Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

205. zk., 2023ko urriaren 26a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4881

AGINDUA, 2023ko irailaren 28koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Fundación Tximist Fundazioa izeneko fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa.

2023ko ekainaren 21ean, eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean, Fundación Tximist Fundazioa izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Fundazioaren patronatuak 2023ko apirilaren 10ean erabaki zuen aldaketa, eta publiko bihurtu zen 2023ko ekainaren 20an, Donostian, Guadalupe María Inmaculada Adánez notario andrearen aurrean egiletsitako eskrituraren bidez (protokolo-zenbakia: 967). Eskabide-idazkiari espedienteko dokumentazioa erantsi zitzaion.

Hartutako erabakiaren bidez, zabaldu egiten da fundazioaren hasierako helburu orokorrarekin bat datozen helburuen zerrenda eredugarria, estatutuen 3. artikuluaren lehen atalean jasotakoa.

Fundazioaren helburuen aldaketa aldez aurretik onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak, 2023ko irailaren 27ko txostenean jasotakoaren arabera.

Ildo horretatik, adostutako aldaketak egin ondoren, honela idatzita geratuko da estatutuen 3. artikuluko lehenengo atala:

«Fundazioaren interes orokorreko helburuak kirol-, kultura- eta gizarte-jarduerak zabaltzea, sustatzea eta bultzatzea dira. Ondorio horietarako, eta adierazpen gisa soilik, eta ez modu mugatzailean, ulertzen da jarraian adierazitakoak sartzen direla fundazioaren helburuen barruan:

A) Egokitzat jotzen duen eta fundazioaren helburuak hobeto garatzea eta betetzea ahalbidetzen duen beste edozein erakunde edo instituzio sozial, kultural, kirol-erakunde, artistiko edo ongintza-erakunderekin lankidetzan eta lankidetzan aritzea.

B) Aukera-berdintasuna sustatzea, emakumearen prestakuntzarako, garapenerako, lidergorako eta ahalduntzerako jarduerak eta espazioak sortuz.

C) Kirola eta jarduera fisikoa gizartera hurbiltzea, kategoria eta adin guztietan egitea erraztuz.

D) Haurtzaroan eta gaztaroan kirola egin dadin sustatzea eta zabaltzea, guztiek kirola egin dezaten erraztuz eta kirola egiteak gazteen prestakuntza integrala ekar dezan saiatuz.

E) Prestakuntza, komunitatearen errespetua eta balioak sustatzen dituzten prozesu komunitarioekin lotutako jarduerak bultzatuz.

F) Topaketak, jardunaldiak, tailerrak, mintegiak, hitzaldiak eta fundazioaren helburuekin zerikusia duten antzeko beste ekintza batzuk antolatzea.

G) Prozesu komunitario parte-hartzaile eta jasangarriak bultzatzea, inklusioa sustatzen dutenak eta pertsonen arteko laguntza-sare sozialak indartzen dituztenak.

H) Aniztasuna eta bitartekaritza komunitarioa kudeatzea, gatazka sozial eta komunitarioen prebentzioa, sustapena eta konponbidea kontuan hartuta.

I) Ekintza humanitarioko proiektuak egitea kirolaren bidez, larrialdi-egoeretan laguntza humanitarioa ematea, premia duten komunitateei kirol-materiala hornitzea eta eremu behartsuetan hezkuntza, prestakuntza eta garapen ekonomikoa sustatzea.

J) Fundazioaren jarduera eta haren xede diren gaiak zabaltzeko aldizkariak, liburuak, buletinak, webguneak eta antzeko euskarriak argitaratzea.

K) Fundazioaren helburuen eremuan ikerketa-ekintzak egitea.

L) Kirolari, erakunde, instituzio eta administrazio publikoei laguntza eta aholkularitza ematea berdintasunaren eta kirolaren arloan.

M) Gipuzkoako probintziaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren (Euskadi) irudi eta posizionamendu turistikoa sendotzen laguntzen duten kirol- eta kultura-ekitaldiak antolatzea eta sustatzea.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau Agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Espedienteari funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan aurreikusitako baldintzak. Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.

Hori guztia kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Fundación Tximist Fundazioa izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, Agindu honen datarekin, 2023ko ekainaren 20an, Donostian, Guadalupe María Inmaculada Adánez García notario andrearen aurrean egiletsitako eskritura publikoan aurreikusitako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 967).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 28a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala