Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

194. zk., 2023ko urriaren 10a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4636

EBAZPENA, 2023ko abuztuaren 30ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Asparrengo (Araba) konposta egiteko instalazioaren proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena.

AURREKARIAK

2023ko maiatzaren 23an, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzako Ingurumen Baimen Bakarraren Zerbitzuak eskabidea bete zuen Asparrengo konposta egiteko instalazioaren proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (prozedura hori Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago arautua).

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zen 2023ko ekainaren 15ean, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait erakunderen txostenak jaso dira, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Bestalde, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun guztiek aukera izan zezaten ingurumenari buruz egin nahi zituzten ohar guztiak egiteko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legeko 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta ingurumen jasangarria sustatzeko asmoz.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E eranskinaren E9) taldeko 9b epigrafean xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie «hondakinak deuseztatzeko edo balioztatzeko instalazioei, jarduera aire zabalean edo industrialdeetatik kanpo egiten bada». Hain zuzen ere, hori da Asparrengo konposta egiteko instalazioaren proiektuaren kasua.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egitea Asparrengo konposta egiteko instalazioaren proiekturako, honako hauen arabera:

A) Proiektuaren xedea da konposta egiteko instalazio bat eraikitzea Asparrena-Donemiliagako industrialdean.

B) Asparrengo konposta egiteko instalazioaren proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuaren xedea da konposta egiteko instalazio bat eraikitzea Asparrena-Donemiliagako industrialdean, Asparrengo udal-mugartean. Konposta egiteko instalazioak gaika biltzen diren eta etxeetan edo komunitateko konpostaje-eremuetan konpostatzen ez diren etxeko hondakinen zatiki organikoa erabiliko du, bai eta Asparrena-Donemiliagako eta Okiturriko industrialdeetan dauden Asparrengo sortzaile handiek sortutako biohondakinak ere. Proiektuak aurreikusten du instalazioa eskualde-mailakoa izan daitekeela eta etorkizunean Arabako Lautadako kuadrillan sortutako biohondakinak kudeatu ahal izango dituela.

Katastroko datuen arabera 16.382 m2-ko azalera duen lurzati batean kokatuko da instalazioa. Bertan, ezpalak biltegiratzeko nabe bat eraiki zen 2018an, gero «district heating» udal-instalazioan erregai gisa erabiltzeko. Biltegiaren azalera eraikia 340 m2-koa da. Lurzatia industria-erabilera esleituta duen hiri-lurzoru gisa sailkatutako lursailetan dago, eta «komunitate-ekipamendu generikoa» kalifikazioa du.

Instalazioa honako hauek osatuko dute: konpostaje-prozesurako nabea (1.235,25 m2-ko azalera), lixibiatuen biltegia (75 m3-ko biltegiratze-bolumen erabilgarria duen hormigoi armatuzko lurpeko biltegia), euri-urak biltzeko putzua (260 m3-ko bolumen erabilgarria), ponpaketa-etxola (etxolaren azalera 15,21 m2-koa izango da), landare-zatikia biltegiratzeko eta birrintzeko gunea eta sartzeko eta maniobrak egiteko bideak.

Instalazioa diseinatzerakoan, urtean gehienez 500 tona biohondakin sartuko direla hartu da kontuan: Asparrengo udalerriko atez ateko sistemaren bidez gaika biltzen direnak eta Donemiliagako udalerriko 3 sortzaile handiek sortutakoak. Biohondakinak ia modu homogeneoan sortzen dira urte osoan. Horrek esan nahi du astean 15,1 m3 (9,6 t) sartuko direla instalaziora, eta egunean batez beste 3,02 m3 (1,92 t) sartuko direla; halaber, kontuan hartu behar da urtean 52 aste egongo dela martxan eta astean 5 egunez.

Konpostaje-prozesuaren barruan, inguruko parke eta lorategietako hondakin biodegradagarrietatik sortutako landare-material egituratzailea edo birrindua erabiltzen da. Jarduera-proiektuaren arabera, nahasketaren proportzio bolumetrikoa 3 egituratzaile-zati da biohondakinaren 2 zatiko, eta horrek, hondakin mota bakoitzaren dentsitatea kontuan hartuta, urtean 353 tona egituratzaile beharko direla esan nahi du.

Instalazioan balorizatuko diren hondakinak HEZ (Hondakinen Europako Zerrenda) kode hauei dagozkie:

– 20 01 08 - Gaika bildutako sukalde eta jatetxeetako hondakin biodegradagarriak.

– 20 02 01 - Parke eta lorategietako hondakin biodegradagarriak (inausketa- eta lorezaintza-hondakinak).

100-150 tona konpost ekoiztuko dira (finketaren eta egituratzaile motaren arabera). Hasiera batean, konposta industrialdeko lorezaintzan eta udal-titulartasuneko beste berdegune batzuetan erabiliko da. Konpost soberakinak merkaturatu ahal izango dira, betiere substratu eta ongarrien araudiak betetzen badituzte. Material egituratzailearen % 25 inguru birzirkulatuko litzateke (azken kopurua ezaugarrien araberakoa izango da).

Hala, konpostaje-prozesuak honako fase hauek ditu:

– Egituratzailea biltegiratzea eta birrintzea: material egituratzailea eskualdeko udal-inausketetatik dator. Inausketa-hondakin horiek aldi baterako biltegiratuko dira, landare-zatikiaren eremuan. Birrintzea urtean bitan egingo da, eta, guztira, 5-7 egun beharko dira prozesu hori egiteko.

– Biohondakinak jasotzea eta egituratzailearekin nahastea: gaika bildutako hondakin biodegradagarriak instalazioan jasoko dira, deskarga-kutxetan nahastu eta homogeneizatuko dira eta, jarraian, konpostaje-mordoetan jarriko dira; biohondakinak ez dira aldi baterako biltegiratuko.

– Hartzidura: instalazioak biohondakina prozesatuko du sistema dinamiko batean (iraulia) mordotan, prozesuaren faseetarako (hartzidura eta heltzea) bereizitako bi gunetan. Hartzidurak lau aste irauten du. Hezetasuna kontrolatzen da (lixibiatuarekin ureztatuz), eta baita tenperatura ere.

– Heltzea: hartzidura-prozesuaren denbora amaitu ondoren, materiala beste gune batera eramango da, materiala heltzen hasiko den gunera hain zuzen. Etapa honetarako konpostaje-sistema mordo dinamikoetan antolatuko da. Heltzeak zortzi aste irauten du. Mordo bakoitza astero irauliko da materiala nahasteko eta trinkotzea, lehentasunezko aireztapen-bideak eratzea eta hezetasun-mailak estratifikatzea saihesteko. Materialaren egoeraren arabera, iraultzeaz gain, ureztatu ere egingo da.

– Baheketa: baheketa honelaxe egongo litzateke: baheketaren errefusa, hau da, egituratzaile gisa prozesuan berriro sar daitekeen material birzirkulatua, biohondakin freskoa bildu eta nahasteko gunera isuriko da. Instalazioaren ezaugarriak eta egingo den konpostaje-prozesua direla eta, ez da aurreikusten materiala maiz bahetzea. Beharrezkoa denean, instalaziotik kanpoko bahe birakari mugikor bat erabiliko da.

– Ekoitzitako konpostaren azken biltegiratzea.

Honako makina hauek beharko dira: pala kargatzailea, birringailua, iraultzeko makina eta bahe birakari mugikorra. Makinek erabiliko duten erregaia gasolioa izango da. Gasolioa instalaziotik kanpo hartuko da, eta, beraz, ez dago aurreikusita erregai-biltegirik instalatzea.

Tratamendu- eta konpostaje-prozesuan ez da aurreikusten produktu kimikorik edo beste gai osagarririk erabiltzea edo maneiatzea.

Ur-kontsumoari dagokionez, lehen funtzionamendu-fasean sareko ura erabiliko da konpostaje-prozesuan dagoen materiala ureztatzeko; izan ere, lixibiatuen putzua eta euri-uren putzua eraikuntzaren bigarren fasean egingo dira. Putzu horiek eraikita daudenean, ureztatzeko ura putzu horietatik birzirkulatuko da.

Konposta egiteko instalazioa lehendik dauden harguneetara konektatuko da. Industrialdeko saneamendu-sareak bi estolderia-sare dituenez, bata euri-urena eta bestea hondakin-urena, lurzatiaren barruan sistema bereizle bat jarriko da, eta euri-uren bilketa lehenengoari lotuko zaio, eta lixibiatuena saneamendu-sareari.

2.– Proiektuaren kokalekua.

Kokalekua hiri-lurzoru industrial gisa sailkatutako lurzoru batean dago, zehazki Asparrena-Donemiliagako industrialdean, Asparrengo eta Donemiliagako udal-mugarteetan. Lurzatiaren ondoan Interenvases eta Michelín enpresen instalazioak daude. Lurzatiak forma trapezoidala du, eta muga hauek ditu: iparraldean, Arakil ibaia (edo Ametzaga); ekialdean, Magalondo erreka; hegoaldean, industrialdeko bideak; eta ekialdean eta mendebaldean, industria-nabeak. Hurbilen dagoen biztanle-gunea Asparrengo Ametzaga da, lantegitik 270 metrora.

Konposta egiteko instalazioa egongo den lurzatiak 16.382 m2-ko azalera du. Proiektuaren jarduketa-azalera 6.943 m2-koa da. Lurzatiaren gainerakoa ez da ukituko. Lurzatiaren jarduketa-eremua perimetro-hesi batek inguratuko du.

Konposta egiteko instalazioa eraikiko den lurzati berean dagoen biomasa-biltegiak ur-hargunea, hornidura elektrikoa eta saneamendu-sarea ditu, konpainien industrialdeko banaketa-sareetakoak. Konposta egiteko instalazioa lehendik dauden harguneetara konektatuko da.

Inguru horretako haize nagusiak hego eta hego-ekialdetik iparralderantz doaz, eta abiadura moderatua dute.

Naturagune babestuak.

Eremua ez dago gune babestuetan edo igarobide ekologikoetan eta ez du nabarmentzeko moduko natura-ondareko elementurik. Ametzaga ibaiaren ibaiertzean makalak eta sahatsak daude; eta ibaiertzaren ekialdean, ibaiertzeko lizardi eurosiberiar bat dago; azken hori lehentasunezko interes komunitarioko habitata da, 91EO* kodeduna (Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior zuhaitz-espezieen baso alubialak).

Era berean, proiektuaren eremuaren barruan ez dago interes hidrogeologikoko gunerik, eta ez dago ur-punturik, eta ez dago uholde-arriskuko eremuaren barruan. Ingurumen-arrisku adierazgarririk ere ez da atzematen.

Aldez aurretik ez dago kultura-ondareko elementurik.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, obren fasean dauden ekintza nagusiak instalazioen eraikuntzarekin lotutakoak dira (lurzoruaren okupazioa, lur-mugimenduak, sarbideak eta maniobrak egiteko bideak urbanizatzea, nabeen eraikuntza, harguneen lotura, etab.). Lur-mugimenduen balantzearen arabera, 413 m3 soberakin sortuko dira gutxi gorabehera, eta zabortegira edo baimendutako soberakinen biltegira eramango dira.

Funtzionamendu-fasean, inpaktu nagusia biohondakinek sortutako isurketekin eta lixibiatuekin, emisio atmosferikoekin, usainekin eta zaratarekin lotutakoa izango da.

Funtzionamendu-faserako, kontuan izan behar da obra bi fasetan egingo dela eta bi faseen arteko denbora bat eta bi urte bitartekoa izan daitekeela. Lixibiatuen soberakina proiektua egikaritzeko I. fasean bideratuko da industrialdeko udalaren titulartasuneko hondakin-uren araztegira (HUA), saneamendu-kolektorearen bidez. II. fasean lixibiatuak biltzeko putzu bat egingo da, eta konpostaje-prozesuan berrerabiliko dira. Lixibiatuen soberakinak ere, hala badagokio, HUAra zuzenduko dira.

Emisio atmosferikoei dagokienez, instalazioan ez dago foku konfinaturik, eta, beraz, emisio guztiak emisio barreiatuak dira; hau da, birrintze-prozesutik eta zamalanetatik datozen partikulen emisioak eta hartzitze- eta heltze-prozesuetako lehengaietatik datozen gasen eta usainen emisioak. Horri dagokionez, azpimarratu behar da konposta ekoizteko instalazioak urtarrilaren 28ko 100/2022 Errege Dekretuaren IV. eranskinean jasota daudela. Dekretu horren bidez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa B talde gisa eguneratzen da, 09 10 05 01 kodearekin.

Zaratari dagokionez, emisio akustikoak puntualak izango dira, materialak birrintzeko eta kargatzeko eta deskargatzeko makinen funtzionamenduak eraginda.

Usainei dagokienez, ingurumen-dokumentuan, usainak saihesteko zenbait neurri jasotzeaz gain, adierazten da Ametzagako herrigunean usain txarrengatik kexak sortuz gero, usainen azterketa bat egingo dela; gainera, teknika erabilgarri onenak (TEO) aipatzen dira usainen arazoak saihesteko; zehazki, 2018ko abuztuaren 10eko Batzordearen 2018/1147 (EB) Betearazpen Erabakiaren 37. TEO aipatzen da, zeinaren bidez hondakinen tratamenduan teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen baitira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauarekin bat etorriz.

Era berean, ingurumen-dokumentuan babes- eta zuzenketa-neurriak jasotzen dira, aurreko paragrafoetan aipatutako inpaktuak saihesteko edo minimizatzeko.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak eragin negatibo esanguratsurik izango duenik ingurunearen aipatutako alderdietan.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, zenbait babes- eta zuzenketa-neurri ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Asparrengo konposta egiteko instalazioaren proiektuari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egiteko beharrik egon ez dadin; betiere, ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.

Ingurumen-dokumentuan jasotzen diren babes-neurri, zuzenketa-neurri eta konpentsazio-neurrien proposamena nahikoa eta egokia dela uste da obrek ingurumeneko hainbat faktoretan izan dezaketen eragina saihesteko, hala badagokio, arlo bakoitzean eskumena duten organoek ezartzen dituzten baldintzak alde batera utzi gabe. Horregatik, proposatutako neurriak praktikan jarri beharko dira, besteak beste:

a) Obrako jardunbide egokiak.

– Obrak hasi aurretik, obretan ezarri beharko duen jardunbide egokien eskuliburua aurkeztuko du kontratistak, obrako langileek erabil dezaten. Eskuliburu horretan, besteak beste, honako alderdi hauek jorratuko dira: ukitu beharreko gehieneko azalera; hautsaren eta zarataren sorrera eta hori zuzentzeko modua; lurzoruaren eta ibilguen gutxieneko okupazioa; azken horietarako isurketak; garbitutako belar-sastrakak erretzeko debekua; hondakinen kudeaketa, etab.

– Kontratistak honako hauek egokitu beharko ditu egin beharreko jardueren ondoriozko ingurumen-inpaktuak ahalik eta txikienak izan daitezen: lur geldo eta begetalak aldi baterako metatzeko guneak; obrako instalazioak eta eraikinak; makinak; materialen, olioen eta erregaien biltegiak; ibilgailuak edo bestelako egiturak garbitzeko eremuak; urak arazteko sistemak, eta obrako sarbideak eta pistak. Kontratistaren instalazio-eremu horien mugaketa eta ezaugarriak kasuan-kasuan jarduten duen obra-zuzendaritzak onartu beharko ditu, betiere Ingurumen Aholkularitza Teknikoaren txostena ikusi ondoren.

– Obretako eremuak eta ukitutako ingurunea garbitasun-egoera onean edukiko dituzte. Aldaketak sortu baldin badira, lehengoratu egingo dira. Behin obra bukatuta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, obra-hondarrak kendu eta aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu. Eraispenak, zimenduak, kofratuak eta abarrak eginda sorturiko materialak eremutik atera eta hondakin geldoen zabortegi baimendura bidaliko dira.

– Arreta berezia jarriko dute baso-suteak izateko arrisku handia duten eremuetan, lanen ondorioz suterik sor ez dadin (txinpartengatik, gaizki itzalitako zigarretengatik eta abarrengatik). Obrako langile guztiek debekatua izango dute surik egitea desjabetutako gunearen barruan eta kanpoan, eta obrek dirauten bitartean Suteak Prebenitzeko Plana idatzi beharko dute.

– Obrak amaitzean, kanpaina bat egingo da sobran dauden material guztiak eta obretan sortutako hondakinak kentzen direla bermatzeko, eta azken horiek indarreko legeriaren arabera kudeatuko dira.

b) Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Obrak, baita lurzorua okupatu beharra dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Eremu horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Adierazitako eremutik kanpo istripuzko eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

– Obrek zuzenean ukituko dituzten azaleren eta horien elementu osagarrien inguruko landarediari ez eragiteko eta kanpoko lurrak ez mugitzeko, intereseko landaredia duten eremuak zuinkatu egingo dira obrak hasterakoan.

– Nolanahi ere, zuhaitzei eragitea saihestuko da, ahal den guztietan. Seinaleztapena gorabehera, joan-etorriak adar edo zurtoinen bati eragiten badio, kontratak garbi moztu beharko du adar hori, eta orbaintzailea aplikatu beharko du eremuan, zuhaitzak gaixotasunik edo infekziorik har ez dezan.

c) Airearen kalitatea babesteko neurriak.

– Eremuetan hautsa pilatu bada, edo gainazaletan hautsa pausatu bada, ureztatu egingo dira, bereziki errodadura-eremuak kontuan hartuta. Aldizka ureztatuko dira, prezipitazioen maiztasunaren arabera; aldi lehorretan gehiago ureztatuko dira, betiere Obrako Ingurumen Zuzendaritzaren irizpidearen arabera, solido-karga handiko jariatze-ura sortzea saihestuz.

– Hauts-emisioak minimizatzeko, gurpilak garbitzeko lekuak jarriko dira obretako makinentzat, lokatza eta hautsa garraiatu ez dezaten.

– Atmosferan hauts esekia areagotu dezaketen materialak garraiatzeaz arduratzen diren kamioietan toldoak erabiliko dira. Obrako ibilgailuen abiadura mugatuko da.

– Instalazioak atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako (AKJ) baimena izan beharko du, Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraituz. Hortaz, atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako (AKJ) baimena eskatu beharko dute, Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuak jasotako eskakizunak betez.

d) Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

– Proiektua garatzeko lehen fasean, sortutako lixibiatuak udal-saneamenduko kolektorera bideratuko dira zuzenean, eta hortik udal-araztegira joango dira. Bigarren fasean, lixibiatuak lixibiatuen hobian jasoko dira, eta konpostaje-mordoak ureztatzeko behar ez diren soberakinak araztegira bidaliko dira.

– Euri-urak eta lixibiatuak zangetan dauden hodien bidez hustuko dira.

– Makinak hormigoizko zolaren gainean garbituko dira, hondakinak jasotzen diren gunean, jariatze-ura lixibiatuak biltzeko hobira bideratzen den lekuan, garbiketa beharrezkoa baita heltze-fasean eta biltegiratze-gunean konpostaren higiene- eta osasun-baldintzak bermatzeko. Proiektua egikaritzeko lehen fasean, ur horiek saneamendu-kolektorera bideratuko dira.

– Erregaia hartzea eta makinen mantentze-lanak tailerrean eta instalaziotik kanpo egingo dira beti.

– Istripuz isurketaren bat gertatzen bada, mantak edo material xurgatzaileak erabiliko dira, hala nola sepiolita, ahalik eta isuri gehien biltzeko, eta hondakin arriskutsuen kudeatzaile baimenduarekin kudeatuko dira. Istripuz gertatutako isurketak lurzoruei eragiten badie, berehala bilduko da material xurgatzaileekin, eta bustitako lurzoruaren ondoan kudeatuko dira isuriak, kudeatzaile baimendu baten bidez.

– Lurzorua kutsa dezakeen jarduera denez, indusketak egitea edo lurrak mugitzea dakarren edozein esku-hartze egin behar bada, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) xedatutakoa bete beharko da, hargatik eragotzi gabe lege horren 14. artikuluan ezarritakoa.

e) Kalitate akustikoa babesteko neurriak.

– Obrak egunez baino ez dira egingo, eta ahal den neurrian, gauez zaratak sortzen dituen edozein jarduera saihestuko da.

– Debekatuta dago sirenak, ibilgailuetako turutak edo seinaleztapeneko beste soinu-baliabide batzuk erabiltzea, ibilgailu astunen atzera-martxa seinalatzeko izan ezik.

– Erabilitako makinek Kanpoaldean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurumenean eragiten dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan ezarritako aginduak bete beharko dituzte, eta kontserbazio- eta mantentze-egoera onean edukiko dituzte.

– Langileei jardunbide egokien kode bat ezarriko zaie, eta makinak behar bezala erabiltzeko eta mantentzeko protokoloa barne hartuko du; horrez gain, erabili behar dituzten eskuzko makinetan pantailak/kabina mugikorrak egongo dira, betiere makinen eta langileen segurtasun-baldintzak betetzen badira.

f) Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Sortutako hondakin guztiak Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak sortuz gero, hauen arabera kudeatuko dira: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

– Sortzen diren hondakinek Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitako xedapenak bete beharko dituzte. Kontratistak hondakinak kudeatzeko azterlanaren alderdiak xedatuko dituen plana aurkeztuko du, eta hura modu egokian egikaritzeaz arduratuko den pertsona nor izango den zehaztuko du.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, duten tipologia dela eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko 7/2022 Legearen 21.d) artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Sortutako olio erabilia Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko da. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

g) Kultura-ondarea babesteko neurriak.

– Oro har, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko Legean (maiatzaren 9ko 6/2019 Legea) xedatutakoaren arabera, lur-iraultzeen, eraispenen edo beste edozein motatako obren ondorioz EAEko kultura-ondareari dagozkion objektuak eta aztarna materialak ustekabean aurkituz gero, hori berehala jakinarazi beharko diote Arabako Foru Aldundiari edo dagokion udalari.

h) Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

– Konpostaje-eremua estali egin beharko da, usainak sortzen dituzten lixibiatuen bolumena murrizteko.

– Lixibiatuak behar bezala bildu beharko dira, ur kontinentalak ez kutsatzeko edo degradatzeko. Horretarako, udal-kolektorera isuri aurretik behar diren laginak eta neurriak hartuko dira, eta uren kalitatea ziurtatzeko indarrean dagoen araudian oinarritutako kalitate-estandarrak erabiliko dira adierazle gisa.

– Instalazioa behar bezala kudeatuko da, konpostaje-prozesuan baldintza anaerobikoak agertzeagatik ahalik eta usain gutxien sortzeko.

i) Paisaia babesteko eta kaltetutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

– Proiektua egikaritzean kaltetutako gune guztiak lehengoratuko dira (aldi baterako bilketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea). Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak saihesteko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horien inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotuko dira.

– Lur-mugimenduak egin aurretik, landare-lurrezko geruza gaika kenduko da oraindik geruza horri eusten dioten eremu bakanetan, nabea eraikitzeko proiektuan jasotakoaren arabera.

Kendutako lurra berriro erabiliko da eremua landareztatzeko ondorengo lanetan. Berriz erabili aurretik metatu behar badira, metaketen altuera ez da 1,5 m-tik gorakoa izango. Landare-lurrak ez du objektu arrotzik izango, eta ez da nahastuko indusketetako edo betelanetako beste material batzuekin. Debekatuta dago makinak landare-lur horien gainean ibiltzea. Landare-lurra polietilenozko plastiko batekin babestu beharko da, espezie inbaditzaileak sar ez daitezen.

– Landare-espezie exotiko inbaditzaileak detektatzeko eta bertan sartu eta hedatzea eragozteko kontrol-neurriak hartuko dira. Bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta ez da erabiliko aipatu diren espezieek kutsatutako lurrik.

– Hidroereintza egingo da obren ondorioz erauzitako azalera guztietan.

Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Asparrengo konposta egiteko instalazioaren proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Baimen Bakarraren Zerbitzuari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abuztuaren 30a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala