Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

202. zk., 2023ko urriaren 23a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4804

149/2023 DEKRETUA, urriaren 10ekoa, zeinaren bitartez arautzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Trantsizio energetikorako eta kontsumitzaileen babeserako presako neurriei buruzko urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuak sortutako gizarte-bonu termikoaren kudeaketa, ebazpena eta ordainketa.

Energia ezinbesteko ondasuna da oinarrizko beharrak asetzeko, hala nola argiztapena, elikadura edo osasunerako gutxieneko konfort baldintzak edukitzea ahalbidetzen duen klimatizazioa; eta etxeek gero eta elektrifikazio gehiago edukitzeak hornikuntza energetikoa fidagarria eta eskuragarria izatea eskatzen du.

Horrenbestez, 2008ko krisiaz geroztik nabarmentzen ari zen energia-pobretasuneko egoeraren aurrean, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak kontsumitzaile zaurgarriaren figura sortu zuen eta «Gizarte-bonu» deritzon laguntza ezarri zuen. Geroagoko arauen bidez garatu ziren hala kontsumitzaile zaurgarriaren figura nola «gizarte-bonua». Arau horien artean, aipagarria da urriaren 6ko 897/2017 Errege Dekretua, Kontsumitzaile zaurgarriaren figura, gizarte-bonua eta energia elektrikoaren etxeko kontsumitzaileentzako beste babes-neurri batzuk arautzen dituena.

Hala ere, «gizarte-bonuak» emandako babesa nahikoa ez zela egiaztatu zenez, eta energiaren prezioen etengabeko igoeraren aurrean, 2018. urtean Trantsizio energetikorako eta kontsumitzaileen babeserako presako neurriei buruzko urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretua onartu zen. Horren bidez, kontsumitzaile zaurgarrien pobrezia energetikoa arintzeko zuzeneko laguntzen programa berri bat sortu zen, berokuntzarako, ur bero sanitariorako edo sukalderako energiari dagokionez: «Gizarte-bonu termikoa» deritzon laguntza, hain zuzen ere.

Konstituzio Auzitegiak, irailaren 23ko 134/2020 Epaiaren bidez, gizarte-laguntzaren arloko eskumena autonomia-erkidegoen eskumen esklusibotzat jo zuen, eta Estatuko Administrazioak eta autonomia-erkidegoek gizarte-bonu termikoari dagokionez dituzten eskumenak zedarritu zituen. Horrela, laguntzaren alderdi nagusi batzuk estatu-mailako arautze-esparruan ezarri zituen (laguntzaren xedea eta helburua, modalitate teknikoa, onuradunak eta eskuratzeko funtsezko betekizunak), eta autonomia-erkidegoaren esparruan, berriz, izapideak, ebazpena eta ordainketa utzi zituen, bai eta alderdi horiei dagokien prozeduraren erregulazioa ere.

Era berean, irailaren 23ko 134/2020 Epaiak deklaratu zuen urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuaren zenbait artikulu Konstituzioaren aurkakoak eta deusezak zirela; besteak beste, 11. artikulua, zeinak ezartzen baitzuen erreferentziako merkaturatzaileek aurreko urteko abenduaren 31n elektrizitatearen gizarte-bonuaren onuradun zirenen datu pertsonalak eman behar zizkiotela Estatuko Administrazio Orokorraren organo eskudunari. Konstituzio Auzitegiak Konstituzioaren aurkakotzat jo zuen artikulu hori, uste baitzuen eskatzen zen informazioaren helburua zela gizarte-bonu termikoaren laguntzaren zenbatekoa zehaztea eta hura ordaintzea soilik, eta horrek gainditu egiten zituen Estatuak laguntzari buruz zituen ahalmenak, zuzenean lotuta baitzegoen autonomia-erkidegoen eskumenekoak diren kudeaketa-zereginekin.

Horrenbestez, ikusita premiazkoa dela lege-mailako arau bat izatea, ezarriko duena erreferentziako merkaturatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoan elektrizitatearen gizarte-bonuaren onuradun direnen datu pertsonalak eman beharra daukatela, datu pertsonalen babesaren arloko Europako eta Estatuko araudia betez, ekainaren 8ko 6/2023 Legea onartu zen, zeinaren bidez arautzen baita erreferentziako merkaturatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari eman beharreko informazioa, gizarte-bonu termikoa kudeatu eta ordaintzeko Euskal Autonomia Erkidegoan.

Azaldutako guztia aintzat hartuta, dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan «Gizarte-bonu termikoa» kudeatu, ebatzi eta ordaintzeko jarduketa-esparrua arautzea, Trantsizio energetikorako eta kontsumitzaileen babeserako presako neurriei buruzko urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuan xedatutakoaren arabera eta, era berean, Erreferentziako merkaturatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari gizarte-bonu termikoa kudeatu eta ordaintzeko eman beharreko informazioa arautzen duen ekainaren 8ko 6/2003 Legearen arabera.

Gizarte-bonu termikoa eman ahal izateko, beharrezkoa izango da funtsak edukitzea, Estatuko Administrazio Orokorrak Euskal Autonomia Erkidegoaren alde transferentzia egin ondoren.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 39.5 artikuluari jarraikiz, lurralde historikoetako foru-aldundien eta udalen ardura da gizarte-zerbitzuetako arauak gauzatzea, lege honetan bertan eta garapen-arauetan xedaturik dagoenaren arabera.

Era berean, lege horren 39. artikuluaren 2. apartatuak ezartzen du Eusko Jaurlaritzaren eskumena dela gizarte-zerbitzuen arloko arauak garatzea eta zuzeneko ekintzak egitea, eta, hirugarren apartatuaren arabera, zuzeneko ekintza da prestazio eta zerbitzu jakin batzuk betearazteko eskumena, baldin eta prestazio eta zerbitzu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde osoan modu bateratuan eman behar badira, interes orokorragatik, izaeragatik eta ezaugarriengatik, erabiltzaile potentzialen kopuruagatik edo autonomia-erkidegoan ematen direlako lor daitezkeen eskala-ekonomiengatik.

Energia ezinbesteko ondasuna da oinarrizko beharrak asetzeko, hala nola argiztapena, elikadura edo osasunerako gutxieneko konfort baldintzak edukitzea ahalbidetzen duen klimatizazioa. Bestalde, gizarte-bonu termikoa Estatuak sortu duen prestazio ekonomiko bat da, beharrizan horiei aurre egin ezin dieten zenbait kolektiboren energia-beharrak estaltzeko. Prestazio horiek jasotzeko, betekizun eta zenbateko bateratu batzuk ezarri dira, elektrizitatearen gizarte-bonua jasotzen duten pertsona guztientzako, zeinahi dela ere bizi diren autonomia-erkidegoa.

Aipatutako prestazioaren izaera, ezaugarriak eta interes orokorra direla eta, Euskal Autonomia Erkidegoan ez da inolako bereizketarik egin behar hura kudeatzeko orduan, eta kudeaketa hori erkidego horretako Administrazio Orokorrak modu bateratuan egin behar du lurralde osoan, prestazioaren onuradun guztiek aldi berean eta modu berean jaso dezaten.

Horregatik, ekimen honetan horretarako eskatzen diren baldintzak betetzen direnez, eta Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 39. artikuluko 4. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz, dekretu honen bidez, gizarte-bonu termikoari buruzko exekuzio-jardueren zuzeneko ekintza deklaratzen da.

Horrenbestez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko urriaren 10ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Dekretu honen xedea da arautzea nola kudeatu, ebatzi eta ordainduko den «gizarte-bonu termikoa» Euskal Autonomia Erkidegoan, Trantsizio energetikorako eta kontsumitzaileen babeserako presako neurriei buruzko urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuaren 5. artikulutik 10.era bitartean xedatutakoarekin bat etorriz.

Gizarte-bonu termikoa kontsumitzaile zaurgarrien pobrezia energetikoa arintzeko laguntzak emateko programa bat da, berokuntzarako, ur bero sanitariorako edo sukalderako energiari dagokionez. Laguntza horien helburua beharrezkoak diren gastuak konpentsatzea da, kontsumitzaile zaurgarriei erabilera termikoaren inguruko energia-hornidura bermatzeko, edo energia aurrezteko eta energiaren efizientzia hobetzeko jarduketetan laguntza emateko.

2.– Dekretu honen xedea da, era berean, gizarte-bonu termikoari buruzko exekuzio-jardueren zuzeneko ekintza deklaratzea. Jarduera horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen sailak gauzatuko ditu.

2. artikulua.– Onuradunak.

Trantsizio energetikorako eta kontsumitzaileen babeserako presako neurriei buruzko urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuaren 8. artikuluan xedatutakoaren arabera, ekitaldi bakoitzean gizarte-bonu termikoaren onuradun izango dira Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 45. artikuluan aurreikusitako elektrizitatearen gizarte-bonuaren onuradun izan diren kontsumitzaileak.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Gizarte-bonu termikoa finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretako zuzkidurak erabiliko dira, hain zuzen ere Estatuko Aurrekontu Orokorretatik horretarako datozenak. Zuzkidura horiek Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean urte bakoitzerako ezarritako aurrekontu-erabilgarritasunaren eta mugaren mende egongo dira, hargatik eragotzi gabe Trantsizio energetikorako eta kontsumitzaileen babeserako presako neurriei buruzko urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuaren 10.5 artikuluan ezarritakoa.

2.– Gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen zuzendariaren ebazpenaren bidez (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da), Estatuko Aurrekontu Orokorretatik eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik gizarte-bonu termikorako esleitutako urteko zuzkidura jakinaraziko da (azken horren kasuan, halaxe egingo litzateke, baldin eta Estatuko zuzkidura ekonomikoa handitzea erabakiko balitz).

3.– Ebazpen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren iragarki-taula elektronikoan ere argitaratuko da.

4.– Dekretu honetan arautzen den prozedurari buruzko jakinarazpenetan argi eta garbi zehaztuko da laguntza Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren kontura ematen dela edo, hala badagokio, finantzaketa bateraturik badago, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministeriotik datorren ehunekoa adieraziko da, bai eta Euskal Autonomia Erkidegotik datorren ehunekoa ere.

4. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.

1.– Gizarte-bonu termikoaren onuradunetako bakoitzari dagokion urteko zenbatekoa Trantsizio energetikorako eta kontsumitzaileen babeserako presako neurriei buruzko urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuaren I. eranskinean xedatutakoaren arabera kalkulatuko da («Gizarte-bonu termikoaren laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko metodologia»).

2.– Aurrekontu-baliabiderik badago, onuradun bakoitzari 40 euroko gutxieneko laguntza emango zaio, halaxe ezartzen baitu urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuaren I. eranskinak.

5. artikulua.– Prozedura.

1.– Urtero emango da gizarte-bonu termikoa, eta ez da beharrezkoa izango onuradunek aldez aurretik eskatzea.

2.– Gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen zuzendaritzak kudeatuko du gizarte-bonu termikoa.

3.– Gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen zuzendariaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da laguntzak emateko prozedura. Ebazpen hori dekretu honen 3. artikuluaren 2. apartatuan aurreikusita dago.

4.– Onuradunak zehazteko, erreferentziako merkaturatzaileek, urte bakoitzeko urtarrilaren 30a baino lehen, aurreko urteko abenduaren 31n elektrizitatearen gizarte-bonuaren onuradun izan direnen zerrenda igorri beharko dute gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen zuzendaritzara.

5.– Zerrenda horrek formatu digitala izango du, automatikoki operagarria izango da, eta dekretu honen eranskinaren arabera bidali beharko, informazio hau duela:

a) Onuradunaren izena, bi abizenak eta nortasun agiri nazionala.

b) Helbide osoa, honako hauek adierazita: kalea, zenbakia, posta-kodea eta udalerria.

c) Zaurgarritasun-maila: zaurgarritasun handiko edo gizarte-bazterketaren arriskupeko kontsumitzailea den.

d) Bankuko kontuaren datu eguneratuak.

e) Telefonoa eta helbide elektronikoa.

6. artikulua.– Prozeduraren ebazpena.

1.– Gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen zuzendariak ebazpen bakarra emango du, eta, horren bidez, trantsizio energetikorako eta kontsumitzaileen babeserako presako neurriei buruzko urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuari jarraikiz zehaztuko du zein izango diren gizarte-bonu termikoaren onuradunak, bai eta bonu bakoitzerako zenbatekoa ere, 4. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

Ebazpena non eta noiz argitaratu behar den jakinaraziko zaie interesdunei.

2.– Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen zuzendariaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Ebazpen horren bidez, laguntza horri esleitutako zuzkidura ekonomikoa jakinaraziko da. Epe hori igarota, onuradunek laguntza ezetsi dela ulertu ahal izango dute.

3.– Dirulaguntza emateko ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuz jakinaraziko zaie onuradunei (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45 artikuluan xedatutakoaren arabera.

4.– Laguntzak emateko ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

7. artikulua.– Uko egitea.

1.– Laguntzaren berri banaka emango zaie onuradunei, posta bidez. Jakinaraziko zaie 10 eguneko epea dutela laguntzari uko egiteko, hala nahi izanez gero, eta ohartaraziko zaie, epe hori igaro ondoren uko egin ez badute, ulertuko dela laguntza onartu egin dutela.

2.– Gizarte-bonu termikoari uko egiteko, formulario bat erabiliko da, onuradunei posta bidez bidaliko zaiena eta helbide elektroniko honetan ere eskuragarri egongo dena: www.euskadi.eus/servicios/1112501

3.– Uko egiteko formularioa Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluak aurreikusten dituen tokietako batean aurkeztu ahalko da.

4.– Laguntzari uko egiteko eskubidea bide elektronikoak erabilita ere egin ahal izango da, helbide honetan: www.euskadi.eus/servicios/1112501. Bide elektronikoa erabili ahal izateko, onuradun bakoitzari identifikatzaile bana eta erreferentzia-kode bana bidaliko zaizkie posta bidezko komunikazioan.

8. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Onuradunak egiaztatu beharko du zuzenak direla laguntza ordaintzeko behar diren datuak, aurreko artikuluan aipatzen den jakinarazpenean agertzen direnak.

2.– Datu horiek osatu gabe badaude, zuzenak ez badira edo ez badaude jasota eta laguntza ordaintzea eragozten badute, onuradunek horren berri eman beharko diote organo kudeatzaileari, jakinarazpenarekin batera doan inprimakia erabiliz.

3.– Inprimaki normalizatu hori uko egiteko formularioaren leku eta modu berberetan egongo da eskuragarri, eta leku eta modu berberetan aurkeztu ahal izango da.

4.– Laguntza ordainduko da, horri uko egiten ez bazaio edo, horretarako emandako epea igarota, ordaindu ez bada. Zuzendaritza kudeatzailean horretarako ageri den banku-erakundearen kontu-zenbakian sartuko da dirua, eta, onuradunak helburu horrekin bidalitako formularioan beste kontu bat adierazi badu, ordainketa kontu horretan egingo da.

5.– Gizarte-bonu termikoa ordaintzeko erabiltzen diren kontuak ez dira sartuko Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 20. artikuluan aurreikusitako Hirugarrenen Erregistroan.

6.– Behin ordainketa eginda, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen zuzendaritzak txosten bat igorriko dio urteko lehen seihilekoan Energiaren Estatu Idazkaritzari, emandako laguntzak, erregistratutako uko-egiteak, izandako kofinantzaketa-maila (halakorik badago) eta sortutako geldikinak barne hartuta, hurrengo ekitaldiko banaketaren kalkuluan kontuan har daitezen..

9. artikulua.– Bateragarritasuna.

«Gizarte-bonu termikoaren» laguntzarekin batera, hartzaileek beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk jaso ahalko dituzte helburu bererako, administrazioetatik, erakunde publiko zein pribatuetatik, eta espainiar Estatuko erakundeetatik zein nazioarteko erakundeetatik. Bateragarria izango da, halaber, elektrizitatearen gizarte-bonuarekin, trantsizio energetikorako eta kontsumitzaileen babeserako presako neurriei buruzko urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuaren 6. artikuluan ezartzen den moduan.

XEDAPEN GEHIGARRIA

1.– Dekretu honen 3. artikuluaren 2. apartatuan aurreikusitako baldintzetan, argitara ematen da 2022ko gizarte-bonu termikoari dagokion zuzkidura ekonomikoa, zeina 2023ko ekitaldi honetan kudeatu eta ordainduko baita. Aipatutako zuzkidura ekonomikoa 21.493.538,56 eurokoa izango da.

2.– Laguntza hori osorik finantzatuko da Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari dagozkion Estatuko Aurrekontu Orokorren zuzkiduraren kargura, zeina zuzenean transferitu baitzaio Euskal Autonomia Erkidegoari. Era berean, 2022ko maiatzaren 15a baino lehenagoko ekitaldietako geldikinen kargura ere finantzatuko da; izan ere, aipatutako ministerioak kontuan hartu ditu geldikin horiek 2022ko gizarte-bonu termikorako Euskal Autonomia Erkidegoari transferitutako zenbatekoak kalkulatzeko, Trantsizio energetikorako eta kontsumitzaileen babeserako presako neurriei buruzko urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuaren 10.6 artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Onuradun bakoitzeko gutxieneko laguntza 40 eurokoa izango da 2022ko gizarte-bonu termikorako.

XEDAPEN IRAGANKORRA

2021eko gizarte-bonu termikoari dagozkion eta ordaintzeke dauden laguntzen ordainketa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2022ko urriaren 19ko Aginduaren arabera arautuko da (2021eko gizarte-bonu termikoa kudeatu, ebatzi eta ordaintzeari buruzkoa da agindu hori).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu hau garatzeko eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak emateko, albo batera utzita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko beste sail batzuetako sailburuei legezko aginduz dagozkienak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko urriaren 10ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala