193. zk., 2023ko urriaren 9a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (135 KB - 4 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4619
EBAZPENA, 2023ko irailaren 26koa, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariarena, aisialdirako ontziak gobernatzeko tituluak eskuratzeko 2024ko azterketa arruntetarako deialdia egiteko dena.
Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 18.1.o) artikuluak ematen dizkion ahalmenak erabiliz, honako hau
EBAZTEN DU:
Ondoren adierazten diren tituluak lortzeko, 2024an egin beharreko azterketa teoriko eta praktikoetarako deialdiak egitea:
Azterketa teorikoak:
1. deialdia.– 2024ko martxoaren 18tik aurrera, honako titulu hauek eskuratzeko:
a) Oinarrizko nabigazioko patroia.
b) Aisialdirako ontzietako patroia.
c) Yateko patroia.
d) Yateko kapitaina.
2. deialdia.– 2024ko ekainaren 3tik aurrera, honako titulu hauek eskuratzeko:
a) Oinarrizko nabigazioko patroia.
b) Aisialdirako ontzietako patroia.
c) Yateko patroia.
d) Yateko kapitaina.
3. deialdia.– 2024ko azaroaren 4tik aurrera, honako titulu hauek eskuratzeko:
a) Oinarrizko nabigazioko patroia.
b) Aisialdirako ontzietako patroia.
c) Yateko patroia.
d) Yateko kapitaina.
Azterketa praktikoa:
Deialdi bakarra.– 2024ko ekainaren 17tik aurrera, honako titulu hauek eskuratzeko:
a) Oinarrizko nabigazioko patroia.
b) Aisialdirako ontzietako patroia.
c) Yateko patroia.
d) Yateko kapitaina.
Azterketen data zehatzak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren web-orrian iragarriko dira (http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/arrantza-akuikultura/hasiera/), azterketak egin baino astebete lehenago.
Deialdiak honako hauen arabera egingo dira:
DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehenengoa.– 1.– Honelaxe egingo dira azterketak:
a) Azterketa teorikoen lehenengo eta hirugarren deialdiak Pasai San Pedroko (Gipuzkoa) CIFP Blas de Lezo LHIIn egingo dira soilik.
b) Azterketa teorikoen bigarren deialdia Euskal Herriko Unibertsitateak Portugaleten (Bizkaia) daukan Bilboko Ingeniaritza Eskolako Nautika eta Itsasontzi Makineriako atalean egingo dira.
Nolanahi ere, azterketa guztiak horretarako eratutako epaimahai batek ebaluatuko ditu. Epaimahaia eratzeko, kontuan hartu behar dira ebazpen honen bosgarren oinarriak xedatutakoa eta otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuak zerbitzuko arrazoiak direla-eta eman beharreko kalte-ordainei buruz xedatutakoa.
2.– Azterketak indarrean dauden programei lotuko zaizkie, alorreko arauekin bat etorriz.
3.– Titulu bakoitzerako azterketa praktikoak hainbat zati izango ditu: nabigazioaren praktika eta segurtasunaren praktika, irrati-komunikazioak, bela-praktikak.
4.– Eskabideak online bete beharko dira, Internet bidez, urrats hauek betez:
a) Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren web-orrian sartu, eskabidearen atalean edo, zuzenean, http://www.euskadi.eus/ helbidean.
b) Dagokion eskabide-inprimakia bete.
c) Azterketari dagokion tasa online eran ordaindu; ez dira inskribatutzat joko izena emateko epea amaitu baino lehen tasa ordaindu ez dutenak.
Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoa betetzeko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak adierazten du datu pertsonalak tratatu eta dagokion tratamendu-jardueran sartuko direla. Halaber, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak datuak babespean tratatzeko konpromisoa hartzen du, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.
Eskabidea formalizatu ondoren, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
– Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, bizileku-txartela edo indarrean dagoen pasaportea, eta, eskatzailea adingabea bada (16 urteak beteta izanik, betiere), guraso baten edo tutorearen baimena aurkeztu beharko du, idatziz.
– Aisialdirako ontzietako patroiaren titulua edo titulu horren eskabidearen frogagiria, yateko patroia izateko azterketara aurkezteko.
– Yateko patroiaren titulua edo titulu horren eskabidearen frogagiria, yateko kapitaina izateko azterketara aurkezteko.
5.– Halaber, hautagaiek dokumentu, material eta tresna hauek eraman beharko dituzte azterketa teorikoetara, aurkezten diren azterketaren arabera:
– Oinarrizko nabigazioko patroia: indarrean dagoen nortasun-agiri nazionala, bizileku-txartela edo pasaportea, eta boligrafoa.
– Aisialdirako ontzietako patroia: indarrean dagoen nortasun-agiri nazionala, bizileku-txartela edo pasaportea, boligrafoa eta nabigazio-karta erabiltzeko beharrezkoa den materiala.
– Yateko patroia: indarrean dagoen nortasun-agiri nazionala, bizileku-txartela edo pasaportea, boligrafoa eta nabigazio-karta erabiltzeko beharrezkoa den materiala.
– Yateko kapitaina: indarrean dagoen nortasun-agiri nazionala, bizileku-txartela edo pasaportea, boligrafoa eta nabigazio-kalkuluak egiteko beharrezkoa den materiala (2024ko almanakea barne); ez da onartuko programatutako kalkulagailurik. Halaber, ingeleseko azterketan ezin izango da hiztegirik erabili.
6.– Eskabideak honako epe hauetan aurkeztuko dira:
Azterketa teorikoak:
– 1. deialdia, 2024ko martxoan: 2024ko otsailaren 5etik otsailaren 23ra arte.
– 2. deialdia, 2024ko ekainean: 2024ko apirilaren 22tik maiatzaren 10era arte.
– 3. deialdia, 2024ko azaroan: 2024ko irailaren 23tik urriaren 11ra arte.
Azterketa praktikoa:
Deialdi bakarra, 2024ko ekainean: matrikula-eskaera aurkezteko epea 2024ko ekainaren 3tik 7ra artekoa izango da.
7.– Azterketetan parte hartzeko dokumentazioa administrazio-bulego hauetan aurkeztu ahal izango da:
a) Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila (Eusko Jaurlaritza, Donostia-San Sebastián kalea 1, Vitoria-Gasteiz).
b) CIFP Blas de Lezo LHII (Marinelen kalea 2, Pasai San Pedro, Gipuzkoa).
c) Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Arrantza Antolamenduaren Zerbitzua (Eusko Jaurlaritza, Easo kalea 10, Donostia / San Sebastian).
d) Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Arrantza Egituren Zerbitzua (Eusko Jaurlaritza, Concha Jeneralaren kalea 23, 2. solairua, Bilbao).
8.– Online egindako eskabideak deialdi bakarrerako izango du balioa. Geroagoko deialdi batean parte hartzeko, ezinbestekoa da beste eskabide bat egitea online, bigarren oinarriko 3. puntuan aipatutako dokumentazioarekin batera.
9.– Azterketara aurkeztu ezean, matrikula ezin izango da hurrengo deialdi baterako aldatu, ezta azterketako eskubideak itzuli ere, tartean oso arrazoi larriak eta epaimahaiaren aurrean behar bezala justifikatutakoak ez badira behintzat.
Bigarrena.– Azterketak baloratuko dituzten epaimahaiak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak izendatuko ditu.
Hirugarrena.– Epaimahaietako buruek zentro aztertzaile bakoitzeko iragarki-oholean agerraraziko dituzte deialdi eta titulu guztietako azterketen datak, deialdi honetan ezarritako epeetan, eta lehenengo oinarrian ezarritakoa ere beteta. Era berean, behar den denbora emanda, zentro bakoitzeko iragarki-oholean adieraziko dituzte: tituluetako bakoitzaren azterketa-orduak, epaimahai aztertzaileen osaera, eta onartuen eta baztertuen zerrendak.
Laugarrena.– Azterketak amaitutakoan, ebazpen honetako bigarren oinarrian adierazitako administrazio-bulegoetako iragarki-oholean jarriko dira ikusgai lotutako kalifikazioen zerrendak. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren web-orrian ere kontsultatu ahal izango dira: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/arrantza-akuikultura/hasiera/.
Hautagaiek egokitzat hartzen dituzten erreklamazioak aurkeztu ahal izango dizkiote epaimahaiko buruari, aipatutako zerrenda horiek jendaurrean jarri eta hurrengo egunetik 5 eguneko epean. Erreklamazioak behar bezala arrazoitu beharko dira, eta epaimahaiko idazkariari bidali beharko zaizkio, NANaren fotokopiarekin batera. Datu pertsonalak, helbidea eta posta-kodea azaldu beharko dira, idatziz erantzun ahal izateko.
Azterketak 2 urtez gordeko dira, kalifikazioak irmo bihurtzen diren unetik aurrera. Salbuespenez, berrikusi diren azterketak 3 urtez gordeko dira.
Bosgarrena.– Deialdi hau eta honen ondoriozko administrazio-egintza guztiak aurkaratu ahal izango dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako modu eta kasuetan.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 26a.
Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria,
LEANDRO AZCUE MUGICA.