207. zk., 2023ko urriaren 30a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (431 KB - 26 orri.)
- EPUB (170 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4925
EBAZPENA, 2023ko irailaren 15ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Vitoria-Gasteiz eta Burgeluko (Araba) udal-mugarteetako «Vitoria Solar 2» eguzki-instalazio fotovoltaikoaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena; sustatzailea Indarberri, SL da.
AURREKARIAK
Eusko Jaurlaritzaren Arabako Industria Administrazioko lurralde-ordezkariaren 2022ko ekainaren 6ko iragarki baten bidez, jendaurrean jarri zen Vitoria-Gasteiz eta Arratzua-Ubarrundia udal-mugarteetako «Vitoria Solar 1» eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eta Vitoria-Gasteiz, Burgelu eta Barrundia (Araba) udal-mugarteetako «Vitoria Solar 2» eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektua, bai eta haiei lotutako azpiegiturak, eta dagokien ingurumen-inpaktuaren azterketa ere, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan adierazitakoaren arabera, egoki iritzitako alegazioak aurkez zitezen. Izapide horri dagokion iragarkia 2022ko ekainaren 23ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (121. zk.) eta 2022ko ekainaren 27ko Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (74. zk.) argitaratu zen.
Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, Eusko Jaurlaritzaren Arabako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzak adierazi zuen alegazioak jaso zirela.
Orobat, aipatutako abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, jendaurreko informazioaren izapideaz gain, Eusko Jaurlaritzaren Arabako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzak kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, haien eskumenez baliatuz, egoki iritzitako oharren txosten osoa egin zezaten, 30 eguneko epean, kontsulta jakinarazten zenetik aurrera. Espedientean jaso da izapide horren emaitza. Horri dagokionez, sustatzaileak adierazi du kontuan hartu direla ukitutako administrazio publikoen erantzun-txostenak.
Jasotako txostenak eta alegazioak kontuan hartuta, sustatzaileak proiektua berriz definitu zuen, eta eguzki-instalazio fotovoltaikoaren azalera nabarmen murriztu zuen eta ingurumenari buruzko informazioa osatu zuen. Horregatik, 2022ko azaroaren 11n, Eusko Jaurlaritzaren Arabako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzak proiektuak ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egiteko bigarren izapide bat hasi zuen; horren emaitza espedientean jaso da.
Ebazpen honen eranskinean, jaso diren txosten eta alegazioen zerrenda ageri da, eta dokumentu hau egiterakoan ingurumen-arlokoak aztertu dira.
Eusko Jaurlaritzaren Arabako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzak, 2023ko irailaren 11n, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari «Vitoria Solar 2» eguzki-instalazio fotovoltaikoaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena eskatu zion, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz.
Eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu zen:
– 49,99 MWp-eko Vitoria Solar 2 eguzki-instalazio fotovoltaikoa egikaritzeko proiektua. Data: 2022ko urriaren 7a.
– Promotores Vitoria TAE (Transformazio Azpiestazio Elektrikoa)–Vitoria 220 kV TAE (REE) 220 kV-eko goi-tentsioko aireko linea egikaritzeko proiektua. Data: 2022ko urriaren 6a.
– Promotores Vitoria 220 kV azpiestazioaren proiektuari buruzko memoria. Data: 2022ko otsailaren 15a.
– Vitoria-Gasteiz, Arratzua-Ubarrundia eta Burgeluko udal-mugarteetan, Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2 eguzki-instalazio fotovoltaikoei eta haien Vitoria 220 lotuneko hustuketa-azpiegiturei buruzko ingurumen-inpaktuaren azterketaren agiri bategina Eranskinak. Data: 2023ko ekaina.
– Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitzari buruzko dokumentazioa.
– Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulta izapidearen emaitzari buruzko dokumentazioa.
– Proiektuaren azken proposamenean sartzea egindako kontsulten emaitza eta horiek nola hartu diren kontuan.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea hau da: proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea, proiektu horiek ingurumenean ondorio nabarmenak izateko arriskua dakartenean, ingurumenaren babes-maila handia bermatzea eta garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 61. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura bete beharko dute lege horren II. eranskinean zehazten diren eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean gauzatu nahi diren plan, programa eta proiektuek. 15 hektareako edo gehiagoko lurra okupatzen duten energia fotovoltaikoko instalazioak aipatutako arauaren II.D eranskineko 3.k puntuan jasota daude, eta, beraz, proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta aplikatu beharko du.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Arabako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzak, organo substantibo gisa, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu eta ukitutako administrazio publikoek eta interesdunek prozeduran parte hartu dute.
Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiak kontuan hartzen dituela, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Vitoria-Gasteiz eta Burgeluko (Araba) udal-mugarteetako «Vitoria Solar 2» eguzki-instalazio fotovoltaikoaren ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau egitea, ingurumen-ondoreetarako soilik.
Proiektuaren xedea da 49,99 MWp-eko «Vitoria Solar 2» izeneko instalazio fotovoltaikoa eraikitzea, 48,118 MWn-eko potentzia izendatua izango duena, eta hari lotutako azpiegiturak eraikitzea Vitoria-Gasteiz eta Burgeluko udal-mugarteetako lursailetan, 60,88 ha-ko azaleran, sortutako energia elektrikoa saltzeko helburuarekin.
Proiektu hori zuzenean lotuta dago sustatzaile beraren «Vitoria Solar 1» instalazio fotovoltaikoaren proiektuarekin (49,97 Wp, 48,118 MWn eta 61,31 ha); izan ere, haren inguruetan dago («Vitoria Solar 2» instalazio fotovoltaikoaren mendebaldean) eta azpiestazio elektrikoa eta konexio-linea partekatzen dute.
Proiektu desberdinak badira ere, biak gertu daude, sustatzaile berarenak dira eta azpiegituren zati bat partekatzen dute. Hori dela eta, bi instalazioen ingurumen-inpaktuaren azterketa (aurrerantzean, IIA) bakarra egin da.
1.– Proiektuaren deskribapena eta kokalekua.
1.1.– Proiektuaren kokalekua.
Adierazi den bezala, «Vitoria Solar 2» instalazioa Vitoria-Gasteizko eta Burgeluko udal-mugarteetan dago, A-1 autobiaren iparraldean eta Zadorrako urtegi-sistemaren mendebaldean. Gaur egun lursail horiek nekazaritzarako erabiltzen dira batez ere. Panelek 60,88 ha-ko eremua hartzen dute, 7 inguratzailetan banatuta, Lubiano eta Uribarri Arratzuako herriguneen artean sakabanatuta.
1.2.– Aztertutako aukerak.
Ikuspegi teknologikotik hainbat aukera hartu dira kontuan (egitura finkoa, ardatz bateko jarraigailua eta bi ardatzeko jarraigailua), baita instalazioaren eta Promotores TAE azpiestazioaren kokalekuari buruzko zenbait aukera ere. Kokaleku-aukerei dagokienez, 3 aukera hartu dira kontuan, eta horietatik 3. aukera hautatu da.
1.3.– Hautatutako aukeraren deskribapena.
Instalazioaren ezaugarriak egikaritze-proiektuan jasotakoak dira (VIT2-SOL-FV-PE-PRY-0001 dokumentua, 2022ko urriaren 10ekoa).
Panelen konfigurazioa.
Instalazioak 49,99 MWp-eko puntako potentzia instalatua eta 48,118 MWn-eko potentzia izendatua ditu. Kalkuluen arabera, urtean 74,648 GWh inguru ekoitziko ditu. Panelek eta aldi baterako pilaketa-eremuak 60,88 ha-ko azalera hartuko dute, eta 12.389,30 m-ko hesi-perimetroa izango du. Azalera hori erabilera nagusia nekazaritzakoa duten landa-lurzoruko 11 lurzatiri dagokie.
Emandako informazioaren arabera, 90.074 panel jarriko dira (555 Wp/paneleko). Jasolar motako edo antzeko siliziozko modulu fotovoltaikoek 2384 mm*1096 mm*35 mm inguru neurtuko dute gutxi gorabehera. Modulu horiek eguzki-jarraigailuen gainean jarriko dira, eta elektrikoki konektatuko dira 29 moduluko serieetan (string); ondoren, string horiek paraleloan konektatuko dira 1. mailako kutxetan (string-kutxak). 1. mailako kutxa horietatik korronte zuzeneko behe-tentsioko zirkuituak eramango dira inbertsoreetaraino, eta, bertan, korronte zuzena korronte alterno bihurtuko da. Instalazioak 14 inbertsore izango ditu.
Moduluen euskarri-egiturak 1V58 eta 1V29 konfigurazioa duten eguzki-jarraigailuak (trackerak) izango dira. Iparretik hegoaldera orientatutako ardatz horizontal baten gainean mugituko dira, eta egunean zehar eguzkiaren posizioa automatikoki jarraituko dute ekialdetik mendebaldera, moduluen ekoizpena maximizatzeko. Guztira, 58 moduluko 1.306 eguzki-jarraigailu eta 29 moduluko 494 instalatuko dira, eta gutxienez 4 metroko pitch edo pasabide bat izango dute lerroen artean, gehieneko bertikaltasun-posizioan 2,5 metroko gehieneko tartea izango dute, eta zorutik gehienez 1,37 metroko altuerara egongo dira horizontalean. Jarraigailuak panel fotovoltaikoen bidez elikatuko dira. Moduluen finkapenak azterketa geoteknikoaren arabera zehaztuko dira, baina, ahal den guztietan, profilak lurrera zuzenean sartuta finkatuko dira.
Transformazio-zentroak eta ebaketa-zentroak.
Inbertsoreen irteera behe-tentsioko korronte alternoko kableen bidez konektatzen da transformadorera, eta horrek potentzia erdi-tentsioko mailara (30 kV) igotzen du, energia guztia erdi-tentsioan ebaketa-zentroraino garraiatzeko. Instalazioak 7 transformazio-zentro izango ditu, eta horietako bakoitzak 67,38 m2-ko azalera izango du.
Bestalde, ebaketa-zentroak sare elektrikoa eta horrek zerbitzu ematen dion instalazio partikularra lotzen ditu, eta haren helburua instalazioari saretik bereizteko moduko babesa ematea da, gorabeherarik izanez gero. 224,92 m2-ko solairu bakarreko eraikina izango da, hormigoizko edo obrako panel prefabrikatuekin egina. Ebaketa-zentroko 30 kV-eko sarrera- eta irteera-lineak lurpean egongo dira, eta eguzki-parkeko VS2_25_1 inguratzailean kokatuko dira.
Parkean sortutako energia ebakuatzea.
Ebaketa-zentrotik, lurpeko erdi-tentsioko (30 kV) linea batek energia ebakuatuko du lehendik dauden bideetatik (1.200 m inguru) Promotores Vitoria transformazio-azpiestazioraino (TAE). Vitoria-Gasteizko udal-mugartean kokatuko da eta 12.385,37 m2-ko azalera izango du. Ebakuazio-linea horrek bi ibilgu zeharkatuko ditu (Iturritxu eta Angostalde errekastoak). Proiektuaren 8.2.3 apartatuan deskribatzen den bezala, errekak lurpeko zulaketa zuzenduaren bidez gurutzatuko dira. Instalazioko behe-tentsioko eta erdi-tentsioko linea guztiak zangetan lurperatuko dira, eta dauden bideen zati bat aprobetxatuko dute. Era berean, linea horrek A-3008 errepidea gurutzatuko du, hoditeria bidez.
Promotores Vitoria azpiestazioan, tentsioa 220 kV-ra igoko da, eta, ondoren, energia elektrikoa transmititzeko aireko linea batek (657 m, 220 kV-eko trifasikoa) Promotores Vitoria TAE lehendik dagoen Vitoria TAErekin (Red Electrica Espańolarena) lotuko du. Aireko linea horrek altzairu galbanizatuzko saretazko 3 euskarri metaliko berri izango ditu Vitoria-Gasteizko udal-mugartean.
Drainatze-sistema.
Instalazioak drainatze-sistema bat izango du irletan zehar, eta sistema horrek bermatuko du eurien jariatze-urak behar bezala hustuko direla, inguruko ibilguetarako hustubide naturaleko puntuak errespetatuz. Gainera, diseinatutako drainatze-sistemarekin elikatuko diren bi putzuren kokapena proiektatu da. Drainatze-sistema horrek barneko bideetako zorua babestu behar du, eraikinetan edo osagai elektrikoetan ura sartzea saihestu behar du, eta lurraren higadura eta jalkinen edo uraren pilaketa saihestu behar ditu.
Sarbideak eta barneko bideak.
Instalaziora sartzeko, zonan dauden bideak erabiliko dira. Bide horiek, behar izanez gero, egokitu egingo dira, ibilgailu astunak obrara sartu ahal izateko.
Barneko bideek behar besteko zabalera izango dute, instalazioko transformazio-zentro guztietara, azpiestaziora, kontrol-etxolara eta biltegira sartu ahal izateko. Kontuan hartutako ereduzko sekzioak 20 cm-ko hautatutako zoru trinkotuzko geruza bat du, eta 20 cm-ko beste geruza bat, zabor-legar artifizial trinkotuzkoa.
Lur-mugimenduak.
Hondeaketen bolumena 3.803 m3-koa izango dela; horietatik 3.515 m3 betelanetarako erabiliko dira (lubetak) eta gainerako 288 m3-ak, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, sarbide eta barne-bideak lehengoratzeko erabiliko dira, bai eta obra-fasean erabili diren pilaketa-eremuak lehengoratzeko ere. Beraz, ez da lur-soberakinik aurreikusten.
Lurzatiak ixtea.
Instalazioa, segurtasun-arrazoiak direla medio, hesitutako esparruen barruan instalatuko da, eta esparru horietara egun dagoen bidetik sartzea aurreikusten da.
Panelak inguratzaileetan taldekatzen dira. Jendaurreko informazioaren eta kontsulten fasearen ondorioz, Vitoria Solar 2 instalazioak okupatutako azalera 218,93 ha-tik 60,88 ha-ra murriztu da. Hauek dira behin betiko zazpi inguratzaileak:
(Ikus .PDF)
Inguratzaile bakoitzak hesi perimetral zinegetikoa izango du, 2 metroko altuerakoa, eta abifaunak talka ez egiteko seinale-plakak jarriko dira agerian. Kudeatzeko ehiza-itxiturak eta horien euskarri eta ainguratze-elementuak eremu horretan dagoen ehizarako ez den basa-faunaren joan-etorria ez eragozteko moduan instalatuko dira. Beheko bi harien eta lurzoruaren mailaren artean gutxienez 15 zentimetroko tartea egon beharko da, ez dute elementu ebakitzailerik edo puntazorrotzik izango, eta ez dute ainguratzeko, lotzeko edo finkatzeko gailurik izango («pikotxak» edo tenkagailu-kablea), ehiza-arloan eskumena duen organoak hala zehazten duenean izan ezik.
Behar diren zerbitzu eta baliabideak kontratatzea.
Instalazioa ez da konektatuko ur-hornidurako sare publikora, ez udal-saneamenduko sarera, ezta telefonia-sarera ere. Energia-hornidurari dagokionez, instalazioa ez da udal-horniduraren sarera konektatuta egongo, autoaskia izango baita. Edateko uraren depositu estanko baten bidez kontsumituko da ura, eta beharren arabera beteko da. Bestalde, komunetako ura putzu septiko estanko batera bideratuko da, eta kudeatzaile baimendu batek kudeatuko du.
Eguzki-instalazioa eraiki eta martxan dagoen bitartean kontsumituko den baliabide nagusia honako hau izango da: obra-etxoletako dutxetarako ura, hautsa sortzea prebenitzeko zisterna-kamioi batekin bideak ureztatzeko behar den ura eta panelak garbitzeko behar den ura.
Beste instalazio iraunkor batzuk.
Instalazioaren bizitza baliagarrian, kontrol-eraikina eta biltegia mantenduko dira, aire zabalean egon behar ez duten ordezko piezak gordetzeko. Kontrol-eraikinak komunak eta putzu septikoa izango ditu.
Pilaketa-, hondakin- eta biltegiratze-eremuak.
Aire zabaleko materialak biltegiratzeko eta pilatzeko hainbat gune ezarriko dira. Lurrak eta/edo obrako materialak biltzeko eremua landaretzarik gabeko lursail batean egongo da, sarbide erraza izango du, eta ibilguetatik ere urrun egongo da.
Behar duten materialetarako, metalezko edukiontzi prefabrikatuak dituzten biltegiratze-eremuak diseinatuko dira. Gainera, hondakinak biltegiratzeko gune bat eta obrako ibilgailuak eta makinak aparkatzeko beste bat aurreikusi dira.
Obrak sortutako hondakinei dagokienez, instalazioa egiteko proiektuaren 6. dokumentuaren II. eranskinean, hondakinak kudeatzeko azterlan bat aurkeztu da. Bertan, aurreikusitako hondakin motak eta kopuruak eta horien kudeaketa zenbatesten dira. Hondakinak biltzeko garbiguneak jarriko dira, eta horietan hondakinak behar bezala biltegiratuko dira, aplikatzekoa den araudiaren arabera. Garbigunea eta obra-bulegoak VS2_25_2 inguratzailean egongo dira.
Makinak.
Eraikuntza-fasean, nibelatzeko, hondeatzeko eta aratzeko ekipoak erabiliko dira, lursaila instalazioa ezartzeko behar den azalerara egokitzeko. Era berean, tinkatze-makinak erabiliko dira egituretarako eta zanga-makinak kableak kanalizatzeko. Ondoren, kamioiak erabiliko dira instalazioaren elementuak garraiatzeko.
Makinentzako erregaia obra-kanpalekuko andel batean gordeko da. Andel horrek erregaia gordetzeko kubeta izango du, eta iragazgaiztutako gainazal baten gainean egongo da.
Obra burutzeko epea.
Ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, lanak egiteko epea 12 hilabetekoa izango dela aurreikusten da.
Desmuntatzea eta lehengoratzea.
Parkearen ustiapena amaitu ondoren (25-30 urteko bizialdia aurreikusten da), dena desmuntatu (panelak kendu, egitura desmuntatu, potentzia-estazioak desmuntatu eta zimenduak kendu) eta lurzatiak lehengoratu egingo dira; horretarako, lursaila birmoldatu, lurra harrotu, eta hala badagokio, landare-lurra jarri eta lursaileko harriak kenduko dira.
2.– Proiektuaren eremuan garrantzitsuak diren ingurumen-alderdiak.
Lehen adierazi den bezala, Vitoria Solar 1 eta 2 estazioak elkarrengandik hurbil daudela eta azpiegituren zati bat partekatzen dutela kontuan hartuta, ingurumen-inpaktuaren azterketa bakarra egin da bientzat, Indarberri SLren «Vitoria-Gasteiz, Arratzua-Ubarrundia eta Burgeluko udal-mugarteetan (Araba), Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2 eguzki-instalazio fotovoltaikoei eta haien Vitoria 220 lotuneko hustuketa-azpiegiturei buruzko ingurumen-inpaktuaren azterketaren agiri bategina», 2023ko ekainekoa.
Jarraian, bi proiektuen esparru komuna deskribatuko da, eta ondoren Vitoria Solar 2 instalazioaren alderdi espezifikoak zehaztuko dira.
2.1.– Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2 estazio fotovoltaikoak.
Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2 eguzki-estazio fotovoltaikoak eta haien hustuketa-azpiegiturak Vitoria-Gasteizko hiriaren ipar-ekialdean daude, Arabako lautadan; zehazki, Gasteiz, Arratzua-Ubarrundia eta Burgeluko (Araba) udal-mugarteetako lursailetan, batez ere nekazaritza-erabilera duten landa-lurzoruetan.
Kokalekuak, bereziki Vitoria Solar 2 instalazioaren iparraldea, Uribarri Ganboako urtegitik oso gertu daude (ur-masaren hegoaldean).
Eguzki-instalazioak % 3 eta % 10 arteko maldak dituen eremu batean proiektatuta daude, eta, leku jakin batzuetan, % 10 eta % 20 arteko maldak ere badaude. Bestalde, Promotores TAEtik Vitoria TAEra doan aireko ebakuazio-linea % 0 eta % 5 arteko maldak dituzten eremuetatik igarotzen da.
Hidrogeologiari dagokionez, proiektuak Vitoria-Gasteizko Unitate Hidrogeologikoa iparraldetik inguratzen duten iragazkortasun oso txikiko tupa eta tupa karetsuen gainean daude. Nitratoen bidezko kutsadura izateko arriskua duen eremutzat jotzen da Vitoria-Gasteizko alubiala. Vitoria Solar 2 instalazioa ur-masaren ekialdeko sektorean dago, eta Vitoria Solar 1, berriz, zona kaltebera horren mendebaldeko sektorean.
Proiektuaren eremuan ez dago naturagune babesturik edo interes naturalistikoko gunerik. Ez dago geologia-intereseko leku katalogaturik ere.
Konektagarritasun ekologikoari dagokionez, zonaren konektagarritasun ekologikorako garrantzitsuak diren elementuak identifikatzen dira: S1 Salburua korridorea/C20 Arzubiaga uharteko basoa, konektagarritasunerako interes bereziko Basotxueta ibai-zatia eta horiei lotutako moteltze-eremua. Moteltze-eremu horrek Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2 estazioetako laboreak hartzen ditu. Udal-mailan, ibai-korridoreen sareak Alegria ibaiaren arroa eta Iturritxu eta Angostalde errekak hartzen ditu, Lubianoko urmaeletaraino.
Proiektu gehienak Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialeko «Nekazaritza nahiz abeltzaintzakoa eta landazabalekoa» kategorian katalogatutako lurzoruan proiektatzen dira, «Trantsizioko landa-paisaia» eta «Balio estrategiko handia» azpikategorian. Lurzatietan, gehienbat neguko zerealak daude landatuta, eta ureztapenekoak dira; beraz, txandakatzean erremolatxa ere landatzen da, eta noizean behin patata eta bazka-artoa.
Faunari dagokionez, ingurumen-inpaktuaren azterketaren IX. eranskinean lanak egin aurreko fauna azterketa dago (urteko zikloa), Vitoria Solar 1 eta 2 proiektuen hasierako konfigurazioaren eragin-eremuari buruzkoa, Consultora de Recursos Naturales SL enpresak egina 2022ko urrian. Azterketa horretan adierazten denez, honako espezie hauek «badirudi» gustuko dutela proiektatutako kokalekua erabiltzea: saguzarra, mirotz urdina, belatz txikia, belatza, eper gorria, belea, lertxuna eta koartzatxoa. Hala ere, datu gutxi lortu direnez, emaitza ez da oso esanguratsua, besteak beste, mirotz urdina edo belatz txikiarentzat. Kontserbazio-interes handiena duten estepako hegaztiei dagokienez, honako hauek egiaztatu dira: landa-txirta (Anthus campestris), mirotz zuria (Circus cyaneus) eta mirotz urdina (Circus pygargus).
Landarediari dagokionez, ingurumen-inpaktuaren azterketaren X. eranskinean flora eta landarediaren azterketa bat dago, Consultora de Recursos Naturales SLk egina 2022ko urrian. Azterketa horren arabera, Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan «arraro» gisa katalogatutako bi espezie daudela egiaztatu da: Ranunculus auricomus L. eta Littorella uniflora.
Bestalde, Batasunaren intereseko habitat hauek deskribatzen dira:
– Elorri-triska duten txilardi oromediterraneo endemikoak (4090).
– Belardi lehor erdinaturalak eta kare-substratuetako sastraka-faziesak (Festuco-Brometalia) (orkidea ugariko lekuak –6210*–).
– Quercus faginea eta Quercus canariensis harizti iberiarrak (9240).
Proiektuak kokatzen diren paisaiaren unitate nagusia Arabako Lautada da. Arroen, sakonuneen eta ondo banakatutako haranen multzoa da, erliebe menditsu ertain eta txikiz inguratuta daude, eta Ebro arroko eta, kasuren batean, iparraldeko ur-ibilguek drainatzen dituzte. Eremuaren ezaugarri espezifiko bat urtegia osatzen duen uraren paisaia da; izan ere, jatorri antropikoa izan arren, dauzkan landaretza eta abifaunagatik, ingurumen-balio bereziko lekua da.
Kultura- eta arkeologia-ondareari dagokionez, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 1997ko maiatzaren 26ko Ebazpenaren bidez balizko arkeologia gunetzat jo ziren zenbait eremu daude.
2.2.– Vitoria Solar 2 instalazio fotovoltaikoa.
Jarraian, Vitoria Solar 2 instalazio fotovoltaikoaren ingurumen-alderdi espezifikoak aipatuko ditugu:
Vitoria Solar 2 eguzki-instalazioa Vitoria Solar 1 instalazio fotovoltaikoaren eta Uribarri Ganboako urtegiaren adarren artean dago, A-1 errepidearen iparraldean dagoen landa-ingurunean. Proiektuaren eremua Vitoria-Gasteiz eta Burgelu udal-mugarteetan dago, eta handik gertu Uribarri Arratzua eta Lubiano herriak daude. Okupatutako eremuak 60,88 ha ditu, eta 7 inguratzailetan banatuta dago.
Orografia apur bat izurtua duten laborantza-lurrak hartzen ditu instalazioak, eta nabarmentzekoa da landaretza naturaleko adabakiak daudela lursailen barruan. Vitoria Solar 1 instalazioan bezala, ohikoa da laborantza-lurrak sastrakadun ezponda txikien eta inguruko zuhaitz-espezieen bidez bereizita egotea. Landaretza naturala ere badago lurzatien arteko mugetan eta bide eta pisten ertzetan.
Bestalde, instalazioaren ipar-ekialdeko eremua (VS2_17_2 inguratzailea) ES2110011 «Zadorraren sistemako urtegiak» KBEren babes-eremu periferikotik 270 metro ingurura dago, RAMSAR zerrendan «Uribarri Ganboako urtegiko adarrak» gisa jasota, eta Lubiano ureztaketarako urmaeletatik 100 metro pasatxora, EAEko Hezeguneen LPSean III. multzoko hezeguneen barruan inbentariatuta. Baso autoktonoz inguratutako putzuak dira, eta interes handiko ingurune natural batean daude.
Vitoria Solar 2 instalazioaren inguruan lehen aipatutako Batasunaren intereseko habitatak daude, bi instalazio fotovoltaikoen eremuaren barruan.
Bestalde, Promotores Vitoria TAErako lurpeko hustuketa-lineak Alnus glutinosa eta Faxinus excelsior (Alno-Padion, Alnion incanae, Salicon albae) espezieen baso alubialak (91E0*) izeneko Batasunaren Intereseko Habita (BIH) zeharkatzen du, baina lurpetik doazen bideetatik, eta, beraz, ez zaio zuzenean eragiten habitatari.
Proiektuaren eremuak mugakide ditu Aranitxi eta Aranguren onura publikoko mendiak (OPM).
Bestalde, VS2_17_1 eta VS2 23 inguratzaileen arteko kultura-ondareari dagokionez, balizko arkeologia gune bat dago: «Olatxo etxola-hondoa».
3.– Espedientearen analisi teknikoa.
Espedientean dagoen informazioaren arabera –IIAren lehenago aipatutako 2023ko ekaineko testu bateginean jasotzen dena zein ukitutako administrazio publikoek eta interesdunek egindako txostenetakoa barne–, bai eta jendaurreko informazioaren izapidean jasotako alegazioetako informazioaren arabera ere, ebaluazioaren alderdi garrantzitsu hauek azpimarra daitezke laburbilduz:
3.1.– Aukerak hautatzeko ingurumen-azterketa.
Ikuspegi teknologikotik planteatutako aukerei dagokienez (egitura finkoa, ardatz bateko jarraigailua eta bi ardatzeko jarraigailua), instalazioaren ezaugarriak kontuan hartuta (instalatu beharreko potentzia eta behar duen azalera), jarraigailuaren egitura ardatz bati ezartzea aukeratu da. Ardatz horrek, instalatutako MWp bakoitzeko azalera handiagoa behar duen arren, aintzat hartutako beste aukera batzuek baino errendimendu handiagoa eskaintzen du, eta erabil daitekeen lursailean arazorik gabe instalatzeko aukera ematen du. Gainera, egitura tinkatu baten gainean jar daiteke, zimendurik gabe.
Bestalde, planteatutako hiru kokapen-aukerei dagokienez, ingurumena, gizartea eta ekonomia hartzen dira kontuan. 3. aukera hautatu da, hau da, lurpeko ebakuazio-lineak eta gainerako aukeretakoak baino laburragoak aurreikusten dituena.
Era berean, Promotores Vitoria azpiestaziorako hainbat kokapen-aukera hartu dira kontuan, eta azken aukera hautatu da, herrigune populatuetatik eta ibai-ibilguetatik urrunen dagoena delako eta Ibaiak eta Errekak Antolatzeko LPStik kanpo dagoelako.
Bestalde, adierazi behar da organo substantiboak 2022ko ekainean egindako jendaurreko informazioaren eta kontsulten izapidearen ondorioz, sustatzaileak proiektua birdefinitu duela; izan ere, hainbat inguratzaile kendu ditu eta trackerak elkartu ditu, instalazioaren potentzia murriztu gabe (49,99 MW). Aldaketa horien ondorioz, instalazioa 218,93 ha okupatzetik 60,88 ha okupatzera igaro da.
3.2.– Hautatutako aukeraren inpaktu esanguratsuen tratamendua.
Ingurunearen gaineko inpaktu nagusiak, batez ere, instalazioa egiteko fasekoak izango dira. Lurra prestatzeko, landaredia kendu, lurrak mugitu, trinkotu eta lurzorua higatu behar da. Ondoren, parkeko elementuak instalatuko dira: eguzki-jarraigailuak tinkatu, transformazio-zentroen eta ebaketa-zentroen oinarria hormigoitu, hesiaren zutoinak eta, hala badagokio, eguzki-jarraigailuak hormigoitu, kable elektrikoak ezartzeko zangak ireki eta bideak eta sarbideak eraiki.
Proiektua gauzatzen den bitartean, emisio atmosferikoak (partikulak, zarata), egongo dira, hondakinak sortuko dira, eta litekeena da obran sortutako efluenteek lurrazaleko eta lurpeko uretan eragina izatea, makinen mantentze-lanek istripuz isurketak eragitea eta herritarrek eragozpenak jasatea.
Ondoren, ustiapen-fasean, balizko inpaktuak nabarmendu behar dira, hala nola infiltrazioa murriztea, lurrazaleko jariatze-ura gehitzea, fauna-komunitateei eragitea (hegaztiei bereziki), lurraldea zatitzea, ekosistemen konektagarritasuna murriztea, abifaunak aireko lineekin talka egiteko edo elektrokutatzeko arriskua eta paisaian eragitea.
Azkenik, desmuntatzeko fasean, lur-mugimenduak egongo dira, materialak biltegiratu eta metatuko dira, makinak erabiliko dira, egiturak desmuntatuko dira eta hondakinak sortuko dira.
Lurzorua okupatzearen ondoriozko inpaktua obra-fasean sortuko da, eta ustiapenean ere jarraituko du, instalazioa baliagarri dagoen aldi osoan. Eragin hori itzulgarria izango da epe luzera, instalazioa desinstalatzen denean, lursailak ez baitu kalte handirik pairatuko. Zuzenketa-neurri errazak hartuta, jatorrizko egoerara itzul daiteke. Eguzki-instalazioa ezartzeko aurreikusitako jarduketek eta aurreikusitako mantentze-lanek (tratamendu kimikorik gabe) aukera emango dute, instalazioak itxiz gero, okupatutako lurzoruek epe laburrean lanak egin aurreko ezaugarriak berreskuratzeko.
Laburbilduz, proiektuaren inpaktu garrantzitsuenak honako hauen ondorio dira: balio agrologiko handiko lurzoruen eta lurzoru ureztatuen okupazioa, horrek nekazaritza-jarduerari eragiten baitio; faunaren habitaten murrizketa eta zatiketa, eta eguzki-panelen paisaia-inpaktua, bereziki VS2_25_2, VS2_25_3, VS2_23 eta VS2_17_1 inguratzaileena, Lubianoko herrigunetik gertu daudelako.
3.2.1.– Eragina ondare historiko-kulturalean.
Proiektuek Natura 2000 Sareko (aurrerantzean, NS 2000) espazioetan izan ditzaketen ondorioei dagokienez, I. eranskinean proiektuak Natura 2000 Sareko guneen izango dituen ondorioen ebaluazioa sartu da dokumentazioan. Azterlanak ondorioztatzen duenez, ez da uste instalazio fotovoltaikoek eta haien ebakuazio-azpiegiturek Natura 2000 Sareko guneetan eragindako inpaktua esanguratsua izan daitekeenik, baina baliteke hurbilen dauden eremu babestuko herriei zeharka eragitea. Horren harira, parke fotovoltaikoen bi kokalekuen (Vitoria lotunea) lanak egin aurreko faunaren azterketaren (urteko zikloa) emaitzetatik, ezin da ondorioztatu gune horietan zeharkako inpaktu esanguratsuak egongo direnik.
Bestalde, jendaurreko informazioaren eta kontsulten fasearen ondorioz, eta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren eta Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzaren txostenak kontuan hartuta, proiektua aldatu egin da, eta nabarmen murriztu da haren azalera eta hesien luzera; ondorioz, minimizatu egin da habitaten zatiketa eta horrek basa-faunan izango duen eragina. Besteak beste, proiektutik kendu dira Zadorrako urtegiak KBEko Babes Eremu Periferikoan zeuden inguratzaileak (Vitoria Solar 2 instalazio fotovoltaikoan); beraz, instalazio guztiak espazio horretatik urrundu dira.
Proiektuek Batasunaren intereseko habitatetan eta eremuko landaredi naturalean izan ditzaketen ondorioei dagokienez, aldaketak hesiak urrundu egiten ditu eremu sentikorrenetatik, eta trackeren konfigurazioak errespetatu egiten ditu inguratzaileen barruan dauden sastrakadi eta zuhaitzen landaredi naturalak osatutako irlatxoak (zuhaitz-espezie hauek daude, besteak beste: arteak, erkametzak eta haritzak).
Vitoria Solar 2 instalazio fotovoltaikoaren lurzatien barruan, zehazki VS2_17_2 eta VS_19 inguratzaileetan, aurreko 1.4.1 apartatuan aipatutako BIHak daude, baina horietako bakar bati ere ez dio eragingo egiturak ezartzeak, lehendik zeuden BIHak zainduz diseinatu baita instalazioa. Prebentzio-neurri gisa, BIHak balizatuko dira, obren fasean kalterik jasan ez dezaten.
Egindako aldaketei esker, nabarmen murrizten da instalazioak habitat, landaredi natural, basa-espezie eta onura publikoko mendietan duen eragina. Aldaketa horiek ontzat jo dira Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Natura Ondare Zuzendaritzaren eta Arabako Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuaren txostenetan.
Promotores TAErekin lotzen den lurpeko ebakuazio-lineak Iturritxu erreka zeharkatzen du. Erreka horrek Alnus glutinosa eta Faxinus excelsior espezieen baso alubialak (Alno-Padion, Alnion incanae, Salicon albae) (91E0*) izeneko Batasunaren Intereseko Habitata du. Beraz, gurutzaketa hori egitean, erriberako landarediak ez duela kalterik izango bermatu beharko da.
Hortaz, instalazioaren azken konfigurazioa kontuan hartuz gero, landaredian eta habitatean izango duen inpaktua bateragarritzat jo daiteke.
Faunan izango duen eraginari dagokionez, faunaren azterketak adierazten duenez, estepako hegaztiek, zehazki, mirotz zuriak, 2022. urtean proiektuko lursailetan habiarik egin ez duen arren, bi ale ikusi direla, eta espeziearen gaineko eragina arbuiagarritzat jo da. Bestalde, mirotz urdinari dagokionez, estepako espezie hau kontserbazio-egoera txarrean dago, 2022an ez du habiarik egin, ezta kontakturik ere, baina espezie mehatxatua denez, babes-neurri espezifikoak hartzea gomendatzen da. Maiz samar ikusi izan dira mendebaldeko zingira-mirotz aleak (Circus aeruginosus, ziur asko Uribarri Ganboako urtegiko adarrak gertu daudelako, bertan egiten baitu habia). Kontserbazio-intereseko beste harrapari batzuei dagokienez, baliteke proiektuek belatz handiari (Falco peregrinus) eragitea, ziurrenik urtegiaren inguruko eta Lubianoko urmaeleko uretako hegaztiek erakarrita.
Gainerakoan, eta laburbilduta, aipatu behar da azterketa horren emaitzen arabera, ezin dela ondorioztatu eremu horretan dauden espezieengan zeharkako inpaktu esanguratsuak egongo direnik, eta, beraz, emandako informazioa kontuan hartuta, faunaren gaineko hondar-inpaktua bateragarritzat jo daiteke. Nolanahi ere, lanak hasi aurretik eremuak aztertu beharko dira, eta instalazioek, hesiek eta ebakuazio-lineak basa-faunarengan duten eraginaren etengabeko jarraipena egin beharko da.
Eremuaren konektagarritasunean duen inpaktuari dagokionez, hesien azken diseinuak aukera ematen du ekialdetik mendebalderako norabidean pasabide bat libre uzteko, urtegiaren adarrak Lubianoko baso-masarekin eta urmaelekin duen konektagarritasun ekologikorako. Nolanahi ere, erreken konektagarritasun-funtzioa bermatzeko, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzak eta Vitoria-Gasteizko Udalak beren txostenetan adierazi duten bezala, ibaiertzak landareztatzeko neurriak hartu beharko dira, bai goi-ibarrean, bai instalazio fotovoltaikoaren ondotik igarotzen diren zatietan.
3.2.2.– Paisaian izango duen eragina.
Proposatutako eguzki-instalazio fotovoltaikoek eragindako paisaiari dagokionez, hurbilen dauden herriguneak 185 metro ingurura (VS2_25_2 inguratzailearen eta Lubianoren artean) eta 450 metro ingurura (VS2_25_3 inguratzailearen eta Uribarri Arratzuaren herrigunearen artean) daude.
Ingurumen-inpaktuaren azterketak paisaia-integrazioko azterketa bat jasotzen du VIII. eranskinean. Azterketa hori Indarberri SLk egin zuen 2023ko maiatzean, eta azterketa-eremuak 3 km hartzen ditu instalazio fotovoltaikoen perimetrotik hasita.
Azterketa horrek, alde batetik, paisaia-inpaktuaren balorazioa egiten du hautatutako «behatzaileen kontzentrazio potentzialeko guneetatik». Instalazioen ikuseremu orokorrak balio nagusi hauek ematen ditu 3 km-ko erradioan: «Ez da ikusten» eta «oso gutxi ikusten da». Oso ikusgaia da instalaziotik oso gertu dauden eremuetatik. Azterketaren arabera, aztertutako ikuseremu gehienek paisaia-inpaktu txikia dute edo ez dute inpakturik, batez ere orografiagatik eta instalazioak inguratzaileetan zatituta daudelako, Arzubiaga herriak (Vitoria Solar 1) izan ezik, eremu horretan ikuspena ertaina eta oso handia bitartekoa baita.
Laburbilduz, paisaia-inpaktua «ertaina» dela iritzi arren, antropizazio-mailaren arabera, ezin da ahaztu eguzki-instalazioek paisaia-inpaktu negatiboa dakartela, elementu antropikoak sartzeagatik nagusiki landatarra den paisaia batean, eta horrek inguruko ondare- eta kultura-balioetan eragina izango du eta haien kalitatea murriztuko du, Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzak bere txostenetan adierazi duen bezala.
Azterketan, paisaia integratzeko zenbait neurri proposatzen dira, tartean, instalazioetako inguratzaile batzuetan landare-pantaila bat instalatzea, Lubianotik hurbil dauden instalazioetatik gehien ikusten direnetan hain zuzen; zehazki, VS2_25_2, VS2_25_3, VS2_23 eta VS2_17_1 inguratzailetako batzuetan. Azterketak ondorioztatzen duenez, paisaia-inpaktua txikia izango da lurraren orografiaren ondorioz, eta landare-hesiak sortzeak hurbilen dauden biztanleguneetan paisaia-eragina minimizatzen lagunduko du.
3.2.3.– Nekazaritza-lurzoruetan izango duen eragina.
Eusko Jaurlaritzako eta Arabako Foru Aldundiko nekazaritza-arloko zuzendaritzen txostenek garrantzia eman diote proiektuak balio agrologiko handiko lurzoruetan eta nekazaritza-jardueran izango duen eraginari, bai eta Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialean araututako Nekazaritzaren Sektoreko Eragina Ebaluatzeko Protokoloa aplikatzeko beharrari ere, eta, behar izanez gero, nekazaritza-jarduera bateragarri egiteko zuzenketa-neurriak edo azpiegituren arloko inbertsioa (lur ureztatuak, landa-bideak, hobekuntzak mendi publikoetan...) konpentsatzeko neurriak hartzeko beharrari ere. Neurri horiek guztiek eragina izango dute, proiektuaren inguruko udaletako eta administrazio-batzarretako nekazaritza eta abeltzaintzako sektorean.
Equo Berdeak alderdiak, Jungituko eta Duranako administrazio-batzarrek eta Vitoria-Gasteizko Udalak ere aipatu dute proiektuak eragina izango duela nekazaritzako lurretan. Azken erakunde horren ustez, «sustatzaileak alternatibaren bat proposatu beharko luke sorkuntza fotovoltaikoa eta nekazaritza-jarduera (agrovoltaikoa) bateragarri egiteko».
Bestalde, sustatzaileak adierazi duenez, Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren arabera, instalazio mota horiek onargarriak dira «Trantsizioko Landa Paisaia» eta «Balio Estrategiko Handia» azpikategorietan, Araba Erdialdeko eta Guardiako Eremu Funtzionaletan. Hala ere, horiek ezartzeko baldintza izango da nekazaritza eta basogintzako jardueran sortutako eraginaren azterketa egitea eta zuzenketa-neurriak sartzea, Nekazaritzaren Sektoreko Eragina Ebaluatzeko Protokoloan jasotako baldintzetan (Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialeko D dokumentua, I. eranskina, «Jarduteko tresnak»).
Horren harira, Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritzak, 2023ko urtarrilaren 20ko txostenean, nekazaritzan izango duen eraginaren ebaluazioa jasotzen du, Nekazaritza eta Basogintzako LPSko Nekazaritzaren Sektoreko Eragina Ebaluatzeko Protokoloaren arabera. Ebaluazio horrek ondorioztatzen duenez, proiektuak eragin larria izango du «balio estrategiko handiko» lurzoruetan, eta eragin ertaina «trantsizioko landa-paisaiako» lurzoruetan, Arratzua-Ubarrundiako udalerrian (Vitoria Solar 1), eta bateragarria izango da bi lurzoru-kategoria horietarako Burgelu eta Vitoria-Gasteizko udalerrietan (Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2). Txosten horrek eta 2023ko ekainaren 26ko txostenak nekazaritzako ustiategietan proiektuak izango duen eragina ebaluatzeko beharra azpimarratzen dute, baita zuzenketa-neurriak eta konpentsazio-neurriak hartzekoa ere.
Sustatzaileak, 2023ko ekainaren 14an, nekazaritzaren sektoreko eraginaren ebaluazioari buruzko XI. eranskina gehitu zion ingurumen-inpaktuaren azterketaren agiri bateginari. Dokumentu horretan argudiatu zuen eragin-eremuak kalkulatutakoak baino txikiagoak direla, lantzen jarrai daitezkeen lurzatietako hondar-azalerak kontuan hartuta. Kasu honetan protokoloa aplikatuz gero ikusten da eragina ertaina dela Arratzua-Ubarrundian (Vitoria Solar 1) eta bateragarria Vitoria-Gasteiz eta Burgelu udalerrietan (Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2).
Ustiategien bideragarritasun ekonomikoan izango duen eraginari dagokionez, sustatzailearen erantzunak ukitutako ustiategi bakoitzaren azalerak eta okupazio-portzentajea zehazten ditu. Ustiategi guztietan % 10etik beherakoa da, eta, beraz, haren ustez, «nekazaritzako ustiategietako batek ere ez du izango bideragarritasuna eta jarraitutasuna arriskuan jartzen duen inpaktu kritikorik».
Era berean, 2023ko irailaren 1ean, sustatzaileak «Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2 eguzki-instalazio fotovoltaikoen ingurumen-inpaktuaren azterketako konpentsazio-neurriei buruzko azalpen-gehigarria» gehitu du. Eranskin horrek nekazaritza-lurren eta lurzoru ureztatuen galera konpentsatzeko neurriak jasotzen ditu; horren edukia ebazpen honen 4.12 apartatuan laburbiltzen da.
3.2.4.– Lurzoruan eta uretan izango duen eragina.
Eguzki-instalazio fotovoltaikoa ezartzeko behar den azalera kontuan hartuta, kalteak izateko probabilitatea handituko da, nekazaritza- edo landa-ingurunean jariatze-ur gehiago egongo delako (jariatze-uren adarrak), higadura-fenomenoak handitu, eta lurrazal-geruza galarazita; eta horixe da, hain zuzen, interes handieneko geruza. Horren harira, jarduera ezartzeko beharrezkoa den lur-mugimendua, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, ahalik eta txikiena izango da, dauden malda eta hidrologiari eutsiko zaie eta ur-metaketak saihestuko dira; horrela, eurien jariatze-urak behar bezala hustu ahal izango dira drainatze egokiak eginez.
Ebaketa-zentrotik Promotores TAEra doan 30 kV-eko lurpeko ebakuazio-lineak Iturritxu erreka gurutzatzen du, baita Angostalde erreka ere. Bestalde, Promotores TAEtik Vitoria TAEra doan aireko ebakuazio-linea Iturritxu errekaren gainetik igarotzen da, airetik. Ebroko Konfederazio Hidrografikoak 2022ko abuztuaren 3ko txostenean adierazten duenez, «ibilgu handiak lurpetik gurutzatzeko, ahal denean, zulaketa zuzendua egingo da zangen ordez, hodia/kolektorea ibilguaren azpitik kontrako ertzeraino eramateko». Neurri hori Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2 instalazioen proiektuan jaso da.
3.2.5.– Kultura-ondarean izango duen eragina.
Ingurumen-inpaktuaren azterketak, VII. eranskinean, prospekzio arkeologikoaren aurretiazko azterketa jasotzen du, bi proiektuen inguruko balizko arkeologia guneei buruzkoa.
Ildo horretan, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailaren 2022ko abenduaren 12ko txostenak adierazten du ados dagoela aurretiazko prospekzio arkeologikoen txostenetan proposatutako zuzenketa-neurriekin. Txosten horietan lantzen dira obrak hasi aurreko zundaketa arkeologikoak, obrek eta horien zortasun-eremuek zuzenean ukitutako aztarnategietako zundaketa arkeologikoak, eta obretatik eta zortasun-eremuetatik gertu dauden aztarnategietako lur-mugimenduen kontrol arkeologikoa.
Bigarrena.– Baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko (lotesleak dira, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.1 artikuluan xedatzen denaren arabera):
4.– Proiektuari ezarritako baldintzak, eta ingurumenean izango dituen ondorio kaltegarriak zuzentzeko eta babesteko neurriak.
4.1.– Baldintza orokorrak.
4.1.1.– Proiektua garatzeko baldintzak, baita babes- eta zuzenketa-neurriak ere, indarrean dagoen araudiarekin eta hurrengo apartatuetan adierazitakoarekin bat etorriko dira, eta, esandakoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoarekin.
4.1.2.– Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
4.1.3.– Proiektuan egingo diren aldaketa puntualak arrazoitu egin beharko dira ingurumenaren ikuspegitik, aurreko paragrafoan adierazitakoaren garrantzirik ez balute ere. Proiektuari egiten zaizkion aldaketak honako hauetan jasoko dira: babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumen-zaintzako programan, aurrekontuan eta baldintzen agirian.
4.1.4.– Neurri horiek eta kontrolerako esleitutako langileak nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ebazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko.
4.1.5.– Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan eta proiektu-planoetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketan adierazitako neurriei honako apartatu hauetan azaltzen diren neurriak gehitu beharko zaizkie:
4.2.– Paisaia babesteko eta ukitutako lekuak lehengoratzeko neurriak.
4.2.1.– Paisaian integratzeko eta fauna babesteko, landare-hesi bat jarriko da, behintzat Lubiano eta Arzubiaga inguruko herrietatik gehien ikusten diren inguratzaileen mugetan; zehazki, VS2_25_2, VS2_25_3, VS2_23 eta VS2_17_1 inguratzaileetan.
Instalazio osoak ahalik eta gutxien aldatu beharko du paisaia. Horretarako, instalatu beharreko itxitura perimetrala ingurunearekin bat datozen eta paisaian eragin txikia duten materialak eta/edo estaldurak erabiliz egingo da. Ingurune naturalarekin bat datozen pintura mateak erabiliko dira.
4.2.2.– Lanek ukitutako eremu guztiak lehengoratuko dira, baita lehengoratze-planean agertu ez arren obren ondorioz kaltetu direnak ere.
4.2.3.– Lur-mugimenduak dauden bitartean, landare-lurra kendu, metatu eta bereizita zabalduko da, ukitutako eremuak lehengoratzea eta landareztatzea errazte aldera.
4.2.4.– Ingurumen-lehengoratzean sartuko dira lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa, bai eta landare-estalkia izan dezaketen guneen landareztatzea ere. Espezie autoktonoak erabiliko dira landareztatze-lanetan, habitat naturalizatuak sortzen laguntzeko eta inguruko landaredi naturalarekin bat etortzen saiatzeko.
Obrek ukitutako eremu guztietako lehengoratze-neurriak obrak egin ahala egingo dira; hala, obrak egin bitartean, birmoldaketa- eta landareztatze-lanak egingo dira.
4.2.5.– Parkearen bizitza baliagarri osoan zehar, zenbait mantentze-lan egin beharko dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak birlandatu, horretarako beharra ikusten denean. Ez da pestizidarik, herbizidarik edo antzekorik erabiliko landaredia tratatzeko.
4.2.6.– Instalazioaren ezaugarri teknikoek horretarako aukera ematen badute, modulu fotovoltaikoan islapenaren aurkako tratamendua duen akabera jartzea gomendatzen da, argiaren erreflexua saihestu edo minimizatuko duena, instalazioaren ikus-inpaktua minimizatzeko.
4.2.7.– Aurreko paragrafoetan adierazitako betebeharrak eta aurkeztutako dokumentazioan adierazitakoak betetze aldera, «Vitoria Solar 2» parke fotovoltaikoa gauzatzeko proiektuak Ingurumena Lehengoratzeko eta Paisaia Integratzeko Proiektua bat izan beharko du. Proiektu horretan, landare-hesiak landatzeko eta erreken ertzak landareztatzeko proposamena jasoko da. Lehengoratze-proiektu horrek hirugarrenek egikaritzeko adinako xehetasuna izan beharko du, eta natura-ondarean eskumena duten administrazioek baliozkotu beharko dute, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren 2022ko abenduaren 1eko txostenean adierazitakoaren arabera.
4.2.8.– Lehengoratze-proiektua obrek irauten duten bitartean jarriko da martxan, lanak egin ondoren jarraituko du eta desmuntatzeko fasean ingurumena lehengoratzeko ere erabiliko da, ukitutako eremuak lehengoratzen direla bermatzeko. Proiektu honek honako hauek zehaztu eta kuantifikatu behar ditu: lan-azalerak, lurzorua prestatzeko metodoak, erabili beharreko landare-espezieak, landaketen antolamendua eta osaera, ereiteko edo landatzeko metodoak eta gainerako preskripzio teknikoak, bai eta jarduketa guztien aurrekontua eta kronograma ere.
4.2.9.– Kontuan hartuta landaketak urteko sasoi jakin batzuetan egin behar direla eta beste ingurumen-baldintza batzuk behar dituztela, landareztatzea obrak amaitu ondorengo lehen landatze-aldian egingo da, eta horien jarraipena egin eta bideragarritasuna ziurtatuko da eguzki-instalazioaren bizitza baliagarri osoan.
4.2.10.– Obra kontratatzeko baldintza-agiriak zein aurrekontuek barne hartu beharko dituzte proposatutako landareztatzeko eta landare-hesia sortzeko jarduketak behar bezala betetzen direla bermatzeko beharrezkoak diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak.
4.3.– Natura-ondarea babesteko neurriak.
4.3.1.– Ezinbesteko eremu gutxienekoan egingo dira lanak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Aipatutako mugetatik kanpo, ezingo da izan eraginik, sarbideak egin, materialak bildu, instalazioak kokatu edo beste edozein jarduketa osagarri egin behar izateagatik, eta ahal bezainbat mugatuko da lanak egiteko makinen eta ibilgailuen zirkulazioa.
Istripuz kalterik egiten bada aipatutako eremutik kanpo, zuzenketa- eta lehengoratze-neurriak hartuko dira. Aldez aurretik, txostena egingo du ebazpen honetako 4.14 apartatuan aipatzen duen ingurumen-aholkularitzak.
4.3.2.– Proposatutako hesiari dagokionez, dokumentazioan jasotako kontsiderazioez gain, honako neurri hauek bete behar dira:
– Hesia garapen fotovoltaikoko eremu zehatzetan bakarrik jarri beharko da, eta itxitura-eremuak minimizatuko dira.
– Dauden baso-masetatik ahalik eta urrunen jarriko da, landaretza naturala duten zuhaiztiak eta mendi-mazelak utzita.
– Seinale islatzaileak jarriko dira 10 metrotik behin hesiaren trazadura osoan, abifaunarengan inpaktuak murrizteko.
– 4.2.7 apartatuan adierazten den bezala, Ingurumena Lehengoratzeko eta Paisaia Integratzeko Proiektuak landare-pantaila bat instalatuko du VS1_15_1, VS2_25_2, VS2_25_3, VS2_23 eta VS2_17_1 inguratzaileen hesiaren zati batean. Landare-hesi horrek abifaunak talka egiteko aukera murriztuko du, babesleku gisa balioko die zenbait espezieri eta paisaia integratzeko elementua izango da; gainera, ikusmen-inpaktua gutxituko du hurbilen dauden herrietatik. Espezie autoktonoak landatuta hesi naturalizatuak ezartzeko behar besteko lurzoru-azalera gordeko da. Gutxienez 5 metroko zabalerako zerrendak eduki beharko lirateke, zuhaitz- eta zuhaixka-geruza desberdinak dituen pantaila bat eratzeko. Azkar eta modu trinkoan hazten diren espezie handiak erabiliko dira, inguruko hazkunde motelagoko espezieekin batera (Quercus sp.), baita zuhaixkak, sastrakak, fruituak eta gramineoak dituzten espezieak ere, naturaltasun handiagoa lortzeko.
4.3.3.– Erreken gurutzaguneak egitean, erriberako landare-formazioetan eraginik ez izatea bermatu beharko da, eta zaindu egin beharko da ibaiertzetako ibai-eremuen kalitatea eta kontserbazio-egoera. Zona horiek obrak egin aurretik balizatuko dira, makinek eragin ditzaketen kalteak saihesteko.
4.3.4.– Konektagarritasun ekologikoari dagokionez, Angostalde errekak korridore ekologiko eraginkor gisa jarduteko duen gaitasuna hobetzeko, VS2_25_3 inguratzailearen iparraldeko hesiak inguratzaile horren iparraldetik doan Angostalde errekaren ibaiertzarekiko 10 metro baino gehiagoko atzerapena errespetatu beharko du. Gainera, zuhaitzekin eta zuhaixkekin landareztatu beharko dira erreka horren alde banatako lehenengo 5 metroak, gutxienez. Dentsitate txikiko lehengoratzeak egingo dira, landaredi espontaneoa gerora naturalizatzen laguntzeko. Landaredi espontaneo hori, hain zuzen, tarte hetsi horietan nekazaritza-jarduerarik ez dagoelako haziko da. Landaketak tokiko jatorri ziurtatua duten espezie autoktonoko landareekin egin beharko dira.
4.3.5.– Faunari dagokionez, ingurumen-inpaktuaren azterketaren IX. eranskin gisa aurkeztutako lanak egin aurreko fauna azterketan proposatutako prebentzio- eta babes-neurriez gain, honako neurri hauek ere hartuko dira:
– Habiak egin direla baztertu edo berresteko, lanak hasi aurretik, fauna-prospekzioa sasoi fenologiko egokian egingo du gaian aditua den teknikari batek. Habiak edo babestutako espezieen aleak antzemanez gero, agintari eskudunei jakinaraziko zaie, neurri egokiak ezar ditzaten ukitutako espeziearen arabera.
– IIAko abifaunaren azterketaren emaitza kontuan hartuta, jarduketak gauzatzeko egutegia ezarriko da, ukituak izan daitezkeen espezie babestuen aldi sentikorrak kontuan hartzeko. Instalazioa eraikitzerakoan, lursaila pixkanaka okupatzea gomendatzen da.
4.4.– Nekazaritza-erabilera babesteko neurriak.
Proiektuak ez du eraginik izango proiektuaren eremuan dagoen ureztatze-sistemako elementuetan. Horretarako, beharrezkoa izango da Ureztatzaileen Elkartearekin etengabe hartu-emana izatea, diseinu-fasean, zuinketa-fasean eta obretan. Halaber, bide-zortasunari eutsiko zaio, hodiak eta ureztatze-azpiegiturarekin lotutako gainerako instalazioak hesiaren barruan dauden lekuetan, horien konponketak, hobekuntzak, mantentze-lanak eta abar errazteko.
4.5.– Lurzorua eta urak babesteko neurriak.
Organo eskudunak ezartzen dituen baldintzak betetzeaz gain, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira aplikatu beharreko prozeduren esparruan:
4.5.1.– Lursailak parkearen funtzionamendurako beharrezkoak diren eraikinak zimenduan jartzeko bakarrik nibelatuko da, eta, ahal dela, panelen ezarpen-eremuetan ez da lurzorua nibelatuko. Eremu horietan, ahal bada, lurzoruaren jatorrizko profilari eutsiko zaio, gainazaleko geruza kendu gabe; aldaketa bakarrak zangan lurpeko kableak jartzeak eragiten dituenak izango dira.
4.5.2.– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko.
4.5.3.– Landaredi naturala kontrolatzeko herbizidak eta pestizidak erabiltzea saihestuko da, lurrazaleko eta lurpeko urak kutsa baitaitezke. Horrela, espezie espontaneoen hazkundea erraztuko da, eta eremu biogeografikoarekin bat etorriko diren tamaina txikiko espezieak edo zuhaixkak landatuko dira. Mantentze-lanak metodo mekanikoen bidez egin beharko dira. Inguruan dagoen azienda estentsiboarekin bazkaren aprobetxamendua egitea gomendatzen da, ahal dela ardi-aziendarekin.
4.5.4.– Panelak garbitzeko produktu kimiko kutsagarriak edo arriskutsuak erabiltzea saihestuko da, eta ahal den guztietan ur birziklatua erabiltzea lehenetsiko da.
4.5.5.– Karraskariak, lagomorfoak edo beste animalia batzuk kontrolatzea ezinbestekoa bada, bitarteko mekaniko eta biologikoak erabiliko dira kontrolatzeko, eta ez da pestizidarik, intsektizidarik, errodentizidarik edo bestelako pozoirik erabiliko.
4.5.6.– Linea elektrikoa mantentzeko behar diren ibilguetako jarduketek ibilguaren trazadura, fisionomia eta egitura errespetatu beharko dituzte.
4.5.7.– Proiektatutako jarduketak jarduketa-eremuko ingurune hidrikoan ahalik eta eragin txikiena izateko behar diren neurri guztiak hartu beharko dira eta behar beste arretaz jardun beharko da. Hala, eremuaren dinamika hidrogeologikoan aldaketa nabarmenik ez eragitea bermatu behar da eta une oro lurrazaleko eta lurpeko uren kalitatea ziurtatu.
4.5.8.– Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereizi beharko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek ez ditzaten lurzorua eta ura kutsatu. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.
4.5.9.– Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa izango da (biribilkiak, material pikortatua, etab.), berehala erabili ahal izateko istripuz isuri edo ihesik badago. Istripuz jario edo isuriak daudenerako jarduteko protokolo bat ezarriko da.
4.6.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak xedatzen duena gorabehera, eta, hala badagokio, Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailak ezartzen duena eragotzi gabe, honako neurri hauek ezarriko dira:
4.6.1.– Kontuan hartuta Olatxo Etxola-hondoa balizko arkeologia gunea, oro har, proiektua hasi aurretik, eta ingurumen-inpaktuaren azterketako arkeologiari buruzko VII. eranskinean jasotzen denaren arabera, komenigarria da zundaketa arkeologikoen kanpaina bat egitea lur-mugimenduak egin aurretik, hondakinen kontserbazioa eta kokapena eta hartu beharreko balizko zuzenketa-neurriak zehatz-mehatz ebaluatu ahal izateko.
4.6.2.– Proiektuak ukitzen dituen gainerako lursailei dagokienez, obran zehar izandako lur-mugimenduen kontrol eta jarraipen arkeologikoa egingo da. Aztarna arkeologikoren bat aurkituz gero, jarraipen arkeologiko intentsiboa egingo da; ingurua balizatuko da eta dagokion administrazioari aurkikuntzaren berri emango zaio.
4.7.– Hauts-emisioak murrizteko neurriak.
4.7.1.– Lanek irauten duten bitartean, ibilgailuak igaro ondorengo garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai jarduketek ukitutako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat izango da aldi baterako estali gabe dauden pista eta eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulak airera ditzaketen eremuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilak ureztatu egingo dira.
4.7.2.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta zatikirik ez barreiatzeko.
4.8.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.
4.8.1.– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki biztanleguneen inguruan, indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, zarata sortzeko ordutegia mugatzean eta erabilitako ekipoen zaraten kontrolean eta abarrean ere.
4.8.2.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
4.8.3.– Bestalde, proiektua garatzerakoan, ukitutako eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, eta hori guztia dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoa eragotzi gabe.
4.8.4.– Egunez bakarrik egingo da lan.
4.9.– Hondakinak eta lurrak kudeatzeko neurriak.
4.9.1.– Proiektuaren gauzatze- eta ustiatze-faseetan zehar sortutako hondakinak Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta arautegi zehatzetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
4.9.2.– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.
4.9.3.– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik.
4.9.4.– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorrian bertan bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasteak ekiditeko.
4.9.5.– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak bi xedapen hauen arabera kudeatuko dira: 105/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena, eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena.
4.9.6.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, berriz, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
4.9.7.– Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoak adierazten duenez, proiektua gauzatzeko lanetan sortutako lur-mugimenduen balantzearen arabera, hondeaketan 288 m3-ko lur-soberakina sortuko da. Soberakin hori instalazioan bertan erabiliko da sarbideak eta barne-bideak lehengoratzeko, bai eta obra-fasean erabili diren pilaketa-eremuak lehengoratzeko ere. Laburbilduz, ez da soberakinik bidaliko zabortegira.
4.9.8.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
4.9.9.– Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
4.9.10.– Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, eta indarreko araudiaren arabera.
4.9.11.– Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zoru iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubeten edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.
4.9.12.– Araudi hau errazago betetzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak edukiko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
4.10.– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.
4.10.1.– Eguzki-jatorriko energia elektrikoa ekoizteko jarduera (soilik azpiestazioak eta potentzia-transformadoreak) lurzorua kutsa dezakeen jarduera gisa jasota dago, 4/2015 Legearen I. eranskinaren arabera –ekainaren 25eko 4/2015 Legea, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa–; lege horren I. eranskina ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren arabera garatua dago. Ondorioz, instalazio horiek nahitaez bete beharko dituzte araudi horretan jasotako betebeharrak.
4.10.2.– Bestalde, lurzorua kutsa dezakeen instalazio bat da Vitoria-Gasteizko azpiestazioa, eta horrela jasota dago Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan (01059-01531 kodea). Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, aipatutako eremuan hondeaketa-lanak aurreikusten badira, lan horiek egin beharko dira eraikitze-arrazoiak direla eta hondeaketa baimentzen duen ebazpenean (nahitaezkoa) ezarritako baldintzetan.
4.10.3.– Hala ere, aurrekoa ezertan eragotzi gabe, lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada obrek dirauten bitartean, edo lurzorua kutsatzen duten substantzien zantzu argirik agertzen bada, kasu horietarako aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta lege hori garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan ezarritakoa beteko da.
4.11.– Garbiketa eta obra bukatzea.
Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak erasandako eremua obrako hondakinik batere gabe utzi beharko da. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honen 4.9 apartatuan xedatzen dena aplikatuko da.
4.12.– Konpentsazio-neurriak.
Sustatzaileak, ingurumen-inpaktuaren azterketan, konpentsazio-neurri batzuk proposatu ditu Vitoria Solar 2 instalaziorako, prozeduraren esparruan jasotako txostenak eta alegazioak kontuan hartuta. Hona hemen konpentsazio-neurri horiek:
– Kiropteroentzako bost habia-kutxa, harraparientzako bi pausaleku, intsektuentzako bi babesleku eta herpetofaunarentzako beste bi aterpe instalatzea. Natura-ondarean eskumenak dituzten administrazioekin adostu beharko da aterpeen kokalekurik egokiena.
– Zadorra ibaiaren 300 m-ko ibaiertz-zati bat lehengoratzea, igarabaren eta bisoi europarraren habitataren degradazioari aurre egiteko. Arlo horretan eskumenak dituzten administrazioen oniritzia du neurri horrek. Edonola ere, Arabako Foru Aldundiko dagokion zerbitzuarekin egin beharreko lehengoratze-jarduerak zehaztu behar dira.
– Tokiko herpetofaunarentzako habitat berri gisa balioko duten bi putzu edo hezegune txiki sortzea. Horiek eguzki-instalazioen drainatzea jasotzen duten eremuetan kokatuko dira, naturalki bete daitezen eta jariatze-energia barreiatu dadin.
– Mirotz populazioen jarraipena 8 urtean zehar; horretarako neurri hauek hartuko dira:
a) Populazio ugaltzailearen urteko zentsuak eta mirotz urdina, zuria eta zingira-mirotzaren ugaltze-parametroak lortzea, hesiek espezie horietan izan dezaketen eraginaren jarraipena barne.
b) Hiru espezieen habiak salbatzeko urteko kanpainak, zerealak hazteko eremuetan.
c) Gutxienez 3 ale helduren markaketa eta jarraipena egitea, GPS emisioekin, 6 urtean zehar. Sortutako informazioarekin, epe ertainera azterketa bat egingo da, jarraipenaren xede diren populazioak ezagutu eta kudeatzeko. GPSarekin markatutako 3 aleetako batzuen seinalea galduz gero, beste ale bat markatu beharko da, une oro 3 aleri jarraipena egiteko.
Jarraipen horren emaitzak ebazpen honen 5.5 apartatuko aldizkako txostenetan sartuko dira.
Halaber, sustatzaileak konpentsazio-neurri batzuk proposatu ditu eguzki-estazioak nekazaritza- eta abeltzaintza-erabilerarekin (agrovoltaikoa) bateragarri egiteko aukerari dagokionez. Horretarako, elkarrizketak izan ditu hainbat eragilerekin, helburu hauek lortzeko:
– Eguzki-instalazioa lursailaren erlezaintza-erabilerarekin bateragarri egitea.
– Eguzki-instalazioa ardien abeltzaintza-erabilerarekin bateragarri egitea.
– Eguzki-instalazioa nekazaritza-erabilerarekin bateragarri egitea.
Azkenik, sustatzaileak proposatzen du instalazioak bizitza baliagarrian okupatzen dituen lurzatiei dagokien ureztatzeko ura izateko eskubidearen kuota finkoa ordaintzea, eta ipar-ekialdeko ureztapena hobetzeko proiektuan laguntzea.
Hartutako konpentsazio-neurri guztiak sustatzaileak egin beharreko konpentsazio-plan batean sartuko dira, eta organo substantiboari aurkeztu beharko dizkio, instalazioa eraikitzeko fasea hasi aurretik.
4.13.– Jarduera uztea.
Aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketak barne hartzen du parke fotovoltaikoko instalazio guztiak desmuntatzea haien bizitza baliagarriaren ondoren. Era berean, okupatutako lurzorua berreskuratzea eta haren izaeraren arabera sortutako hondakinak kudeatzea aurreikusten du.
Jarduera uzten den garaian aplikatzekoa den berariazko araudia betetzeaz gain, instalazioak desmuntatzeko lanetan babes- eta zuzenketa-neurri batzuk aplikatuko dira. Hain zuzen, ebazpen honetan parke fotovoltaikoaren egikaritze- eta ustiapen-faseetarako ezarri direnen antzeko neurriak aplikatuko dira; batez ere, lursailaren berroneratze morfologikoari dagozkionak, eta lurzorua eta landaretza lehengoratzeari, uren kalitatea babesteari eta hondakinen kudeaketari buruzkoak.
Bestalde, lehen aipatu bezala, eguzkitik datorren energia elektrikoa ekoizteko jarduera (soilik azpiestazioak eta potentzia-transformadoreak) lurzorua kutsa dezakeen jarduera gisa jasota dago, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen arabera. Ildo horretatik, lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasi beharko du sustatzaileak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31. artikuluan xedatu bezala, eta kontuan hartu beharko ditu abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) 23. artikuluan ezarritako zehaztapenak.
4.14.– Ingurumen-aholkularitza.
Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan eta babes- eta zuzenketa-neurrietan aholkularitza gaitua eduki beharko du Obra Zuzendaritzak, ebazpen honen zehaztapenen arabera. Baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean Obra Zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek, aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute.
4.15.– Jardunbide egokien sistema bat hartzea.
Langileek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:
a) Obraren erabilera-mugak eta makineriaren zirkulazioa kontrolatzea.
b) Mehatxatutako flora- eta fauna-espezieen aleekiko eragina eta Batasunaren eta eskualdearen intereseko habitatetan duena kontrolatzea.
c) Hondakinik ez botatzea, eta olio-isurketekin edo lurra leku batetik bestera eramatean lurzorua eta ura ez kutsatzea.
d) Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.
e) Proiektuaren eragin-eremuko espezieei zarata eta hautsa direla eta eragindako eragozpenak ekiditea.
4.16.– Lan-programa diseinatzea.
Lanak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatzak egingo ditu azpiapartatu hauetan aipatzen diren alderdiei buruz, gutxienez.
Lanak egiteko programari erantsiko zaizkie, eta lanen zuzendariak berariaz onartuko ditu –aurrez, aurreko apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak txosten bat egingo du–. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatu programak:
– Kontratistaren instalazioen eremuen kokalekuari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak, pilaketak aldi baterako pilaketa-eremua, makineria-parkeak, instalazioak eta materialak, ibilgailuak garbitzeko eremuak eta beste edozein azpiegitura adierazita.
– Obretako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sor daitezkeen hondakinak nola kudeatuko diren islatzen duen plana, honako hauetan xedatutakoaren arabera: Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan, eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan.
5.– Ingurumen Zaintzako Programa.
Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da Ingurumen Zaintzako Programa, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.
Ingurumen Zaintzako Programa instalazioaren bizitza baliagarri osoan zehar gauzatuko da, bereziki arlo hauek kontuan hartuta: faunarengan izango duen eraginaren kontrola, landaredia mantentzea, istripuzko balizko isurketen kontrola, higadura-prozesuen kontrola eta aukeratutako konpentsazio-neurriei eustea eta horien eraginkortasuna.
Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.
5.1.– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.
Egiaztatuko da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurreikusitako azalera baino eremu handiagorik.
5.2.– Ustiatze-fasean abifauna kontrolatzea.
Instalazioaren obra- eta ustiapen-fasean, abifaunaren hilkortasunaren jarraipena egingo da, bai inguratzaileen eremuan, bai Promotores Vitoria TAEren ingurunean, eta Promotores Vitoria TAEren eta Vitoria TAEren arteko aireko konexio-lineako ingurunean.
Garrantzitsua da faunaren eta, zehazki, abifaunaren jarraipena egiteko erabilitako metodologia ingurumen-inbentarioko lanetan eta obraren aurreko prospekzioetan erabilitako bera izatea, lortutako datuak konparatu ahal izateko eta aztertzen ari diren espezieek instalazioaren bizitza baliagarri osoan izan duten bilakaera aztertu ahal izateko.
Era berean, gomendagarria da instalaziotik hurbil dauden proiektuaren antzeko kontrol-lurzatia ezartzea, konparaziozko azterketa bat egiteko, instalazio mota horri lotutako habitatak bizitza baliagarrian zehar izan duen aldaketa-maila eta fauna-komunitateen bilakaera ebaluatzeko.
5.3.– Lehengoratzearen arrakastaren kontrola.
Instalazioaren bizitza baliagarri osoan zehar, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak ukitutako gainazalen landare-lehengoratzeak izan duen arrakasta-mailari.
5.4.– Ingurumen Zaintzako Programaren dokumentu bategina.
Ingurumen Zaintzako Programaren dokumentu bategina egin beharko du sustatzaileak, eta bertan bilduko ditu ingurumen-inpaktuaren adierazpenean proposatutako betebeharrak eta proiektuaren ingurumen-txostena formulatzeko ebazpenean finkatutakoak. Programan kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntu guztiak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna; eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren gaineko xehetasunak.
5.5.– Ingurumen Zaintzako Programaren emaitzak bidaltzea.
Ingurumen Zaintzako Programaren barruko txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio. Obrak bukatu eta lehengoratze-lanen berme-aldia amaitutakoan bidaliko da txosten hori.
Ingurumen Zaintzako Programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako erakunde batek egindako txostena ere aurkeztu behar da. Txosten horretan emaitzen analisia jasoko da, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbideak eta, halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik egin ez bada.
Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez, gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskapen-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudia betetzeko.
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 52. artikuluan xedatutakoa betez, jarraipen-txostenean, Ingurumen Zaintzako Programan adierazitako neurriak egiaztatzeko zerrenda bat jasoko da.
Era berean, aipatutako 52. artikuluaren arabera, ingurumen zaintzako programa eta, behintzat, ingurumen zaintzako programan adierazitako neurriak egiaztatzeko zerrenda organo substantiboak argitaratuko ditu egoitza elektronikoan, eta, aldez aurretik, ingurumen-organoari jakinaraziko dio egoitza elektronikoan argitaratu duela.
5.6.– Gorabeheren erregistroa.
Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurrien betetze-mailarena ere.
Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaltzeko, dagokion organoaren bidez. Proiektua egikaritzean aldaketa puntualak egin badira, xehetasunez dokumentatu beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatu aldaketak.
6.– Neurriak eta Ingurumen Zaintzako Programa aldatzea.
Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badigute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-zaintzako programa aldarazi ahal izango da, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen zaintzako programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumen zaintzako programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.
7.– Sustatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Sustatzaileak jarraian aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dizkio organo substantiboari, ingurumen-organoari helarazteko:
7.1.– Obrak hasi baino lehen, ebazpen honetako 5 apartatuan aurreikusitako ingurumen zaintzako programako dokumentu bategina.
7.2.– Obrak hasi aurretik, Ingurumena Lehengoratzeko eta Paisaia Integratzeko Proiektua, ebazpen honen 4.2 apartatuan adierazitako zehaztapenekin.
7.3.– Obrak hasi aurretik, ebazpen honen 4.12 apartatuan aipatzen den Konpentsazio Plana. Plan horretan, ekintzak zehaztuko dira eta ekintzak hasteko egutegia ezarriko da.
7.4.– Obrak amaitutakoan, lanak egitean izandako gorabeheren erregistroa, bai eta babes- eta zuzenketa-neurrien betetze-mailarena ere, ebazpen honetako 5.6 apartatuan adierazten denari jarraituta.
7.5.– Obrak amaitu ondoren, urtean behin, jarduera hasten denetik eta jardueraren bizitza baliagarri osoan, eta lehengoratzearen berme-aldiaren amaieran, ebazpen honen 5. apartatuan ezarritako Ingurumen Zaintzako Programaren emaitzei buruzko dokumentua.
Hirugarrena.– Proiektua gauzatzen hasteko epea lau urtekoa izango da, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta proiektua gauzatzen hasi ez bada, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio indarraldia, eta utzi egingo dio dagozkion ondoreak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.5 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin.
Laugarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondoreetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari, organo substantiboaren bitartez, zer egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.
Bosgarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Industria Administrazioko Arabako Lurralde Ordezkaritzari eta sustatzaileari, hau da, INDARBERRI SLri.
Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 15a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.
ERANSKINA
Jendaurreko informazioaren eta eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten emaitza
Jendaurreko informazioaren izapidean, Equo Berdeak alderdiaren, Noryeste Ureztatzaileen Elkartearen eta 3 partikularren alegazioak jaso dira.
Kontsulten izapidearen emaitza taula honetan jaso da: