Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

202. zk., 2023ko urriaren 23a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4815

AGINDUA, 2023ko urriaren 11koa, Hezkuntzako sailburuarena, atzerrian ingeleseko, frantseseko eta alemaneko ikastaroak egiteko diruz lagundutako plazetarako deialdia egiten duena, Euskal Autonomia Erkidegoaren funts publikoez finantzatzen diren ikastetxeetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetan eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetan matrikulatutako ikasleentzat.

Hezkuntza Sailaren ildo estrategikoen artean erronka bat dago Europako esparruan 2030erako hezkuntza- eta prestakuntza-arloan ezarritako berrikuntza- eta garapen-printzipioak gure testuinguruaren eta ingurunearen berezko hezkuntza-erronkekin lerrokatzeko. Horrek paradigma-aldaketa garrantzitsua dakar, konpetentzietara bideratuago dagoen hezkuntza eskatzen du, gero eta globalagoak eta kultura aniztasun handiagokoak diren ikaskuntza-ingurune berriez ohartzeaz gain.

Maiatzaren 30eko 77/2023 Dekretuan azaldutakoaren arabera (77/2023 Dekretua, maiatzaren 30ekoa, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoa; 2023ko ekainaren 9ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen), hezkuntza-sistemaren lehen helburuetako bat da ikasle guztien komunikazio- eta hizkuntza-konpetentzia garatzea, eleaniztasunaren eta kulturartekotasunaren ikuspegitik, euskararen erabileran sakonduta. Derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan, ikasle guztiek euskaraz eta gaztelaniaz zuzentasunez ulertzeko eta adierazteko gai izan behar dute ahoz zein idatziz, baita testu eta mezu konplexuak sortzeko gai izan ere. Gainera, ulermen eta adierazpide egokia izango dute atzerriko hizkuntza batean edo gehiagotan.

Hezkuntza linguistiko eta eleaniztunaren kalitatea funtsezkoa da: beharrezkoak diren tresnak eta baliabideak ematen ditu errealitatea ulertzeko, pentsamendua adierazteko, arrazoitzeko, ezagutza transmititzeko eta mundua ikusteko eta ulertzeko eta besteekin hartu-emanak izateko era jakin bat transmititzeko. Gainera, hizkuntza- eta eleaniztasun-konpetentzia garatzeak gainerako funtsezko konpetentziak garatzera bultzatzen du, eta, beraz, beste arlo batzuen zerbitzura dago konpetentzia hori.

Testuinguru horretan, gutxienez atzerriko hizkuntza bat jakitea hezkuntza-sistemaren helburu nagusietako bat da gaur egun; izan ere, prestakuntza osoaren bidean jartzen ditu ikasleak, eta bitarteko oso baliagarria da giro soziokultural anitzetara gerturatzeko. Aski frogatuta dago, ikasturtean zehar ikasitako atzerriko hizkuntzaren jakintza indartzeko, osagarri guztiz egokia dela atzerriko herrialde horietan egonaldiak egitea.

Hori dela eta, hezkuntza-administrazioek beharrezko baliabideak eman behar dituzte egungo curriculumak aplikatzeko prozesuan atzerriko hizkuntzak indartzeko eta ikasteko programak ezartzen direla bermatzeko, ikaskuntzak hobetzeko asmoz.

Hezkuntza Saila, 1989ko udan, atzerrian hizkuntzak ikasteko plazak eskaintzen hasi zen ikasle bekadunentzat. Atzerrian hizkuntzak ikasteko plazak eskuratzeko betekizunak aldatuz joan dira, plaza horien aprobetxamendu egokia bermatzeko. Zehazki, 2005ean, errendimendu akademikoko gutxieneko baldintza batzuk ezarri ziren plaza horiek eskuratu ahal izateko, eta, era berean, zirrikitu bat zabaldu zitzaion bekadunak ez ziren ikasleak hartzeko aukerari.

Beka izan zein ez izan, gaur egun, familia askok ezin dituzte seme-alabak atzerrira bidali hizkuntza bat ikastera, joan-etorriek eta egonaldiek kostu ekonomiko handia dutelako.

Agindu honek egiten duen deialdiaren erronka da errendimendu akademiko handiko ahalik eta ikasle-kopuru handienak izatea aukera udan atzerri-egonaldi bat egiteko, baina, betiere, familien egoera ekonomikoari arreta berezia jartzeari utzi gabe.

