Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

198. zk., 2023ko urriaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4715

96/2023 EBAZPENA, urriaren 11koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan diharduten langileen ordainsarien % 0.5eko igoera gehigarria 2023. urterako onartzen duen Erabakia.

2023ko urriaren 3an egindako bilkuran, Gobernu Kontseiluak onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan diharduten langileen ordainsarien % 0.5eko igoera gehigarria 2023. urterako onartzen duen Erabakia, eta behar bezalako publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan diharduten langileen ordainsarien % 0.5eko igoera gehigarria 2023. urterako onartzen duen Erabakiaren testua, zeina eranskinean jaso baita.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 11.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

MARÍA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 11KO 96/2023 EBAZPENARENA
ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ ONARTZEN BAITA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO SEKTORE PUBLIKOAN DIHARDUTEN LANGILEN ORDAINSARIEN % 0,5EKO IGOERA GEHIGARRIA, 2023. URTERAKO

Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legeak ezartzen du zein izango diren Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan diharduten langileen ordainsariak.

Hemeretzigarren artikuluko lehen apartatuak aurreikusten du ezen, sektore publikoko langileen gastuei buruz ematen diren oinarrizko xedapenak eragotzi gabe, 2023. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko, organismo autonomoetako, zuzenbide pribatuko ente publikoetako eta sektore publikoko partzuergoetako langileen urteko guztizko ordainsariek –lan-kontratudunak ez direnen ordainsariek– ezin izango dutela % 2,5etik gorako gehikuntza orokorrik izan 2022ko abenduaren 31n indarrean dauden ordainsarien aldean, eta ordainsari horiek, betiere, homogeneotasunaren arabera kalkulatuko direla, erkaketaren bi aldietarako, bai langileen kopuruari eta antzinatasunari dagokienez, bai lanaldi-araubideari dagokionez.

19.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, aurrekontu-ekitaldian zehar indarrean daudenak izango dira lan-kontratudunak ez diren langileek jaso beharreko oinarrizko ordainsariak, bat etorriz funtzionarioen oinarrizko ordainsarien araubidea erregulatzen duten arauekin. Lan-araubideko langileei dagokienez, artikulu beraren 9. apartatuak ezartzen du ezen, 2023an, soldata-masak gehienez ere % 2,5eko gehikuntza izan ahal izango duela, 2022ko ekitaldirako ezarritakoaren aldean.

19.13 eta 19.14 artikuluek igoera bera ezartzen dute lehendakariaren, kontseilarien, goi-kargudunen eta parekatuen ordainsarietarako, bai eta behin-behineko langileen ordainsarietarako ere.

22.1 artikuluak igoera bera aurreikusten du Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako, sozietate publikoetako, fundazioetako eta sektore publikoko partzuergoetako zuzendarien ordainsarietarako.

Gobernu Kontseiluak 2023ko otsailaren 14an egindako bileran hartutako erabakiaren bidez, baimena eman zen, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, % 2,5eko ordainsari-igoera aplikatzeko 2022ko abenduaren 31n ezarritako ordainsariekiko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, organismo autonomoen, zuzenbide pribatuko erakunde publikoen eta sektore publikoko partzuergoen zerbitzuan diharduten langileentzat, bai eta lehendakariarentzat, sailburuentzat, goi-kargudunentzat eta parekatuentzat, behin-behineko langileentzat eta zuzendaritzako langileentzat ere. Halaber, baimena eman zen Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko gainerako erakundeen zerbitzuan diharduten langile lan-kontratudunen soldata-masa % 2,5 igotzeko 2022ko abenduaren 31n ezarritakoarekiko.

Arestian aipatutako igoerak sektore publikoan diharduten langileen gastuei buruz ematen diren oinarrizko xedapenei kalterik egin gabe egin behar dira. Zehazki, kontuan izan behar da zer aurrekontu-araudi arautzen den abenduaren 23ko 31/2023 Legean, zeina Estatuko 2023ko Aurrekontu Orokorrei buruzkoa baita.

Aurreko legearen 19. artikuluaren Bi.1 apartatuak ezartzen du ezen, 2023an, sektore publikoko langileen ordainsariek ezin izango dutela % 2,5etik gorako igoera orokorrik izan, 2022ko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko, alderatutako bi aldiak homogeneoak izanik, bai langile kopuruari, bai horien antzinatasunari erreparatuta.

Aipatutako 19. artikuluaren bi.2 apartatuak aurreikusten du ezen, hala badagokio, hurrengo igoera aplikatuko dela 2022ko abenduaren 31n indarrean zeuden ordainsarien aldean, eta 2023ko urtarrilaren 1eko ondorioekin:

a) Kontsumoko Prezioen Indize Harmonizatuari (KPIH) lotutako igoera. 2022ko KPIHaren eta 2023ko iraileko KPIH aurreratuaren batuketaren emaitza ehuneko 6koa baino handiagoa izanez gero, ordainsariei beste ehuneko 0,5eko igoera aplikatuko zaie.

Ondorio horietarako, behin INE Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratu eta gero zein diren iraileko KPIH aurreratuaren datuak, onartuko da igoera hori aplikatzea; horretarako, Ministro Kontseiluko erabaki bat emango du, eta erabaki hori BOEn argitaratuko da.

2023ko irailaren 28an, INE Estatistikako Institutu Nazionalak argitara eman ditu 2023ko iraileko KPIH aurreratuaren datuak (% 3,5). Nola 2022ko eta 2023ko (iraila arteko) KPI harmonizatuaren batuketak % 6 gainditzen duen, 2022ko urriko esparru-erabakia aplikatuko da, eta, hura aplikatuta, sektore publikoko langileen ordainsariak beste 0,5 igoko dira 2023ko urtarriletik aurrera.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorrean, igoera hori eztabaidatu zen, 2023ko otsailaren 16an egin zen bileran.

Azkenik, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 17.2.f) artikuluan ezarritakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio urtero ezartzea zer arau eta gidalerro bete behar diren aplika daitezen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta instituzionalaren zerbitzuko funtzionarioen ordainsari-araubidea eta administrazio horien zerbitzuko gainerako langileen soldata-baldintzak.

Horregatik, Gobernu Kontseiluari aurkeztu behar zaio, hark onar dezan, sektore publikoan diharduten langileen ordainsarien % 0,5eko igoera gehigarria, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera. Igoera hori eta aurretik onartutako % 2,5eko igoera batuta, guztira, % 3ko igoera egiten du 2022ko abenduaren 31n indarrean zeuden ordainsariekiko.

Hori guztia dela eta, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez eta gaia eztabaidatu ostean, Gobernu Kontseiluak hau erabakitzen du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan diharduten langileen ordainsarien % 0,5eko igoera gehigarria onartzea, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera. Igoera hori eta aurretik onartutako % 2,5eko igoera batuta, guztira, % 3ko igoera egiten du 2022ko abenduaren 31n indarrean zeuden ordainsariekiko.

Bigarrena.– Honako oinarrizko ordainsari hauek jasoko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko funtzionario eta estatutupeko langileek:

a) 2023ko urtarriletik abendura bitarteko nomina arruntetan, soldata eta hirurtekoengatik, hamabi hilabeteri dagozkien honako zenbateko hauek:

(Ikus .PDF)

b) 2023ko ekaineko eta abenduko aparteko paga bakoitzean, soldata eta hirurtekoengatik, honako zenbateko hauek:

(Ikus .PDF)

Hirugarrena.– 2023an, honako hau izango da lanpostu-maila bakoitzari dagokion destino osagarria, kontuan izanik zenbatekoak 12 hilekori dagozkiela:

(Ikus .PDF)

Laugarrena.– Honako hau izango da 2023. urteko destino-osagarriaren zenbatekoa, 12 hilabeteri dagokiena eta Ertzaintzaren kategoria maila bakoitzari dagokiona:

(Ikus .PDF)

Bosgarrena.– 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, funtzionarioen gainerako ordainsari osagarriak, halaber, ehuneko % 3 igoko dira 2022ko abenduaren 31n indarrean zeuden ordainsariekiko. Hala ere, aldaketa batzuk egiteko modua izango da programa bakoitzari atxikitako langile kopurua aldatzen bada, programari ezarritako helburuen betetze-mailaren ondorioz eta programa aplikatzearen banakako emaitzen ondorioz.

Seigarrena.– 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, hauek izango dira lehendakariaren, sailburuen, goi-kargudunen eta parekoen ordainsariak:

(Ikus .PDF)

Zazpigarrena.– 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, % 3 igoko dira behin-behineko langileen ordainsariak 2022ko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko, hargatik eragotzi gabe antzinatasunagatik egokitu dakiekeena.

Zortzigarrena.– Justizia Administrazioan diharduten langileen ordainsariak berariazko araudian xedatutakoaren arabera arautuko dira.

Bederatzigarrena.– 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, % 3 igoko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean, haren organismo autonomoetan eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua zuzenbide pribatuko ente publikoan diharduten langile lan-kontratudunen ordainsariak 2022ko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko.

Hamargarrena.– 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko gainerako entitateen zerbitzuan diharduten langile lan-kontratudunen soldata-masak ezin izango dira igo % 3 baino gehiago, 2022ko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko.

Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa da 2023ko soldata-masaren gehieneko muga, zeina negoziazio kolektiboaren bidez erabakiko baita nola banatu eta aplikatu modu indibidualean.

Hamaikagarrena.– Osagarri pertsonalak eta iragankorrak, baita zerbitzuarengatiko kalte-ordainak ere, beren araudi espezifikoaren arabera arautuko dira, eta, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, haien zenbateko indibidualak ezin izango dira igo % 3 baino gehiago, 2022ko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko.

Halaber, ordainsari-kontzeptu batzuk erabaki honetan xedatzen denetik salbuetsita geratuko dira, baldin eta haien araubideak, aplikagarri zaien araudiari jarraituz, baztertzen badu ordainsari-igoera orokorraren bidez eguneratzea.

Hamabigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.


Azterketa dokumentala