198. zk., 2023ko urriaren 17a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (162 KB - 8 orri.)
- EPUB (118 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4716
EBAZPENA, 2023ko urriaren 5ekoa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariarena, 2023an emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko ikerlanak argitaratzeko XI. lehiaketarako deialdia egiten eta arautzen duena.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen helburu nagusia hau da: emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzea –benetakoa eta eraginkorra–, Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintzaren, ekonomiaren, kulturgintzaren eta gizartearen eremu guztietan. Ildo horretan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen ardura da Euskal Autonomia Erkidegoan emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak bultzatu, planifikatu, ebaluatu eta horiei buruz aholku ematea, emakumeen kontrako indarkeria matxistari buruzkoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginak, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintza Dekretuaren bidez onartuak, ezartzen duenaren arabera.
Berdintasunaren aldeko politikak garatuko baditugu, aztertu beharra daukagu, batetik, zer genero-harreman eta -rol dauden egun emakumeen eta gizonen artean eremu guztietan dauden ezberdintasunen oinarrian, eta, bestetik, nola eragiten duten edo nola eragin dezaketen abian jartzen diren ekimenen garapenean eta inpaktuan. Ikerlan horiek zabaltzea nahitaezkoa da eztabaida publikoa egiteko eta erabaki politikoak hartzeko, are gehiago genero-ikuspegia politika guztietan txertatu nahi badugu.
Horrela, profesionalek eta gizarte-eragileek egindako ikerlanak argitaratzea eta zabaltzea sustatzeko eta bultzatzeko ematen da ebazpen hau, zeinaren bidez arautzen baita 2023an emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko ikerlanak argitaratzeko XI. lehiaketarako deialdia. Izan ere, nabarmendu eta ikusarazi egin nahi dira eremu horretan egiten diren ikerlanak, gure gizartearentzat interesgarriak baitira. Azaldutako helburu guztiak aintzat hartuta, publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-irizpideen arabera arautuko dugu deialdia.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Ebazpen honen xedea da 2023an emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko ikerlanak argitaratzeko XI. lehiaketa iragartzea eta arautzea. Lehiaketaren bidez, emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzen laguntzen duten ikerlanak hautatuko dira, argitalpen digitalaren bidez zabaltzeko, ebazpen honetan onartzen eta jasotzen diren oinarriekin bat etorriz.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion administrazioarekiko auzien salan, bi hileko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Oinarrietan administrazio-prozedurari buruz aurreikusi ez den guztiari dagokionez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedaturikoa aplikatuko da.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 5a.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria,
MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.
EBAZPENA
2023AN EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNARI BURUZKO IKERLANAK ARGITARATZEKO XI. LEHIAKETAREN DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehenengoa.– Xedea.
Lehiaketa honen xedea da: emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzen laguntzen duten ikerlanak hautatzea eta argitalpen digitalaren bidez argitara ematea.
Bigarrena.– Lehentasunezko gaiak.
Ikerlana argitaratzeko, hauek jotzen dira lehentasunezko gaitzat:
1.– Balioak aldatzea, umeen eta gazteen artean, bereziki.
2.– Emakumeek zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren eremuetan duten kokapena hobetzeko estrategiak: hezkuntzaren, irakaskuntzaren eta enpresaren arlokoak.
3.– Antolakunde sozioekonomikoetako aldaketak, produkzio-eremuaren eta ugalketa-eremuaren artean oreka handiagoa lortzeko.
4.– Emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa eta arreta.
Hirugarrena.– Helburuak.
Aurkezten diren ikerlanek helburu hauek lortzen lagundu behar dute:
– Gehiago jakitea emakumeen eta gizonen egoeraz, baldintzez eta batzuen eta besteen egoera desberdinaz, eta bizitzaren arlo guztietako genero-harremanez eta ezberdintasunak sortzen dituzten kausez.
– Berdintasun-politiketarako jardunbide egoki izan daitezkeen ikerketen emaitzak aditzera ematea.
Laugarrena.– Hautaketa eta saria.
1.– Sariaren bidez, jendearen aurrean jarri nahi da emakumeen eta gizonen berdintasunari laguntzen dioten gaiak ikertzen dituztenen ekoizpen intelektuala. Ikerlana izan daiteke banaka edo elkarlanean egina, unitate akademiko berean edo diziplinarteko unitate akademiko batean, gizarterako interesgarriak diren jakintza-arlo bat baino gehiago lantzen direnez gero. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak editatuko du lan saritua, eta web-orrialdean argitaratuko du.
2.– Sari bakar bat emango da; gainerako lanak ordezko gisa geratuko dira edo atzera botako dira. Hautaketa Batzordeak uste badu aurkeztutako lanak ez direla gutxienezko puntuetara heltzen, saria eman gabe gera daiteke.
3.– Deialdi hau norgehiagoka-prozeduraren bidez ebatziko da. Ondorio horietarako, prozedura hau joko da norgehiagokatzat: saria emateko, erkatu egingo dira aurkeztutako lanak, eta lehentasun-hurrenkeran jarriko dira, oinarri arautzaileetan finkatutako balorazio-irizpideak kontuan hartuta. Saria baloraziorik altuena lortzen duenari emango zaio, aipatutako irizpideak aplikatuta.
Bosgarrena.– Hautagaiak aurkeztea:
1.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da hautagaiak aurkezteko epea; amaitu, berriz, 2023ko abenduaren 29an amaituko da.
2.– Eskabideak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariari zuzenduko zaizkio, eta aurrez aurre aurkez daitezke honako leku hauetan: herritarrei arreta emateko bulegoetan, Zuzenean Zerbitzuan (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbo; Andia 13, 20003 Donostia; Ramiro de Maeztu 10, 01008 Vitoria-Gasteiz), Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Erregistro Nagusian (Manuel Iradier 36, Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako edozein bulegotan.
Eskabidea Zuzenean zerbitzuan aurrez aurre aurkeztu nahi izanez gero, hitzordua hartu beharko da aldez aurretik, 012 doako telefonoaren bidez (945 018000) edo online, honako webgune honetan: https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean
Nahi izanez gero, bide elektronikoz egin daitezke izapideak –Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan arautzen da bide hori–. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoa baliatu daiteke prozedura honetako izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egiteko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan eskuragarri daude eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz bide elektronikoz izapidetzeko argibideak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1011510
Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, edozein momentutan alda baitaiteke aukeratutako bidea.
3.– Interesdunek onartutako egiaztagiri elektroniko bat izan behar dute, prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektronikoak erabiliz egin ahal izateko: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Eskaerak ordezkari baten bidez ere aurkeztu ahal izango dira elektronikoki; horretarako, ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan eman beharko du izena: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Eskabidearen osteko izapideak bide elektronikoz egiteko, egoitza elektroniko hau erabili ahal izango da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, nahi duten moduan. Horren haritik, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da prozedura guztian, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.
5.– Lehiaketa honetan, pertsona fisiko orok parte har dezake –banaka zein taldean–, baldin eta dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko zehapen administratibo edo penalik gabea bada, eta horretarako gaitasuna kentzen dion lege-debekurik gabea, bereziki kontuan hartuta sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik jarritakoak, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 23. artikuluak ezartzen duenaren arabera. Horretaz gain, hautagaiak betekizun hauek izango ditu:
a) Argitaratu beharreko ikerlanak Euskal Autonomia Erkidegoan egina izan behar du.
b) Edukia osorik argitaratuta ez duten ikerketen argitalpenak izan behar dira, eta 7. oinarriaren ezaugarrietara egokitu.
c) Argitaratu beharreko ikerlanak hizkera ez-sexistaz idatzita egon behar du.
6.– Hautagaiarekin batera, dokumentu hauek aurkeztu behar dira, behar bezala sinatuta:
I. eranskina: Taldeko kideen adierazpenak, hautagaia pertsona batek baino gehiagok aurkezten badute. Taldeko kide bakoitzeko adierazpen bat aurkeztuko da.
II. eranskina: Memoria eta argitaratu beharreko material osoa.
III. eranskina: Kide bakoitzaren curriculum vitaea.
7.– Hautagaia talde batek aurkezten badu, taldearen titularkide direnek kideetako bat izendatu beharko dute, Administrazioaren aurrean koordinatzaile eta ordezkari izan dadin.
8.– Beharrezkoa dela iritziz gero, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak informazio gehiago eska dezake.
Seigarrena.– Hautagaien akatsak zuzentzea.
Hautagaiak behar bezala eta betebehar guztiekin aurkezten ez badira edo bosgarren oinarrian eskatutako agiriren bat falta badute, Emakundek falta den agiria aurkezteko edo atzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio eskatzaileari, eta, horretarako, hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera. Horrez gain, ohartaraziko zaio ezen, eskatutakoa egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, ebazpena eman ondoren urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan agindutakoari jarraikiz (39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).
Bide elektronikoa erabiltzen bada, eskabidearen ondorengo izapideak, akatsen zuzenketa barnean dela, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta»ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Zazpigarrena.– Lehiaketara aurkeztuko diren ikerlanen ezaugarriak.
1.– Ikerlanen egileak (egileek) testuaren azken bertsioa aurkeztu behar du (dute). Egileek lan saritua ezingo dute aldatu % 5 baino gehiago, sarira aurkeztutako bertsioarekiko.
2.– Ikerketa-lanek jatorrizkoak izan behar dute, eta ezin dira osorik argitaratuta egon. Ez da argitaratutzat ulertuko legeak agintzen badu unibertsitateko edo erakundeetako gordailu batean utzi behar dela. Lanek ezin izango dute lehenago saririk edo laguntza ekonomikorik jaso argitaratzeko.
3.– Aurrez aurre aurkeztuz gero, eskabideekin batera, ikerlanaren kopia inprimatu bat aurkeztu behar da, eraztunez josia, eta, bide elektronikoz aurkeztuz gero, eskabideekin batera, lanaren kopia bat erantsi behar da formatu digitalean (Word, Pdf, etab.).
Zortzigarrena.– Hautaketa Batzordea.
1.– Hautaketa batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko kide hauek osatuko dute:
Batzordeburua:
Miren Josune Irabien Marigorta andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen idazkari nagusia. Miren Elgarresta Larrabide andreak, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariak, ordezkatu ahal izango du.
Epaimahaikideak:
Noemí Alangua Elvira andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Ikerketa, Dokumentazio eta Plangintza arloko arduraduna. Izaskun Garaigordobil Garmendia andreak, Administrazio arloko arduradunak, ordezkatu ahal izango du.
M.ª de los Llanos Olivas Lagunilla andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Ikerketa, Dokumentazio eta Plangintza arloko teknikaria. Iñaki Imaz Mujika jaunak, Ikerketa, Dokumentazio eta Plangintza arloko teknikariak, ordezkatu ahal izango du.
Begoña Calvo Vicandi andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Aholkularitza Juridikoaren arloko arduraduna. Idazkari lanetan ere arituko da. Unay Casado Lataburu jaunak, Aholkularitza Juridikoaren arloko teknikariak, ordezkatu ahal izango du.
2.– Hautaketa Batzordeak, hautagaiak ebaluatu ondoren, proposamena egingo dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari.
Bederatzigarrena.– Balorazio-irizpideak.
Erabakia hartzeko, Hautaketa Batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan, bakoitzari emandako puntuen arabera:
A) Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko ikerlanaren kalitatea, orokorrean. Gehienez ere, 75 puntu emango dira, honela banatuta:
– Lanaren edukia argi aurkeztuta eta egituratuta egotea (15 puntu, gehienez).
– Lanaren kalitatea (20 puntu, gehienez).
– Lehentasunezko gaiekiko egokitzapena eta helburuen betetze-maila (15 puntu, gehienez).
– Ikerlanen zabalkundearen interesa eta irismena (15 puntu, gehienez).
– Landutako gaiak alderdi berritzaileak izatea (10 puntu, gehienez).
B) Pertsona edo talde ikertzaileen ibilbide profesionala (15 puntu, gehienez).
C) Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan euskaraz egindako ikerlanak (10 puntu, gehienez).
Gutxienez 70 puntu lortzen ez dituzten hautagaiak ezetsi egingo dira.
Hautaketa Batzordearen eskutik punturik gehien jasotzen duen hautagaia proposatuko da lehiaketa honetan saritua izateko.
Hamargarrena.– Ebazpena.
1.– Hautaketa Batzordeak ebaluatuko ditu hautagaiak, esleipen-irizpideei jarraituz; ondoren, proposamena bidaliko dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari. Emakundeko zuzendariak esanbidezko ebazpena emango du, lehiaketa-prozesua amaitzeko eta saritutako hautagaiaren berri emateko.
2.– Erabakia hautagaia aurkeztu duenari jakinaraziko zaio; talde batek aurkeztu badu, berriz, taldeak koordinatzaile izateko izendatu duenari. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da hautagai saritua, horren berri denek izan dezaten.
Bide elektronikoa erabiltzen bada ebazpenaren berri emateko, jakinarazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta»ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
3.– Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilekoa izango da –gehienez ere–, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
4.– Epe horretan pertsona edo erakunde interesdunari ebazpenik jakinarazten ez bazaio, eskaera ezetsi egin dela esan nahiko du, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita (39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena).
5.– Ebazpenean, saria jaso duen hautagaia adieraziko da, eta ikerlana identifikatuko da; horretaz gainera, ordezkoen zerrenda ere jaso daiteke, onuradunak uko eginez gero ordezkoetara jo ahal izateko.
Hamaikagarrena.– Jabetza intelektualaren eskubideak.
1.– Ustiapen ekonomikorako aukera ematen duten jabetza intelektualaren eskubideak, saritutako ikerlanaren egileei dagozkienak, dohainik lagako zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari, modu ez-esklusiboan, jabetza intelektualari buruz indarrean den legerian jasotako moduan.
2.– Eskubide horiek erreproduzitzeko, banatzeko, jendaurrean komunikatzeko eta eraldatzeko eskubideak dira, eta, orobat, ekonomikoki ustiatu daitezkeen gainerakoak, hain justu ere, izaera unibertsalarekin eta egun diren hizkuntza eta prozedura ororen bitartez, jabetza intelektualari buruzko araudiaren arabera xedaezinak diren mugen eta baldintzen arabera.
Hamabigarrena.– Hautagaien betebeharrak.
1.– Lehiaketa honetan parte hartzeak oinarriak erabat onartzea eskatzen du.
2.– Saritutako ikerlanaren egileek euskarri digitalean aurkeztu behar dute ikerlanaren behin betiko testua, berrikusia; hilabeteko epea izango dute horretarako, saria eman zaiola jakinarazteko ebazpenetik aurrera; bestela, ulertuko da lehiaketan parte hartzeari uko egiten diotela.
3.– Saritu gabe geratzen diren lanak berreskuratu egin ditzakete egileek, lan sarituen berri ematen duen ebazpena argitaratu ostean. Hilabeteko epean jasotzen ez diren lanekiko ardurarik ez du hartuko Administrazioak.
4.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak aukera izango du testuaren formatua aldatzeko, gero argitaratu ahal izateko. Argitalpenean, bereziki adierazi beharko da ikerlanak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen saria jaso duela, eta Erakundearen logotipoa agertu beharko da.
Hamahirugarrena.– Datu pertsonalen tratamendua.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Laguntzak, dirulaguntzak, sariak eta bekak.
Arduraduna: Emakumearen Euskal Erakundea.
Helburua: Bekak, sariak, laguntzak eta dirulaguntzak ematea horiek eskatzen dituzten pertsonei edo erakundeei. Ikerketa-lanen zabalkundea egitea, hainbat euskarritan argitaratuta. Deialdiak ezagutaraztea.
Legitimazioa:
Interesdunaren adostasuna.
Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak erabiliz egindako misio bat betetzeko.
Hartzaileak:
– Ogasun publikoa eta zerga-administrazioa.
– Legezko interesdunak.
– Organo judizialak.
– Kontu-auzitegia edo erkidegoko baliokidea.
– Pertsona onuradun fisikoen datuak EHAAn argitaratzearen ondoriozkoak, kasua bada.
Eskubideak: Datuak eskuratu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak dituzu, bai eta informazio gehigarrian adierazten diren beste eskubide batzuk ere.
Informazio osagarria: Gure web-orrialdean duzu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/062200-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa (https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).