Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

193. zk., 2023ko urriaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
4620

140/2023 DEKRETUA, irailaren 26koa, zeinaren bidez urgentziazko deklaratzen baita Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea, Urdulizko udalerrian: Urdulizko kolektorearen Mecánica La Peña-Mecaner tartea birgaitzeko proiektua gauzatzeko beharrezko ondasunak eta eskubideak.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, «Urdulizko kolektorearen Mecánica La Peña-Mecaner tartea birgaitzeko proiektua»ren espedientea formalki prestatu eta onartu ondoren, adierazi zuen proiektua gauzatzeko lursail guztiak erabilgarri behar zituela.

2022ko uztailaren 26an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea, hamabost eguneko epean, prentsan eta 2022ko irailaren 2ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (168. zk.) egindako iragarkien bidez. Geroago, 2023ko maiatzaren 2an egindako bilkuran, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Eusko Jaurlaritzari proiektuak eragiten dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko urgentziaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta ez zen alegaziorik aurkeztu, administrazio-espedientean adierazten denez.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

«Proiektuaren xedea da Urdulizko kolektorearen egitura birgaitzea, mahuka malgu bidez, PR-2 eta PR-12 putzuen arteko tartean (birgaitu beharreko hodiaren luzera, guztira, 500,25 metrokoa da).

1000 mm-ko diametroa duen hormigoi armatuzko hodia da, esparru industrial baten barne-bide batean zehar doana, Mecaner eta Lointek enpresen artean, hain zuzen ere.

3D eskaner digitalaren bidez egindako ikuskaritzaren txostenak dioenez (Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren Saneamenduaren Ustiapenerako Zuzendariordetzak 2018an egindakoa), 1.000 mm-ko hodiak egitura-baldintza eskasak ditu.

Gabezia horiek agerikoak dira: higadurak, pitzadurak, hodira gaizki egindako konexioak eta abar. Halaber, ikuskapenaren bidez, kontramaldako tarteak ere antzeman dira.

Aipatutako egitura-gabeziak aztertuta, uste da horiek egungo hodiaren osotasuna arriskuan jar dezaketela. Haustura gertatuz gero, horrek euri-urak zein saneamendu-urak behar bezala hustea eragotziko luke. Ur horiek Mecaner eta Lointek enpresen instalazioak dauden industrialdearen zati handi batean bildutakoak dira, bai eta metroaren bestaldean dagoen Urdulizko udalerriko urbanizazioaren zati batean bildutakoak ere.

Egoera horrek ingurumen arazoak eta uholde-arriskua ekar ditzake aipatutako industria-instalazioetan (funtzionamenduan dauden industriak dira).

Kontuan hartuta, gainera, hodiaren egoerari dagokion azken analisia 2018. urtean egindakoa dela, proiektu hau azkenean definitu eta izapidetu arte iragan den denborak egungo hodiaren kolapso-arriskua nabarmen handitu duelakoan gaude.

Horregatik guztiagatik, ezinbestekotzat jotzen da obrari urgentziaz ekitea.»

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.

Hori dela eta, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2023ko irailaren 26ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «Urdulizko kolektorearen Mecánica La Peña-Mecaner tartea birgaitzeko proiektua» burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Administrazio-bidea amaitzen duen dekretu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaioke interesdunak Gobernu Kontseiluari, dekretua azkenekoz argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezake EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, dekretua azkenekoz argitaratu zen egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko irailaren 26an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala