194. zk., 2023ko urriaren 10a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (135 KB - 2 orri.)
- EPUB (105 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
LAN ETA ENPLEGU SAILA
4628
137/2023 DEKRETUA, irailaren 26koa, zeinaren bidez hirugarrenez aldatzen baita Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko Dekretua.
2021eko urtarrilaren 30ean, indarrean jarri zen 7/2021 Dekretua, urtarrilaren 19koa, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa, irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoan ezarritakoa betetzeko (18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena).
Ondoren, Dekretu hori aldatu egin zen, batetik, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzeko Dekretua aldatzen duen uztailaren 6ko 167/2021 Dekretuaren bidez, eta, bestetik, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko Dekretua bigarrenez aldatzen duen uztailaren 12ko 84/2022 Dekretuaren bidez.
2022ko abenduaren 29an, abenduaren 22ko 14/2022 Legea argitaratu zen, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemarena. Aipaturiko legeak (2023ko martxoaren 29an sartu zen indarrean) gaur egun Lan eta Enplegu Sailari atxikita edo lotuta dauden organoei eragin die. Horregatik, urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretua aldatu behar da, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena, aipaturiko legean xedatutakora egokitzeko.
Horren ondorioz, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuaren proposamenez, lehendakariak onartuta, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko irailaren 26ko bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuaren 2. artikuluko 3 apartatua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:
«3.– Honako organo hauek ere Lan eta Enplegu Sailari atxikita edo lotuta daude, sortze-arauek ezartzen dutenaren arabera:
a) Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa eta haren lurralde-bulegoak, azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaren bidez sortuak.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarrizketa Sozialaren Mahaia, urtarrilaren 15eko 3/2019 Dekretuaren bidez sortua.
c) Inklusiorako Euskal Kontseilua, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen bidez arautua.
d) Inklusiorako Erakundearteko Batzordea, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen bidez arautua.
e) Inklusioaren arloko ebaluazio, ikerketa eta berrikuntzarako organoa, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen bidez arautua.
f) Herri Lanetarako Erakundearteko Batzordea, apirilaren 29ko 74/2008 Dekretuaren bidez sortua».
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2023ko irailaren 26an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.