194. zk., 2023ko urriaren 10a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (227 KB - 17 orri.)
- EPUB (134 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
4639
AGINDUA, 2023ko urriaren 3koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena. Agindu honen bidez, «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programa arautzen eta iragartzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko saltoki txikia suspertzeko eta hiriko merkataritza-jarduerarekin lotura duten merkataritza- eta zerbitzu-sektoreko establezimenduetan kontsumoa sustatzeko.
XII. Legegintzaldiko «Euskadi Martxan» 2020-2024 gobernu-programa lau ardatzetan dago egituratuta. Ardatz horien artean lehena Oparotasuna izenekoa da, eta ardatz horren inguruan artikulatzen dira enplegua eta suspertze ekonomikoa bultzatzeko jarduketa-arloak. Programan jasota dagoenez, merkataritza-jarduera da gure gizartearen eta hirietako bizimoldearen oinarrizko elementuetako bat, tokiko hazkunde ekonomikoan eragiten baitu.
Ardatz horrek dituen bederatzi jarduera-arloetako bat merkataritzari eta ostalaritzari dagokio, non merkataritza suspertzeko jarduera-konpromisoa nabarmentzen baita. Proposatzen diren ekimenen artean, tokiko erakundeekin lankidetzan, tokiko kontsumoa sustatzea xede duen erakundearteko kanpaina bat garatuko da, bonuen bidez saltoki txikietako kontsumoari bultzada bat emateko, eta, hala, balioa emango zaio hurbileko merkataritzari eta horrek ekonomian eta enpleguan duen garrantziari.
Horrela, tokiko eta auzoko merkataritza sostengatzen da, eta hiri-inguruneak dinamizatzen eta gizarte-ehuna kohesionatzen, merkataritza-jardueraren bidez.
2020an, COVID-19aren pandemiak eragindako krisiaren ondorioz, agertoki ohi baino zailagoa ireki zen merkataritza-sektorerako; izan ere, itxiera-aldi luze bati eta kasu askotan eragin suntsitzailea izan zuten fakturazio oso txikiei egin behar izan zitzaien aurre eta, horretaz gain, oro har, ziurgabetasunez betetako jarduera berraktibatzeko agertoki bati ere, aurreikusten zen egoera ekonomiko gogorra zela eta.
2021ean, pandemia-egoeran geunden oraindik, eta kutsatzeek gora egiten jarraitzen zuten. Hala ere, merkataritza-jarduerak gora egin zuen aurreko ekitaldiarekin alderatuta; hala, 2021. urte osoan, % 3,6 hazi ziren txikizkako merkataritzaren salmentak.
Sektoreko salmenten goranzko joerak bere horretan jarraitu zuen 2022ko hasieran ere. Hala eta guztiz ere, Errusiak Ukrainia inbaditu izanak ondorio ekonomiko larriak ekarri zituen, hala nola erregaien eta lehengaien garestitzea. Garestitze horiek denboran zehar iraunkorrak izango direla aurreikusten da. Horrek guztiak produktuen prezioa garestitzea eta kontsumitzaileen erosteko ahalmena galtzea eragin zituen, eta, ondorioz, kontsumoa jaitsi zen.
Horregatik guztiagatik, 2023ko aurrekonturako, ziurgabetasun handiko egoera batean, nolabaiteko zuhurtzia mantendu zen, hauek kontuan hartuta: merkataritza-sektorearen pixkanakako susperraldia, pandemiaren aurreko salmenta-mailetara hurbiltzen hasia, kontsumo-ohitura berrien eragina eta merkatari eta kontsumitzaileen egoera ekonomikoa.
Txikizkako merkataritzaren sektorearen salmenta-indizeari buruz Eustatek aurtengo abuztuan eman dituen azken datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko txikizkako merkataritzaren sektorearen salmentak % 1,1 igo dira 2023ko bigarren hiruhilekoan, aurreko urteko hiruhileko horren aldean, egutegiaren ondorioak atera ondoren eta prezio konstanteetan. Salmenten urte arteko hazkuntza, gasolindegiak kontuan hartu gabe, % 2,3koa izan da. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, urtaroei dagozkien ondorioak kenduta, % 0,5 igo da salmenta-indizea 2023ko bigarren hiruhilekoan.
Azken datu horiek baliagarriak dira joerak ebaluatzeko, eta positiboak izan daitezke 2020. eta 2022. urteen artean izandako gorabeheren ostean, eta horrek merkataritza-sektorean izan dituzten ondorioak kontuan hartuta. Datuek adierazten digute pandemiaren aurreko mailak berreskuratzen ari garela, baina ikusi beharko da ea maila horiek azkenean egonkortzen diren eta ea, azkenik, benetako suspertze- eta berrindartze-ildo batean kokatzen garen.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren ustez, oraintxe da 2023ko azken hiruhilekoan kontsumoa sustatzeko unea, kontsumoan egon den moteltze nabarmena arintzeko. Moteltze hori, gure ustez, kontsumitzailearen egoera ekonomikoaren ondorio zuzena da, bai eta kontsumoa beste sektore batzuetara bideratu izanaren ondorioa ere, une honetan aisia, hezkuntza edo etxebizitzaren sektoreetara bideratu baita kontsumoa, merkataritza-jardueraren aurretik eman baitzaie lehentasuna.
Horiek horrela, beren borondatez programarekin bat egiten duten tokiko erakundeekin batera, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» deritzan programa hau ezarri du, Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza establezimenduetan eta hiriko merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuetan kontsumoa sustatzeko asmoz. Pizgarri- eta estimulu-sistema bat da Euskal Autonomia Erkidego osorako, herritarrek beren lurralde-eremuko merkataritza-establezimenduetan eskuragarri dituzten deskontu-bonuen bitartez.
Merkataritza-sektorea sustatzea xede duen programa honek barnean hartzen ditu bai Eusko Jaurlaritzak finantzatutako deskontu-bonuak –banaketa-irizpidea lurralde historiko bakoitzeko merkataritza-establezimenduen kopuruarekiko proportzionala izango da–, bai gainerako erakunde parte-hartzaileek finantzatutakoak ere –dagokien lurralde-eremuan banatuko dira–.
Programa honen denbora-garapena sektoreak planteatutako aurreikuspenei erantzunez diseinatu da. Horretarako, egutegi bat prestatu da, sektorea behar bezala berraktibatzen eta urtarokotasuna gainditzen laguntzeko, bai eta programa lurraldean ahalik eta gehien hedatzeko ere.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren bigarren aldaketan dago jasota programa hau.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren abenduaren 15eko 06/2005 Zirkularrean aurreikusitakoa betez, uste dugu Euskadi Bono-Denda programaren deialdiak ez duela inolako izapiderik egin behar Europar Batasunaren aurrean, ematen diren laguntzak ez baitira estatu-laguntzatzat hartzen.
Azaldutako guztiagatik, bat etorriz Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 13/2021 Dekretuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoarekin, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programaren oinarriak onartzea. Programa horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresaburu autonomoek, mikroenpresek eta enpresa txikiek txikizkako merkataritza-establezimenduetan ondasunak kontsumitzea eta zerbitzuak ematea sustatzeko eta hiriko merkataritza-jarduerarekin zerikusia duten zerbitzuak ematea sustatzen da.
2. artikulua.– Kanpainaren helburuak.
1.– Hiriko merkataritza-jarduerarekin lotura duten merkataritzako eta zerbitzuen sektoreko enpresaburu autonomoei eta mikroenpresa eta enpresa txikiei indartzen eta sendotzen laguntzea.
2.– Eskaria estimulatuta, herritarrei eta enpresa-sareari laguntzea, haiengan oinarritzen baitira merkataritza-sektorea eta hiriko merkataritza-jarduera.
3.– Hiriko merkataritza-jarduera dinamizatzea, hark udalerrian eta eskualdean duen eragina sustatuta.
4.– Hiriko merkataritza-jarduerarekin zuzeneko lotura duten merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduen maniobra-funtsa hobetzea.
5.– Kontsumoan egon den moteltzea arintzea. Moteltze hori kontsumitzailearen egoera ekonomikoaren ondorioa da, bai eta kontsumoa beste sektore batzuetara bideratu izanaren ondorioa ere, une honetan aisia, hezkuntza edo etxebizitzaren sektoreetara bideratu baita kontsumoa, merkataritza-jardueraren aurretik eman baitzaie lehentasuna.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Merkataritza Zuzendaritzaren bitartez, 5.000.000 euroko zuzkidura ekonomikoa emango du programa hau garatzeko, aurrekontu-aplikazio hauetan kontsignatuta:
Erakunde kudeatzailea: 1001212000.
Aurrekontu-partida: 1.76121.45100.
Aurrekontu-egituraren programa:
2023/001227 – 750.000 euro (Araba)
2023/001229 – 1.650.000 euro (Gipuzkoa)
2023/001228 – 2.600.000 euro (Bizkaia)
4. artikulua.– Laguntzen izaera.
Programa honen esparruan emandako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.
5. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organo arduraduna.
1.– Merkataritza Zuzendaritza izango da laguntzak kudeatzeko organo arduraduna, eta hari dagokio programa behar bezala gauzatzen dela ikuskatzeko eta kontrolatzeko jarduketak egitea.
2.– Programa honen kudeaketa-lanak eta dirulaguntzen funtsen banaketa elkarlanean egingo dira Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberarekin, Bilboko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganberarekin eta Gipuzkoako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganberarekin (aurrerantzean, EAEko ganberak).
3.– Programa honi esleitutako funts publikoak honako printzipio hauen arabera kudeatuko dira:
a) Publizitatea, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna eta bazterkeriarik eza.
b) Administrazio laguntza-emaileak finkatutako helburuak efikaziaz betetzea.
c) Baliabide publikoen esleipen eta erabilera efizientea.
6. artikulua.– Erakunde laguntzailea.
1.– EAEko ganberekin lankidetzan banatuko dira «Euskadi Bono-Comercio – Euskadi Bono-Denda» trukatzearen bidez lortzen diren eta diruz lagun daitezkeen funtsak, eta egiaztatuko dira salmenta-eragiketa bakoitzaren baldintzak eta eskakizunak, erakunde laguntzaileak baitira ganberok.
2.– Programa garatu ahal izateko, erakundeen elkarlana lankidetza-hitzarmen bidez gauzatuko da; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikulua eta hurrengoak izango ditu ardatz, eta lege horietan eta dirulaguntzak kudeatzeko erakunde laguntzaileentzako garapen-xedapenetan aurreikusitako araubide juridikoa aplikatuko zaio erakundeari.
7. artikulua.– Onuradunak.
Laguntza hauen onuraduntzat hartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren hamasei urtetik gorako pertsona fisikoak, baldin eta hiru lurralde historikoetan banatutako «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» direlakoak eskuratzen badituzte, agindu honetan ezarritako bitarteko eta bideen arabera.
8. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezakeen jarduera.
1.– Kanpainara atxikitako hiriko merkataritza-jarduerarekin erlazioa duten merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduetako kontsumoa lagunduko da diruz, horietan eskuragarri egongo den mota bakarreko deskontu-bonu baten bidez.
2. «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» horietako bakoitza hamar euroko deskontu-bonu bat izango da, eta atxikitako establezimenduetan egiten den 30 euro edo gehiagoko erosketan aplikatu ahal izango da.
3.– Deskontu-bonuak trukatzeko erabiliko den sistema hiriko merkataritza-jarduerarekin lotura duten merkataritza- edo zerbitzu-establezimenduetan trukatuko den bonua izango da, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa zorrotz betez, betiere.
Deskontu-bonuak trukatzeko ezarritako epean, establezimenduek aktiboki eskainiko dituzte bonuak, eta erosketaren unean trukatuko dituzte.
Deskontu-bonuen aplikazioa establezimenduek beraiek egingo dute; ondasunak eskuratzen edo zerbitzuak hartzen dituen onuraduna EAEn bizi dela egiaztatu eta identifikatuta.
Betebehar horiek beteko ez balira, berehala emango zaio baja programan, eta establezimenduari dagozkion bonuak kanpainan sartuko dira, eta 11. artikuluan horretarako ezarritako epean birbanatuko. Gainera, ez-betetze horrek zehapen-prozedura bat hastea ekar dezake.
4.– Horretarako, erakunde laguntzaileak behar diren mekanismoak eduki beharko ditu aurreko apartatuan adierazitakoa bermatzeko eta egiaztatzeko, eta, halaber, behar dituen tresnak izan beharko ditu erosketa-tiketetan identifikatutako pertsona bakoitzeko bost deskontu-bonuen muga kontrolatzeko. Era berean, atxikitze-aldia amaitzean eta programaren baldintzak bete direla egiaztatzean, bonuak programara atxikitako establezimenduen artean banatuko dira.
5.– Pertsona bakoitzak, gehienez, bost deskontu-bonu batu ahal izango ditu, berrogeita hamar euroko balioarekin. Onuradunek establezimendu bakar batean edo batean baino gehiagotan erabili ahal izango dituzte deskontu-bonuak. Halaber, deskontu-bonuak erosketa bakarrean edo hainbat erosketatan erabili ahal izango ditu onuradun bakoitzak.
6.– Establezimenduek modu aktiboan eskainiko dizkiete bonuak bezero guztiei, harik eta establezimenduko bonuak agortzen diren arte. Establezimenduek ezin izango dute bonurik gorde, ez atxiki, ezta artikulu jakin batzuen salmentarako erabili ere. Betebehar horiek beteko ez balira, berehala emango zaio baja programan, eta establezimenduari dagozkion bonuak birbanatu egingo dira 11. artikuluan ezarritakoaren arabera. Gainera, ez-betetze horrek zehapen-prozedura bat hastea ekar dezake.
7.– Deskontu-bonuak trukatzeko aldi bat ezartzen da, atxikipen-aldia amaitu eta dagokion egiaztapena egin ondoren hasiko dena. Aldi horren hasiera Merkataritzako zuzendariaren ebazpen bidez zehaztuko da, eta https://www.euskadibonodenda.eus web-orrian jakinarazi. Trukatzeko aldia 2023ko abenduaren 5ean amaituko da.
9. artikulua.– Establezimenduek bete beharreko baldintzak programara atxikitzeko.
1. «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programara atxiki ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden eta hiriko merkataritza-jarduerarekin lotura duten merkataritza- edo zerbitzu-establezimenduak, honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Agindu honen I. eranskinean jasotako Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafe eta/edo multzoren batean kokatutako jarduera batean aritzea eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotea.
b) Enpresaburu autonomo, mikroenpresa edo enpresa txiki izatea, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren I. eranskineko 2.2 eta 2.3 artikuluetan adierazitakoaren arabera. Erregelamendu horrek laguntza-kategoria batzuk barne-merkatuarekin bateragarri direla deklaratzen du, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
– ETEen kategorian, enpresa txikitzat hartzen dira, 50 langile baino gutxiago izanik, urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak.
– ETEen kategorian, mikroenpresatzat hartzen dira, 10 langile baino gutxiago izanik, urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 2 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak.
c) Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea, eta, hala badagokio, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
d) Programara atxikitzeko beharrezkoa den erantzukizunpeko adierazpenean ezarritako baldintzak.
2.– Ildo horretan, bestelako betebeharrak alde batera utzita, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak edozein unetan eskatu ahal izango ditu gutxieneko eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko agiriak.
Horiek betetzen ez dituzten erakundeek aurkeztutako eskabideak ez dira aintzat hartuko, ez onartuko.
10. artikulua.– Programara atxikitzeko prozedura.
1.– Programa honetara atxiki nahi duten hiriko merkataritza-jarduerarekin lotutako merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduek II. eranskinean jasotako atxikitze-inprimakia formalizatu beharko dute. Honako helbide hauetan egongo da eskuragarri inprimaki hori:
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa:
https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/
– EAEko ganberetako bakoitzaren web-orriak, lurraldean lurraldekoa.
https://www.euskadibonodenda.eus/
2.– Artikulu honen 1. apartatuan jasotako atxikimendu-inprimakiak erantzukizunpeko adierazpen bat izango du, honako alderdi hauekin:
a) Eskatzailea erakundearen ordezkaria dela eta behar adinako aginpidea baduela ordezkaritza horretarako.
b) Ezagutzen eta onartzen dituela «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» dirulaguntza-programa kudeatzeko ezarritako oinarriak eta prozedura.
c) Betetzen dituela laguntza-programa arautzen duen aginduaren 9. artikuluan ezarritako atxikitze-baldintzak.
d) Programara atxikitzen dela eta bertan ezarritako konpromisoak beteko dituen hitza ematen duela.
e) Egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
f) Ordainduta dituela dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, hala badagokio.
g) Pertsona edo erakundea ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak onuradun izateko 13. artikuluan ezartzen dituen debeku-egoeretan.
h) Ez daukala dirulaguntza eta laguntza publikoen onuradun izatea debekatzen dion zigorrik, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2 artikuluan ezarritakoaren arabera edo Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera.
i) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari baimena ematen diola egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egin ditzan.
Erantzukizunpeko adierazpenean interesdunak adierazitako funtsezko datu edo informazioren bat zehatza ez bada, faltsua gertatzen bada edo eman ez bada, edo deklaratutakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten, ezinezkoa izango da egikaritu nahi den eskubidea edo jarduera gauzatzen jarraitzea, egitate horiek jakiten diren momentutik aurrera. Gainera, itzuli egin beharko dira deialdiaren baldintzak betetzen ez zirela bonuak trukatzeagatik jasotako zenbatekoak. Era berean, erator litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak ekar litzake (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).
Ildo horretan, bestelako betebeharrak alde batera utzita, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak edozein unetan eskatu ahal izango ditu gutxieneko eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko agiriak.
Datu pertsonalen tratamendua honako hauetan ezarritakoaren arabera egingo da: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2016/679 Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.
3.– Eskatzaileek, atxikimendu-inprimakia eta aginduko baldintza guztiak konplitzen dituztela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena betetzeaz gainera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:
– Identifikazio fiskaleko zenbakia. (NAN, autonomoen kasuan, eta IFK, pertsona juridikoak direnean).
– Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan izandako alta eta baja egoeren ziurtagiri historikoa, edo, hala badagokio, laguntza jasoko duen establezimenduarena.
– Establezimenduaren argazkia.
– Bankuko kontuaren ziurtagiria.
4.– Merkataritza-establezimenduak «Euskadi Bono-Comercio – Euskadi Bono-Denda» programara atxikitzeko epea hamar egun naturalekoa izango da, urriaren 11tik 20ra hain zuzen, biak barne.
5.– Programara atxikitzeko eskabidea, erantzukizunpeko adierazpena eta eskatutako dokumentazioa aukeratzen den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, bat etorriz Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin.
6.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du programara atxikitzea eskatzen duten establezimenduek berariaz eta formalki onartzen dituztela deialdi honen oinarrietan zehaztutako eskakizunak.
7.– Atxikitzeko aldia amaituta, EAEko ganberek gehienez 9 egun balioduneko epea izango dute egiaztatzeko ea «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programara atxikitzeko eskatzen duten establezimenduek 9. artikuluan jasotako baldintzak betetzen dituzten ala ez.
Aurkeztutako informazioa eta dokumentazioa egiaztatu ondoren, Merkataritza Zuzendaritzako titularrari jakinaraziko diote programan sartzeko eskaera egin duten establezimenduak onartzeko edo baztertzeko proposamena. Merkataritza Zuzendaritzako titularrak ebazpena emango du atxikitzeko prozesuan onartutako eta baztertutako establezimenduen behin betiko zerrendarekin, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa). Erakunde kudeatzaileak establezimendu eskatzaile guztiei jakinaraziko die ebazpen hori, baita esleitutako deskontu-bonuen kopurua ere.
8.– Atxikitako establezimenduei, beharrezko den dokumentazioa eta programa sustatzeko materiala emango zaie. Material hori nabarmen eta herritar guztiek ikusteko moduan egongo da establezimenduan programak dirauen bitartean.
Programaren sustapen-materialak honako dokumentazio hau izan beharko du gutxienez:
– «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programan parte hartzen duela egiaztatzen duen kartela (gutxienez bi kartel edo establezimendu bakoitzean behar diren guztiak).
– 3/2018 Lege Organikoari buruzko informazioa (3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa).
– Deskontu-bonuak agortu izanaren kartela. Establezimenduko deskontu-bonuak agortu bezain laster, bezeroei egoera horren berri emateko, establezimenduan eskuragarri zeuden bonuak agortu direla aditzera ematen duen kartela ipiniko da, «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programan parte hartzen duela adierazten duten kartelen ondoan.
– Kanpainaren arduradunen iritziz, programak behar bezala funtzionatzeko, merkataritza-establezimenduei eman beharreko beste dokumentazio oro.
11. artikulua.– Deskontu-bonuen banaketa.
1.– Deskontu-bonuen guztizkoa lurralde historiko bakoitzean programara atxiki diren establezimenduen artean banatuko da, lurralde bakoitzaren pisu demografikoaren arabera.
2.– Lurralde historiko bakoitzaren barruan, merkataritza-establezimendu bakoitzari dagozkion bonuen kopurua lineala izango da, eta jaulkitako bonuen kopuruaren eta programarekin bat egin duten establezimenduen kopuruaren arteko erlazioaren araberakoa.
3.– Deskontu-bonuak erakunde laguntzaileak banatuko ditu hiru lurralde historikoetan, aurreko irizpideei jarraituz eta ehuneko hauekin:
Araban: % 15, 75.000 bonu.
Bizkaian: % 52, 260.000 bonu.
Gipuzkoan: % 33, 165.000 bonu.
Eskura egongo diren bonuak, guztira: 500.000 bonu.
4.– Eusko Jaurlaritzak ez du bere gain hartuko 500.000 bonu baino gehiagotara iristeko aukera.
5.– Hala ere, eskariaren egoerak hala aholkatzen badu, eta, betiere, erakunde kudeatzailearekin egindako lankidetza-hitzarmenean ezarritako jarraipen-batzordeak onartzen badu, banaketa horri doikuntzak egin ahal izango zaizkio lurraldeen artean, onuradunen artean ahalik eta bonu gehien banatu ahal izateko. Horren berri emango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eta programaren https://www.euskadibonodenda.eus web-orrian, Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzako titularraren ebazpen baten bidez.
6. «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programa gauzatzeko EAEko Administrazio Orokorraren eta EAEko ganberen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu eta hurrengo hilabetearen barruan, kudeatu beharreko laguntza-funtsen zenbatekoaren % 70 sartu beharko da dagokion hitzarmena sinatu duten EAEko ganberek adierazitako banku-kontuan. Une horretatik aurrera, ganberak izango dira funtsen gordailuzain, eta gordailuzainak gordailu zibilean dituen zaintza-betebeharrak hartuko dituzte beren gain (Kode Zibilaren 1.758 artikuluan eta hurrengoetan daude araututa).
Gainerako % 30a programa garatzen den bitartean eta amaitu aurretik sartuko da, deskontua duten salmenta-eragiketen arabera.
7. «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programara atxikitako establezimenduen zerrenda publikoa izango da, eta programara bideratuta dagoen https://www.euskadibonodenda.eus web-orrian eguneratuko da.
12. artikulua.– «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» trukatzeko funtzionamendu- eta kudeaketa-sistema.
1.– Dirulaguntza-programa kudeatzeko, plataforma teknologiko espezifiko bat ez ezik, deskontu-bonuak abian jartzeko eta funtzionamendu-operatiboa efikaziaz gauzatzeko egokienak diren aplikazio informatikoak ere erabiliko dira.
2.– Plataforma horren bidez egingo dira dirulaguntza-programara atxikitzearekin lotutako izapide guztiak, bai eta deskontu-bonuak jaulki, lortu, aplikatu, trukatu eta konpentsatzeko eragiketa guztiak formalizatu ere, agindu honetan zehaztutako baldintzetan.
3.– Kanpainara atxikitako establezimenduek erabiltzaile-izena eta pasahitz pertsonalizatuak izango dituzte plataforman sartu ahal izateko, eta bertan izango dituzte eskura esleitu zaizkien deskontu-bonuak.
4.– Deskontu-bonu bakoitzak dagokion zenbaki espezifikoa izango du, bakarra bihurtuko duena eta atxikitako establezimendu zehatzari lotuta egongo dena.
5.– Atxikitako establezimenduak aktiboki eskainiko dizkie bezeroei deskontu-bonuak, betiere arau honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
6.– Programara atxikitako establezimenduak erabili diren eta oraindik erabiltzeko dauden bonuei buruzko informazioa izan ahalko du kanpaina indarrean dagoen bitartean.
7.– Programara atxikitako establezimenduek aplikatutako deskontu-bonuak betearazi eta kobratu ahalko dituzte astero.
8.– Establezimenduak plataforman formalizatuko ditu salmenta egiteko edo zerbitzuak emateko momentuan erabilitako bonu guztiak, eta, justifikazio-agiri gisa, erosketa-tiketa erantsi beharko du, non eroslearen NANa jasota egongo den.
Establezimenduak tiketaren kopia bat gordetzera behartuta daude, erosketa horretan trukatutako deskontu-bonuaren identifikazio zenbakiarekin eta eroslearen NANarekin batera.
9.– Eskatutako baldintzak betetzen direla behin egiaztatu ondoren, dagokien zenbatekoa likidatu eta ordainduko zaie programara atxikitako establezimenduei, xede horretarako eman beharko duten banku-kontuan.
10.– Programa honetara atxikitako establezimenduek plataforman jarraitu ahal izango dute dagokien lurralde-eremuan parte hartzen duten erakundeek etorkizunean egin ditzaketen ekintzetarako, baldin eta, atxikitzeko unean, hori esplizituki adierazten badute, Datuak Babesteko Legea aplikatuz.
13. artikulua.– Programara atxikita dauden establezimenduen betebeharrak.
«Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programara atxikitako establezimenduek, atxikitze-eskaera sinatu ondoren, honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Establezimenduko kokapen nabarmen eta ageri batean programan parte hartzen duela aditzera ematea, dagozkion publizitate-materialak jaso eta ipintzearen bitartez.
Establezimenduei banatzen zaien materiala erraz ikusteko moduko lekuan jarri beharko da, eta, betiere, gutxienez, kanpoaldean, sarbide bakoitzetik hurbil eta kutxa-mahaietatik gertu.
b) Establezimenduek aktiboki eskainiko dizkiete deskontu-bonuak bezeroei, eta salmenta egiteko edo zerbitzuak emateko unean trukatuko dituzte. Establezimenduek bezero guztiei eskainiko dizkiete bonuak, harik eta bonuak agortzen zaizkien arte.
c) Erabat debekatuta dago deskontu-bonuen erabiltzaileekiko diskriminazio edo tratu desberdin oro.
d) Erosleei ez zaie, ezein kasutan, eskudirurik itzuliko. Itzulketak egin behar diren kasuan, erosketa eta NAN horrekin lotura duten bonuak askatuko dira. Itzulketen kasuan, erosketa horri eta NANari lotutako bonuak liberatuko dira; horrela, ezarritako truke-epearen barruan egindako beste erosketa batean trukatuko dira.
e) Bezeroek ikusteko moduko leku batean kanpainaren balorazioari buruzko galdetegi labur bat eskaintzea, nahi duenak bete dezan. Galdetegiak bete ondoren, horretarako ematen den helbidera bidaliko dira.
f) Harremanetan jartzeko aukera ematea, programak ongi funtzionatzen duela egiaztatzeko eta prozesuari eta kanpainari buruz zer iritzi duten jakiteko.
g) Establezimenduek nahitaez gorde beharko dute erosketa-tiketaren edo jasotako funtsen aplikazioa egiaztatzen duen fakturaren kopia bat, erosketan trukatutako deskontu-bonuaren identifikazio-zenbakiarekin eta eroslearen NANarekin batera. Dokumentu horiek gorde egin beharko dira, harik eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailera bidaltzen diren momentura arte, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak dokumentuak egiaztatu eta kontrolatu ahal ditzan.
h) Plataformara sartzeko kodeak arduraz zaintzea, inork oker erabili ez ditzan; horretarako, kode horiek inori ez jakitera emateko konpromisoa hartuko da.
i) Kanpainaren amaieran inkesta bat betetzea, azken balorazioa eginez, establezimenduaren ikuspegitik.
j) Eskaeran adierazitako datuek egiazkoak izan behar dute, eta izapideen edozein unetan egiaztatu ahal izango dira.
Erantzukizunpeko adierazpenean agertzen den daturen bat faltsua balitz, dagokion zehapena izango du administrazio- zein zigor-araubidearen arabera.
k) Programara atxikitako establezimenduek eskatzen zaien informazio guztia eman beharko diete Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten eginkizunak betetzen ariko baitira.
14. artikulua.– Erakunde laguntzailearen betebeharrak.
1.– Lankidetza-hitzarmena sinatzen duen erakunde laguntzaileak honako ekintza hauek garatzeko konpromisoa hartzen du:
a) Kanpainaren kudeaketan laguntzea eta parte hartzen duten establezimenduekin harremanak izateko bidea izatea, haien atxikimendua artikulatzeko eta haren arabera hartutako konpromisoak behar bezala betetzen diren kontrolatzeko.
b) Programari zabalkundea ematea bere web-orriaren eta hiriko merkataritza-jarduerarekin zerikusia duten merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduei informazioa emateko beste bitarteko propio batzuen bidez; hedapen hori sareko lankidetza-eskema baten bidez egin ahal izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritzako Bulego Teknikoen, Merkataritza Federazioen eta beste merkatari-elkarte batzuen bitartez.
c) Programari buruzko interesa duten establezimenduekiko elkarrekintza:
– Informazioa ematea.
– Laguntza ematea establezimendu interesdunei, kanpainarekin formalki bat egin dezaten.
d) EAEko ganberek, atxikitzeko aldia amaitu ondoren, gehienez 9 egun balioduneko epea izango dute egiaztatzeko ea «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programara atxikitzeko eskatzen duten establezimenduek agindu honen 9. artikuluan jasotako baldintzak betetzen dituzten ala ez.
e) Aurkeztutako informazioa eta dokumentazioa egiaztatu ondoren, programara atxikitzeko eskaera egin duten establezimenduei jakinaraziko zaie programan onartu dituzten edo ez, bai eta, hala badagokio, zenbat deskontu-bonu esleitu zaizkien ere.
f) Atxikitako establezimenduei 10. artikuluko 8. puntuan jasotako programaren sustapen-materiala emango zaie.
g) Atxikitako establezimenduekiko interakzioa:
– Mezu elektronikoa kanpaina-aldiaren hasieran eta amaieran.
– Birbanaketari buruzko mezu elektronikoa, behar den orotan.
– Mezu elektronikoa programaren kudeaketari buruzko ohiko galderekin eta kontsultak egiteko kontaktuarekin.
– Programaren amaierako balorazioari buruzko inkesta.
– Programaren arduradunek prozesuan zehar egoki ikusten duten beste edozein interakzio-premia.
h) Funtsen gordailuzain eta banatzaile izatea, pertsona fisiko onuradunei bonuak banatzeko eragiketak koordinatzea eta hobaria jaso duten salerosketa-eragiketetan erabilitako bonuak trukatzea.
i) Programara atxikitako enpresaburu autonomoei, mikroenpresei eta enpresa txikiei deskontu-bonuei dagozkien zenbatekoak ordaintzea, 12. artikuluko 7. puntuan adierazitako epearen barruan.
j) Kontuan programarako jarritako funtsak behar bezala erabiltzen direla kudeatzea, kontrolatzea eta gainbegiratzea, sinatutako hitzarmenarekin bat etorririk eta, hala dagokion kasuan, Eusko Jaurlaritzak erakundeari emandako berariazko jarraibideen arabera.
k) Kudeatutako guztiaren berri ematea, sinatutako lankidetza-hitzarmenean adierazitako txostenen eta programaren arduradunak beharrezkoak jotzen dituen beste guztien bidez.
2.– Aurreko klausuletan adierazitako konpromiso eta betebeharrak ez ezik, EAEko ganberek betebehar hauek hartzen dituzte beren gain:
a) Dirulaguntzen Lege Orokorraren 15. artikuluan adierazitako betebehar guztiak; halaber, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egoki iritzitako egiaztapen guztiak onartuko dituzte, jarduketak gauzatzeari eta garatzeari dagokienez.
b) Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 2.4 artikuluak xedatutakoa betetzea, eta, bereziki, artikulu hauetan jasotakoa: 3. artikulua, berdintasunaren arloko printzipio orokorrei buruzkoa; 17. artikulua, estatistikei eta azterlanei buruzkoa, eta 19.4 artikulua, hizkuntza eta irudi ez-sexistak edozein euskarritan erabiltzeari buruzkoa.
c) Finantzaketa publikoa dela eta finantzaketa Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren kargura dagoela zabaltzea, irudi korporatiboaren anagramak eta logotipoak, programaren berariazko irudiak eta Eusko Jaurlaritzaren claim-a erabilita, formatu bakoitzerako modurik egokienean (jarraipen-batzordeak baliozkotuko du). Programaren berri eman beharko dute, dagokion atariaren edo web-orriaren bidez.
d) «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programara atxikitako establezimenduei zuzendutako argitalpen, iragarki, publizitate eta komunikazio guztietan bi hizkuntza ofizialak erabiliko dira, eta gaztelania eta euskara erabiltzeko eskubidea bermatuko zaie erabiltzaileei eta kontsumitzaileei entitate onuradunekin dituzten harremanetan.
3.– Jarduketa hauek gauzatzean, konfidentzialtasun- eta isiltasun-betebeharrak bete beharko dira, negozioen eta pertsonen datuei dagokienez. Egiaztatze-jarduketak egin eta gero, dokumentazio guztia Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari helarazi beharko zaio.
4.– Erabat debekatuta dago hiriko merkataritza-jarduerarekin zerikusia duten merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduak diskriminatzea edo tratu desberdina ematea.
15. artikulua.– Programaren indarraldia.
1. «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programa agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean, eta 2023ko abenduaren 5ean amaituko da, honako epe hauen arabera:
1.1.– Urriaren 11tik 20ra, biak barne, atxiki beharko dira establezimenduak.
1.2.– EAEko ganberek, atxikitzeko aldia amaitu ondoren, gehienez 9 egun balioduneko epea izango dute egiaztatzeko ea «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programara atxikitzeko eskatzen duten establezimenduek baldintzak betetzen dituzten ala ez, eta bonuak banatzeko.
1.3.– Erabiltzaileek establezimenduan bertan lortu ahal izango dituzte deskontu-bonuak. Erosketa hobaridunak, 8.7 artikuluaren arabera egindakoak izango dira.
2.– Programa amaitzen den dataren ostean, deskontu-bonuek galdu egingo dute zuten balioa.
3.– Aurreko paragrafoan adierazitako data baino lehen agortzen badira programa honekin lotutako funts publikoak, horren berri eman beharko du Turismo, Merkataritza eta Turismo Sailak.
4.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Turismo eta Merkataritzako sailburuordetzako titularraren ebazpen baten bitartez, programaren indarraldiaren egunak aldatu ahal izango ditu, egoerak edo antolakuntzari dagozkion bestelako arrazoiek hala aholkatuz gero, eta horren berri emango du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.
16. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Programa honen ez-betetzetzat joko dira jarraian zerrendatzen diren kasu hauek:
a) Agindu honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea, hala erakunde laguntzailearentzat 14. artikuluan jasotakoak, nola merkataritza-establezimenduentzat 13. artikuluan xedatzen direnak.
b) Establezimendu batek 13. artikuluan adierazitako edozein betebehar beteko ez balu, baja emango zaio berehala programa honetatik, eta establezimenduari dagozkion bonuak birbanatu egingo dira.
2.– Aurreko apartatuan jasotzen diren ez-betetzeez gainera, programara atxikitako establezimenduek ez-betetzeren bat egingo balute, establezimendu horiek «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programarekin duten atxikipena bertan behera utzi ahal izango du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, eta horren berri emango lioke erakunde laguntzaileari, horien deskontu-bonurik trukatu ez dezan.
Era berean, ez-betetzeek erantzukizun administratiboa, penala edo zibila beren gain hartzea ekar dezakete.
17. artikulua.– Ikuskapena.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, programaren arduradun den heinean, egokitzat jotzen dituen egiaztapenak, ikuskapenak eta gainerako kontrol guztiak egin ahal izango ditu, ziurtatzeko baliabide publikoak ongi erabiltzen direla eta programa hau modu egokian garatu eta aplikatuko dela.
Establezimendu atxikiek ez-betetzeren bat eginez gero, establezimendu horiek «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programan duten atxikipena bertan behera utzi ahal izango du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, eta horren berri eman erakunde laguntzaileari, deskontu-bonurik trukatu ez dezan.
18. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Agindu honen babesean lortutako dirulaguntza bateragarria izango da beste administrazio publiko batzuetatik edo erakunde pribatuetatik eta eskualdeko, estatuko, edo nazioarteko erakundeetatik jasotako beste dirulaguntza, sostengu, diru-sarrera edo baliabide ororekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada, eta, horren ondorioz, bonuaren balioa galtzen bada erosketaren kostua gainditzen duen zenbatekoan, galera horrek inolako itzulketarik eragin gabe.
19. artikulua.– Datuen babesa.
Datuen babesari dagokionez, atxikitako establezimenduak behartuta daude honako hauek betetzera: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2016/679 Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoen babesari buruzkoa (95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena, hau da, datuak babesteko erregelamendu orokorra); eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.
Dirulaguntzen programa honetan, Eusko Ganberak-Cámaras Vascas izango dira tratamenduaren erantzuleak, aipatutako araudian ezarritako baldintzetan eta araudian ezarritako betebehar eta baldintzekin.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Arau hauek aplikatuko dira: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duena, eta, prozedurari dagokionez, 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.
AZKEN XEDAPENETAKO Lehenengoa
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO Bigarrena
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 3a.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.
I. ERANSKINA
KANPAINARA ATXIKI DAITEZKEEN JARDUERA-SEKTOREAK, JARDUERA EKONOMIKOEN GAINEKO ZERGAREN (JEZ) EPIGRAFEAREN ARABERA
– 6443 Gozogintzako, opilgintzako eta konfitegintzako ekoizkinen txikizkako merkataritza.
– 6444 Izozkien txikizkako merkataritza.
– 6445 Bonboien eta karameluen txikizkako merkataritza.
– 645 Mota guztietako ardoen eta edarien txikizkako merkataritza.
– 651 Ehungintza-gaien, jantzigintza-gaien, oinetakoen, larruen eta larrugintza-gaien txikizkako merkataritza.
– 6522 Drogeriako, lurringintzako eta kosmetikako produktuen, garbiketako gaien, pinturen, bernizen, disolbatzaileen, paperen eta dekoraziorako beste ekoizkin batzuen eta kimikako ekoizkinen txikizkako merkataritza.
– 6523 Lurringintzako eta kosmetikako ekoizkinen eta norbere higienerako eta garbiketarako gaien txikizkako merkataritza.
– 6524 Belar-dendetako landareen eta belarren txikizkako merkataritza.
– 653 Etxeko ekipamenduen eta eraikuntzarako gaien txikizkako merkataritza.
– 6542 Lehorreko ibilgailuentzako osagarrien eta ordezko piezen txikizkako merkataritza.
– 6545 Mota guztietako makineriaren txikizkako merkataritza (etxeko aparatuak, bulegokoak, medikuntzakoak, ortopedikoak, optikoak eta argazkigintzakoak izan ezik).
– 6546 Mota orotako ibilgailuetarako pneumatikoen, banden edo aire-ganberen txikizkako merkataritza.
– 656 Altzarien, jantzien, etxean erabiltzeko jantzi eta tresna arrunten eta antzeko ondasunen txikizkako merkataritza.
– 657 Musika-tresnen eta haien osagarrien txikizkako merkataritza.
– 659 Txikizkako bestelako merkataritza.
– 662 Txikizkako merkataritza mistoa edo integratua.
– 971 Garbitegiak, tindategiak eta antzeko zerbitzuak.
– 972 Ile-apaindegiak eta edertasun-apaindegiak.
– 9731 Argazkigintza-zerbitzuak.
– 975 Markogintza-zerbitzuak.
II. ERANSKINA
«EUSKADI BONO-COMERCIO / EUSKADI BONO-DENDA» PROGRAMARA ATXIKITZEA ESKATZEKO ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA
(Ikus .PDF)
Erreferentziako establezimenduaren izenean, sinatzaileak bere erantzukizunpean adierazten du:
– Erakundearen ordezkaria dela eta behar adinako aginpidea duela ordezkaritza horretarako.
– Ezagutzen eta onartzen dituela «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» dirulaguntza-programa kudeatzeko ezarritako oinarriak eta prozedura.
– Dokumentu honetan adierazitako datuak egiazkoak direla.
– Betetzen dituela laguntza-programa arautzen duen aginduaren 9. artikuluan ezarritako atxikitze-baldintzak.
– Programara atxikitzen dela eta bertan ezarritako konpromisoak beteko dituen hitza ematen duela.
– Egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
– Ordainduta dituela dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, hala badagokio.
– Pertsona edo erakundea ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak onuradun izateko 13. artikuluan ezartzen dituen debeku-egoeretan.
– Ez daukala dirulaguntza eta laguntza publikoen onuradun izatea debekatzen dion zigorrik, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2 artikuluan ezarritakoaren arabera edo Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari baimena ematen diola egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egin ditzan.
Erantzukizunpeko adierazpenean interesdunak adierazitako funtsezko datu edo informazioren bat zehatza ez bada, faltsua gertatzen bada edo eman ez bada, edo deklaratutakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten, ezinezkoa izango da egikaritu nahi den eskubidea edo jarduera gauzatzen jarraitzea, egitate horiek jakiten diren momentutik aurrera. Gainera, itzuli egin beharko dira deialdiaren baldintzak betetzen ez zirela bonuak trukatzeagatik jasotako zenbatekoak. Era berean, erator litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak ekar litzake (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).
Erantzukizunpeko adierazpen honekin batera, honako dokumentu hauek erantsi behar dira:
– Identifikazio fiskaleko zenbakia.
– Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan izandako alta eta baja egoeren ziurtagiri historikoa, edo, hala badagokio, laguntza jasoko duen establezimenduarena.
– Establezimenduaren argazkia.
– Bankuko kontuaren ziurtagiria.