Hartarako, 2012ko udarako deialdian, beste betekizun bat ezarri zen: ekarpen indibidualak egitea, familiaren maila ekonomikoaren arabera, hain justu ere plazaren kostuaren parte bati aurre egiteko, eta, hala, errenta txikienak dituztenentzako plaza gehiago erreserbatu ziren. Ikasleen ahalegin indibiduala aitortzeko, errendimendu akademikoaren arabera esleitzen dira talde bakoitzeko plazak.

Deialdi honetan ere eusten zaio ikasleen eta administrazioaren arteko ekarpen mistoaren ideiari, eta, ikasleei dagokienez, plaza kopuru jakin bat eta ekarpen ekonomiko desberdin bat finkatzen dira, bekaduna izatearen edo ez izatearen arabera.

Aipatu beharra dago, gainera, Bigarren Hezkuntzako ikasleei hizkuntza-prestakuntza jasotzeko aukera ematea dela Hezkuntza Sailaren 2023ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasotako dirulaguntza-ildoetako bat (Hezkuntzako sailburuak 2023ko urtarrilaren 31n sinatu eta 2023ko apirilaren 13an aldatu zuen Aginduaren bidez onartu zen plan hori). Horretarako, atzerriko egonaldietarako eta ikastaroetarako diruz lagundutako plazen politika baliatuko da.

Horrenbestez, aintzat hartuta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan ezarritako xedapenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren arloko dirulaguntzak arautzeari buruzkoak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenak, eta Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariaren proposamenari jarraituz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea eta antolaketa.

1.– Agindu honen xedea da 532 plazaren deialdia egitea ingeleseko, frantseseko eta alemaneko ikastaroak egiteko 2024ko udan, Euskal Autonomia Erkidegoaren funts publikoez finantzatzen diren ikastetxeetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetan eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetan matrikulatutako ikasleentzat. Egonaldiaren iraupena bi astekoa izango da.

2.– Hizkuntzak ikasteko ikastaroak antolatzeko lehiaketan, beste 4 plaza gehituko zaizkie Erresuma Batuko plazei. 2023-2024 ikasturteko Matematika Olinpiadetan lehen lau postuak lortzen dituzten DBHko 2. mailako ikasleentzat izango dira plaza gehigarri horiek.

3.– Ikastaroak antolatzeko eta ikastaroak ematen diren herrialdeetako egonaldia antolatzeko, Hezkuntza Sailak administrazio-kontratazioko prozedura bat deituko du, ikastaroak eta egonaldiak antolatuko dituen enpresa bat kontratatzeko.

2. artikulua.– Onuradunak.

Euskal Autonomia Erkidegoaren funts publikoez finantzatzen diren ikastetxeetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetan eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetan matrikulatutako ikasleek eskatu ahal izango dute deialdiko jardueretan parte hartzea eta laguntzen onuradun izatea.

3. artikulua.– Deialdi honetara bideratutako zenbateko osoa.

Hezkuntza Sailak gehienez 1.033.571,48 euro emango ditu agindu honetako plazak finantzatzeko 2024ko ekitaldian, Euskal Autonomia Erkidegoaren ekitaldi horretako Aurrekontu Orokorretan hartarako ezarritako aurrekontuko partidaren kontura.

4. artikulua.– Sartuta dauden gastu-kontzeptuak.

1.– 5.4 artikuluan jasotako dirulaguntzak eta ikaslearen ekarpen ekonomikoak honako gastu-kontzeptu hauek bakarrik hartzen dituzte barnean:

a) Joaneko eta itzulerako bidaia, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoko hiriburuetako batetik atera eta bertara itzultzeko, esleitutako plazari dagokion egonaldia hasteko eta amaitzeko adierazten diren egunetan.

b) Bi asteko egonaldia, ostatua eta mantenua (pentsio osoan), esleitutako plazari dagokion herrialdean.

c) Hizkuntza-ikastaroa, matrikula, eskola-materiala eta ostatuaren eta ikastaroa egiten den zentroaren arteko joan-etorrietarako garraioa barne.

d) Bidaia-laguntzako, istripuetako eta erantzukizun zibileko aseguruak, ikastaroak antolatzen dituen enpresak sinatuta, Hezkuntza Sailarekin ikastaroak antolatzeko sinatutako kontratuaren arabera.

e) Gizarte-, kultura- eta kirol-jarduerak arratsaldeetan, eta egun osoko txangoak (bi larunbatetan).

f) Hala badagokio, enpresa antolatzailearen eta Hezkuntza Sailaren artean sinatutako kontratuan jasotako beste gastu batzuk.

2.– Hezkuntza Sailak eta ikastaroak antolatzen dituen enpresak ez dute beren gain hartuko aurreko atalean aipatutakoez gain ikasleak izan ditzakeen gastuak.

5. artikulua.– Deialdiko plazak eta dakarten partaidetza ekonomikoa.

1.– Ikastaroak eta familia-bizikidetza edo egoitza-erregimena antolatzeko, administrazio-kontratu baterako deialdia egin eta ebatziko du Administrazioak, aurreko artikuluetan adierazitakoari jarraituz.

2.– Deialdi honen xede diren ikasleentzat deitzen diren plazak bi tartetan banatzen dira, kontuan hartuta ea ikasleak bekarik eskuratu zuen ala ez «Unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketa-beka eta -laguntzen» deialdian, eskabidea aurkeztu aurreko ikasturterako. Partaidetza-kuota kalkulatzeko, ikaslea zein tartetan dagoen hartuko da kontuan.

3.– Era berean, ingelesaren kasuan, tarte bakoitzaren barruko plaza kopurua destinoko herrialdearen arabera eta ikasleak 2023-2024 ikasturtean egiten duen etaparen arabera (DBH edo Batxilergoa) banatzen da.

(Ikus .PDF)

4.– Deitutako plazak erabiltzeko eskubidea eskuratzen duten ikasleek, plaza horri dagokion partaidetza ekonomikoaren kuota ordaindu beharko dute.

a) 1. tarteko ikasleek: 140 euro.

b) 2. tarteko ikasleek: 560 euro.

6. artikulua.– Tarteak.

Parte hartzen duten ikasleak bi tartetan sailkatuko dira, sailkapen honen arabera:

a) 1. tartea:

– Eskabidea aurkeztu aurreko ikasturterako «Unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketa-beka eta -laguntzen» deialdian beka eskuratu duten ikasleak.

– Eskabidea aurkeztu aurreko ikasturterako «Unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketa-beka eta -laguntzen» deialdian beka ukatu zaien arren, eskabidearekin batera, uko haren aurka gora jotzeko errekurtsoa epe barruan aurkeztu zutela egiaztatzen duten ikasleak. Kasu horretan, deialdi honen xede den laguntzaren eskabidearen ebazpenak kontuan hartuko du zer ebatzi den aipatutako gora jotzeko errekurtsoaren ebazpenean.

b) 2. tartea:

– Aurreko paragrafoan zehaztutako baldintzetako bat ere betetzen ez duten ikasleak.

7. artikulua.– Betekizunak.

1.– Deitutako prozeduran parte hartzeko, honako betekizun hauek bete behar dira aldi berean:

a) Eskabidea epe barruan eta behar bezala aurkeztea.

b) Aurreko urteetan, Hezkuntza Sailak egindako deialdian plazarik eskuratu ez izana atzerrian hizkuntzak ikasteko; betekizun hau betetzetik salbuetsita daude «Txillida» Matematika Olinpiadetako sari gisa plaza lortu duten ikasleak.

c) Aurreko deialdian emandako plazari berariaz edo inplizituki uko egin ez izana, plaza beste ikasle bati esleitzea eragotzi zuen denboran edo moduan, 14. artikuluan ezarritakoaren arabera.

d) Beranduenez 2024an betetzea 19 urte.

e) 2023-2024 ikasturtean, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko edo pribatu itundu batean egotea matrikulatuta, ikasketa hauetakoren batean:

– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. edo 4. maila.

– Batxilergoko 1. edo 2. maila.

f) Eskatzen den plazari dagokion/dagozkion hizkuntza/hizkuntzak eskabidearen aurkezpen-data baino lehenagoko bi ikasturteetan (2021-2022 eta 2022-2023) ikasi behar izan dira Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batean, eta, horietatik, azken ikasturtea funts publikoen bidez finantzatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batean egin behar izan da.

g) Aurreko ikasturtean gutxienez 7,00 puntuko nota lortu izana eskatutako hizkuntzan/hizkuntzetan, eta 16,00 puntuko edo gehiagoko puntuazio osoa lortu izana aurreko ikasturteko batez besteko notaren eta eskatutako hizkuntzako notaren arteko baturan.

Esleipena norgehiagoka bidezkoa izango da, eta, beraz, plaza esleitzeko ez da nahikoa izango gutxieneko nota horiek lortu izana. Beharrezkoa da, halaber, hurrenkera-zenbaki bat lortzea, ikaslea tarte bakoitzean emango diren plazen barruan sartzeko, eta, Irlandaren eta Erresuma Batuaren kasuan, maila bakoitzean emango diren plazen barruan sartzeko.

2.– Ezin izango dira dirulaguntzaren onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan xedatutako egoeraren batean dauden ikasleak. Besteak beste, honako egoera hauetakoren batean daudenak:

– Ordaindu gabe izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

– Ordaindu gabe izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zigor penal edo administratiboren bat izatea edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean egotea.

Prozedura honetako organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko du ikasleak egunean ordainduta dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Hala ere, ikasleak berariaz uka dezake baimen hori, eta, kasu horretan, eskumena duen organoak emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

9. artikuluan aipatutako eta eskabide-ereduan jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira 2. apartatuan azaldutako gainerako inguruabarrak.

8. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Adin nagusiko ikasleak edo adingabe emantzipatuak egin beharko du eskabidea, eta emantzipatu gabeko adingabea bada, aitak, amak edo legezko ordezkariak egin beharko du, hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskatzaileek lehentasun-hurrenkera bat ezarri ahal izango dute eskuratu nahi dituzten plazetarako, eta hizkuntza eta herrialde bat baino gehiago aukeratu ahal izango dituzte eskabide berean.

3.– Bitarteko elektronikoak erabilita egin daiteke eskabidea, «www.euskadi.eus/hezkuntza» web-orrian sartu eta bi aukera hauetako bat baliatuz:

a) Ziurtagiri digitalaren bidez sartuta (NAN, Izenpe txartela...) edo itsasontzien jokoa erabilita (B@kq).

Aukera honetan, elektronikoki sinatu behar da eskabide-inprimakia, eta, ondorioz, automatikoki erregistratuko da. Beraz, aukera hori erabili duen eskatzaileak aurkezpen elektronikoaren egiaztagiria gorde beharko du, eta ez da inolako inprimakirik aurkeztu beharko ikastetxean.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

b) Helbide elektroniko baten bidez eta elementu hauetakoren batekin sartuta:

– HNA (Hezkuntza Nortasun Agiria), jaiotegunarekin batera.

– Nortasun Agiri Nazionala (NAN), haren iraungitze-data zehaztuta. Eskatzailea atzerritarra baldin bada, atzerritarren identifikazio-zenbakia (AIZ) eta jaioteguna adierazi beharko ditu, eta, hala badagokio, atzerritarren identifikazio-txartelaren zenbakia (AIT). Bi kasuetan, 91/2023 Dekretuan azaltzen den datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bidez egiaztatuko da eskatzailearen identitatea (91/2023 Dekretua, ekainaren 20koa, herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa).

Aukera honen bidez sartuz gero, eskatzaileak inprimakia bete, inprimatu, sinatu eta ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxean aurkeztu beharko du, artikulu honen 1. apartatuan adierazitako epearen barruan.

4.– Eskatzaileak ez badu bitartekorik eskabidea bide telematikoz aurkezteko, deialdi honen I. eranskinean jasotako inprimakia fotokopiatu ahal izango du, edo ikastetxean eskatu, eta eskuz bete eta sinatu ondoren, ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxean aurkeztu.

5.– Halaber, ikastetxe horretara bidali ahal izango du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16. artikuluko 4. apartatuan aipatzen diren aukeretako baten bitartez.

6.– Aurreko 3. apartatuko b) letraren eta 4. apartatuaren kasuan, eskabide-inprimakia zein egunetan jaso duen erregistratu behar du ikastetxeak, eta aurkezpen-data horren egiaztagiria eman behar dio eskabidea aurkeztu duenari. Horrez gain, berehala erregistratu beharko ditu datuak Hezkuntza Sailak adierazitako aplikazioan, eta sei urtez gorde beharko ditu aurkeztu diren eskabideak.

7.– Inprimakian, «telefono mugikorra» eta «helbide elektronikoa» atalak bete behar ditu eskatzaileak. Hori betez gero, ulertzen da eskatzaileak baimena ematen diola Hezkuntza Sailari agindu honen 12.7 artikuluan aurreikusitakoez gain beste abisu batzuk emateko.

9. artikulua.– Eskabidea eta erantzukizunpeko adierazpena.

Eskabide-inprimakian bertan, ikaslearen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, hauek egiaztatzeko:

a) Ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan xedatutako egoeretako batean ere. Egoera horien artean, honako hauek daude:

– Ordaindu gabe izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zigor penal edo administratiborik ez izatea edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea.

b) Onartzen dituela dirulaguntzaren deialdiaren oinarriak.

c) Egiazkoak direla eskabideko eta, halakorik egonez gero, harekin batera doan dokumentazioko datuak, eta betetzen dituela laguntza hauen onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako gainerako betekizunak.

d) Egiaztatuko duela dirulaguntza emateko eta hartaz baliatzeko ezarri diren baldintzak eta betekizunak betetzen dituela.

10. artikulua.– Ikasleen notak.

Aplikazio informatikoak automatikoki emango ditu eskatutako hizkuntzaren edo hizkuntzen nota eta batez besteko nota. Bi dezimalekin kalkulatuko da batez besteko nota, aurreko ikasturtean ikasitako ikasgai guztiak kontuan hartuta.

11. artikulua.– Musika edo dantzako ikasketa profesionalak.

2022-2023 ikasturtean musika edo dantzako ikasketa profesionalak eta Batxilergoko lehenengo ikasturtea aldi berean ikasten aritu diren ikasleen kasuan, matrikulatuta dauden ikastetxeak ikasketa profesional horien bosgarren ikasturteko ikasgaien kalifikazioak sartuko dituzte Batxilergoko ikasgai komunen kalifikazioekin batera.

12. artikulua.– Plazak esleitzeko prozedura.

1.– Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari dagokio agindu honetan xedatzen den prozedura bideratu eta kudeatzeko lanak egitea.

2.– Ikasle eskatzaileen zerrenda egingo du organo kudeatzaileak, eta hauek adieraziko ditu bertan: zer tartetan sartu den eskabide bakoitza, ikaslearen batez besteko nota eta eskatutako hizkuntzan lortutako nota, eta esleipen-proposamena, aurrez adierazi diren datu horien arabera egindakoa. Proposamen hori plaza emateko, erreserba-taldeetan sartzeko edo deialditik baztertzeko izan daiteke, eta, azken kasu horretan, baztertzeko proposamenaren arrazoia adierazi beharko da.

3.– Bi tarteetako bakoitzean (Irlandaren eta Erresuma Batuaren kasuan, maila bakoitzean) plazak esleitzeko proposamena egiteko, 2022-2023 ikasturtean izandako batez besteko nota eta eskatutako hizkuntzaren nota batuta lortutako puntuazioaren hurrenkerari jarraituko zaio.

Berdinketa gertatuz gero, 1. tarteko ikasleen kasuan, errenta indibidual egiaztatu txikiena duen familia-unitateko kide izatea izango da erabakigarria; 2. tarteko ikasleen kasuan, berriz, adinaren arabera ordenatuko da, nagusienetik gazteenera. Azkenik, berdinketak bere horretan badirau, aplikazioak hura ebazteko zenbaki bana esleituko du ausaz, eta plaza zenbaki txikienarentzat izango da, hau da, espedienteak goranzko hurrenkeran ordenatuko dira.

4.– Ikasle batek ere ezin izango du agindu honetako deialdiko plaza bat baino gehiago eskuratu. Ikaslearen puntuazioak eskubidea ematen badio herrialde batean baino gehiagotan plaza eskuratzeko, parte hartzeko eskabidean adierazi zuen lehentasun-hurrenkerari dagokiona esleituko zaio.

Ikasleak uko egiten badio lortutako plazari, ez zaio emango bere puntuazioa dela-eta legokiokeen beste bat.

5.– Ikasleren bat zerrenda batean baino gehiagotan erreserban badago eta egonaldi baterako plaza bat eskaintzen bazaio, egonaldi horri uko eginez gero uko egingo die, baita ere, erreserbako gainerako plaza guztiei.

6.– Baldin eta 1. tartean plazarik sobratzen bada, plaza horiek 2. tartean pilatuko dira, herrialde eta hezkuntza-maila berberetan. 2. tarteko plazak hutsik geratzen badira eta 1. tartera pasatzen badira, eta guztizko zenbatekoa ez bada nahikoa plaza-kopuru bera betetzeko, plaza-kopurua murriztuko da esleipen ekonomiko globalarekin bete daitekeen plaza-kopururaino, eta horretarako kontuan hartuko da hautagaiek lortutako puntuazio-hurrenkera, eta baztertuta geratuko dira zerrendako azken hautagaiak.

7.– Esleipen-proposamen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0098507 8. artikuluan eskabideak egiteko emandako epea amaitu ostean. Horrez gainera, Hezkuntza Sailaren web-orrian ere argitaratuko dira: http://www.euskadi.eus/hezkuntza),

8.– Ohar bat bidaliko da eskabidean adierazitako telefono mugikorrera edo helbide elektronikora, eta jakinaraziko da esleipen-proposamena argitaratu dela Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taula horretan. Abisu hori ez da inoiz jakinarazpentzat hartuko.

9.– Zerrenda horretan jasotako datuetan akatsik aurkituz gero, interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute, zerrenda argitaratu zenetik aurrera, alegazioak idatziz aurkezteko, eta betekizuna bai betetzen dutela egiaztatzeko.

10.– Erreklamazioak eta, hala badagokio, aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, organo berak onartuko du prozeduran onartu diren eta onartu ez diren eskabideen behin betiko zerrenda, eta, azken kasu horretan, zer betekizun bete ez den adieraziko du.

13. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.

1.– Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariak ebazpen bat emango du tarte, hezkuntza-maila eta destinoko herrialde bakoitzeko, eta ebazpen horietan adieraziko da plaza eskuratu dutenen zerrenda. Horretaz gainera, beste bi ebazpen emango ditu: batean, tarte, maila eta destinoko herrialde bakoitzean erreserban geratzen diren ikasleen zerrendak adieraziko ditu, eta, bestean, aldiz, baztertu diren eskabideak zerrendatuko, arrazoiak adieraziz.

Jakinarazpenen ondorioetarako, aipatutako ebazpenak (behin-behinekoa eta behin betikoa) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan argitaratuko dira, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0098507 Horrez gainera, Hezkuntza Sailaren web-orrian ere argitaratuko dira: http://www.euskadi.eus/hezkuntza.

Era berean, ohar bat bidaliko da eskabidean adierazitako telefono mugikorrera edo helbide elektronikora, eta jakinaraziko da plazen esleipenaren behin betiko ebazpena argitaratu dela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0098507/. Sailaren web-orrian argitaratzea eta aipatutako abisuak egitea ez dira inoiz jakinarazpentzat hartuko; aitzitik, jakinarazpena ebazpena arestian aipatutako iragarki-taula elektronikoan argitaratzen den egunean egin dela ulertuko da.

2.– Baldin eta agindua argitaratu eta sei hilabeteko epean deialdia ez bada ebatzi artikulu honetan ezarritako prozeduraren arabera, interesdunek ezetsitzat jo beharko dute haien eskabidea, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan. Nolanahi ere, geroago berariaz ebatz liteke deialdia.

3.– Prozeduran onartzeko edo ez onartzeko behin betiko ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 30. artikuluko 4., 5. eta 6. apartatuan adierazitakoaren arabera zenbatuta.

14. artikulua.– Plazak erreserbatzea.

1.– Plaza lortu dutenek plazen erreserba egin beharko dute ikastaroa egiteko kontratatutako enpresarekin, eta, horretarako, hilabeteko epea izango dute, 13.1 artikuluko lehenengo paragrafoan jasotako ebazpena argitaratzen denetik.

Plazak hautatzeko prozedura:

Irlandan eta Erresuma Batuan, lehentasun-taldeka aukeratuko dituzte ikasle esleipendunek plaza zehatzak, talde bakoitzarentzat berariaz finkatzen diren egunetan, eta tarte eta maila bakoitzeko erreserba-ehunekoak errespetatuz. Hau da, enpresak egunean 100 plaza kudeatu baditzake, lehenengo egunean Irlandan plaza aukeratuko dute 1. tarteko lehen 77 postuak betetzen dituzten ikasleek, eta 2. tarteko lehen 23 ikasleek. Bigarren egunean, hurrengo 100 postuek aukeratuko dute plaza, banaketa-hurrenkera berean, eta sistema horri jarraituko zaio harik eta plaza guztiak betetzen diren arte. Tarte bateko plazak betetzen badira, egoera horretara egokituko da prozedura. Eta horren guztiaren ondorioetarako, esleipendunak, enpresa esleipendunak adierazten dion bitartekoa erabiliz, plaza bat aukeratuko du libre dauden plaza guztien artean, tokatzen zaion egunean.

Enpresak ezin badu plaza kopuru hori (100) kudeatu, adierazten den proportzioaren arabera doituko da hautatze-prozedura.

Norbaitek ezin badu plaza aukeratu egokitu zaion egunean, hurrengo egunetan egin dezake, azken ikasleek aukeratzen duten azken egunera bitartean, baina une horretan libre dauden plazen artetik aukeratu beharko du.

Frantziarako eta Alemaniarako, plaza kopurua txikiagoa denez, hainbat herrialde edota irteera-data egonez gero, ikasleek zein nahiago duten jakinaraziko diote enpresa esleipendunari, enpresak esandako bitartekoak erabiliz. Aukera hori egiteko epea 14.1 artikuluko lehenengo paragrafoan zehaztutako epearen azken egunean bukatuko da. Enpresa esleipendunak esango die zer herrialde eta irteera-data esleitu zaien azkenean. Horretarako, kontuan hartuko du zer tokitan dagoen ikaslea Hezkuntza Sailak emandako zerrendan. Lortutako kalifikazioen hurrenkeraren arabera egongo da ordenatuta zerrenda.

2.– Enpresak eskainitako plaza onartu ondoren, 140 euroko partaidetza-kuota ordaindu ondoren gauzatuko da erreserba. Zenbateko hori ez bada epe barruan ordaintzen, esleitutako edo hautatutako plazari uko egin zaiola ulertuko da.

2. tartearen kasuari dagokionez, ekainaren 15a baino lehen eta enpresa esleipendunak adierazten duen egunean ordaindu beharko da partaidetza-kuotari dagokion gainerako diru-zenbatekoa (560 euro – 140 euro = 420 euro), 2. artikuluaren arabera aplikatu beharrekoa. Hala egiten ez bada, kontratatutako enpresak plaza-erreserba baliogabetu ahal izango du, eta, hala badagokio, ordaindutako diru-zenbatekoa galduko da.

3.– 14.1 artikuluko lehenengo paragrafoan zehaztutako epearen azken egunaren ondoko bost egun igarota, enpresek Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari jakinaraziko diote zer plaza geratu diren hutsik erreserba ordaindu ez delako.

Plaza horiek eta ukoen ondorioz hutsik gera litezkeen gainerakoak erreserba-egoeran dauden hautagaiei eskainiko dizkie Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzak, banaka eta lehentasun-hurrenkerari jarraituz, harik eta kontratatutako plaza-kopurua bete arte. Erreserban dauden ikasleek plaza ordaintzen badute, erreserba irmoa egingo dute, eta ezin izango dute erreserba hori ezeztatu erreserbako beste plaza bat eskaini diotelako.

15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Deialdi honen xede diren plazetako baten onuradun izateko, plaza hori atxikita dagoen tarteari dagokion partaidetza ekonomikoa sartu beharko dute, epearen barruan, 5.4 artikuluan jasotakoaren arabera.

2.– Ikasle adingabeen kasuan, guraso edo legezko tutoreen zaintzarik gabe atzerrira joateko bidaia denez, inprimaki bat aurkeztu beharko da, gurasoek edo legezko tutoreek beteta, ikasle adingabeek joan-etorriak egiteko baimena emanez. Hemen eskuratu ahal izango da inprimakia: Poliziaren Zuzendaritza Nagusiaren egoitza elektronikoan (https://sede.policia.gob.es/portalCiudadano/sede_electronica/ciudadanos/declaracion_permiso_viaje_menores.pdf edo Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusiaren web-orrian (https://www.guardiacivil.es/documentos/pdfs/2023/PRC_197953_Formulario_declaracixn_firmada_permiso_viaje_fuera_territorio.pdf)

3.– Deialdi honetako plazaren bat lortu duten onuradunek egonaldia hasi, egin eta amaitu egin beharko dute adierazitako egunetan, joan-etorriak barne, ikastaroaren antolaketak adierazitako programazio eta jarraibideen arabera. Ikaslea adinez nagusia bada eta aitaren, amaren edo legezko tutorearen berariazko baimena badu soilik baimenduko dira antolaketa horretatik kanpoko joan-etorriak. Ikasle adingabeek joateko edo/eta itzultzeko bidaia baino ezingo dute egin antolaketatik kanpo, baldin eta aitak, amak edo legezko tutoreak laguntzen badie, edo aitak, amak edo legezko tutoreak baimendutako adinez nagusiko pertsona batek. Laguntzaile horiek agiri bat sinatu beharko dute ikaslea jasotzeko unean (II. eranskinaren arabera), eta, haren bidez, enpresa esleipenduna nahiz Eusko Jaurlaritza salbuetsita geratuko dira ikaslea zaintzeko erantzukizun orotik.

4.– Onuradunek nahitaez bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrak.

5.– Plaza onartzeak berekin dakar artikulu honetan jasotako betebeharrak onartzea.

16. artikulua.– Ez-betetzearen araubidea.

1.– Laguntza itzultzeko prozedurari ekingo zaio laguntzaren onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 53.1 artikuluan adierazitako kasuren batean sartzen badira, edo agindu honetan eta bete beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak betetzen ez badituzte, edo dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez badituzte –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoaren arabera– eta laguntzak emateko ebazpenean arautzen diren baldintza edo betebeharrak betetzen ez badituzte.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Nolanahi ere, hori ez da eragozpena izango bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratzeko. Aipatutako kopuru horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

17. artikulua.– Bateraezintasunen araubidea.

Deialdi honetako plaza bat esleitzea bateragarria da beste edozein erakunde publiko edo pribatuk emandako edozein laguntza edo dirulaguntzarekin.

Dena den, deialdi honetan ezin izango dute plazarik eskuratu aurreko urteetan Hezkuntza Sailak egindako deialdietan atzerrian hizkuntzak ikasteko plazaren bat eskuratu dutenek; hauxe izango da salbuespena: DBHko 2. mailako ikasleei zuzendutako Matematika Olinpiadetan, sari gisa, plaza lortu duten ikasleak.

18. artikulua.– Programa aldez aurretik amaitzea.

1.– Enpresa antolatzaileak sinatutako aseguruen balizko estaldurari eta agindu honen 15. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoari kalterik egin gabe, aitak, amak edo legezko tutoreak konpromisoa hartzen du ikaslearen itzulera ahalbidetu eta bere gain hartzeko, baita horri lotutako kostuak ere, programa aldez aurretik amaitzen den kasu hauetan:

a) Egonaldiak ikaslearen osasun edo ongizate emozionalerako arriskua dakarrela hautematen bada.

b) Egonaldian ezarritako arauak modu larrian ez betetzeagatik ikaslea egonalditik kanporatzen badute, arau horien berri emango zaie ikasleei eta haien guraso edo tutoreei egonaldia hasi aurretik.

c) Ikasleak egonaldia aldez aurretik bere borondatez uztea erabakitzen badu.

2.– Plaza onartzeak berekin dakar artikulu honetan jasotako konpromisoak onartzea.

19. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Ikaskuntzako eta hezkuntza-berrikuntzako laguntzak eta dirulaguntzak.

– Arduraduna: Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

– Helburua: ikaskuntzako eta hezkuntza-berrikuntzako laguntzak eta dirulaguntzak. Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

– Hartzaileak: Ekonomia eta Ogasun Saila. Ikastetxe publikoak eta itunpeko ikastetxeak.

– Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES)

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673)

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Ikastaro eta egonaldien programa hau benetan gauzatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da 2024rako aurrekontu-esleipena izatea eta enpresa antolatzailearekin kontratua esleitzea.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduak 5.3 artikuluan adierazitako xedeetarako, agindu honetako laguntzak ebatzi ahal izateko, aurrez kreditu nahikoa eta egokia egon behar da Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urterako aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 11.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala