jarritako egiturak eta eraikuntza-hondakinak lekuan bertan integratzea sustatuko da, eta obra edo esku-hartzea egitura horien kontserbazioarekin bateragarri egitea.

13. artikulua.– Babestutako kultura-ondasunaren ingurunea.

1.– Eraikin hondatuen multzoan eragina duten proiektu guztiek errespetatu egin behar dituzte multzoaren ingurunearen ingurumen-balioak.

2.– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 50. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, debekatuta dago babestutako kultura-ondasunean kutsadura bisuala edo akustikoa eragiten duten elementuak instalatzea, monumentuaren gaineko ikuspegia eragozten, zailtzen edo desitxuratzen badute eta haren testuinguru-balioak hondatzen badituzte.

Horri dagokionez, I. eranskinean zehazten den ingurune babesturako, hauek hartzen dira kutsadura bisuala eta akustikoa sortzen duten elementutzat, beren eraikuntza- edo diseinu-ezaugarriengatik kultura-ondasunean perturbazio bisuala edo akustikoa eragiten dutelako:

– Altueragatik, bolumetriagatik edo distantziagatik, monumentu-multzoaren pertzepzioa alda dezaketen eraikuntza edo instalazio iraunkorrak edo aldi baterakoak.

– Hornidura, sorkuntza eta kontsumo energetikorako eta telekomunikazioetarako instalazioak, beren forma edo tamainagatik ingurune babestuan eragin handia badute.

– Errotuluak, seinaleak, hesiak eta kanpoko publizitatea jartzea, babes-araubide honi lotutako ondasunaren balio kulturalei kalte egiten badiete beren ezaugarri eta kokapenengatik.

– Zarata handia sortzen duten jarduerak edo instalazioak, monumentua akustika aldetik behar den bezala ikustea zailtzen dutenak.


Azterketa dokumentala