Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

202. zk., 2023ko urriaren 23a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4812

EBAZPENA, 2023ko irailaren 19koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Erribera Beitian (Araba) «Beitia» instalazio fotovoltaikoa jartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2023ko ekainaren 5ean, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Arabako Industriako Lurralde Ordezkaritzak eskaera egin zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari, Erribera Beitian (Araba) «Beitia» instalazio fotovoltaikoa jartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua has zezan. Eskaera Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuko prozeduraren esparruan.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2023ko ekainaren 30ean, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, txosten batzuk jaso dira zenbait organismoren aldetik, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egin zitzan.

Jarduketa horien emaitza aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumenaren babes-maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko xedez.

8 ha baino gehiagoko azalera izango duen instalazio fotovoltaikoaren (aurrerantzean, IFV) proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren mende dago, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.2 artikuluan jasota datozen kasuen artean dagoelako, lege horretako II. E eranskinean jasotako proiektu bat denez gero, eta, zehazki, 4.h) epigrafean jasotakoa: «Energia fotovoltaikoaren instalazioak, 5 hektareako azalera edo handiagoa hartzen dutenak. Barne hartuko dira, azalera txikiagoa hartuta ere, beste instalazio fotovoltaiko baten mugan dauden titular beraren edo beste batzuen instalazioak, baldin eta instalazio horiek, guztira, 5 hektareako azalera edo handiagoa hartzen badute. Kanpo gelditzen dira jada finkatutako lur urbanizatuetan edo lehendik dauden eraikinetan kokatutako energia fotovoltaikoaren instalazioak».

Beste alde batetik, aireko-lurpeko ebakuaziorako linea elektrikoa, 30 kV-eko tentsioa eta 1.500 m-tik gorako luzera dituena, baita ere, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren mende dago, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.2 artikuluan jasota datozen kasuen artean dagoelako, lege horretako II. E eranskinean jasotako proiektu bat denez gero, eta, zehazki, 4.b) epigrafean jasotakoa: «15 kV-eko edo tentsio handiagoa eta 1 km-ko edo gehiagoko luzera duten energia elektrikoaren transmisiorako lineak eraikitzea, oso-osorik lurzoru urbanizatuaren zorupetik igarotzen direnean izan ezik, bai eta haiekin loturiko azpiestazioak ere».

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdietara egokitzen dela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Erribera Beitian (Araba) «Beitia» instalazio fotovoltaikoa –Mirador Norte FV SLk sustatu du proiektua– jartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena ematea, eta xedatzea, espedientean jasotako txostenekin bat, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean xedatutako irizpideekin bat, proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jarri behar dela, efektu esanguratsuak izan ditzakeelako ingurumenean, jarraian aipatzen diren arrazoiak direla eta.

A) Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuaren xedea da dagozkion ezaugarri eta azpiegitura teknikoak zehaztea, eta adieraztea zer neurri hartu diren eguzki-zentral fotovoltaiko bat jartzeko, 4,668 MW-eko puntako potentzia duena bi eremutan edo «uhartetan» banatuta, bai eta energia ebakuatzeko behar diren instalazioak jartzeko ere. Instalazioak 8,42 ha-ko azalera du (azalera hesitua), eta Erribera Beitia (Araba) udalerrian dago. Ebakuaziorako linea elektrikoak lurzoru urbanizaezinean lotuko du sarera IFV, I-DE Redes Eléctricas inteligentes, S.A.U. enpresa banatzaileak udalerrian bertan lagatako konexio-puntu batean.

Energiak ebakuatzeko instalazioek honako azpiegitura hauek dituzte:

– Babes- eta neurketa-zentroa.

– Aireko-lurpeko erdi-tentsioko linea, 30 kV-ekoa: 139 m-ko aireko linea (aurrerantzean, ETAL), bi berme eta 1.466 m-ko lurpeko linea (aurrerantzean, ETLL) dituena.

– Ebaketa-zentroa, ST Mirandako 30 kV-eko Miranda - Industrial 5 eremuko 6. linearen oinetara jarriko da, 16133 (4944889) eta 16134 (4947033) zenbakidun bermeen arteko tartean.

«Beitia» IFV 7.020 modulu fotovoltaikoz osatuta dago; moduluok 665 Wp-ko Canadian Solarren CS7W modelokoak edo antzekoak dira, eta puntako potentzia 4,668 MWp-koa duen eguzki-eremu bat osatzen dute. Segidan jarritako 30 moduluz osatutako 234 katez osatuta dago instalazioa; guztira, 7.020 modulu dira, eta bi uhartetan banatuta daude. Ardatz bateko jarraigailuak dituen panel-sistema bat proposatzen da. Eguzki-panelek hartzen duten azalera 7 ha-koa da, gutxi gorabehera.

Panel fotovoltaikoek sortzen duten korronte zuzena korronte alterno bihurtzeko, aurreikusi da Sungrowren SG125HV string motako edo antzeko 32 inbertsore jarriko direla, eta, horiei esker, instalazioak 4 MW-eko potentzia izendatua izango du. Inbertsoreak zuzenean lurrean iltzatutako saretazko egituretan jarriko dira. Stringetako korronte zuzeneko kableak inbertsoreekin konektatzeko, konexio-kutxak jarriko dira.

Modulu fotovoltaikoak euskarri-egitura baten gainean jarriko dira; horretarako, eremuaren azterketa geoteknikoa egingo da, ziurtatzeko euskarria ongi iltzatuko dela lurrean, eta inklinazio egokia emango diela moduluei une bakoitzean, eguzki-jarraigailuekin. Jarraigailuek ekialde-mendebalde jarraipena egingo diote eguzkiari, ipar-hego ardatza izanik. Moduluak lurrean iltzatutako zutabeen gainean egotea proposatzen da. Egituraren gainazala babestuko da ingurumen-eragileetatik, sugarrezko galvanizazio bidez.

Transformazio-zentroa osatzen duten elementuak eraikin prefabrikatu batean kokatuko dira. Eraikina bat etorriko da MIE-RAT-14 jarraibidean xedatutakoarekin, neurriei eta segurtasun-distantziei dagokienez, bai eta zerbitzu-pasabideei dagokienez ere. 4 MVA-ko potentzia duen olio mineralezko transformadore bat izango du, hozte-sistema naturalarekin, bai eta gainerako ekipamendu beharrezkoa ere: erdi-tentsioko gelaxka, BT-ko koadro osagarria, monitorizazio-koadroa, zerbitzu osagarrien transformadorea, etab.

Gainera, ebaketa-zentro bat eraiki beharko da, sarrera eta irteera ST Mirandako 30 kV-eko Miranda - Industrial 5 eremuko 6. linean izango dituena.

Barne-bideen sare bat prestatuko da eragiketa- eta mantentze-lanak egiteko, bai eta ibilgailuei alboko instalazioetarako sarbidea emateko ere. Bide horiek inguruko material hautatuko 0,20 m-ko lodierako azpi-oinarria izango dute, behar bezala trinkotua, eta 0,20 m-ko lodierako zagorrezko errodadura-geruza.

Itxitura mota zinegetikoko hesi perimetrala izango da, hodi galvanizatuz osatua; hodiak 3 metroan behin jarriko dira, hormigoiz betetako zuloetan (50 mm-ko diametroa, 12 mm-ko lodiera eta 2,50 m-ko altuera). Bihurdura bakuneko maila galvanizatua jarriko da, 2,40 m-ko altuerakoa. 16 mm2-ko alanbrezko 4 tirante jarriko dira, dagozkien tentsore eta torlojuekin, eta hesiak 0,30 x 0,30 m-ko sarbide txikiak (katazuloak) izango ditu 50 m-an behin, inguruko animalia txikiei pasatzen uzteko. Hesiak ez du izan behar, luzera osoan, ez elementu ebakitzaile ez puntazorrotzik, ez eta maila lurrera iltzatzeko gailurik ere, zutoinez gain, eta ez du izango ehizakiei sartzen uzteko eta haien irteera zailtzeko edo eragozteko gailurik edo tranparik.

Sortutako energia 30 kV-eko erdi-tentsioko aireko-lurpeko linea elektriko baten bidez ebakuatuko da eguzki-baratzetik, enpresa banatzaileak ST Mirandako 30 kV-eko Miranda - Industrial 5 eremuko 6. linean emandako konexio-punturaino. Erdi-tentsioko linearen lurpeko zatiak 1.466 m-ko luzera izango du (A-3312 eta A-4341 errepideen gurutzatzea, izenik gabeko erreka, lehendik dagoen THAL eta Venta el Bullón Kalea), eta aireko zatiak, 139 m-koa, bi bermerekin (Baia ibaiaren gurutzatzea). Proiektuari jarraikiz, zerbitzua ez dadin eten, eta ez dadin suterik sortu adarrek edo enborrek aireko linea elektrikoaren eroaleak ukitzeagatik, ITC-LAT 07 jarraibidearen 5.12.1 apartatuarekin bat, zehazten da zortasun-eremuaren gaineko linearen proiekzioaren bi aldeetan 2,1 m-ko distantzia gordeko dela baso, zuhaitz eta zuhaitz-masekiko.

Eremu batzuetan lurrak mugitu beharko dira, baina, edonola ere, horrelako lanak ahalik eta gutxien egiteko ahalegina egingo da.

Jarduketa egiteko unean, azterketa geoteknikoa egingo da, lursailaren ezaugarriak zehazteko, eta, horrela, instalazio fotovoltaikoaren elementuak iltzatzeko edo zimendatzeko lanak modu optimoan egiteko.

Drainatze-sistema lehendik dauden fluxu-lerro nagusiak ahalik eta gehien baliatzeko moduan diseinatuko da; lerro horiek aldatu edo berrantolatu egingo dira, eta drainatze-elementu bakoitzari uren ebakuazio egokia eta optimoa bermatzeko moduko diseinua eta neurriak emango zaizkio.

Segurtasun-sistema bat instalatuko da, honakoez osatua: intrusioak hautemateko sistema bat, mikrouhin-hesiduna, eta telebista eta bideoko zirkuitu itxiko sistema bat (TBZI), zainketa-kamera finkoak izango dituena, gauez ikusteko ekipamenduarekin, instalazioen perimetroan zehar jarrita.

Azpiegiturak jartzeko lanetan, eraikuntza- eta eraispen-hondakinak sortuko dira; zehazki, lurrak eta harrizko materialak, kutsatu gabeak, hondeaketa-lanetakoak (2.527,77 m3), eta nagusiki eraikuntza-sektoreko berezko jardueretatik, eraispen-lanetatik, etxe-konponketetatik eta zerbitzuen ezarpenetik ateratakoak (121,50 m3).

Instalazioa gauzatzeko epea 4 hilabetekoa izango dela zenbatetsi da, eta aurrekontu bat aurkezten da.

Instalazioaren balio-bizitza 25 urte ingurukoa izango da.

B) Proiektuaren kokapena.

«Beitia» IFV eta haren ebakuazio-linea Celadas izeneko inguruan daude, Erribera Beitia udalerriaren (Araba) mendebaldean, udalerriko herrigune nagusia den Ribabellosako hirigunetik 1 km-era.

Eremuko ingurumen-balio garrantzitsuak dira honako hauek:

– Ebaluazio-linearen aireko zatiak (139 m) «Baia ibaia / Río Baia» KBEa ukitzen du (S2110006); Natura 2000 Sareko eremua da hori.

– Batasunaren intereseko habitatei (aurrerantzean, BIH) 2019ko kartografiari jarraikiz, ETALa «Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieen baso alubialak» lehentasunezko 91E0* BIHren gainetik eta «Salix alba eta Populus alba espezieen galeria-basoak» 92A0 BIHren gainetik igarotzen da; Baia ibaiaren eskuineko eta ezkerreko ertzetan daude horiek, hurrenez hurren. BIH horiek «Baia ibaia / Río Baia» KBEko elementuak dira. Beste alde batetik, ETLLk 91E0* Batasunaren lehentasunezko intereseko habitata gurutzatzen du, baina, kasu honetan, ez dago «Baia ibaia / Río Baia» KBEaren barruan.

– Baia ibaia ingurune urtarren eta hezeen jarraitutasun ekologikoa xede duen bilbe urdineko parte den igarobide ekologikotzat jotzen da. Zentzu horretan, ibaia bera eta bere ibaiertzak, KBEaren mugekin bat etorriz, biodibertsitate-nukleotzat jotzen dira. Kontuan izan behar da Baia ibaiaren igarobide ekologikoa KBEko elementu giltzarria dela Natura 2000 Sarearen koherentziari eta konektagarritasunari laguntzen dielako.

– Baia ibaia interes bereziko eremutzat jotzen da kudeaketa-plan onartua duten fauna-espezie mehatxatu hauentzat: bisoi europarra (Mustela lutreola), igaraba arrunta (Lutra lutra), ibai-kabuxa (Salaria fluviatilis), mazkar arantzaduna (Cobitis calderoni) eta hegoaldeko katxoa (Squalius pyrenaicus). Gainera, uhalde-enararen (Riparia riparia) banaketa-area naturaltzat jotzen da, eta horrek ere badu kudeaketa-plan bat onartuta Araban. Gainera, kontuan hartu behar da bisoi europarra eta igaraba arrunta eta martin arrantzalea (Alcedo atthis), ur-zozoa (Cinclus cinclus) eta uhalde-enara Baia ibaia KBEko elementu giltzarritzat jotzen direla.

– ETLLren bigarren zatia akuiferoak dituen interes hidrogeologikoko eremu batetik igarotzen da.

– EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialari (LPS) jarraikiz, IFVak berak zein ebaluazio-lineak balio estrategiko handiko lurzoruei eragiten diete.

– EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko LPSri jarraikiz, Baia ibaiak leheneratzeko premia duten ertzak ditu tarte horretan.

– Proiektua kokatuta dagoen eremua bat dator EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan jasotako Labore-paisaia eta Ibaiertzeko eremuen paisaia kategoriekin.

– Arabako Lurralde Historikoko paisaia berezien eta bikainen katalogoari (2005) jarraikiz, Baia ibaia «Ibaiertzeko eremuen paisaia» (50. zk.) bikain gisa katalogatuta dago, eta paper garrantzitsua du lotura ekologiko eta paisaia-lotura gisa, beste zortzi paisaia bikainekin lotuta baitago.

– IFVtik gertu, bi balizko arkeologia gune daude, Cela eta Las Celadas lekuak; azken hori IFVtik 50 metro baino gutxiagora dago.

– Ebaluazio-linearen lurpeko zatiak A-3312 errepidea gurutzatzen du, puntu horretan Donejakue Bidearekin («Barrualdeko Bidea») bat egiten duena. Zulaketa zuzendu bidez egingo da gurutzaketa.

– Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioaren «Energia berriztagarrietarako ingurumen-zonakatzea: eolikoa eta fotovoltaikoa» tresnaren arabera, proiektua sentsibilitate-balio txikiko eremuetan dago kokatuta nagusiki, Baia ibaia gurutzatzen duten linea-zatiak izan ezik; horren balioak ertainen eta maximoen artekoak dira.

– «Energia eoliko eta fotovoltaikoaren garapena eta horren bateragarritasuna EAEko natura-ondarearen kontserbazioarekin» (2022) dokumentuaren arabera, IFVren zati bat, iparraldeko eremua bereziki, ingurumen-sentsibilitate maximoko eremuan dago, Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren arabera (Balio estrategiko handiko lurzoruak). Beste alde batetik, ETALak Baia ibaia gurutzatzen du, eta hori ere sentsibilitate maximokoa da (Natura 2000 Sarea, fauna mehatxatua, igarobide ekologikoak, paisaia, etab.).

Arriskuei dagokienez, alderdi hauek nabarmendu behar dira:

– Ebaluazio-lineak zeharkatzen dituen eremu batzuetan uholde-arriskua dago. Baia ibaiaren eta ebakuazio-linearen arteko gurutzatze-eremua ES91_ARPS_AEB 05 Miranda UAHEn dago.

– Aztertutako eremuak arrisku ertaina du higadura-prozesuei dagokienez; alabaina, kontuan hartu beharko dira balizko hondoratze karstiko karbonatatuak eta irristatzeak nahiz luiziak, eta prebentzio-neurriak hartu beharko dira horrelakoak gertatzeko probabilitatea murrizteko.

– Eremuak suteekiko duen zaurgarritasuna ertaina dela jotzen da, baina komenigarria izaten da beti behar bezala planifikatutako neurriak izatea.

– Proiektuaren eremuko arrisku sismikoaren probabilitatea ertaina da.

– Proiektu honetan, gai arriskutsuen garraioa arrisku handikotzat jotzen da.

C) Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Instalazioa egitean sortutako inpaktu nagusiak honako hauekin lotuta daude: eguzki-panelak jartzeko nekazaritza-lurzorua okupatzea; eguzki-jarraigailuak iltzatzea; transformazio-zentroen, ebaketa-zentroaren eta hesi perimetralaren zutoinen oinarriak hormigoitzea; barne-bideen sarea egitea; lubakiak egitea kable elektrikoak jartzeko; eta ebaluazio-linearen aireko zatien pean landarerik gabeko zerrendak zabaltzea. Beste alde batetik, lurzatiak sarbidea du A-3312 errepidetik, lurzatiraino bertaraino iristen den bide asfaltatu baten bidez; hori horrela, bide berriak egiteak eragingo lituzkeen inpaktuak ekidingo dira.

Lurzorua okupatzearen ondoriozko inpaktua obra-fasean sortuko da, eta ustiapen-fasean ere jarraituko du, instalazioaren balio-bizitzak irauten duen artean; ingurumen-dokumentuaren arabera, 25 urtekoa izango da balio-bizitza. Inpaktua lehengoratu ahal izango da epe luzean, instalazioa desmuntatuta; izan ere, lurzoruak eragin txikia pairatuko du, eta lehengora itzuli ahal izango da, neurri zuzentzaile soil batzuk hartuta.

Nekazaritza-produktibitatearen galerari dagokionez, kontuan hartu behar da eguzki-panelak jarriko diren lurzatiak nagusiki nekazaritzakoa den eremu batean daudela, eta balio estrategiko handiko lurzoruetan, eta eremu horretan ukitutako labore motak ugariak direla. Nolanahi ere, Nekazaritza eta Basozaintzako LPSren arabera, IFV A motako zerbitzu-instalazio tekniko ez-lineala da, eta, beraz, instalazio hori nekazaritza eta abeltzaintzako eta landazabaleko zonan instalatu ahal izango da, bai «estrategikoan», Araba erdialdeko eremu funtzionalean egoteagatik, bai eta «trantsizio-paisaian» ere, baldin eta nekazaritza eta basozaintzako jardueran izango duen eragin sektoriala aztertzen bada, eta neurri zuzentzaileak hartzen badira, sektore-eragina ebaluatzeko protokoloan (SEEP) jasotako baldintzetan (aipatutako Nekazaritza eta Basozaintzako LPSren I. eranskineko D dokumentua, «Jarduketa-tresnak»). Zentzu horretan, Arabako Foru Aldundiaren Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Sailaren Nekazaritza Garapeneko Zuzendaritzak txostena eman du, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua betez ukitutako administrazio publikoei egindako kontsulten esparruan. Bada, txosten horretan, eranskin gisa jaso du azterketa hori, eta ondorioztatu du proiektu honek eragindako inpaktua bateragarritzat jotzen dela Nekazaritza eta Basozaintzako LPSn xedatutakoarekin.

Beste alde batetik, azpimarratu behar da, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak argitaratutako energia eolikoaren eta fotovoltaikoaren ingurumen-zonakatzearen proposamenari jarraikiz, IFVren zatirik handiena energia fotovoltaikoko instalazioak jartzeko sentsibilitate maximokotzat jotako leku batean dagoela, Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren arabera (Balio estrategiko handiko lurzoruak).

Gainera, espedientean jasota dago Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren txostena, eta hor eskatzen da zabaldu dadila aukeren azterketa, eta azter daitezela lurzoru urbanizaezinetik edo degradatuetatik kanpoko kokapenak, proiektuak ez dezan eragin nekazaritza-lurzoruetan, eta, bereziki, balio estrategiko handikoetan eta ureztatze-eremuetan.

Faunari dagokionez, Erribera Beitiako udalerrian nekazaritzarako erabiltzen den azalera osoa kontuan hartuta, okupatutako azalera txikia da; beraz, zereal-soroak elikatzeko eta bizitzeko erabiltzen dituen faunaren gaineko inpaktua ez da handia izango. Hesi perimetrala, ingurumen-dokumentuko neurri zuzentzaileei jarraikiz, hesi zinegetikoa izango da; sare-begiaren neurria 30 x 30 cm-koa izango da beheko aldean, ez du ez zokalorik ez loturarik izango lurrarekin lotzeko, eta lurretik 20-30 bat zentimetrora geldituko da, eta, gainera, ez da bihurdura bakuneko edo oilategi motako mailarik erabiliko, ez eta txarrantxarik edo bestelako elementu ebakitzailerik ere. Horregatik guztiagatik, ez da aurreikusten hesiak efekturik izango duenik eremuko konektagarritasun ekologikoan, ez delako oztopo izango lurreko faunarentzat.

Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenari eta Arabako Foru Aldundiaren Museo eta Arkeologia Zerbitzuaren txostenari jarraikiz, IFVk Las Celadas (33. zk.) balizko arkeologia gunea ukitzen du; hori horrela, azterketa arkeologikoa egin beharko da, zundaketa sistematikoekin –Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak baimendu beharko du–, eragin posibleak aztertzeko, eta, ateratako emaitzen arabera, erabakitzeko zer neurri zuzentzaile aplikatu behar diren ondareari kalterik ez eragiteko. Gerta daiteke, proiektuan proposatutako instalazioaren mugak edo kokapena aldatu beharra izatea ere.

Bestalde, ETLLk Donejakue Bidea zeharkatzen du; alabaina, ez da aurreikusten jarduketa horrek Bidean eraginik izango duenik, zulaketa zuzendu bidez gurutzatuko baita bidea. Edonola ere, dagozkion neurriak hartu beharko dira erromesen joan-etorrietan eraginik ez izateko.

Ebakuazio-linea egiteko lanen inpaktu potentzialei dagokienez, eta, zehazki, 1. eta 2. bermeak instalatzeko, kableak botatzeko, aireko zatiaren pean zuhaitzik gabeko zerrenda egiteko eta lurpeko zatirako lubakiak hondeatzeko lanen inpaktuei dagokienez, esan behar da eraginak izan ditzaketela Baia ibaia KBEn, eta, zehazki, Batasunaren intereseko habitatetan (91E0* eta 92A0), fauna mehatxatuarentzako interes bereziko eremuetan (bisoi europarra, igaraba arrunta, ibai-kabuxa, hegoaldeko katxoa eta mazkar arantzaduna), uhalde-enararen banaketa-area naturalean, eta, azkenik, Baia ibaiaren eta haren ertzen paisaia-balioan. Zentzu horretan, ingurumen-dokumentuaren I. eranskinean aztertzen da zer inpaktu izango lukeen ebakuazio-linearen 1. aukerak Natura Sarean, baina ingurumen-dokumentuaren gehigarrian (2023ko maiatza) ez da egin azkenean ebakuazio-linearako hautatutako aukerak (4. aukera) KBEn eta haren elementu giltzarrietan izan ditzakeen inpaktuei buruzko azterketa sakonik. Ez da zehazten zer landaredi-azalerari eta zer BIHri (2019ko kartografiaren arabera) eragingo dien zuhaitz-ebaketak eta/edo -inausketak, ez dira identifikatzen ebaketak edo inausketak egingo diren eremuak, ez da aztertzen zer bateragarritasun duen jarduketak eremu babestuan ezarritako erabilera-araudiarekin (martxoaren 17ko 34/2015 Dekretua, ingurune hidrikoari lotuta dauden kontserbazio bereziko eremuetarako (KBE) eta hegaztien babes bereziko eremuetarako (BBE) arau orokorrak onartzen dituena).

Eguzki-instalazio fotovoltaikoak sortuko duen paisaia-inpaktuari dagokionez, ingurumen-dokumentuak ondorioztatzen du inpaktua minimoa izango dela, bai inguruan dagoen txandakatze-mailagatik, bai eta IFVren tamainagatik ere. Inpaktu ertaintzat jotzen du, neurri zuzentzaileak jartzeko beharragatik; zehazki, hesiaren alboan jarriko den zuhaixka-pantaila, instalazioak paisaian integratzen lagunduko duelako, eta horien ikusgarritasuna mugatuko duelako partzialki. Alabaina, kontuan izan behar da ebakuazio-linearen aireko zatiak Baia ibaia gurutzatzen duela, eta, lehen esan dugun eran, hori paisaia bikain gisa katalogatuta dagoela.

Alderdi horiei dagokienez, espedientean jasota dago Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen Jasangarritasunaren Zerbitzuaren txostena, eta, horren arabera, ebakuazio-linearen aireko zatia jartzeko, Baia ibaia gurutzatzen duena, ibaiertzeko landaredia ebaki beharko da, eta, ondorioz, uste da linea elektrikoaren zati hori jartzeko jarduketak inpaktu larri-kritikoak izango dituela naturagune babestuko kontserbatu beharreko elementuetan (ibaiaren igarobide ekologikoa, Batasunaren lehentasunezko intereseko habitatak eta fauna). Horregatik guztiagatik, eskatzen dute azter daitezela beste aukera batzuk, lehentasunezko intereseko habitat gisa katalogatutako eremu bat gurutzatu eta zortasun-zerrenda bat sortu beharrik ez izateko. Beste alde batetik, uste da linea elektrikoaren aireko zatiak inpaktu larria izango duela paisaian («Ibaiertzeko eremuen paisaia» paisaia bikain gisa katalogatua).

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren txostenak dio IFV onargarria izan litekeela ondare naturalean izango dituen inpaktuen ikuspegitik, baina azpimarratzen du Baia ibaiaren ibaiertzeko basoan esku hartzea beharrezkoa bada, konformazio-inausketak bakarrik egin ahal izango direla, eta zuhaitz-ebaketek guztiz baztertuta gelditu behar dutela. Antzekoa diote beren txostenetan Uraren Euskal Agentziak eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak; adierazten dute dagoen ibaiertzeko landaredia errespetatu behar dela, eta bermatu behar dela ez zaiola eragingo, ibaiertzeko ibai-eremuen kalitatea eta kontserbazio-egoera zaintze aldera.

Gainera, lanak egitean gerta daitezkeen balizko inpaktuen artean, kontuan hartu behar dira giza osasunaren eta atseden publikoaren gaineko zuzeneko edo zeharkako eragina; hauts gehiago harrotuko da, soinu-maila igoko da, eta beste zenbait eragozpen sortuko dira bizitoki diren lekuetan. Ildo horretatik, kontuan hartu behar da IFV Ribabellosa udalerriaren hirigunetik 1 km-ra dagoela, eta ebakuazio-linea, berriz, 400 m-ra, punturik hurbilenean.

Instalazioaren obren eta funtzionamenduaren ondorioz, hondakinak sortuko dira eta lurzoruak nahiz ingurune hidrologikoa kutsatzeko arriskua egongo da, istripuzko isurien edo hondakin-kudeaketa okerraren eraginez.

Azkenik, halako instalazio batek beste energia-aukera batzuen aldean sortzen duen eragin positiboa baloratzen da.

Bigarrena.– Aipatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismenari buruzko dokumentua prestatzea, ebazpen honen eranskinean adierazten den moduan.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Arabako Industriako Lurralde Ordezkaritzari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 19a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.

ERANSKINA

Irismen-dokumentua: ingurumen-inpaktuaren azterketaren zabalera, xehetasun-maila eta zehaztasun-maila.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araudiaren arabera, ingurumen-inpaktuaren azterketak bete egin beharko ditu, gutxieneko edukiei eta egiturari dagokienez, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 35. artikuluan eta VI. eranskinean xedatzen dituenak.

Aurrekoari jarraikiz, garatzen diren atalek eskema metodologiko honi erantzun behar diote:

1.– Proiektuaren deskribapen orokorra eta lurzoruak eta beste natura-baliabide batzuek etorkizunean izango duten erabileraren aurreikuspena. Sortuko diren hondakin mota eta kopuruen, material-isurien eta -emisioen eta energiaren zenbatespena.

2.– Aztertutako aukera nagusiak azaltzea, zero aukera barnean hartuta (proiekturik ez egitea, alegia), eta hartutako irtenbidearen alde egiteko arrazoi nagusiak justifikatzea, proiektuak eragindako ingurumenaren gaineko ondorioak kontuan hartuta.

3.– Ingurumen-inbentarioa eta elkarreragin ekologiko edo ingurumen-elkarreragin garrantzitsuenen deskribapena.

4.– Inpaktua identifikatzea, kuantifikatzea eta neurtzea: ebaluatuko da ea zer-nolako eragina izan dezakeen proiektuak, zuzenean nahiz zeharka, biztanlerian, giza osasunean, floran, faunan, biodibertsitatean, geodibertsitatean, lurzoruan, zorupean, airean, uretan, faktore klimatikoetan, klima-aldaketan, paisaian eta ondasun materialean (ondare historiko-artistikoa eta arkeologikoa barne), ingurumenaren gaineko ondorioak kontuan hartuta. Halaber, arreta jarriko zaio faktore guztien arteko interakzioari, proiektua egikaritu, ustiatu eta, hala badagokio, eraitsi edo bertan behera uzteko fase guztietan gertatuko denari.

Proiektuak Natura 2000 Sareko naturaguneetan izango dituen ondorioen ebaluazioa, leku bakoitzeko kontserbazio-helburuak kontuan hartuta. Proiektuak naturagunean izango dituen inpaktuak, Natura 2000 Sareko prebentzio-, zuzentze- eta konpentsazio-neurriak eta horien jarraipena jasoko dira.

5.– Proiektuaren kalteberatasuna. Istripu larri edo hondamendi garrantzitsuren bat gertatzeko arriskuarekiko kaltebera izatearen ondorioz proiektuak ingurumenean sor ditzakeen kontrako efektu esanguratsuen deskribapena.

6.– Ingurumenean eragiten diren ondorio kaltegarriak prebenitu, zuzendu, eta, hala badagokio, konpentsatzeko aurreikusi diren neurriak.

7.– Ingurumena zaintzeko programa.

8.– Azterlanaren laburpena eta ondorioak, erraz ulertzeko moduan. Azterketa egitean izandako informazio- edo teknika-zailtasunen txostena, zailtasunik izan bada.

Proposatzen diren jarduketen eta ziurrenik kalteak jasango dituen ingurunearen ezaugarriak direla eta, eta egindako kontsulten emaitzak ikusita, ingurumen-inpaktuaren azterketan aipatutako atalak garatu beharko dira, ondoren adierazitako hedadurarekin eta xehetasun-mailarekin.

1.– Proiektuaren deskribapena eta proiektuko ekintzak.

Ingurumen-inpaktuaren azterlanak xehetasun-maila nahikoa duen proiektuaren deskribapena izan behar du barne, baita denborarekin aurreikus daitezkeen beharren azalpena ere, lurzoruaren eta bestelako baliabide naturalen erabilerari dagokionez. Halaber, jardueren ondorioz sortuko diren energia kopuruak eta materia-hondakin, -isurketa eta -emisioen motak eta kopuruak zenbatetsi behar ditu, eta, zehazki, ingurumen-baldintzetan ondorio esanguratsuak izan ditzaketen ekintzak identifikatu behar ditu, egikaritze-fasea eta funtzionamendu-fasearen azterketa xehatuaren bitartez.

Ingurumen-inpakturen bat izan dezaketen proiektuko ekintza guztiak identifikatu behar dira, babes- eta zuzenketa-neurri egokienak hartzen direla bermatzeko.

Saihestu eta zuzendu nahi diren kalteak, bai proiektuak proposatutako jarduketatik beretik, bai berezkoak zaizkion jarduera osagarri guztietatik etor daitezke, besteak beste, honako hauetatik: lehengo sarbideak egokitzetik, eta obrarako instalazio lagungarrietarako eta erabiliko diren materialak edo makinak metatzeko eremu lagungarrien kokapen eta erabileragatik.

Jarduketa horiek guztiak xehetasun-maila nahikoarekin definitu beharko dira, proiektua gauzatzeak ingurumenean izan litzakeen ondorioak kalkulatzeko eta prebentzio- eta zuzenketa-neurri egokiak diseinatu ahal izateko, hartara hautemandako ingurumen-eraginak modu eraginkorrean murriztu, desagerrarazi edo konpentsatzen direla bermatuta.

Aurrekoa kontuan hartuz, eta ebaluatzen ari den proiektuaren ezaugarriak ikusita, besteak beste, honako alderdi hauek azaldu beharko dira xehetasunez:

Eraikitze-faserako:

– Proiektuaren eragin-eremuaren kokapena eta mugaketa: instalazio fotovoltaikoak (aurrerantzean, IFV) hartzen duen eremua, eragindako «uharte» bakoitzaren azalera bereizita, eta transformazio-zentroak eta ebaketa-zentroak hartzen dutena; ebakuazio-linearen okupazio- eta zortasun-zerrendak, aireko zein lurpeko zatienak; lanak egiten diren bitartean instalazio osagarrietarako okupatuko den eremua, metatze-eremua, sarbideak eta ebakuazio elektrikorako linea egiteko aldi baterako okupazioa, etab.

– Ebaketak, sasi-garbitzeak eta inausketak egiteko aplikatu beharreko metodologiaren deskribapena, horietako bakoitzaren eraginpean dauden gainazalak bereizita, bereziki ebakuaziorako linea elektrikoa egiteko beharko direnak.

– IFVren eta ebakuaziorako linea elektrikoaren ezaugarriak eta instalazioak. IFV mugatzeko proposatutako hesiaren deskribapena barne.

– Sarbideak: obretara sartzeko aurreikusitako bideen xehetasunak, lehendik daudenak edo berriak izan, aldi baterako edo behin betiko izan.

– Lur-mugimenduak, IFV ezartzeko behar direnak eta ebakuaziorako linea elektrikoa ezartzeko behar direnak bereizita. Lurren balantzea: zenbatetsitako soberakin-kantitatea, proiektuan bertan erabili ahal izango diren soberakinen bolumena eta soberakinen xedea, hala badagokio.

– IFVren drainatze-sistema eta ebakuazio-puntua. Kontuan izan behar da drainatze-sareak hustubide naturaletara kanalizatu behar duela inguruko jariatze-ura, eta sistema efizienteenak izan behar direla euri-urak bildu eta husteko, barrutia zeharkatzen duten jariatze-urek ez ditzaten kutsagarriak (lixibiatuak) arrastatu. Instalazioaren drainatzea baliatzeko aukera, faunarentzako babes gisa balioko duen urmael bat sortzeko.

– Obrako instalazio osagarrien eta materialak metatzeko eremuen kokapena eta zehaztapena.

– Hondakinak: aurreikusitako hondakinak, horiek metatzeko eremuak eta horien kudeaketa. Hala badagokio, zehaztuko da nola erretiratuko diren ebakuazio-linea elektrikorako behar den kalea egitean sortutako landare-hondakinak.

– Obrarako beharko diren erregaien eta produktu kimikoen kantitatea eta jatorria, bai eta horiek biltegiratzeko elementuen edukiera eta kokapena ere.

– Obrarako aurreikusitako makineria.

– Zerbitzu-zuzkidura: ur-hornidura, telefonia, argiteria, etab.

– Obren aurreikusitako iraunaldia eta obra-plana (faseetako bakoitzaren zenbatetsitako iraunaldia, halakorik balego).

– Ebakuazio-linea elektrikoaren zortasun-zerrendako erabilera bateragarriak, aireko zein lurpeko tarteetakoak. Zortasun-zerrendan egin beharreko mantentze-lanen deskribapen xehatua.

Funtzionamendu-faserako:

– Instalazioaren aurreikusitako ekoizpena (GWh/urte).

– Panel fotovoltaikoen errendimendua denboran zehar. Ordezteko beharra, hala badagokio.

– Instalazioa ustiatzeko eta mantentzeko behar diren erregaiak eta produktu kimikoak, bai eta horiek biltegiratzeko elementuen edukiera eta kokapena ere.

– Beharko den uraren jatorria eta bolumena, hala badagokio, instalazioaren ustiapen-fasean zehar.

– Instalazioko eta azpiestazio elektrikoetako elementuen gaueko argiztapen- edo seinaleztapen-sistema.

– Obrarako aurreikusitako makineria.

Apartatu honetako informazioarekin batera, proiektuaren eskalako planoak aurkeztuko dira, edukia hobeki ulertu dadin. Proiektuaren ezaugarriei buruzko bestelako informazio grafiko posibleaz gain, honako plano hauek aurkeztu beharko dira:

– Linea elektrikoaren trazadura. Zortasun-eremua.

– IFVren drainatze-sistema.

– Gune osagarrien eta sarbideen kokapena.

Proiektua deskribatzeko informazio grafikoa pdf geoerreferentziatu formatuan eta shape formatuan aurkeztuko da. Azken horrek geruza bereizietan jasoko ditu elementuak (panel fotovoltaikoak, linea elektrikoak, lubakiak, ebaketa-zentroa, transformazio-zentroa, drainatze-sarea, eremu lagungarriak eta metaketa-eremuak eta bideak).

2.– Aukeren azterketa eta hartutako irtenbidearen justifikazioa.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak barne hartu behar du ingurumenerako egokien diren hautabide teknikoki bideragarrien azterketa, eta horien konparaziozko balorazioa egin behar du, zero hautabidea edo ez jardutekoa barne.

IFVrako zein linea elektrikorako, proposatutako irtenbidea justifikatu beharko da, eta jarduketen dimentsioari eta hedadurari ez ezik, aipamena egin beharko zaie dauden soluzio tekniko guztiei ere.

Aukerarik onena hautatzeko, askotariko irizpideak jasotzen dituen azterketa global bat egingo da, alderdi ekonomikoak ez ezik, gizarte- eta ingurumen-alorrak ere aintzat hartuta.

Aukerak baloratzeko prozesu horretan, kontuan hartuko da, gutxienez, zer inpaktu izango dituen aukera bakoitzak Batasunaren intereseko eta fauna mehatxatuaren habitatetan, naturagune babestuetan, kultura-ondarean eta balio estrategiko handiko lurretan.

Azterlanak zenbait irtenbide proposatu behar ditu, hala teknikoak nola eraikuntzakoak, ingurunearen osagai baliotsuenen gaineko eragina minimizatzeko; hau da, funtsean, proiektuaren garapen-eremuan dagoen landaredi naturalaren, mehatxupeko faunaren, kultura ondarearen eta balio estrategiko handiko lurren gainekoa.

Ildo horretatik, IFV lurzoru urbanizaezinetik edo degradatuetatik kanpo jartzeko kokapen posibleak aztertu beharko dira, proiektuak ez dezan eragin nekazaritza-lurzoruetan, eta, bereziki, balio estrategiko handikoetan, ureztatze-eremuetan eta horiekin lotuta dauden nekazaritza-ustiategietan.

Ebakuazio-linea elektrikoaren trazadurari dagokionez, «Baia ibaia / Río Baia» Kontserbazio Bereziko Eremuko (ES2110006) (aurrerantzean, Baia ibaia KBE) ibaiertzeko landarediari eragiten ez dioten aukerak aztertu beharko dira, lehendik dauden bideak edo errepideak baliatuz ibaia gurutzatzea ekiditen dutenak edo lurpeko irtenbideak proposatzen dituztenak, inpakturik eragiten ez dutenak Natura 2000 Sarean, Batasunaren lehentasunezko intereseko habitatetan, bikain gisa katalogatutako paisaietan eta bisoi europarrarentzat eta igaraba arruntarentzat, besteak beste, interes berezikotzat jotako ibai-tartean.

Uraren Euskal Agentziaren 2023ko uztailaren 18ko txostenarekin bat –espedientean jasota dago–, azkenean hautatzen den aukerak aireko zatiak baditu, zenbait aukera aztertu beharko dira, bermeak ez daitezen proiektatu ibaiaren lehentasunezko fluxu-eremuan.

Atala bukatzeko, hautatutako aukera justifikatu beharko da, eta, nolanahi ere, bermatu egin beharko da hautatutako soluzioa teknikoki eta ingurumenari dagokionez bideragarria dela, eta ingurumenaren ondare- eta ingurumen-osagaiei ahal bezain kalte txikiena eragiteko ahalegina egin beharko da.

3.– Ingurumen-inbentarioa eta elkarreragin ekologiko edo ingurumen-elkarreragin garrantzitsuenen deskribapena.

Atal honetan, eremua deskribatuko da, osagai baliotsuenak eta proiektuko ekintzen eragina gehien jasan dezaketenak nabarmenduta. Abenduaren 9ko 21/2013 Legearekin bat etorriz, jarduera egin aurretik lekuaren egoera eta ingurumen-baldintzak aztertuko dituen txostena ere izan behar du, baita oraingo ingurumen-egoera eta ebaluatzen den proiektutik eratorritako jarduketaren ondoriozko egoera konparatzeko azterlan bat ere.

Ingurumen-inbentarioa atalez atal baloratuko da. Balorazio horretan, elementuen garrantzi erlatiboa aztertuko da erreferentzia-esparru baten barnean (tokiko mailan, eskualdekoan eta abar).

Kasu guztietan, datuak eskuratzeko iturri dokumentalak adieraziko dira, material bibliografikoak izan edo norberak prestatuak edo bestelakoak.

Orokorrean, ingurumen-inbentarioaren azalpena modu laburrean egingo da, ingurumen-inpaktuaren azterketaren ikuspuntutik ekarpenik egiten ez duten azalpen orokorrak ekidinez, eta proiektuak ingurumenean izan litzakeen eraginak ulertzeko behar dena kontuan hartuz.

Jarduketa-eremuaren ingurumen-inbentarioaren alderdi garrantzitsuenen irudi kartografikoak lortu beharko dira, hala eskala orokorrean nola xehatuan, eta kasuan-kasuan erabili den eskala adierazi beharko da.

Ezertan eragotzi gabe aurretik esandakoa, proiektuaren eragin-eremuaren ezaugarriak ikusita, ingurumen-inbentarioak alderdi hauek jorratuko ditu:

Eremu horretan dauden biozenosien eta ekosistemen deskribapena.

Atal horretan, eraginpeko komunitateak identifikatu, eta honako hauek adieraziko dira: kontserbazio-maila, egiturazko konplexutasuna, espezie bereizgarri, enblematiko edo adierazgarriak, etab. Kontuan hartuko da, bereziki, Batasunaren intereseko habitatak eta espezie mehatxatuak dauden, eskualde-mailan, Espainia mailan, Europa mailan nahiz nazioartekoan.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak xehetasunez zehaztuko ditu, azterketa zehatz baten bidez, proiektuaren jarduketen eragina pairatu dezakeen Batasunaren intereseko habitat bakoitzaren eta landaredi autoktonoaren masen azalera, haien osaera, kontserbazio-egoera eta balio ekologikoa.

Halaber, ingurumen-inpaktuaren azterlanak kontuan hartu behar du mehatxatutako espezieentzat interesekoak diren guneak egon daitezkeela (ugaltze-, babes- eta elikatze-tokiak), bereziki Baia ibaia KBE kudeatzeko funtsezko elementu direnentzat.

Proiektuaren eremuan, nabarmentzekoa da Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren (habitat naturala eta basa fauna eta flora babesteari buruzkoa) 1. eranskinean sartutako interes bereziko zenbait habitat daudela, kasu batzuetan lehentasunezkoak, eta, hain zuzen, habitat horiek kontserbatzeko izendatutako EAEko Natura 2000 Sareak barne hartutako eremuetan sartutakoak.

Zentzu horretan, kontuan hartuko dira Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren 2023ko uztailaren 10eko txostenean eta Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen Jasangarritasunaren Zerbitzuaren 2023ko abuztuaren 8ko txostenean adierazitako oharrak.

Inpaktua behar bezala ebaluatzeko eta neurri babesgarri eta zuzentzaile egokiak ezartzeko, kartografia xehean zehaztu beharko dira Batasunaren intereseko eremuen banaketa, bertako baso-komunitateak eta mehatxatutako espezieentzat interes berezikoak diren guneak, proiektuaren eraginpeko eremuan, sarbideak barne hala badagokio.

Igarobide ekologikoak. Habitaten konektagarritasuna/zatiketa.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak lurraldearen konektagarritasun ekologikoa aztertu beharko du. Kontuan hartu behar da Baia ibaia ingurune urtarren eta hezeen jarraitutasun ekologikoa bilatzen duen bilbe urdineko parte den igarobide ekologikotzat jotzen dela. Zentzu horretan, ibaia bera eta bere ibaiertzak, KBEaren mugekin bat etorriz, biodibertsitate-nukleotzat jotzen dira. Gainera, kontuan izan behar da Baia ibaiaren igarobide ekologikoa KBEko elementu giltzarria dela Natura 2000 Sarearen koherentziari eta konektagarritasunari laguntzen dielako.

Geologia eta geomorfologia.

Proiektuaren eraginpeko eremuaren ezaugarri geologikoak eta geomorfologikoak. Baldintzatzaile geoteknikoak. Interes geologiko/geomorfologikoa duten leku, eremu eta ibilbideen identifikazioa.

Edafologia.

Ahalmen agrologiko handia duten lurzoruak identifikatuko dira, bai eta EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialean balio estrategiko handikotzat jotakoak ere.

Lurrazaleko eta lurpeko hidrologia.

– Akuiferoen kalteberatasuna. Kalteberatasun handiko eremuen, interes hidrogeologikoko eremuen, karga-eremuen, iturburuen, hustubideen eta abarren identifikazioa, halakorik balego, eta eremu horien eta proiektuaren arteko lotura. Orobat, lurpeko uren kalitateari buruzko datuak emango dira.

– Ur Sarearen ezaugarriak. Aldi baterako ur-ibilguen eta ur-ibilgu iraunkorren eta instalazioko elementuen arteko elkarreragina zehaztuko da, bereziki, proiektuaren eragin-eremuaren uholde-arriskuari dagokionez, ebakuazio-linea barne.

Paisaia.

Eremuaren paisaia-deskribapena egiteko, honako alderi hauek hartuko dira kontuan:

– Kalitatea. Kontuan hartu behar da, Arabako Lurralde Historikoko paisaia berezien eta bikainen katalogoari (2005) jarraikiz, Baia ibaia «Ibaiertzeko eremuen paisaia» bikain gisa katalogatuta dagoela.

– Kalteberatasuna.

– Jarduketaren ikusgarritasuna ikuseremuaren zenbait gunetatik, paisaiaren kalitate handiena dutenak eta jendearen bisita gehien jasotzen dituztenak lehenetsita.

Ondare historikoa, artistikoa eta kulturala.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak kontuan hartu behar du proiektuaren eragin-eremuan dauden kultura-ondasunen gaineko balizko eragina. Ondasun horiek identifikatzeko, kontuan hartuko dira Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak (2023ko uztaila) eta Arabako Foru Aldundiaren Museo eta Arkeologia Zerbitzuak (2023-07-31) eta Historia eta Arkitektura Ondarearen Zerbitzuak (2023-07-27) kontsulta-izapidean emandako txostenetan jasotako oharrak.

Zentzu horretan, gomendatzen da ingurumen-inpaktuaren azterketak jaso dezala Las Celadas balizko arkeologia gunearen azterketa arkeologikoa, hala eskatu baitute bai Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, bai Arabako Foru Aldundiaren Museo eta Arkeologia Zerbitzuak, behar bezala aztertzeko proiektuak ondare arkeologikoan izan dezakeen inpaktua, eta prebentzio-, zuzenketa- eta/edo konpentsazio-neurri egokiak ezartzeko, inpaktu hori ekidite edo minimizatze aldera. Zentzu horretan, gomendatzen dugu zundaketa arkeologiko –eskuzkoak zein mekanikoak– sistematikoak gauzatzea; lan horiek obren eragina jasango duen inpaktu arkeologikoko eremuaren heren bat hartu beharko dute, gutxienez. Edonola ere, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak baimendu beharko du azterketa.

Energia berriztagarrien ezarpen-eremuaren sentsibilitatea.

Kontuan hartuko da «Energia eoliko eta fotovoltaikoaren garapena eta horren bateragarritasuna EAEko natura-ondarearen kontserbazioarekin» (2022) dokumentuan egindako ingurumen-zonakatzearen proposamena, eremuak energia fotovoltaikoa sortzeko instalazioen ezarpenaren sentsibilitateari buruz egindakoa.

Dokumentazio grafikoa.

Atal honetan, irudikapen kartografikoak sartu beharko dira (pdf formatuan eta geoerreferentziatuta; alegia, pdf-ek eremuaren koordenatuak jaso beharko dituzte, UTM30N ETRS89 erreferentzia-sistema ofizialean), bai eskala orokorrean bai xehetasunezkoan, jarduketa-eremuko ingurumen-inbentarioko alderdi garrantzitsuenen ingurukoak, kasu bakoitzean erabilitako eskala adierazita. Besteak beste, proiektuaren eragin-eremuan dauden honako elementu hauen planoak jasoko dira: Natura 2000 Sareko lekuen mugaketa kartografikoa, Batasunaren intereseko habitatak, intereseko faunarentzako garrantzitsuak diren eremuak, hidrologia, jabari publiko hidraulikoaren eta haren babes-eremuen mugaketa, uholde-arriskua (lehentasunezko fluxugunearen mugaketa barne), balio estrategiko handiko lurzoruak eta kultura-ondareko elementuen mugaketa.

Halaber, sintesi-kartografia bat prestatuko da, ingurumen-inbentarioko elementu nabarmenenak jasoko dituena.

4.– Inpaktuen identifikazioa eta balorazioa.

Inpaktuen identifikazioa, kuantifikazioa eta balorazioa ingurumen-inbentarioaren elementuen eta inpaktuak sor ditzaketen proiektuko ekintzen arteko interakziotik sortuko dira. Kaltearen garrantzia zenbatesteko, kontuan hartu behar dira proiektuak zuzenean nahiz zeharka eragingo dien baliabideen kalitatea eta kantitatea. Obra-fasean eta funtzionamendu-fasean eragindako inpaktuak bereiziko dira.

Inpaktuen identifikazioa eta balorazioa ongi arrazoitu beharko da kasu bakoitzean, eta, horretarako, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen VI. eranskinean adierazitako terminologia erabiliko da. Kasu honetan, funtsean, egungo egoera eta etorkizunekoa konparatuko dira, zuzenketa-neurriak kontuan hartuta.

Ingurumen-inpaktuak baloratzeko erabilitako zenbateste-prozesuak eta metodologiak aipatuko dira. Erabilitako adierazle edo parametroak aipatuko dira, ahal den heinean oro har onartutako arauak edo azterketa teknikoak erabiliz, inpaktu mota bakoitzaren arabera muga-balioak edo gida-balioak ezartzeko.

Inpaktuen balorazioak kontuan hartuko ditu proiektutik eratorritako jarduketa guztiak, ebakuazio-linea elektrikoa egitearekin lotutakoak barne, bai eta, hala badagokio, aldi baterako sarbideak, instalazio osagarriak, hondakinen bilketa eta abar gauzatzearekin lotutakoak ere.

Bereziki, eta beste batzuk alde batera utzi gabe, proiektuaren eta eragindako ingurunearen ezaugarriak kontuan hartuta, ingurumen-inpaktuaren azterketak bereziki baloratu beharko ditu honako hauekin lotutako ingurumen-inpaktuak: nekazaritza-lurzorua okupatzearekin lotutakoak; natura-baliabideei erasan diezaieketenak, Batasunaren intereseko habitatei edo bertako landaredi naturalari eragiten dietelako; intereseko fauna-espezieei eragiten dietenak, espezie horietako populazioei edo aleei, haien umatze-tokiei edo egontokiei eragozpenak eragiten dizkietelako eta linea elektrikoarekin talka egiteko arriskuarekin lotutakoak; bai eta ibaiaren pasabide ekologikoarekin lotutakoak ere. Garrantzitsua iruditzen zaigu, baita ere, aztertzea kultura-ondarearen gaineko inpaktuak, balizko arkeologia gune bati eragin diezaioketenak, eta paisaiaren gainekoak, paisaia bikain bati eragiteagatik.

Eragindako gainazalak habitat motaren arabera identifikatu eta kuantifikatuko dira, Baia ibaia KBEan sartuta badaude eta Batasunaren intereseko habitatak badira. Soiltze-lanen, ebaketen eta/edo inausketen eraginak jasaten dituztenak bereiziko dira.

Baia ibaia KBEn kokatutako jarduketen kasuan, aurreikusitako jarduketen (inausketak eta/edo ebaketak) eta eraginpean geratzen diren habitaten kartografia xehatua erantsiko da, eta, hala badagokio, Batasunaren intereseko habitatak identifikatuko dira.

Las Celadas balizko arkeologia gunearen azterketa arkeologikoaren emaitzei jarraikiz, ondare arkeologikoaren gaineko inpaktua aztertuko da.

Paisaia-inpaktuari dagokionez, xehetasun bereziz ebaluatuko da IFVren eta linea elektrikoaren eragin bisuala, eta, hala badagokio, zuhaitzik gabeko zerrendarena; egungo egoera proiektua egin ostean egongo den etorkizuneko egoerarekin alderatuko da. Kontuan hartuko dira, besteak beste, jarduketaren kalitatea, kalteberatasuna eta ikusgaitasuna, ikuseremuaren zenbait gunetatik, ibilienak eta paisaiaren kalitate handiena dutenak lehenetsita, eta gaur egungo egoera eta etorkizunekoa konparatuz. Hori horrela, kontuan hartuko da, bereziki, linea elektrikoaren aldaketak Baia ibaia KBEn izango duen eragina.

5.– Natura 2000 Sareko espazioen gaineko eragina.

Ingurumen-inpaktuaren azterlanari buruzko Legearen (21/2013, abenduaren 9koa) 35. artikuluak adierazten duen eran, berariazko atal bat sartuko da proiektuak bere eraginpeko eremuan dauden Natura 2000 Sareko Baia ibaia KBEko (ES2110006) guneetan izango dituen eraginei buruz, eremu horien kontserbazio-helburuak kontuan hartuta. Batasunaren intereseko habitatetan zuzenean nahiz zeharka eragindako inpaktuak zehaztu eta ebaluatuko dira, eta arreta berezia jarriko zaie espazio horietako lehentasunezko habitatei eta eremu horien kudeaketarako funtsezkoak diren elementuei; horretarako, proiektatutako jarduketa bakoitzaren eraginpean gera daitekeen gainazalaren inguruko azterlan xehatua egingo da: mehatxupeko fauna-espezieen gainekoa eta Natura 2000 Sarearen koherentzia gordetzen laguntzen duten inguruneko beste baliabide batzuen gainekoa –besteak beste, ibaiaren pasabide ekologikoa–.

Zehazki, Baia ibaia KBEn, Batasunaren intereseko habitaten –91E0* eta 92A0 barne– ukitutako azalerei buruzko datuak eman beharko dira, ebaketak edo inausketak egingo diren eremuak identifikatuta; eta ibai-sisteman eta horrekin lotutako faunarengan (bisoi europarra, igaraba arrunta, ibaietako abifauna eta iktiofauna (ibai-kabuxa, hegoaldeko katxoa eta mazkar arantzaduna)) eragingo den inpaktua baloratu beharko da. Aztertu beharko da ea jarduketa bateragarria den eremu babestuko erabileren arauketarekin, eta, zehazki, 34/2015 Dekretuan xedatutako (34/2015 Dekretua, martxoaren 17koa, ingurune hidrikoari lotuta dauden kontserbazio bereziko eremuetarako (KBE) eta hegaztien babes bereziko eremuetarako (BBE) arau orokorrak onartzen dituena) 7.D.1 Jarraibidearekin eta 7.R.1-tik 7.R.4-ra bitarteko arauekin –azpiegiturei buruzkoak dira–.

Azterketa hori gauzatzeko, interesgarria izan daiteke honako dokumentu hau kontsultatzea: «Biodibertsitatearen eta Natura Ingurunearen Zuzendariordetza Nagusiak erabilitako irizpideak, Natura 2000 Sareko guneen osotasunari egindako kaltea zehazteko, Batasunaren intereseko habitatei erasateagatik» (https://www.miteco.gob.es/es/biodiversidad/temas/espacios-protegidos/criteriossgbymnperjuiciohabitats_tcm30-481533.pdf).

Natura 2000 Sarearen osotasunari kalte egingo zaiola egiaztatzen bada, sustatzaileak agiri bidez justifikatu beharko du ez dagoela beste alternatibarik eta badaudela lehen mailako interes publikoko ezinbesteko arrazoiak, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46. artikuluaren 5., 6. eta 7. apartatuetan aipatzen diren horietakoak, hain zuzen.

6.– Proiektuaren kalteberatasuna.

Istripu larriak edo hondamendi handiak gertatzeko arriskua dela eta proiektuak ingurumenean eragin ditzakeen ondorio kaltegarrien deskribapena, azterketa eta, hala badagokio, kuantifikazioa egingo da, baita istripu edo hondamendi horiek gertatzeko arriskuari buruzkoak ere. Helburu hori lortze aldera, proiektuari aplikatu beharreko arauei jarraituz egindako arrisku-ebaluazioen bitartez lortutako informazioa erabili ahal izango da.

Horrelako ezbeharrek ingurumenean sortzen dituzten kalte adierazgarriak prebenitzeko eta arintzeko aurreikusitako neurri guztiak bildu behar dira deskribapenean, baita halako larrialdietarako proposatzen diren prestakuntzari eta erantzunari buruzko xehetasunak ere.

Irizten bada apartatu hori ez zaiola aplikagarria proiektuari, justifikazio-txostena erantsi beharko da.

7.– Prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak proposatzea.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak ingurumen-inpaktu kaltegarri nagusiak murrizteko, desagerrarazteko edo konpentsatzeko proposatutako neurriak azalduko ditu inguruneko elementu bakoitzerako. Espero diren inpaktuen garrantziaren arabera proposatu eta dimentsionatuko dira neurri horiek.

Neurri babesgarri eta zuzentzaileen proiektua behar bezain xeheki idatzi beharko da, ingurumenaren babesa eta neurri horiek hartzea gomendagarri bihurtzen duten helburu espezifikoak beteko direla bermatzeko moduan. Era berean, proiektuaren aurrekontuan jaso beharko dira prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriei aurre egiteko behar diren diru-partida guztiak.

Zehazki, informazio hau emango da, alde batera utzi gabe ebazpen honen aurreko ataletan galdatutako analisien arabera proiektuan sartu behar diren neurri zuzentzaileen aplikazioa:

Batasunaren intereseko habitatak, bertako landaredia eta mehatxupeko flora eta fauna babesteko neurriak.

Neurri horien xedea izango da Batasunaren intereseko habitaten edo eskualdekoen gaineko inpaktua ekiditea edo minimizatzea, bai eta intereseko fauna-espezieen gainekoa ere, horien kontserbazioa bermatze aldera.

– IFVren hesi perimetralaren diseinuak kontuan hartuko ditu Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen Jasangarritasunaren Zerbitzuaren txostenean jasotako zehaztapenak.

– Neurri egokiak ezarriko dira abifaunak eta kiropteroek ez dezaten hariteriarekin talka egin eta ez daitezen harekin elektrokutatu, 1432/2008 Errege Dekretuarekin bat (1432/2008 Errege Dekretua, abuztuaren 29koa, hegaztiek goi-tentsioko linea elektrikoekin talka ez egiteko eta ez elektrokutatzeko neurriak ezartzen dituena); neurriok derrigorrean bete beharrekoak izango dira, eta sustatzaileari dagokion horien gaineko ardura.

– Lanak hasi baino lehen, fauna-prospekzioak egingo dira proiektuaren eremu osoan, baita ebakuazio-linea elektrikoak ukitutako eremuetan ere, kiropteroen babeslekurik, hegaztien arrautza multzorik, ugaztun-kumaldirik edo anfibioen eta narrastien errunaldirik badagoen aztertzeko, eta, horrela, hautemandako espezie mehatxatuetara eta horien ugalketa-aldietara egokitutako obra-plan bat egin ahal izateko.

– Babestu beharreko landaredi-masak zuinkatzea proposatuko da, eta kontserbatu beharreko zuhaitz-aleak babestea.

– Ongi hautatuko dira obra-instalazio osagarrietarako eta metaketa-eremuetarako kokapenak, landaredi naturaleko eremuak babestuz, betiere.

– Landarediaren gaineko inpaktua murrizteko prebentzio-neurriak zehaztuko dira, eta derrigorrean bete beharreko baldintzatzaile gisa jasoko dira zuhaitz autoktonoak inausteko eta ebakitzeko jarraibideak, bai obra-fasean, bai eta ustiapen-fasean ere. Honako hauek izango dira, besteak beste:

• Oro har, ez da ebaketarik egingo, eta beharrezkoa denean bakarrik egingo dira inausketak. Eremu garrantzitsuenetan eta natura-balio handikoenetan (Baia ibaiaren ertzak), debekatuta egongo dira ebaketak.

• Intereseko landaredi-masetan inausketak egiteko baldintzak ezarriko dira: lehentasuna emango zaio linean eragina izan dezaketen goiko adarrak soilik inausteari, geldialdi begetatiboan. Ebaketak egitea beharrezkoa bada, linearekin talka egiten duten aleak baino ez dira ebakiko.

• Ebaketak eta inausketak eskuzko erreminta arinekin egingo dira, eta ez makina astunekin.

• Behar diren neurriak ezarriko dira IFVn belar- eta zuhaixka-landaredia ahalik eta gutxien kentzeko.

• Ustiapen-fasean landarediari eusteko jarraibideak ezarriko dira, eta ez da herbizidarik edo pestizidarik erabiliko landaredi naturala kontrolatzeko.

Sistema hidrologikoa eta hidrogeologikoa babesteko neurriak.

Prebentzio-neurriak ezarriko dira lursaila ez dadin iragazgaiztu; izan ere, nekazaritza- eta landa-ingurunean jariatze-urengatiko kalteak izateko arriskua areagotuko luke horrek.

Drainatze-sistema eraginkorra jarriko da instalazioan, IFVk ukitutako gainazaleko jariatze-ura isurgune naturaletara bideratzeko, eta gai kutsagarriak arrastatzea ekiditeko. Aztertuko da ea beharrezkoa den dekantazio-urmael bat jartzea, jariatze-ur horiek tratatzeko isurgunera bideratu aurretik. Gainera, aztertuko da zer aukera dagoen urmael hori baso-faunarentzako babesleku bihurtzeko, hezeguneetako berezko espezieak landatuz, anfibioen ugalketarako habitatak ugaritzeko, nagusiki.

Jabari publiko hidraulikoaren babes-eremuetan (zortasun- edo zaintza-eremuetan), edo jabari horretan bertan, egin behar den jarduketa orok Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren nahitaezko baimena eduki beharko du, Uraren Euskal Agentziaren bidez izapidetua. Baimen horren esparruan aztertuko dira jarduketaren xehetasunak, eta behar diren aginduak eta zehaztapenak ezarriko dira.

Edonola ere, prebentzio-neurri egokiak ezarriko dira ibilguaren 5 metroko zortasun-zerrendak egoera naturalean uzten direla bermatzeko, eta balizatu egingo dira, eremu horretan ibilgailurik ez sartzeko, materialik eta betegarririk ez pilatzeko, eta etxola, ontzi, itxitura, kutxatila eta bestelakorik ez jartzeko, ez behin-behinekorik, ez behin betikorik.

Lehentasunezko fluxugunekoak diren eta uholde-arriskua duten behin-behineko zein behin betiko eremuak okupatzeko, kontuan hartu beharko dira EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko LPSren E.2.3. apartatuan xedatutako mugak eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren (JPHE) 9.bis artikuluan xedatutakoa; eta, uholde-arriskua duten gainerako eremuetan, aipatutako LPS horren E.2.4 eta E.2.5 apartatuetan eta JPHEren 14.bis artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

Linea elektrikoaren bermeetakoren batek lehentasunezko fluxugunea okupatu behar badu, aginduzko obra-baimenaren esparruan eta indarreko legedia betez, azterketa bat aurkeztu beharko da, justifikatzeko aurreikusitako jarduketek ez dutela areagotuko eremuaren uholde-arriskua, eta ez dela inpakturik eragingo hirugarrenengan.

Honako neurri hauek proposatuko dira obra-faserako:

– Lurrazaleko ur-ibilguen eta haiekin lotutako landarediaren gainean zuzenean inpakturik ez eragitea.

– Metatze-guneak eta eremu osagarriak egoki kokatzea, zuzeneko nahiz isurketa bidezko inpakturik ez eragiteko ibai- eta akuifero-sisteman.

– Ibilguaren 5 metroko zortasun-zerrendak egoera naturalean eta libre utziko dira; balizatu egingo dira, eremu horretan ibilgailurik ez sartzeko, materialik eta betegarririk ez pilatzeko, eta etxola, ontzi, itxitura, kutxatila eta bestelakorik ez jartzeko, ez behin-behinekorik, ez behin betikorik. Eremu horretan, ibaiertzeko landaredia errespetatu beharko da.

– Sortutako jariatze-uren eta istripuzko isurketen ondorioz, drainatze-sarerako finen edo kutsatzaileen isurketak minimizatzea.

– Material xurgatzailea eskura izatea (sepiolita edo antzekoren bat), istripuzko isurketak biltzeko.

– Ezin da ez zuzeneko ez zeharkako isurketarik egin Jabari Publiko Hidraulikora edo lursailetara, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren aginduzko baimenik izan gabe; Uraren Euskal Agentziak izapidetuko du baimena.

Lurzoruak babesteko neurriak.

Proiektua diseinatzean, ahaleginak egingo dira IFVn ahalik eta lur-mugimendu gutxien egin daitezen; lurzoruaren jatorrizko profilari eutsiko zaio eguzki-panelak jartzeko eremuan, lurpeko kableak jartzeko lubakiak dauden eremuetan izan ezik.

Neurriak hartuko dira lurzoruaren landare-geruza birlandatzeko erabiltzeko.

Ingurumen-dokumentuan balio estrategiko handiko lurzoruen okupazioa konpentsatzeko proposatutako neurriak zehaztu egin beharko dira: kokapena, iraupena, erein beharreko espezieak, guztirako kostua (hala badagokio, baita alokairuaren kostua ere).

Herritarrei sorrarazitako eraginak eta eragozpenak murrizteko neurriak.

Atmosferaren kalitatea babesteko neurriak zehaztuko dira, hautsa, zaratak, usainak eta lurraldearen irisgarritasunarekin eta iragazkortasunarekin lotutako bestelako eragozpenak kontuan hartuta.

Orobat, obrako lanen ordutegia, makinen zirkulazio-abiadura eta abar mugatuko dira.

Hondakinak kudeatzera bideratutako neurriak.

Obra-fasean eta ustiapen-fasean hondakinak kudeatzeko proposamena. Bilketa-, biltegiratze- eta tratamendu-sistemen deskribapena.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen kudeaketarekin lotutako prebentzio- eta zuzenketa-neurriek sustatu behar dute hondakinak sortzea prebenitzea, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatzea, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk erabiltzea, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne. Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.

Kultura-ondarea babestera bideratutako neurriak.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak ondare arkeologikoa babesteko neurri egokiak jasoko ditu, Las Celadas balizko arkeologia gunearen azterketa arkeologikoaren emaitzei jarraikiz zehaztutakoak, betiere Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzarekin eta Arabako Foru Aldundiaren Kultura eta Kirol Sailaren Museo eta Arkeologia Zerbitzuarekin adostuta.

Gainera, kontrol arkeologikoa egingo da obrako lur-mugimenduko fasean.

Beste alde batetik, ebakuazio-linea elektrikoak Donejakue Bideari eragiten badio, behar diren neurriak ezarriko dira bideari inpakturik ez eragiteko eta erromesen joan-etorriak ez eteteko.

Edonola ere, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: 6/2019 Legea, maiatzaren 9koa, Euskal Kultura Ondarearena; 2/2012 Dekretua, urtarrilaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izendatzekoa; eta 66/2022 Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatu izendatzen duen Dekretua.

Paisaiarako eta obrek ukitutako lurrak leheneratzeko neurriak.

Leheneratzeko neurriak proposatuko dira proiektuak ukitutako gainazal guztietarako, baita aldi baterako okupatzen direnetarako ere; espezie autoktonoak erabiliko dira, eskualde bioklimatikoaren baldintza edafiko eta klimatikoetara egokituak.

IFVren itxitura perimetralaren kanpoaldean jarriko den landare-pantaila diseinatzean, kontuan hartuko dira kontsulta-izapidean Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen Jasangarritasunaren Zerbitzuaren eskutik jasotako txostenean adierazitako zehaztapenak.

8.– Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa bat eratuko da. Programa horren helburu nagusia izango da ingurumen-eraginaren azterketan finkatutako kalitate helburuak beteko direla bermatuko duen sistema bat ezartzea, bertan adierazitako jarraibideekin eta neurri zuzentzaileekin batera.

Programaren helburuak zehaztuko dira, eta, helburu bakoitzarentzat, jaso beharreko datuak, erabili beharreko metodologia, neurketa-puntuak (puntu horiek zehazki non dauden jakiteko planoko kokapena eta krokisa barne) eta neurketen maiztasuna ere adieraziko dira.

Kalitate-helburuak legediak edo oro har onartuta dauden azterketa teknikoek zehazten dituzten muga-balioen edo gida-balioen araberakoak izango dira. Hala ere, proiektuak eragindako eremuaren xehetasun eta ezaugarriek hala eskatzen badute, balio zorrotzagoak ezarri beharko dira beharrezkoa irizten den parametroetan.

Era berean, dagokion aurrekontua gehitu beharko da, behar bezainbat banakatuta, proiektuaren garapenetik eratorritako eraginen jarraipen egokia egin ahal izateko.

Proiektuari eta proiektuak ingurunean duen eraginari buruz jasotako datuen ondorioz beharrezkoak diren kontrolez gain, jarraian adierazitako kontrolak izan beharko ditu programak:

Obra-fasean, kontuan hartu beharko dira honako hauek:

– Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.

– Intereseko landarediaren gaineko eraginak kontrolatzea.

– Mehatxupeko flora- eta fauna-espezieen gaineko eraginak kontrolatzea.

– Ur-ibilguen eta erriberako landarediaren gaineko eraginak kontrolatzea.

– Obrako jardunbide egokiak kontrolatzea, honako hauek saihesteko: hondakin-isurketak; lurzoruaren edo uren kutsadura, olio-jarioen ondorioz, eta eragozpenak sortzea, zarataren, hautsaren eta abarren ondorioz.

– Arkeologia-ondarearen gaineko eragina kontrolatzea.

– Aurreikusitako prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurrien eraginkortasuna egiaztatzeko beste kontrol batzuk.

Ustiaketa-fasean, kontuan hartu beharko dira honako hauek:

– IFVren ustiaketan zehar higadura-prozesurik agertzen den kontrolatzea.

– Birlandaketaren eta pantaila bisualaren arrakasta kontrolatzea.

– Landarediaren mantentze-lanen gauzatzea kontrolatzea, ebakuazio-linea elektrikoak aireko zatiak baldin baditu.

9.– Ingurumen-inpaktuaren azterketaren laburpena.

Ingurumen-inpaktuaren azterketaren eta haren ondorioen laburpen-dokumentu bat idatzi beharko da, abenduaren 9ko 21/2013 Legeak VI. eranskinean ezarritako ezaugarriekin.

Dokumentuan labur-labur eta jendeak ulertzeko moduan bildu beharko dira proiektuaren izaerari buruzko informazioa, proiektuak inguruneari eragiten dion modua, eta aurreikusitako inpaktuak ekiditeko edo minimizatzeko proposatutako neurriak. Halaber, dokumentazio grafikoa sartzea ere gomendatzen da, jendeari informazioa emateko.

• Dokumentazioa aurkezteko jarraibideak.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren Legearen (10/2021, abenduaren 9koa) 77. artikuluan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen (21/2013, abenduaren 9koa) 39.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, egiaztapen batzuk egin ondoren, organo substantiboak ingurumen-organoari bidaliko dizkio ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta abiarazteko eskaera eta harekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak, hala nola proiektuaren dokumentu teknikoa, ingurumen-inpaktuaren azterketa, informazio publikoaren eta kontsulten emaitza, eta sustatzaileak egindako oharren dokumentu bat, jasotako alegazioetako eta txostenetako ingurumen-edukiari eta horiek kontuan hartzeko moduari dagokienez.

Dokumentazioa aurkezteko, aintzat hartuko dira xede horretarako egin diren jarraibideak. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean daude eskuragarri (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/ingurumen-ebaluazioa/), atal honetan: Arloak > Ingurumen-ebaluazioa > Proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura izapidetzea > Eskaerak aurkeztea.

Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa aurkezpen-gidaren arabera egin eta aurkeztu beharko da. Gida ingurumen-organoaren web-orrian dago eskuragarri, esteka honetan:

https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/eia/eu_def/adjuntos/2022_Dokumentuak-aurkezteko-GIDA_v4.pdf

Indarreko xedapenen arabera isilpekoak diren datuak dokumentu bereiz batean aurkeztuko dira. Kasu horretan, enpresa eskatzaileak argi adierazi beharko du zein informazio den isilpekoa bere iritzian, eta eskaera hori justifikatzeko ondorengo datu hauek eman beharko ditu:

– Eskatzailearen aburuz isilpekotasuna zer arauditan oinarritzen den identifikatu beharko da; bai eta dagokion agiri egiaztatzailea aurkeztu ere.

– Merkataritza-sekretua denean, enpresaren barruan sekretua bermatzen duten protokoloak.

Ingurumen Batzordeak erabakiko du dokumentazioa isilpekoa den ala ez, eta agiri horiek jendaurreko informazioaren izapidetik kanpo geratuko dira.


Azterketa dokumentala