Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

205. zk., 2023ko urriaren 26a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4891

EBAZPENA, 2023ko urriaren 16koa, Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita Batxilergoko Sari Bereziak arautzen dituen eta sari horiek emateko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 15eko 35/2011 Dekretua indargabetzen duen dekretu-proiektua.

Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen du Dekretu bat egitea Batxilergoko Sari Bereziak arautzen dituen eta sari horiek emateko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 15eko 35/2011 Dekretua indargabetzeko.

Proiektu honen xedea da martxoaren 15eko 35/2011 Dekretua indargabetzea, bai eta hura aldatzen duten dekretuak ere, Batxilergoko Sari Bereziak arautzen dituztenak eta sari horiek emateko baldintzak ezartzen dituztenak, hartara, aldaketa-dekretuen bidez gaia etengabe arautu ez dadin. Horren ondorioz, gai hori arautuko duen Agindu bat sortuko da, egungo errealitatera egokitzeko.

Honako izapide hauek egin dira jendaurreko informazioaren ebazpen hau eman den egunera arte:

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133.1 artikuluan xedatutakoa betez; herritarrek lege-mailako arauak eta erregelamenduak egiteko prozeduran parte hartzeari buruz, arauaren testua egin aurreko kontsulta publikoa bideratu da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan iragarkia jarrita. Bertan, eragindako herritarren eta arauak eragiten dien eskubide edo interes legitimoak dituzten pertsonak biltzen edo ordezkatzen dituzten erakunde edo elkarteen iritzia jaso da, arauaren xedearekin lotura zuzena duten helburuei dagokienez.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko ekainaren 30eko 6/2022 Legean xedatutakoa betez, Hezkuntzako sailburuak hasiera emateko agindua eman zuen 2023ko abuztuaren 31n, martxoaren 29ko 39/2022 Dekretuak aldatu zuen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak, 16. artikuluan emandako eskumenak baliatuz.

Era berean, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko ekainaren 30eko 6/2022 Legean xedatutakoari jarraituz, Hezkuntzako sailburuak, 2023ko irailaren 12an, izapidetzen ari den dekretu-proiektua aldez aurretik onartzeko agindua eman zuen.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko ekainaren 30eko 6/2022 Legearen 17. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, lege honetan aurreikusitako aldez aurretiko kontsultaren, entzunaldiaren eta informazio publikoaren izapideak egin behar dira, baldin eta herritarren eskubide eta interes legitimoei zuzenean eragiten bazaie eta artikulu honetan aurreikusitako salbuespen-kausaren bat gertatzen ez bada.

Horretarako, jendaurrean jartzen da Batxilergoko Sari Bereziak arautzen dituen eta sari horiek emateko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 15eko 35/2011 Dekretua indargabetzen duen dekretu-proiektua, hogei egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Martxoaren 29ko 39/2022 Dekretuak aldatu zuen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak, 16. artikuluan emandako eskumenei jarraikiz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Batxilergoko Sari Bereziak arautzen dituen eta sari horiek emateko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 15eko 35/2011 Dekretua indargabetzen duen dekretu-proiektua jendaurrean jartzea, hogei egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.– Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, eta herritarrek alegazioak aurkeztu ahal izan ditzaten, adierazitako proiektuaren edukia eskuragarri egongo da Hezkuntza Saileko Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzan (Donostia-San Sebastián kalea 1, Vitoria-Gasteiz) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-oholean: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 16a.

Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendaria,

EUGENIO JIMENEZ IBAÑEZ.


Azterketa dokumentala