Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

194. zk., 2023ko urriaren 10a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4634

138/2023 DEKRETUA, irailaren 26koa, Asociación ONG Acción Norte Vitoria izeneko elkartea onura publikokoa dela aitortzeko dena.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.

Lege horren babesean, Asociación ONG Acción Norte Vitoria izeneko elkarteak aitormen hori emateko eskatu du. Bere ustez, elkarteak onura publikokoa dela aitortzea merezi du, interes orokorra sustatzen duelako egiten dituen jardueren bidez; jarduera horiek, batez ere, sortzen diren larrialdi humanitario guztietan laguntzeko dira.

Ildo horretan, nabarmentzekoa da elkarteak garapenerako lankidetzaren eta laguntza humanitarioaren arloan egiten duen lana, bai eta nazioartean elkartasuna sustatzeko egiten duen lana ere.

Vitoria-Gasteizko Udaleko eta Arabako Foru Aldundiko suhiltzaile profesionalek osatzen dute, eta elkartean egiten dituzten jarduera guztiak hirugarren pertsonen ongizatera bideratuta daude. Lagundutako pertsona horiek beste herrialde batzuetako suhiltzaile-kidegoetakoak izan daitezke (prestakuntza-jardunaldiak ematen zaizkie, edo erreskate-materiala, hainbat ekipamendu, eta abar), edo herritar guztiak izan daitezke (azken batean, haiek dira ematen den laguntza horren guztiaren onuradunak).

Larrialdietan laguntzeko ekintzak ez daude programatuta denboran zehar, larrialdi horiek aldez aurretik abisatu gabe gertatzen baitira, eta horrek ezagutza teknikoetan eta tresnetan prestatzera behartzen ditu elkarteko kideak. Era berean, garrantzitsua da eskura baliabide ekonomikoak izatea, materialak errazago alokatzeko, maniobrak antolatzeko kostuari aurre egiteko eta boluntarioak eta taldeak larrialdia gertatu den tokira eramateko garraiobideak izateko, munduko edozein lekutan gerta daitezke-eta larrialdiak.

Asociación ONG Acción Norte Vitoria izeneko elkartea Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago (zenbakia: AS/A/21691/2018), 2018ko ekainaren 4an emandako ebazpen bat dela bide.

Euskal Autonomia Erkidegoan dihardu lanean; era berean, garapenerako lankidetzako eta ekintza humanitarioko jarduerak munduko edozein lekutan egiten ditu.

Eratu zenetik, Asociación ONG Acción Norte Vitoria izeneko elkarteak bere helburu nagusia lortzera bideratzen ditu bere jarduerak, hau da, larrialdi-egoerei erantzutera, hala nola lurrikarei, uholdeei eta baso-suteei erantzutera. Era berean, herrialde azpigaratuetako suhiltzaile-zerbitzuei erreskate-tekniketan trebatzen laguntzen die, teknika horiek erabili ahal izateko material egokiak emanez.

Bere konpromisoari eta biziak salbatzeko grinari esker, aurrera egiten du bere proiektuetan, bazkideek beren denbora eta ezagutzak eskainiz, trukean ezer espero gabe.

Jarduera horiek guztiak interes orokorrekotzat jotzen ditu gizarteak, oro har.

Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 45.2 artikuluak xedatutakoarekin bat eginez, onura publikoa Gobernu Kontseiluak emandako dekretu baten bidez aitortuko da, gaiaren arabera dagokien sailek proposamena egin ostean. Agindu hori betez, dagokion espedientea izapidetu da, eta sailek eta erakundeek egindako txostenak erantsi zaizkio espedienteari.

Ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren eta Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren proposamenez, entitate eta erakunde interesdunek emandako txostenak ikusi ondoren, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2023ko irailaren 26an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Asociación ONG Acción Norte Vitoria izeneko elkartea onura publikokoa dela aitortzea, bere jardueren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita. Elkarte hori Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago, AS/A/21691/2018 zenbakiarekin.

Horrekin batera, aitorpen honi dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio; hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 43. artikuluan xedatutakoak.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko irailaren 26an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala