Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

198. zk., 2023ko urriaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
4718

EBAZPENA, 2023ko urriaren 2koa, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena; honen bidez, NextGenerationEU, Europako Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan, ekonomiaren hainbat sektoretan energia berriztagarri termikoen instalazioak ezartzeko pizgarri-programaren deialdia finantzatzeko baliabide ekonomikoak gehitzea erabaki da.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Abenduaren 21eko 1124/2021 Errege Dekretuaren bidez, autonomia erkidegoei eta Ceuta eta Melilla hiriei laguntzak zuzenean ematea onartu zen, ekonomiaren hainbat sektoretan energia berriztagarri termikoen instalazioak ezartzeko pizgarri-programak gauzatzeko, 2021eko abenduaren 22ko 305. zenbakia duen Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, ekonomiaren hainbat sektoretan energia berriztagarrien instalazioak ezartzeari lotutako pizgarriak emateko oinarri arautzaileak ezarri ziren, NextGenerationEU, Europako Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Euskadiko aurrekontuari dagokionez, Errege Dekretu horren V. eranskinean ezarritako laguntzaren zenbateko osoari dagokion aurrekontua 8.941.671,00 eurokoa da.

Bigarrena.– Euskadirako guztira esleitutako aurrekontuaren (8.941.671,00 euro) % 10 (894.167,10 euro) erreserbatu zen Eusko Jaurlaritzak egingo zituen zuzeneko inbertsioak egiteko, 1124/2021 Errege Dekretuan adierazitako moduan.

Hirugarrena.– EEEko zuzendari nagusiaren 2022ko martxoaren 8ko Ebazpenaren bidez (2022ko martxoaren 21eko Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratua, 57. zenbakia) ekonomiaren hainbat sektoretan energia berriztagarrien instalazioak ezartzeari lotutako pizgarri-programaren oinarri arautzaileak onetsi, deitu eta argitaratu ziren, NextGenerationEU, Europako Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Laugarrena.– 1124/2021 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, eta horretarako eskaera egin ondoren, 2023ko ekainaren 21eko IDAEko presidentearen Ebazpenaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari 8.941.671,00 euroko zenbateko gehigarria ematea erabaki zen. Horrek, guztira, 17.883.342,00 euroko aurrekontua dakar, ekonomiaren hainbat sektoretan energia berriztagarri termikoen instalazioak ezartzeko pizgarri-programa aurrera eramateko, NextGenerationEU, Europako Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Horrenbestez, honako hau ebatzi da:

Lehenengoa.– Ekonomiaren hainbat sektoretan energia berriztagarri termikoen instalazioak ezartzeko pizgarri-programara bideratutako baliabide ekonomikoak 8.941.671,00 eurotan gehitzea erabakitzea, NextGenerationEU, Europako Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Hori dela eta, 17.883.342,00 eurokoak dira ekonomiaren hainbat sektoretan energia berriztagarri termikoen instalazioak ezartzeko pizgarri-programaren deialdia finantzatzeko guztizko baliabide ekonomikoak, NextGenerationEU, Europako Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren kargurako pizgarri-programa honetara bideratutako igoera ekonomikoaren ondoren, zeharkako gastuak (536.500,13 euro) eta zuzeneko inbertsioak egiteko erreserba (894.167,10 euro) kendu ondoren, zuzkidura ekonomikoa 16.452.674,77 eurokoa da, pizgarri-programa bakoitzerako zenbateko hauen arabera banatua:

1. pizgarri-programa – Industriako, nekazaritza eta abeltzaintzako, zerbitzuetako, eta ekonomiaren beste zerbitzu batzuetako –bizitegi-sektorea barne– sektoreetan energia berriztagarri termikoen instalazioak egitea: 9.571.394,61 euro.

2. pizgarri-programa – Sektore publikoko bizitegitarako ez diren eraikin, establezimendu eta azpiegituretan energia berriztagarri termikoen instalazioak egitea: 6.881.280,16 euro.

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzeko agintzea.

Hirugarrena.– Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EEEko zuzendari nagusiari, EHAAn argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Bilboko administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bilbao, 2023ko urriaren 2a.

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,

IÑIGO ANSOLA KAREAGA.


Azterketa dokumentala