Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

198. zk., 2023ko urriaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
4708

9/2023 LEGEA, irailaren 28koa, Euskadiko Memoria Historikoarena eta Demokratikoarena.

Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoari buruzko irailaren 28ko 9/2023 Legea.

ZIOEN AZALPENA
I

Eusko Legebiltzarrak eta beste euskal erakunde batzuek sarritan azaldu dute beren konpromisoa memoria historikoaren alde eta kolpe militarraren, atzetik etorri zen gerraren eta ondorengo diktadura frankistaren biktimak aitortzeko eta dagokien erreparazioa emateko tresna egokiak ezartzearen alde. Esan daiteke horren inguruan dagoen adostasun sozial, politiko eta instituzionala oso zabala dela, eta lege honen helburua da adostasun hori gauzatzea, egia, justizia eta memoria bideratzeko borondatearekin, gertatutakoa ez errepikatzeko bermeak ezarriko dituen tresna bat sortuz.

Euskal Autonomia Erkidegoak berrogei urte baino gehiago daramatza demokrazian bizitzen, eta hamabost urte baino gehiago igaro dira erakundeek memoria historikoa eta demokratikoa berreskuratzeko konpromisoa hartu zutenetik. Hori dela eta, euskal erakundeetatik heldutasunez heldu ahal izan zaio Gerra Zibileko eta diktadura frankistako memoria historikoa berreskuratzeko lana sendotu eta burutzeko xedea duen lege hau idazteari. Inoiz gertatu behar ez ziren eta berriro gertatu behar ez diren gertakari historikoen bidegabekeria jasan zuten biktimak gogoratuz heldu diogu. Memoria berreskuratzea, aldi berean, etorkizunerako ariketa bat ere bada. Memoriak gordetzen duen ondare demokratikoak oraingo eta etorkizuneko bizikidetzaren oinarri izan behar du, baita balio etiko eta printzipio demokratikoen bultzatzaile ere.

Euskal Autonomia Erkidegoak Bigarren Errepublikaren kontrako 1936ko kolpe militarraren ondorioak jasan zituen. Errepublika horri esker, aurrerapen garrantzitsuak egin ziren eskubide zibil, politiko eta sozialetan, eta onetsi ahal izan zen, hain zuzen ere, Euskadiren lehenengo Autonomia Estatutua, 1936ko urriaren 1ean onartu baitzuten Gorteek eta, ondorioz, lehenengo Eusko Jaurlaritza eratu zen, Gernikan, 1936ko urriaren 7an.

Kolpe militar hori, Gerra Zibila ekarri eta legez kontrako Estatua ezartzeaz gain, diktadura garai luze baten aurrekaria izan zen. Trantsizioak, tamalez, ez zuen saihestu giza eskubideen urraketa zio politikoengatiko indarkeria-testuinguru batean. Bi gertakariek, Gerra Zibilak eta diktadurak, eragin traumatikoa izan zuten euskal gizartean eta gerraren eta diktadura frankistaren biktimen gain, eta, ikuspegi demokratiko batetik begiratuta, nazioarteko zuzenbide humanitarioa bortxatzea eta giza eskubideak urratzea eragin zuten.

Euskadiko memoria demokratikoa iragan horretako oroipenak oinarri hartuta eta ezagutza historiko zehatzetik abiatuta eraikitzea da kultura demokratikoa indartzeko modurik sendoena, ukapenezko diskurtsoei, bazterkeriari eta tolerantziarik ezari aurre egiteko, eta gure etorkizuna bizikidetza demokratikoan oinarrituko dela ziurtatzeko.

II

Euskadiko Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legea giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen testuinguruan sartzen da, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren jarduera-esparrura eratortzen diren diziplina hartako betebeharrei erantzuten die, edukia emanez. Lege hau eta haren arau-garapena interpretatuko dira giza eskubideen bortxaketa larrien biktimen eskubideei buruzko nazioarteko araudiaren eta aplikatzekoak diren nazioarteko itunen arabera, babesten dituen biktimak giza eskubideen bortxaketa larriak jasan baitzituzten.

Konstituzionaltasun unibertsaleko benetako bloke gisa har daitezke Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala (1948) eta eskubide zibilen eta politikoen nazioarteko itunak, batetik, eta, bestetik, eskubide ekonomiko, sozial eta kulturaletako nazioarteko itunak (1966). Horiez haratago, honako hau da arlo honetako ezinbesteko erreferentzia-puntua: 60/147 Ebazpena, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2005eko abenduaren 16an onartu zuena, giza eskubideen nazioarteko arauen ageriko bortxaketen biktimek eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren bortxaketa larrien biktimek errekurtsoak aurkezteko eta erreparazioa lortzeko duten eskubideari buruzko oinarrizko printzipio eta jarraibideak ezartzen dituena. Gaiaren erreferentzia gisa hartzeko corpus unibertsalaren parte dira, orobat, nazioarteko zuzenbidearen printzipio hauek ere: Nurenbergeko Nazioarteko Auzitegi Militarraren Estatutuaren eta auzitegi horren epaitzaren bidez aitortutakoak –Nazio Batuen Batzar Nagusiaren 1946ko abenduaren 11ko 95. Ebazpenaren bidez berretsitakoak–, eta gerrako krimenen edo gizateriaren aurkako krimenen errudunak identifikatzeko, atxilotzeko, estraditatzeko eta zigortzeko nazioarteko lankidetza-printzipioak, Batzar Nagusiaren 1973ko abenduaren 3ko 3074 (XXVIII) Ebazpenean jasotakoak.

60/147 Ebazpenean egituratzen da hiru hanka hauek dituen mahaia: egia jakiteko eskubidea, justizia izateko eskubidea eta erreparazioa izateko eskubidea. Horixe izango litzateke gutxienekoen programa arauemailea, nazioarteko zigor-zuzenbideko eta nazioarteko zuzenbide humanitarioko krimen larrienek suntsitutako edozein gizarteri oinarri demokratikoan eta zuzenbidekoan sortzen lagundu beharko liokeena.

Aipatutako printzipioek biktimek eta gizarte osoak dituzten eskubideen dimentsio bikoitz batera zuzentzen dute, banakoena eta taldekoa, eskubidea baitute jakiteko zein izan ziren giza eskubideen bortxaketa sistematikoen ereduak. Izan ere, funtsezko elementua da etorkizunean krimen horiek berriro gertatzea saihesteko programa arauemaileak ezartzeko eta, aldi berean, bizikidetzaren oinarri demokratikoak finkatu eta sendotzeko. Erreparatu daitekeena erreparatzea da helburua, zer gertatu zen jakitea, berriro gerta ez dadin; horrela, egiak, nazioartean azaleratzen ari den eskubidea den aldetik, biktimei eta gizarte osoari lagun diezaion, zuzenbide-estatuaren filosofian egituratutako itun sozial berri baten eragile gisa. Ondorio horietarako, 2011ko irailaren 29an, Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluaren 18/7 Ebazpenaren bidez, egia, justizia, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermeen sustapenerako errelatore bereziaren mandatua ezarri zen. Horrek agerian jartzen du estatu demokratiko orok premia saihetsezina duela aurre egiteko, baita legegintzako neurriekin ere, giza eskubideen nazioarteko arauen ageriko bortxaketak eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren bortxaketa larriak gertatu diren egoerei. Egia, justizia eta erreparazioa, horrela, behin betiko lotuta geratuko dira berriz ez gertatzeko neurriei, ahaleginak etorkizunaren aldeko memoria demokratiko baterantz bideratzeko bektore gisa.

Arau-esparru hori, hazten ari den nazioarteko estandar gisa, Estatuko eta Estatuz azpiko ordenamendu juridikoetara eraman behar da. Espainiako Estatuaren kasuan, Konstituzioaren 10.2 artikuluaren bitartez. Artikulu horretan ezarritakoari jarraituz, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren eta Espainiak gai horren gainean berretsi dituen nazioarteko tratatu eta akordioen arabera interpretatu behar dira oinarrizko eskubideei eta askatasunei buruzko arauak, Amnistiari buruzko urriaren 15eko 46/1977 Legea barne. 20/2022 Legea, urriaren 19koa, Memoria Demokratikoari buruzkoa, helburu duena memoria demokratikoa berreskuratzea, babestea eta zabaltzea eta biktimak erreparatzea, zuzenean dago lotuta aipatu nazioarteko estandarrekin, eta, bere eskumen-esparruan, barne-jurisdikzioan aplikatzen du arau-esparru hura.

Arlo judizialean, hala dagokionean eta indarrean dagoen legedi aplikagarriaren arabera, irizten zaio erregimen frankistak Euskal Autonomia Erkidegoan arrazoi politikoengatik instruitutako auzien eta gerra-kontseiluen epai eta ebazpenen erabateko deuseztasuna dagoela, jatorrizkoa edo gerora sortutakoa. Hori guztia ordenamendu juridiko osoarekin bat etorriz, barne hartuta nazioarteko zuzenbideko arauak zein barne-zuzenbidekoak, zeinek legez kanpokotzat jotzen baitituzte Okupazio Armadaren Gerrako Auditoretzaren auzitegiak, geroago VI. Eskualde Militarreko Auditoretzaren auzitegi deituak, 1938tik 1978ko abendura bitartean aritu zirenak Euskal Autonomia Erkidegoan, legearen kontrakoak izateagatik eta bidezko epaiketarako eskubidearen eskakizun oinarrizkoenak urratzeagatik.

Era berean, zuzenbidearen aurkakoak izateagatik eta bidezko epaiketarako eskubidearen eskakizun oinarrizkoenak urratzeagatik, bai eta prozesu horietan larderia eta babesgabetasuna izateagatik ere, irizten zaio, hala dagokionean eta indarrean dagoen legedi aplikagarriaren arabera, zigorren eta zehapenen deuseztasuna eta Masoneria eta Komunismoa Zigortzeko Auzitegiaren zilegitasunik eza dagoela, bai eta arrazoi politikoengatik, ideologikoengatik, kontzientzia-arrazoiengatik edo erlijio-sinesmenengatik sortutako erantzukizun politikoen auzitegien eta gerra-kontseiluen zilegitasunik eza ere, antolamendu juridiko osoarekin bat etorriz, non nazioarteko zuzenbideko zein barne-zuzenbideko arauak sartzen diren.

Euskadiko Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legeak jarduera-ildo horretan jarraitzen du, eta garatu egiten du, dituen eskumenen arabera. Autonomia Estatutuaren 9. artikuluak printzipio gidari gisa ezartzen du botere publikoek herritarren oinarrizko eskubide eta betebeharren erabilera egokia zaindu eta bermatuko dutela, eta bizi-baldintzak hobetzera bideratutako politika bultzatuko dutela. Botere publikoei dagokie, baita ere, baldintzak sortzera eta oztopoak desagerraraztera bideratutako neurriak hartzea, gizakien eta gizataldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eraginkorrak izan daitezen. Betebehar hori bat dator Espainiako Konstituzioaren 9.2 artikuluan ezarritakoarekin, eta, beraz, pertsonaren eta, ondorioz, gure gizartearen babes- eta erreparazio-esparru ezbairik gabe intenporal bat gaitzen du. Aurretiko oinarri horren gainean, Euskadiko Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legea Gernikako Estatutuaren 10.39 artikuluaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoari dagokion eta garapen komunitarioa berariaz aipatzen duen eskumen-tituluan oinarritzen da. Euskal Autonomia Erkidegoko lege honek estandar unibertsalak eta Europakoak eta Estatuko oinarri arauemaileak areagotzen eta zabaltzen ditu, modu osagarrian, bere arloan, eta bere erreferentziazko komunitatean proiektatzen ditu, kalitate handiagoko kultura demokratiko baten alde, giza eskubideak betetzeko estandarrak igotzearen alde, eta eskubide horien bortxaketen biktimak behar bezala eta osotara aitortzearen alde.

III

Euskadiko Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legeak, ordea, ez du hutsetik hasten arlo horretako jardun publiko eta instituzionala. Aldiz, beste urrats bat da, eta arau bidez sendotu, sustatu eta zabaldu egiten du orain arte garatutako ekintzen bolumena.

Laurogeiko hamarkadan hasi ziren lehenengo jarduerak egiten Gerra Zibilak eta ondorengo errepresioak ekarritako ondorio pertsonal eta profesional batzuk erreparatzeko asmoz. Hauek egin ziren, besteak beste:

11/1983 Legea, ekainaren 22koa, Euskal Herriko Autonomia-Arduralaritzari zerbitzu egindako lanarien lanbide eta gozamen-eskubideekikoa;

8/1985 Legea, urriaren 23koa, Euskal Herriko Autonomiazko Arduralaritzan zerbitzu egin zuen langilegoaren lanbide eta gozamen-eskubideei buruzko ekainaren 22ko 11/1983 Legea osatzezkoa;

1/1986 Legegintzako Dekretua, maiatzaren 13koa, Euskal Herriko Autonomia-Administrazioan bere zerbitzuak egin zituen langilegoaren lanbide eta gozamen-eskubideei buruzko Eraberritutako Idazkera onartzezkoa;

8/1994 Legea, maiatzaren 27koa, Euskal Autonomi Elkarteaz kanpoko euskal gizatalde eta etxeekiko harremanetarakoa (3.2 eta 11. artikuluak);

3/2002 Legea, martxoaren 27koa, ikastolak legez normalizatu aurretik ikastetxe horietan irakasten aritutakoak aintzat hartzeari eta ordaina emateari buruzkoa;

280/2002 Dekretua, azaroaren 19koa, Amnistiari buruzko Legean jasotako kasuen ondorioz askatasun-gabetzea jasan zuten pertsonentzako konpentsazioari buruzkoa;

99/2003 Dekretua, maiatzaren 6koa, ikastolak legez normalizatu aurretik ikastetxe horietan irakasten aritutakoak aintzat hartzeari eta ordaina emateari buruzko 3/2002 Legea garatzen duena;

22/2006 Dekretua, otsailaren 14koa, askatasun-gabetzea jasandako pertsonei, Langile Soldaduen Diziplina Batailoietan egondakoei barne, konpentsazio ekonomikoak emateko ebazpenak ezartzen dituena, Amnistiari buruzko Legean jasotako kasuen ondorioz askatasun-gabetzea jasan zuten pertsonentzako konpentsazioari buruzko azaroaren 19ko 280/2002 Dekretuan araututako baldintza eta betebeharrak izan ditzaten, arau honetan aurreikusitako prozedura-aldaketak salbu.

Baina mende-aldaketarekin areagotu ziren horrelako politika publikoak, elkarte memorialistak sustatzen hasi ziren ekimenekin bat etorriz. Une horretatik aurrera, politika publikoek ikusgarritasun sozial handiagoa hartu zuten, gorpuzkiak berreskuratzean eta hobiak irekitzean jarri zenean arreta. Bada, 2002ko abenduaren 10a une bereziki sinbolikoa izan zen, Gobernu Kontseiluak sailarteko batzorde bat eratu baitzuen Gerra Zibilean desagertutako pertsonen hobiak ikertzeko eta lokalizatzeko. Horrek erakusten eta sendotzen zuen Euskal Autonomia Erkidegoa buru zela memoria historikoa berreskuratzearen arloan, ordurako norabide argia zuena justizia, egia eta erreparazioa izan zitezen, besteak beste, kultura demokratikoan aurrera egiteko aukera emango zuten kontzeptuak. Horren ondorio garrantzitsuena izan zen 2003an lankidetza-hitzarmen bat sinatu zela Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen artean. Elkarte hori aitzindaria izan zen Estatu osoan Gerra Zibileko hobi komunak ateratzen eta errepresio frankistari buruzko ikerketak egiten. Hitzarmen horri esker, etenik gabe egin ahal izan dira memoriaren gaineko ekintzak, eta jarduera hori erreferentzia izan da Estatuan.

Une horretatik aurrera asko ugaritu ziren Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek abian jarri zituzten ekimenak, batzuetan gizarte zibil antolatuaren lankidetzarekin edo Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren biktimen senideekin, eta, beste batzuetan, gizartearen bultzadarekin. Horrela, gero eta ekimen gehiago egin dira, esate baterako frankismoaren kontrako borrokaren leku sinbolikoak berreskuratzeko, gorpuzkiak desobiratzeko, artxiboak berrantolatzeko, gertakari historikoen gainean ikerketak eta dibulgazioa egiteko, datu-baseak egiteko edo testigantzak jasotzeko, besteak beste.

Memoriari eta biktimen erreparazioari buruzko politiketan egin den beste jauzi kualitatibo bat izan da 107/2012 Dekretua, ekainaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzekoa eta biktima horiei ordainak ematekoa.

Memoriari buruzko politika publikoen instituzionalizazioa gorenera iritsi zen onetsi zenean 4/2014 Legea, azaroaren 27koa, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua (aurrerantzean, Gogora Institutua) sortzekoa. Hain zuzen ere, erakunde horren esku uzten da Euskal Autonomia Erkidegoko memoriari buruzko politika publikoen sustapen artikulatu eta integrala. Gogora Institutuaren funtzionamendua Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren Estatutuei buruzko azaroaren 3ko 204/2015 Dekretuak arautzen du.

Sortu zenetik, 2015. urtean, Gogora Institutuak lau urterako jarduketa-plan bat onartu eta garatu du. Horrela, memoria historikoa ikertzeko eta zabaltzeko hainbat ekimen egin dira, baita Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren biktimak aitortzeko eta omentzeko hainbat ekitaldi ere. Hori guztia, gainera, Zuzendaritza Kontseiluan ordezkatuta dagoen aniztasunaren barruan adostasun-maila handia izanik garatu da. Hasieran egindako bide honetan, elkarrekintzarako guneak sortu ditu Gogora Institutuak, bai gizartearekiko, bai biktimen senideekiko, bai elkarte memorialistekiko; halaber, arreta handia ipini du hezkuntza arautuko ikasleekin ere partaidetza berezia sortzeko. Ildo berean, bere dokumentazio-zentroa erreferentziazkoa bilakatu da Euskadiko memoria historikoarekin zerikusia duten gaiei buruzko gordailuak eta kontsultak egiteko.

IV

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzeko 2014ko azaroan onartu zen legeak aukera eman zuen memoria-politiken egitura bultzatuko zuen subjektu instituzionala eta haren eskumenak arautzeko. Modu osagarrian, orain lege honekin sustatzen ari garen lege-tresnak bateratu eta zehaztu egiten du jarduera horien eremua.

Azken bi hamarkadetan, frankismoaren biktimen aitortza eta lehengoratze morala, eta memoria historikoaren egiaren erreparazioa, adostasun-maila handiz partekatu dute euskal gizarteak, eragile sozialek eta bertako erakundeek. Misio horren eta berau modu partekatuan burutzeko erabakitasunaren arau bidezko isla gisa eratzen den tresna bat da lege hau.

Hain zuzen ere, Euskadiko Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legeak, politika publikoei zentzu-batasuna emateaz gain, haien segurtasun juridikoa indartzen laguntzen du, eta zehaztasuna ematen die haien edukiei. Eta horrek guztiak baldintza egokiak eragiten ditu iraganeko memoria kritikoa ezinbestean etorkizunari begiratzeko bokazioarekin lotzeko.

Euskadiko Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legeak ez dio iraganari begiratzen Gerra Zibilak eta ondorengo errepresioak Euskal Autonomia Erkidegoan eragin zituzten sufrimenduan eta min bidegabean erremediorik gabe harrapatuta geratzeko. Legearen xedeak, atzera begira, memoria historikoa du oinarri, baina begirada eta helburu nagusia aurrerantz jarriak ditu, demokraziarantz. Koherentzia, sakontasuna eta bultzada instituzionala eman nahi dizkie egia, justizia eta erreparazioa lortzen lagundu dezaketen politika publikoei, berriro ez gertatzeko neurriak barne, 1936tik 1978ra bitartean gertatu ziren giza eskubideen bortxaketa larriei dagokienez. Gizarteek fenomeno makrokriminalak, gizateriaren aurkako krimenak eta gerrako krimen larriak jasaten dituztenean, Justizia Administrazioaren eskema tradizionalek ez dute indarrik izaten, eta blokeaturik egoten dira, batez ere, Espainiako Gerra Zibilaren kasuan gertatu bezala, gerraren ondoren diktadura-garai luze bat izan eta, ondorioz, errepresioa luzatu egin baitzen, demokraziaren erakundetzea iritsi zen arte.

Sustatu nahi bada justua, bakezalea eta bizikidetza demokratikoaren aldekoa den gizarte bat, halabeharrez, tentsio erne bat beharko da, denboran zehar mantendua, eta, ezinbesteko justizia-ekintza gisa, gizartearen zauri larriak pixkanaka sendatzen lagunduko duena. Izan ere, demokrazia ezin da bere berme guztiekin eta modu indartsu eta iraunkorrean ezarri baldin eta ezin baditu baldintza egokiak sortu aniztasun ideologiko zabaleko eztabaida publiko legitimoa egiteko, betiere iraganeko giza eskubideen bortxaketa larri eta sistematikoen kausak eta ondorioak ezagutuko diren esparru batean, antidotoa izan dadin gizarte zibilarentzat. Horrela, zuzenbide-estatua eta giza eskubideak ezinbesteko abiapuntu funtsezko izango dira, horietatik abiatuta demokratikoki antolatzeko dauden desadostasunak. Alde horretatik, beharrezkoa da, gainera, genero-ikuspegitik ere berreskuratzea memoria historikoa, ikuspegi oso eta testuinguruduna izateko, emakumeek jasan zuten indarkeria guztia aztertu eta erreparatu ahal izateko, giza eskubideen kultura inklusiboa eraikitzeko xedez.

Bereziki garrantzitsua eta beharrezkoa da azaltzea memoria historikoa berreskuratzean genero-ikuspegia txertatu izanak eman duela bidea jakiteko gizonak eta emakumeak indarkeria-mota desberdinen mende daudela gatazka- eta gatazka-osteko egoeretan, eta, indarkeria berdinen biktima izan arren ere, indarkeria horiek beren bizitzetan eragin desberdinak dituztela, gizartean betetzen dituzten rolengatik, une horretan nagusi den gizarte-ereduaren arabera. Horri gehitzen badizkiogu emakumeen eta gizonen arteko aurretiazko botere-harremanak, desberdinkeria ezaugarri dutenak, egiaztatuta geratuko da emakumeen zaurgarritasuna nabarmen handiagoa dela gatazka-egoeretan.

V

Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legeak hamabi kapitulu ditu, eta xedapen multzoa testuaren amaieran. Xedapen orokorrek egiten dute testuaren sarrera, legearen xedea eta zertarakoa azalduz, eta oinarri dituen printzipio orokorrak eta hartzaile dituen pertsonak zehaztuz.

II. kapituluan egia jakiteko eskubidea lantzen da. Gizarte osoak eta bereziki biktima guztiek duten eskubidea da, eta helburu du Gerra Zibilean eta diktadura frankistan gertatutakoa jakitea. Horretarako, ekimen publikoko hainbat ildo zehatz zabaltzen dira, Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren biktimak identifikatzeko ikerketak sustatzeko eta, aldi berean, kolpe militarrak eta ondorengo errepresio-erregimenak eta oinarrizko askatasunen gabeziak ezarri zuen iragan hori argitzen laguntzeko.

Horretarako, talde zientifiko profesional bat sortzen da, egia ezagutu eta zabaltzeko.

III. kapituluak biktimek justizia izateko duten eskubidea jasotzen du. Horrela, aipatzen dira Justizia Administrazioarekiko lankidetza, gorpuzkirik aurkituz gero delituren bat egin izanaren zantzuak jakinaraztea eta prozesu-egintzak hasteko moduak. Horretarako, Arartekoren eta nazioarteko erakundeen gomendioei jarraitzen zaie, zigorgabetasuna eragozteko eta justizia izateko eskubidea gauzatzeko neurriak bultzatuz.

Frankismoaren biktimek Justizia Administrazioa baliatzeko eskubidea dute, gizateriaren aurkako delituengatik erantzukizunak eskatzeko eta erabateko justizia lortu ahal izateko. Horretarako, aurreikusten da Gogora Institutuak beharrezko baliabideak izango dituela, lege honen onuradun izan daitezkeenei informazioa eta aholkularitza modu proaktiboan eskaintzeko, ordenamenduan aurreikusitako ekintzak gauzatze aldera.

IV. kapituluak biktimek aitortza eta erreparazioa izateko duten eskubidea arautzen du. Alde batetik, aitortza orokor bat izateko eskubidea arautzen da: Eusko Jaurlaritzak egindako dokumentu pertsonalizatu eta instituzional bat eskuratzeko aukera. Gainera, Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren biktimak oroitu eta omentzeko egun bat ezarri behar dela azaltzen da; Gogora Institutuari agintzen dio biktimak aitortzeko eta omenaldia egiteko jarduerak antolatzeko, eta aipatzen du adostasuna sustatu behar dela, ahalik eta alderdi politiko gehienen babesa lortuta, memoria historikoaren erreparazio instituzionalerako deklarazio bat egiteko.

V. kapituluak dibulgazioa eta hezkuntza aztertzen ditu. Zeregin horiek ezinbestekoak dira lege honetan, memoria babesteko eta gertatutakoaren gaineko hausnarketa kritikoa sortzeko. Horretarako, lehenik eta behin, memoriaren dibulgaziorako neurriak nabarmendu dira; adibidez, Gogora Institutuaren dokumentazio-zentroa sendotzea, eta erakusgune bat sortzea Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren egoitzan bertan. Gainera, azpimarratzen du ikerketa historikoa bultzatu behar dela Bigarren Errepublikatik hasi eta demokraziara arte, eta biltzarrak, jardunaldiak, erakusketak eta bestelako jarduerak antolatu behar direla Euskadiko memoria historikoa eta demokratikoaren zabalkundea bermatzeko.

Bigarrenik, funtsezko lankidetza-bide bat ezarri da Hezkuntza Sailarekin, tresna didaktikoak garatzeko eta, horrela, memoria historikoa txertatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-curriculumean. Heziketa-lan hori beste jarduera batzuekin osatu beharko da, adibidez ikasleentzako erakusketak, ibilbideak edo eremuak bisitatuz. Horrela, bermatu ahal izango da ikasleek jakingo dutela zer gertatu zen Euskadin aipatutako aldian.

Lege honen VI. kapituluak dioenaren arabera, Gogora Institutuari dagokio Gerra Zibilean desagertutako pertsonak lokalizatzeko jarduerak egitea eta, lokalizatuz gero, gorpuzkiak identifikatzea. Bada, ezarritako protokoloari jarraikiz egingo dira prozesu horiek. Gainera, aipatutako institutuari dagokio hobien mapa egitea, desagertutakoen senideekin harremanetan ipintzea eta desagertutako pertsonen gorpuzkiak dituzten kolunbarioak omenaldirako eta oroipenerako leku gisa babestea.

Halaber, legeak ezartzen du hitzarmenak sinatu behar direla gainerako autonomia-erkidegoekin edo Espainiako Gobernuarekin, ahalik eta desagertutako pertsona gehien berreskuratzeko. Era berean, zehaztu egiten du behar diren kudeaketak hasi behar direla Cuelgamuroseko Haranean (lehenago Erorien Harana izenekoan) hobiratutako gorpuzkiak berreskuratzeko, senideek hala eskatzen dutenean.

VII. kapituluak Euskadiko memoria historikoaren lekuak, ibilbideak eta guneak aztertzen ditu. Orokorrean definitzen dira leku horiek, eta aipatzen da katalogo bat sortuko dela eta leku horiek babestu eta zaintzeko modua arautuko dela erregelamendu bidez.

VIII. kapituluan daude azalduta memoria historikoaren kontrako ikurrak. Izan ere, horrelako elementu, sari eta ohore instituzional gehienak azken urteetan kendu diren arren, oraindik badaude behin betiko ezabatu behar diren aztarna batzuk.

IX. kapituluan Euskadiko memoria historikoari eta demokratikoari buruzko dokumentuak aztertzen dira. Euskadiko dokumentu-ondarearen barruan ez dauden dokumentuak horrelakotzat hartu ahal izango ditu arlo horretan eskumena duen sailak. Gainera, gomendatzen da beharrezkoak diren jarduerak egin daitezela Euskadirentzat interesgarriak diren dokumentu-funts eta ahozko testigantza guztiak bildu eta berreskuratzeko, memoria historikoaren eta demokratikoaren dokumentu gisa, eta haietarako sarbide askea izatea sustatuko da. Batez ere, azpimarratzen da Eusko Jaurlaritzak behar adina neurri sustatuko dituela Gerra Zibilean zein diktadura frankistan konfiskatutako dokumentuak berreskuratzeko, bai eta sekretupean dauden edo erreserbatuak diren artxiboetarako sarbidea errazteko ere.

X. kapituluan aitortza egiten zaio mugimendu asoziatiboari, Euskadiko memoria historikoa eta demokratikoa berreskuratzeko eta biktimak defendatzeko egin duen lanagatik. Era berean, neurriak ezartzen ditu haien partaidetza sustatzeko eta, horretarako, memoria historikoko entitateen direktorio bat eta aholku-batzorde bat sortzen ditu.

XI. kapituluan jarduketa eta antolakuntza administratiboari buruzko artikuluak daude garatuta. Gogora Institutuari dagokio lege honetan ezarritako neurriak garatu eta bultzatzea, eta lau urterako jarduketa-plan bat egin beharko du legegintzaldi bakoitzaren hasieran. Era berean, Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluari ematen zaio institutuaren aurrekontua eta jarduketa-gidalerro nagusiak onesteko eskumena, 4/2014 Legean xedatutakoari jarraikiz.

XII. kapituluan, azkenik, zehapen-araubidea ezartzen da. Legearen amaieran, gainera, bost xedapen gehigarri, hiru xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen daude. Lehenengo xedapen gehigarriak Gogora Institutuari ematen dio ardura azterlan bat susta dezan biktimentzako diruzko erreparazio-neurriek izan duten estaldura-mailei eta konpon litezkeen hutsuneei buruzko ondorioak ateratzeko. Bigarren xedapen gehigarrian, adierazten da 29. artikuluan arautzen den Euskadiko memoria historikoko lekuen katalogoa dekretuz onartuko dela. Hirugarren xedapen gehigarrian Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Legean urtero zuzkidura ekonomiko bat ezartzeko betebeharra aurreikusten da, legea betetzeko. Laugarren xedapen gehigarrian, berriz, diktadura frankistan poliobirusak erasandako pertsonentzako aitortza bat ezartzen da. Bosgarren xedapen gehigarrian aldatu egiten da Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzeko azaroaren 27ko 4/2014 Legearen 8. artikulua, Gogoraren Zuzendaritza Kontseiluari buruzkoa. Lehenengo xedapen iragankorrak legea indarrean jarri baino lehen hasi diren prozedurei buruzko xedapenak ematen ditu. Bigarren xedapen iragankorrak jasotzen du Eusko Jaurlaritzak jarduerak egingo dituela Euskadiko memoria historikoari buruzkoa den eta Estatuaren jabetzakoa den dokumentu-ondarea lekualdatu ahal izateko. Hirugarren xedapen iragankorrean aurreikusten da Gerra Zibilaren eta diktaduraren biktimak hobitik ateratzeko jarduketa-protokoloaren behin-behineko araubidea, lege honen 20.3 artikuluan aurreikusitakoa onetsi bitartean. Xedapen indargabetzaile bakarrak indarrik gabe uzten ditu lege honen edukiaren kontra egiten duten manuak. Azken xedapenetako lehenengoak lege honen erregelamendu bidezko garapena zehazten du. Bukatzeko, azken xedapenetako bigarrenak legea indarrean noiz jarriko den ezartzen du.

I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea eta zertarakoa.

Lege honen xedea da Euskadiko memoria historikorako eta demokratikorako politika publikoak arautzea, biktimen erreparazio integrala sustatzeko eta arrazoi politiko, sindikal edo ideologikoengatik edo beren sinesmenengatik, sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik edo bestelako arrazoi diskriminatzaile eta bidegabeengatik Gerra Zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria jasan zutenen memoria pertsonala eta kolektiboa, familiarra eta soziala berreskuratzea sustatzeko. Horrez gain, balio eta printzipio demokratikoak bultzatu nahi dira, barne hartzen duen denbora-tartean, hau da, Gerra Zibilean eta diktadura frankistan, izandako gertaeren eta inguruabarren ezagutza erraztuz.

Halaber, lege honen xede da memoria demokratikoa berreskuratzea, babestea eta zabaltzea, memoria demokratiko hori ulerturik balio demokratikoen, oinarrizko askatasunen eta eskubideen defentsaren ezaguera gisa, eta 1936ko kolpe militarraren eta diktadura frankistaren aurrean eskubide eta balio horiek defendatu zituztenen ezaguera, aitortza eta duintze gisa.

Horretarako, lege honek beharrezko bitartekoak antolatuko ditu biktimen memoria berreskuratzeko, lehengoratzeko eta birgaitzeko; zabalkundea eta aitortza soziala bultzatzeko; lehengoratzea eta erreparazioa errazteko, biktimaren izaera edozein izanik ere, eta, halaber, sustatzeko zigorgabetasunak ez dezan jarraitu erantzuleak babesten, modu batean edo bestean kolpe militarra burutzen lagundu eta erraztu zutenak. Azkenik, bermatuko du neurri egokiak ezarri eta mantenduko direla, ziurtatzeko halakorik ez dela berriz gertatuko, eta demokrazia defendatuko dela, uko egin ezinezko ondasun erkide gisa.

Gaitzetsi eta kondenatu egiten dira 1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpea eta ondorengo diktadura frankista, printzipio eta balio demokratikoak eta biktimen duintasuna berretsiz, lege honen xedearen parte izanik.

2. artikulua.– Printzipio orokorrak.

1.– Legeak printzipio hauek ditu oinarri: egia, justizia, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermea. Halaber, balio demokratiko hauetan dago oinarrituta: elkartasuna, bizikidetza, aniztasun politikoa, giza eskubideen defentsa, bakearen kultura eta emakumeen eta gizonen berdintasuna.

2.– Lege hau aplikatu eta interpretatzeko, Konstituzioaren 10.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz, honako hauen arabera jokatuko da: nazioarteko zuzenbide humanitarioaren printzipioak eta, bereziki, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalarenak, Giza Eskubideen Europako Konbentzioa, Genevako konbentzioak eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren, Nazioarteko Zigor Auzitegiaren eta Nazioarteko Justizia Auzitegiaren jurisprudentzia.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak behar adina neurri hartuko ditu, ordenamendu juridikoan jasotako bermeak hertsiki errespetatuz, honako eskubide hauek gauzatu daitezen:

a) Egia jakiteko eskubidea. Gerra Zibilean eta diktadura frankistan gertatutako giza eskubideen bortxaketak ezagutzeko eta ikertzeko eskubidea. Halaber, barne hartuko ditu egoerarik okerrenetan ere askatasuna eta demokrazia defendatzeko ahaleginari buruzko ezagutza eta ikerketa sustatzen duten jarduera guztiak.

b) Justizia izateko eskubidea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumenen baitan, Gerra Zibila, diktadura frankista eta 1978ko Konstituzioa indarrean sartu arteko demokraziarako trantsizioa hartzen dituen aldiari dagokiona.

c) Aitortza eta erabateko erreparazio eraginkorra izateko eskubidea, bortxaketaren astuntasunari eta jasandako kalteei dagokien neurrian; horretarako, beharrezkoak dira neurri indibidual eta kolektiboak, erreparazio morala, eta lehengoratzearekin, kalte-ordainarekin, berrezartzearekin eta ordainarekin lotutako neurriak.

4.– Aurreko paragrafoan aipatutako eskubideak memoria-betebeharrarekin osatu behar dira, aldi historiko horretan gertatu ziren indarkeriazko gertaerak eta egoerak ez errepikatzeko berme gisa.

3. artikulua.– Denbora-eremua.

Lege honen aplikazioan kontuan hartuko den denbora-eremua 1936ko uztailaren 18tik 1978ko abenduaren 29ra bitartekoa da, gaur egun indarrean dagoen beste legedi batek, oraindik epea guztiz agortu gabe, 1978ko abenduaren 29tik haratago arrazoi politikoengatiko giza eskubideen urraketen biktimei eskaintzen baitie errekonozimendua eta erreparazioa.

4. artikulua.– Hartzaileak.

1.– Lege honen ondorioetarako, biktimatzat hartzen da, eta, horrenbestez, hartzailetzat, pertsona oro, haren nazionalitatea edozein dela ere, baldin eta jasan baditu, banaka edo taldeka, kalte fisikoa, morala edo psikologikoa, ondare-kalteak edo oinarrizko eskubideen funtsezko galera, 1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpea, ondorengo gerra eta diktadura hartzen dituen aldian, 1978ko Espainiako Konstituzioa indarrean sartu arte igarotakoa barne, giza eskubideei eta nazioarteko zuzenbide humanitarioari buruzko nazioarteko arauak bortxatzea dakarten egite edo ez-egiteen ondorioz.

2.– Arreta berezia jarriko zaie pertsona eta kolektibo hauei:

a) Bonbardaketen, epaiketaz kanpoko exekuzioen edo exekuzio sumarisimoen ondorioz hildako biktimak, espetxean hildako pertsonak eta kolpe militarraren eta diktadura frankistaren aurka legezkotasun demokratikoa defendatzearen ondorioz hildako edo desagertutako pertsonak.

b) Kolpe militarraren eta diktadura frankistaren aurka legezkotasun demokratikoa defendatzearen ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoan zein Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo espetxeratu, torturatu, deportatu eta bortxazko lanak egitera behartu edo kontzentrazio- edo deuseztatze-esparruetan sartu zituzten pertsonak.

c) Kolpe militarraren eta diktadura frankistaren ondorioz erbesteratu ziren pertsonak.

d) Diktadura frankistaren ondorioz errepresio ekonomikoa, inkautazioak, desjabetzeak, isunak edo era guztietako ondasun higigarri edo higiezinen konfiskatzeak jasan zituzten pertsonak.

e) Bigarren Errepublikan kargu edo lanpostu publikoren bat izateagatik edo diktadura frankistarekiko ustezko edo benetako atxikipen-ezagatik errepresaliak jasan zituzten edo kaleratuak izan ziren pertsonak.

f) Masoneria eta Komunismoa erreprimitzeari buruzko 1940ko martxoaren 1eko Legearen babesean eratutako auzitegiak jazarri eta epaitu zituen pertsonak.

g) Beren ideologia eta lanbideagatik errepresioa jasan zuten pertsonak, batez ere Bigarren Errepublikako maisu-maistrak.

h) Orientazio afektibo-sexuala, sexu-ezaugarriak edo sexu-identitatea edo -adierazpena dela-eta edo gutxiengo etniko bateko kide izateagatik errepresioa jasan zuten pertsonak.

i) Diktadura frankistan euskara erabili, sustatu, zabaldu eta irakasteko debekua zela-eta jazarpena eta errepresioa jasan zuten pertsonak.

j) Bigarren Errepublikan beren askatasuna baliatzeagatik edo besterik gabe emakume izan eta beste biktima batzuekin zerikusia izateagatik umiliazioa, indarkeria edo zigorra jasan zuten emakumeak.

k) Langileen lan-eskubideak defendatzeagatik jazarpena eta errepresioa jasan zuten pertsonak.

l) Guraso biologikoei lapurtu eta, haien baimenik gabe, adopzioko aita eta amei entregatutako adingabeak.

m) Askatasunen eta demokraziaren alde eta diktadura frankistaren aurka borrokatu zuten alderdi politiko, sindikatu, masoi-logia, mugimendu feminista eta asoziatiboak.

n) Gerrilla antifrankistan parte hartzeagatik edo haiei laguntzeagatik errepresioa jasan zuten pertsonak, eta altxamendu militarraren kontrako borrokan parte hartzeagatik errepresioa jasan zuten nazioarteko boluntarioak.

o) Beren egoera berezia dela-eta lege honen 43. artikuluan aipatzen diren planetan sartzen diren beste kolektiboak.

5. artikulua.– Emakumeen memoria historikoa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek behar diren neurriak eta ekintzak onartuko dituzte emakumeek bereziki gerran eta diktaduran jasan zituzten mugak eta diskriminazioak –hezkuntza-arlokoak, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak– ezagutzeko eta zabaltzeko, bai eta muga eta diskriminazio horiek jasan zituzten emakumeei aitortza egiteko ere.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek beharrezko neurriak eta jarduerak onartuko dituzte emakumeek bizitza intelektual eta politikoan eta balio demokratikoen eta oinarrizko eskubideen sustapenean, aurrerabidean eta defentsan duten zeregin aktiboa aitortzeko.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek behar diren neurriak hartuko dituzte emakumeek gerran eta diktaduran izandako jarduera publiko, politiko, sindikal edo intelektualaren ondorioz edo beste errepresaliatu edo eraildako pertsona batzuekin izandako lotura pertsonalaren ondorioz jasandako errepresio- edo indarkeria-modu bereziak erreparatzeko; bereziki, diktadurako Emakumeak Babesteko Patronatuak egindako zigor eta errepresioei dagokienez.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek jarduerak burutuko dituzte, gerran eta diktaduran adulterioagatiko eta haurdunaldia borondatez eteteagatiko delituen ondorioz askatasun-gabetzea edo beste zigor batzuk jasan zituzten emakumeei aitortza eta erreparazioa emateko.

II. KAPITULUA
EGIA JAKITEKO ESKUBIDEA

6. artikulua.– Egia argitzeko ikerketa.

1.– Eusko Jaurlaritzak behar adina ekintza sustatuko ditu eta beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu Gerra Zibilean eta diktadura frankistan Euskadin izandako biktimak identifikatzeko, ikerketa historikoak eginez eta ahozko testigantzak bilduz, biktimen egiarako eskubidea betez.

Sustatu egingo da bizitza-lekukotasunak edo -istorioak biltzea, ezagutza historikoan funtsezko ekarpena direlako eta oso zaila delako horiei buruzko beste ebidentzia batzuk lortzea, erregistro dokumentalak falta direlako.

2.– Halaber, ikerketak bultzatuko ditu, diktadura frankistak oro har gizarteari eragindako injustizia historiko eta politikoa ezagutarazteko; izan ere, errepresioa eta funtsezko eskubide eza bultzatu zituen erregimenak.

3.– Instituzio publikoek sustatu egingo dute 1936ko kolpe militarrarekin, Gerra Zibilarekin eta diktadura frankistarekin lotutako gertaerei buruzkoak diren edo gertaera horiei buruzko informazioa eman dezaketen artxiboetarako eta dokumentaziorako sarbide librea.

7. artikulua.– Gerra Zibilean eta frankismoan, 1936-1978 epean, Euskadin izandako giza eskubideen urraketei buruzko txostena.

1.– Eusko Jaurlaritzak, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren bitartez (aurrerantzean, Gogora Institutua), talde zientifiko profesional bat sortuko du, giza eskubideen arloko erreferentziazko pertsona ospetsuek eta Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren arloko adituek osatutakoa. Talde horren helburua izango da Gerra Zibilean eta diktadura frankistan, 1936tik 1978ra bitartean, Euskadin izandako giza eskubideen urraketei buruz ikertzea eta oinarrizko txosten bat egitea, bai eta ateratako ondorioak biltzen dituen txosten bat ere, gertatutakoa modu fede-emailean jasoko duena.

2.– Ikerketak ikuspegi historikoa eta giza eskubideen nazioarteko ikuspegia uztartuko ditu; hala, kategoria historikoak alderatuko ditu nazioarteko zigor-zuzenbidearen kategoriekin. Gainera, genero-ikuspegia kontuan izango da.

3.– Ikerketa horretatik abiatuta, Euskadin Gerra Zibilean hildako biktimen errolda argitaratuko da, aurrerago biktimen errolda baten parte izango dena. Errolda horretan, administrazio-egoitza Euskadin zuten pertsonak jasoko dira, baita hil zirenean Euskal Autonomia Erkidegoan zeudenak ere. Biktimen estatu-erroldarekin koordinatu ahal izango da, hala badagokio.

8. artikulua.– Gerra Zibileko eta diktadurako lekukotasunen artxiboa.

1.– Gerra Zibileko eta diktadurako lekukotasunen Euskadiko artxiboa sortzen da, 1936ko kolpe militarraren, Gerra Zibilaren eta diktaduraren biktimen eta lekukoen testigantzak biltzeko, artxibatzeko eta zabaltzeko.

2.– Gogora Institutuak dauden lekukotzak bilduko ditu eta testigantza berriak biltzea sustatuko du.

3.– Artxiboa lege honen 37. artikuluan aipatzen den Euskadiko Memoria Historikoaren Dokumentazio Zentroaren parte izango da.

III. KAPITULUA
JUSTIZIA IZATEKO ESKUBIDEA

9. artikulua.– Lankidetza Justizia Administrazioarekin.

1.– Gogora Institutua lankidetzan arituko da Justizia Administrazioarekin Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren biktimek justizia izateko duten eskubidea sustatzeko.

2.– Era berean, erreparazioa eskatuko da organo eskudunak ilegitimotzat jotzen dituen auzitegien, epaimahaien eta bestelako edozein zigor- edo administrazio-organoren ebazpenen ondorioak jasan zituztenentzat. Nolanahi ere, kaltetutako pertsonak hil badira, haien familia edo legezko oinordekoek ebazpen horien deuseztasuna egiaztatzen duen deklarazio judiziala eskatu ahal izango dute.

3.– Gogora Institutuak, Euskadiko Artxibo Historikoaren eta beste instituzio publiko eta pribatu batzuen laguntzarekin, instruitutako prozesuen eta honako hauen arabera emandako epaien zerrenda egin eta argitaratuko du: 1936ko uztailaren 28ko Bandoa; 1936ko abuztuaren 31ko 79. Dekretua; 1936ko azaroaren 1eko 55. Dekretua; 1943ko martxoaren 2ko Legea; 1947ko apirilaren 18ko Legea; irailaren 21eko 1794/1960 Dekretua eta abuztuaren 26ko 10/1975 Lege Dekretua. Zerrenda horretan adieraziko dira prozeduraren zenbakia, auzipetutako pertsona fisiko edo juridikoa eta ezarritako kondena.

10. artikulua.– Delituren bat egin izanaren zantzuak jakinaraztea.

Gogora Institutuak Ertzaintzari, fiskaltzari edo organo judizial eskudunei jakinaraziko dizkie deliturik egin izanaren zantzuak, ikerketetan, lokalizazioetan eta identifikazioetan egindako aurkikuntzetan halakorik hautemanez gero.

11. artikulua.– Legezko ekintzak gauzatzea.

Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legean xedatutakoari jarraikiz, eta dagokion mandatuaren bitartez, Gogora Institutuak Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Zentralari proposatu ahalko dio bera ordezkatu eta defendatzeko jurisdikzio penalaren aurrean, bai eta hirugarrenek hasitako prozeduretan agertzea ere, bere eskumenak eta funtzioak betetzen ari dela deliturik egin izanaren zantzurik hautemango balu. Edonola ere, edozein organo judizialen aurrean ekintzak gauzatu edo errekurtsoak edo kereilak aurkezteko beharrezkoa izango da aurretik Gobernu Kontseiluaren baimena izatea.

Gogora Institutuak beharrezko baliabideak izango ditu lege honen hartzaile izan daitezkeen pertsonei informazioa eta aholkularitza modu proaktiboan eskaintzeko, araudian aurreikusten diren ekintzak egikaritze aldera, batez ere eskaintza horretarako oinarri izan daitekeen informazioa dagoenean.

12. artikulua.– Nazio mailako eta nazioarteko erakundeen gomendioak sustatzea eta jarraitzea.

Gogora Institutuak lankidetza emango die Arartekoaren ekimen eta gomendioei, bai eta nazioarteko erakundeen ekimen eta gomendioei ere, zigorgabetasuna ez instituzionalizatzeko eta justizia izateko eskubidea gauzatzeko neurrien sustapenean.

13. artikulua.– Nazioarteko justiziarekin kolaboratzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek benetako lankidetza emango dute diktadura frankistaren eta trantsizioaren pean egindako krimenak ikertzen dituzten auzi judizial guztietan, giza eskubideen arloko nazioarteko zuzenbidean sortutako itun guztien arabera.

IV. KAPITULUA
BIKTIMEK AITORTZA ETA ERREPARAZIOA IZATEKO ESKUBIDEA

14. artikulua.– Aitortza indibiduala.

1.– Alde batera utzi gabe lankidetzan aritzea beste administrazio batzuek egin dezaketen errekonozimendu eta erreparazio pertsonaleko deklarazioa lortzeko kudeaketan, aitortzen da lege honen hartzaileek, agiri-froga fede-emaile baten bidez egiazta badezakete banakako errepresioa jasan izana, eskubidea dutela dokumentu pertsonalizatu eta instituzional bat eskuratzeko, Eusko Jaurlaritzak igorria, beren ohorea berrezartzea eta bidezkoa den ordain morala ematea helburu.

Biktimak berak izango du aitortza hori eskatzeko legitimazioa, edo, ezin badu eskubide hori baliatu, ezkontideari edo antzeko afektibitate-harremanaren bidez lotutako pertsonari, ondorengoei, aurrekoei eta laugarren gradurainoko albokoei egokituko zaie eskubide hori egikaritzea.

2.– Ziurtagiri hori bateragarria izango da ordenamendu juridikoan aurreikusita dagoen beste edozein aitortza edo erreparazio modurekin, baina ez du aitortzen administrazio publikoen ondare-erantzukizunik eta, hortaz, ez du eragingo inolako ondorio, erreparazio edo kalte-ordain ekonomiko edo profesionalik.

15. artikulua.– Aitortza kolektiboa.

Aitortu egiten da printzipio demokratikoen eta askatasunen alde 1936ko estatu-kolpeari eta diktadura frankistari aurka egin zioten erakunde politiko eta sindikalen zeregina. Erakunde horiek eskubidea dute Eusko Jaurlaritzak emandako dokumentu instituzional bat eskuratzeko, beren lan kolektiboa aitortzen duena.

16. artikulua.– Neurri eta ekitaldi instituzionalak Gerra Zibilaren eta diktaduraren biktimak oroitzeko eta aitortzeko.

1.– Gogora Institutuak erakunde arteko deklarazio bat sustatuko du, ahalik eta alderdi politiko gehienen babesarekin, memoria historikoaren erreparazio instituzionalerako.

2.– Kolpe militarraren zein diktaduraren biktimak urtero oroitu eta omentzeko egun bat zehaztuko da.

3.– Egun horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoek, toki-erakundeen lankidetza eta elkarte memorialisten partaidetzarekin, aitortzarako eta omenaldia egiteko jarduerak antolatuko dituzte, biktimen memoria bizirik mantentzeko eta balio demokratikoak eta askatasunak aldarrikatzeko.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoek, halaber, bestelako neurri aktibo eta ekitaldi instituzional batzuk sustatuko dituzte legearen 4. artikuluan definitutako biktimak oroitzeko eta aitortzeko.

Horiek guztiak Gogora Institutuaren lau urterako planetan garatu eta jasoko dira (lege honen 43. artikuluan aipatzen dira plan horiek).

5.– Euskal botere publikoek lankidetza sustatuko dute kolpe militarraren aurrean II. Errepublika eta Eusko Jaurlaritza defendatzen lagundu zuten herrialdeekin, eta errefuxiatuak eta «gerrako haurrak» deitutakoak hartu zituzten herrialdeekin, haien eginkizuna aitortze aldera. Era berean, euskal botere publikoek sustatuko dute kolpearen aurrean Euskadi defendatzera etorritako nazioarteko boluntarioen eta Espainiako lurraldeko beste toki batzuetatik etorritakoen aitortza, bai Autonomia Erkidegoan, bai haien jaioterrietan.

17. artikulua.– Erreparazio-neurriak.

Gogora Institutuak, lege honen lehenengo xedapen gehigarrian xedatzen denari jarraikiz, bai estatu-araudian bai araudi autonomikoan biktimei aitortzen zaizkien erreparazio-neurri ekonomikoak aztertu beharko ditu; hala, Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluak erabakiko du ea egokia den bestelako kalte-ordain osagarri batzuk ematea, eta, hala bada, horiek proposatu eta ezarriko ditu.

V. KAPITULUA
DIBULGAZIOA ETA HEZKUNTZA

18. artikulua.– Memoria historikoaren dibulgazioa.

Gogora Institutuak, toki-erakundeekin eta beste eragile batzuekin, Euskadiko memoria historikoaren eta demokratikoaren zabalkundea bultzatuko du, memoriaren eraikuntzan herritarren partaidetza areagotzeko eta gertatutakoari buruzko hausnarketa kritikoa eragiteko. Besteak beste, eta beti genero-ikuspegia kontuan hartuta, neurri hauek sustatuko dira:

a) Gogora Institutuaren dokumentazio-zentroa eta liburutegia sortzea eta sendotzea, eta denon eskura jartzea, herritar guztiei emanez irispidea izateko aukera.

b) Ikus-entzunezkoen eta dokumentazioen funtsa sortzea eta zabaltzea, batez ere Gerra Zibilaren eta frankismoaren biktimen lekukotzak bilduz.

c) Gogora Institutuaren erakusketa-proiektua garatzea Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren egoitzan bertan.

d) Euskadin memoria lantzen duten museoak berritzea eta sustatzea, bereziki Gernikako Bakearen Museoa, eta 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izan ziren gertaera tragikoen biktimak oroitzeko memorial bat abian jartzea.

e) Memoria historikoa eta demokratikoa zabaltzearekin lotura duten biltzarrak, jardunaldiak, topaketak, gaiari buruzko erakusketak eta bestelako jarduerak egitea.

f) Ikerketa historikoak sustatu eta bultzatzea unibertsitateekin edo unibertsitate-institutuekin, baita izen handiko historialariekin ere.

19. artikulua.– Memoria historikoaren ekarpenak hezkuntzan.

Gogora Institutuak, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin lankidetzan, tresna didaktikoak eskainiko ditu memoria historikoa Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-curriculumean txertatzeko, eta bermatu egingo ditu tresnok egiteko prozedurak, zehaztasun historikoan, aniztasunean eta genero-ikuspegian oinarrituak izan daitezen.

Halaber, Hezkuntza Sailarekin koordinatuta, bisita didaktikoak sustatuko ditu erakusketetara, museoetara eta memoria historikoaren leku eta ibilbideetara.

VI. KAPITULUA
DESAGERTUTAKO PERTSONAK BILATZEKO ETA IDENTIFIKATZEKO NEURRIAK

20. artikulua.– Gerra Zibilean eta frankismo garaian desagertutako pertsonak berreskuratzea.

1.– Gogora Institutuak bere esku dauden neurri eta jarduerak hartuko ditu Gerra Zibilean eta diktadura frankistan Euskadin desagertutako pertsonak lokalizatzeko eta identifikatzeko, bai eta pertsona horien gorpuzkiak berreskuratzeko eta identifikatzeko ere, baldin eta teknikoki bideragarria bada. Neurriak eta jarduerak gaiaren ikerketan eta ezagutzan oinarritutako urte anitzeko planifikazio baten arabera antolatuko dira.

Gogora Institutuaren Interneteko atarian publikatuko dira desobiratzeari buruzko datuak, hobien eta aurkitutako pertsonen gorpuzkien gaineko informazioa barne, baita emaitza positiborik gabeko prospekzioen gaineko informazioa ere.

2.– Gogora Institutuak, hala badagokio, biktimak afiliatuta zeuden erakunde sindikal eta politikoekin komunikatzeko bideak eta bitartekoak ezarriko ditu.

3.– Gerra Zibilean desagertutako pertsonak lokalizatzeko, desobiratzeko eta, hala dagokionean, gorpuzkiak identifikatzeko ekintzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoak onartuko duen jarduketa-protokoloaren arabera egingo dira.

Halaber, hobietan esku hartzeko protokolo hori aplikatuko da gudarien, milizianoen edo Gerra Zibilean ekintza militarretan edo ekintza militarren ondorioz hil ziren pertsonen hobi komunetan esku hartzeko, ekintza hori programatuta egon zein ustekabeko aurkikuntza baten ondorioz egin.

4.– Gogora Institutuak sustatu egingo du Gerra Zibilean edo frankismoan desagerrarazitako pertsonen eta Gerra Zibilean hil zituztenen eta desobiratzen direnen heriotza inskribatzea, erregistro zibilaren arloan aplikatzekoa den legerian ezarritakoaren arabera.

21. artikulua.– Aholkularitza eta laguntza Gerra Zibilean eta frankismoan desagertutako pertsonak berreskuratzeko.

Euskal erakunde publikoek aholkularitza eta laguntza emango diete, lege honen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera, Gerra Zibilean eta frankismoan izandako desagertze behartuen ondorioz kereila jarri nahi duten pertsona fisiko eta juridiko guztiei.

Halaber, abiarazitako ekintza penalen jarraipena egingo dute, eta zainduko dute prozesuko berme juridiko guztiak behar bezala garatzen eta betetzen direla, giza eskubideei buruzko nazioarteko zuzenbidearekin bat etorriz.

22. artikulua.– Gorpuzkien lokalizazio-mapa.

1.– Gogora Institutuak eguneratuta izango ditu desagertutako biktimen Euskal Autonomia Erkidegoko lokalizazio-mapak edo, eskuragarri dauden datuen arabera, ustez biktimen gorpuzkiak egon daitezkeen lokalizazioena.

2.– Mapako informazio hori bidali egingo da, Espainiako Estatu osoko mapa bateratuan txertatzeko.

3.– Dokumentazio kartografikoa eta geografikoa, bai eta 1. apartatuan azaldutako lokalizazioak eta eskuragarri dagoen bestelako informazio osagarria ere, interesdunen eta gainerako herritarren esku ipiniko dira.

23. artikulua.– Biktimak lokalizatu, desobiratu eta identifikatzea.

1.– Gerra Zibilean eta frankismo garaian desagertutako pertsonen gorpuzkiak lokalizatu, desobiratu eta, hala dagokionean, identifikatzeko ekintzak Gogora Institutuak baimendu beharko ditu, lege honen 20. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, eta administrazio-prozedura erkidearen arau eta bermeak betez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean jasotakoak.

Lanak egin izana kultura-ondarearen arloan eskumena duten foru-aldundiei jakinarazi beharko zaie, baldin eta aldez aurretik foru-baimena ezinbestean behar duten eremuetan lurpea mugiarazteko jarduerak egiten badira, bat etorriz Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak haiei ematen dizkien eskumenekin.

Halaber, Gogora Institutuak prozeduraren hasieraren berri eman beharko dio gorpuzkiak aurkitu diren lekuari dagokion barruti judizialeko instrukzio-epaitegiari.

2.– Gogora Institutuak kudeatuko ditu jarduketa-prozesuaren azterketa, balorazioa, koordinazioa eta jarraipena.

3.– Desagertutakoak aurkitzeko prozeduren ondorioz edo ustekabean aurkitutako gorpuzkiak lekualdatzeko, Gogora Institutuaren baimena beharko da, eta 20.3 artikuluan aipatutako protokoloaren arabera eta Euskal Autonomia Erkidegoan hilotzen alderdi sanitarioei dagokienez indarrean dagoen araudiaren arabera egingo da.

Gorpuzkiak lekualdatu ondoren inork erreklamatzen ez baditu, agintzen den kolunbarioan hobiratu beharko dira, edota gorpuzkiak aurkitu ziren udalerriko hilerrian.

4.– Ikerketa-prozesua bukatutakoan, azken txosten bat prestatu beharko da prozesuan parte hartu duten aditu guztien txostenekin, eta Gogora Institutuan gordailatu beharko da azken txosten hori.

Prozesu hori dela eta, 24. artikuluan aurreikusitako elementuak edo aurkikuntzak badaude, kultura-ondarearen parte izan daitezkeenak, eta ez memoria historikoarenak, kultura-ondarearen arloan eskumena duten foru-sailen esku utziko dira, dokumentatzeko, ikertzeko eta balioa emateko.

5.– Desobiratzea teknikoki ezinezkoa denean, Gogora Institutuak, toki-erakundeekin adostuta, duindu egingo ditu biktimen hobiak eta, horrela, behar bezala kontserbatuko direla ziurtatuko du.

6.– Lurpetik ateratako pertsonen gauzen artekotzat jo ezin diren elementu materialak dagokion lurraldeko arkeologia-materialen gordailu-zentroan utzi beharko dira, eta horrek ez du esan nahi, egoki iritziz gero, erabili ezin direnik, garrantziagatik, balio pedagogikoagatik edo beste edozein arrazoirengatik, memoriari buruzko beste jarduera batzuetan erabiltzeko, indarrean dagoen arkeologia-jarduerei buruzko araudiaren arabera.

24. artikulua.– Gorpuzkiak ustekabean aurkitzea.

1.– Norbaitek ustekabean gorpuzkiak aurkitzen baditu, berehala jakinarazi beharko dio Udaltzaingoari edo Ertzaintzari, eta haiek arduratuko dira gorpuzkiak agertzen diren eremua babesteaz, mugatzeaz eta zaintzeaz, bai eta ahalik eta lasterren Gogora Institutuari, Fiskaltzari eta agintari judizial eskudunei aurkikuntzaren berri emateaz ere.

2.– Era berean, aurkikuntza horiek zer garaitakoak diren zehaztu ahal izateko, maiatzaren 9ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legearen 74. artikuluan xedatutakoaren arabera jokatu beharko da, eta, beraz, gertaera horiek berehala jakinarazi beharko zaizkio foru-aldundi edo udal eskudunari. Udalak foru-aldundiari jakinarazi beharko dio 48 orduko epean.

25. artikulua.– Gerraren eta diktaduraren biktimen identifikazio genetikoa eta DNA-bankua.

1.– Gerraren eta Diktaduraren Biktimen Euskadiko DNA Bankua sortzen da, Gogora Institutuari atxikita. Gogora Institutua izango da bertan dauden datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna. Bankuaren eginkizunak izango dira gerraren eta diktaduraren biktimen eta haien senideen DNA-profilak jasotzea eta biltegiratzea, DNA-profil horiek erkatu ahal izateko, biktima horien identifikazio genetikoari begira.

Banku horretan ondorengo datuak gordeko dira:

a) Hobitik ateratako hezur-hondarren profil genetikoak.

b) Senitarteko bat desagertuta dutela egiaztatzen duten eta beren borondatez lagin biologiko bat ematen duten pertsona guztien profil genetikoak. Senideek DNA-profilak lortzeko lagin biologikoak ematea doakoa izango da betiere.

Desagertutako pertsonen senideek profil genetikoak, datu pertsonalak eta desagertutako senidearekiko ahaidetasun-harremana utziko dituzte bankuan.

2.– DNA-bankuaren helburu bakarra da hobitik ateratako gorpuzkiak genetikoki identifikatzea, horien profil genetikoak eta ahaide emaileenak erkatuz.

3.– Lagin biologiko bat eman nahi duten senideek aurretiaz, askatasunez, esanbidez, informatuta eta idatziz adieraziko dute beren adostasuna, datu pertsonalen tratamendua legitimatzeko.

4.– Lagin emaileek edozein unetan erreboka dezakete beren baimena, eta beren datu pertsonalak eta lagin biologikoak ezabatzea eska dezakete.

5.– Gogora Institutuak beste erakunde batzuekin partekatu ahal izango ditu banku honetan gordailututako profil genetikoak eta datu pertsonalak, baina hobitik ateratako hondarrak identifikatzeko helburuarekin bakarrik, eta, betiere, lagin emailearen baimenarekin. Bereziki, Gogora Institutuak Gerraren eta Diktaduraren Biktimen Estatuko DNA Bankuarekin partekatu ahal izango ditu profil genetikoak eta datu pertsonalak.

6.– Erregelamendu bidez ezarriko dira alderdi etikoak eta biosegurtasunekoak ziurtatzeko betekizunak eta prozedurak, bai eta DNA-bankuaren antolaketa- eta funtzionamendu-araubidea ere.

7.– Gogora Institutuak datu pertsonalen tratamendua garatuko du aintzat hartuta 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

26. artikulua.– Lankidetza beste gobernu batzuekin eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko entitateekin.

Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmenak sinatu ahal izango ditu Espainiako Gobernuarekin, beste autonomia-erkidego batzuekin eta entitate publiko zein pribatuekin, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo indarkeriaren ondorioz desagertutako Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrei buruzko ikerketak egiteko eta haiek aurkitzeko eta identifikatzeko.

27. artikulua.– Cuelgamuroseko Harana.

Eusko Jaurlaritzak lankidetza-bideak ezarriko ditu Estatuko Administrazio orokorrarekin Cuelgamuroseko Haranean (Erorien Harana izenarekin ezagutzen zena) hobiratutako euskaldunei dagokienez, hala nahi duten familiek gorpuzkiak desobiratu ahal izan ditzaten.

Halaber, Gogora Institutuak laguntza emango die han hobiratuta daudenen gorpuzkiak desobiratzeko eta berreskuratzeko prozesua abian jarri nahi duten familiei.

28. artikulua.– Hobiratzeak eta duintasunaren kolunbarioak.

1.– Desobiratutako biktimen gorpuzkiak haien senideei emango zaizkie, eta haiek erabakiko dute gorpuzki horiek non utzi. Seniderik ez badago, biktima afiliatuta zegoen erakunde politiko edo sindikalari dagokio erabakia hartzea, kasua bada.

2.– Desobiratutako gorpuzkiak familiakoei edo afiliatuta zeuden erakundeei itzuliko zaizkie, betiere botere publikoen edo Gogora Institutuaren ordezkari baten aurrean.

3.– Gogora Institutuak, Euskadiko Memoria Historikoko Entitateen Aholku Batzordearen eta udalen parte hartzearekin, omenaldi eta oroimen iraunkorrerako leku gisa babestuko ditu hiru lurralde historikoetan dauden eta sortzen diren kolunbarioak.

Kolunbario horiek seinaleztapen eta informazio egokia jaso beharko dute lurperatutako biktimei buruz, eta Gerra Zibilean desagertu eta identifikatu gabeko pertsonak hobiratzeko izango dira.

Orobat utzi ahal izango dira kolunbario horietan identifikaturiko biktimen gorpuzkiak ere, haien senitartekoek, edo, senitartekorik ez balego, biktima horiek afiliatuta zeuden erakundeek hala eskatzen badute.

4.– Desobiratutako biktima baten ehorzketatik eratorritako tasa guztien salbuespena ezartzen da.

VII. KAPITULUA
EUSKADIKO MEMORIA HISTORIKOAREN LEKUAK, GUNEAK ETA IBILBIDEAK

29. artikulua.– Euskadiko memoria historikoaren lekuak, guneak eta ibilbideak.

1.– Euskadiko memoria historikoaren lekuak dira Autonomia Erkidegoarentzat interesgarriak diren gune, eraikin edo inguruak, berezko garrantzi historiko edo sinbolikoa izan duten edo memoria kolektiboan eragin nabaria izan duten gertakariak egon direlako bertan, balio eta askatasun demokratikoen defentsarekin lotuta.

2.– Memoria historikoaren ibilbideak dira Euskadiko memoria historikoaren bi leku edo gehiagok osatutako multzoak, espazio berean badaude eta historikoki nahiz sinbolikoki antzera interpretatu badaitezke, kalterik egin gabe bestelako balio esanguratsuei ere, izan balio horiek arkitektonikoak, paisaiari edo ingurumenari lotutakoak, etnografikoak edo antropologikoak.

3.– Horrez gain, Euskadiko memoria historikoaren gunetzat hartuko dira 1. puntuan deskribatutako gertaerekin lotura zuzena eta historikoa izan ez arren, errepresio horren biktimak oroitzeko, aitortzeko eta erreparatzeko, biktimen senideek, elkarte memorialistek, erakundeek edota administrazio publikoek gerora sortu dituzten guneak.

4.– Aurreko apartatuetan definitutako ezaugarriak betetzen dituzten lekuak jasotzeko, memoriaren lekuen, guneen eta ibilbideen katalogo bat sortuko da, haien publizitate- eta hedapen-tresna gisa.

Gogora Institutuari dagokio Euskadiko memoriaren leku, gune eta ibilbideen katalogoa kudeatzea, mantentzea eta zabaltzea.

VIII. KAPITULUA
MEMORIA HISTORIKOAREN KONTRAKO IKURRAK

30. artikulua.– Euskadiko memoria historikoaren kontrako elementuak.

1.– Euskadiko memoria historikoaren eta biktimen duintasunaren kontrakoa da 1936ko estatu-kolpea edo diktadura frankista, horien buruzagiak edo erregimen diktatorialaren alde egin zuten erakundeak eta erregimen frankistaren eta Bigarren Mundu Gerrako ardatzeko potentzien arteko lankidetzako unitate zibilak edo militarrak oroitu, goraipatu edo goresteko asmoz elementuak jendaurrean erakutsi edo aipamenak egitea, banaka zein kolektiboki, adibidez honako hauek erabiliz:

a) Eraikin publikoetan edo bide publikoetan jarritako plakak, armarriak, intsigniak, inskripzioak, anagramak edo bestelako elementuak.

b) Arkitektura- edo eskultura-izaerako eraikin oro, altxamendu militarrari, bando nazionala deitutakoaren garaipenari, diktadura frankistari, horien buruzagiei edo bultzatzaile eta gauzatzaileei ohore edo omenaldia egiteko eraikitakoa.

c) 1936ko altxamendu militarreko eta diktadura frankistako partaideak, bultzatzaileak edo babesleak aipatzea, eta errepublikaren legezkotasuna eta haren babesleak gutxiestea, toponimoetan, kale-izendegietan edo zentro publiko eta pribatuen izendapenetan egindako aipuak barne.

d) Estatu-kolpea edo diktadura frankista babestu zuten edo erregimen horren edozein indarralditan parte hartu zuten militarrak edo politikariak omentzen dituzten kaleen, bideen edo leku publikoen izenak.

2.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondoreetarako, erakustaldi publikoak dira edozein eraikin publikotan jarritako elementuak, edo erabilera publikoko eraikin pribatuetan edota sarbide edo erabilera publikoko espaziora begira dauden eraikinetan jarritakoak.

31. artikulua.– Memoria historikoaren kontrako elementuak kentzea.

1.– Gogora Institutuak koordinazio-plan bat ezarriko du memoria historikoaren aurkako sinboloak ezabatzeko edo beste esanahi bat emateko, hala badagokio, eta, horretarako, Euskadiko memoria historikoaren aurkako elementuen katalogo bat egingo du. Katalogo horretan elementuaren identifikazioa eta kokapena ezarriko dira.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek, beren eskumenak erabiliz, memoria historikoaren aurkako elementuak kentzeko behar diren neurriak hartuko dituzte.

3.– Administrazio publikoek edo haien mendeko organismo publikoek Euskadiko memoria historikoaren kontrakoak diren elementu guztiak kenduko dituzte euren titulartasunekoak diren eraikinetatik, edo, hala badagokio, beste esanahi bat emango diete. Eraikin pribatuetan badaude, eraikin horien jabeek kendu beharko dituzte.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioek, dituzten eskumenak erabiliz eta aurreko artikuluan xedatutakoari jarraikiz, beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte beren udalerrietan memoria historikoaren kontrakoak diren elementuak kentzeko.

5.– Memoria historikoaren eta demokratikoaren aurkako elementuak erabilera publikoko eraikin pribatuetan edo sarbide edo erabilera publikoko espazio ikusgarri batera begira dauden eraikinetan kokatuta badaude eta ez badira borondatez kendu, dagokion udalak ofizioz hasiko du elementu horiek kentzeko, ezabatzeko edo, hala badagokio, beste esanahi bat emateko agindua emateko prozedura.

Betiere entzunaldi-izapidea emango zaie interesdunei, hamabost egun balioduneko epean. Prozedura hasi eta gehienez ere sei hilabeteko epean ebatziko eta jakinaraziko da. Memoria demokratikoaren aurkako elementuak eta sinboloak kentzea erabakitzen duen ebazpenak hori egiteko epea jasoko du beti, eta epe hori ez da hiru hilabetetik gorakoa izango.

Epe hori igarotakoan elementu horiek kendu ez badira, toki-administrazio eskudunak kentze hori subsidiarioki egin ahal izango du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 102. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

6.– Gogora Institutuak dirulaguntzak eman ahal izango ditu udalek egindako jarduerak diruz laguntzeko, 30. artikuluan adierazitako Euskadiko memoria historikoaren aurkako elementuak kentzeko helburuarekin.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko udalek kapitulu honetan ezarritako betebeharren betetze-mailari buruzko txostena bidali beharko diote Gogora Institutuari, xedapen hau indarrean sartu eta urtebeteko epean.

32. artikulua.– Sari, izendapen, titulu eta ohore instituzionalak kentzea.

1.– Euskadiko toki-administrazioek berrikusi eta baliogabetu egingo dituzte 1936ko kolpe militarra, Gerra Zibila eta diktadura frankista goraipatzen dituzten pertsonek edo entitateek jasotako sariak, izendapenak, ohorezko tituluak eta goresteko gainerako moduak. Prozedura egingo da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen administrazio-prozedura erkideari jarraituz.

2.– Lege hau indarrean jarri eta urtebeteko epean gauzatu beharko dira eginbide egokiak. Eginbide horiek egin direla egiaztatzen duten ziurtagiriak argitaratu egingo dituzte administrazioek, eta behar bezala jakinaraziko diote Gogora Institutuari.

IX. KAPITULUA
EUSKADIKO MEMORIA HISTORIKOARI BURUZKO DOKUMENTUAK

33. artikulua.– Euskadiko memoria historikoari buruzko dokumentuak eta haien babesa.

1.– Lege honen ondoreetarako, Euskadiko memoria historikoari buruzko dokumentua izango da edozein izaeratako pertsona fisiko nahiz juridikoek sortutako informazio oro, beren edo hirugarren pertsonen ekintzen lekukotza gisa, Euskadiko memoria historikoak biltzen duen garaian euskaldunek beren eskubide eta askatasunak defendatzeko egindako borrokari buruz, historiaren zati hori babesteko, ezagutarazteko eta zabaltzeko. Informazioa euskarri batean jasota egon behar da, edozein adierazpen-modutan eta testuinguru teknologikotan sortu dela ere.

2.– Kultura-ondarearen arloan eskumena duen sailak Euskadiko dokumentu-ondaretzat hartu ahal izango ditu kategoria horretan sartzen ez diren Euskadiko memoria historikoari buruzko dokumentuak, Gogora Institutuak hala eskatzen badu, Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentu-kudeaketa Integralaren eta Dokumentu-ondarearen ekainaren 23ko 5/2022 Legean edo hura ordezten duen arauan dokumentu-ondareari eta artxiboei dagokienez ezarritako prozedurekin bat etorriz.

3.– Euskadiko dokumentu-kudeaketaren erregulazioarekin bat etorriz, Gerra Zibilari eta diktadura frankistari buruzko artxibo pribatu eta publikoetan dauden dokumentuak euskal ondare dokumental eta bibliografikoaren parte izan daitezke.

Ondorio horietarako, erregistroen titularrek agiri horien kopiak edo erreprodukzio faksimileak emango dituzte, haien esanbidezko adostasuna eskuratuz, eta inola ere ez da sakarik egingo edo dokumenturik eskuratuko agiri horiek dituen artxibo publikoen osotasunari eragiten dionik edo hari kalte egiten dionik.

4.– Lege honen 43. artikuluan aipatutako planaren esparruan, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira Autonomia Erkidegoarentzat garrantzitsuak diren dokumentuak eta ahozko lekukotzak biltzeko eta berreskuratzeko, Euskadiko memoria historikoari buruzko dokumentuak diren aldetik.

5.– Lege honen eremuan, artxibotzat joko dira pertsona fisiko edo juridikoek, publiko zein pribatuek, beren eginkizunak betetzean sortutako eta/edo jasotako dokumentuen multzo organikoak. Zehazki, giza eskubideen bortxaketei, gerra-krimenei eta gizateriaren aurkako delituei buruzko artxiboei aplikatzen zaie, Estatuko, autonomia-erkidegoko, lurraldeko edo tokiko organismo publiko zein pribatuetatik datozenei, barne hartuta instituzio errepresiboek nahiz iraganari buruzko ikerketa-organismoek eta giza eskubideen defentsarako elkarteek edo diktadura frankistaren aurkako erresistentzia-mugimenduek egindakoak.

34. artikulua.– Euskadiko memoria historikoari buruzko dokumentuak gordetzea eta eskuratzea.

1.– Botere publikoek behar adina neurri hartuko dituzte Euskadiko memoria historikoari buruzko dokumentuak babesteko, osorik gordetzeko, deskribatzeko, identifikatzeko eta zabaltzeko, batez ere hondatuta edo degradatzeko arriskuan daudenak, eta behar bezala zainduko dituzte bereziki inork ez ditzan lapurtu, suntsitu edo ezkutatu.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, aurrekontuaren arabera eta 43. artikuluan jasotako jarduketa-plana kontuan hartuz, programa bat onetsiko du urtero hitzarmenak sinatzeko, Euskadiko memoria historikoari buruzko dokumentuak, artxibo publiko edo pribatuetan daudenak, izan artxibo horiek nazionalak edo atzerrikoak, Euskadiko Artxibo Historikoan gordetzeko.

35. artikulua.– Dokumentu-funtsak berreskuratzea.

1.– Gogora Institutuak, Eusko Jaurlaritzako kultura-ondarearen arloan eskumena duen sailarekin lankidetzan, lege honek biltzen duen aldian Euskadin dokumentu-funts publikoak desagertu izana ikertzea bultzatuko du.

Dokumentu-funtsen artxibo-tratamendu integraleko programen barruan, kontserbazio prebentiboa eta iraunkorra sustatuko dira.

2.– Eusko Jaurlaritzak, administrazio publikoekin lankidetzan, behar adina neurri sustatuko ditu Gerra Zibilean zein diktadura frankistan matxinatutako indarrek Euskadin konfiskatu zuten memoria historikoari buruzko dokumentazio-ondarea berreskuratzeko, eta Euskadiko Artxibo Historikoan sartzeko.

3.– Gogora Institutuak erraztu egingo du, bere jarduera instituzionalaren bidez, bai ikerketa-lantaldeek, bai beste edozein ikertzailek, dokumentazio sekretu eta erreserbatuetara sarbidea izatea, lege honen xedea gauzatzeko.

36. artikulua.– Dokumentuetarako sarbidea izateko eskubidea.

1.– Bermatu egiten da Euskadiko dokumentazio-ondarea osatzen duten Euskadiko memoria historikoari buruzko dokumentuetarako sarbidea izateko eskubidea, Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentu-kudeaketa Integralaren eta Dokumentu-ondarearen ekainaren 23ko 5/2022 Legean eta aplikatzekoak diren beste arauetan ezarritakoarekin bat etorriz.

2.– Herritarrek eta batez ere ikerketa historikoaren arduradunek errazago izan dezaten dokumentu horietarako irispidea, dokumentu horiek digitalizatzea sustatuko da funts horiek gordetzen dituzten artxiboen aldetik.

37. artikulua.– Euskadiko Memoria Historikoaren Dokumentazio Zentroa.

1.– Gogora Institutuak memoria historikoaren dokumentazio-zentro bat izango du, Euskadiko memoria historikoari buruzko dokumentuak biltzeko, berreskuratzeko, aztertzeko, zabaltzeko eta horiei buruzko informaziorako irispidea errazteko. Halaber, dokumentazio-zentro horrek babes eta oinarri dokumental eta historikoa eman nahi die Eusko Jaurlaritzak, beste edozein administrazio publikok, horren mendeko entitateren batek edo lege honen antzeko helburu sozialak dituen entitate pribaturen batek memoria historikoarekin lotuta sustatzen dituen ekintza, ekimen eta estrategiei.

Dokumentazio-zentroak Euskadiko memoria historikoari lotuta ezagutarazi eta iker daitezkeen dokumentuak sortzen dituzten erakunde eta organismo guztiak erregistratuko ditu; hala, dokumentuak identifikatuko dira, eta zein leku eta artxibotan dauden adieraziko da, kontrola eta zabalkundea helburu.

2.– Helburu horiek lortzeko, Gogora Institutua lankidetzan arituko da administrazio publikoekin eta gainerako pertsona fisiko zein juridikoekin, publiko eta pribatuekin, bai eta Euskadiko artxibo-sistemako organo eta zentroekin ere, eta, oro har, Euskadiko memoria historikoarekin zerikusia duten dokumentuak zaintzen dituzten artxibo publiko eta pribatuekin, Euskadin bertan, zein kanpoan.

X. KAPITULUA
ENTITATE MEMORIALISTEN AITORPENA, SUSTAPENA ETA PARTAIDETZA

38. artikulua.– Mugimendu memorialista aitortzea.

Entitate memorialistek egindako lana eta ekarpena aitortzen da, gizartea kontzientziatzen laguntzen baitute Euskadiko memoria historikoa gordetzeko eta biktimen eskubideak defendatzeko.

39. artikulua.– Entitate memorialisten jarduera sustatzea.

Gogora Institutuak, elkartegintza sustatzeko, jarduera hauek bultzatuko ditu, besteak beste:

a) Memoria historikoari buruzko programetan elkarteen inplikazioa eta herritarren partaidetza sustatzeko neurriak.

b) Euskadiko Memoria Historikoko Entitateen Direktorioan inskribatuta dauden entitateei babes-programak eta laguntzak ematea lege honen helburuak betetzeko, aurrekontu-aukeren arabera.

40. artikulua.– Euskadiko Memoria Historikoko Entitateen Direktorioa.

1.– Euskadiko Memoria Historikoko Entitateen Direktorioa sortzen da, izaera publikoduna, eta han inskribatu ahal izango dira Euskadiko entitate memorialistak, horien ezagutza, zabalkundea eta publizitatea errazteko; eta Gogora Institutuarekin duten harremana errazteko.

2.– Irabazi-asmorik gabeko entitateak inskriba daitezke direktorio horretan, betiere ondorengo baldintzak betetzen badituzte:

a) Legez eratutako elkarteak, fundazioak, gizarte-erakundeak eta bestelako entitateak inskribatu ahal izango dira, estatutuetan Euskadiko memoria historikoaren berreskuratzea eta biktimen eskubideen defentsa jasota badituzte.

b) Legez eratutako elkarteak, fundazioak, gizarte-erakundeak eta bestelako entitateak inskribatu ahal izango dira, helburuen artean jasoak badituzte Euskadiko memoria historikoa berreskuratzearen eta gizarte-eraikuntzaren arloko sentsibilizazioa, hezkuntza, ikerketa, zabalkundea eta eragina.

c) Egoitza edo ordezkaritza bat Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, eta autonomia-erkidego honen lurralde-eremuan jardutea.

3.– Euskadiko Memoria Historikoko Entitateen Direktorioa Gogora Institutuari atxikita egongo da.

41. artikulua.– Euskadiko memoria historikoko entitateen partaidetza.

1.– Euskadiko Memoria Historikoko Entitateen Aholku Batzordea sortzen da, Gogora Institutuari atxikita, eta Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten entitate memorialisten kontsultarako eta partaidetzarako kide anitzeko organoa izango da.

2.– Batzordearen funtzionamendu-araubidea, osaera eta oinarrizko eginkizunak erregelamendu bidez ezarriko dira memoria historikoaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren sailak.

XI. KAPITULUA
JARDUKETA ETA ANTOLAKUNTZA ADMINISTRATIBOA

42. artikulua.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua, Gogora.

Gogora Institutuari dagokio lege honetan ezarritako neurriak sustatzea, haren ardura baita memoriari buruzko politika publikoak koordinatzea eta garatzea dagokion araudiaren arabera.

43. artikulua.– Jarduketa-planak.

1.– Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluak lau urterako planak onetsiko ditu, zeinek, besteak beste, memoria historikoari buruzko politika publikoak gidatuko baitituzte, eta horiek aurrera eramateko finantza-baliabideak zehaztuko.

2.– Jarduketa-planak neurri zehatzak jasoko ditu kudeaketarako, ikerketarako eta dibulgaziorako, ekintza bakoitzaren denbora zehaztuta eta betetzen diren egiaztatzeko adierazleak ezarrita.

3.– Halaber, Gogora Institutuak, urtero, lege honen xede diren jardueren berariazko ebaluaketa bat egingo du, eta urteko planak prestatuko ditu, hurrengo ekitaldirako helburuak eta lehentasunak finkatzeko. Urteko txostena Zuzendaritza Kontseiluari bidaliko zaio, aztertu, eztabaidatu eta baloratu dezan. Era berean, Eusko Legebiltzarrari eta Euskadiko Memoria Historikoko Entitateen Aholku Batzordeari ere bidaliko zaizkio urteko plana eta urteko txostena, horien berri izan dezaten.

44. artikulua.– Lankidetza beste administrazio publiko eta entitate batzuekin.

1.– Gogora Institutua toki-erakundeekin lankidetzan arituko da lege honetan zehazten diren helburuak lortzeko.

2.– Gogora Institutua lankidetzan arituko da Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeekin, haien lurralde-mugen barruan memoria historikoa ezagutaraztea, oroitzea, sustatzea eta dibulgatzea bultzatzeko, lege honetan ezarritako baldintzetan.

3.– Gogora Institutuaren eta gainerako entitateen arteko lankidetza gauzatu ahal izango da lankidetza-hitzarmen edo -akordioen bidez. Hitzarmen edo akordio horietan, lege honetan xedatutakoa betetzeko hartu beharreko neurriak ezarriko dira, bai eta, hala badagokio, laguntza teknikoa eta beharrezko esleipen ekonomikoak aurreikusi ere.

Lurralde historikoetako foru-administrazioekin formalizatzen diren hitzarmenek edo lankidetza-akordioek Jaurlaritzaren onespena beharko dute eta Eusko Legebiltzarrari jakinarazi beharko zaizkio, Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduak eta Jaurlaritzaren Legeak ezarritakoarekin bat etorriz izapidetzeko.

4.– Lankidetza-betebehar hori, bai eta leialtasun instituzionala eta lege honen aplikazioa dela-eta lotura-puntu diren gaietan administrazio publikoek dituzten eskumenekiko elkarrekiko errespetua ere, orobat hedatuko dira lurralde historiko bakoitzeko foru-administrazioekiko eta haiei lotutako zuzenbide publikoko organismo eta entitateekiko harremanetara ere.

45. artikulua.– Udal- eta lurralde-bulegoak.

1.– Toki- eta foru-administrazioek, Gogora Institutuarekin lankidetzan, memoria historikoaren udal- eta lurralde-bulegoak sortzea bultzatu ahal izango dute, memoria historikoaren informazio- eta ikerketa-lanak biktimengana eta herritarrengana hurbiltze aldera.

2.– Memoria historikoaren udal- eta lurralde-bulegoen eginkizunak izango dira, Gogora Institutuaren edo beste administrazio batzuen betebehar eta eginkizunak alde batera utzi gabe, frankismoaren biktimei eta haien senideei laguntza ematea, lege honen eraginkortasuna bermatzeko.

3.– Halaber, memoria historikoaren udal- eta lurralde-bulegoen eginkizunak izango dira, Gogora Institutuaren edo beste administrazio batzuen betebeharrak eta eginkizunak alde batera utzi gabe, biktimen testigantzak biltzea eta/edo grabatzea, kolpe militarrarekin, 1936ko gerrarekin eta ondorengo frankismoarekin lotutako dokumentazioa edo objektuak biltzea, eta frankismoaren biktimen sufrimenduei eta borrokei buruzko dibulgazio- eta sentsibilizazio-lanak egitea.

XII. KAPITULUA
ZEHAPEN-ARAUBIDEA

46. artikulua.– Araubide juridikoa.

1.– Lege honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea dakarten egiteak edo ez-egiteak kapitulu honetan aurreikusitakoaren arabera zehatuko dira, bestelako erantzukizunak alde batera utzi gabe.

2.– Lege honetan tipifikatutako arau-hausteak zehatzeko ahalari dagokionez, kontuan hartuko dira lege hau, Euskal Administrazio Publikoen zehatzeko ahalari buruzko martxoaren 16ko 1/2023 Legea edo etorkizunean hura ordeztuko duen erkidego-araua, eta arlo horretako oinarrizko estatu-legediak ezartzen dituen printzipioak; honako hauek osatuko dute oinarrizko legedi hori: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak.

3.– Erantzule izango dira, administrazioko arau-haustetzat hartu behar diren egintzen egile gisa, doloz edo zuhurtziagabekeriaz jokatuta, bai zuzenean, bai beste norbaiten bitartez, beste hori tresna gisa erabilita, lege honen kontrakoak diren eta legean bertan tipifikatuta dauden egintzak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

Halaber, arau-haustearen egiletzat joko dira horien gauzapenean laguntzen duten pertsonak, haiek egindako ekintza hori gabe arau-hausterik ez egoteko moduan, bai eta lege-mailako arau batean ezarrita dagoen betebeharra, beste batek arau-hauste bat egitea ekiditeari dagokiona, betetzen ez dutenak ere.

4.– Arau-haustetzat hartu beharreko egintza hainbat pertsonaren artean egina bada edo hainbat pertsonari egotzi ahal bazaio, modu solidarioan erantzungo diote gauzatutako arau-hausteari, bai eta kasuan kasu ezartzen den zehapenari ere. Hala ere, zehapena diruzkoa denean eta horretarako aukera dagoenean, indibidualizatu egingo da, erantzule bakoitzak izan duen parte-hartzearen graduaren arabera.

47. artikulua.– Arau-hausteak.

1.– Lege honetan xedatutakoaren kontrako arau-hausteak oso astunak, astunak zein arinak izan daitezke.

2.– Hauek dira arau-hauste oso astunak:

a) Indusketak egitea 23.1 artikuluan xedatutakoa bete gabe.

b) Biktimen hobiak suntsitzea 22. artikuluan aipatutako lokalizazio-mapetan zehaztutako lurretan edo Euskadiko memoria historikoaren leku, ibilbide edo guneren batean.

c) Gerra Zibilean, diktaduran eta trantsizioan egindako giza eskubideen bortxaketei, gerra-krimenei eta gizateriaren aurkako krimenei buruzko dokumentu publiko edo pribatuak suntsitzea edo ezkutatzea, baita lege honen 31. artikulutik 34.era aipatzen diren dokumentu-ondareko ondasunak suntsitzea edo ezkutatzea ere.

d) Dokumentu publikoez bidegabe jabetzea Gerra Zibilean, diktaduran eta trantsizioan kargu publikoak bete zituzten pertsona fisikoak edo erakunde pribatuak.

e) Nahita ezkutatzea Gerra Zibileko, diktadurako eta trantsizioko dokumentu-funtsen jabetza, bai eta funtzionario publikoek beren funtzio publikoak betetzean egindako deskribapen-tresnena ere, krimen frankisten biktimen giza eskubideen bortxaketei, gerra-krimenei eta giza eskubideei dagokienez.

f) Memoria historikoaren leku, gune eta ibilbideetako espazioak, elementuak edo altzariak hondatzea.

3.– Hauek dira arau-hauste astunak:

a) Ustekabean gorpuzkiak aurkitu izana jakinarazteko betebeharra ez betetzea, arrazoi justifikaturik gabe, 24. artikuluaren arabera.

b) 24.1 artikuluaren arabera gorpuzkiak agertu diren gunea babesteko, mugatzeko eta zaintzeko hartutako neurriak ez betetzea.

c) Gorpuzkiak lekualdatzea 23.3 artikuluan aurreikusitako baimenik gabe.

d) Edozein obra edo esku-hartze egitea Euskadiko memoria historikoaren leku, ibilbide edo gune batean, biktimen hobiei eraginez, 23.1 artikuluan aipatutako baimenik gabe, non eta ez den arau-hauste oso astuna.

e) Memoria historikoaren kontrako elementuak kentzeko ebazpena ez betetzea, 31. artikuluaren arabera.

f) Gerra Zibilaren edo diktadura frankistaren biktimen edo haien senideen duintasunaren kontrako adierazpen iraingarri, laidogarri edo erasokorrak egitea edo zabaltzea edozein hedabide, hitzaldi edo agerraldi publiko zein plataforma digitaletan, bai eta frankismoa edozein modutan gorestea ere, non eta jokabide-kategoria horiek ezin diren tipifikatu gorrotoa pizteko delitutzat.

g) Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkari publikoek eta funtzionarioek 1936ko kolpe militarra eta diktadura goresten edo haren apologia egiten duten adierazpen edo erakustaldiak egitea.

h) 1936ko kolpe militarra eta diktadura frankista, haren buruzagiak edo erregimen diktatoriala defendatu zuten erakundeak modu indibidualean edo kolektiboan ospatzea, gorestea edo goraipatzea bilatzen duten edonolako ekitaldi eta omenaldiak egitea, uztailaren 18ari lotutako ospakizunak barne.

i) Erregimen diktatorialaren alde egin zuten pertsona, entitate edo erakundeentzako sariak edo aitortzak sustatzea.

4.– Hauek dira arau-hauste arinak:

a) Lege honetako 29. artikuluan jasota dauden eta legearen bigarren xedapen gehigarrian aipatzen den katalogoan ageri diren Euskadiko memoria historikoaren lekuen, ibilbideen eta espazioen bisita publikoa eragoztea.

b) Kalteak eragitea Euskadiko memoria historikoaren leku, gune edo ibilbideetako espazioei edo altzariei, non eta ez den arau-hauste astuna edo oso astuna.

c) Eraso egitea 1936ko kolpe faxistaren eta diktadura frankistaren biktimak oroitzeko eta omentzeko monolitoei edo memoria antifrankistaren lekuei, eta II. Errepublikako oroitzapen-lekuei.

48. artikulua.– Kalifikazioa astuntzea.

Arau bat berriro hautsiz gero, zehapen-ordenamendu juridikoaren arau orokorren arabera aztertuko da; horrelakoetan, hasieran arintzat jotako arau-haustea astun bihurtuko da, eta astuntzat jotakoa, oso astun.

Erantzukizunaren inguruabar astungarritzat joko dira honako hauek:

a) Agintaritza eskudunak egindako ohartarazpenen edo errekerimenduen omisioa.

b) Bost urteko gehieneko epean berrerortzea.

c) Pertsonei eta ondasunei eragindako kalteen izaera eta larritasuna.

d) Egindako ekintzetan asmo bereziki iraingarria edo laidogarria egotea.

e) Kalteen egileek lortutako onura erreala edo potentziala.

49. artikulua.– Zehapenak.

1.– Lege honetan tipifikatutako arau-hausteen zehapenak diruzkoak nahiz ez-diruzkoak izan daitezke.

2.– Diruzko zehapenak isunak izango dira, jarraian adierazten diren zenbatekoen araberakoak, arau-haustearen astuntasuna aintzat hartuz eta proportzionaltasun-printzipioa betez:

a) Arau-hauste oso astunak: 10.001 eta 150.000 euro arteko isuna.

b) Arau-hauste astunak: 2.001 eta 10.000 euro arteko isuna.

c) Arau-hauste arinak: 200 eta 2.000 euro arteko isuna.

3.– Zehapen ez-diruzkoak osagarriak izango dira beti; hain zuzen ere: memoria historikoaren arloko dirulaguntza, hobari edo laguntza publikoak jasotzeko eskubidea galtzea gehienez bi, hiru edo bost urteko epeetan –arau-hausteak arinak, astunak edo oso astunak diren, hurrenez hurren–, eta, hala badagokio, memoria historikoaren arloan benetan jasota zituen dirulaguntzak osorik edo zati batean itzultzeko beharra.

50. artikulua.– Prozedura.

1.– Memoria historikoaren arloko arau-hausteak publikoki salatuko dira.

2.– Lege honi jarraikiz arau-hauste izan daitekeen ekintza baten berri duten agintariek nahitaez jakinarazi beharko diote Gogora Institutuari.

3.– Prozedura hasteko erabakia Gogora Institutuaren zuzendaritza duen pertsonak hartuko du, ofizioz, bere kabuz edo goragoko aginduen, beste organo batzuen eskaera arrazoituen edo herritarren salaketen ondorioz.

51. artikulua.– Zehatzeko eskumena.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako zehapenak ezartzeko eskumenaren jabe dira:

a) Gogora Institutua: ehun mila eurora arteko isunak.

b) Gobernu Kontseilua: ehun mila eta ehun eta berrogeita hamar mila euro bitarteko isunak.

c) Alkatea: 47.3.e) artikuluan tipifikatutako arau-hausteen kasuan, bete ez den ebazpena udalarena denean.

2.– Zeha daitezkeen gertaerak administrazioko arau-hauste izateaz gain delitutzat ere har badaitezke, edo administrazio-prozedura zehatzailea instruitu bitartean delitu izan litezkeen gertaeren edo ekintzen zantzurik hautemanez gero, administrazio-prozedura hori etetea edo prozedurarekin ez jarraitzea erabakiko da eta gertaera edo ekintza horien berri emango zaio jurisdikzio eskumendunari.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Diruzko erreparazio-neurriak.

Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluak hala proposaturik, eta Gobernu Kontseiluaren erabakiz, batzorde tekniko bat izendatuko da. Batzorde horrek, lege hau indarrean sartzen denetik urtebeteko epean, azterlan bat aurkeztuko du biktimentzako diruzko erreparazio-neurriak, Estatuko nahiz Erkidegoko araudian onartutakoak, deskribatzen dituena, eta ondorioak aterako ditu lortu den estaldura-mailari buruz eta konpon litezkeen hutsuneei buruz. Azterlan hori Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluari bidali beharko zaio, kalte-ordain osagarriak bidezkoak diren balioetsi dezan eta abiarazi ditzan.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Memoria historikoaren lekuak, guneak eta ibilbideak.

Lege hau indarrean sartu eta urtebeteko epean, Gobernu Kontseiluak dekretu bat onartuko du, Gogora Institutuak proposatuta. Helburua Euskadiko memoria historikoko lekuen, guneen eta ibilbideen katalogoa sortzea da, lege honen 29. artikuluan zehaztutako ezaugarriak betetzen dituzten gune, eraikin edo inguruen publizitate- eta hedapen-tresna gisa.

Memoria demokratikoaren leku, espazio edo ibilbide deklaratzeko prozedurak barne hartuko ditu zenbait mekanismo elkarte memorialistek aukera izan dezaten leku, espazio edo ibilbide jakin batzuk Euskadiko memoria historikoaren lekuen katalogoan sar daitezen proposatzeko.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Aurrekontu-zuzkidura.

Eusko Legebiltzarrak, urtero, zuzkidura ekonomiko bat bermatuko du Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Legean, lege honetan ezarritako betebeharrak betearazteko.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Aitortza diktadura frankistan poliobirusak erasandako pertsonei.

XX. mendeko berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera Euskadin eragina izan zuen pandemian poliobirusak erasandako pertsonen sufrimendua aitortzeko, Eusko Jaurlaritzak ikerketak eta azterlanak sustatuko ditu, diktadura frankistan epidemiak izan zuen hedapenari buruzko egia argitzeko, bai eta polioak, polioaren ondorio berantiarrek eta polio ostekoak erasandako pertsonen aldeko neurri sanitario eta sozialak ere, bizi-kalitate hobea ahalbidetzeko, biziraun zuten kaltetuak ordezkatzen dituzten entitateen parte-hartzearekin.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzeari buruzko azaroaren 27ko 4/2014 Legea aldatzea.

Aldatu egiten da Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzeari buruzko azaroaren 27ko 4/2014 Legearen 8.1.e) artikulua:

e) Bost kide independente, Eusko Legebiltzarrak aurrez izendatuak memoria sustatzearen eta askatasun zibikoak eta bizikidetza demokratikoaren printzipioak defendatzearen arloan ospe handia duten pertsonen artetik.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Izapidetze-fasean dauden prozedurak.

Lege hau indarrean sartzean hasita baina amaitu gabe dauden prozedurak izapidetzeko, hasi zirenean indarrean zeuden arauei jarraituko zaie.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Dokumentu-funtsak berreskuratzea.

Eusko Jaurlaritzak jarduerak abiaraziko ditu Espainiako Gobernuarekin adosteko Euskadiko memoria historikoari buruzkoa den eta Estatuko Administrazioaren jabetzakoa den funts-ondarea Euskadiko Artxibategi Historikora eraman ahal izatea, artxibo judizialak izan ezik, berariazko arautegiari jarraitu behar baitzaie horrelakoetan.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Gerra Zibilaren eta diktaduraren biktimak hobitik ateratzeko jarduketa-protokoloa

Harik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoak lege honen 20.3 artikuluan Gerra Zibilaren eta diktaduraren biktimak hobitik ateratzeko aurreikusten den jarduketa-protokoloa onetsi arte, aplikatuko da irailaren 26ko PRE/2568/2011 Aginduan jasotako protokoloa. Agindu horren bidez, Ministro Kontseiluaren 2011ko irailaren 23ko Erabakia argitaratu zen, Gerra Zibilaren eta diktaduraren biktimak hobitik ateratzeko jarduketa-protokoloa Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzen zuena.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Indargabetutako arauak.

Indargabetuta geratzen dira lege honen edukiaren kontra doazen maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Erregelamendu bidezko garapena.

Lege hau indarrean sartu eta urtebeteko epean, hura garatu eta exekutatzeko beharrezkoak diren erregelamenduzko xedapenak onetsiko ditu Jaurlaritzak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 10a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala