205. zk., 2023ko urriaren 26a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (102 KB - 2 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4882
AGINDUA, 2023ko urriaren 9koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Fundación Ausolan izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa.
2023ko maiatzaren 18an eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean, Fundación Ausolan Fundazioa izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko.
Eskabidearekin batera espedientean dagoen dokumentazioa aurkeztu zen.
Fundazioaren patronatuak 2023ko otsailaren 13an erabaki zuen aldaketa, eta eskritura publikoan gauzatu zen Arrasaten, 2023ko maiatzaren 2an, Antonío Ramón de la Cuesta Galdiz notario jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 515).
Erabaki horren bitartez, estatutuetan honako aldaketa sartu zen, fundazioaren presidentea eta kargu hori hautatzeari buruzko estatutu-xedapena aldatu zen (13. artikuluaren 1. apartatua):
– Fundazioaren presidentea fundazioko patronatu kide guztien artean gehiengo soilez aukeratuko da. Patronatuko kide guztien artean presidentea hautatzeko aukera zabaldu da, ez da mugatu erakundeetako patronatu kideetara, aurreko idazketan aurreikusten zen bezala.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau Agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Espedienteari funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan aurreikusitako baldintzak.
Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.
Hori guztia kontuan hartuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Fundación Ausolan izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, ebazpen honen azalpen-zatian aipatutako aldaketa txertatzeko, Agindu honen datarekin, Antonio Ramón de la Cuesta Galdiz notario jaunaren aurrean 2023ko maiatzaren 2an egiletsitako eskritura publikoan aurreikusitako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 515).
XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei jakinaraztea.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 9a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
OLATZ GARAMENDI LANDA.